Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

77. zk., 2016ko apirilaren 25a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
1721

AGINDUA, 2016ko apirilaren 20koa, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuarena, zeinaren bidez hasiera ematen baitzaio azaroaren 28ko 237/2000 Dekretuan ezarritako Hauteskunde Sindikalen Batzordeko, lurralde-batzordeetako eta Ikuskaritzako kide diren sindikatuentzako 2016. urterako diru-laguntzak emateko prozedurari.

Sindikatu Hauteskundeen Bulego Publikoa, Batzordea eta Ikuskaritza sortu zituen azaroaren 28ko 237/2000 Dekretuak, eta horren II. xedapen gehigarrian, sortutako organoak osatzen dituzten sindikatuei Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren aurrekontu-zuzkiduren kargura ematekoak ziren diru-laguntzak emateko prozedurak zehaztu ziren.

Halaber, aipatutako dekretuko 8. artikuluak Sindikatu Hauteskundeen Batzordearen osaeran sindikatuei dagokien ordezkaritza arautu zuen, proportzionaltasun irizpidea errespetatuz, enpresetako eta administrazio publikoen zerbitzupeko langileen ordezkaritza-organoetarako hauteskundeetan Euskal Autonomia Erkidegoan sindikatu bakoitzak eskuratutako ordezkatze-mailaren arabera.

Horretaz gain, aipatutako dekretuko II. xedapen gehigarriak aurrekontu-kreditua banatzeko ohiko prozedura zehazten du, eta horren ondorioz, diru-laguntzaren zenbatekoa zati berdinak emanez banatu daiteke, edo proportzionaltasuna aplikatuz, enpresetako eta administrazio publikoen zerbitzupeko langileen ordezkaritza-organoetarako hauteskundeetan Euskal Autonomia Erkidegoan sindikatu bakoitzak eskuratutako ordezkatze-mailaren arabera. Hori guztia, diru-laguntzak emateko aginduan xedatzen denari jarraikiz, eta Sindikatu Hauteskundeen Batzordeko kide diren sindikatuekiko akordiorik dagoen ala ez ere kontuan hartuz.

Abenduaren 23ko 9/2015 Legeak, 2016ko ekitaldirako Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Nagusiak onartzen dituenak, 3112 Programan sindikatuentzako 520.000,00 euroko diru-laguntza bat ezartzen du, Sindikatu Hauteskundeen Batzorde Zentralean eta Lurralde Batzordeetan parte hartzeagatik.

Sindikatu Hauteskundeen Bulego Publikoa, Batzordea eta Ikuskaritza sortu zituen azaroaren 28ko 237/2000 Dekretuak xedatutakoari jarraikiz, Sindikatu Hauteskundeen Batzordean eta Lurraldeetako Batzordeetan parte hartzeagatik sindikatuei dagokien diru-laguntza emateko prozedurari hasiera ematen zaio honenbestez.

Hori guztia dela eta,

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Helburua.

Hasiera ematen zaio Sindikatu Hauteskundeen Batzordeko eta Lurralde Batzordeetako partaide diren sindikatuentzako 2016ko diru-laguntzak emateko prozedurari, Sindikatu Hauteskundeen Bulego Publikoa, Batzordea eta Ikuskaritza sortu zituen azaroaren 28ko 237/2000 Dekretuak arautzen dituen batzorde horietan parte hartzeagatik dagozkienak.

2. artikulua.– Aurrekontu-zuzkidura.

2016. urterako aurrekontu-zuzkidura 520.000,00 eurokoa izango da, ekitaldirako Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren kargura.

3. artikulua.– Prozedura arrunta.

2016ko uztailaren 31ra arteko epea izango dute sindikatuek eta Lan eta Gizarte Segurantza Zuzendaritzak Sindikatu Hauteskundeen Bulego Publikoa, Batzordea eta Ikuskaritza sortu zituen azaroaren 28ko 237/2000 Dekretuaren bigarren xedapen gehigarriaren bigarren atalean aipatzen den adostasunera heltzeko. Aipatutako epea igarota administrazioak inolako adostasunik lortu ez dela konprobatuko balu, bigarren xedapen gehigarri horren hirugarren idatzi-zatian ezarritakoa aplikatuko litzateke.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Errekurtsoak.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari. Beronen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Bigarrena.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko apirilaren 20a.

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua,

ANGEL TARSICIO TOÑA GÜENAGA.


Azterketa dokumentala