83. zk., 2016ko maiatzaren 4a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (558 KB - 37 orri.)
- EPUB (1103 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
ETXEPARE EUSKAL INSTITUTUA / BASQUE INSTITUTE
1871
EBAZPENA, 2016ko martxoaren 21ekoa, Etxepare Euskal Institutuko zuzendariarena, 2016. urtean euskararen eremu geografikotik kanpo antzerki birak eta antzerki denboraldiak egiteko diru-laguntzak emateko modua arautzen duena.
Etxepare Euskal Institutua (aurrerantzean EEI) Sortzeko eta Arautzeko 3/2007 Legearen 3.b) artikuluak ondoko helburua xedatzen du aipatutako Institutuarentzat: «Euskal Kultura bere hizkuntza ofizialetako edozeinetan eta zeinahi adierazpen, euskarri, bide eta adiera-moldetan kanpoan ezagutarazten eta hedatzen laguntzea, bereziki euskaraz sortutako kultura-eskaintza sustatuz eta hedatuz».
Bestalde, EEIren antolakuntza- eta jarduera-araudia onartzen duen 2008ko maiatzaren 13ko 88/2008 Dekretuak xedatzen du Institutu horren eskumenekoa dela Euskal Kultura Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo sustatzea eta hedatzea. Dekretu honek bere 19. artikuluaren 2. atalean dio Euskal Kultura Sustatzeko eta Hedatzeko arloak musika, arte eszenikoak, ikusizko arteak, zinea, arkitektura eta diseinua hartzen dituela bere baitan. Bestalde, artikulu horren f) zatiak Institutuaren funtzioen artean aipatzen du euskal sorkuntza nazioartean ezagutzera emateko kultura-eragileei laguntzeko programak diseinatzea.
Hori dela eta, EEIri jarduteko arlo gisa adierazi zaizkion eskumenen barruan, interesgarritzat jo da euskararen eremu geografikotik kanpo antzerki birak eta antzerki denboraldiak egiteko diru-laguntzak emateko modua arautzea.
Ondorioz, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Ebazpen honen xedea da 2016. urtean euskararen eremu geografikotik kanpo antzerki birak eta antzerki denboraldiak egiteko diru-laguntzak emateko baldintzak arautzea.
Ebazpen honen ondorioetarako, hurrengoa joko da euskararen eremu geografikotzat: Euskal Autonomia Erkidegoa, Nafarroako Foru Komunitatea, eta Frantziar Pirinio Atlantikoen Departamentuko euskal lurraldeak, hots, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa.
2. artikulua.– Diru baliabideak.
Deialdi honetarako gehienezko zenbateko orokorra ehun eta hogeita hemezortzi mila (138.000) eurokoa izango da.
3. artikulua.– Pertsona edo entitate onuradunak.
1.– Ebazpen honek araututako diru-laguntzen onuradun izateko honako baldintza hauek bete beharko dira:
a) Pertsona fisiko edo juridiko pribatua izatea eta sozietate-egoitza edo helbidea Euskal Autonomia Erkidegoan izatea. Zabaldu nahi den obraren edo lanaren komunikazio-hitza euskara denean, sozietate-egoitza edo helbidea euskararen eremu geografikoan duten pertsona fisiko edo juridiko pribatuak ere aurkeztu ahal izango dira.
b) Profesional gisa aritzea antzerkigintzan.
c) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen denerako alta emanda egotea Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan, antzerkiaren jarduerari dagokion epigrafean.
d) Aurkezten den proiektua ekonomikoki bideragarria izango da. Bideragarritasun hori gastu eta diru-sarreren aurrekontu orekatu baten bitartez egiaztatuko da.
2.– Kultura elkartea edo fundazioaren izaera juridikoa duten eskatzaileek ezingo dituzte jaso diru-laguntza hauek, ezta nagusiki kapital ekarpen publikoa duten entitate pribatuek eta ondasun erkidego izaerakoek.
3.– Eskaera onartua izateko, dagokion jaialdi, feria edo antzokiaren kontratua, gonbidapena edo ziurtagiria aurkeztu beharko da.
4.– Ezingo dute deialdi honetako diru-laguntzetara aurkeztu laguntza publikoak eskuratzeko zigor administratibo edo penalik dutenek, ezta horretarako gaitasuna kentzen dien legezko debekua dutenek ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legeko azken xedapenetako seigarrena urratuz sexu-diskriminazioa egiteagatik debeku hori dutenak barne direla.
5.– Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrak edo bere erakunde autonomiadunek zein Etxepare Euskal Institutuak, entitate onuradunari ezaugarri bereko beste laguntza edo diru-laguntzaren bat eman badiote eta hori itzultzeko edo zigortzeko prozeduraren bateko izapideak egiten ari badira, ezinbestekoa izango da prozedura hori amaitzea diru-laguntza esleitu eta ordaindu ahal izateko.
Hori guztia, Diru-laguntzen 38/2003 Lege Orokorrak, azaroaren 17koak, 11. eta 13.2 artikuluetan izaera orokorrarekin jasotakoaren kalterik gabe.
4. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea.
Eskabideak aurkezteko epea Ebazpen hau EHAAn argitara eman eta hurrengo egunetik hasiko da. Eskaerak aurkezteko epea ekainaren 8an amaituko da.
5. artikulua.– Eskabideak aurkezteko modua.
Bira edo proiektuko eskabide bat aurkeztuko da. Eskatzaile berak eskabide bat baino gehiago aurkeztuko badu, nahikoa izango da eskatzaileari buruzko administrazio-dokumentazioa behin aurkeztea.
Ebazpen honen babesean aurkeztuko diren eskabideak eranskinetan ezarritakoari jarraituz egingo dira. Eranskinak Etxepare Euskal Institutuaren web orrialdean eskuragarri egongo dira: http://www.etxepare.eus
Laguntzaren eskabidea ondorengo helbidean aurkeztu beharko da: Etxepare Euskal Institutua. Tabakalera eraikina-3, Andre Zigarrogileen plaza 1, 20012 Donostia / San Sebastián. Eskabideak aurkezteko ordutegia ondokoa da, goizeko 08.30etatik eguerdiko 14:00ak arte. Hortik aurrera, Eusko Jaurlaritzaren Zuzenean bulegoetan aurkez daitezke eta 30/1992 Legeak (30/1992 Legea, azaroaren 26koa, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearena) ezarritako beste edozein bide erabilita.
6. artikulua.– Onartu eta baztertuen zerrenda eta eskabidean egindako akatsak zuzentzea.
Modalitate bakoitzean eskaerak aurkezteko epea amaitu eta gehienez hamar egun balioduneko epean, Eusko Jaurlaritzaren iragarki taula elektronikoan onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda argitaratuko da. Ikusten bada eskabidea onartzeko eskatzen den dokumenturen bat falta dela edo forma-akatsak daudela, edo balorazioa egiteko aurkeztu diren dokumentuetan akatsak daudela, eskatzaileari jakinaraziko zaio 10 egun balioduneko epea dutela akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko.
Era berean, ohartarazi egingo zaio ezen, epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, edo dagokion izapidea egitea galduko duela. Epe hori igarota, Etxepare Institutuko zuzendariaren ebazpenez, onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratuko da.
7. artikulua.– Diru-laguntzak emateko modua.
Ebazpen honen bidez emango diren diru-laguntzak lehiaketa bitartez esleituko dira. Diru-laguntzak horrela emateko, aurkeztutako eskabideak erkatuko dira, 13. artikuluan finkatutako aukeraketa eta balorazio-irizpideen arabera hurrenkera jakin batean jartzeko.
Baloraziorik altuenak lortzen dituzten eskabideetatik hasita esleituko dira diru-laguntzak, lortutako puntuazioaren arabera, harik eta horretarako diru-baliabideak amaitu arte.
Balorazioan lor daitezkeen puntuen % 50 lortzen ez duten proiektuak ez dira diru-laguntza esleitzeko zerrendan sartuko.
8. artikulua.– EEIk diruz laguntzen dituen gastuak eta zenbatekoak.
1.– Dagokion jaialdi edo jardueran parte hartzekoak: joan-etorria, ikuskizuna jendaurreko egingo den tokiko muntaia-gastuak, eszenografia edo materialaren garraioa, ostatua eta dietak. Artisten katxetak eta nominak ez dira diruz lagunduko. Ez da gastu amortizagarririk diruz lagunduko.
Antzerki denboraldietan, promozio gastuak ere diruz lagunduko dira.
2.– Laguntzen zenbatekoak:
a) Ostatu eta otorduetarako gehienezko gastuak, pertsonako eta eguneko: Espainian, hirurogeita hamabost (75) euro ostaturako eta berrogeita bi (42) euro dietarako. Espainiatik kanpora, ehun eta hogei (120) euro ostaturako eta hirurogeita hiru (63) euro dietetarako.
b) Ondorengo dietak onartuko dira: emanaldi egunetakoak, eta joan-etorrietarako beste egun bat.
c) Automobila erabiliz gero, zero koma hogeita bederatzi (0,29) euro km-ko gehi autopista eta parking-a. Furgoneta erabiliz gero, zero koma berrogei (0,40) euro km-ko gehi autopista eta parking-a. Kilometro kopurua kalkulatzeko, diru-laguntza eskaera egin duen pertsona fisiko edo juridiko pribatuaren sozietate egoitza hartuko da abiapuntutzat.
d) Ibilgailua alokatua denean, alokairuaren faktura, erregaia, autopista eta parking-a.
e) Hegazkina, trena edo bestelako garraio publikoren bat erabiliz gero, soilik maila arrunteko txartela onartuko da.
9. artikulua.– Diru-laguntzen bateragarritasuna.
Deialdi honetako diru-laguntzak bateragarriak izango dira beste erakunde publikoek helburu berbererako emandakoekin, betiere gehiegizko finantzaketarik gertatzen ez bada. Gehiegizko finantzaketa badago, diru-laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, dagokion gehienezko mugaraino.
10. artikulua.– Diru-laguntzak kudeatuko dituen organoa.
Etxepare Euskal Institutuaren teknikariei dagokie deialdi honen bidez emango diren diru-laguntzak kudeatzea.
EEIk proiektuen garapenaren jarraipena egingo du, eta onuraduna behartuta egongo da horretarako eskatutako ikuskapen- edo informazio-eskaerei erantzutera.
11. artikulua.– Balorazio-batzordea.
1.– Eskabideak aztertu eta ebaluatzeko, balorazio-batzorde bat osatuko da. Batzordea honela osatuko dira:
a) Lehendakaria: EEIko zuzendaria.
b) Bokalak: 3-5 kide, EEIko zuzendariak izendatuko ditu, antzerkian adituak diren gizon-emakumeen eta administrazioko teknikarien artetik.
c) Idazkaria: Batzordearen idazkari-lanak EEIko teknikari batek egingo ditu, zuzendariak izendatua izango da, eta bileretan hitzez bai, baina botorik gabe jardungo du.
2.– Balorazio-batzordeko kideak izendatzerakoan Gizonen eta Emakumeen arteko Berdintasunerako 2005eko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 3.7 artikuluan xedatutakoa beteko da.
3.– Balorazio-batzordearen osaera EEIko zuzendariak ebatziko du eta EHAAn argitaratuko da. Nolanahi ere, errespetatu egingo da azaroaren 26ko Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 28. eta 29. artikuluetan parte ez hartzeari eta errefusatzeari buruz ezarritakoa.
12. artikulua.– Eskaerak aztertzeko irizpideak eta ebazpen-proposamena.
1.– Balorazio-batzordearen zeregina izango da aurkeztutako eskaerak ebaluatzea eta ebazpen-proposamena egitea Etxepare Euskal Institutuko zuzendariari.
2.– Aurkeztutako proiektuak aztertu eta baloratzeko irizpide-ardatzak honako hauek izango dira:
a) Eskatzailearen ibilbide profesionala:
– Konpainiaren ibilbidea eta kide kopurua.
– Azken urteetako ekoizpena.
Puntuazioaren % 20ra arte.
b) Bira edo denboraldiaren ezaugarriak:
– Jarduera garatuko den espazioaren ezaugarriak.
– Espazioaren nazioarteko oihartzuna.
– Emanaldi kopurua.
Puntuazioaren % 30era arte.
c) Antzezlana eta zabalkundea:
– Antzezlanak euskal kulturaren zabalkundean duen garrantzia.
– Antzezlanaren kalitatea.
– Antzezlanaren jatorrizko hizkuntza.
– Autore edo taldearen proiekzioa.
Puntuazioaren % 30era arte.
d) Proiektuaren auto-finantziazioa:
Auto finantziazioa neurtzeko katxetetik eta txarteldegitik lortutakoa hartuko da kontuan.
Puntuazioaren % 20ra arte.
3.– Balorazioan lor daitezkeen puntuen % 50 lortzen ez duten proiektuak ez dira diru-laguntza esleitzeko zerrendan sartuko.
13. artikulua.– Ebazpenak.
1.– EEIko zuzendariari dagokio balorazio-batzordeak aurkeztutako ebazpen-proposamenak aztertu eta ebazpenak ematea.
2.– Ebazpenak Eusko Jaurlaritzaren iragarki taula elektronikoan argitaratuko dira, herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 legearen 59.6.b) artikuluaren ondorioetarako.
3.– Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunetik kontatzen hasita, gehienez hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da ebazpena. Epe hori jakinarazpenik gabe igarotzen bada, eskaerak ez direla onartu ulertuko da, 30/1992 Legearen 44. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.
14. artikulua.– Diru-laguntzaren onarpena.
Ebazpena Eusko Jaurlaritzaren iragarki taula elektronikoan argitaratzen den egunetik kontatzen hasi eta hamabost eguneko epean onuradunak berariaz eta idatziz uko egiten ez badio, diru-laguntza onartu egin dela ulertuko da.
15. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.
1.– Diru-laguntza adierazitako helburu zehatzerako erabiltzea, eta diruz lagundutako jarduera 2016. urtean burutzea.
2.– Esleitutako diru-laguntzaren zenbatekoa edozein delarik ere, diru-laguntzaren onuradun orok diruz lagundutako egitasmoaren eta gastuen gauzatzea justifikatu behar du. Justifikazioari ekiteko, diru-laguntza esleitzeko orduan erabilitako gastu-aurrekontu onartua erabiliko da.
3.– Ebazpena eman aurretik eskabidean aurkeztutako proiektuan edo aurrekontuan aldaketaren bat eginez gero, horren berri idatziz eman beharko zaio EEIri, 7.3 artikuluan aipatzen diren ebazpen epeak baino gutxienez 15 egun lehenago. Berri hori jasotzen duenetik, EEIk 15 egun balioduneko epea izango du erantzuteko. Erantzunik ez bada, aldaketa onartutzat joko da.
4.– Ogasun eta Herri Administrazio Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari deialdi honen bidez jasotako diru-laguntzei buruzko informazioa ematea, hala eskatuz gero.
5.– Ebazpen honen bidez diruz lagundutako egitasmo orok EEIk emandako babesaren berri adierazi beharko du, EEIren logoaren bitartez, egitasmoaren argitan kaleratutako katalogo, programa, iragarki-kartel, argazki eta gainerako material grafiko zein soinudunetan. Nolanahi ere, diru-laguntza esleituz eman beharreko ebazpena eman aurretik gauzatutako egitasmoak betebehar horretatik salbuetsita egongo dira.
6.– Onuradunak, diruz lagundutako proiektuarekin lotutako materiala eta irudiak erabili ahal izateko baimena bermatzea EEIri, horrek informazioa hainbat euskarritan zabal dezan.
7.– Diru-laguntzak emateko eta horien ordainketak bideratzeko, beharrezkoa izango da esleipendunek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak kitatuta dauzkatela ziurtatzea.
16. artikulua.– Justifikazioa aurkezteko epea.
Ebazpen honetan ezarritako diru-laguntzen onuradunek lagundutako jarduera amaitu edota ebazpena jaso eta bi hilabeteko epearen barruan aurkeztu beharko dituzte jarraian zerrendatzen diren agiriak. Abenduan egindako jardueren kasuan, betiere 2017ko urtarrilaren 31 baino lehen aurkeztu beharko dituzte agiriak.
17. artikulua.– Justifikazioa.
Justifikazioarekin batera ondorengoak aurkeztu beharko dira:
a) Burututako jarduera osoaren memoria-balorazioa.
b) Diruz lagundutako emanaldiak egin direla egiaztatzen duen kontratua edo takila orria.
c) Eranskinetan jasotzen den justifikaziorako taula erabilita, diruz lagundutako jardueraren behin betiko exekuzio-aurrekontua (gastuak eta diru sarrerak), ahalik eta zehatzena.
d) Diruz lagundutako gastuen egiaztagirien zerrenda, kontzeptuka ordenatua. Fakturek eskatzailearen izenean egon beharko dute, eta indarrean dagoen araudi fiskalaren arabera baliozkoak izan beharko dute. Bestelako monetatan egindako fakturen kasuan, gastua eurotan zenbatekoa izan den adierazi beharko da, horretarako erabilitako kanbio-tasa adieraziz.
e) Balio Erantsiaren Gaineko zergari dagokion zenbateko kengarria ezingo da egindako gastutzat hartu.
f) Diru-laguntza jaso duen jarduerarekin zerikusia duten gastu eta diru-sarreren justifikazio agiriak, jatorrizkoak edo EEIren egoitzan konpultsatutako fotokopiak, aurkeztutako gastu-aurrekontu osoaren pareko zenbatekoari dagozkionak.
Salbuespen gisa, Etxepare Euskal Institutuaren aurrekontuen kargura emandako diru-laguntzak jardueraren gastuen % 50 gainditzen ez duenean, emandako diru laguntza justifikatzeko agiriak baino ez dira aurkeztu behar.
EEIk ausaz eta zozketaz, onuradunetako batzuei, aurkeztutako aurrekontua bere osotasunean justifikatzeko agiriak eskatuko dizkie.
g) Dietak justifikatzeko, aski izango da dagokion eranskinean jasotzen den taula bete eta sinatzearekin. Ostatu gastuak fakturekin justifikatuko dira.
h) Diruz lagundutako jarduera dela eta sortutako katalogo, programa, iragarpen-kartel, argazki eta gainontzeko material grafiko edo soinudunen ale bana, hala badagokio, EEIren logoaren bidez laguntza jaso dela adierazita.
i) Eranskinetan jasotzen den eredua erabilita, eskabidea aurkeztu ondoren helburu berbererako jasotako bestelako diru-laguntzen zerrenda.
j) Norberaren ibilgailuan egindako bidaietarako, nahikoa izango da onuradunak dagokion eranskineko kilometraje taula bete eta sinatzearekin. Honela kalkulatuko da kilometro kopurua: jarduera egiten deneko herritik pertsona fisiko edo juridiko pribatu eskatzailearen sozietate egoitzara edo establezimendura dagoen joan-etorriko distantzia. Bira bateko emanaldiak denboran jarraian egiten badira, emanaldi bat egiten den tokitik hurrengo emanaldiaren tokirainoko distantzia ere kontuan hartuko da. Bidesari eta parking gastuen ticketak edo fakturak aurkeztu beharko dira.
18. artikulua.– Likidazio ebazpena.
Diru-laguntzaren justifikazioa behar bezala gauzatu ez bada edo dena delako zioarengatik laguntzaren zenbatekoa gutxitzea edo kentzea badagokio, EEIko zuzendariak banakako likidazio-ebazpena emango du, egiaztagiriak aurkezteko epea amaitu eta bi hilabeteko epean.
19. artikulua.– Diru-laguntzaren ordainketa.
Ebazpen honetan oinarrituz emandako diru-laguntzen ordainketa bi zatitan egingo da honako prozedurari jarraituz:
% 75aren ordainketa 14. artikuluan aipatutako epea igaro ondoren egingo da.
% 25 jarduera amaitu, justifikazioa behar bezala burutu eta gehienez ere sei hilabeteko epean.
20. artikulua.– Ez-betetzeak.
1.– Ebazpen honetan edo maila orokorragoko aginduetan ezarritako betebeharrak ez betetzea.
2.– Emandako diru-laguntza guztia edo zati bat ebazpen honetan aurreikusitako jarduera ez den besteren batean erabiltzea.
3.– Hala badagokio, diru-laguntzaren likidazio-ebazpenean zehaztutako diru-kopurua ez itzultzea, horretarako emandako epean.
4.– Halakorik gertatu dela egiaztatzen bada, ez betetzea gertatu dela ulertuko da eta, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan aurreikusitakoari jarraiki, pertsona edo entitate onuradunak itzuli egin beharko dizkio EEIri jasotako diru-kopuruak eta horiei legez dagozkien interesak.
21. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoak eta mugak.
Eskatzaileek nahi beste eskabide aurkez ditzakete, baina eskatzaile bakoitzak jasotako diru-laguntza guztien batura ez da inoiz izango hamabi mila bostehun (12.500) euro baino handiagoa.
1.– Distantziaren arabera, honakoa izango da antzerki-bira bakoitzeko jaso ahal izango den gehienezko zenbatekoa:
– 5.000 km-ra arteko tokietarako: sei mila eta bostehun (6.500) euro.
– 5.000 km-tik haragoko tokietarako: hamabi mila eta bostehun (12.500) euro.
Artikulu honetan ezarritako distantziak honelaxe kalkulatzen dira: emankizuna egiten den herritik pertsona fisiko edo juridiko pribatu eskatzailearen egoitza edo establezimendura zuzenean dagoen distantzia. Bira bateko emanaldiak denboran jarraian egiten badira, emanaldi bat egiten den tokitik hurrengo emanaldiaren tokirainoko distantzia ere kontuan hartuko da. Distantzia hori neurtzeko, ondorengo, web-orrialdea erabiliko da: http://www.distancefromto.net
2.– Gehienezko zenbatekoa antzerki-denboraldi bakoitzeko zortzi mila (8.000) eurokoa izango da.
3.– Euskal konpainia eta kanpokoen arteko koprodukzioetan, gehienezko diru laguntza kopuru hauek murriztuko dira, euskal konpainiak koprodukzio horretan duen ehunekoa aplikatuta. Salbuespenez, hiru baldintza hauetatik bi betetzen direnean, ez da murrizketa hau aplikatuko:
a) Zuzendaria euskal herritarra izatea;
b) Aktoreen herena baino gehiago euskal herritarra izatea;
c) Jatorrizko testua ala moldaketa egile euskaldun batena izatea.
22. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak:
Aurkez daitekeena honakoa izango da: 2016 urtean urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra arte egitekoak diren jarduerak.
a) Antzerki-bira: emanaldi bat egitea biratzat hartuko da. Hiru baldintza hauetako bat bete beharko du:
1) XII. eranskinean zerrendatzen diren jaialdi edo azoketan parte hartzea.
Zerrenda horretatik kanpoko jaialdi edo azoketan parte hartzeko proposamenak ere aztertuko dira, betiere profesionalak badira. Arte diziplina askotariko azoka edo jaialdien kasuan, antzerki programazio lerro osoa izan beharko dute. Azoka edo jaialdiaren webguneak ondorengo guztiak izan beharko ditu derrigorrez: antzezlanei eta taldeei buruzko informaziodun programazioa eta jaialdiari buruzko informazioa.
2) Euskararen eremu geografikotik kanpo, arte eszenikoen alorrean programazio egonkorra duten antzokietan aritzea: Antzokiak gutxienez 150 eserleku izan beharko ditu, edo bestela, prestigio handikoa izan beharko du. Antzokiaren prestigioa baloratzeko, ondorengoak hartuko dira kontuan: programazioaren antzinatasuna; prestigiozko sariak jasotako taldeak programatzea; antzoki sare pribatu edo publikoen partaide izatea; erresidentzia erregimenean garatutako sorkuntza programak; publiko berriak sortzeko ekintza paraleloak edo antzokiak jasotako sari edo errekonozimenduak.
Antzokiak kaleko emanaldiak antolatzen dituenean, ez da antzokiaren edukiera kontuan hartuko.
Antzokiaren webguneak ondorengoak izan beharko ditu derrigorrez: antzezlanei eta taldeei buruzko informaziodun programazioa, antzokiari buruzko informazioa eta sarrerak on-line erosteko zerbitzua.
3) Eusko Jaurlaritzak zuzenki edo zeharka babestutako honako erakustaldi-plataforma hauetako batean parte hartu izanaren ondorioz sortutakoa izatea: Leioako Antzerki Azoka, Donostiako Antzerki Azoka, Tolosako Nazioarteko Txotxongilo Jaialdia, Tarregako Antzerki Azokako Euskal Teatroa espazioa, Valladolideko Antzerki eta Kale Artearen Nazioarteko Jaialdiko Kaleartean programa edo Lleidako Txotxongiloen Azoka.
b) Antzerki-denboraldia:
Antzoki berean gutxienez 7 emanaldi egitea jarraian. Antzokiak gutxienez 150 eserleku izan beharko ditu.
Antzokiaren webguneak ondorengo guztiak izan beharko ditu derrigorrez: antzezlanei eta konpainiei buruzko informaziodun programazioa, antzokiari buruzko informazioa eta sarrerak erosteko on-line zerbitzua.
Ez da diru-laguntzarik emango eskola-emanaldietarako.
4) Ez da diru-laguntzarik emango ondokoetarako:
a) Izaera amateurra duten erakustaldi edo jaialdietarako.
b) Herriko festetako programetan sarturiko emanaldietarako, dantzaldiak barne.
c) Kalean kontraturik gabe eta antzeko egoeretan egiten diren emanaldietarako.
XEDAPEN GEHIGARRIAK
Lehenengoa.– Eskatutako diru-laguntzen zenbateko osoa kontuan hartuta, 2. artikuluan ezarritako zenbateko osoa handitu ahal izango da, baldin eta EEIren beste diru-laguntza deialdi batzuk esleitu ondoren aurrekontuetako izakinak agortu ez badira. Aldaketa hori eskabideen gaineko erabakia hartu aurretik egin beharko da. Adierazitako aldaketaren berri EEIren zuzendariaren ebazpenaren bidez eman beharko da, EHAAn argitaratuko dena.
Bigarrena.– Ebazpen honetan araututako diru laguntzak Europako Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 Erregelamenduan (EBAO, L 352 zenb. 2013-12-24) adierazitakoaren arabera arautuko dira –erregelamendu hori Europako Batasunaren Funtzionamendurako Tratatuko 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa da–. Diru-laguntza hauek minimis izaera dute; hau da, pertsona juridiko nahiz fisiko batek jasoko duen diru laguntza osoa ez da 200.000 euro baino gehiagokoa izango, hiru ekitaldi fiskaletan zehar. Diru-kopuru hori baino gutxiagoko diru laguntzek ez dituzte ez merkataritza eraldatzen ezta lehia baldintzak desitxuratzen ere; hori dela eta, ez dira Europako Batasuneko Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107.1 artikuluaren aplikazio eremuan sartzen.
Diru-laguntzaren onuradunak dagokion ekitaldi fiskalean eta aurreko bi ekitaldi fiskaletan jasotako minimis izaerako diru laguntzen berri eman beharko du atxikitako eranskina beteaz, beti ere jasotako diru laguntzek Erregelamenduak adierazitako gehieneko muga gainditzen ez dutela egiaztatzeko asmoz.
Hirugarrena.– Datu pertsonalak babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategi eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearen babesean, ebazpen honen izapidetzea dela-eta EEIk eskuratuko dituen datuak fitxategi automatizatu batean sartuko dira. Fitxategiko datuak ez zaizkio beste inori lagako; EEIk soilik erabiliko ditu, berak sustatutako diru-laguntzak kudeatzeko. Aipatutako lege horietan jasotzen den moduan, datuok ikusteko, zuzentzeko, ezabatzeko edo kontra egiteko eskubideak erabili ahal izango dira. Horretarako, idazki bat bidali beharko zaio Etxepare Euskal Institutuko zuzendariari helbide honetara: Etxepare Euskal Institutua, Tabakalera Eraikina-3, Andre Zigarrogileen Plaza 1, 20012 Donostia.
AZKEN XEDAPENAK
Lehenengoa.– Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete interesdunek EEIko zuzendariari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, edota administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko dagokion aretoan, bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
Bigarrena.– Ebazpen honek ondorioak izango ditu, EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Donostia, 2016ko martxoaren 21a.
Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria,
MARIA AITZPEA GOENAGA MENDIOLA.