100. zk., 2016ko maiatzaren 27a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (421 KB - 15 orri.)
- EPUB (681 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA
2270
33/2016 EBAZPENA, maiatzaren 9koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren eta Addameer Prisoner Support and Human Rights Association Elkartearen arteko hitzarmena, preso politiko eta atxilotu palestinarren eskubideak babestea xede duen programa finantzatzekoa, argitaratzea xedatzen duena.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak hitzarmena sinatu duenez gero, zabalkunde egokia izan dezan, honako hau,
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren eta Addameer Prisoner Support and Human Rights Association Elkartearen arteko hitzarmena, preso politiko eta atxilotu palestinarren eskubideak babestea xede duen programa finantzatzeko dena. Ebazpen honen eranskinean dago jasota hitzarmenaren testua.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko maiatzaren 9a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
SANTIAGO LARRAZABAL BASAÑEZ.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN MAIATZAREN 9KO 33/2016 EBAZPENARENA
GARAPENERAKO LANKIDETZAREN EUSKAL AGENTZIAREN ETA ADDAMEER PRISONER SUPPORT AND HUMAN RIGHTS ASSOCIATION ELKARTEAREN ARTEKO HITZARMENA, PRESO POLITIKO ETA ATXILOTU PALESTINARREN ESKUBIDEAK BABESTEA XEDE DUEN PROGRAMA FINANTZATZEKO DENA
Vitoria-Gasteiz, 2015eko urriaren 28a.
BILDU DIRA:
Paul Ortega Etcheverry jauna, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren (aurrerantzean eta aukeran GLEA) zuzendaria.
Sahar Francis andrea, Addameer Prisoner Support and Human Rights Elkartearen (aurrerantzean Addameer) zuzendari nagusia.
ESKU HARTU DUTE:
Lehenak Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren izenean eta hura ordezkatuz.
Bigarrenak Addameer elkartearen izenean eta hura ordezkatuz.
HAU ADIERAZI DUTE:
Lehenengoa.– Addameer irabazi-asmorik gabeko elkartea da, RA-227/SS erregistro-zenbakia duena eta Palestinako Agintaritza Nazionalaren Barne Ministerioan 2011/09/02an erregistratu zena.
Bigarrena.– Palestinako Lurralde Okupatuan baldintza soziopolitikoek sakonean okerrera egin dute eta egoera hori palestinarren giza eskubideen urraketa masiboan gauzatzen da. Okupazioari dagokionez, 1967. urteaz geroztik ordena militarren sistema bat dago, eta sistema horren bitartez, 900.000 palestinar baino gehiago atxilotu dituzte Israeleko agintaritzek. Palestinako Lurralde Okupatuko guztizko biztanleriaren % 20 inguru dago egoera horretan. Kontuan hartzen badugu atxilotu gehienak gizonak direla, atxilotutako palestinarren kopurua Palestinako Lurralde Okupatuko gizonezko biztanleria guztiaren % 40 inguru da.
Nahiz eta Nazioarteko Zuzenbideak ahalbidetzen duen larrialdiko egoeretan atxiloketa administratiboaren erabilera mugatua egitea, agintaritzak behartuta daude atxiloketaren oinarrizko arauei jarraitzera. Arau horien artean bidezko epaiketa dago, eta horri jarraiki, atxilotuak bere atxiloketaren arrazoiak aurkaratzeko aukera du.
Hirugarrena.– Testuinguru horretan, Addameer erakundeak urraketei buruzko kasu askori egin die jarraipena bi hamarkadatan baino gehiagotan. Horri esker, oso harreman estua sortu da erakundearen eta Zisjordaniako komunitate eta gizarte zibil palestinarren artean; horren ondorioz, Addameer erreferentetzat hartzen da Israeleko espetxeetan giltzaperatuta daudenen giza eskubideak defendatzeko.
Addameer 1992. urtean sortu zen, eta harrezkero, lege-laguntza izan da erakundearen ardatz egituratzailea, milaka kasutan doako laguntza juridikoa eman baitzaie Palestinako preso nahiz atxilotuei eta haien ahaideei Palestinako eta Israeleko espetxeetan eta atxiloketa-zentroetan.
Sentsibilizatzeko, hedatzeko eta nazioartean eragiteko Addameer elkarteak gauzatzen dituen ekintzei dagokienez, adierazi behar da azken hamarkada honetan estutu eta indartu egin dituela nazioarteko harremanak, eta aliantza estrategikoak sortu dituela giza eskubideen defentsa eta sustapena oinarri dituzten beste erakunde batzuekin.
Laugarrena.– Addameer esperientzia metatua duen erakundea da eta 20 urtean baino gehiagotan egindako lanaren ondorioz atzemandako premiak ekintzetara egokituko direla bermatzen du. Aipatutako lana biztanleria palestinarraren giza eskubideak defendatzeko, sustatzeko eta babesteko da. Horrez gain, giza eskubideak nazioartean defendatzen dituzten erakunde ospetsuen nazioarteko aintzatespena du.
Bosgarrena.– Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia –Garapenerako Lankidetzari buruzko otsailaren 22ko 1/2007 Legean ezartzen diren printzipio eta egituren multzoan biltzen dena– Eusko Jaurlaritzaren garapenerako lankidetzako politikaren plangintza lantzeaz arduratzen den Zuzenbide Pribatuko erakunde publikoa da, Agentzia sortu zuen araudian ezartzen denari jarraiki; horretaz gain, politika hori koordinatzeko, kudeatzeko eta egikaritzeko ardura du, betiere pobreziaren aurka borrokatzeko eta herrialde pobretuetan giza garapen iraunkorra sustatzeko ildoan.
Seigarrena.– Addameer elkarteak eta euskal gizarteak hamar urte baino gehiago daramate elkarrekin lanean. Horri esker, Addameer elkarteak parte hartu ahal izan du Palestinako Lurralde Okupatuetan gauzatu diren proiektu batzuetan. Gainera, Palestinako lurralde okupatuetan dauden euskal erakundeek ziurtatu eta aitortzen dute erakunde horrek egindako lana oso garrantzitsua dela.
Aurrekoak kontuan izanda, bi alderdiek hitzarmen hau sinatu dute, betiere ondoren adierazten diren klausulei jarraikiz,
KLAUSULAK
Lehenengoa.– Hitzarmenaren xedea.
Hitzarmen honen xedea hitzarmen hau izenpetzen duten alderdien, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren eta Addameer elkartearen arteko harremanak arautzea da, preso politiko eta atxilotu palestinarren eskubideen babesa indartzea helburu duen proiektu bat finantzatzeko.
Bigarrena.– Hitzarmenaren emaitzak.
Hitzarmen honekin lortu nahi diren emaitzak honako hauek dira:
1. emaitza: nazioarteko estandarren araberako doako lege-laguntza espezializatuko zerbitzuak bermatu zaizkie preso eta atxilotu palestinarrei eta haien ahaideei.
2. emaitza: Addameer elkartearen tresnak indartu dira preso eta atxilotu palestinarren eskubideen urraketak nazioartean hedatzeko eta salatzeko.
3. emaitza: bermatu da Addameer elkarteak lanean jarraituko duela, bereziki Jerusalemen.
Hirugarrena.– Jarduerak egikaritzeko epea.
Jarduerak egikaritzeko epea 24 hilabete izango da, hitzarmena sinatzen denetik aurrera.
Laugarrena.– Izenpetzen duten alderdien aurrekontu-ekarpenak.
Aurreko klausuletan adierazitakoa egiteko aurreikusitako kostua berrehun eta berrogeita hiru mila, bederatziehun eta hirurogeita hemezortzi euro eta hogeita sei zentimo da (243.978,26), eta kopuru hori xehatuta ageri da erantsitako aurrekontu-taulan.
Addameer elkarteak bere gain hartuko du aurreko klausuletan ezarritako ekintza guztiak egikaritu eta kudeatzeko koordinazio teknikoa, baita erantsitako plangintzako ideia nagusian bildutakoak ere, guztira berrogeita hiru mila, bederatziehun eta laurogeita hamar euro eta bost zentimoko (43.990,05) ekarpena egingo du hirugarrenen ekarpenekin.
Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak ehun eta laurogeita hemeretzi mila, bederatziehun eta laurogeita zortzi euro eta hogeita bat zentimoko (199.988,21) ekarpena egingo du. Zenbateko hori honela ordainduko zaio Addameer elkarteari:
% 50, hau da, laurogeita hemeretzi mila, bederatziehun eta laurogeita hamar euro eta zero zentimo (99.990,00), hitzarmena sinatu ondoren.
Beste % 40 osagarri bat, hau da, laurogei mila euro eta zero zentimo (80.000), diru-laguntzaren % 40ko edo hortik gorako zenbatekoa justifikatu ondoren. Horretarako, dagokion txosten tekniko-finantzarioa bidali beharko da Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziara.
Gainerako % 10a, hau da, hemeretzi mila, bederatziehun eta laurogeita hemezortzi euro eta hogeita bat zentimo (19.998,21), diru-laguntzaren % 100a justifikatu ondoren. Horretarako, dagokion txosten tekniko-finantzarioa bidali beharko da Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziara sei hilabetetik gorakoa ez den epean, hitzarmena amaitzen den egunetik aurrera zenbatzen hasita.
Hitzarmen honetan aurreikusitako diru-laguntza bateragarria da beste edozein erakunde publikok nahiz pribatuk helburu berarekin emandakoekin, betiere horren ondorioz gain-finantzaketarik sortzen ez bada. Gain-finantzaketarik izanez gero, diru-laguntza gehieneko mugaraino murriztuko da.
Erantsitako aurrekontu bananduan ezarritakoak izango dira diruz lagundutako partidak.
Bosgarrena.– Hitzarmenaren banku-kontu espezifikoa.
Addameer elkarteak PS02PALS 047106015350333000001 banku-kontua erabiliko du kontu espezifiko gisa «eurotan», hitzarmen hau betez Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak helaraziko dion dirua kudeatzeko. Ordainketa bakoitzean Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak transferitutako diru-kopurua berariazko kontu horretara transferituko da berehala, eta ezin izango da aurrez inolako funts-mugimendurik egin.
Seigarrena.– Jarraipen Batzorde Mistoa.
1.– Jarraipen-batzorde misto bat eratuko da, hitzarmen honetan aurreikusitako jardueren jarraipena, gauzatzea eta koordinazioa bermatzeko; batzordea osatuko dutenak honako hauek dira:
Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren bi ordezkari, agentziaren zuzendariak izendatuak; haietako bat Batzordeko presidentea izango da, eta bestea, idazkaria.
Addameer elkarteko bi ordezkari, organo eskudunak izendatuak.
2.– Batzorde hori gutxienez behin bilduko da ohiko moduan lehenengo egikaritzapen-urtearen bukaeran edota 1. txosten tekniko-finantzarioa aurkeztu ondoren, eta beste behin, proiektua amaitzean, azken txostena aurkeztu ondoren.
3.– Salbuespenez, Jarraipen Batzorde Mistoko kideak bilduko dira alderdietako batek egokitzat ikusten badu eta horretarako eskaera egiten badu.
4.– Jarraipen Batzordearen erregimen juridikoak Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean kide anitzeko organoei buruz jasotako arauei jarraituko die.
Zazpigarrena.– Hitzarmena suntsiarazteko kausak.
Iraunaldia bete duelako azkenduko da hitzarmen hau, eta, horrez gain, honako arrazoi hauengatik ere bai:
a) Hitzarmenaren sinatzaileak ados jarri direlako.
b) Jarduerak egitea edo jardunekin jarraitzea beharrezkoa ez izatea edo ezinezkoa izatea eragiten duten zirkunstantziak badaude.
c) Hitzarmen honetan ezarritako baldintzak ez betetzeagatik.
Hasitako jardunei dagokienez, aldez aurretik amaitzen badira, benetan egindakoak likidatuko dira, betiere egikaritutakoa erabilgarria bada.
Alderdiek beren gain hartutako betebeharrak betetzen ez badituzte bete ez duen alderdiari jakinaraziko zaio eta 15 egutegi-eguneko epea emango zaio ez-betetzea zuzentzeko.
Zortzigarrena.– Funtsezko aldaketak.
Addameer elkarteak baimena eskatu beharko du Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzian, proiektuan funtsezko aldaketak eta luzapenak dakartzan edozein aldaketa egin aurretik. Aldaketa horiek Jarraipen Batzorde Mistoaren esparruan aztertuko dira. Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziari dagokio proposatutako aldaketak onartzea.
Bederatzigarrena.– Indarraldia.
Hitzarmen hau sinatzen den egunean jarriko da indarrean, eta iraunaldia 24 hilabetez luzatuko da.
Bi alderdiek, ados daudela eta adierazitako guztia onartzen dutela erakusteko, dokumentu hau sinatu dute, bi aletan, idazpuruan adierazitako lekuan eta egunean.
Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendaria,
PAUL ORTEGA ETCHEVERRY.
Addameer Prisoner Support and Human Rights Association Elkartearen zuzendari nagusia,
SAHAR FRANCIS.