Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

83. zk., 2016ko maiatzaren 4a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
1868

AGINDUA, 2016ko apirilaren 5ekoa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, Eibarren (Gipuzkoa) dagoen «Nuestra Señora de Azitain» Bigarren Hezkuntzako ikastetxe pribatuaren baimena aldatzeko dena.

Batxilergoko «Arteak» modalitatea emateko baimena eskatuz Eibarren (Gipuzkoa) dagoen «Nuestra Señora de Azitain» Bigarren Hezkuntzako ikastetxe pribatuaren erakunde titularraren ordezkariak hasarazi duen espedientea aztertu da.

Espediente horren izapideak araudiak ezarritako prozedura jarraituz egin dira; gainera, indarrean dauden arauek eskatzen dituzten agiriak erantsi zaizkio eta arlo horretan eskumena duten erakundeek egin diote txostena.

Arau hauek ikusi dira: apirilaren 3ko 332/1992 Errege Dekretua (apirilaren 9ko BOE), ikastetxe pribatuetan unibertsitateaz kanpoko araubide orokorreko irakaskuntzak emateko baimenei buruzkoa; otsailaren 12ko 132/2010 Errege Dekretua, Haur Hezkuntzako bigarren zikloko, Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeek bete behar dituzten derrigorrezko baldintzak ezartzen dituena (martxoaren 12ko BOE); eta gai horretan aplikatu beharreko gainerako legeak. Horiek horrela, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Ondoren zehazten den ikastetxe pribatuari baimena ematea Batxilergoko «Arteak» modalitatea emateko 2016-2017 ikasturtetik aurrera:

Kode-zenbakia: 20001252.

Izen espezifikoa: «Nuestra Señora de Azitain»

Titularra: Asociación Propulsora de Enseñanza.

Helbidea: Gorosta Balle kalea, 34.

Udalerria: Eibar.

Lurralde Historikoa: Gipuzkoa.

Ikastetxearen osaera:

– Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza: 8 unitate, 240 ikaspostuko edukiera.

– Batxilergoa: «Zientziak», «Giza eta Gizarte Zientziak» eta «Arteak» modalitateak. Edukiera: 6 unitate, 210 ikaspostu.

– Hezkuntza Berezia: gela ireki 1.

2. artikulua.– Indarrean dagoen araudia betetzera behartuta dago ikastetxea, agindu honen bidez baimendutako irakaskuntzak emateko irakasleen titulazioari eta hizkuntza-eskakizunari dagokienez. Bestela, bidezkoa litzateke emandako baimena baliogabetzea.

3. artikulua.– Ikastetxeak martxoaren 17ko 314/2006 Errege Dekretuaren bidez onartutako Eraikuntzako Kode Teknikoa bete beharko du, bai eta indarreko legeriak ezartzen dituen higiene-, osasun-, akustika-, bizigarritasun-, segurtasun- eta irisgarritasun-baldintzak ere. Ikastetxeko titularrarena izango da baldintza horiek ez betetzearen erantzukizuna.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honetan dagoen baimen-emateak ez du esan nahi hezkuntza-itunen araubidearen edo diru-laguntzen deialdien bitartez laguntzarik lortuko denik.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honen kontra aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko apirilaren 5a.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.


Azterketa dokumentala