Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

65. zk., 2016ko apirilaren 7a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

IRAGARKIAK

Pribatuen iragarkiak

SOCIEDAD PARA LA TRANSFORMACIÓN COMPETITIVA-ERALDAKETA LEHIAKORRERAKO SOZIETATEA, S.A.
1474

IRAGARKIA, Sociedad para la Transformación Competitiva-Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, SA (SPRI) erakundearen Zuzendaritza Nagusiaren 2016ko martxoaren 22ko Ebazpenari buruzkoa» Industria Digitala: EIKTak aplikatzea industri arloko ETEetan «2016 Programa gidatuko duen araudia onartzen duena.

2016ko martxoaren 22an, Sociedad para la Transformación Competitiva-Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, SA (SPRI) erakundearen Zuzendari Nagusiak, «Industria Digitala: EIKTak aplikatzea industri arloko ETEetan» 2016 Laguntza Programa argitaratzeari buruzko Ebazpena eman zuen, honako eduki honekin:

Sociedad para la Transformación Competitiva-Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, SAk, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren menpeko sozietate publikoak, hainbat ekintza egiten ditu Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) industria, lehiakortasuna, enpresen arteko lankidetza, ikerketa eta enpresen garapena sustatzeko.

Zentzu horretan, SPRIk hainbat ekintza garatzen ditu Euskadiko Agenda Digitala 2015 eta Europarako Agenda Digitala 2020 Planetan jasotako helburuak betetzeko. Ekintza horien artean aipatzekoak dira Elektronika, Informazio eta Komunikazio Teknologiak (EIKTak) euskal enpresetan txertatzea helburu duten laguntza programak.

Ondorioz, Laguntza Programa hau diseinatu da industri arloko ETEetan EIKTak sartzen laguntzeko.

Gorago adierazitako guztiagatik,

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Sociedad para la Transformación Competitiva-Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, SAren Administrazio Kontseiluak 2015eko abenduaren 16ko saioan onartutakoarekin bat etorriz:

1.– «Industria Digitala» 2016 laguntza programaren araudia onartzea, zeinaren edukia atxikita baitago Ebazpen honen Eranskinean.

2.– «Industria Digitala» 2016 laguntza programaren araudia onartzen duen Ebazpen hau osorik argitaratzea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

Bilbao, 2016ko martxoaren 22a.

Zuzendari nagusia,

ALEXANDER ARRIOLA LIZARRITURRI.

ERANSKINA
INDUSTRIA DIGITALA PROGRAMA

Industria Digitala programa bat dator Euskadiren Agenda Digitala 2020 (AD@2020), Informazio Gizartea Garatzeko Plan Estrategikoan definitutako jarduera-politikekin. Agenda hori programako Zuzendaritza Batzordeak onartu du, eta Batzorde hori osatzen dute Informazio Gizartearen kudeaketan eta sustapenean eskumenak dituzten Eusko Jaurlaritzako Sail guztiek.

2015eko abenduan azken Agenda Digitalari buru eman ondoren, komeni zen programa berri bat izatea, arrazoi hauengatik:

Lehenik eta behin, Eusko Jaurlaritzak uste du gizarte digital batek abantaila handiak ekarriko dituela lehiakortasun eta ongizate arloetan. Europako agintariek herrialde eta eskualde kide guztiak animatzen dituzte arlo horretako politika eta ekintzak bultzatzera ekonomiaren eta gizartearen sektore guztietan.

Bigarrenik, azkenaldian gehien errepikatu diren paradigma askok (esaterako, aldaketetara egokitzea, etengabeko aurrerapen teknologikoa, eta lankidetza publiko-pribatuaren paper garrantzitsua) denboran iraun dute eta, gainera, indarrean diraute.

Hirugarrenik, Informazio eta Komunikazio Teknologiek eboluzionatu egin dute, guztiz disruptiboak diren eszenatoki berriak sortuz; horietako batzuek aldaketa premia handiak eragin dituzte, eta beste batzuek, berriz, aukera bikainak sortu dituzte. Zentzu horretan, Euskadik aukera paregabea du aurrera egiteko industria aurreratu baterantz, zeinak aprobetxatu eta bere egingo baitu 4.0 Industriaren esparruko EIKTen potentziala.

Plan hori honela egituratu da: 4 ardatz, 11 Erronka Estrategiko eta Ekintza Ildo eta Ekimen zehatz mordo bat, aurkeztutako helburuak lortu ahal izateko. Plan horretan badira zenbait ekimen trakziogiletzat jotzen direnak beren berrikuntza graduagatik, helburuetan duten inpaktuagatik edo efektu integratzaileagatik. Hona hemen bat:

«Basque Industry 4.0 Estrategian definitutako etorkizuneko euskal industria eraikitzea, belaunaldi berriko teknologia digitalak Euskadiko industria-sarean garatuz eta txertatuz».

«Enpresak merkatu global digitalizatuan» da AD@2020 programaren 4 Jarduera Ardatzetako bat.

Enpresak Merkatu Digital Globalizatuan ardatzaren helburua da aurrera egitea industria adimendunaren garapenean, jomugatzat harturik Basque Industry 4.0 estrategia eta Euskadiko RIS3 Espezializazio Adimenduneko Estrategian definitutako sektoreak. Horretarako, garapen teknologiko berriek eta negozio-eredu berriek eskaintzen duten potentziala aprobetxatuko da. Hona hemen Ardatz horretako Erronkak:

1. erronka: EIKT aurreratu eta irisgarriak sektore estrategiko industrialen esku jartzea, hasi I+G fasetik eta industrian aplikatzeko teknologiak eta konponbideak garatzeraino.

2. erronka: industria adimenduna bultzatzea, EIKTak sartuz fabrikazioan, balio-kateak integratuz, eta balio erantsi handiko produktuak eta zerbitzuak garatuz.

3. erronka: EIKTen erabilpena sustatzea, enpresa, negozio-eredu eta merkatura sartzeko modu berriak sortzeko, hazteko eta sendotzeko.

Industria digitala programaren bidez erantzuna ematen zaio EIKT aurreratuak eta eskuragarriak sektore estrategiko industrialen eskura jartzeko erronkari. Hain zuzen, hauxe du helburu:

«Laguntzak ematea Elektronika, Informazio eta Komunikazio Teknologiak manufaktura arloko ETE (enpresa txiki eta ertain) industrialetan sartzeko».

1. artikulua.– Helburua.

Programa honen helburua da laguntzak ematea Elektronika, Informazio eta Komunikazio Teknologiak manufaktura arloko ETE (enpresa txiki eta ertain) industrialetan sartzeko.

2. artikulua.– Laguntzen izaera.

1.– Programa hau gauzatzean eta ebaztean publizitatearen, lehiaren eta objektibotasunaren printzipioak bete behar dira.

2.– Programa honek eta bertan arautzen diren laguntzek ez dute bete behar norgehiagoka-printzipioa.

3.– Programa honen bidez ematen diren diru-laguntzak itzuli beharrik gabeko fondo galdurako diru-laguntzak dira.

4.– Programa honen barruan emandako diru-laguntzek ez dute lotura zuzenik esportatutako kopuruekin, banaketa sare bat sortu eta ustiatzearekin, edo esportazio jarduerarekin lotutako beste gastu arrunt batzuekin.

3. artikulua.– Aplikatzekoa den araudia.

Programa honi araudi hau aplikatuko zaio:

1.– Abenduaren 17ko 698/1991 dekretua, zeinaren bidez arautzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura emandako diru-laguntzen berme eta ordainketen araubide orokorra eta ezartzen baitira berorren kudeaketan parte hartzen duten erakunde kolaboratzaileen baldintzak, erregimena eta betebeharrak.

2.– Azaroaren 11ko Legegintzako 1/1997 Dekretua, EAEko Ogasun Orokorraren Printzipio Antolatzaileak ezartzen dituen Legearen Testu Bateratua onartzen duena.

3.– Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra. 13. artikulua eta aplikatzekoa den gainerako guztia (38/2013 Legea).

4.– Europako Batzordearen 1407/2013 Araudia (EB), Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa (EBEO L-352/1).

5.– 14/2007 Legea, abenduaren 28koa, Herrialde Txirotuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutunari buruzkoa.

6.– Ekainaren 17ko 651/2014 (EB) araudia, I. Eranskinean ezarritakoari dagokionean.

4. artikulua.– Terminoak eta definizioak.

Programa honen ondorioetarako, honako definizio hauek finkatzen dira:

1.– «SPRI». Sociedad para la Transformación Competitiva – Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, SA sozietatearen izen komertziala, Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailari atxikitako sozietate publikoa.

2.– Erantzukizunezko aitorpena. Erakundearen legezko ordezkariak egindako erantzukizunpeko aitorpena, eskaerari atxikitako ereduaren arabera egina, hauek egiaztatzen dituena:

a) Erakundeko legezko ordezkariaren izen-abizenak eta Nortasun Agiri Nazionalaren zenbakia (NAN) edo Atzerritarraren Identifikazio Zenbakia (AIZ).

b) Erakundearen izena, Identifikazio Fiskalerako Zenbakia (IFZ) eta baltzuaren helbidea.

c) Gutxienez jarduera ekonomikoko zentro baten helbidea Euskal Autonomi Erkidegoan izatea, bertan egingo direlarik Laguntza Eskaeran deskribatutako diruz lagundu daitezkeen jarduerak.

d) Euskadiko Jarduera Ekonomikoen Zergaren kasuan kasuko epigrafean alta emanda egotea.

e) Egunean egotea Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko edota haren kolaboratzaileekiko zerga betebeharretan, eta baita ere SPRI Taldeko edo/eta Eusko Jaurlaritzako enpresekiko dauzkaten betebeharretan.

f) Aurreko bi ekitaldi fiskaletan eta laguntza eskatzen den ekitaldi fiskalean jasotako minimis laguntzen zerrenda, bertan adieraziz laguntza hori noiz eman zen, zein organismok eman zuen, zein programaren baitan eta laguntzaren zenbatekoa.

g) Proiektu hori bera gauzatzeko beste erakunde publiko zein pribatu batzuei eskatutako edo/eta haiek emandako diru-laguntzak, bertan adieraziz laguntza hori noiz eskatu zen, eta, hala badagokio, zein organismok eman zuen, zein programaren baitan eta laguntzaren zenbatekoa.

h) Enpresaren tamaina erabakitzeko datuak.

i) Arau honen 6.2.d) artikuluan aurreikusitako egoeraren batean ez egotea.

j) Armarik ez produzitzea, merkaturatzea edo finantzatzea, Herrialde Pobretuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutunari buruzko abenduaren 28ko 14/2007 Legeak ezarritakoarekin bat etorriz.

3.– Enpresa. Jarduera ekonomiko bat gauzatzen duen pertsona fisiko edo juridikoa.

4.– Kanpoko aholkularitza edota ingeniaritza espezializatuko gastu eta inbertsioak. Aurkeztutako proiektuaren eremuan adituak diren eta proiektua aurrera eraman behar duten kanpoko enpresak azpi-kontratatzeko gastua. Proiektuari lotutako software eta hardware inbertsioak.

Kanpoko enpresa adituek baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Ez dira izango ez sozietate publikoak, ez zuzenbide publikoko erakundeak, ez elkarteak, ez profesionalen elkargoak ez eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko kideak.

b) Ez du izango zuzeneko edo zeharkako akzio- edo partaidetza-loturarik laguntza eskatzailearekin.

c) Enpresak eta horien langile zein laguntzaileak ez dira egongo SPRIren deshomologazio-prozeduretan.

5.– Enpresa handiak. 8. puntuan ezarritako mugak gainditzen dituzten enpresak.

6.– Laguntzaren intentsitatea. Laguntzaren zenbatekoa, gastu edo/eta inbertsio hautagarrien gehienezko aurrekontuen ehunekoaren arabera.

7.– Proiektuaren eskaintza teknikoa eta ekonomikoa. Erakunde hornitzaileak egindako txostena, honako informazio hau jasoko duena:

– Enpresaren jarduera eta egungo egoera (teknologiari dagokionean).

– Detektatutako arazoa / premia. Lortu nahi diren helburuak.

– Egin beharreko ingeniaritza eta aholkularitza lanen, eta produktuaren/zerbitzuaren nahiz proiektuan sortuko diren dokumentuen azalpena.

– Diru-laguntza jasoko duen proiektuaren bidez egingo diren hardware eta software inbertsioen azalpena. Argitu proiektuarekin duen lotura eta zergatik den beharrezkoa.

– Ezarriko den EIKT konponbidearen azterketa sakona. Proiektuan erabiliko diren teknologiak.

– Aurrekontu banakatua, bere baitan hartuz aholkularitza edota ingeniaritza kostuak, sistemaren lizentziak eta mantenimendua (hala badagokio).

– Egin beharreko zeregin bakoitzarentzat balioetsitako ordu kopurua (dedikazioak).

– Proiektua burutzeko egutegia.

8.– Enpresa txiki eta ertainak (ETEak).

a) 250 langile baino gutxiago dauzkaten enpresak, baldin eta 50 milioi eurotik gorako urteko negozio bolumenik ez badute edota 43 milioi eurotik gorako urteko balantze orokorrik ez badute.

b) Enpresa ertainak: 50 eta 249 langile bitarte dauzkaten enpresak, baldin eta 10 eta 50 milioi euro bitarteko urteko negozio bolumena, edo, 10 eta 43 milioi euro bitarteko urteko balantze orokorra badute.

c) Enpresa txikiak: 50 langile baino gutxiago dauzkaten enpresak, baldin eta 10 milioi eurotik beherako urteko negozio bolumena badute edota 10 milioi eurotik beherako urteko balantze orokorra badute.

d) Langile kopurua, finantza-zenbatekoak eta erreferentzia epea zehazteko, Batzordearen 651/2014 (EB) Araudiaren I. eranskinean xedatutakoa izan beharko da kontuan.

9.– SPRIri baimena ematea eska dezan enpresak egunean izan ditzala zerga-ordainkizunak eta Gizarte Segurantzari dagozkionak eta, era berean, kontsulta dezan JEZren (jarduera ekonomikoen gaineko zergan) zein epigrafetan dagoen alta emanda.

SPRIri baimena ematea ziurtagiriak eska diezazkien Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiari, Zerga Administrazioko Estatu Agentziari eta Araba, Bizkaia nahiz Gipuzkoako Foru Aldundiei, ziurtagiri horien bidez bermatzeko ordezkatutako enpresak zerga administrazioekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak betetzen dituela eta alta emanda dagoela Jarduera Ekonomikoaren gaineko Zergaren dagokion epigrafean edo epigrafeetan. Horrela, aurkeztutako laguntza eskaerak aztertu edota ordaindu ahal izango dira, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzazko Dekretuaren 50.3 artikuluari jarraiki, zeinak Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateratua onartzen baitu.

5. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Programa honen xederako, hots, diru-laguntzak emateko erabiliko diren baliabide ekonomikoak 2.700.000 eurorainokoak dira, eta, Sociedad para la Transformación Competitiva-Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, SA sozietateak bere aurrekontuetan horretarako sortutako zuzkiduretakoak izango dira, zeintzuk sartuta baitaude Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan.

2.– Funtsak mugatuak direnez, programa honen bitartez lortu nahi da ahalik eta denbora tarte txikiena igarotzea laguntza eskatzen denetik ematen den arte, eta horrenbestez, espedientea osatua dagoenean eta era ordenatuan egingo da esleipena. Programaren guztizko zenbatekoa gainditzen duten laguntzei ezezkoa emango zaie, ebazpen baten bidez.

3.– Programarako funtsak agortzen badira, programari amaiera emango zaio, eta horren berri emango du SPRIren zuzendari nagusiak sozietatearen web orrian (www.spri.es) eta EHAAn argitaratuko den ebazpen baten bidez.

4.– Behin aurrekontu-kreditua bukatuta, ezingo da beste diru-laguntzarik eman eta, hori dela-eta, aurkeztu diren baina ebazteke dauden eskaerak ezetsi egingo dira.

5.– Eskualdeen Garapeneko Europako Funtsak lagunduta finantzatzen dira diru-laguntza hauek (EGEFren ekarpena diruz lagundutako zenbateko osoaren % 50ekoa izango da). Horregatik, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko (EB) 1303/2013 Araudian ezarritakoaren mende daude laguntzak, eta honako hauek dira EGEFren laguntzarekin finantzatutako proiektuek bete beharreko baldintzak:

– Kontrol, erantzukizun, zehapen-araubide eta ez-betetzeei dagokienez, onuradunak Estatuko eta EBko legeria bete behar ditu.

– Euskadiko 2014-2020 aldirako EGEF Programa Eragilearen esparruan kofinantzatuko dira laguntza hauek, eta horren berri eman beharko da jendaurrean, 1303/2013 (EB) Araudiaren 115. artikuluko 3. atalaren eta XII. eranskineko 2.2 atalaren arabera. Alde horretatik, baldin eta diruz lagundutako jarduerei buruzko informazio eta komunikazio ekintzak egiten badira, EGEF bidezko kofinantzaketa komunitarioa aipatu beharko da hedapenerako erabilitako material edo euskarrietan, Batasunaren ikurra eta Europar Batasunaren erreferentzia txertatuta. Operazioa garatzen ari den bitartean, haren deskribapen labur bat egin beharko da bere webgunean, Batasunaren diru laguntza nabarmenduz bertan, eta gutxienez proiektuari buruzko informazio kartel bat –A3ko gutxieneko tamainan– jarriko da, non Batasunaren diru laguntza aipatuko baita jendeak ikusteko moduan.

– Laguntza onartuz gero, onartu egingo da, halaber, 1303/2013 (EB) Araudiaren 115. artikuluko 2. atalean jasotako operazioen zerrenda publikoan sartzea.

EGEFren kofinantzaketa jasotzen duenak finantzaketari, administrazioari eta ekintzen garapenaren jarraipenari buruzko informazioa artxibatu behar du, harik eta, eragiketaren gastuak barne hartzen dituzten kontuak aurkeztu eta ondorengo abenduaren 31tik 3 urte igarotzen diren arte. Testuinguru horretan, onuradunak erraz eskuratzeko moduan izan beharko du informazio hori (kontabilitate-sistema bereizia edo berariazko kodeketa).

6. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Programa honetako laguntzak eskuratu ahal izango dituzte industri arloko manufakturako enpresek, eta produktu industrialak diseinatzen eta muntatzen dituztenek.

2.– Onuradunek gainera ondoko baldintza hauek bete behar dituzte:

a) ETEa izatea. «Lanbide-Euskadiko Enplegu Zerbitzuko Zentro Berezien erregistroan inskribatutako erakundeek» ez dute baldintza hori bete beharko.

b) Euskal Autonomi Erkidegoan jarduera industrialeko zentro bat edukitzea.

c) Diruz lagundu daitekeen jarduera Euskal Autonomia Erkidegoan gauzatzea.

d) Egunean egotea Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko zerga betebeharretan, eta baita ere SPRI, SA Taldearekiko eta Eusko Jaurlaritzarekiko dauzkaten betebeharretan.

e) Ondoko egoeraren batean ez egotea:

Lehenengoa.– Diru-laguntza publikoak lortzeko edota Euskal Autonomi Erkidegoko Administrazioarekin edo bere sektore publikoarekin kontratatzeko legezko debekua edo gaitasun gabetzea izatea, horren barruan sartzen direlarik sexu bazterkeriagatik egoera horretan daudenak Emakume eta Gizonen Berdintasunerako Legearen arabera.

Bigarrena.– Laguntzak berreskuratzeko agindu baten menpe egotea, Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta barne merkatuarekin bateraezina dela.

Hirugarrena.– Legegintzako 1/1997 Dekretuaren 50. artikuluko egoeretan eta 13/2003 Legearen 13. artikulukoetan egotea, zeinaren ondorioz ezin baita izan laguntzen onuradun.

Laugarrena.– 200.000 eurotik gorako minimis laguntza bat jaso izana, egungo ekitaldi ekonomikoa eta aurreko biak aintzat hartuta. Onuraduna errepideko garraio-sektorean jardunean diharduen enpresa bada, gehiengo hori 100.000 eurora jaitsiko da. Beste laguntza batzuekiko metatze-arauak Programaren 11. artikuluan daude zehaztuta.

Bosgarrena.– Agintaritza eskudunak egiaztatzea ezen erakunde horrek lehia galarazten, murrizten edo faltsutzen duten jarduerak egiten dituela.

Seigarrena.– Armak egiten, merkaturatzen eta finantzatzen aritzea, betiere abenduaren 28ko 14/2007 Legean, Herrialde Txirotuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutunari buruzkoan, ezarritakoari jarraikiz.

Zazpigarrena.– Bere jarduera garatzea sektore hauetakoren batean: (i) arrantza eta nekazaritza, (ii) nekazaritzako produktuen lehen mailako produkzioa, eta (iii) nekazaritza produktuen eraldaketa eta merkaturatzea, 1407/2013 Araudiaren 1.1.c) artikuluan aurreikusitako kasuetan.

Zortzigarrena.– Oraindik bete gabe izatea edozein administraziotatik edo sektore publikoko edozein erakundetatik jasotako laguntza edo diru-laguntzei dagozkien zenbatekoak itzultzeko betebeharrak. Ezingo dute, halaber, deialdi honetan parte hartu zehapen-prozedura batean zehapen irmo bat jaso dutenek (betiere, laguntza publiko batetik datorren zehapena bada), edo horrelako programetan lehiatzea galarazten duten zehapenak dituztenek, baldin eta zehapena betetzen ari badira. Eskatzailea dirua itzultzeko prozedura batean edo mota horretako zehapen-prozedura baten barruan badago, horren emaitza ikusita emango -edo, hala badagokio, ordainduko- da laguntza.

Bederatzigarrena.– Prozedura batean kaudimengabetzat joak izatea, konkurtsoa eskatu izana, konkurtsoan egotea, esku-hartze judizial batean egotea edo Konkurtso Legearen arabera desgaituak izatea, konkurtsoko kalifikazio-epaian finkatutako desgaitze-aldia amaitu gabe egonik.

Hamargarrena.– Diru-laguntzen deialdi hau egin aurreko bost urteetan enpresa edota haren legezko ordezkariak epai irmo baten bidez kondenatuak izatea, laneko osasunaren aurkako delituren bat egiteagatik, eta, halaber, zehapen irmoa jasotzea, arlo horretan arau-hauste administratibo oso larria egiteagatik.

3.– Honako hauek ez dira izango onuradun:

a) Sozietate Publikoak eta Zuzenbide Publikoko Erakundeak.

b) ZTBESko kideak, Kluster nagusiak eta Aurre-klusterrak.

c) Aholkularitza informatikoko enpresak.

d) Ingeniaritza lanak bakarrik egiten dituzten enpresak.

e) Araudi honetan aurreikusitako diru-laguntzen xede diren esparruetan zerbitzuak ematen dituzten aholkularitza informatikoko enpresekin akzio- edo partaidetza-lotura zuzena edo zeharkakoa duten entitateak.

4.– Laguntza eta likidazio eskaerak aurkezten diren unean laguntzen onuradun izateko baldintzak bete beharko dira.

7. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.

Diruz laguntzeko moduko jardueratzat hartuko dira EIKTak manufaktura arloko ETE industrialetan sartzea helburu duten proiektuak eremu hauetan:

– Hornikuntza katearen kudeaketa (SMC motako aplikazioak ezartzea).

– Enpresako informazioaren kudeaketa integratua (ERP, Business Intelligence motako aplikazioak ezartzea).

– Bezeroarekiko harremanen kudeaketa (CRM motako aplikazioak ezartzea).

– Produktuaren bizitza zikloaren kudeaketa (CAD; CAM CAE, PDM, DMF motako aplikazioak ezartzea).

– Produkzio prozesuaren kontrol sistemak (Kontrol Numerikoa, PLC sistemak inplementatzea).

– Fabrikako datuak atzemateko sistemak (SCADA).

– Prebentziozko mantenimendua kudeatzeko sistemak.

– Produkzio prozesuarekin lotutako logistika kudeatzeko sistemak.

– Produktuarekin eta produkzio prozesuarekin lotutako sentsorikako proiektuak.

– Fabrikako produkzioa hobetzen edo automatizatzen duten eta egoera aztertzea nahiz erabakiak hartzea errazten duten EIKTak sartzeko proiektuak.

Proiektu bat SPRIren programa batean aurkeztu bada lehenago eta diru-laguntza jaso badu, proiektu hori eguneratzea edo mantentzea ez da diruz laguntzeko moduko jardueratzat hartuko. Proiektu batek berriro parte hartu ahal izango du laguntza-programa honetan, baldin eta 7 urte behintzat pasa badira SPRIk laguntza eman zionetik, eta egiaztatzen badu jauzi kualitatibo handia eman duela teknologiaren ikuspuntutik.

Ez dute diru-laguntzarik jasoko artikulu honetan azalduta dauden, eta erakunde onuradunaren katalogora biltzen diren produktu edo zerbitzuek.

8. artikulua.– Gastu hautagarriak.

1.– Gastu edo/eta inbertsio hautagarritzat hartuko dira 7. Artikuluan deskribatutako aholkularitza, ingeniaritza, hardware eta software gastuak, baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Laguntza eskaera SPRIn aurkezten denetik aurrera eta data horren ondorengo 12 hilabeteetan sortuak edo fakturatuak izan behar dute.

b) Kanpoko enpresa espezializatuek eginak izan beharko dute, 4. artikuluan azaldutako baldintzak betez.

2.– SAAS formatuko kudeaketa-aplikazioak ezartzea aurreikusten duten proiektuei dagokienez, gastu hautagarritzat hartu ahal izango dira orobat era horretako zerbitzuei egozteko moduko gastuak gehienez 12 hilabetean, baldin eta artikulu honetan deskribatutako baldintzak betetzen badituzte eta 7. artikuluan deskribatutako proiektu moten barruan badaude.

9. artikulua.– Gastu eta inbertsio hautagarriei aplikatzeko baldintzak.

Gastu eta inbertsio hautagarriak baloratzeko, honako irizpideak izango dira kontuan:

a) Lotura zuzena izango dute programa honen helburu den lankidetza-jarduerarekin.

b) Deskontuak eta antzekoak izanez gero, gastua gutxitu egingo da.

c) Gastu hautagarriaren balioespena kutxako irizpidearen araberakoa izango da.

d) Programaren Batzorde Exekutiboaren iritziz proiektuaren gastu-aurrekontua handiegia bada antzeko proiektuen batez besteko gastuekin alderatuta, bere esku egongo da gastu hautagarrien oinarria murriztea, gastu egokitzat eta proportzionatutzat jotzen den zenbatekoaren arabera.

e) Fakturan aplikatutako Balio Erantsiaren gaineko Zerga ez da gastu hautagarria izango.

f) Halaber, honako hauek ere ez dira gastu eta inbertsio hautagarriak izango: eskatzaileak berak edo taldeko enpresaren batek egindako lanak, aholkulariak egindako joan-etorrien gastuak, material didaktikoak egitea edo aretoak alokatzea, dietak eta antzekoak. Gastu horiek fakturen kontzeptutik bereizita aurkeztu beharko dira.

10. artikulua.– Laguntzen modalitateak eta zenbatekoak.

Laguntzak diru-laguntza bezala egituratuko dira.

Diru-laguntza kalkulatzeko, kontuan hartuko dira definizio hauek:

– «Proiekturako onartutako aurrekontu globala» kontzeptu hauen batura izango da:

– Aholkularitza edota Ingeniaritza Gastuentzat onartutako aurrekontua, gehi

– Hardwarearentzat onartutako aurrekontua, gehi

– Softwarearentzat onartutako aurrekontua.

– Hauxe izango da diruz lagundu daitekeen kontzeptu bakoitzarentzat «onartutako gehienezko aurrekontua», portzentajeak aplikatzeko eta diru-laguntza kalkulatzeko oinarria izango dena:

– Aholkularitza edota Ingeniaritza Gastuentzat onartutako aurrekontua, gehi

– Hardwarearentzat onartutako aurrekontua (Aholkularitza edota Ingeniaritza Gastuentzat onartutako aurrekontuaren % 50eraino gehienez), gehi

– Softwarearentzat onartutako aurrekontua (Aholkularitza edota Ingeniaritza Gastuentzat onartutako aurrekontuaren % 50eraino gehienez).

– Aholkularitza edota Ingeniaritza Gastuak proiekturako onartutako aurrekontu globalaren % 50ekoak izango dira gutxienez.

Hona hemen proiekturako onartutako gehienezko gastu eta inbertsio aurrekontuen gaineko diru-laguntza portzentajeak (artikulu honetan bertan azaldu bezala) diruz lagundu daitezkeen hiru kontzeptuetako bakoitzean:

a) Mikro-enpresak eta Enpresa txikiak, % 50.

b) Enpresa ertainak, % 30.

Proiektuarekin lotutako aholkularitza-ingeniaritza, hardware eta software gastuak dituen eta diruz laguntzeko modukoa den jarduera bat edo gehiago egiteko, 18.000 euroko diru-laguntza emango da gehienez.

Diruz lagundu daitekeen kontzeptu bakoitzagatiko gehienezko diru-laguntza hauxe izango da, diru-laguntza globalaren 18.000 euroko gehienezko mugaren barnean:

– Hardwarea: gehienez 5.000 euro.

– Softwarea: gehienez 5.000 euro.

– Aholkularitza edo/eta Ingeniaritzako gastuak: gehienez 18.000 euro.

11. artikulua.– Laguntzak metatzea eta mugak.

1.– Programa honetan jasotako laguntzekin batera beste laguntza bateragarri batzuk eskuratu ahal izango dira, edo Europako beste finantzabide batzuk, betiere gastu hautagarri berberetarako gehienezko laguntzaren muga errespetatzen bada.

2.– Laguntzaren zenbatekoa ez da inola ere izango erakunde onuradunak garatzeko asmoa duen jardueraren kostua baino handiagoa, soilik laguntza hori aintzat hartuta edo edozein administraziok edo horien sektore publikoek xede bererako emandako beste laguntza batzuk gehituta. Baldin eta beste laguntza publiko batzuk eta programa honen bidez emandakoa metaturik lortzen den zenbatekoak gainditu egiten badu kostu hori, murriztu egingo da programa honetan araututako laguntzaren zenbatekoa jardueraren gehiegizko finantzaketa saihesteko behar den neurrian.

3.– Programa hau aplikatuz emango diren laguntzak garrantzi txikikoak edo minimis laguntzak izango dira.

4.– Erakunde onuradun batek jaso dezakeen minimis laguntzaren guztizkoak ezingo du 200.000 eurotik gorakoa izan, indarrean dagoen ekitaldi fiskala eta aurreko biak aintzat hartuta. Onuraduna errepide bidezko garraioaren sektoreko enpresa aktibo bat bada, gehiengo hori 100.000 eurora murriztuko da (horrez gain, laguntza ezingo da erabili merkatu-gaiak errepidez garraiatzeko ibilgailuak erosteko). Hortaz, programa honetan aurreikusitako laguntzak ez dira esleituko, baldin eta esleitutako laguntzak muga hori gainditzen badu hain justu ere onuradunak eskuratutako beste minimis laguntza batzuk erantsi ondoren. Berdin dio laguntza horiek zein administraziok esleitu dituen.

5.– Minimis laguntzak ez zaizkio metatuko Estatuko inongo diru-laguntzari, diruz lagun daitezkeen gastu horiei dagokienez, baldin eta metatze horrek gaindituko balu laguntzaren intentsitatea edo dagokion gehieneko laguntzaren kopurua. Gehieneko kopuru hori kasu bakoitzaren ezaugarri zehatzen arabera dago ezarrita, kategorien araberako salbuespen-araudi baten edo Batzordeak harturiko erabaki baten bitartez.

6.– Aurrez aipatutako muga horiek edo programa honek zehazten dituen beste batzuk gaindituz gero, soberako kantitatea murriztu egingo da programaren arabera emandako zenbatekotik.

7.– Minimis laguntzak emandakotzat joko dira enpresari aitortzen zaionean laguntza jasotzeko legezko eskubidea duela.

12. artikulua.– Laguntza eskaera.

1.– Aurreikusitako laguntzak jasotzeko baldintzak betetzen dituzten erakundeek laguntza eskaera egiteko formularioa bete beharko dute SPRIren webgunean.

2.– Eskaera hori izenpe elektroniko aurreratuaren bidez (ziurtagiri elektroniko errekonozitu batekin) sinatu beharko du erakundea ordezkatzeko ahalorde nahikoa duen pertsona batek. Sinadura elektronikoaren eguna hartuko da aurkezpen-egun modura.

3.– Erakunde eskatzailearen eta bere legezko ordezkariaren identifikazio-datuak jaso beharko dira laguntza eskaeran.

4.– Laguntza eskaerarekin batera agiri hauek aurkeztu behar dira:

a) Erakundearen legezko ordezkariaren erantzukizunezko aitorpena.

b) Legezko ordezkariaren notario-ahalordearen kopia.

Onuraduna langile autonomoa baldin bada, dagokion Foru Aldundiaren edo Udaleko Ogasun Sailaren ziurtagiri eguneratua, jarduera ekonomikoa egiaztatuko duena.

c) Erakunde onuradunaren IFZ.

d) Proiektuaren eskaintza tekniko eta ekonomikoa, puntu hauei buruzko informazio zehatza eduki behar duena:

– Enpresaren jarduera eta egungo egoera (teknologiari dagokionean).

– Detektatutako arazoa / premia. Lortu nahi diren helburuak.

– Egin beharreko ingeniaritza eta aholkularitza lanen, eta produktuaren/zerbitzuaren nahiz proiektuan sortuko diren dokumentuen azalpena.

– Diru-laguntza jasoko duen proiektuaren bidez egingo diren hardware eta software inbertsioen azalpena. Argitu proiektuarekin duen lotura eta zergatik den beharrezkoa.

– Ezarriko den EIKT konponbidearen azterketa sakona. Proiektuan erabiliko diren teknologiak.

– Aurrekontu banakatua, barne hartuz aholkularitza edo/eta ingeniaritza kostuak, sistemaren lizentziak eta mantenimendua (hala badagokio).

– Egin behar den zeregin bakoitzarentzat balioetsitako ordu kopurua (dedikazioak).

– Proiektua burutzeko egutegia.

e) Enpresa onuraduna laguntza eskaera aurkeztu aurreko 12 hilabeteetan eratua izan bada, bere «negozio-plana» aurkeztu beharko du.

f) SPRIri baimena ematea honek eska dezan zerga-ordainkizunak eta Gizarte Segurantzari dagozkionak eguneratuak izatea eta, era berean, kontsulta dezan enpresa JEZen (jarduera ekonomikoen gaineko zergan) alta emanda dagoen epigrafea.

5.– Enpresa onuradunak eta SPRIk baliozkotzat joko dituzte diru-laguntza eskaeran adierazitako harremanetarako pertsonaren helbide elektronikora posta elektronikoz bidaltzen diren jakinarazpen guztiak. Laguntzaren onuradun gisa agertzen den enpresaren posta elektronikoa bakarrik onartuko dira harremanetarako helbide gisa.

13. artikulua.– Laguntza eskaerak aurkezteko epea eta Programaren indarraldia.

Laguntza eskaerak aurkezteko epea Programa Euskadiko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamuneko 09:00etan (penintsulako ordua) hasiko da eta 2016-09-23ko eguerdiko 15:00etan (penintsulako ordua) amaituko da.

Laguntza eskaera eta horrekin batera aurreko artikuluan eskatzen den dokumentazioa, diruz lagundu beharreko jarduera hasi baino lehen aurkeztu beharko dira.

Salbuespen gisa, tramitaziora onartuko dira 2016ko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako proiektuen laguntza eskaerak, baldin eta eskaera aurkeztean aribidean badaude, eta betiere, eskaerak araudi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta bi hilabeteko epean aurkezten badira.

14. artikulua.– Ebaluaketa eta ebazpen prozedura.

1.– SPRIko Administrazio Kontseiluak 2015eko martxoaren 30ean hartutako erabakiaren arabera eratu zen Programako Batzorde Exekutiboa zeina Merkataritza Erregistroan inskribatu baitzen. Hala, berea da araudi honen arabera aurkeztutako eskaerak ebaluatzeko eta ebazpenak emateko eskumena, eta horiei buruzko deliberamenduak dagozkion aktan jasota geldituko dira.

2.– Laguntza eskaerak ebaluatu eta ebatziko dira espedienteak osaturik daudenean.

3.– Laguntza eskaerak onartzeko irizpideak 6. eta 7. artikuluetan daude jasota.

4.– Batzorde Exekutiboak emango du ebazpena zuzeneko esleipen bidez, eta eskaerak aurkezpen hurrenkeraren arabera ebatziko dira, aurrekontu kreditua dagoen bitartean.

5.– Ebazpen epea. Ebazteko gehienezko epea 120 egun naturalekoa izango da agiri guztiak aurkezten diren egunetik kontatzen hasita. Epe horretan ebazpenik eman ez bada, ezetsi egin dela ulertuko da.

6.– Batzorde Exekutiboko idazkariak emango du ebazpenen berri, eta diruz lagunduko den jarduera gauzatzeko zenbateko diru-laguntza emango den, zein baldintzatan eta zein epetan egin behar den ere jakinaraziko du; era berean, jarduera hori garatzeko beharrezkoa den beste edozein baldintza ere zehaztuko du.

7.– Aipatu ebazpena emandakoan erakunde eskatzaileari posta elektronikoz jakinaraziko zaio, Batzorde Exekutiboak ebazpena emateko egin duen batzar egunaren biharamunetik zenbatzen hasi eta gehienez ere 15 eguneko epean.

8.– Araudi honetan jasotako epeen ondorioetarako ez da kontuan hartuko abuztua.

9.– Ebazpena SPRIren web-gunean argitaratuko da, denek izan dezaten eman diren laguntzen berri.

15. artikulua.– Likidazio-eskabidea. Aurkezteko epea.

1.– Diruz lagundu daitekeen jarduera amaitu eta 90 egun naturaleko epearen barnean, erakunde onuradunek proiektua burutu izana justifikatu beharko dute, SPRIren web-guneko likidazio-eskabidearen inprimakiak betez.

2.– Eskabide hori sinadura elektronikoaren bidez sinatu beharko du erakundea ordezkatzeko ahalorde nahikoa duen pertsona batek. Sinadura elektronikoaren eguna hartuko da aurkezpen-egun modura.

3.– Erakunde eskatzailearen eta bere legezko ordezkariaren identifikazio-datuak jaso beharko dira likidazio-eskabidean.

4.– Likidazio-eskabidearekin batera agiri hauek aurkeztu behar dira:

a) Gastu eta inbertsio hautagarrien fakturen kopia.

b) Finantza-erakundeak ordaindu izanaren egiaztagirien kopia.

c) Memoria teknikoa, egindako lanak egiaztatzeko.

d) Finantza erakundearen egiaztagiriaren fotokopia, kontu korrontearen titulartasuna onuradunaren izenean dagoela frogatzeko eta zenbakia zein den zehazteko (IBAN).

e) Baimena ematea SPRIri zerga administrazioekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak betearaz daitezen eskatzeko.

16. artikulua.– Laguntza ordaintzea.

1.– Diru-laguntzak SPRIk formalizatu eta emango ditu, laguntzaren erakunde onuradunari ordainketa bakarra eginez, betiere onuradunak likidazio eskaera eta aurreko artikuluan adierazi diren egiaztagiriak aurkeztu ondoren.

2.– Baldin eta gastu edo/eta inbertsio hautagarria Programako Batzorde Exekutiboak diru-laguntza emateko ebazpenean onartutako aurrekontuan adierazitakoa baino txikiagoa bada, diru-laguntza proportzionalki egokituko zaio gastuari.

3.– Likidazio-eskabidean eskatutako egiaztagiriak aurkeztu eta gehienez 60 egun naturaleko epean egingo dizkie ordainketak SPRIk erakunde onuradunei, betiere Informazio Gizartearen Arloak egiaztagiri horiek ebaluatu eta oniritzia eman ondoren. Ez da zenbatuko SPRIren berrikuspenaren ondoriozko epea, ezta abuztua ere, ez baita jotzen hil balioduntzat.

17. artikulua.– Laguntza- edota likidazio-eskabideak zuzentzea.

1.– Laguntza- edota Likidazio-eskabideak ez badaude behar bezala beteta puntu guztietan edo ez bada eskatutako dokumentazio osoa ekartzen, SPRIk 10 egun balioduneko epea emango dio erakundearen legezko ordezkariari akatsa zuzentzeko edo beharrezko agiriak helarazteko.

2.– Epe hori igaro eta erakunde onuradunak ez badu zuzenketarik egin, SPRIk bertan behera utzi ahal izango du espedientea eta erakunde eskatzaileari jakinaraziko dio.

18. artikulua.– Erakunde Onuradunen Betebeharrak.

1.– Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzazko Dekretuaren 50. artikuluan xedatutakoaz gain, erakunde onuradunek honako hauek ere bete beharko dituzte:

a) Emandako laguntza onartzea. Hartara, diru-laguntza eman izanaren jakinarazpena jasotzen denetik hamabost eguneko epean eta SPRIren aurrean espresuki horri uko egin ezean, ulertuko da erakunde onuradunak laguntza onartu duela.

b) Diru-laguntza ekintza plana garatzeko erabiltzea.

c) SPRIk agiri osagarriak eska ditzakeela onartzea, eta, lagundu den proiektua burutu dela eta eskatutako baldintzak bete direla egiaztatzeko, SPRIk izendatutako pertsonalak instalazioetan beharrezko eta komenigarri jotzen dituen egiaztapen eta azterketak egin ditzakeela onartzea.

d) Faktura osoak gordetzea eta SPRIren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esku jartzea bost urtez, gastu hautagarriak burutzen direnetik aurrera.

e) Laguntzen erabilera fiskalizatzeko eginkizuna betetzen duten aldetik, eskatutako informazioa eman behar zaie Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari.

f) Xede berbererako beste Administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuei eskatutako edo horiek emandako laguntzen eta diru-laguntzen edota beste edozein diru-sarrera edo baliabideren berri eman behar dio berehala SPRIri.

g) Diru-laguntza esleitzeko aintzat hartu den arrazoiren bat aldatu bada, horren berri eman behar zaio SPRIri.

h) Eman programa honetan onartutako diru-laguntzaren jatorriari buruzko publizitate egokia.

19. artikulua.– Laguntzak aldatzea.

1.– Laguntza emateko baldintzetan edozein aldaketa gertatzen bada eta, edozein kasutan, beste erakunde publiko edo pribatu batzuek emandako laguntzak edo diru-laguntzak edota beste edozein diru-sarrera edo baliabide jaso badira xede berbererako, laguntza esleitzeko Ebazpena aldatu ahal izango da, betiere Programa honetan ezarritako gutxienezko baldintzak betetzen jarraitzen badira.

2.– Halaber, programaren kudeatzaileak jarduerak gauzatzeko luzapen bat eman dezake, baldin eta erakunde eskatzaileek hala eskatu eta behar bezala justifikatzen badute; luzapen horren ondorioz, gehienez, 3 hilabetez atzeratu ahal izango da programak gauzatzeko epea (16 hilabetekoa da epe hori). Salbuespen bezala, SPRIk epe-luzapen osagarriak onar ditzake, betiere, behar bezala justifikatuta badaude.

3.– Gauzatutako ekintzak Laguntza Eskaeran jasotakoak izango dira ezinbestean, nahiz eta Programako Batzorde Betearazleak aukera duen aldaketak baimentzeko, baldin eta onuradunak behar bezala justifikatu baditu jarduerak amaitu aurretik eta Programa honen hasierako helburuak hutsaltzen ez badira.

20. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Ikusiko balitz erakunde onuradunak ez duela bete Programa honetan, aplikatzekoak diren gainerako arauetan eta laguntzen ebazpenean ezarritako baldintzetakoren bat, emandako laguntza eskuratzeko eskubidea galduko du eta SPRIri itzuli beharko dizkio ordura arte kobratu dituen laguntzen diru kopuruak gehi dagozkien legezko interesak, eta behar balitz, legezko jarduketak abiaraziko dira diru kopuru horiek itzul ditzan. Era berean, aholkularitza enpresak hutsegiteren egin badu, programa honi atxikitako beste proiektu batzuetan parte hartzea debeka dakioke.

2.– Zehazki, erakundeak laguntza exijitzeko eskubidea galduko du, edo, hala badagokio, jasotako zenbatekoak itzuli beharko ditu, honako kasu hauetan:

a) Laguntza eskuratzea Programa honetan ezarritako baldintza eta eskakizunak edo laguntza emateak berekin zekartzan baldintzak bete gabe.

b) Programan edo laguntza emateko ebazpenean aurreikusitako kontrol neurriak ez onartzea edo horien garapena oztopatzea.

c) Gastu hautagarriak epe barruan ez justifikatzea edo Programa honetan eta laguntza emateko ebazpenean jasotako eskakizunak ez betetzea.

d) Diruz lagundutako jarduera betetzeko epeak gainditzea, aldatzeko baimena edo luzapena eman ez bada.

e) Proiektua beste zerbaitera desbideratzea edo laguntzak emateko ebazpenean ezarritako beste edozein betebehar ez betetzea.

3.– Bidegabe jasotako zenbatekoak hilabeteko epean itzuli beharko dira, erakundeari horren berri emandako egunetik zenbatzen hasita. Horrez gain, hilabete hori igaro ondoren eragindako legezko interesak ere ordaindu beharko dira.

4.– Halaber, gainfinantziazioa badago ordainketaren ostean beste laguntza batzuk jaso izanagatik, programak helburu duen jardueraren kostua gainditzen duen laguntza zatia itzuli beharko da, 10. artikuluan araututakoari jarraiki. Kasu horretan, itzuli beharreko zenbatekoa zehaztuko da gertaera hori adierazteko eta itzulera erabakitzeko emango den ebazpenean.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Erakunde onuradunek programa honi buruzko sustapen jarduera eta argitalpen guztietan adierazi beharko dute SPRIren laguntza jaso dutela.

Bigarrena.– Abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoari jarraiki, emandako datu pertsonal guztiak SPRIren (Urkijo Zumarkalea 36-4. solairua, Bizkaia Plaza Eraikina, 48011 Bilbo) ardurapeko «LAGUNTZAK» edo «AHOLKULARIAK» izeneko fitxategietan gordeko dira.

Fitxategi horien helburua da SPRIk diseinatzen edota kudeatzen dituen laguntza/diru-laguntza espedienteak eta baita ere SPRIren zerbitzu eta laguntza eskaintzan parte hartzen duten edo SPRIrekin kolaboratzen duten profesionalei buruzko informazioa kudeatzea. Beharrezko balitz, informazio hori eman ahal izango zaie enpresa kolaboratzaileei, gai honetan eskumenak dauzkan Administrazio Publikoari eta SPRI taldeko enpresei.

Fitxategi horien berri eman zaio Datuak Babesteko Espainiako Bulegoari, eta datuen erabateko segurtasuna bermatzeko beharrezkoak diren segurtasun-neurriak hartu dira.

Gogorarazten dizugu eman dizkiguzun datuetara sar zaitezkeela, eta beharrezko den kasuetan haiek zuzendu, aurka egin edo ezabatu ditzakezula, gorago aipatutako Legeak ezarritako terminoetan, SPRIko Segurtasun Arduradunari idatzizko jakinarazpen bat igorriz (lopd@spri.es).

Hirugarrena.– SPRIren erabakia merkataritza alorrekoa da eta eskuduntza jurisdikzionala epaile eta auzitegi zibilena da. Enpresa onuradunak, eduki dezaketen edozein eskumeni formalki uko eginez, diru-laguntzen programa hau interpretatu edo gauzatzerakoan sor daitekeen edozein auzi, desadostasun, arazo edo erreklamazio konpontzeko Bilboko Justizia Auzitegien esanetara jartzen dira espreski, horiek baitira gai horietan eskuduntza dutenak.

Bilbao, 2016ko martxoaren 22a.

Zuzendari nagusia,

ALEXANDER ARRIOLA LIZARRITURRI.


Azterketa dokumentala