Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

114. zk., 2016ko ekainaren 16a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

OSASUN SAILA
2586

AGINDUA, 2016ko maiatzaren 30ekoa, Osasuneko sailburuarena, kanpo-desfibriladore automatiko eta erdiautomatikoen ezarpena eta erabilera arautzen dituen eta haiek osasun-esparrutik kanpoko erabilera publikoko gune jakin batzuetan jartzea beharrezkoa dela xedatzen duen urtarrilaren 27ko 9/2015 Dekretua garatzen duena.

Kanpo-desfibriladore automatiko eta erdiautomatikoen ezarpena eta erabilera arautzen dituen eta haiek osasun-esparrutik kanpoko erabilera publikoko gune jakin batzuetan jartzea beharrezkoa dela xedatzen duen urtarrilaren 27ko 9/2015 Dekretuak (2015eko otsailaren 4ko EHAA, 23. zk.) osasun-esparrutik kanpoko langileek erabil ditzaketen gailuen osasun-eremutik kanpoko ezarpena eta erabilera arautzea du helburu, betiere bihotz-geldialdiak jasaten dituzten pertsonen biziraupen-aukerak hobetzeko, haiei berehalako arreta eskainita.

Hartako 1. artikuluaren arabera: 2. «Xede hori lortzeko, arau honek xedatzen du derrigorrezkoa dela kanpo-desfibriladore automatikoak eta erdiautomatikoak (KDA) jartzea osasun-esparrutik kanpoko erabilera publikoko gune jakin batzuetan».

Adierazitako dekretuaren azken xedapenetatik lehenak ahalmena ematen dio osasun-arloan eskumena duen saileko buruari dekretua garatu eta gauzatzeko, «eta, bereziki, dekretuko eranskinen edukia aldatzeko eta hura osatuko duten planak garatzeko».

Dekretua aplika dadin, garatu egin behar da arau honen bidez, instalatzen diren KDAk biziraupen-kateko benetako parte izan daitezen eta ahalik eta azkarren eta modurik eraginkorrean erabiltzeko aukera izan dadin.

Erabilera azkar hori lortzeko ezinbestekoa da erregistro zorrotza egitea, irizpide homogeneoekin, eta KDAk erabiltzeak sor ditzakeen arazoak minimizatzeko. Horretarako ematen da arau hau, zeinak 9/2015 Dekretua garatzen eta osatzen duen, azken xedapenetatik lehenengoan xedatzen denaren babesean. Agindu honek ñabartu eta zehaztu egiten ditu erregistroari eta dekretuan jasotako beste alderdi batzuei buruzko xehetasunak.

Horiek horrela, hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da kanpo-desfibriladore automatiko eta erdiautomatikoen ezarpena eta erabilera arautzen dituen eta haiek osasun-esparrutik kanpoko erabilera publikoko gune jakin batzuetan jartzea beharrezkoa dela xedatzen duen urtarrilaren 27ko 9/2015 Dekretua garatzea, modu eraginkorragoan aplika dadin.

2. artikulua.– Nahitaez KDA bat ezarri behar duten guneak.

Kanpo-desfibriladore automatiko eta erdiautomatikoen ezarpena eta erabilera arautzen dituen eta haiek osasun-esparrutik kanpoko erabilera publikoko gune jakin batzuetan jartzea beharrezkoa dela xedatzen duen urtarrilaren 27ko 9/2015 Dekretuaren 3. artikuluak ezarritakoari jarraikiz, KDA bat eduki beharko dute, eta funtzionamendu-baldintza egokietan eduki eta berehala erabiltzeko prest gainera, eremu edo leku hauen titular diren eta horien gaineko ardura duten pertsona fisiko edo juridikoek:

a) Merkataritza-establezimendu handiak, banakoak zein kolektiboak izan.

b) Garraio-instalazio-hauek: merkataritza-aireportuak eta -portuak. 50.000 biztanle baino gehiago dituzten herrietako autobus- eta tren-geltokiak, eta egunean batez beste 2.000 pertsonako jende-emana edo handiagoa duten metro-, tren- edo autobus-geltokiak.

c) Guztira 700 pertsona baino gehiago hartzeko baimenduta dauden establezimendu publikoak, instalazioak, ikuskizunak eta jolas-jarduerak.

d) Guztira 2.000 pertsona edo gehiago har ditzaketen ikastetxeak.

3. artikulua.– Baliabideen optimizazioa eta KDAak banatzeko plana.

1.– KDA jartzera behartuta dauden guneen titular diren pertsona fisikoek edo juridikoek, dagokion larrialdi-planean edo berariazko plan batean sartu beharko dute KDA instalatu dutela, irizpide hauek kontuan hartuta:

a) Esparru beraren barruko lokalek KDA bat eduki behar dute honela kokatuta: egoera normaletan, gertuen dagoen KDAtik kaltetutako pertsonarengana iristeko erantzun-denbora hoberena bihotz-biriketako bizkortzeari buruzko gidetan ezarritako jarraibideetara egokituta dagoela.

b) Establezimendu horien barruan dauden lokalek beren KDA eduki beharko dute, baldin eta jendearen arretarako 700 m2 baino gehiagoko eraikitako azalera badute eta sarrera bereizi bat.

2.– Edonola ere, KDAk instalatuta dauden eremuen titular diren pertsona fisikoek edo juridikoek izango dute KDAri buruzko plana, kopurua eta haien kokalekua ezartzeko ardura.

4. artikulua.– KDAk Kanpo Desfibriladore Automatikoen Euskadiko Erregistroan sailkatzeari buruzko alderdiak.

Erabiliko dituzten langileen eta KDAen kokapenaren arabera, Kanpo Desfibriladore Automatikoen Erregistroaren barne-erabilerarako, honela sailkatuko dira erregistraturiko KDAk:

a) KDA ez-sanitarioak.

b) KDA mistoak: ordutegi mugatuko mediku-zerbitzua eta laneko edo jendaurreko arretako ordutegi jarraitua edo mediku-zerbitzuarena baino ordutegi luzeagoa duten enpresetan edo instalazioetan jarritakoak dira.

c) KDA mugigarriak: geoerreferentziatuta ez daudenak dira, leku finko batean kokatuta ez daudelako.

5. artikulua.– Mantentze-lanak.

KDAk fabrikatzailearen jarraibideak betez zaindu eta mantenduko direla bermatzeko, KDAk instalatuta dauden guneetako titular diren pertsona fisiko edo juridikoek erregistro bat egingo dute, edozein euskarri fisikotan, prebentzioko eta zuzentzeko mantentze-lanei buruz. Erregistro horretan alderdi hauek jaso behar dituzte:

a) Mantentze-lanen ardura nork duen.

b) Zer mantentze-neurri egin den (zuzentzailea, matxura izan bada, edo prebentziozkoa, gailua fabrikatu duen enpresak adierazi bezala).

c) Zer egunetan esku-hartu den.

d) Esku hartu duen pertsonaren izena eta NAN-zenbakia.

6. artikulua.– Komunikazioaren oniritzia.

1.– KDA Kanpo Desfibriladore Automatikoen Euskadiko Erregistroan sartu aurretik, Osasun Saileko plangintzaren arloko eskumena duen zuzendaritzak adierazi diren datuak aztertuko ditu, eta arreta berezia jarriko die alderdi hauei:

a) Zer telefono-zenbaki eman den.

b) Enpresak izendaturiko arduraduna nor den. Kasu horretan enpresan behar adinako jarraitutasuna izango duen langile bat izango da. Zentroaren organigraman zer kargu betetzen duen ere esan daiteke. Ez da komeni aldizkakotasun finko batekin alda daitezkeen kargu hautetsiak izendatzea, erregistroak egonkorra behar baitu izan.

c) KDAri eta kokatuta dagoen lekuari buruzko datu teknikoak.

2.– Osasun Saileko plangintzaren arloko eskumena duen zuzendaritzak KDA bakoitzaren kokalekua argi eta garbi adierazi den gainbegiratuko du, eta haren kokalekuaren koordenatuak adierazi diren aztertuko du. Koordenatu horiek ETRS89 erreferentzia-sistema ofizialean eta Mercatorren zeharkako proiekzio unibertsalean (UTM) egongo dira adierazita. Koordenatu horiek kartografia ofizialaren bidez eskuratu beharko dira Euskadiko Datu Espazialen Egituraren bisore kartografikoarekin (www.geo.euskadi.eus)

7. artikulua.– Erabileraren berri ematea.

1.– Kanpo-desfibriladore automatiko eta erdiautomatikoen ezarpena eta erabilera arautzen dituen eta haiek osasun-esparrutik kanpoko erabilera publikoko gune jakin batzuetan jartzea beharrezkoa dela xedatzen duen urtarrilaren 27ko 9/2015 Dekretuaren 6. artikuluan xedatutakoaren arabera, kanpo-desfibriladore automatikoa erabiltzen den aldiro, erabili aurretik edo ondoren baina berehala, larrialdietako 112 – SOS Deiak telefonora deitu behar da, biziraupen-kate osoa ahalik eta azkarren aktibatzeko.

2.– Ondorioz, KDA erabiltzen bada, 72 orduren buruan –ez gehiago–, jakinarazpen hauek egin beharko dira:

a) Informazioaren jakinarazpena, kanpo-desfibriladore automatiko eta erdiautomatikoen ezarpena eta erabilera arautzen dituen eta haiek osasun-esparrutik kanpoko erabilera publikoko gune jakin batzuetan jartzea beharrezkoa dela xedatzen duen urtarrilaren 27ko 9/2015 Dekretuaren III. eranskinean ezarritakoari jarraikiz.

b) Ekipamenduak berak emandako erregistro dokumentala, ahal dela modu digitalean, txartela izateko aukera duten gailuen kasuan.

8. artikulua.– KDAen ikuskapena.

1.– Kanpo-desfibriladore automatiko eta erdiautomatikoen ezarpena eta erabilera arautzen dituen eta haiek osasun-esparrutik kanpoko erabilera publikoko gune jakin batzuetan jartzea beharrezkoa dela xedatzen duen urtarrilaren 27ko 9/2015 Dekretuaren 9. artikuluan xedatutakoaren arabera, ikuskatze-lanak egitea esleituta dituen Osasun Saileko osasun-arloko plangintza eta antolaketari buruzko eskumena duen zuzendaritzak egingo ditu ikuskapen horiek sail horretako ikuskatzaileen bidez, betiere haien lurralde ordezkaritzetako langileen laguntza izanik, kontuan hartuz lokalak edo establezimenduak ikuskatzeko eskumena duten agintaritzek ere lagun diezaieketela desfibriladoreak izateko betebeharra betetzen duten egiaztatzen. Egiaztapen bera egingo da KDAk eduki behar dituzten lokaletan egiten diren ikuskizunen autobabeseko planetan ere.

2.– Ikuskapeneko ekintzetan alderdi hauek egiaztatuko dira:

a) Gailuaren CE marka.

b) Erregistro-liburu eguneratua, paperezkoa edo informatikoa, prebentziozko edo zuzentzeko mantentze-lanei buruzkoa eta, une oro, KDAren mantentze- eta kontserbazio-egoera bermatuko duena, betiere erabiltzeko baldintzetan, enpresa fabrikatzailearen aginduei jarraikiz.

c) Seinaleak, bereziki honako alderdi hauek bermatzen direla egiaztatzen dutenak:

1) International Liaison Committee on Resuscitation (ILCOR) delakoaren sinboloa.

2) 112 – SOS Deiaken larrialdietarako telefonoaren errotulazioa, logotipo ofizialarekin bat.

3) Erabiltzeko jarraibideak (Bihotz Biriketako Bizkortzearen katea, BBB) KDAren ondoan egongo dira, ikusteko moduan eta euskaraz eta gaztelaniaz idatzita.

d) Lokalaren planoetan behar bezala identifikatuta egongo da KDAren kokapena (ILCOR sinboloa edo beste bereizgarri bat, eta mapan deskribatuta).

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA.– Kanpo Desfibriladore Automatikoen Euskadiko Erregistroa eguneratzea.

Kanpo Desfibriladore Automatikoen Euskadiko Erregistroan dauden datuak zuzentzeko, hobetzeko eta urtarrilaren 27ko 9/2015 Dekretuan –kanpo-desfibriladore automatiko eta erdiautomatikoen ezarpena eta erabilera arautzen dituena, eta haiek osasun-esparrutik kanpoko erabilera publikoko gune jakin batzuetan jartzea beharrezkoa dela xedatzen duenan– ezarritakori eta hura garatzen duen agindu honetara egokitzeko, Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzak behar diren urratsak egingo ditu erregistroa indarreko eskakizunetara egokitzeko.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA.– Kanpo-desfibriladore automatiko eta erdiautomatikoen ezarpena eta erabilera arautzen dituen eta haiek osasun-esparrutik kanpoko erabilera publikoko gune jakin batzuetan jartzea beharrezkoa dela xedatzen duen urtarrilaren 27ko 9/2015 Dekretuaren I. eranskina aldatzea.

Urtarrilaren 27ko 9/2015 Dekretua, kanpo-desfibriladore automatiko eta erdiautomatikoen ezarpena eta erabilera arautzen dituena eta haiek osasun-esparrutik kanpoko erabilera publikoko gune jakin batzuetan jartzea beharrezkoa dela xedatzen duena, garatzeko eta exekutatzeko eskumenen barruan, haren azken xedapenetatik lehenengoan ezartzen da adierazitako dekretuaren I. eranskina, KDAren instalazioaren jakinarazpen-ereduari buruzkoa, agindu honi erantsitako dokumentuarekin ordeztuko dela.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA.– Indarrean sartzea.

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko maiatzaren 30a.

Osasuneko sailburua,

JON DARPÓN SIERRA.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala