Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

89. zk., 2016ko maiatzaren 12a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA
1996

AGINDUA, 2016ko apirilaren 13koa, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuarena, 2016rako, minimis araubidearen barruan, EAEko esnetarako behi-azienden ustiategietarako eta untxi-hazkuntzako ustiategietarako laguntzetarako deialdia egiteko dena.

Europar Batasunean, esnegintzako sektorearen azken hiletako egoera ahula da. Egoera areago konplikatu da esne-kuotak kendu zirenetik aurrera; hori dela eta, esnetarako behi-azienden abeltzainek dituzten prezioak sistematikoki apaldu dira; horrez gain, industriek abeltzainei murrizketak ezarri dizkiete entregetan, eta ustiategietako esnea ez biltzeraino ere heldu dira.

Krisi hori eragin zuten motiboak hainbat dira: aipatutako esne-kuotak kentzea; Estatuan zein Erkidegoan esne gehiago ekoiztea; beto errusiarraren ondorioak; Erkidegoko herrialdeetatik Estatuko merkatura gazta inportatzea; dagoen demandarako, mundu mailan esnegintzako merkatuan esne-eskaintza gehiegizkoa izatea, etab. Esnetarako behi-azienden sektorean dagoen krisi orokor horrek badu eragina Euskal Autonomia Erkidegoan ere.

Halaber, untxi-hazkuntzako ustiategiek errentagarritasunean dute krisi latz bat aspaldidanik; desagertzeko arriskua eragin die horrek.

Agindu honen xedea da, beraz, horrelako ekoizpen-ustiategiak babestea eta egungo egoera gainditzeko egoki irizten diren laguntzak ematea.

Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzak nekazaritzako-sektoreari aplikatzeko 2013ko abenduaren 18ko Batzordearen 1408/2013 (EB) Erregelamenduan ezarritako minimis araubidearen babespean ematen dira laguntza hauek.

Dekretu hau egiteko, aholkua eskatu zaie Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundiei eta nekazaritza-arloko lanbideko eta sektoreko erakundeei. Hori dela eta, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

1.– Agindu honen xedea da: 2016rako laguntzen deialdia egitea, esnetarako behi-azienden sektorean eta untxi-hazkuntzako sektorean abeltzaintzako jarduerari eutsi dakion; horrela, ustiategi horiei laguntzeko eta azken aldi honetan ustiategiek dituzten zailtasunak leuntzeko.

2.– Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzak nekazaritzako-sektoreari aplikatzeko 2013ko abenduaren 18ko Batzordearen 1408/2013 (EB) Erregelamenduan ezarritako minimus araubidearen babespean emango dira laguntza hauek

2. artikulua.– Onuradunak.

1.– Laguntza hauen onuradun izan ahal izateko, eskabidea egiten duten pertsona fisikoek edo juridikoek honako betekizun orokor hauek bete beharko dituzte, eskabidea egiten dutenean:

a) Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde eremuan kokaturiko ustiategi baten titularra izatea.

b) Ustiategia inskribatuta egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritzako Ustiategien Erregistro Orokorrean eta Abeltzaintza Ustiategien Erregistroan, behar den sailkapenean.

c) Lanbidez nekazariak izatea, abenduaren 23ko 7/2008 Legearen 4. artikuluan emandako definizioaren arabera.

d) Abereen osasunari, higieneari, ongizateari eta trazabilitateari buruzko indarreko arauak betetzea, eta zigorrik jaso ez izana arlo horietan beraietan deialdi honen aurretiko azken hiru urteetan.

e) Egunean izatea foru-ogasunekiko zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

f) Minimis araubideko laguntzetan 15.000 euro jaso gabekoa izatea, kontzeptua edozein dela ere, deialdi honen aurretiko bi ekitaldi fiskaletan eta indarrean dagoen ekitaldi fiskalean.

g) Ez izatea diru-laguntza edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dion zehapen penalik zein administrazio-zehapenik, eta ez izatea horretarako legezko inolako debekurik, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorreko 13.2 artikuluan xedatutakoarekin bat; sexu-bereizkeriagatiko debekuak barnean direla, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean xedatutakoarekin bat.

2.– Laguntzak jaso ahal izateko, aurreko atalekoa ez ezik, honako baldintza hauetariko bat ere bete beharko dute eskatzaileek:

a) Esnetarako behi-azienden abeltzaintza-ustiategi baten titularra izatea, baldin eta ustiategiak esnetarako bi urtetik gorako 20 behi baditu 2016ko urtarrilaren 1ean, Q letraren informazio-sisteman inskribatuta badago, eta esne-entrega deklaratuak baditu deialdi honen aurreko sei hiletan (lehen erosle bati saltzen dioten ekoizleen kasuan) edo deialdiaren ekitaldiko urteko ekoizpenaren deklarazioa egin badute (salmenta zuzeneko ekoizleen kasuan), eta jardunean segitzen badu laguntzen deialdia argitaratzen den egunean.

b) Untxi-hazkuntzako ustiategiaren titularra izatea, baldin eta ustiategiak umetarako 100 untxi-ama edo gehiago baditu 2016ko urtarrilaren 1ean.

3. artikulua.– Laguntzen zenbatekoa, mugak eta bateragarritasuna.

1.– Laguntza hauek zenbateko hauek izango dituzte:

a) Aurreko artikuluaren 2. zenbakiko a) letran adierazitako laguntzetarako, 37,5 euro lehen 100 bururako; laguntza izateko eskubidea emango da hogeigarren burutik aurrera.

Kobratzeko eskubidea eragiten duten abereak zehazteko, egiaztatu egingo da zenbat abere dagoen eskatzailearen ustiategian 2016ko urtarrilaren 1ean.

b) Aurreko artikuluaren 2. zenbakiko b) letran adierazitako laguntzetarako, 5 euro umetarako lehen 750 emerako; ehungarren burutik aurrera.

Kobratzeko eskubidea eragiten duten abereak zehazteko, egiaztatu egingo da zenbat abere dagoen eskatzailearen ustiategian 2016ko urtarrilaren 1ean.

2.– Beste herri-administrazio batzuek helburu bererako emandako laguntzekin bateratu daitezke laguntza hauek. Hala ere, 2013ko abenduaren 18ko Batzordearen 1408/2013 (EB) Erregelamenduan ezarritako minimus araubidearekin bat, onuradun batek jaso dezakeen zenbatekoa ez da izango 15.000 eurotik gorakoa hiru urteko epealdi baten; edozein delarik, bai laguntzaren helburua, bai laguntza ematen duen organo administratiboa. Era berean, ez da diru-laguntzarik emango jaso beharreko zenbatekoak ez badu 100 euroko gutxienekoa gainditzen.

4. artikulua.– Finantzaketa eta emateko prozedura.

1.– Agindu honen arabera eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura, 2016ko ekitaldian eman beharreko laguntzen zenbatekoak, guztira, 500.000 euro egiten du.

2.– Laguntzok emateko prozedura hainbanaketa izango da. Beraz, emateko laguntzen guztizko zenbatekoa laguntzotarako izendatu den gehieneko kopurua baino handiagoa bada, gehieneko kopuru hori hainbanatu egingo da agindu honen arabera laguntzarako eskubidea dutenen artean, eta, ondorioz, dagozkion kopuru-murrizketak egingo dira.

5. artikulua.– Eskabideak eta agiriak.

1.– Laguntza-eskabideak Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariari bidali behar zaizkio; eta, agindu honen eranskineko eredua erabilita, eskualdeko nekazaritza-bulegoetan, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren bulegoetan aurkez daitezke (Donostia kalea 1, Vitoria-Gasteiz), edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeak 38.4 artikuluan ezarritako tokietako batean. Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

2.– Eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Ustiategiaren titularraren edo titularkidearen NANaren kopia. Ustiategi asoziatiboa bada, erakundearen IFK.

b) Nekazaritza-ustiategiaren txartel-zenbakia.

c) Gizarte Segurantzako afiliazio-araubidearen egiaztagiria.

d) Programa hau kudeatzen duen organoak automatikoki egiaztatuko du Gizarte Segurantzarekiko kotizazio-betebeharrak betetzen diren eta kasuko foru-ogasunari ordaindu beharreko zergak egunean dauden, eskatzaileak horretarako baimena emanez gero.

e) Abere-errolda edo -edukierak, agindu honen 2. artikuluan espezie bakoitzerako adierazi bezala espezie bakoitzerako adierazi bezala. Laguntza horiek kudeatzen dituzten administratzaileek eman ahalko dituzte datu horiek, baldin eta haien esku badaude.

f) Eskabide-formularioan, eskabidea egiten duen pertsonak erantzukizunpeko adierazpen bi sinatu beharko ditu.

1) Deialdi honen aurreko bi zerga-ekitaldietan edo indarrean den zerga-ekitaldian, kontzeptua edozein delarik ere, minimis araubidearen barruko laguntzei buruzko erantzukizunpeko adierazpena.

2) Erantzukizunpeko adierazpena, hau guztia adierazteko: eskabidean jasotako informazioa egiazkoa dela; bestelako administrazio edo entitate publiko zein pribatuetatik helburu bererako diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak jaso izana; itzultzeko prozedura baten edo zigortzeko prozedura baten eraginpean ez izatea edo prozedura hori amaiturik izatea akreditatzea; pertsona edo erakunde eskatzaileak ez duela diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzea galarazten dion administrazio- edo zigor-arloko zigorrik edo hartarako desgaitzen duen legezko debekurik ez izatea akreditatzea; eta aurkeztutako agiri guztiak egiazkoak direla.

3.– Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak ikusiz gero aurkeztutako eskaeran akats, hutsune edo okerren bat dagoela, zuzendaritza horrek eskabidea egin duenari emango dio horren berri, eta hamar eguneko epea emango dio zuzendu beharrekoa zuzen dezan edo aurkeztu ez dituen nahitaezko agiriak aurkez ditzan. Era berean, jakinarazi egingo zaio, horrela egiten ez badu, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, betiere aldez aurretiko ebazpena delarik.

4.– Edonola ere, administrazioaren esku dagoen dokumentazioa ez dute aurkeztu beharko eskatzaileek, baldin eta behar bezala eguneratuta badago.

6. artikulua.– Organo kudeatzailea, ebazpena eta ordainketa.

1.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzen kudeaketa Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzari dagokio.

2.– Aurkeztutako dokumentazioa aztertu ondoren, eta behin eskabideak aurkezteko epea edo dagokion foru-aldundiak bertako bulegoetara iritsitako eskabideak bidaltzeko duen epea amaitzen denean, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariak ebazpena emango du eta, horren bidez, eskatutako diru-laguntza onartu edo ukatuko du, bi hileko epean, eskabideak aurkezteko epea edo foru-aldundietara ekarritako eskabideen eta dokumentazioaren kopia jasotzeko epea amaitzen denetik hasita.

3.– Artikulu honetan ezarritako epean berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi ezean, eskabideak ezetsitzat joko dira eskaerak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44. artikuluan xedatutakoaren arabera.

4.– Hiru hileko gehieneko epean ordainduko dira laguntzak, laguntza emateko ebazpena ematen denetik aurrera, edo aurreko artikuluaren 3. zenbakiarekin bat eskatutako dokumentazioa aurkezten denetik aurrera.

5.– Eskatzaileei ez zaie laguntzarik ordainduko, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek emandako gisa bereko laguntza edo diru-laguntzengatik hasitako itzultze- edo zigor-prozeduraren batean sartuta badaude, eta prozedura horiek amaitu gabe badaude.

6.– Laguntzei buruzko ebazpena banan-banan jakinarazi behar bada ere, Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako Sailburuordetzaren titularraren ebazpenaren bidez, nekazaritza arloan eskumena duen organoaren egoitza elektronikoan (www.euskadi.net) argitaratuko da agindu honen babespean esleitutako diru-laguntzak eskuratu dituztenen zerrenda, esleitutako zenbatekoak adierazita, publikotasunaren ondorioetarako.

7. artikulua.– Onuradunen betebeharrak eta eskubideak.

1.– Agindu honetan araututako laguntzen onuradunek bete egin behar dituzte obligazio hauek: Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorreko 14. artikuluan eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 50. artikuluan xedatutakoak, eta, edonola ere, honako hauek:

a) Diru-laguntza ematea zilegi egiten duen egoeran izatea edo jarduera egitea, eta diru-laguntza eman duen erakundearen aurrean justifikatzea, diru-laguntza emateko betekizunak eta baldintzak konplitzen direla, eta bai jarduera burutu dela ere.

b) Baliteke Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak, Herri Kontuen Euskal Epaitegiak edo Europar Batasuneko organo eskudunek informaziorik eskatzea, agindu honen kontura jasotako diru-laguntzak direla eta, eta, beraz, informazio hori eman egin beharko zaie, eta horrez gain, egiaztatze-jarduerei –administratiboei zein bertatik bertarakoei– men egin.

c) Diru-laguntza ematen duen erakundeari, bestelako administrazio edo erakunde publiko zein pribatuetatik xede berarekin jasotako diru-laguntzen, laguntzen, diru-sarreren edo baliabideen berri ematea, baita diru-laguntza ematean kontuan hartutako gorabehera objektibo edo subjektiboetan izandako aldaketen berri ere.

d) Emandako diru-laguntza onartzea. Ildo horretatik, diru-laguntza emateari buruzko jakinarazpena jasotzen duen egunetik harako hamabost eguneko epean, onuradunak diru-laguntzari esanbidez eta idatziz uko egiten ez badio, pentsatuko da diru-laguntza onartu duela.

e) Emakumeenganako eta gizonenganako tratua berdina izatea esparru guztietan, kanpoko zein barrukoetan.

2.– Bermatu egingo da agindu hau aplikatzetik sortuko diren administrazio publikoekiko harremanetan, idatzietan zein ahozkoetan, pertsona fisikoek eta pertsona juridikoen ordezkariek euskara eta gaztelania erabiltzeko eskubidea, baita aukeratzen duten hizkuntzan arreta jasotzeko eskubidea izango dutela ere.

8. artikulua.– Baldintzak aldatzea eta ez-betetzeak.

1.– Laguntzak emateko eta ordaintzeko kontuan hartu diren baldintzen aldaketa orok eragin dezake diru-laguntzak emateko ebazpena aldatzea, betiere agindu honetan ezarritako gutxieneko betekizunak errespetatuta, eta, hala bada, beste diru-laguntza batzuk jasota gehieneko zenbatekoa gainditzen bada. Horretarako, organo kudeatzaile eskudunak aldaketa-ebazpena emango du, non egokitu egingo baitira emandako diru-laguntzen zenbatekoak.

2.– Onuradunek ez badituzte agindu honetako betekizunak betetzen, jasotako dirua itzuli egin beharko dute, aplika daitezkeen legezko interesekin batera. Hori guztia, hauetan xedatutakoarekin bat: Diru-laguntzari buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legea, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bategina onartzen den azaroaren 1ko 1/1997 Legegintzako Dekretua, eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, interesdunek berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuari, hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hileko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera sortuko ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko apirilaren 13a.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala