100. zk., 2016ko maiatzaren 27a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (230 KB - 7 orri.)
- EPUB (327 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
LEHENDAKARITZA
2268
EBAZPENA, 2016ko maiatzaren 18koa, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiarena. Honen bidez, euskal etxeei diru-laguntzak emateko 2016. urteko deialdia egiten da, atzerrian dauden euskal gizataldeetako partaideen asistentzia-premiak eta egoera larriak atenditzeko.
Irailaren 30eko 222/2003 Dekretuak (2003ko urriaren 10eko EHAA, 198. zk.) euskal etxeei eman beharreko diru-laguntzak arautzen ditu. Diru-laguntza horiek atzerrian dauden euskal gizataldeetako partaideen asistentzia premiak eta egoera larriak atenditzeko dira.
Aipatutako dekretuaren 7. artikuluan ezarrita dagoenarekin bat etorriz, bidezkoa da 2016ko ekitaldirako diru-laguntzen deialdia egitea.
Lehendakaritzako egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 187/2013 Dekretuaren 13.5 artikuluan ezarritakoari jarraikiz, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak egingo du bere eskumeneko arloko diru-laguntzen deialdia, eta horien ebazpena, aldiz, dagozkien zuzendari eskudunek emango dute.
Ondorioz, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Deialdia.
Euskal etxeei 202.000 euroko diru-laguntzak emateko deialdia egitea. Diru-laguntza horiek 2016ko ekitaldiari dagozkio eta atzerrian dauden euskal gizataldeetako partaideen asistentzia premiak eta egoera larriak atenditzeko dira. Eranskin bakarrean jaso dira horretarako onartu diren oinarriak.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENA
Ebazpen honetan eta irailaren 30eko 222/2003 Dekretuan aurreikusita ez dagoen guztian, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea aplikatuko da.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Ebazpen honek administrazio-bideari amaiera ematen dio; hala ere, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez daiteke organo berean hilabeteko epean; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean. Epeok ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira.
AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA
Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko maiatzaren 18a.
Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia,
MARÍA ÁNGELES ELORZA ZUBIRÍA.