Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

103. zk., 2016ko ekainaren 1a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA
2339

AGINDUA, 2016ko maiatzaren 24koa, Herri Administrazio eta Justiziako sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoan zigortuak eta presoak gizarteratzeko eta lan-munduan txertatzeko proiektuetarako diru-laguntzen deialdia egiten duena.

Euskal Herriaren Autonomia Estatutuak 10.14 artikuluan xedatutakoaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa du espetxeetako antolaketan, araubidean eta funtzionamenduan eta gizarteratze alorrean ere, arlo zibileko eta zigor- eta espetxe-arloetako legeria orokorrarekin bat. Bestalde, espetxe-legeria betearaztea ere bere eskumenekoa den arren 12.1 artikuluaren arabera, oraingoz ez dute transferitu Eusko Jaurlaritzak aspaldi bereganatzea eskatu duen eskumen hori.

Herri Administrazio eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 188/2013 Dekretuaren 21. artikuluaren arabera, Justizia Zuzendaritzari dagokio «bere eskumenen arloan, zigor- eta espetxe-legeria betearaztea, Jaurlaritzak eremu horietan dituen gainerako jarduerekin koordinatuta.»

Justizia Zuzendaritzak, egiteko horiek gauzatze aldera eta ezarritako mugen barruan, Europako Parlamentuak 1998ko abenduaren 17ko Ebazpenean jasotako gomendioei jarraitzen die (Europar Batasuneko espetxeen baldintzei buruzko ebazpena: berrantolaketa eta ordezkapen-zigorrak); izan ere, gomendio horien bidez, Europako Kontseiluaren espetxeetako arauen xedapen guztiak aplikatzeko eskatzen zaie estatu kide guztiei.

Justizia Zuzendaritzaren funtsezko xedea da, lege-esparruaren barruan, espetxeetako zerbitzuen eta berriz hezteko eta gizarteratzeko programen hobekuntza bultzatzea, nazioarteko testuetan eta Espainiako Konstituzioaren 25.2 artikuluan jasotako gizarteratze-printzipioa gauzatu ahal izateko, hain zuzen.

2011ko urriaren 7an, Barne Ministerioaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren arteko lankidetza-hitzarmena sinatu zen Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) preso dauden pertsonak gizarteratzeko eta lan-munduan txertatzeko prozesu integralak ezar daitezen. Hitzarmen hori Espetxe Erakundeetako Idazkaritza Nagusiak eta Justizia eta Herri Administrazio Sailak sinatu zuten eta horren barruan kokatuko da diru-laguntzetarako honako deialdi hau. Bestetik, urte bereko abuztuaren 8an, alderdi horiek hitzarmen bat sinatu zuten, zeinaren bidez elkarrekin aritzea erabaki baitzuten komunitatearentzat lan egiteko zigorrak betetzeari, zigor askatasun-gabetzaileak eteteari eta kondenak ordezteari buruzko eginkizunen arloan. Hain zuzen ere, arlo horretan kokatzen dira Justizia Zuzendaritzako Zigorrak Kudeatzeko Euskal Zerbitzuaren (ZKEZ) eginkizunak, EAEn kartzela-zigorraren ordezko aukerak kudeatzeko ardura baitauka.

Hitzarmen horiek sinatu eta gero, azken urteotan, Eusko Jaurlaritzaren lana erregimen irekira mugatu da, hau da, zigortuta eta preso dauden pertsonak gizarteratzeko eta lan-munduan txertatzeko espetxez kanpoko proiektuetara eta kartzela-zigorraren ordezko aukeretara. Lan horri esker, aurrera egin ahal izan da gizatalde horren gizarteratzea eta laneratzea sustatzeko baliabide-sarea finkatzeko orduan. Baliabide horien bidez, Eusko Jaurlaritzak lortu nahi duena da zigortuta eta preso dauden pertsonek eskubide osoko herritar gisa orientatzea euren bizitzak, eta, espetxea utzi eta gero, komunitatean erabat integratu daitezela aktibo sozial gisa.

Martxoaren 30eko 1/2015 Lege Organikoaren bidez (Zigor Kodeari buruzko azaroaren 23ko 10/1995 Lege Organikoa aldatzen du lege horrek), sinpletu eta argitu egin da kartzela-zigorraren ordezko aukeren erregimena (atzerritarrentzat izan ezik) eta bi urtetik beherako kartzela-zigorrak baldintzapean etetea erregimen nagusitzat ezarri da. Adierazi dugunez, Justizia Zuzendaritzako Zigorrak Kudeatzeko Euskal Zerbitzua (ZKEZ) kartzela-zigorraren ordezko zigorren kudeaketaz arduratzen da, eta kondenak eteteko araudi berriak aukera gehiago ematen dizkie epaile eta auzitegiei gizarteratze-prozesuak ezartzeko, eta, horrela, espetxean sar ez daitezen bi urtetik beherako kartzela-kondenak dituztenak, gizarteratzeko modukoak direla aurreikusten denean.

Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzak espetxeratzearen aurreko errealitate hori kontuan hartu nahi izan du, gizarteratze-ibilbideak ezartzeko aukera eskaintzen baitu; horrela, pertsona batzuek beren bizitza berregiteko aukera izan dezaten eta gure gizartearentzat aktibo bihur daitezen, kartzelako bizimoduak gizarteratzeko dakartzan ondorio kaltegarriak jasan gabe. Zigortu eta presoak gizarteratzeko lanean diharduten hirugarren sektoreko erakunde berak dira zigortutako pertsona hauei espetxean sartu aurretik arreta eskaintzen dizkietenak, jarduera horiek finantzatzeko inolako diru-laguntzen deialdirik egon gabe, eta kontuan hartzekoa da errealitate hori areagotu egingo dela Zigor Kodearen erreforma berriarekin. Hori dela eta, kondenak eteteko erregimen berriarekin, funtsezkotzat jotzen dugu 100.000 euro gehiago jartzea zigortuak gizarteratzeko programak finantzatzeko deialdian. Aldaketa hori, hala ere, ezin da komunitatearen aldeko lanak egiten dituzten pertsonentzako programetara iritsi; izan ere, zigor borondatezkoa eta komunitarioa denez eta EAEn halako asko daudenez, erabat hutsalduko litzateke deialdi hau.

Deialdi honen bitartez, Eusko Jaurlaritzak lagundu egin nahi die zigortuta eta preso daudenen benetako gizarteratzearen alde diharduten irabazi asmorik gabeko erakundeei; duela 20 urte baino gehiagotik hona ari dira lanean gehienak, eta Euskal Autonomia Erkidegoko espetxeekin modu profesionalean eta koordinatuta eta Eusko Jaurlaritzarekin modu efizientean eta gardenean jardun duten erakundeak dira.

Helburu horrekin eta administrazio-ebazpenaren objektibotasuna bermatze aldera, agindu honetan jasoko dira, zehaztasun guztiz, diru-laguntzetarako irizpideak.

Horiek horrela, hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen bitartez, Euskal Autonomia Erkidegoan zigortuta eta preso dauden pertsonak gizarteratzeko eta lan-munduan txertatzeko proiektuetarako diru-laguntzen deialdia egiten da eta oinarri arautzaileak ezarri. Laguntzak norgehiagoka-prozeduraren araubideaz emango dira. Horretarako, deialdiaren diru-hornidura bostehun mila eurokoa (500.000 €) da.

2. artikulua.– Diru-laguntza jaso dezaketen proiektuak.

1.– Presoak gizarteratzeko eta lan-munduan txertatzeko honako baldintza hauek betetzen dituzten proiektuak jaso ahal izango dute diru-laguntza:

a) Espetxetik kanpoko baliabideekin gauzatuko dira eta honako modalitate hauetakoren bat izango da:

1) Programatutako irteerak eta auzolandegiak.

2) Egoitza- eta alojamendu-baliabideak.

3) Mendekotasuna gainditzeko baliabideak droga mendekotasuna duten pertsonentzat.

4) Prestakuntza eta trebakuntza zentroak.

5) Lanerako orientazio- eta laguntza-zentroak.

b) Espetxeetan hasten diren proiektuak dagokion espetxeko zuzendaritzak onartu beharko ditu.

c) Laguntza integraleko metodologia erabiliko dute.

d) Proiektuak 2016an egingo dira.

2.– Zigor askatasun-gabetzailea eteteko neurria jaso duten zigortuak gizarteratzeko eta lan-munduan txertatzeko proiektuek kasu hauetan jaso ahal izango dituzte diru-laguntzak: aurreko paragrafoko baldintzak betetzen badituzte eta xedetzat prestakuntzarako programak, lanbide-programak, kultur programak, bide-hezkuntzako programak, sexu-hezkuntzako programak, ingurumena defendatzeko programak, animaliak babesteko programak, tratu berdintasunerako eta diskriminazioaren aurkako programak edo antzeko beste batzuk badituzte, edo alkoholaren, droga toxikoen edo substantzia estupefazienteen mendekotasuna gainditzeko programak.

3.– Baldintzak proiektuak burutu aurretik eta diruz laguntzeko aldian bete beharko dira.

3. artikulua.– Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak eta gehieneko diru-laguntza eskabidea.

1.– Aurkeztu den proiektua gauzatzeko beharrezkoak diren gastuak dira diru-laguntza jaso dezaketenak, eta dagoeneko bukatu den baina 2016an egin den proiektu batenak edo 2016an egiten den proiektu batenak izan daitezke. Aurreko artikuluan zerrendatutako modalitateetan, honako hauek izango dira diru-laguntza jaso dezaketen gastuak:

a) Programatutako irteerak eta auzolandegiak: joan-etorrietako gastuak (erregaia, bide-sariak, aparkalekua eta garraio publikoa), eta ostatu- eta mantenu-gastuak.

b) Egoitza- eta ostatu-baliabideak eta mendekotasuna duten pertsonentzako mendekotasuna gainditzeko baliabideak: higiezinak eta lokalak mantentzeko gastuak, horien alokairuak, zigortuta eta preso daudenen mantenu-gastuak eta baliabideetara atxikitako langileen ordainsariak.

c) Prestakuntza- eta trebakuntza-zentroak eta lanerako orientazio- eta laguntza-zentroak: higiezinak eta lokalak mantentzeko gastuak, horien alokairuak, informatikako materiala, suntsigarriak, tailer eta ikastaroetako materiala, eta baliabideetara atxikitako langileen ordainsariak.

2.– Emandako diru-laguntzaren guztizko zenbatekotik, ehuneko hamarra (% 10) funtzionamenduko eta administrazioko gastuetarako izan daiteke, baina soldatak eta ordainsariak alde batera utzita (baldin eta programa garatzeko ezinbestekoak ez badira eta azalpen memorian horrela jasota badago).

3.– Espetxeetan hasten diren proiektuetan, diru-laguntza jaso ahal izango dute erakunde onuradunek kanpoko baliabideetara zein pertsona eraman behar den aukeratzeko egiten dituzten aldizkako bisitak sortzen dituzten gastuek.

4.– Agindu honen 8. artikuluaren 1. paragrafoko proiektua gauzatzeko aurrekontu banakatuan jasota dauden gastuak diru-laguntza jaso dezaketen gastuak direla ulertuko da, diru-laguntzako organo kudeatzaileak, diru-laguntzarako aurkeztu diren eskaerak baloratu ondoren, kontrakorik adierazten ez badu behintzat.

4. artikulua.– Erakunde eskatzaileak.

Diru-laguntza eskatu ahal izango dute, honako baldintza hauek betetzen dituzten irabazi asmorik gabeko erakundeek:

a) Euskal Autonomia Erkidegoko dagokion erregistroan inskribatuta egotea.

b) Egoitza soziala eta zerga-egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan edukitzea.

c) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea. Justizia Zuzendaritzak automatikoki ziurtatuko du, hartarako erakunde eskatzaileek baimena eman gabe ere, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla. Hori guztia, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak 50.3 artikuluan ezarritakoaren arabera.

d) Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen amaierako seigarren xedapenean xedatutakoarekin bat etorriz, diru-laguntzak edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratibo edo penalik ez izatea, ezta horretarako legezko inolako debekurik ere, sexu-bereizkeriagatik eragindakoak barne.

e) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasitako edozein itzultze- edo zehapen-prozeduraren batean ez egotea edo, egon bada, amaituta egotea.

f) Justizia Zuzendaritzako Zigorrak Kudeatzeko Euskal Zerbitzuaren (ZKEZ) erakunde laguntzailea izatea. Zerbitzu horrek EAEn kartzela-zigorraren ordezko aukera guztiak kudeatzeko ardura dauka. Justizia Zuzendaritzako Helduen Justizia Zerbitzuak ofizioz egiaztatuko du erakunde eskatzailea Zigorrak Kudeatzeko Euskal Zerbitzuaren (ZKEZ) erakunde laguntzailea den.

5. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Erakunde eskatzaileek bitarteko elektronikoz egin beharko dituzte eskabideak, kontsultak eta prozedura honetako izapide guztiak. Izapideak kanal elektronikoaren bidez egingo dira. Eskabideak izapidetzeko xehetasunak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak egoitza elektroniko honetan daude: https://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/-/2016/reinsercion/es

Eskabidea aurkeztu ondorengo izapideak egiteko webgunea hau da: https://euskadi.eus/nirekudeaketak

2.– Honako hauek arautzen dituzte izapide elektronikoak: otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak, administrazio elektronikoari buruzkoak; apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzkoak; eta 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenak, Informatika eta Telekomunikazio zuzendariarenak, PLATEA e-administraziorako plataforma teknologikoa onartzen duenak.

6. artikulua.– Organo kudeatzailea.

Justizia Sailburuordetzako Justizia Zuzendaritzari dagokio deialdi honen kudeaketa, Helduen Justizia Zerbitzuaren bidez.

7. artikulua.– Eskabideak.

1.– Eskabideetan, agindu honen 2. artikuluan zehaztutako modalitateren bat garatzen duen proiektu bat izango da. Modalitate bat baino gehiago garatzen dituzten erakundeek, eskabide bat aurkeztu beharko dute modalitate bakoitzeko. Era berean, modalitate batean kokatu daitezkeen proiektu desberdinak garatzen dituzten erakundeek, eskabide bat aurkeztu beharko dute proiektu bakoitzeko. Zigortu edo presoei modu bateratuan edo banan-banan zuzendutakoak izan daitezke proiektuak.

2.– Erakundeek gehienez hiru eskabide aurkeztu ahal izango dituzte.

3.– Erakundeek ezin izango dute 80.000 eurotik gorako proiekturik aurkeztu. Erakunderen batek zenbateko hori gainditzen duen eskabide bakarra aurkeztuz gero, eskabide hori ezetsi egingo da. Erakunderen batek eskabide bat baino gehiago aurkeztu eta sarrera ematen zaien hurrenkeraren arabera aurkeztu duen lehenengo eskabideak gehienezko zenbatekoa gaindituz gero, eskabide guztiak ezetsiko dira. Eskabide horrek zenbatekoa gainditzen ez badu, aurkeztutako eskabideak sarrera ematen zaien hurrenkeraren arabera batuko dira, eta gehienezko zenbatekoa gainditzea dakarren eskabidea ezetsi egingo da, eta, hala badagokio, ondoren aurkeztutakoa.

4.– Erakundeek eskabidea hilabeteko epean aurkeztu beharko dute, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera. Eskabideak euskadi.net-en helbide honetan aurkeztu beharko dira, bitarteko elektronikoz: https://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/-/2016/reinsercion/es

5.– Eskatzaileek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete, nahi duten eran. Orobat, prozeduran zehar, erakundeak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

6.– Eskabideek honako aukera hau jaso beharko dute: diru-laguntza eskatzen duen erakundeak esanbidez adieraztea baimena ematen diola organo kudeatzaileari gainerako datuak edo dokumentuak lortu edo egiaztatzeko, Administrazio Publikoak esleituta dituen egiaztatu, kontrolatu edo ikuskatzeko ahalmenak bazter utzi gabe.

8. artikulua.– Dokumentazioa.

1.– Eskabidearekin batera agiri hauek ere aurkeztu behar dira:

a) Diruz laguntzea nahi den proiektuaren gaineko memoria. Memoria egiteko eredu normalizatua («Proiektuaren memoria») hemendik jaitsi daiteke: https://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/-/2016/reinsercion/es

Memorian zehaztu beharko da 2. artikuluan zehazten diren aukeratatik zeinetan kokatzen den proiektua. Erakundeek argi eta zehaztasunez azaldu beharko dute egingo den jarduera, zigortu eta presoekin egingo den lana, proiektuaren helburu zehatzak eta erabiliko den metodologia.

Proiektua gauzatzeko aurrekontu banakatua; beste finantza-iturririk izanez gero, zehaztu egin beharko da, eta halakorik ez badago, zinpeko adierazpen baten bidez adierazi beharko da ez duela ez baliabide propiorik ez kanpokorik, proiektua finantzatzeko. Eredu normalizatua («Aurrekontu banakatua») hemendik jaitsi daiteke: https://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/-/2016/reinsercion/es

2.– Eskabideak baloratzeko, aurreko paragrafoan aipatutako dokumentuak bakar-bakarrik hartuko dira kontuan. Dena dela, erakundeek dokumentu osagarriak aurkeztu ahal izango dituzte, proiektua hobeto baloratzen lagunduko dutela uste badute.

3.– Jarduerak dagoeneko bukatuta baldin badaude, egindako gastuak justifikatzeko behar diren dokumentu guztiak aurkeztu beharko dira, agindu honetan eskatzen den moduan.

4.– Organo kudeatzaileak espedientea behar bezala osatzeko beharrezkotzat jotzen dituen dokumentuak eta azalpenak eska diezazkioke erakunde eskatzaileari. Gainera, eskatzaileak emandako datuak egiaztatu ahal izango ditu.

9. artikulua.– Eskabideko akatsak zuzentzea.

Organo kudeatzaileak egiaztatzen badu erakunde eskatzaileren batek aurkeztutako dokumentazioan zerbait falta dela edo aurreko artikuluetan adierazitako betekizunak betetzen ez direla, eskatuko dio hamar eguneko epean hutsa zuzen dezala edo dagozkion agiriak aurkez ditzala, eta ohartaraziko dio horrela egin ezean eskabidean atzera egin duela ulertuko dela. Horretarako, aldez aurretik ebazpena emango da, zirkunstantzia horren berri emateko, eta, bertan, jazotako egitateak eta aplika daitezkeen arauak zehaztuko dira.

10. artikulua.– Balorazio Batzordea.

1.– Hautaketa Batzorde bat eratuko da, zeinak diru-laguntzak emateko proposamena egingo duen.

2.– Honako hauek osatuko dute Balorazio Batzordea:

a) Arabako espetxeko zuzendaria.

b) Basauriko espetxeko zuzendaria.

c) Martuteneko espetxeko zuzendaria.

3.– Idazkari-lanak Justizia Zuzendaritzako Helduentzako Justizia Zerbitzuari atxikitako langile publiko batek egingo ditu, eta Justiziako zuzendariak aukeratuko du.

11. artikulua.– Balorazio-irizpideak.

1.– Eskabideak balorazio-irizpide eta puntuazio-eskala honen arabera baloratuko dira:

a) Eskatzaileari dagokionez:

Eskaera egin duen erakundeak zigortuak eta presoak gizarteratzeko eta lan-munduan sartzeko lanetan egin duen ibilbidea: 0-10 puntu.

1) Giza eskubideen arloan, nazioarteko edo Europako aintzatespen ofiziala edo saria duen erakundea, garrantziaren arabera: 9-10 puntu.

2) Giza eskubideen arloan, Espainiako edo autonomia-erkidegoren bateko aintzatespen ofiziala edo saria duen erakundea, garrantziaren arabera: 8-9 puntu.

3) Onura publikoaren deklarazioa duen erakundea: 7 puntu.

4) Zigortuak eta presoak gizarteratzeko eta lan-munduan sartzeko lanetan hamar urte edo gehiago aritu den erakundea, urte kopuruaren arabera: 4-6 puntu.

5) Zigortuak eta presoak gizarteratzeko eta lan-munduan sartzeko lanetan bost urte edo gehiago aritu den erakundea, urte kopuruaren arabera: 0-3 puntu.

b) Proiektuari dagokionez:

1) Zigortuak eta presoak gizarteratzeko eta lan-munduan sartzeko prozesuari proiektuak egiten dion ekarpena: 0-15 puntu.

1- Zigortuak eta presoak espetxez kanpo bizitzeko aukera ematen duten proiektuak, horien intentsitatearen arabera: 7-15 puntu.

2- Gainerako proiektuak, horien intentsitatearen arabera: 0-6 puntu.

2) Proiektuaren egokitasuna edo interes soziala: 0-15 puntu.

1- Lan-munduan sartzen zailak diren kolektiboei zuzendutako proiektuak (espetxearekiko ohitze-maila altukoak, ijitoak, etorkinak, emakumeak eta osasun mentala duten pertsonak), horietan parte hartzen duten pertsona-kopuruaren eta intentsitatearen arabera: 7-15 puntu.

2- Gainerako proiektuak, erabiltzaile-kopuruaren eta proiektuaren intentsitatearen arabera: 0-6 puntu.

3) Proposatzen diren jardueretan, erakundeak noraino parte hartzen duen eta norainoko lankidetza duen: 0-10 puntu.

1- Zigorrak Kudeatzeko Euskal Zerbitzuarekin eta Lanbiderekin: 8-10 puntu.

2- Presoak gizarteratzeko eta lan-munduan sartzeko lanean ari diren beste erakunde eta organizazio batzuekin: 0-7 puntu.

4) Proiektua hainbat urtetan gauzatzeko aukera: 0-5 puntu.

1- Autofinantzaketa duten proiektuak, ehunekoaren arabera: 3-5 puntu.

2- Bideragarritasuna egiaztatuta duten proiektuak, urteen arabera. Gutxienez, proiektua azken bi urteetan egindakoa izan behar da. 0-2 puntu.

5) Boluntarioen parte-hartzea: 0 - 5 puntu

1- Boluntario-kopurua diru-laguntzarako aurkeztu den proiektuan: 3-5 puntu.

2- Boluntario-kopurua erakundearen beste proiektu batzuetan: 0-2 puntu.

2.– Balorazio-irizpide horiek aplikatuta, gehienez ere 60 puntu lortu ahal izango dira.

3.– Diru-laguntza emateko, aurreko irizpideen arabera 30 puntutik gora lortu beharko ditu eskabideak.

12. artikulua.– Zenbatekoa zehaztea.

1.– Diru-laguntzaren organo kudeatzaileak aukera izango du diruz laguntzekoak ez diren gastuak edo proiektuarekin zuzenean lotuta ez dauden gastuak hartzen dituzten eskabideetako diru-kopuruak doitzeko, diru-laguntzaren zenbatekoa zehaztu baino lehen.

2.– Balorazio-irizpideen arabera 30 puntu baino gehiago lortu dituzten eskabideen proiektuei zenbateko diru-laguntza dagokien zehazteko, urrats hauek jarraituko dira:

1) Eskabideak puntuaziorik altuenetik txikienera antolatuko dira. 60 puntu lortu dituen eskabideari (gehienez lor daitekeena) portzentaje teoriko bat aplikatuko zaio, eskatutako kopuruaren ehuneko ehuna (% 100). Gainontzeko eskaerei balorazio irizpideetan lortutako puntuen araberako portzentaje proportzionala aplikatuko zaie, hurrenez hurren.

2) Kasu bereziak:

a) Diru-laguntzen zenbateko teoriko guztiak batu eta aurrekontuen diru-hornidura gainditzen bada, diru-laguntzen zenbateko guztiak proportzionalki egokituko dira, eta diru-laguntza teoriko guztiei portzentaje berbera jaitsiko zaie. Portzentaje hori honela kalkulatuko da: diru-hornidura zati zenbateko teoriko guztia.

b) Diru-laguntzen zenbateko teoriko guztiak batu eta aurrekontuen diru-hornidura ez bada gainditzen, berriz, soberakoa eskabide guztien artean banatuko da proportzionalki, aurreko paragrafoan ezartzen den prozedura bera jarraituta. Horrela kalkulatutako zenbatekoak ezingo du inondik inora gainditu diruz lagun daitekeen gastuaren ehuneko ehuna (% 100).

3.– Proiektu bakoitzari eman ahal zaion gehienezko diru-laguntza 50.000 eurokoa izango da.

13. artikulua.– Ebazpena.

1.– Balorazio Batzordearen proposamena ikusita, eskatutako diru-laguntzak emateko nahiz ukatzeko ebazpena emango du Justiziako zuzendariak, eta, bertan, proiektu bakoitzari emandako diru-laguntzaren zenbatekoa adieraziko da. Ebazpena bitarteko elektronikoen bidez jakinaraziko zaie erakunde interesdunei eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, denek izan dezaten horren berri.

2.– Diru-laguntzak emateko nahiz ukatzeko ebazpena jakinarazteko gehienezko epea sei hilabetekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita. Epe horretan esanbidezko ebazpenik eman eta jakinarazi ez bada, eskabideak ukatu egin direla ulertuko da, hala xedatzen baitu Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legeak, azaroaren 26koak, 44.1 artikuluan. Horrek ez du esan nahi, ordea, Administrazioak esanbidez ebazteko betebeharrik ez duenik.

3.– Ebazpen horrek administrazioarekiko bidea agortzen ez duenez, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Justiziako sailburuordeari, hilabeteko epean jakinarazpen-egunaren biharamunetik zenbatzen hasita, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 114. eta 115. artikuluetan xedatutakoaren arabera.

14. artikulua.– Onarpena.

1.– Onuradunaren aldetik diru-laguntza onartzeak esan nahi du onartu egiten dituela agindu honetan ezarritako arau guztiak, bai eta 698/1991 Dekretuan eta 1/1997 Legegintzako Dekretuan ezarritako bermeak eta diru-itzulketen eta zehapenen erregimena ere (1/1997 Legegintzako Dekretuak, azaroaren 11koak, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen du eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen du eta horien kudeaketan parte hartzen duten Erakunde Laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen ditu).

2.– Laguntza onartu egin dela ulertuko da, laguntza emateko ebazpenaren jakinarazpenaren hurrengo egunetik aurrera 5 egun pasatu ondoren onuradunak besterik adierazi ez badu.

15. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak

Erakunde onuradunek honako betebehar hauek izango dituzte:

a) Emandako diru-laguntzak xede duen proiektu zehatza egiteko erabiltzea diru-laguntza hori, agindu honen 18.1.b) artikuluan aurreikusitakoa aplikatzekoa bada izan ezik.

b) Organo kudeatzaileari jakinaraztea, diru-laguntza jasotzeko beharrezkoak diren betekizunak betetzea edo diru-laguntzaren xede den proiektua burutzea ezinezkoa egiten duen (osorik edo partez) gerora sortutako gorabeheren bat gertatzen bada.

c) Organo kudeatzaileari jakinaraztea proiektuak gauzatzeko aldian diruz lagundutako proiektuak finantzatzeko emandako edozein diru-laguntza edo laguntza eman diotela edo ukatu diotela, horren berri izan bezain laster.

d) Ogasun eta Finantza Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak laguntzen xedearen fiskalizazio-funtzioak betez eskatutako informazio guztia ematea.

e) Diru-laguntza eman eta onartu ondoren argitaratzen diren programa, iragarki-kartel, argazki eta gainerako idatzizko eta soinuzko materialen aleetan beren-beregi adieraztea Eusko Jaurlaritzaren laguntza jaso dela Herri Administrazio eta Justizia Sailaren bidez. Horretarako, Eusko Jaurlaritzaren Erakunde Nortasunari buruzko eskuliburua onartzen duen abuztuaren 31ko 318/1999 Dekretuan ezarritakoa bete beharko da. Informazio gehiago eta eskabideak eskuratzeko: http://www.ivap.euskadi.eus/r61-2347/es/contenidos/informacion/identidad_corporativa/es_5611/identidad_corportativa.html

16. artikulua.– Ordainketa.

1.– Diru-laguntza emateko ebazpena jakinarazi ondoren, onartzeko epea igaro ondoren, laguntzaren ehuneko hirurogeita hamabosta (% 75) ordainduko da. Gainerako ehuneko hogeita bosta (% 25), 17. artikuluan aipatutako dokumentuak Justizia Zuzendaritzan aurkeztu ondoren ordainduko da, diruz lagundutako jarduera amaitu eta gehienez ere bi hilabeteko epean.

2.– Aurreko paragrafoan esandakoa gorabehera, laguntza ematearen aldeko Ebazpena argitaratu baino lehen amaituta dauden jarduerei dagozkien diru-laguntzak osorik eman daitezke, ordainketa bakarraren bidez, baldin eta erakundeak osorik justifikatu badu diru-laguntzaren xedea, aurreko paragrafoan adierazitako justifikatzeko agiriak aurkeztuta.

3.– Administrazioak diru-laguntzak ordaindu ahal izateko, erakunde onuraduna Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Finantza Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren datu-basean agertu beharko da; hau da, erregistratuta ego beharko da aipatutako sailaren Hirugarrenen Erregistroan.

Bankuko datuak erregistratzeko edota daudenak aldatzeko:

– Aurrez aurre: egoitza elektronikoan ezarritako ereduaren araberako inprimakiaren bidez: https://euskadi.eus/y22-izapide2/es/contenidos/autorizacion/alta_terceros/es_7999/alta_terceros.html

– Bide elektronikoaren bidez: hirugarrenen erregistro telematiko bidez, jarraian adierazitako egoitza elektronikoan: https://euskadi.eus/y22-izapide2/eu/contenidos/informacion/regtelter_infor/eu_rtt/infor_rtt.html

17. artikulua.– Diru-laguntzaren justifikazioa eta justifikatzeko dokumentazioa.

1.– Erakunde onuradunek organo kudeatzaileari justifikatu behar diote diru-laguntza jasotzeko beharrezkoak diren betekizunak betetzen dituztela, baita diru-laguntzaren xede den proiektua burutu izana ere. Horretarako, hurrengo dokumentuak aurkeztu beharko dituzte:

a) Justifikatzeko memoria: edozein formatutan aurkeztuko da, jarduera edo programa zehatz-mehatz deskribatuko du eta honako hauek zehaztuko ditu, gutxienez: erabiltzaileen kopurua, sexuaren arabera bereizita, eta, hala badagokio, laneratzeko zaila den talderen batekoa den (espetxearekiko ohitze-maila altukoak, ijitoak, etorkinak, emakumeak edo osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonak). Ahal izanez gero, diru-laguntza jaso duen jarduera burutu dela ziurtatzen duten argazkiak edota dokumentu grafikoak aurkeztuko dira memoriarekin batera, eta, hala dagokionean, argitaratutako programa, iragarki-kartel, argazki eta gainerako idatzizko eta soinuzko materialen aleak.

b) «Justifikazio kontu sinplifikatua» inprimakia beteta. Honako egoitza elektroniko honetan dago eskuragarri: https://euskadi.eus/ayuda_subvencion/-/2016/reinsercion/es.

Inprimakian, honako hauek adierazi behar dira, gutxienez:

– Proiektuaren jarduerarako egin diren inbertsioen eta diru-laguntzaren kontura egindako gastuen zerrenda. Gastu bakoitza zein helbururekin egin den azalduko da labur-labur eta gastuon dokumentuak aurkeztuko dira, datu hauekin: hartzekodunaren identifikazioa, zenbatekoa, jaulkipen-data eta ordainketa-data.

– Erakunde onuradunak, diruz lagundu den proiekturako, beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuetatik jasotako bestelako finantziazio edo diru-laguntzen zenbateko eta jatorrien zerrenda zehaztua, baldin eta aurretik horien berri ez bazitzaion eman organo kudeatzaileari.

2.– Justifikazioak bitarteko elektronikoak erabilita aurkeztuko dira helbide honetan: https://euskadi.net/nirekudeaketak

3.– Diru-laguntzaren organo kudeatzaileak, 2016. urteko lehenengo hiruhilekoan, ausaz aukeratutako gutxienez bost erakunde onuradun bisitatuko ditu, justifikazio-agirietan emandako informazioa egiaztatzeko eta justifikazio-agiri originalak eskatzeko (beharrezkotzat jotzen dituen kontu-ikuskapenak egiteko xedez).

18. artikulua.– Diru-laguntzak emateko betekizunak ez betetzea.

1.– Honako hauek izango dira ez-betetzeak:

a) Jasotako diru-laguntza osoa edo horren zati bat bere garaian aurkeztutako proiektuaren arabera onartu zen jarduerari ez dagokion bestelako jarduera baterako erabiltzea.

b) Diruz lagundutako proiektuan aldaketak egitea, salbu eta, funtsezkotzat hartzen ez direlako, Justiziako zuzendariak esanbidez onartzen baditu, betiere baimen arrazoituaren ondoren.

c) Aurkeztutako eskabidean edo dokumentazioan azaltzen den daturen baten faltsutasuna.

2.– Erakunde onuradunak betetzen ez baditu diru-laguntzak emateko ebazpenean edo agindu honetan ezarritako baldintzak, diru-laguntza jasotzeko eskubidea galduko du, eta ordura arte jasotako diru-laguntza eta legez dagozkion interesak itzuli beharko dizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, honako dekretu hauetan ezarritakoarekin bat etorriz: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan (Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen du) eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan (Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako diru-laguntzen berme eta itzulketetarako araubide orokorra ezartzen du, eta haien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizun, araubide eta betebeharrak zehazten ditu).

19. artikulua.– Diru-laguntzen bateragarritasuna.

Beste edozein administraziok edo erakunde publiko nahiz pribatuk eman dezakeen diru-laguntza edo laguntza ororekin bateragarriak dira diru-laguntza hauek. Baina, helburu berbererako eskuratutako diru-laguntzen zenbateko guztia aurrekontua baino handiagoa bada, agindu honen bidez emandako diru-laguntzaren zenbatekoari gehiegizko zenbatekoa kenduko zaio.

20. artikulua.– Diru-laguntzaren baldintzak aldatzea.

Diru-laguntza emateko kontuan hartu diren inguruabarretako bat aldatzen bada, diru-laguntzaren helburua betetzat jotzen dela, diru-laguntza eman duen ebazpena ere aldatu ahal izango da. Horretarako, Justiziako zuzendariak likidazioa egiteko ebazpena emango du, eta, ebazpen horren bidez, emandako diru-laguntzen zenbatekoak egokituko dira.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Agindu honek amaiera ematen dio administrazio bideari, baina interesdunak berraztertze-errekurtsoa aurkez diezaioke Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari, hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi errekurtsoa jar dezake zuzenean Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Epe biak agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik zenbatuko dira.

Bigarrena.– Agindu honetan aurreikusi ez den guztian, prozedurari dagokionez, Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean xedatutakoa aplikatuko da.

Hirugarrena.– Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko maiatzaren 24a.

Herri Administrazio eta Justiziako sailburua,

JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.


Azterketa dokumentala