114. zk., 2016ko ekainaren 16a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (219 KB - 4 orri.)
- EPUB (211 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
LEHENDAKARITZA
2597
EBAZPENA, 2016ko maiatzaren 16koa, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariarena, 2016. urtean enpresei eta entitate pribatuei diru-laguntzak emateko eta ukatzeko dena. Diru-laguntza horiek aholkularitza-enpresa homologatuak kontratatzeko dira, emakume eta gizonen berdintasunari buruzko diagnosia eta berdintasun-plana egin ditzaten.
Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariaren 2015eko abenduaren 4ko Ebazpenaren bidez, 2016. urtean enpresei eta entitate pribatuei diru-laguntzak emateko deialdia egin zen (2015eko abenduaren 21eko EHAA, 242. zk.). Diru-laguntza horiek aholkularitza-enpresa homologatuak kontratatzeko emango dira, emakume eta gizonen berdintasunari buruzko diagnosia eta berdintasun-plana egin ditzaten.
Ebazpen horren 12.1 artikuluan ezartzen denez, eskabideak Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariaren ebazpen batez ebatziko dira, horretarako izendatutako Hautaketa Batzordeak proposatuta. Ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, jendeak horren berri izan dezan.
Artikulu horren 3. paragrafoan ezarritakoaren arabera, laguntzak emateko ebazpen honetan zehazten dira diru-laguntza eman eta ukatu zaien enpresak eta entitateak eta esleitu zaizkien diru-zenbatekoak.
Adierazitakoagatik, Hautaketa Batzordeak proposatutakoa kontuan hartuta, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Ebazpen honen I. eranskinean dauden enpresa eta entitate pribatuei diru-laguntzak ematea, bakoitzari izendatu zaion diru-zenbatekoaz. Guztira, berrogeita hamabi mila bostehun eta laurogeita lau euro eta hogeita bederatzi zentimo (52.584,29) eman dira.
Bigarrena.– Ebazpen honen II. eranskinean aipatzen diren enpresa eta entitate pribatuei diru-laguntzak ukatzea, ukapenaren arrazoia esanez.
Hirugarrena.– Entitate eta enpresei gogorarazten zaie ezen, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariaren 2015eko abenduaren 4ko Ebazpenaren 6.2 artikulua aplikatuz, laguntza hauen entitate eta enpresa onuradunek Lankidetza Erakunde bihurtu behar dutela, eta, horretarako, espresuki egin behar dute eskabidea, «Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Lankidetza Erakundea» aitorpena arautzen duen otsailaren 11ko 11/2014 Dekretuan ezarritakoaren arabera.
Laugarrena.– Laguntza hauen entitate eta enpresa onuradunek 15 egun izango dituzte jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera diru-laguntzei uko egiteko, halaxe ezartzen baita Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariaren 2015eko abenduaren 4ko Ebazpenaren 13.a) artikuluan.
Bosgarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu dadila agintzea.
Seigarrena.– Ebazpen honek administrazio-bidea amaitzen du. Beraz, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik aurrera; bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete dagokion administrazioarekiko auzietako epaitegian, hilabete biko epean, ebazpena jaso eta biharamunetik aurrera. Hala agintzen da uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 8.3 artikuluan eta 46. artikuluko 1. eta 4. paragrafoetan (29/1998 Legea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzekoa).
Vitoria-Gasteiz, 2016ko maiatzaren 16a.
Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendaria,
MIREN IZASKUN LANDAIDA LARIZGOITIA.