89. zk., 2016ko maiatzaren 12a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (315 KB - 17 orri.)
- EPUB (211 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA
1997
AGINDUA, 2016ko maiatzaren 11koa, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuarena, zeinaren bidez 2016ko ekitaldirako diru-laguntza itzulgarriak arautzen baitira eta horietarako deialdia egiten baita oinarri teknologikoa duten edo berritzaileak diren enpresa txiki eta ertainak sortu eta garatzeko. Gauzatu Industria Programa.
Gauzatu Industria Programa tresna bat da 2014-2016 Industrializazio Planean definitutako jardute-politiketako bat aplikatzeko.
Azken bi hamarkadetan, euskal ekonomia errotik eraldatu eta modernizatu da. Gure ekonomiaren eta enpleguaren hazkunde-tasak Europar Batasuneko batez besteko tasak baino handiagoak izan dira, eta, egoera horri esker, administrazio publikoek fase berriak urratu ahal izan dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko lehiakortasuna garatzeko bidean. Gaur, beste fase bati ekiteko moduan daude, batez ere berrikuntzan oinarrituta.
Ekonomia globalizatu baten testuinguruan, berrikuntza fenomeno estrategiko bat da ekonomien lehiakortasunerako, eta oso eragiten du gizartean. Horregatik, egungo abagunean, berritu egin behar da ekonomia hazteko eta enplegua sortu eta mantentzeko.
Prozesu edo emaitza tekniko bat baino gehiago da berrikuntza. Gizarte-fenomenoa da, pertsonen eta gizarte osoaren sormena adierazten duena. Gizarte baten ahalmen berritzailea, enpresa batena bezalaxe, urratsez urrats eratzen da. Ahalmen berritzaile hori ez da inprobisatzen, eta, horrenbestez, nekez imitatu edo erreproduzitu daiteke.
Ekitea, arriskatzea eta aurrera egitea, berrikuntzaren osagai diren heinean, gizarte honen berezko berezitasunen ondorio dira, eta, ondorioz, abiapuntuko abantaila bat dakarte. Horrela, paradoxa bitxia gertatzen da globaltasunaren eta tokikotasunaren artean, baita epe luzearen eta epe laburraren artean ere. Berritzeko, ezinbestekoa da epe luzera lan egitea, baina epe laburrean erreakzionatzen jakin behar da unean uneko aukerak aprobetxatzeko. Beraz, oso lotuta dago aurrea hartzearekin.
Produktibitatea indize bat ere bada, herrialde bateko egitura sektorialarekin lotuta dagoena. Euskal Autonomia Erkidegoak aurrera egin behar du bere egitura apurka-apurka dibertsifikatzeko; horretarako, jakintza-oinarri erreala duten eta etorkizunean eskaria izango duten sektoreen alde egin behar du.
Enpresen jasangarritasuna eta hazkundea bermatzeko planteatzen diren estrategiek, bestalde, bide eman behar dute finantzazio lortzeko, enpresa-taldeak sortzeko, globalizaziora egokitzeko lanak errazteko eta beste enpresa eta erakunde batzuekin lankidetza-akordioak eta aliantzak lortzeko.
Ildo horretatik, ahaleginak egiten dira inbertsioak teknologian eta berrikuntzan oinarritu daitezen batez ere. Hori guztia egiten da, zeren uste da sektore tradizionalek gai izan behar dutela balio erantsi handiagoa duten zerbitzu eta produktuetara egokitzeko eta enpresa berritzaileak garatzeko enpresak jasangarriak izan daitezen eta hazi daitezen. Horrela jokatuaz, aipatutako parametroak indartu nahi dira, eta, gainera, oinarri teknologikoa edota berritzailea duten proiektuetara bideratu nahi da ahalegina, kontuan izanik badirela laguntza-programak batzuk ere, bestelako eduki edota filosofia bat duten proiektuetara bideratzen direnak.
EAEko ekonomiak hazi egin behar du enplegua sortzeko; kontu publikoak orekatu behar ditu, eta modu iraunkor batean garatu behar du ongizate-estatua. Gure enpresa-ehunari lagundu behar diogu egoera ekonomikoak eragindako oztopoak gainditzen, enpleguaren suntsipena geldiarazten eta enpresa bideragarriak sendotzen.
Jaurlaritzak, batez ere egungo egoeran, enpresei lagundu nahi die beren izaera eta enpresa-zikloetara egokitutako finantzazio- eta berregituratze-soluzioak lor ditzaten; izan ere, ez du nahi enpresa bideragarririk desagertzea edo enpresen lehiakortasuna murriztea halako mekanismoen faltagatik. Egungo atzeraldiaren testuinguruan, finantziazioa lehiakortasun-faktore erabakigarria da, aurreko urteetan ez bezala; izan ere, enpresen osasun ekonomikoa gorabehera, gure inguruko enpresek –batez ere enpresa txiki eta ertainek– arazo larriak dituzte beren jarduna finantzatzeko eta hazkunde- eta inbertsio-planak egiteko. Helburua da: enpresa bideragarriek finantzazioa lortzea bizirik irauteko eta sendotzeko.
Finantzazioa ez da faktore bakarra, baina baldintzatzen ditu enpresek, eta batez ere enpresa txiki eta ertainek, hazteko dituzten aukerak, baita lehiakortasuna hobetzeko jarduerak abian jartzeko dituzten aukerak ere.
Esparru horretan, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak ez ditu ohiko diru-laguntzak emango, hau da, itzuli beharrik ez duten ohiko diru-laguntzak emango; haien ordez, laguntza itzulgarriak lortzeko finantza-tresnak garatu eta aplikatuko ditu.
Ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamendua argitaratu da –aurrerantzean, Salbuespenen 651/2014 Erregelamendu Orokorra–; erregelamendu horren bidez (2014-06-26ko AO, L187) 107. eta 108. artikuluak aplikatuta, barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dira laguntza-kategoria batzuk. Hori dela eta, 2015eko ekitaldian, Gauzatu Industria Programako nondik norakoak garatu behar dira arauak lortu nahi dituen helburuak betetzen dituzten enpresek errazago lor ditzaten inbertsioak modu dinamikoak egiteko laguntzak, eta, laguntza horiek amaitu eta gero, onuradun horiek gutxieneko denboraldi batean mantendu ditzaten laguntzak emateko kontuan hartu zitzaizkien baldintza guztiak.
Gidalerro horiekin eta hauetan xedatutakoekin bat: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren antolarauei buruzko testu bateginaren IV. titulua, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako testu bategina, eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, 887/2006 Errege Dekretuak garatua; deialdi honen esparrua izango da Euskal Autonomia Erkidegoko 2016. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 9/2015 Legean xedatutakoa.
Ondorioz, hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Onartzea Gauzatu Industria Programaren deialdiko oinarri arautzaileak (eranskinean jaso bezala) eta 2016ko ekitaldiko laguntza itzulgarrietarako deialdia bera, oinarri teknologikoa duten edo berritzaileak diren enpresa txiki eta ertainak sortu eta garatzeko. Gauzatu Industria programa.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Agindu honen bidez arautzen diren laguntza itzulgarrien ondorioetarako, Salbuespenen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamendu Orokorra aplikatuko da; erregelamendu horren bidez, Tratatuko 107. eta 10 8 artikuluak aplikatuz (2014-06-26ko AO, L187) barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dira zenbait kategoria. Era berean, erregelamendu horretara joko da interpretazio-auziak ebazteko.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA.
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Agindu honek administrazio-bidea agortzen du, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuari, hilabeteko epean. Bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean. Kasu bietan, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira epeak.
Bilbao, 2016ko maiatzaren 11.
Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.
ERANSKINA
GAUZATU-INDUSTRIA PROGRAMA ARAUTZEKO OINARRIAK
1. artikulua.– Xedea.
Gauzatu-Industria Programaren xedea da laguntza itzulgarri batzuk arautzea eta euretarako deialdia egitea. Laguntza horiek, zehazki, oinarri teknologikoa duten eta/edo berritzaileak diren enpresa txiki eta ertainak sortu eta garatzeko dira.
2. artikulua.– Denbora-eremua.
2016ko ekitaldian izango da indarrean laguntza-programa hau.
3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
1. artikuluan azaldutako xedera bideratutako baliabide ekonomikoak (26.000.000,00 euro) sustapen-neurriei ekonomikoki eustera bideratutako kredituetatik hartuko dira, neurri horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen Legean jasota baitaude.
4. artikulua.– Erakunde onuradunak.
1.– Enpresa Txiki eta Ertainek (ETE) lortu ahal izango dituzte agindu honetan zehaztutako laguntzak, baldin eta oinarri teknologikotzat edota enpresa berritzailetzat jotzen badira ETE horiek, eta, gainera, erauzketetako, eraldaketarako, produkzioko enpresak badira edo zerbitzu teknikoak egiten badituzte (produktu-prozesuari lotuak).
Euskal Autonomia Erkidegoan kokaturiko enpresa-taldeetako enpresa nagusiek ere lortu ahal izango dituzte laguntza horiek, eskatzen badituzte, eta aurreko paragrafoko ezaugarriak guztiak badituzte; betiere, hurrengo idatzi-zatiko definizioarekin bat etorriz eta kontuan izanik haien egoera ekonomiko kontsolidatua.
2.– Honako baldintza hauek betetzen dituzten enpresak joko dira enpresa txiki eta ertaintzat (ETE):
– Guztira, 250 langiletik behera izatea.
– Urteko negozio-bolumena ez izatea 50 milioi eurotik gorakoa, edo, bestela, urteko balantze orokorra ez izatea 43 milioi eurotik gorakoa.
Enpresa beste enpresa batzuekin elkartuta edo haiekin lotuta badago, horrela sortutako enpresa-taldeak ere bete beharko ditu arestian adierazitako betebehar horiek.
3.– Enpresa txikien eta ertainen artean bereizi behar denean, irizpide hauek hartuko dira kontuan enpresa txikitzat jotzeko:
– Guztira, 50 langiletik behera izatea.
– Urteko negozio-bolumena edo urteko balantze orokorra ez izatea 10 milioi eurotik gorakoa.
Enpresa beste enpresa batzuekin elkartuta edo haiekin lotuta badago, horrela sortutako enpresa-taldeak ere bete beharko ditu arestian adierazitako betebehar horiek.
Arestian adierazitakoa bestela interpretatzeko, kontuan izango da zer ezartzen den Salbuespenen 651/2014 Erregelamendu Orokorreko I. eranskinean.
4.– Dena den, ETEek Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean kokatu behar dituzte diruz lagundu daitezkeen inbertsioak, hau da, laguntzagaiak.
5.– Arau honen bidez arautzen diren laguntzek Salbuespenen 651/2014 Erregelamendu Orokorra bete beharko dute, eta, haren osagarri modura, laguntza horizontalei eta laguntza sektorialei buruzko araudia; betiere errespetatzen bada kanpo uztea Salbuespenen Erregelamendu Orokorreko 1. artikuluan ezartzen diren laguntza-kategoriak.
6.– Agindu honetan aipatzen diren diru-laguntzak eskuratu ahal izateko, erakundeek ordainduta izan beharko dituzte ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak.
7.– ETEek, onuradun izan ahal izateko, 4/2005 Legearen 2.3 artikuluak ezartzen dizkien betebeharrak (4/2005 Legea, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa), Administrazioarekin kontratuak eta hitzarmenak egiten dituzten erakundeei eta harengandik laguntzak jasotzen dituztenei ezartzen zaizkienak, hala nola tratu berdinean oinarritutako printzipioaren mende jardun beharra, aukera-berdintasuna eta langileen aniztasunari eta diferentziei zor zaien errespetua.
8.– Enpresa eskatzaileek, laguntzen onuradun izateko, ez dute izan behar zigor- eta administrazio-arloko zehapenik, diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarrenik, ezta horretarako ezgaitzen duen legezko debekurik ere, sexu-diskriminazioarengatik gertatutakoak barne hartuta, betiere Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak azken xedapenetatik seigarrenean ezarritakoarekin bat etorriz.
5. artikulua.– Erakunde baztertuak.
1.– Ezin izango dira izan agindu honetan araututako diru-laguntzen onuradun: Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan zehazten diren egoeretako batean dauden pertsonak edo erakundeak.
2.– Ezin izango dute lortu onuradunaren kondizioa honako hauek: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuko 7. artikuluan xedatutakoaren arabera, Autonomia Erkidegoan osatzen duten erakundeak, Euskal Autonomia Erkidegoaren sektore publikoa, eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko teknologia-ikerketako erakundeak. Aipatu dekretu horren bitartez, onartu egiten da Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina.
3.– Era berean, laguntza hauetatik kanpo geratuko dira EBri zer edo zer zor izanik, jasotako laguntzak itzultzeko agindu bati –emateko dagoenari– loturik daudenak, Europar Batzordeak aldez aurretik erabaki duelako laguntza bat legez kanpokoa edo barne-merkatuarekin bateraezina dela.
6. artikulua.– Oinarri teknologikoa duten edo berritzaileak diren enpresak.
1.– Enpresak teknologia-oinarrikotzat eta/edo berritzailetzat jotzeko, honako irizpide bat edo batzuk hartuko dira kontuan:
– Goi-teknologiako industria-sektoreetan lan egitea.
– I+Gko inbertsio-maila handiak izatea.
– I+Gko proiektuak ustiatzea.
– Teknologia babestuaren eitekoa izatea proiektu horien jabetza industriala.
– Teknologia-parkeetan edo enpresa- eta berrikuntza-zentroetan egotea kokatua.
– Euskal Autonomia Erkidegoko eskaintza teknologikorako sarbidea izatea.
– Merkaturatu daitezkeen produktu edo prozesu berri bilakatzea jakintza teknologikoa.
– Ondoko enpresa- eta berrikuntza-zentro (EBZ) hauetakoren batek gidatuta eta/edo tutelaturiki direnak lanean:
• Arrasateko Eraberrikuntza Industrialdea, S.A. (Saiolan).
• Gipuzkoako Enpresa eta Berrikuntza Zentroa (Berrilan).
• Arabako Enpresa eta Berrikuntza Zentroa (CEIA).
• Ezkerraldeko Enpresa Garapenerako Zentroa (CEDEMI)
• Bizkaiko Enpresa eta Aurrerapen Zentroa / Centro de Empresas de Innovación de Bizkaia (BEAZ).
– Nazioartekotze-plana izatea, enpresaren produktuak kanpoko merkatuetan sartzeko estrategia eta ekintzak zehazten dituena, enpresari interesatzen zaizkion eremuak eta horien periodifikatzea adierazten dituena.
– Informazioaren gizartean sartu eta garatzeko estrategia eta ekimena edukitzea, eta enfasi berezia egitea informazio- eta komunikazio-teknologiak sartzen enpresaren jardueran eta negozio-ereduan.
– Berdintasun-plana izatea edo gizon eta emakumeen arteko berdintasunerako lankidetzan ari den erakunde baten ziurtagiriak izatea, baita jazarpen sexistaren kontrako protokoloak, lana eta familia uztartzeko neurriak izatea, eta abar.
Agindu honen ondorioetarako, halaber, oinarri teknologikoko enpresatzat eta/edo enpresa berritzailetzat jo ahal izango dira enpresa sortu berriak, Euskal Autonomia Erkidegoko Zientzia eta Teknologia Planeko programen babespean egindako ikerketa eta/edo garapen teknologikoko proiektuetan jatorria dutenak.
2.– Enpresa bat enpresa oinarri teknologikokoa edo berritzailea den ala ez kontsideratzeko, balorazio-batzorde sortzen da, zienaren osaera hauxe izango den: Industria Garatzeko zuzendaria, Alejandro López Cárcamo, presidente gisa jardungo duena; eta bokalak: Teknologia eta Estrategiako zuzendaria, Leire Bilbao Elguezabal; Industria Garatzeko Zuzendaritzako teknikari bat, Agustín Garcia Pérez; Sociedad para la Trasformación Competitiva / Eraldaketa lehiakorrerako Sozietatea, S.A.ko teknologia-arduraduna, Alberto Fernández Gonzalez; Sociedad para la Trasformación Competitiva / Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A.ko Enpresa Garapenerako zuzendaria, José Ignacio Tellechea Fernández, eta Sociedad para la Trasformación Competitiva / Eraldaketa lehiakorrerako Sozietatea, S.A.ko Ekintzailetzako eta Ekonomiaren Garapenerako arduraduna, Imanol Cuétara Camiruaga, idazkari gisa jardungo duena. Batzorde horretan, nahikoa izango da bertan presidentea eta idazkaria eta gutxienez gainontzeko bokaletako bat egotea, bilkurek balioa izan dezaten. Batzordearen funtzionamenduari buruz idatz-zati honetan aurreikusi ez den guztian, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean xedatutakoa aplikatuko da.
3.– Dena den, enpresa bat teknologia-oinarrikotzat eta/edo berritzailetzat hartzeko, ezinbestekoa izango da Sociedad para la Transformación Competitiva / Erakaldeta Lehiakorrerako Sozietatea, S.A.ko Enpresa Garapenerako Atalak egindako txostena; txosten horri, aipatu sozietateko Estrategia eta Teknologia eta Berrikuntza Unitateak egindako txostena erantsi ahal izango zaio.
7. artikulua.– Laguntza jaso dezakeen inbertsioa.
1.– Laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, laguntza jaso dezakeen inbertsiotzat joko dira enpresaren aktiborako lortzen diren aktibo finkoak, betekizun hauek konplitzen dituztenak:
a) Honako kategoria hauetakoren batean dauden aktiboak izatea, horretarako azaroaren 16ko 1514/2007 Errege Dekretuan jasotako Kontabilitate Plan Orokorreko –ondoko epigrafeetako– definizioaren arabera:
203.– Jabetza industriala eta patenteak.
206.– Aplikazio informatikoak.
210.– Lurrak eta ondasun naturalak.
211.– Eraikuntzak.
212.– Instalazio teknikoak.
213.– Makineria.
214.– Lanabesak.
215.– Bestelako instalazioak.
217.– Informazioa prozesatzeko ekipamenduak.
«Lurrak eta ondasun naturalak» eta «Eraikuntzak» epigrafeetako inbertsioaren kopurua, gehienez ere, laguntza jaso dezaketen gainerako aktibo guztiak bestekoa izango da. Gehienezko kopuru hori gaindituz gero, soberako inbertsioa ez da laguntza jaso dezakeen inbertsio gisa zenbatuko.
Edonola ere, aktiboek zuzeneko lotura izan behar dute enpresaren helburu soziala den jarduerarekiko.
Aktiboen preziotzat haien balio «netoa» hartuko da, hots, fakturatutako zenbatekoari Balio Erantsiaren gaineko Zerga kenduta ateratzen den balioa.
b) Lehenengo aldiz erabili edo abian jartzea. Erabilitako eraikin edo bestelako eraikuntzak eskuratzen badira, berriak balira bezala jokatuko da haiekin. Establezimendu bateko aktiboak lortzeko ere eman ahal izango da laguntza, baldin eta establezimendu hori itxita badago edo itxita egon bada, eta, eskuratuak izan ez badira, zerikusia ez duten hirugarren pertsonei erosiko zaizkiek aktiboak, merkatuko baldintzetan.
c) Gutxienez, hiru urteko amortizazio-aldia ezarrita izatea, eta hiru urte irautea, gutxienez, enpresaren aktiboan.
d) Aktiboak, oro har, ez egotea hirugarren pertsonei lagata, ez kontraprestazioaz, ez kontraprestaziorik gabe.
e) Oro har, enpresa eskatzaileak berak edo enpresa elkartuek zein lotuek egindakoak ez izatea, betiere Batzordearen Salbuespenei buruzko 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamendu Orokorreko I. eranskinaren arabera, zeina mikroenpresak, enpresa txikiak eta ertainak definitzeari buruzkoa baita (edonola ere, haien balioa ez da sekula izango hartzen dituzten kanpo-kontsumoena baino handiagoa).
f) Bazkideren batek kapitalari gauzatan egindako ekarpenek ezin izango dute laguntzarik jaso.
g) Finantza-errentamendu bidez finantzatutako inbertsioak lagundu ahal izango dira, baldin eta kontratuan berariaz sartzen bada ezen, laguntzaren onuradunak aktiboa eskuratu behar duela errentamendu-kontratua amaitzean, edo, orobat, alderdiek agiri bat sinatzen badute agiri bat non adierazten baita onuradunak erosteko aukera gauzatuko duela.
h) Ordezkapen-inbertsioei ez zaie inongo laguntzarik emango.
i) Enpresa onuradunaren establezimenduan soilik ustiatu behar dira laguntza jaso dezaketen aktibo ez-materialak; aktiboaren elementu amortizagarritzat joko dira; hirugarren pertsona bati erosi beharko zaizkio merkatuko baldintzetan, eta gutxienez hiru urte eman behar dute enpresaren aktiboan.
2.– Enpresa elkartu edo lotuei erositako aktiboetatik datozen inbertsioen berri eman beharko zaio beren-beregi Industria Sailari, Batzordeak 2014ko ekainaren 17an Salbuespenei buruz emandako 651/2014 Erregelamendu Orokorreko I. eranskinaren arabera (mikroenpresen eta enpresa txiki eta ertainen definizioei buruzkoa), eta, bestalde, kanpo-auditoritzetan oinarrituta baloratuko dira.
3.– Enpresa-taldeei dagokienez, honako inbertsioei bakarrik lagunduko zaie: bakarrik lagunduko zaie enpresa-taldean egindakoei, baldin eta % 100ekoa bada taldeko enpresa guztien arteko akzio-partaidetza, eta haien prozesuak erauzketetakoak, eraldaketarakoak edo produkziokoak badira edo zerbitzu teknikoak egiten badituzte era horretako enpresentzat (produktu-prozesuari lotuak).
4.– Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan xedatutakoaren menpe egongo dira diruz lagun daitezkeen inbertsioetako gatuak. Haiek azpikontratatzen badira, aipatu legeko 29. artikuluarekin bat etorriz erarenduko dira.
5.– Laguntzen eragin pizgarria bermatzeko, ETEek bakarrik baliatu ditzakete haiek, baldin eta laguntza-eskaera aurkezten den egunaz geroztiko baten hasten badute inbertsioa.
8. artikulua.– Kontuan hartu beharreko enplegua.
1.– Enplegua sortzeko hartutako konpromisoa eta, kasua bada, hasierako plantillari eustea, termino netoetan neurtuko dira. Hartarako, lehendik diren enpresei dagokienez, hasierako plantillari eustearen gaineko segimendua egiteko eta, kasua bada, enplegua sortzearen gainekoa, enplegu-erreferentzia honelaxe kalkulatuko da: abiapuntutzat harturik deialdia argitaratu aurreko azken hamabi hilabeteen bataz besteko aritmetikoa.
Aurreko paragrafoan ezarritakoari kalterik eragin gabe, kontuan izango da zer bilakaera izan duen batez besteko plantillak, laguntza-eskabidea aurkeztu aurreko 36 hilabeteetan. Hori dela-eta, enpresa eskatzaileak behar bezala justifikatu beharko ditu alderdi horiek, eta, aurkeztutako agiriak aztertuta, enplegu-galera adierazgarriak izan direla egiaztatzen bada, ez da abiapuntutzat hartuko deialdia argitaratu aurreko azken hamabi hilabeteetako batez besteko aritmetikoa, eta bai, ordea, eskabidea aurkeztu aurreko 36 hilabete horietatik ondorioztatzen den bataz bestekoa. Emakida-ebazpenean ezarritako denbora-horizontea amaitzean eta/edo inbertsioei buruzko deklarazioa aurkezteaz gain, justifikatu egin beharko da hasiera plantillari eutsi izana eta/edo sortutako enplegua.
2.– Talde industrialetako enpresen kasuan, enpleguaren gaineko justifikazioak eta jarraipenak bakarrik eragingo die, baldin eta % 100ekoa bada taldeko enpresa guztien arteko akzio-partaidetza, eta, gainera, enpresa-taldean industriako, erauzketetako, eraldaketarako, produkzioko enpresak badira edo zerbitzu teknikoetako prozesuak egiten badituzte era horretako enpresentzat (denak ere produktu-prozesuari lotuak).
3.– Enplegua sortzeko hartutako konpromisoa eta, kasua bada, hasierako plantillari eustea justifikatu egin beharko dira, hain justu ere emakida-ebazpenean ezarritako denbora-horizontea amaitzean. Luzapenik ematen bada, itzulketen 2. urteko abenduaren 31ra arte iraun dezakete, gehienez ere, finkatutako denbora-horizontean amaitu aurretik onuradunak hala eskatuta, edo Sociedad para la Trasformación Competitiva / Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A.k proposaturik.
4.– Hasierako plantillari zein sortutako enpleguari eutsi egin behako zaie onuradun enpresan, gutxienez hiru urtez; emakida-ebazpenean jasotako denbora-horizontea (luzapenak barne direla) amaitzen denetik hara.
9. artikulua.– Laguntzen modalitatea.
Egin beharreko inbertsioekiko proportzional diren laguntza itzulgarrien forma hartuko dute laguntzek, zeintzuek, 18. artikuluan ezarritakoaren arabera, itzulgarriak izango diren, eta oinarri teknologikoko enpresatzat eta/edo enpresa berritzailetzat izango diren, baldin eta 4. eta 6. artikuluan zehaztu betekizunak konplitzen badituzte, eta, betiere, onarturik badute 120.000 euroko gutxieneko inbertsioa eta, era berean, enplegua mantentzen eta/edo sortzen bada, 24 hilabeteko epe maximoan.
10. artikulua.– Aurrerakin itzulgarrien ezaugarriak.
Lagun daitekeen inbertsioaren % 35erainokoak izan daitezke emango diren laguntza itzulgarriak, 11. artikuluan xedatutakoaren arabera. Gehienez ere, 150.000,00 euroko laguntza emango da sortutako enplegu bakoitzeko, eta inoiz ere ez da izango 1.500.000,00 eurotik gorakoa. Inbertsioaren xedeetako bat, bestek beste, enplegua mantentzea bada, emango den aurrerakin itzulgarria 100.000,00 eurokoa izango da, gehienez ere.
11. artikulua.– Laguntzen zenbatekoak.
Euskal Autonomia Erkidegoko udalerrietan inbertsioak egiten dituzten ETEek honako laguntza hauek jaso ditzakete:
a) Oinarri teknologikotzat jotzen diren enpresa txikientzat: laguntza jaso dezakeen inbertsioaren % 35eko laguntza itzulgarriak.
b) Oinarri teknologikotzat jotzen diren enpresa ertainentzat: laguntza jaso dezakeen inbertsioaren % 30eko laguntza itzulgarriak.
c) Enpresa berritzaile txikientzat (berritzaileak baino ez): laguntza jaso dezakeen inbertsioaren % 30eko laguntza itzulgarriak.
d) Enpresa ertain berritzaileentzat (berritzaileak baino ez): laguntza jaso dezakeen inbertsioaren % 25eko laguntza itzulgarriak.
12. artikulua.– Laguntzak metatzea eta laguntzen mugak.
Programa honetan jasotzen diren laguntzak bateragarriak izango dira xede bererako beste administrazio publiko edo erakunde pribatu batzuek ematen dituztenekin, baldin eta laguntza guztiak batera ez badute gainditzen Batzordearen Salbuespenei buruzko 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamendu Orokorreko 8. artikuluan ezarritako muga (EBAOren 187. zk., 2014ko ekainaren 26koa). Laguntza horien berri eman beharko zaio Industria Garatzeko Zuzendaritzari.
Aipatu muga gaindituz gero, agindu hau dela bide emandako laguntzari muga horretatik gorako kopurua kenduko zaio.
13. artikulua.– Eskaerak eta haiek aurkezteko epea.
1.– Agindu honetan ezarritakoarekin bat etorriz, aurreikusitako laguntzak jasotzeko baldintzak betetzen dituzten enpresek eskabidea eta dokumentazio osagarriak aurkeztu beharko dituzte, Sociedad para la Trasformación Competitiva / Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A.ri zuzenduta, zuzenean, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean aurreikusitako eraren baten; eta agindu hau argitaratu eta hurrengo eguneko 09:00etatik 2016ko ekainaren 23ko 15:00etara bitartean aurkeztu ahal izango dira. Diru-laguntza ordaindu arte mantendu beharko dira onuradun izateko bete beharreko baldintzak.
Nolanahi ere, behar den dokumentazio eta/edo informazio osagarri guztia eskatu ahal izango zaio enpresa eskatzaileari, hau da, aurkeztutako eskaera behar bezala ulertu, ebaluatu eta izapidetzeko dena; arau honetan beren-beregi aurreikusten ez den guztiari dagokionez, berriz, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean xedatutakoa aplikatuko da.
2.– Eskabidearen, erantzukizunpeko adierazpenaren eta justifikazioaren eredu normalizatuak Interneteko helbide honetan bete edo/eta deskargatu ahal izango dira: www.euskadi.eus, diru-laguntzetarako deialdia eginda gero betiere.
3.– Eskariak eta gainerako dokumentuak aipatu epearen barruan barruan aurkeztu beharko dira, eta erakunde eskatzailea ordezkatzeko ahalmen legala duen pertsonak sinatuko ditu.
4.– Enpresek eskubidea dute –sailarekiko hartu-emanetan– EAEko hizkuntza ofizialetako edozein erabiltzeko, bai ahoz eta bai idatzi ere, eta, jakina, aukeratutako hizkuntzan atendituak izatekoa.
5.– Diru-laguntza jasotzeko eskabide bat aurkezten bada, ekintza horren bidez eskatzaileak baimena emango dio organo emaileari zuzenean eskura ditzan zerga-betebeharren eta gizarte-segurantzarekiko betebeharren gaineko egiaztapenak, beharrezko den aldiro. Hala ere, eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori, eta halakorik egiten badu, betebehar horiek betetzen dituela egiaztatzen duten agiriak berak aurkeztu beharko ditu.
14. artikulua.– Aurkeztu beharreko dokumentazioa.
1.– Enpresak eskabidea bete beharko du, eta, han, enpresari buruzko informazio orokorra azaldu beharko du, baita honako informazio hau ere:
a) Egin beharreko inbertsioei buruzko memoria zehatza, industria-plana, plan ekonomiko-finantzarioa eta laborala eta haiek gauzatzeko epeak biltzen dituena. Era berean, enpresa oinarri teknologikokoa edo berritzailea dela frogatzen duten agiriak erantsi beharko dira.
b) Eratze-eskritura (enpresa eratu berria denean bakarrik) eta identifikazio-fiskaleko txartelaren fotokopia eta pertsona eskatzailearen ahalordearen fotokopia, salbu eta agiri horiek Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren esku badaude eta enpresan aldaketarik izan ez bada.
c) Urteko kontuen eta dokumentazio osagarriaren kopiak, Merkataritza Erregistroan azken bi ekitaldietan aurkeztuak; halakorik aurkeztu ezean, sozietateen gaineko zergaren azken aitorpen biak edo –hala badagokio– pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren azken bi aitorpenak.
d) Azken hiru ekitaldi ekonomiko naturalei dagokienez, enpresako plantillaren eboluzioari buruzko memoria –urteka zehaztua eta sexua, kategoria eta kontratu-motaren arabera banandua–, eta deialdi hau argitaratu aurreko 12 hilabeteetako TC1ak eta TC2ak, edo Gizarte Segurantzak emandako egiaztagiriak, zentzuetan jasotzen baitira aipatu aldietako bataz bestekoak.
e) Eskatzailea enpresa txiki edo ertaina dela, eta urteko datu hauek: enpresako eta –hala gertatuz gero– berarekin elkartu edo lotutako gainerako enpresetako enplegua, negozio-bolumena eta balantze orokorra. Enpresa-taldearen datu orokorrak ere aurkeztu behar dira, laguntza eskatu aurreko bi ekitaldietakoak.
f) Honako alderdi hauek egiazkoak direla dioen zinpeko aitorpena (ikuskatze-fasean egiaztatu ahal izango dira):
– Enpresa ez dela ari armak egiten, merkaturatzen eta finantzatzen; betiere Herrialde Txirotuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutunari buruzko abenduaren 28ko 14/2007 Legean ezarritakoarekin bat etorriz.
– Inbertsio berberentzako, beste erakunde publiko edo pribatu batzuei eskatutako laguntzak eta/edo erakunde horietatik jasoak.
– Laguntza eskatzen duen enpresak ez duela zehapen administratiborik edo penalik jaso, eta ez duela legezko debekurik horretarako ezgaitzen duenik, Gizonen eta Emakumeen Berdintasunerako azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 50. artikuluaren arabera sexua diskriminatzearren izan ditzakeenak barne. Ez dagoela zigortuta zigor- eta administrazio-arloan diru-laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin, ezta hartarako ezgaitzen duen legezko debekuaren eraginpean ere ez, sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuak barne –Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen Azken Xedapenetatik seigarrenean xedatutakoaren arabera–, eta, gainera, bete egiten duela Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasun eragingarriari buruzko martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren 45.2 artikuluan ezarritakoa. Era berean, ez dagoela sartuta inongo itzultze- edo zehatze-prozeduratan.
2.– Laguntza eskatzen duen enpresak gezurrezko daturen bat jartzen badu aipatu zinpeko aitorpenean, zehapen administratiboak eta penalak ezarri ahal izango zaizkio, indarrean dagoen zehapen-araubideari jarraituz.
3.– Nolanahi ere, Sociedad para la Trasformación Competitiva / SPRI Erakaldeta Lehiakorrerako Sozietateak beharrezkotzat jotzen badu, beste edozein agiri edo informazio eskatu ahal izango dio laguntza eskatzen duen enpresari, aurkeztutako inbertsioak behar bezala ulertu eta ebaluatu ahal izateko; eta arau honetan aurreikusten ez denaren arloan, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean xedatutako aplikatu beharko da.
15. artikulua.– Eskabideak aztertzea.
1.– Eskabidean, akatsak badira, behar bezala beteta ez bada edo aurreko artikuluan zehaztu dokumentazioa aurkezten ez bada, Trasformación Competitiva / Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A.k (SPRI) enpresa interesdunari eskatuko dio hutsak konpontzeko edo nahitaezko dokumentuak aurkezteko 10 eguneko epean, eta adieraziko dio ezen, hori egin ezean, ulertuko dela atzera egin duela eskabidean, eta, horretarako, aldez aurretik, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko Saileko Industriako sailburuordeak ebazpena emango du, betiere Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeak xedatzen duenarekin bat etorriz.
2.– Sociedad para la Transformación Competitiva / Erakaldeta Lehiakorrerako Sozietatea, S.A.ri dagokio aurkeztutako eskabideak aztertu eta ebaluatzea, Lankidetza-erakundeei buruzko 19. artikuluak esleitzen dizkion funtzioen markoan betiere. Aipatu sozietateko Enpresa Garapenerako Atalak txosten bat eman beharko du, zeinetan honako hauek aztertuko diren: egin beharreko inbertsoak eta enplegua, negozio-egitasmoa eta, egoki bada, oinarri teknologikokoa edo berritzailekoa den ala ez kontsideratzea. Era berean, Estrategia eta Teknologia Unitate Estrategikoak txosten bat eman ahal izango du, inbertsioak oinarri teknologikokoak eta/edo berritzailekoak diren hobekiago aztertzekotan.
Sociedad para la Trasformación Competitiva / Industriaren Sustapen eta Birmoldaketarako Sozietatea S.A.k (SPRI) egoera-txosten zehatza igorriko dio Batzordeari, enpresa oinarri teknologikokoa eta/edo berritzailekoa den ala ez erabaki dezan.
Batzordeak hartutako erabakian oinarrituta, Sociedad para la Trasformación Competitiva / Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A.k, laguntzak emateko proposamena idatziko du, eta Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko Industriako sailburuordeari zuzenduko dio.
16. artikulua.– Laguntzak emateari buruzko ebazpena.
1.– Prozedura bakarraz izapidetuko dira aurkeztutako eskabideak; eta prozedura horretan, Industriako sailburuordeak ebatziko ditu erakunde eskatzaileek planteatu kuestioak, Trasformación Competitiva / Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A.k proposatuta, eta, bestalde, ebazpen bat emango du, zeinetan, geratu diren ordenarekin bat etorriz, laguntzak esleituko baitira, eta, orobat, oinarri teknologikotzat edo berritzailekotzat jotzen ez direnei ukatu egin zaizkien laguntzak.
2.– Egiten den ebazpenean, eskatutako laguntzak eman edo, hala badagokio, ukatu diren zehaztuko da, eta eman den kasuetan, zehaztuko dira laguntza jaso duen enpresaren izena, onartutako ekintza-plana, laguntza jaso dezakeen inbertsioa eta emandako diru-laguntzaren zenbatekoa. Eskabide ukatuen kasuan, ukatzeko arrazoiak adierazi beharko dira.
3.– Aurreko paragrafoak aipatzen duen ebazpenak ez dio amaiera ematen bide administratiboari, eta gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio, hilabeteko epean, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuari, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean xedatutakoarekin bat etorriz.
4.– Ebazpena enpresa interesdun bakoitzari jakinarazteaz gain, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian urtero emango da argitara esleipendunen eta emandako laguntzen zenbatekoen zerrenda, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko 49.2 artikuluan xedatutakoari jarraikiz.
5.– Enpresa onuradunei agindu honetan araututako laguntzak emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, beharrezkoa izango da: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasi eta oraindik bideratzen ari den edozein itzultze-prozedura edo zigor-prozedura oro amaiturik izatea.
6.– Prozedura ebazteko eta ebatzitakoa erakunde interesdunei jakinarazteko gehieneko epea sei hilabete izango da, laguntza-deialdia argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Epe hori igarota ebazpenik ez bazaie jakinarazi interesdunei, diru-laguntzaren eskaera ukatu egin dela ulertu beharko dute interesdunek, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeko 44.1 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.
17. artikulua.– Laguntzak ordaintzeko ebazpena.
1.– Laguntzak jasotzeko, ondoko deklarazioa aurkeztu beharko dio enpresak Sociedad para la Transformación Competitiva / Erakaldeta Lehiakorrerako Sozietatea, S.A.ri: gauzatutako inbertsioei buruzkoa, akturen koadroa ere jasotzen duena; guztia ere, www.euskadi.eus zein www.spri.eus/gauzatu web-orrian emandako ereduaren arabera.
Deklaratutako inbertsioak, berriz, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren lurralde-ordezkaritzek ikuskatuko dituzte, eta/edo kanpo-auditorien bitartez egiaztatuko dira. Enpresa onuradunak ikuskatze-zerbitzuaren eskueran jarriko du: 13. artikuluko zinpeko adierazpenean aipatzen den dokumentazio guztia, behin betiko fakturak, behin betiko fakturak –goian adierazitako faktura-koadroan zehaztutakoekin bat etorri beharko dute– eta Ekonomia Jardueren gaineko Zergan alata hartu izanaren agiria.
Horrez gain, beharrezkotzat jotzen duen dokumentazio eta informazio osagarria ere eskatu ahal izango du.
Alderdi horiek guztiak egiaztatu ondoren, aurrerakin itzulgarria ordaintzeko proposamena igorriko dio Trasformación Competitiva / Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A.k (SPRI) Industria Sailburuordetzari.
2.– Socade, S.A. Garapenerako Euskadiko Kapital Sozietateak laguntza itzulgarriak ordaindu aurretik, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko Industria Garatzeko zuzendariak ebazpen bat emango du, zeinaren bidez adieraziko baita zein den enpresa onuradunari ordaindu beharreko zenbatekoa, guztizkoa edo partziala. Laguntza itzulgarriak bi aldiz –gehienez ere– ordainduko dira urtean eta justifikatuarekiko proportzioan. Diru-laguntzaren ordainketak ezin egin ahal izango dira, baldin eta onuradunak ez baditu ordainduak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, eta, orobat, ebazpen bat tarteko dela zorrean badu itzulketarik.
3.– Inbertsioak egiteko epea amaituta, hiru hilabete izango ditu enpresak inbertsioei buruzko azken deklarazioa aurkezteko. Epe hori igarota, inbertsioak ebaluatuko dira; horretarako, oinarritzat hartuko dira egun horretara arte aurkeztutako inbertsio-deklarazioak eta egindako edo egiteko diren ikuskatze-lanak, etaSociedad para la Trasformación Competitiva / Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A.k (SPRI) aurrerakin itzulgarriei buruzko azken likidazio-txostena emango du, justifikatutako inbertsioen partidari buruzkoa.
4.– Goian aipatu ebazpena, bestalde, enpresa onuradunari eta Socade, S.A. Garapenerako Euskadiko Kapital Sozietateari igorriko zaie; azken horrek, ebazpenean adierazitako zenbatekoa besteko aurrerakin itzulgarria ordain dezan.
5.– Enpresa batek laguntza ez-legitimo bat badu, zeinaren gainean Europako Batzordea kontrako erabakia hartu baitu hura itzultzeko aginduarekin, eta laguntza hori itzulita ez badago, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak ez du ordainduko programa honen markoan emandako laguntza, eta itzulketari eta ez-betetzeari buruzko espedientea irekiko du.
18. artikulua.– Aurrerakin itzulgarriak itzultzea.
1.– Laguntza-itzulketak izaera finkoa izango dute, eta aldian-aldian gauzatuko dira Socade, S.A. Garapenerako Euskadiko Kapital Sozietatearen kontu batean, bost urtez.
2.– Honela itzuliko da urte bakoitzean itzuli beharreko zenbatekoa: emate-ebazpenean inbertsioak egiteko ezarritako epea amaitu eta gero, enpresek urtebete osoa izango dute itzulketak egiten hasi aurretik. Hau da, inbertsioak amaitu eta 2. urtean gauzatuko da lehenengo itzulketa, eta gainerakoak, berriz, elkarren segidan egingo dira, bosgarren urtera arte.
3.– Laguntzak modu finkoan itzuliko dira: urtean bosten bat. Urtean, bi itzulketa egingo dira. Otsailean, % 50 itzuliko da, eta gainerako % 50, berriz, uztailean.
4.– Urteko itzulketak egin ondoren, urteko likidazio-txostena idatziko du Administrazioak, eta, txosten horretan azalduko du zer diferentzia egon den Administrazioaren alde edo aurka –halakorik egonez gero– eta zer interes aplikatu den (interesik aplikatu behar bada). Diferentzia horiek, berriz, hurrengo autolikidazioan konpentsatuko dira, behin betiko likidazio-txostenean ezarritako eran. Diferentziak Administrazioaren aurkakoak izanez gero, tokatzen diren interesak aplikatu beharko dira, enpresa onuradunak oker egindako autolikidazioa egin zuenetik aurrera. Azken autolikidazioan aurkitzen badira diferentziak, enpresa onuradunak autolikidazio hori zuzendu eta erregularizatu beharko du hiru hileko epean, eta tokatzen den kopurua itzuli beharko du, eta, orobat, autolikazioa egin zenetik harako ledezko interesak; guztia ere, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan xedatutakoaren arabera (698/1991 Dekretua: Euskal Autonomi Elkartearen Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen eta horien kudeaketan parte hartzen duten Izaiki Laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena).
19. artikulua.– Erakunde laguntzaileak.
1.– Arau honetan jasotako araubideari jarraituz onartzen diren laguntzen ondorioetarako, erakunde laguntzaile izendatzen dira: Sociedad para la Trasformación Competitiva / Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A. (SPRI); Socade, S.A. Garapenerako Euskadiko Kapital Sozietatea; betiere, Euskal Autonomi Elkartearen Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan ezarritakoari jarraikiz, eta arau honetan jasotako zehaztasunekin; horretarako, lankidetza-hitzarmen egokia izenpetu beharko da.
Socade, S.A. Garapenerako Euskadiko Kapital Sozietateak, halaber, sustapen-neurrien barruan, Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen Legean aurreikusitako laguntzak kudeatuko ditu, sozietate horrekin sinatutako lankidetza-hitzarmenean finkatzen den moduan.
2.– Sociedad para la Transformación Competitiva / Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A.k (SPRI), erakunde laguntzailea den aldetik, honako eginkizun hauek izango ditu:
a) Eskabideak eta –behar izanez gero– laguntzak zuzentzeko eskaerak jasotzea (jaso beharko du zer egunetan eta zer ordutan aurkeztu diren), eta dokumentazioa aztertzea.
b) Dokumentazioa aztertzea eta inbertsioak sailkatzea.
c) Bideragarritasun-egitasmoa eta inbertsioak aztertu eta ebaluatzea.
d) Enpleguari eta inbertsioei buruzko txostena, eta hori ebaluazio-batzordeari igortzea.
e) Laguntzak emateko proposamena.
f) Ordainketa-proposamenak eta ikuskatze-errekerimenduak.
g) Itzulketa-autolikidazioak ebaluatzea.
3.– Socade, S.A. Garapenerako Euskadiko Kapital Sozietateak, erakunde laguntzailea den aldetik, honako funtzio hauek izango ditu:
a) Onuradunei ordaintzeko agindua ematea.
b) Itzuli beharreko zenbatekoak eta –kasua bada– haien interesak jasotzea, eta haiek Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusia itzultzea.
c) Programako funtsen finantza-kontrola.
d) Kontuko mugimenduen (sarrerak eta gastuak) kontabilitatea espezifikoa eramatea.
e) Kontabilitateari etajazotzen diren intzidentziei dagokienez, aldizkako komunikazioak helaraztea Sociedad para la Transformación Competitiva / Erakaldeta Lehiakorrerako Sozietatea, S.A.ri.
20. artikulua.– Ez-betetzeak.
1.– Enpresa onuradunak betetzen ez baditu agindu honetan eta aplikatu behar diren gainerako arauetan eta laguntzak emateko ebazpenean ezarritako baldintza eta beharkizunak, organo eskudunak ebazpen administratibo bidez deklaratuko du hark galdu egin duela laguntza jasotzeko eskubidea, eta –hala badagokio– jasotako laguntzen printzipala itzuli behar diola Socade, S.A. Garapenerako Euskadiko Kapital Sozietateari, eta haren interesak, berriz, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari. Horretarako, ebazpen hori eman aurretik, organo eskudunak ez-betetzeari buruzko espedientea egin beharko du, eta interesatuari entzunaldia eman. Aipatutako diru-kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira, lege-ondorio guztietarako.
2.– Ez-betetzeen artean honako hauek daude:
a) Ez gauzatzea agindu honetako 8. eta 9. artikuluetan ezarritako minimoak; enpleguari eta inbertsioei buruzkoak dira artikulua horiek.
b) Ekitaldi bakoitzean sortutako itzulketak ez gauzatzea.
c) Inbertsioak beste eraren baten desbideratzea, edo ez konplitzea laguntzak emateko ebazpenean ezartzen den beste edozein betebehar.
3.– Jasotako zenbatekoak ere itzuli beharko dira, eta berandutza-interesak exijituko dira, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean zehaztu kasuetan.
4.– Industriako sailburuordeari dagokio ez-betetzeari buruzko espedientea hasi eta ebaztea. Inbertsioak amaitu baino lehenagoko gorabeherak direla-eta, Trasformación Competitiva / SPRI Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak proposatuta egin dezake hori, edo, itzulketei buruzko gorabeheren kasuan, Socade, S.A. Garapenerako Euskadiko Kapital Sozietateak proposatuta.
5.– Proiektua egiten ari den bitartean enpresak ETE izateari uzten badio, ez da ez-betetzeari buruzko espedientea hasiko, eta likidazio bat egingo da, ETE izateari utzi dion unera arteko inbertsioak baino ez dituena kontuan hartuko. Une horretatik aurrera proiektua amaitutzat emango da, eta, hala badagokio, jasotako kopuruak itzultzeko prozedurak aplikatuko dira, 18. artikuluan adierazitako eran.
6.– Hiru urtez eta hasierako plantillari eusteari eta enplegua sortzeari dagokienez, enpresa onuradunak ez badu betetzen bereganatutako betebeharra, horrek ez du sortuko ez-betetze espedientea irekitzerik, baina ekarriko du likidazio bat, zeinetan sartuko baita diru-laguntza netoa galtzea, zehazki, laguntzak emateko deialdikoaren baliokidea, betiere ordainduko parteari dagokionez. Kalkulu horretatik ateratzen den zenbatekoa itzuli egin beharko da, hain justu ere 18. artikuluan ezarritako itzulketa-epea amaitu eta hurrengo urtearen barruan. Hau da, seigarren urtearen barruan eta otsaileko azken eguna baino lehen.
Enplegua sortzeko hartutako konpromisoaren gaineko segimendua eta, egoki bada, hasierako plantillari eustea, bataz besteko aritmetikoen bitartez justifikatu ahal izango dira, oinarritzat hiru urteko epea harturik; betiere, kalkulu horretarako zenbatzen diren hilabete guztiak hasierako plantillatik behera ez badaude.
Sortutako postuei eusteko obligazioa beretu behar badu enpresa onuradunak, eta hori lortzen ez bada, baina bai hasierako plantillari eustea lortzen badu, aplikatu beharreko likidazioa izango da: diru-laguntza netoa galtzea, zehazki, laguntzak emateko deialdikoaren baliokidea; betiere, ordainduko parteari dagokionez, eta hasierako plantillari eustea lortzearren tokatzen zaizkion zenbatekoak kentzen direlarik.
7.– Erakunde onuraduna konkurtso-prozedura batean baldin badago, Administrazioak lehentasuna –kasuan kasu aplika daitezkeen xedapenek aitortzen diotena– izango du eman dituen aurrerakin itzuli beharrekoak berreskuratzeko.
21. artikulua.– Laguntzaren baldintzak aldatzea.
1.– Laguntza eman zuen ebazpena aldatu ahal izango da, baldin eta laguntzaren xedea betetzat jotzen bada, eta laguntzak ematerakoan kontuan hartu zen betekizunetakoren bat aldatzen bada, edota beste laguntza edo diru-laguntza bat lortzen bada beste edozein erakunde publiko nahiz pribatu batetik; betiere, diru-laguntzaren arauak onuradun izateko arauetan ezarritako betekizunak konplitzen badira. Halakoetan, Industriako sailburuordeak ebazpen bat emango du, onartutako laguntzen zenbatekoak eta/edo epeak berregokitzeko dena.
2.– Orobat, eta enpresak aurretik eskatu eta justifikatuz gero, laguntzak eman zituen administrazio-organoak luzatu egin ahal izango du egin beharreko jarduerak burutzeko epea, baldin eta enpresak alegatu dituen arrazoiek luzapen hori justifikatzen badute. Luzapenaren ondorioz, atzeratu egingo da laguntzen ordainketa. Itzulketak hasi aurretik gabealdiko urtearen abenduko 31ra arte iraun dezake aipatu luzapenak, ez luzaroago. Epe-luzatze horrek ez du ekarriko, baina, emandako aurrerakin itzulgarriaren zenbatekoa aldatzea, ezta laguntza emateko ebazpenean itzulketarako ezarri ziren baldintzak eta datak aldatzea ere.
22. artikulua.– Enpresa onuradunen betebeharrak.
Agindu honetan araututako diru-laguntzen onuradunek betebehar hauek izango dituzte:
1.– Emandako laguntza onartzea. Hala, bada, laguntza eman izanaren jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean enpresa onuradunek esanbidez eta idazki bidez laguntzari uko egiten ez badiote, laguntza onartutzat joko da.
2.– Laguntza hori zein helbururako eman zen, hartarakoxe erabiltzea.
3.– Hitzartutako inbertsioa eta enplegu-sorkuntza bete eta justifikatzea.
4.– Sortutako enpleguei eusteko eta inbertsioa exekutatzeko epearen barruan, organo kudeatzaileari igortzea eskatzen zaien informazio osagarri oro; hala, inbertsioak garatu eta exekutatzeari dagokienez, Administrazioak egoki irizten dien egiaztapenak egin ditzan.
5.– Inbertsioei lotutako behin betiko fakturak artxibatzea, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak haiek eskuratzeko moduan edukitzea, bost urtez.
6.– Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, agindu honen kargura jasotako diru-laguntzari dagokionez beren betekizunak betetzen ari direla, onuradunei eskatutako informazio guztia erakundeoi ematea.
7.– Helburu bererako edo antzeko helburu baterako diru-laguntzarik edo laguntzarik edo diru-sarrerarik edo baliabideak eskatuz gero beste administrazio bati edo erakunde publiko edo pribatu bati, edo halakorik lortuz gero erakunde horietatik, horren berri eman beharko zaio Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailari.
8.– Bere egiten beharko dituzte, halaber, Administrazioarekin kontratuak eta hitzarmenak egiten dituzten erakundeei eta harengandik laguntzak jasotzen dituztenei otsailaren 18ko 4/2005 Legeak ezartzen dizkien betebeharrak (4/2005 Legea, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa), hala nola tratu berdinean oinarritutako printzipioaren mende jardun beharra, aukera-berdintasuna eta langileen aniztasunari eta diferentziei zor zaien errespetua.
9.– Jasotako finantzaketaren izaera publikoaren publizitate egokia egitea.
10.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bategineko 50.2 artikuluan, Diru-laguntzari buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legeko 14. artikuluan eta horiek garatzeko arauetan aurreikusitakoaren arabera exijitu daitekeen beste edozein obligazio.