75. zk., 2016ko apirilaren 21a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (406 KB - 13 orri.)
- EPUB (577 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
1677
EBAZPENA, 2016ko apirilaren 15ekoa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez argitaratzen baita zenbait diru-baliabide esleitzen dituen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren Erabakia. Diru-baliabide horien bidez, hain zuzen ere, 2016ko ekitaldian finantzatuko dira Familia eta lana bateragarri egiteko laguntzei buruzko ekainaren 29ko 177/2010 Dekretuaren IV. kapituluan ezarritako laguntzak.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2016ko apirilaren 14ko bilkuran hartutako Erabakiaren bidez, esleitu egin ditu zenbait diru-baliabide, zehazki, Familia eta lana bateragarri egiteko laguntzei buruzko ekainaren 29ko 177/2010 Dekretuaren IV. kapituluan ezarritako laguntzak 2016an finantzatzera bideratuko direnak. Lanbideren Estatutuetako 10.2 artikuluaren p) atalean xedatutakoarekin bat etorriz (estatutu horiek maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bidez onetsi ziren), Lanbideko zuzendari nagusiak eman behar du argitara erabaki hori.
Hori guztia kontuan izanik,
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Argitara ematea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak 2016ko apirilaren 14ko bilkuran hartutako Erabakia, zeinaren bidez zenbait diru-baliabide esleitzen baitira ekainaren 29ko 177/2010 Dekretuaren IV. kapituluan ezarritako laguntzak 2016ko ekitaldian finantzatzeko (177/2010 Dekretua, Familia eta lana bateragarri egiteko laguntzei buruzkoa). Ebazpen honen eranskinean jasota dago erabaki horren testua.
Bigarrena.– Ebazpen honen bidez jakinarazten den Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren erabakiak ondorioak izango ditu ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.
Hirugarrena.– Deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren Erabakiaren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko apirilaren 15a.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,
ADOLFO ALUSTIZA FERNÁNDEZ.
ERANSKINA
LANBIDE-EUSKAL ENPLEGU ZERBITZUKO ADMINISTRAZIO KONTSEILUAREN ERABAKIA, ZEINAREN BIDEZ ZENBAIT DIRU-BALIABIDE ESLEITZEN BAITIRA EKAINAREN 29KO 177/2010 DEKRETUAREN IV. KAPITULUAN EZARRITAKO LAGUNTZAK 2016KO EKITALDIAN FINANTZATZEKO (177/2010 DEKRETUA, FAMILIA ETA LANA BATERAGARRI EGITEKO LAGUNTZEI BURUZKOA)
Familia eta lana bateragarri egiteko laguntzei buruzko ekainaren 29ko 177/2010 Dekretuaren IV. kapituluaren xedea da langabezian inskribatuta dauden pertsonen kontratazioa sustatzeko laguntzak arautzea, hain zuzen ere pertsona horiek kooperatiba-sozietateetako besteren konturako langileak, bazkide-langileak edo lan-bazkideak ordezkatu ditzaten. Horretarako, kooperatiba-sozietateetako langileek egoera hauetakoren batean egon behar dute: seme-alabak edo mendetasun-egoeran edo oso osasun egoera larrian dauden senitartekoak zaintzeko eszedentzia edo lanaldi-murrizketa hartuta.
Familia eta lana bateragarri egiteko laguntzei buruzko ekainaren 29ko 177/2010 Dekretuaren 53.1 artikuluaren 4. paragrafoan xedatutakoarekin bat etorriz, urtero jakinaraziko da zein den dekretu horretan ezarritako laguntza-lerroa finantzatzeko esleitutako kredituen zenbateko osoa, edo, hala behar izanez gero, zein den zenbateko hori gehitzearen ondorioz sortutako zenbatekoa, betiere publikotasun-printzipioa betetze aldera.
Euskal Autonomia Erkidegoaren 2016ko ekitaldirako aurrekontu orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 9/2015 Legea onartu ondoren, bidezkoa da laguntza-lerro hori estaltzeko erabiliko diren diru-baliabideen zenbatekoa ezagutaraztea.
Bestalde, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailari atxikitako Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoari dagokio, gaur egun, Euskal Autonomia Erkidegoan enpleguko, enplegurako prestakuntzako eta autoenpleguko eta enpresen sorkuntzako programak kudeatzeko eskumena, indarrean dagoen urriaren 13ko 3/2011 Legean ezarrita dagoenez. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, 2011ko urtarrilaren 1ean martxan jarri zenez geroztik, bere gain hartu du laneko legedia betearazteko arloan Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatutako eginkizunak eta zerbitzuak kudeatzeko ardura, lanaren, enpleguaren eta enplegurako lanbide-heziketaren esparruan; eta bere gain hartu du, halaber, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak eta, bereziki, Enplegu eta Prestakuntza Zuzendaritzak enplegu-politika aktiboen arloan betetzen zituzten eginkizunen kudeaketa. Eginkizun horien artean dago 177/2010 Dekretuaren IV. kapituluan ezarritako laguntza-programaren kudeaketa.
Kudeaketa-organoa aldatu denez gero, eta publikotasun-printzipioa eta segurtasun juridikoarena betetze aldera, komeni da laguntzen onuradun izan daitezkeenei jakinaraztea diru-laguntzak kudeatzeko prozedurako zenbait alderdi aldatu egin direla eta ez datozela bat 177/2010 Dekretuan ezarritakoarekin.
Horrez gain, Lanbideren 2013-2016 Plan Estrategikoak (http://www.lanbide.euskadi.eus), E4 jarduera-ardatz estrategikoan, helburu hau planteatzen du: «aurrera egitea aukera-berdintasunean, adina, sexua, jatorria, gaitasuna eta beste faktore batzuk gorabehera, eta enplegua eskuratzeko arazoak dituzten pertsonak laneratzea sustatzea, eta, horrenbestez, bazterketaren arriskua eta hura kroniko bihurtzea saihestea». Horretarako, ekintza-lerro zehatz bat (E4-1.3) ezarri du, gizonen eta emakumeen aukera-berdintasunean aurrera egiteko programa espezifikoak garatze aldera, honako arlo hauetan: enplegurako eta prestakuntzarako sarbidea, familia- eta lan-bizitza uztartzea, bai eta genero-nortasunaren aniztasunaren kudeaketarekin loturiko bestelako politikak ere.
Horregatik guztiagatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2016ko apirilaren 14ko bilkuran, honako erabaki hau hartu du:
ERABAKIA
Lehenengoa.– 2.200.000 euro esleituko dira Familia eta lana bateragarri egiteko laguntzei buruzko ekainaren 29ko 177/2010 Dekretuaren IV. kapituluan ezarritako laguntzak 2016ko ekitaldian finantzatzeko. Esleipen hori Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoari dagokion 41. sekzioko 3211 – Enplegua programaren kontura egingo da.
Kopuru hori handitu egin daiteke, baldin eta indarrean dagoen legeriaren arabera aurrekontuetan aldaketak onartzen badira. Aldaketa horiek eginez gero, horren berri emango da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen bidez.
Bigarrena.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren laguntzen kudeaketari dagokionez, honako hauek jakinaraztea:
– Erabaki honetan aipatutako diru-laguntzak lortzeko eskabideak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Zerbitzu Zentraletan (Atxotegi kalea 1, Vitoria-Gasteiz, 01009 PK), Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren lurralde-bulegoetan edo Zuzenean zerbitzuak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan dituen bulegoetan aurkeztu behar dira, erabakiaren eranskinean jasotako eredu ofizialaren bidez; helbide honetan eskuratu ahal izango da: http: //www.lanbide.euskadi.eus
Horretaz gain, administrazio-prozedura erkidea arautzen duen araudian aurrez ikusitako moduetako edozeinetan aurkeztu ahal izango dira eskabideak.
– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Laneratzea Aktibatzeko Zuzendaritzak hartuko du bere gain eskabideak kudeatzeko eta izapidetzeko ardura, eta Lanbide erakunde autonomoko zuzendari nagusiak izango du ebazteko eskumena.
– Ebazteko epea, gehienez, sei hilabetekoa izango da, diru-laguntza eskaera aurkezten den egunetik aurrera, eta epe hori igarotakoan interesdunari ebazpenik jakinarazi ez bazaio, eskaera administrazio-isiltasunaren bidez baietsi dela ulertuko da.
– Zuzendari nagusiaren ebazpenak administrazio-bideari amaiera ematen dio, eta, horren aurka, berraztertzeko errekurtsoa jartzeko aukera izango da organo horretan, jakinarazpenaren biharamunetik hasita hilabeteko epean, edo bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ere jar daiteke Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzietako Epaitegian, jakinarazpenaren biharamunetik hasita bi hilabeteko epean.
Hirugarrena.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiari agintzea erabaki hau argitara eman dezala Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.