Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

75. zk., 2016ko apirilaren 21a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA
1675

AGINDUA, 2016ko martxoaren 23koa, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuarena, zeinaren bidez Nekazaritza Politika Erkidean (NPE) txertatutako zuzeneko laguntzen 2016ko ekitaldirako deialdia egiten baita.

Europar Batasunak Nekazaritza Politika Erkidearen (NPE) zuzeneko laguntzen aldaketa sakona egitea onartu zuen 2013. urtean, helburu hauek betetzeko: laguntzen banaketa orekatuagoa izatea, belaunaldien txandakatzea bultzatzea, klimarako eta ingurumenerako onuragarriak diren nekazaritza-jardunbideak sustatzea, zailtasunak dituzten sektoreetan edo eskualdeetan produkzio-maila jakin batzuei eustea eta nekazari txikiei administrazio-karga murriztea.

2013. urtearen amaieran, NPEren laguntza-erregimen horien aldaketa inplementatzen duten erregelamendu sorta bat argitaratu zen. Erregelamendu horien artean, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1306/2013 (EB) Erregelamendua –Nekazaritza Politika Erkidearen finantzaketari, kudeaketari eta jarraipenari buruzkoa– nabarmentzen da. Erregelamendu horren bitartez, honako Erregelamendu hauek indargabetu ziren: Kontseiluaren 352/78 (EE), 165/94 (EE), 2799/98 (EE), 814/2000 (EE), 1290/2005 (EE) eta 485/2008 (EE) Erregelamenduak, eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1307/2013 (EB) Erregelamendua –Nekazaritza Politika Erkidearen esparruko laguntza-erregimenak betez, nekazarientzako zuzeneko ordainketei aplikagarri zaizkien arauak ezartzen dituena eta Kontseiluaren 637/2008 (EE) eta 73/2009 (EE) Erregelamenduak indargabetzen dituena–.

Espainiako estatuan, arau-aldaketa horiek guztiek eragin dute hainbat errege-dekretu argitaratzea, eta dekretu horietan bertan hitzez hitz azaltzen denez, haien helburua da «lurralde nazional osoan Nekazaritza Politika Erkidea aplikatzeko eredu berdina» ezartzea. Dekretu horien artean, honako hauek nabarmendu behar dira: abenduaren 19ko 1076/2014 Dekretua –Nekazaritza Politika Erkidearen oinarrizko ordainketa-erregimenerako eskubideak esleitzeari buruzkoa–; abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretua, abenduaren 29ko 1172/2015 Errege Dekretuak aldatua –2015etik aurrera nekazaritzari eta abeltzaintzari zuzeneko ordainketak eta bestelako laguntza-erregimenak aplikatzeari eta zuzeneko ordainketak eta landa-garapenerako ordainketak kudeatu eta kontrolatzeari buruzkoa–; abenduaren 19ko 1078/2014 Errege Dekretua –Zuzeneko ordainketak, landa-garapenerako laguntza jakin batzuk edo mahastizaintzako eta ardogintzako sektoreari laguntzeko programa jakin batzuk betez egindako ordainketak eskuratu dituzten pertsonek bete behar dituzten baldintza-arauak ezartzen dituena; eta abenduaren 19ko 1077/2014 Errege Dekretua, Nekazaritza Lursailak Identifikatzeko Informazio Geografikoaren Sistema arautzen duena.

Euskal Autonomia Erkidegoan, araudi hori garatu eta aplikatzeko, 20/2016 Dekretua argitaratu da duela gutxi –otsailaren 16koa, Euskal Autonomia Erkidegoan honako hauek garatu eta aplikatzekoa: Nekazaritza Politika Erkidearen (NPE) zuzeneko laguntzen erregimenak, Nekazaritza Lursailak Identifikatzeko Informazio Geografikoaren Sistema (SIGPAC) eta laguntzen onuradunek bete beharreko baldintzak–, urtarrilaren 20ko 13/2009 Dekretua ordeztuz. Dekretu horren 33. artikuluan xedatzen denez, Eusko Jaurlaritzan nekazaritzaren alorreko eskumena duen sailaren titularrak urtero egingo du laguntza hauek emateko deialdia, eta, era berean, agindu horren eranskinean, ekitaldi horretan aplikatu beharreko araudia bilduko da. Agindu honetan ezarri ahal izango dira, halaber, erreferentziazko araudia osatzeko xedapenak, alderdi teknikoak zehazteko edo beharrezkoak diren egokitzapenak egiteko.

Aurreko ekitaldietan bezala, 2016ko kanpainarako laguntzen deialdia egiten da Agindu honen bidez, zuzenean aplikatu beharreko Europako Erkidegoko araudi berriarekin, Estatuko oinarrizko araudi berriarekin eta otsailaren 16ko 20/2016 Dekretu berriarekin bat etorriz. Hori dela eta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Deialdia.

NPEan txertatutako zuzeneko honako laguntza hauen 2016. urterako deialdia egitea da Agindu honen xedea.

– Oinarrizko ordainketa.

– Klimarako eta ingurumenerako jardunbide onuragarriak aplikatzeko ordainketa.

– Nekazaritza-jardueran hasten diren nekazari gazteentzako ordainketa osagarria.

– Ordainketa elkartuak.

– Nekazaritzako ustiategi txikietarako erregimen sinplifikatua.

Bigarrena.– Eskabideak aurkezteko lekua eta epea.

2016ko kanpainan, Agindu honetan aurreikusitako laguntzak lortzeko eskabideak Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariari zuzenduko zaizkio, eta dagokion Eskualdeko Nekazaritza Bulegoan edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako tokietatik edozeinetan aurkeztuko dira, 2016ko otsailaren 1etik maiatzaren 15era bitarteko aldian. Estatuko Administrazio Orokorraren araudiak epe hori aldatzen badu eta hori Euskal Autonomia Erkidegoan nahitaez aplikatu beharrekoa bada, epe berria argitara emango da Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariaren ebazpen bidez.

Aurreko paragrafoan xedatutakoa gorabehera, ezarritako epea amaitu eta hurrengo 25 egun naturaletan, laguntza-eskaerak onartuko dira. Kasu horretan, zenbatekoa ehuneko bat murriztuko da aipatutako epea gainditzen den egun baliodun bakoitzarengatik, ezinbesteko kasuetan eta aparteko zirkunstantzietan izan ezik. 25 egunetik gorako atzerapenarekin aurkeztuz gero, eskaera ez da onartuko.

Hirugarrena.– Erregulazioa.

1.– Lehen ebazpenean aurreikusitako laguntzak arautzen dituen araudia Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1307/2013 Erregelamenduan (EB), abenduaren 19ko 1075/2004 Errege Dekretuan eta otsailaren 16ko 20/2016 Errege Dekretuan ezarritakoa izango da. Agindu honen ondorioetarako, erreferentziazko araudia osatuko dute horiek.

2.– 2016ko ekitaldirako deitutako laguntza-erregimen bakoitzerako erreferentziazko araudia ezagutzera ematearren, Agindu honen eranskinetan jaso da aurreko puntuan aipatutako Europako Erkidegoko eta Estatuko araudi hori (Agindu hau onartzean indarrean dena).

Laugarrena.– Nekazari aktibo izaera egiaztatzea.

1.– Abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuaren 8. artikuluan eta hurrengoetan aurreikusitako «nekazari aktibo» izaera egiaztatzeko, eskaera bakarrean baimen bat bilduko da, zeinaren bidez agintari eskudunak Zerga Administrazioaren eskutik informazio fiskala jaso ahal izango baitu, eta, horrela, nekazari aktiboa izateko baldintzak betetzen dituela egiaztatu; pertsona batek bere zerga-aitorpena Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo egiten duenean baina Euskal Autonomia Erkidegoan zuzeneko laguntzak eskatzen dituenean, beharrezkoa den zerga-informazioa aurkeztu beharko du izaera hori egiaztatzeko.

2.– Eskatzailea pertsona juridiko bat denean, berriz, ez da beharrezkoa izango nekazaritzako diru-sarrerak aitortzea edo horri buruzko informazioa eranstea foru-ogasunek dagoeneko informazio hori badute.

Bosgarrena.– Nekazarien esku dauden lurzatiak.

Foru aldundiek, diru-laguntzak kudeatzen dituzten organoak direnez, sistema bat ezarri ahal izango dute, nekazaritza-lurzatien jabeek dagokien foru-erakundeei jakinaraz diezaieten zein lurzati –errentan edo lagata ez egotearren– ezin diren eskatu laguntzak jasotzeko; izan ere, horretarako, titulartasuna egiaztatu beharko dute eta SIGPACeko erreferentziak adierazi. Kasu horretan, abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuaren VII. eranskineko I. atalaren 11. paragrafoan xedatutakoarekin bat etorriz, eskatzaileek ezin izango dute eskabidean errentatzailearen, lagatzailearen edo apartzeroaren IFZ adierazi.

Seigarrena.– Larreen onargarritasun-koefizientea.

1.– 2016ko kanpainarako, Agindu honen VI. eranskinean bildutako metodoari jarraikiz kalkulatuko da larreen onargarritasun-koefizientea (erabilera komuneko azaleretan zein era indibidualean aitortutako esparruetan).

2.– Nekazaritzako Lurzatien Informazio Geografikoko Sistemakoez (SIGPAC) bestelako erreferentziak dituzten erabilera komuneko larre iraunkorren kasuan, komuntzat hartutako larreak kudeatzen dituzten erakundeek eta larre horien eskatzaileek aitorpen bat aurkeztu beharko dute, abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuaren XIV. eranskinean ezarritakoari jarraikiz.

Zazpigarrena.– Tokiko jardunbide tradizionalak larreetan.

Larre iraunkorraren definizio berria kontuan hartuta –1307/2013 Erregelamenduaren 4.1.h) artikuluak ezarria–, agintari kudeatzaileek hala erabakitzen dutenean, bazkarako baliagarri diren lursailak ere har daitezke larre iraunkortzat, tokian-tokian finkatutako jardunbideen osagarri direnak –horien arabera, gramineoak eta bestelako belar-bazkak normalean ez dira nagusi izan larreetarako azaleretan–, eta, horrela, azalera hori onargarritzat hartuko da, dagokion larreen onargarritasun-koefizientea aplikatu ondoren. EAEn, tokiko jardunbide tradizionalek babestutako larre gisa identifikatu dira Agindu honen VII. eranskinean aipatutako erabilera komuneko larreak. Larre horietan historikoki eta gaur egun ganadua izan dela eta jardunbide tradizionalen arabera erabili direla dela justifikatzen duten agiriak izango dituzte agintari kudeatzaileek.

Zortzigarrena.– Ingurumenaren ikuspegitik sentikorrak diren larre iraunkorrak.

Abenduaren 19ko 1075/2014 Errege Dekretuaren 21. artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako, Agindu honen II. eranskinaren V. epigrafean jaso denez, Kontseiluaren 1992ko maiatzaren 21eko 92/43/EEE Zuzentarauaren edo Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2009ko azaroaren 30eko 2009/147/EE Zuzentarauaren babesean izendatutako Natura 2000 Sareko babes zorrotzeko habitaten zerrendan sartutako larre iraunkorrak hartzen dira sentikortzat Euskal Autonomia Erkidegoan 2016ko kanpainarako.

SIGPACaren bisorean, eremu horiek mugatzen dituen geruza bat sortu da, eta honako helbide elektronikoan kontsulta daiteke: http: //www.euskadi.net

Bederatzigarrena.– Aldi baterako ez-emankorrak.

2016ko kanpainan, azalera onargarrien barruan kokatuta dauden aldi baterako azalera ez-emankorrak eskabide bakarrean aitortuko dira Euskal Autonomia Erkidegoan, kanpaina horretan laguntza jasotzeko eskubidea ematen ez badute ere.

Hamargarrena.– Gaitasun mistoko behi-arrazak.

Abenduaren 19ko 1075/2004 Errege Dekretuaren 67.2 artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako, Euskal Autonomia Erkidegoan, 2016ko kanpainan, Montbelliarde, Fleckvieh eta Suitzar Arre izeneko behi-arrazak haragitarako gaitasunekotzat edo esnetarako gaitasunekotzat hartu ahal izango dira, ustiategiaren produkzio-orientazioaren arabera.

Hamaikagarrena.– Baldintzen ez-betetzeak balioestea.

Baldintzak ez-betetzeak Agindu honetako VIII. eranskinean aurreikusitako irizpideen arabera balioetsiko dira.

Hamabigarrena.– Errekurtsoak.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuari, hilabeteko epean, edo, zuzenean, administraziorekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, betiere agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Hamahirugarrena.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera sortuko ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko martxoaren 23a.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala