Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

103. zk., 2016ko ekainaren 1a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
2342

AGINDUA, 2016ko maiatzaren 24koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, zeinaren bidez Galdakaoko (Bizkaia) Mercadillo zubia monumentu-kategoriako kultura-ondasun deklaratzen baita Euskal Kultura Ondarearen Inbentario Nagusian.

Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioaren 148.1.16 artikuluaren eta Autonomia Estatutuaren 10.19 artikuluaren babesean, eskumen osoa bereganatu zuen kultura-ondarearen arloan. Aipaturiko eskumen horretaz baliatuta, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legea onartu zen Euskal Autonomia Erkidean kultura-interesa duten ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzeko.

Galdakaoko Mercadillo zuria (Bizkaia) kultura-interesekoa dela ikusita eta haren kultura-balioan oinarrituta, indarrean dagoen legerian xedatutakoari jarraituz, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak erabaki zuen zubia Euskal Kultura Ondarearen Inbentario Nagusian sartzeko espedientearen hasiera eskatzea 2016ko otsailaren 4ko Ebazpenaren bidez (otsailaren 5eko EHAA, 24. zk.).

Espediente horren administrazio-izapidean, lehen aipaturiko 7/1990 Legearen 17. eta 11.3 artikuluetan eta bat datozen gainerako xedapenetan ezarritakoarekin bat, jendaurrean jarri zen espedientea, eta interesdunei entzunaldia emateko epea ireki zen.

Informazioa jendaurrean jartzeko eta interesdunei entzuteko izapidean, Bengoetxeko auzo-elkarteko presidente Mari Paz Losadak alegazioak aurkeztu zituen.

Alegazioetan eskatu zuen, batetik, ondasunaren eremuaren mugaketa zabal zezatela, ibaiaren ibilguaren jatorrizko zabalera berreskuratzeko eta uholderik ez izateko, ibilgu hori behar bezala garbituz gero, eta, bestetik, laginketa edo zundaketa arkeologikoak egin zitzatela, zubiaren antzinatasunari buruzko informazio osoago bat lortzeko.

Ezetsi egin da alegazio hori, oinarritzat hartuta Kultura Ondarearen Zentroko Zerbitzu Teknikoek egindako txostena, nahikotzat jotzen baitute espedientearen hasieran proposatutako mugaketa zubiaren ingurumen- eta ikusmen-balioak babesteko. Horretaz gain, deklaraziotik eratorritako babesa ez da traba izango behar beste garbiketa edo prospekzio egiteko, baldin eta uholde-arriskua desagerrarazi nahi badute edo, zubiaren jatorria zein den jakitearren sakondu nahi badute; betiere, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 31. eta 32. artikuluek inbentarioan dauden ondasunetako esku-hartzeetarako xedatutakoaren esparruan.

Hori guztia dela eta, aipaturiko legearen 17. artikuluan xedatutakoari jarraituz, Euskal Kultura Ondarearen Zerbitzu Teknikoek egindako txostena aztertu ondoren, eta Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak proposatuta, honako hau,

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Galdakaoko Mercadillo zubia (Bizkaia) Euskal Kultura Ondarearen Inbentario Nagusian inskribatzea, monumentuen kategoriako kultura-ondasun gisa.

Bigarrena.– Ondasun horren deskribapen formala egitea, agindu honen I. eranskinean agertzen den mugaketaren arabera eta II. eranskineko deskribapenarekin bat etorrita, Euskal Kultura Ondareari buruzko Legean ezarritakoa betetzeko.

Hirugarrena.– Agindu honen berri ematea Jabetza Erregistroan, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 26. artikuluan ezarritakoa betetzeko.

Laugarrena.– Higiezin hori babesteko eskaria egitea Galdakaoko Udalari, udal hirigintza-planeamenduan sartu beharko baitu horretarako.

Bosgarrena.– Agindu honen berri ematea interesdunei, Galdakaoko Udalari, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara eta Kultura Sailari eta Garraioak, Mugikortasuna eta Lurralde Kohesioa Sustatzeko Sailari, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailari, eta Ura-Uraren Euskal Agentziari.

Seigarrena.– Ondasuna inbentarioan sartzeko agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENGOA

Inskribatzeko agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sortuko ditu ondorioak.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Administrazio-bidea amaitzen duen agindu honen aurka, interesdunek aukerako berraztertze errekurtsoa jar diezaiokete Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari hilabeteko epean, edo bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien salari bi hileko epean, agindu hau azkenekoz argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko maiatzaren 24a.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

I. ERANSKINA
MUGAKETA

a) Mugaketaren deskribapena.

Mugaketak barnean hartuko ditu zubia bera eta haren ingurunea. Horrenbestez, eremuak muga hauek izango ditu:

Iparraldean, jabetza pribatu baten muga eta alde horretako ibaiertza.

Ekialdean, zubiarekiko lerro paralelo bat, 40 metrora.

Hegoaldean, alde horretako ibaiertza, zubira doan bidea –errepidearekin bat egiten duen tokiraino eta jabetza pribatuaren mugaraino.

Mendebaldean, azkenik, zubiarekiko lerro paralelo bat, 40 metrora.

b) Mugaketaren justifikazioa.

Proposatutako mugaketaren arrazoia da Galdakaoko Mercadillo zubiaren balioa babestu behar izatea, bai ingurumenaren alorrean, bai ikusteko balioan. Ingurunearen mugaketa beharrezkoa da katalogatutako ondarea behar bezala babesteko eta balioesteko, eta berarekin batera dakar zubiaren inguruko lurrak eta sarbidea babestea, zubiaren berezko izaera gordetze aldera. Horregatik, mugaketak zubia bera ez ezik, haren ingurunea ere hartuko du barnean.

(Ikus .PDF)
II. ERANSKINA
DESKRIBAPENA

Galdakaoko Mercadillo zubia Bilboren eta Durangoren arteko bide historikoan dago, Ibaizabal ibaiaren harana zeharkatzen duen bidean, alegia. Hareharrizkoa da, eta lau zubi-begi dauzka.

Zubiaren euskarri, ibaiertzetako estribuak eta hiru zutarri daude. Zutarriak lodiak dira, oin errektangeluarra dute, eta harlangaitzez eginak daude ibaian behera, eta zubi-branka triangeluarrez ibaian gora. Zubi-brankek ertz irregularrak dituzte, hareharri-harlanduzkoak, eta bi gorputzekoak dira. Zubi-begi guztiek harlanduzko inpostak dituzte. Gangak harlangaitz erregularrez eginak daude, eta horretarako, flysch-eko harri xabalak erabili ziren. Arkuetako bazter-zokoak eta horma-atalak, berriz, landu gabeko harriz eginak daude.

Ganga guztiek tamaina desberdina dute. Hegoaldetik iparraldera, bigarrena da handiena, eta alboetan beste bi txikiago ditu; laugarrena itsututa dago. Hori dela eta, zubiaren plataformak malda bikoitza eta asimetrikoa dauka: bigarren gangaren gainean, tarte horizontal labur bat dauka, eta, bi estribuetan, sarrera-arrapalak, malda desberdinekoak. Zabalera dela eta, gurdiak noranzko batean bakarrik igaro zitezkeen, txandaka.

Bazterguneak ditu zubi-branken gainean, eta jatorrizko petrilaren ordez hormigoi-bloke bat jarri da, zubiaren osotasunarekin bat ez datorrena.

Eraikuntza-teknikak aintzat hartuta, esan daiteke zubia XVIII. mendearen bukaerakoa dela eta XVI. mendeko beste baten gainean eraiki zela.


Azterketa dokumentala