65. zk., 2016ko apirilaren 7a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (348 KB - 15 orri.)
- EPUB (211 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
IRAGARKIAK
Pribatuen iragarkiak
SOCIEDAD PARA LA TRANSFORMACIÓN COMPETITIVA-ERALDAKETA LEHIAKORRERAKO SOZIETATEA, S.A.
1471
IRAGARKIA, Sociedad para la Transformación Competitiva-Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, SA (SPRI) erakundearen Zuzendaritza Nagusiaren 2016ko martxoaren 22ko Ebazpenari buruzkoa, «Innobideak-Pertsonak 2016» Programa gidatuko duen araudia onartzen duena.
2016ko martxoaren 22an, Sociedad para la Transformación Competitiva-Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, SA (SPRI) erakundearen Zuzendari Nagusiak, «Innobideak-Pertsonak 2016» Laguntza Programa argitaratzeari buruzko Ebazpena eman zuen, honako eduki honekin:
Sociedad para la Transformación Competitiva-Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, SAk, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren menpeko sozietate publikoak, hainbat ekintza egiten ditu Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) industria, lehiakortasuna, enpresen arteko lankidetza, ikerketa eta enpresen garapena sustatzeko.
Zentzu horretan, SPRIk hainbat ekintza garatzen ditu Euskadiko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planean (PCTI 2020) jasotako helburuak betetzeko. Ekintza horien artean aipatzekoak dira enpresen lehiakortasuna hobetzea helburu duten laguntza programak.
Ondorioz, Laguntza Programa hau diseinatu da enpresen lehiakortasuna hobetuko duten ekintzak sustatzeko, langileek enpresa horien kudeaketan duten parte-hartzea handituz.
Gorago adierazitakoaren arabera,
EBAZTEN DUT:
Sociedad para la Transformación Competitiva-Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, SAren Administrazio Kontseiluak 2015eko abenduaren 16ko saioan onartutakoarekin bat etorriz:
1.– «Innobideak Pertsonak 2016» laguntza programaren araudia onartzea, zeinaren edukia atxikita baitago Ebazpen honen eranskinean.
2.– «Innobideak Pertsonak 2016» laguntza programaren araudia onartzen duen Ebazpen hau osorik argitaratzea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.
Bilbao, 2016ko martxoaren 22a.
Zuzendari nagusia,
ALEXANDER ARRIOLA LIZARRITURRI.
ERANSKINA
INNOBIDEAK PERTSONAK PROGRAMA
Enpresen lehiakortasuna alderdi askotan egon daiteke, berrikuntza delarik oinarrizko zutabeetako bat. Enpresa lehiakorrenek duten ezaugarrietako bat da ongi kudeatzen dituztela beren aktibo ukigarriak eta ez-ukigarriak.
Hala, 2013an Innobideak Estrategia sortu zen, premia ikusi zelako euskal enpresen, batik bat ETEen, lehiakortasuna hobetzeko. Helburu hori lortu nahian, berrikuntza, pertsonen parte-hartzea eta kudeaketaren hobekuntza bultzatuko dira, egungo krisi egoerak dakartzan erronkei aurre egiteko, eta oinarri sendo batzuk ezartzeko, euskal enpresak lehiakorrak izan daitezen globalizazioaren barruan.
Innobideak Estrategia hiru programaren bitartez hedatzen da: Innobideak-Lehiabide (produktua, zerbitzua edota merkatua dibertsifikatzeko proiektuak) Innobideak-Pertsonak programa (enpresako langileen parte-hartzea sustatzen duena) eta Innobideak-Kudeabide programa (enpresaren kudeaketa hobetzea helburu duena).
Innobideak-Pertsonak programa,
Programa honen helburua da langileen parte-hartzea bultzatzea enpresa barruan, oinarrizko elementua direlako lurraldearen lehiakortasuna eta kohesio soziala hobetzeko.
Antolakundeetan, hiru mailatan bereizten dugu langileen parte-hartzea: Kudeaketan, Emaitzetan edo Jabetzan. Praktikan, hiru maila horiek hertsiki lotuta daude, eta askotan horietako baten eboluzioak praktikara darama bestea.
Kudeaketako parte hartzeaz ari garenean, esan nahi dugu langileek kudeaketaren arlo guztietan parte hartzen dutela, alegia, enpresa proiektuaren sorkuntzan, erabakiak hartzeko prozesuetan, kontrolarekin lotutako zereginetan eta enpresak burutzen dituen jardueretan.
Emaitzetan parte hartuz aitortza egiten zaio kudeaketako parte-hartzeari, eta aitortza hori hainbat modutara bideratu daiteke: soldataren bidez, irabazietan parte hartuz edo bestelako bariante ekonomiko batzuen bidez.
Azkenik, Jabetzan parte hartu daiteke akziodun, bazkide edo kooperatibista gisa eta horrek berekin dakar emaitza ekonomikoetan eta emaitza horiek sortzeko prozesuan parte hartzea.
Hemen aurkezten den Innobideak-Pertsonak programak aukera emango du Eusko Jaurlaritzako Ekonomi Garapen eta Lehiakortasun Sailak arlo honetarako martxan jarri dituen beste ekintza ildo batzuk indartzeko –besteak beste, Lanpar Funtsa, langileek enpresen kapitalean parte hartzea helburu duena– eta baita ere etorkizunean martxan jar litezkeen sentsibilizazio, informazio, prestakuntza, ikerkuntza eta lankidetzako beste ekintza batzuk abiarazteko.
1. artikulua.– Laguntzen xedea eta izaera.
1.– Xedea.
Programa honen helburua da jarduera-zentroa Euskadin duten enpresen lehiakortasuna hobetzeko jarduerak babestea, enpresako langileen parte-hartzea sustatzeko ekintzak bultzatuz. Ekintza horiek hiru elementu hauek barne hartuko dituzte: (1) Hasierako diagnostikoa, (2) Enpresako langileen parte-hartzea sustatzeko planak diseinatzea eta (3) Enpresako langileen parte-hartzea sustatzeko planak ezartzeko laguntza.
Araudi honen bidez finkatzen dira programaren baldintzak eta hartan parte hartzeko prozedura.
2.– Laguntzen izaera:
a) Programa hau gauzatzerakoan eta ebazterakoan, publizitatearen, lehiaren eta objektibotasunaren printzipioak bete behar dira.
b) Programa honek eta bertan arautzen diren laguntzek ez daukate norgehiagoka-printzipioa bete beharrik.
c) Programa honen bidez ematen diren diru-laguntzak itzuli beharrik gabeko fondo galdurako diru-laguntzak dira.
d) Programa honen barruan emandako diru-laguntzek ez dute lotura zuzenik esportatutako kopuruekin, banaketa sare bat sortu eta ustiatzearekin, edo esportazio jarduerarekin lotutako beste gastu arrunt batzuekin.
2. artikulua.– Aplikatzekoa den araudia.
Programa honi araudi hau aplikatuko zaio:
1.– Abenduaren 17ko 698/1991 dekretua, zeinaren bidez arautzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura emandako diru-laguntzen berme eta ordainketen araubide orokorra eta ezartzen baitira berorren kudeaketan parte hartzen duten erakunde kolaboratzaileen baldintzak, erregimena eta betebeharrak.
2.– 1/1997 Legegintza Dekretua, Euskadiko Ogasun Orokorraren Antolarauei buruzkoa.
3.– Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra. 13. artikulua eta aplikatzekoa den gainerako guztia.
4.– Europako Batzordearen 1407/2013 Araudia (EB), abenduaren 18koa, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa (EBEO L-352/1).
5.– 14/2007 Legea, abenduaren 28koa, Herrialde Txirotuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutunari buruzkoa.
3. artikulua.– Terminoak eta definizioak.
Programa honen ondorioetarako, honako definizio hauek finkatzen dira:
1.– «SPRI». Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, SA sozietatearen izen komertziala (Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailari atxikitako sozietate publikoa).
2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Nagusia. Horren barruan doaz Eusko Jaurlaritza eta haren mendeko organismoak eta erakundeak.
3.– Langileen gastuak. Gastuen barruan sartzen dira soldata gordina, hots, zergak ordaindu baino lehenagokoa eta legez eskatzen diren kotizazioak.
4.– Proiektuaren memoria teknikoa eta ekonomikoa. Erakunde eskatzaileak egindako txostena, puntu hauek baloratzeko behar adinako informazioa jasoko duena:
a.) Programaren helburuekin bat etortzea.
b) Proiektuko eginbeharrak egokiak izatea ezarritako helburuak lortzeko.
c) Emaitzetatik espero den eragina.
d) Talde sustatzailea eta kanpoko taldea bat etortzea (kanpoko taldearen erreferentziak antzeko proiektuetan, lanbide-esperientzia, taldekideen kopurua eta trebakuntza).
e) Proiektua kudeatzeko eredua eta metodologia.
f) Esleitutako baliabideen egokitasuna.
5.– Laguntzaren intentsitatea. Laguntzaren zenbatekoa, gastu hautagarrien ehunekoaren arabera.
6.– Eskatzailearen plantillakoak diren lan-taldearen gastuak. Proiektuari zuzenean lotutako konpainiaren pertsonal-gastuak.
7.– Kanpoko kontratazio espezializatuaren gastuak. Aurkeztutako proiektuaren eremuan adituak diren eta proiektua aurrera eraman behar duten kanpoko enpresak kontratatzeko gastua.
Kanpoko enpresa adituek baldintza hauek bete behar dituzte:
a) Ezin dira izan Herri Administrazioekin lotutako edo haien menpe dauden eta nortasun juridikoa duten erakundeak.
b) Ez du izango zuzeneko edo zeharkako akzio- edo partaidetza-loturarik laguntza eskatzailearekin.
c) Enpresak eta horien langile zein laguntzaileak ez dira egongo SPRIren deshomologazio-prozeduretan.
d) Ez dira izango Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko kide.
e) Erantzukizunezko aitorpen bat aurkeztu behar da, non konpromiso hauek hartu behar baitira: leial, zintzo eta asmo onez jokatuko dela SPRIrekiko nahiz programako onuradunekiko harremanetan, ez dela egingo edo sustatuko Legearen edo programako arauen aurkako ekintzarik eta solidarioki erantzungo dela onuradunekin haien aurka diru-laguntza itzultzeko ebazpen bat ematen bada, irregulartasunez jokatzeagatik kontratatutako enpresaren zuzeneko edo zeharkako parte-hartzean (eskaerari atxikitako ereduaren arabera).
8.– Erantzukizunezko aitorpena. Enpresaren legezko ordezkariak egindako aitorpenak puntu hauen berri eman behar du, eskaerari atxikitako ereduaren arabera:
a) Erakundeko legezko ordezkariaren izen-abizenak eta Nortasun Agiri Nazionalaren zenbakia (NAN) edo Atzerritarraren Identifikazio Zenbakia (AIZ).
b) Erakundearen izena: Identifikazio Fiskalerako Zenbakia (IFZ), baltzuaren helbidea eta eraketa-eguna.
c) Gutxienez jarduera ekonomikoko zentro baten helbidea Euskal Autonomia Erkidegoan izatea, bertan egingo delarik diruz lagundu daitekeen jarduera.
d) Jarduera Ekonomikoen Zergaren kasuan kasuko epigrafean alta emanda egotea gutxienez sei hilabeteko antzinatasunarekin. Antzinatasun hori ez da beharrezkoa izango enpresa aipatutako 6 hilabete horien barruan sortua bada.
e) Egunean egotea Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko edota haren kolaboratzaileekiko zerga betebeharretan, eta baita ere SPRI Taldeko eta Eusko Jaurlaritzako enpresekiko dauzkaten betebeharretan.
f) Aurreko bi ekitaldi fiskaletan eta laguntza eskatzen den ekitaldi fiskalean jasotako minimis laguntzen zerrenda, bertan adieraziz laguntza hori noiz eman zen, zein organismok eman zuen, zein programaren baitan eta laguntzaren zenbatekoa.
g) Proiektu hori bera gauzatzeko beste erakunde publiko zein pribatu batzuei eskatutako edo/eta haiek emandako diru-laguntzak, bertan adieraziz laguntza hori noiz eskatu zen, eta, hala badagokio, zein organismok eman zuen, zein programaren baitan eta laguntzaren zenbatekoa.
h) Araudi honen 5. Artikuluko 1.f) atalean aurreikusitako egoeraren batean ez egotea.
i) Armarik ez produzitzea, merkaturatzea edo finantzatzea, Herrialde Pobretuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutunari buruzko abenduaren 28ko 14/2007 Legeak ezarritakoarekin bat etorriz.
j) Konpromisoa hartzea jasotako laguntzaren aurrerakina enpresaren kontabilitatean pasibo gisa islatzeko eta SPRIri itzultzeko, baldin eta itzultzea agintzen duen ebazpen bat ematen bada.
9.– Baimena ematea SPRIri zerga administrazioekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak betearaz daitezen eskatzeko.
Baimena ematea SPRIri ziurtagiriak eska diezazkien Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiari, Zerga Administrazioko Estatu Agentziari eta Araba, Bizkaia nahiz Gipuzkoako Foru Aldundiei, ziurtagiri horien bidez bermatzeko ordezkatutako enpresak zerga administrazioekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak betetzen dituela. Horrela, aurkeztutako laguntza eskaerak aztertu edota ordaindu ahal izango dira, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzazko Dekretuaren 50.3 artikuluari jarraiki, zeinak Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateratua onartzen baitu.
4. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
1.– Programa honen xederako, hots, diru-laguntzak emateko erabiliko diren baliabide ekonomikoak 600.000 eurorainokoak dira, eta, Sociedad para la Transformación Competitiva-Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, SA sozietateak bere aurrekontuetan horretarako sortutako zuzkiduretakoak izango dira, zeintzuk sartuta baitaude Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan.
2.– Programarako funtsak agortzen badira, programari amaiera emango zaio, eta horren berri emango du SPRIren zuzendari nagusiak sozietatearen web orrian (www.spri.es) eta EHAAn argitaratuko den ebazpen baten bidez.
3.– Behin aurrekontu-kreditua bukatuta, ezingo da beste diru-laguntzarik eman eta, hori dela-eta, aurkeztu diren baina ebazteke dauden eskaerak ezetsi egingo dira.
5. artikulua.– Erakunde onuradunak,
1.– Diru-laguntza eskuratzeko baldintzak beteko dituzte ezaugarri hauek dituzten erakundeek:
a) Euskal Autonomi Erkidegoan jarduera ekonomikoko zentro bat edukitzea. Garatzen den proiektuak eragina izatea zentro horretan.
b) Jarduera hauetako bat egitea: industria, erauzketa edota eraldaketa, ekoizpena, produkzio prozesuari lotutako zerbitzuak (aurrekoekin lotura dutenak) eta informazio- eta komunikazio-gizartearen arloekin lotutakoak. Faktore hori Jarduera Ekonomikoen Zergan alta emanda dagoela egiaztatzen duen agiriaren arabera baloratuko da.
c) Gutxienez 20 langile izatea plantillan diru-laguntza eskaera egin aurreko 12 hilabeteko epean. Langile-kopurua urteka kalkulatuko da eta lanaldi osoa kontuan hartuta. Plantillako langiletzat joko da enpresaren jarduerari lotutako langile autonomoa, baldin eta, bere egoera dela medio, ezin bada alta emanda egon Gizarte Segurantzaren Erregimen Orokorrean.
Eskaera egiten den unean eta proiektua burutzen den bitarte guztian bete behar dira baldintza horiek.
d) Egunean egotea Ogasunarekiko, bere kolaboratzaileekiko eta Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiarekiko zerga betebeharretan, eta baita ere SPRI Taldearekiko eta Eusko Jaurlaritzarekiko dauzkaten betebeharretan.
e) Egoera hauetakoren batean ez egotea (erantzukizunezko aitorpenak aurkeztu beharko dira):
Lehenengoa.– Diru-laguntza publikoak lortzeko edota Euskal Autonomi Erkidegoko Administrazioarekin kontratatzeko legezko debekua edo gaitasun gabetzea izatea, horren barruan sartzen direlarik sexu bazterkeriagatik egoera horretan daudenak Emakume eta Gizonen Berdintasunerako Legearen arabera.
Bigarrena.– Laguntzak berreskuratzeko agindu baten menpe egotea, Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta barne merkatuarekin bateraezina dela.
Hirugarrena.– Legegintzako 1/1997 Dekretuaren 50. artikuluko egoeretan eta 38/2003 Legearen 13. artikulukoetan egotea, zeinaren ondorioz ezin baita laguntzen onuradun izan.
Laugarrena.– 200.000 eurotik gorako minimis laguntza bat jaso izana, egungo ekitaldi ekonomikoa eta aurreko biak aintzat hartuta. Onuraduna errepideko garraio-sektorean jardunean diharduen enpresa bada, gehiengo hori 100.000 eurora jaitsiko da. Beste laguntza batzuekiko metatze-arauak Programaren 10. artikuluan daude zehaztuta.
Bosgarrena.– Agintaritza eskudunak egiaztatzea ezen erakunde horrek lehia galarazten, murrizten edo faltsutzen duten jarduerak egiten dituela.
Seigarrena.– Armak egiten, merkaturatzen eta finantzatzen aritzea, betiere abenduaren 28ko 14/2007 Legean, Herrialde Txirotuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutunari buruzkoan, ezarritakoari jarraikiz.
Zazpigarrena.– Bere jarduera garatzea sektore hauetakoren batean: (i) arrantza eta nekazaritza, (ii) nekazaritzako produktuen lehen mailako produkzioa, eta (iii) nekazaritza produktuen eraldaketa eta merkaturatzea, 1407/2013 Araudiaren 1.1.c) artikuluan aurreikusitako kasuetan.
2.– Ezin dira onuradun izan honako hauek: Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko eragileak –horretarako akreditazioa dutenak– eta Enpresa eta Berrikuntza Zentroak (EBZ).
3.– Enpresa onuradunek ezingo dituzte oraindik bete gabe izan edozein administraziotatik edo sektore publikoko edozein erakundetatik jasotako laguntza edo diru-laguntzei dagozkien zenbatekoak itzultzeko betebeharrak. Ezingo dute, halaber, deialdi honetan parte hartu zehapen-prozedura batean zehapen irmo bat jaso dutenek (betiere, laguntza publiko batetik datorren zehapena bada) edo horrelako programetan lehiatzea galarazten duten zehapenak dituztenek, baldin eta zehapena betetzen ari badira. Erakunde eskatzailea dirua itzultzeko prozedura batean edo mota horretako zehapen-prozedura baten barruan badago, horren emaitza ikusita emango –edo, hala badagokio, ordainduko– da laguntza.
4.– Erakunde onuradunek ezin dute eskaturik izan borondatezko konkurtsorik, ezin dute kaudimengabetzat joak izan ezein prozeduratan, ez eta konkurtsoan egon (salbu eta hitzarmen batek eraginkortasuna hartzen badu konkurtso horren barruan), esku-hartze judizial batean egon edo uztailaren 9ko 22/2003 Konkurtso Legearen arabera desgaituak izan, konkurtsoko kalifikazio-epaian finkatutako desgaitze-aldia amaitu gabe egonik.
5.– Laguntza eta likidazio eskaerak aurkezten diren unean laguntzen onuradun izateko baldintzak bete beharko dira.
6. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.
1.– Ekintza hauek diruz laguntzeko moduko jardueratzat hartuko dira:
a) Enpresako langileen parte-hartzea sustatzeko ekintzak, ondoko hiru elementuak barne hartzen dituztenak: (1) Hasierako diagnostikoa, (2) Enpresako langileen parte-hartzea sustatzeko planak diseinatzea eta (3) Enpresako langileen parte-hartzea sustatzeko planak ezartzeko laguntza.
b) «Enpresako langileen parte-hartzea sustatzeko planak ezartzeko laguntza».
2.– Programa deialdi honetan, enpresa bat proiektu baten onuradun baino ezin daiteke izan.
3.– 1.a, «Enpresako langileen parte-hartzea sustatzeko ekintzak» ataleko proiektuak burutzea, ondoko hiru elementuak barne hartzen dituztenak: (1) Hasierako diagnostikoa, (2) Enpresako langileen parte-hartzea sustatzeko planak diseinatzea eta (3) Enpresako langileen parte-hartzea sustatzeko planak ezartzeko laguntza ataleko proiektuak Laguntza Eskaera elektronikoki aurkeztu eta gero gauzatuko dira, deialdiaren urte naturalaren barruan, eta gehienez hamabi hilabetean, proiektuaren hasiera egunetik kontatzen hasita; nolanahi ere, 2017ko urriaren 13a baino lehen amaituko dira.
4.– 1.b, «Enpresako langileen parte-hartzea sustatzeko planak ezartzeko laguntza»- ataleko proiektuek Enpresako langileen parte-hartzea sustatzeko diagnostiko edota plan bat izan beharko dute, enpresak berak edo kanpoko erakunde espezialisten laguntzarekin egina, eta dokumentatuta egon behar dute.
5.– 1.b, «Enpresako langileen parte-hartzea sustatzeko planak ezartzeko laguntza»- ataleko proiektuak Laguntza Eskaera elektronikoki aurkeztu eta gero gauzatuko dira, deialdiaren urte naturalaren barruan, eta gehienez zortzi hilabetean, proiektuaren hasiera egunetik kontatzen hasita; nolanahi ere, 2017ko urriaren 13a baino lehen amaituko dira.
6.– Proiektuak Euskadiko jarduera zentroetan gauzatu eta gutxienez inplementatu beharko dira.
7. artikulua.– Gastu hautagarriak.
Hauek izango dira gastu hautagarriak:
a) Laguntza eskatu duen enpresako plantillako kide diren eta proiektua zuzenean gauzatzen jardungo duten langileen gastuak. Kontzeptu hori dela-eta gastu hautagarria ez da izango hurrengo b) atalean zehaztutako gastuak baino % 30 handiagoa.
b) Aurkeztutako proiektuaren esparruan adituak diren kanpoko enpresak kontratatzeko gastuak.
8. artikulua.– Gastu hautagarriei aplikatzeko baldintzak.
1.– Gastu hautagarriak baloratzeko, honako irizpideak izango dira kontuan:
a) Gastu hautagarriak aurkeztutako proiektuaren helburuarekin zuzenean loturik egongo dira.
b) Deskontuak eta antzekoak izanez gero, fakturan sartuta egon zein ez, gastua gutxitu egingo da.
c) Gastu hautagarriak arrazoizkoak izango dira, eta murriztu ahal izango dira Programako Batzorde Exekutiboak hala erabakitzen badu.
d) Ez dira gastu hautagarritzat hartuko Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edota bere mendeko sozietateek indarrean dituzten beste programa batzuen bidez lagundutako kontzeptuak edota gastuak.
e) Fakturan aplikatutako Balio Erantsiaren gaineko Zerga ez da inolaz ere gastu hautagarria izango.
f) Inoiz ez dira gastu hautagarriak izango: kanpoko enpresako langileen bidaia gastuak, aretoak alokatzea, dietak eta antzekoak. Gastu horiek fakturen kontzeptutik bereizita aurkeztu beharko dira.
9. artikulua.– Laguntzen modalitateak eta zenbatekoak.
1.– Deialdi honen xede diren laguntzak diru-laguntza gisa egituratuko dira gastu hautagarriekiko portzentaje hauetan:
a) Enpresako langileen parte-hartzea sustatzeko ekintzak, hiru elementu hauek barne hartzen dituztenak: (1) Hasierako diagnostikoa, (2) Enpresako langileen parte-hartzea sustatzeko planak diseinatzea eta (3) Enpresako langileen parte-hartzea sustatzeko planak ezartzeko laguntza. Proiektuaren gastu hautagarrien % 50eraino, eta gehienez ere 60.000 euroko diru-laguntza enpresa bakoitzeko.
b) «Enpresako langileen parte-hartzea sustatzeko planak ezartzeko laguntzetarako» ekintzak. Proiektuaren gastu hautagarrien % 50eraino, eta gehienez ere 30.000 euroko diru-laguntza enpresa bakoitzeko.
10. artikulua.– Laguntzak metatzea eta mugak.
1.– Laguntzaren zenbatekoa ez da inola ere izango erakunde onuradunak garatzeko asmoa duen jardueraren kostua baino handiagoa, soilik laguntza hori aintzat hartuta edo edozein administraziok edo horien sektore publikoek xede bererako emandako beste laguntza batzuk gehituta. Baldin eta beste laguntza publiko batzuk eta programa honen bidez emandakoa metaturik lortzen den zenbatekoak gainditu egiten badu kostu hori, murriztu egingo da programa honetan araututako laguntzaren zenbatekoa jardueraren gehiegizko finantzaketa saihesteko behar den neurrian.
Aurrekoa gorabehera, deialdi honetan onartutako proiektuak ez dira diruz laguntzekoak izango Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren mendeko sozietateen beste programa batzuetan.
2.– Programa hau aplikatuz emango diren laguntzak garrantzi txikikoak edo minimis laguntzak izango dira.
3.– Erakunde onuradun batek jaso dezakeen minimis laguntzaren guztizkoak ezingo du 200.000 eurotik gorakoa izan, indarrean dagoen ekitaldi fiskala eta aurreko biak aintzat hartuta. Onuraduna errepide bidezko garraioaren sektoreko enpresa aktibo bat bada, gehiengo hori 100.000 eurora murriztuko da (horrez gain, laguntza ezingo da erabili merkatu-gaiak errepidez garraiatzeko ibilgailuak erosteko). Hortaz, programa honetan aurreikusitako laguntzak ez dira esleituko, baldin eta esleitutako laguntzak muga hori gainditu badezake hain justu ere onuradunak eskuratutako beste minimis laguntza batzuk erantsi ondoren. Berdin dio laguntza horiek zein administraziok esleitu dituen.
4.– Minimis laguntzak ez zaizkio metatuko Estatuko inongo diru-laguntzari, diruz lagun daitezkeen gastu horiei dagokienez, baldin eta metatze horrek gaindituko balu laguntzaren intentsitatea edo dagokion gehieneko laguntzaren kopurua. Gehieneko kopuru hori kasu bakoitzaren ezaugarri zehatzen arabera dago ezarrita, kategorien araberako salbuespen-araudi baten edo Batzordeak harturiko erabaki baten bitartez.
5.– Aurrez aipatutako muga horiek edo programa honek zehazten dituen beste batzuk gaindituz gero, soberako kantitatea murriztu egingo da programaren arabera emandako zenbatekotik.
6.– Minimis laguntzak emandakotzat joko dira enpresari aitortzen zaionean laguntza jasotzeko legezko eskubidea duela.
7.– Epeka ordainduko diren laguntzak ematen diren momentuan duten balioaren arabera eguneratuko dira.
11. artikulua.– Laguntza eskaerak aurkezteko epea.
Laguntza eskaerak aurkezteko epea Programa Euskadiko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamuneko 09:00etan (penintsulako ordua) hasiko da eta 2016ko irailaren 28ko eguerdiko 15:00etan (penintsulako ordua) amaituko da.
12. artikulua.– Laguntza eskaera.
1.– Aurreikusitako laguntzak jasotzeko baldintzak betetzen dituzten erakundeek laguntza eskaera bete beharko dute, SPRIren webgunean: http://www.spri.eus/pertsonak
2.– Eskaera hori izenpe elektronikoaren bidez sinatu beharko du erakundea ordezkatzeko ahalorde nahikoa duen pertsona batek. SPRIri egindako bidalketa telematikoaren eguna izango da aurkezpen-eguna.
3.– Erakunde eskatzailearen, bere legezko ordezkariaren eta erakunde barneko harremanetarako pertsonaren identifikazio-datuak jaso beharko dira laguntza eskaeran.
4.– Laguntza eskaerarekin (zeinak barne hartzen baititu erakundearen legezko ordezkariaren erantzukizunezko aitorpena eta aurrerakina jasotzeko konpromisoaren dokumentua) batera, dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:
a) Enpresa aholkularien erantzukizunezko aitorpena.
b) Erakunde onuradun guztien TC2-en kopiak, likidazio-eskabide telematikoa aurkezteko unean eguneratuak. Horrez gain, kooperatiba-sozietateen kasuan, kooperatibako bazkideen kotizazio-ziurtagiria, Gizarte Segurantzako dagokion erakunde laguntzaileak emana.
c) Laguntza eskaera aurkeztu aurreko hamabi hilabeteetan batez beste alta emanda zeuden langileen kopurua (Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak emandako ziurtagiria).
d) Legezko ordezkariaren notario-ahalorde nahikoaren kopia, indarrean dagoena.
e) Jarduera ekonomikoen agiri historikoa, dagokion foru-ogasunak emana. Bertan adieraziko da Jarduera ekonomikoen zergan dagokion epigrafean alta hartuta dagoela gutxienez sei hilabeteko antzinatasunarekin. Antzinatasun hori ez da beharrezkoa izango enpresa aipatutako 6 hilabete horien barruan sortua bada.
f) Erakundeak dagozkion zerga administrazioekiko eta Gizarte Segurantzarekiko edo bere kolaboratzaileekiko zerga betebeharrak beteta dituela egiaztatzen duten ziurtagiri eguneratuak, gehienez hiru hilabeteko antzinatasuna dutenak, edo hala badagokio, zerga administrazioekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak betearazteko baimena SPRIrentzat.
g) Finantza erakundearen egiaztagiriaren fotokopia, kontu korrontearen titulartasuna onuradunaren izenean dagoela frogatzeko eta zenbakia zein den zehazteko.
h) Proiektuaren memoria teknikoa eta ekonomikoa.
i) Azpikontratatutako enpresa hornitzaileek proiektuko lanak burutzeko egindako eskaintzen kopia.
j) «Enpresako langileen parte-hartzea sustatzeko planak ezartzeko laguntza» helburu duten proiektuek enpresako langileen parte-hartzea sustatzeko diagnostiko edota plan bat izan beharko dute, enpresak berak edo kanpoko erakunde espezialisten laguntzarekin egina.
5.– Eskatzaileek bermatuta izango dute beren hizkuntza, euskara edo gaztelania, ahoz nahiz idatziz erabiltzeko eskubidea, Programa hau dela-eta Sociedad para la Transformación Competitiva-Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, SArekin (SPRI) izango dituzten harreman guztietan.
13. artikulua.– Ebaluaketa eta ebazpen prozedura.
1.– Sociedad para la Transformación Competitiva-Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, SAko Administrazio Kontseiluak 2014ko abenduaren 17an hartutako erabakiaren arabera eratu zen Pertsonak Programako Batzorde Exekutiboa, zeina Merkataritza Erregistroan inskribatu baitzen. Hala, berea da araudi honen arabera aurkeztutako eskabideak ebaluatzeko eta ebazpenak emateko eskumena, eta horiei buruzko deliberamenduak dagozkion aktan jasota geldituko dira.
2.– Laguntza eskaeraren atal guztiak ez badaude beteta edo eskatutako gainerako dokumentazioa ez bada eskaerarekin batera aurkeztu, SPRIk 10 laneguneko epea emango du akatsa zuzentzeko edo beharrezko dokumentuak aurkezteko. Halaber, adieraziko du hala egin ezean ulertuko dela eskaerari uko egin zaiola, eta horren berri emango dio erakunde eskatzaileari. Epe hori agortzen bada zuzenketa egin gabe, SPRIk ebatziko du eskaerari uko egin zaiola.
Proiektuaren memorian ezingo da zuzenketarik egin. Hala ere, egoki iritziz gero, SPRIk hari buruzko informazio osagarria eskatu ahal izango du ebaluazio-prozesuan.
3.– Erakunde eskatzaileak baliozkotzat joko ditu diru-laguntza eskaeran adierazitako harremanetarako pertsonaren helbide elektronikora SPRIk posta elektronikoz bidaltzen dituen jakinarazpen guztiak. Laguntza eskatzen duen enpresaren posta elektronikoa bakarrik onartuko da harremanetarako helbide gisa.
4.– SPRIk banan-banan aztertuko ditu epean aurkeztutako eskaerak, eta Programa honetan ezarritako baldintzak betetzen dituztela egiaztatuko du.
Programan parte hartzeko baldintzak betetzen ez dituzten eskaerak gaitzetsi egingo dira SPRIren banan-banako ebazpenen bidez, eta erabaki horiek enpresa eskatzaileei jakinaraziko zaizkie.
5.– Proiektuen ebaluazioa egingo da honako irizpide eta puntu-kopuru hauek aplikatuz:
a) Programaren helburuekin bat etortzea: 35 puntu. Gutxienekoa 20 puntu.
b) Proiektuko eginbeharrak egokiak izatea ezarritako helburuak lortzeko: 35 puntu. Gutxienekoa 20 puntu.
c) Emaitzetatik espero den eragina: 10 puntu.
d) Talde sustatzailea eta kanpoko taldea bat etortzea (kanpoko taldearen erreferentziak antzeko proiektuetan, lanbide-esperientzia, taldekideen kopurua eta trebakuntza): 10 puntu.
e) Proiektuaren kudeaketa eredua eta metodologia, eta esleitutako baliabideei egokitzea: 10 puntu.
Irizpide bakoitzak puntuazio bat lor dezake gehienez. Puntuazioa lortzeko, irizpide bakoitza betetzen den ala ez begiratuko da.
Atzera botako dira gutxieneko puntuazio hauek gainditzen ez dituzten jarduerei dagozkien laguntza eskaerak: 20 puntu, a) irizpidean (Programaren helburuekin bat etortzea), eta/edo 20 puntu, b) irizpidean (Proiektuko eginbeharrak egokiak izatea ezarritako helburuak lortzeko).
Halaber, atzera botako dira gutxienez 50 puntu lortzen ez dituzten jarduerei dagozkien laguntza eskaerak.
6.– Diru-laguntzen eskaera espedienteak ordena bati jarraiki ebatziko dira, arau honetan eskaturiko dokumentazio guztiarekin osatuta geratzen diren unearen arabera.
7.– Ebazpen epea. Hiru hilabeteko gehienezko epea ezartzen da ebazpena emateko, eskaerak dokumentazio guztiarekin aurkezten diren unetik zenbatzen hasita. Epe horretan ebazpenik eman ez bada, ezetsi egin dela ulertuko da.
8.– Erakunde eskatzaileari 15 egun balioduneko epean jakinaraziko zaio ebazpena.
9.– Araudi honetan jasotako epeen ondorioetarako ez da kontuan hartuko abuztua.
10.– Ebazpena SPRIren web-gunean argitaratuko da, denek izan dezaten eman diren laguntzen berri.
14. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.
1.– Erakunde onuradunek, 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50. artikuluan aurreikusitakoa betetzeaz gain, honako baldintza hauek bete behar dituzte:
a) Emandako diru-laguntza onartu behar da. Hartara, diru-laguntza eman izanaren jakinarazpena jasotzen denetik hamabost eguneko epean eta SPRIren aurrean espresuki horri uko egin ezean, ulertuko da erakunde onuradunak laguntza onartu duela.
b) Emandako diru-laguntza erabiltzea, zehazki, laguntza eman den proiekturako.
c) SPRIk agiri osagarriak eska ditzakeela onartzea, eta, lagundu den proiektua burutu dela eta eskatutako baldintzak bete direla egiaztatzeko, SPRIk izendatutako pertsonalak instalazioetan beharrezko eta komenigarri jotzen dituen egiaztapen eta azterketak egin ditzakeela onartzea.
d) Faktura osoak gordetzea eta SPRIren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esku jartzea bost urtez, gastu hautagarriak burutzen direnetik aurrera.
e) Laguntzen erabilera fiskalizatzeko eginkizuna betetzen duten aldetik, eskatutako informazioa eman behar zaie Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari.
f) Xede berbererako beste Administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuei eskatutako edo horiek emandako laguntzen eta diru-laguntzen edota beste edozein diru-sarrera edo baliabideren berri eman behar dio berehala SPRIri.
g) Diru-laguntza esleitzeko aintzat hartu den baldintzaren bat aldatu bada, horren berri eman behar zaio SPRIri.
h) Eman programa honetan onartutako diru-laguntzaren jatorriari buruzko publizitate egokia.
15. artikulua.– Laguntzak aldatzea.
1.– Diru-laguntzak emateko baldintzetan edozein aldaketa gertatzen bada eta, edozein kasutan, beste erakunde publiko edo pribatu batzuek emandako laguntzak edo diru-laguntzak edota beste edozein diru-sarrera edo baliabide jaso badira xede berbererako, laguntza esleitzeko Ebazpena aldatu ahal izango da, betiere Programa honetan ezarritako gutxienezko baldintzak betetzen jarraitzen badira.
2.– Halaber, SPRIk luzapen bat onartu dezake jarduerak burutzeko, betiere, erakunde onuradunek hala eskatzen badute eta behar bezala justifikatzen badute. Horrek atzerapen proportzional bat ekarriko du jasotzeko dagoen laguntza zatiaren ordainketan.
3.– Gauzatutako ekintzak Laguntza Eskaeran eta dokumentazio osagarrian jasotakoak izango dira ezinbestean, nahiz eta SPRIk aukera duen aldaketak baimentzeko, baldin eta onuradunak behar bezala justifikatu baditu jarduerak amaitu aurretik eta Programa honen hasierako helburuak hutsaltzen ez badira.
16. artikulua.– Likidazio-eskabidea. Aurkezteko epea.
Proiektuaren exekuzioari dagokion zatia likidatzeko:
1.– Diruz lagundu daitekeen jarduera amaitu eta gero, erakunde onuradunek jarduera justifikatu beharko dute, www.spri.eus/pertsonak web-gunean horretarako ezarritako likidazio-eskabidearen inprimakiak betez. Eskabide hori aurkezteko epea hilabetekoa izango da, proiektua burutzen den egunetik kontatzen hasita.
2.– Eskabide hori sinadura elektronikoaren bidez sinatu beharko du erakundea ordezkatzeko ahalorde nahikoa duen pertsona batek. SPRIri egindako bidalketa telematikoaren eguna izango da aurkezpen-eguna.
3.– Erakunde eskatzailearen eta bere legezko ordezkariaren identifikazio-datuak jaso beharko dira likidazio-eskabidean.
4.– Likidazio-eskaerarekin batera agiri hauek aurkeztu behar dira:
a) Fakturen fotokopiak. Fakturek hilabeteko epean egindakoak izan behar dute, proiektua exekutatu den egunetik zenbatzen hasita, eta likidazio-eskabide telematikoaren fakturen koadroan zehaztutakoekin bat etorri behar dute. Ez dira onartuko proiektua hasi baino lehenagoko data duten fakturak, ez eta onartu gabeko gastuei dagozkienak ere.
b) Finantza erakundearen ordainagiriak. Bankuko egiaztagiriek fakturak igorri ostekoak izan behar dute. Hala ez bada, prozesuaren trazabilitatea azaldu behar da. Ez da onartuko proiektuaren hasiera data baino lehenagoko ordainketa egiaztagiririk.
c) Erakunde onuradun guztien TC2-en kopiak, likidazio-eskabide telematikoa aurkezteko unean eguneratuta. Gainera, kooperatiba-sozietateen kasuan, kooperatibako bazkideen kotizazio-ziurtagiria erantsi behar da, dagokion Gizarte Segurantzako erakunde laguntzaileak emana.
d) Likidazio-eskabidea aurkeztu aurreko hamabi hilabeteetan batez beste alta emanda zeuden langileen kopurua (Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak emandako ziurtagiria).
e) Erakundeak dagozkion zerga administrazioekiko eta Gizarte Segurantzarekiko edo bere kolaboratzaileekiko zerga betebeharrak beteta dituela egiaztatzen duten ziurtagiri eguneratuak, gehienez hiru hilabeteko antzinatasuna dutenak, edo hala badagokio, zerga administrazioekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak betearazteko baimena SPRIrentzat.
f) Memoria teknikoa eta ekonomikoa. Likidazio-eskabide telematikoaren atal guztiak bete behar dira. Proiektua gauzatzean sortutakoak eta entregatzekoak diren agiri eta txosten guztiak aurkeztu behar dira, beti ere laguntza eskaeraren arabera.
g) Orduen txostenak, erakunde eskatzaile, onuradun eta kontratatuetako parte-hartzaile bakoitzak proiektuari esleitutako arduraldi eta kostuen asteko banakapena adierazita eta eskaeran jasotako fase eta eginkizunak oinarri hartuta.
5.– Likidazio-eskabidea ez badago behar bezala beteta puntu guztietan edo ez bada eskatutako dokumentazio osoa ekartzen, SPRIk 10 egun balioduneko epea emango du akatsa zuzentzeko edo beharrezko agiriak helarazteko. Bestalde, ohartaraziko da horrela egin ezean ukatutzat joko dela eginiko eskaera, eta horrela jakinaraziko zaio eskatzaileari. Aipatu epea igaro eta zuzenketarik egin ez bada, Programaren Batzorde Exekutiboak laguntza ukatuko du ebazpen bidez.
6.– Enpresa onuradunak baliozkotzat joko ditu diru-laguntza eskaeran adierazitako harremanetarako pertsonaren helbide elektronikora SPRIk posta elektronikoz bidaltzen dituen jakinarazpen guztiak. Laguntza eskatzen duen enpresaren posta elektronikoa bakarrik onartuko da harremanetarako helbide gisa.
17. artikulua.– Laguntza ordaintzea.
1.– Emandako laguntzaren % 25 laguntza eskaera onartzen den unean bertan ordainduko da aplikatzekoa den berme erregimenarekin, eta gainerakoa ordainketa bakarrean egingo da proiektua amaitutakoan eta behar bezala justifikatu ostean.
2.– SPRIk 60 laneguneko epean egingo du ordainketa, aurreko artikuluan ezarritako likidazio eskaera eta frogagiriak aurkezten diren egunetik zenbatzen hasita, eta SPRIko Teknologia eta Berrikuntza Arloak ebaluatu eta oniritzia eman ostean. Egun horiek zenbatzean ez dira kontuan hartuko SPRIren berrikuspenaren ondoriozko epea –14. artikuluko 1 c atalean eta 16. artikuluko 5. puntuan aipatzen dena–, ez eta abuztua, ez baita hartzen hilabete balioduntzat.
3.– Baldin eta gastu hautagarria diru-laguntza emateko ebazpenean onartutako aurrekontuan adierazitakoa baino txikiagoa bada, diru-laguntza proportzionalki egokituko zaio gastuari.
18. artikulua.– Ez-betetzeak.
1.– Ikusiko balitz erakunde onuradunak ez duela bete araudi honetan, aplikatzekoak diren gainerako arauetan eta laguntzen ebazpenean ezarritako baldintzetakoren bat, emandako laguntza eskuratzeko eskubidea galduko du eta SPRIri itzuli beharko dizkio ordura arte kobratu dituen laguntzen diru kopuruak gehi dagozkien legezko interesak, eta behar balitz, legezko jarduketak abiaraziko dira diru kopuru horiek itzul ditzan.
2.– Edozein kasutan ere, artikulu honetan aurreikusitakoaren ondoreetarako, hauek jotzen dira ez betetzetzat:
a) Gastu hautagarriak epe barruan ez justifikatzea edo Programa honetan eta laguntza emateko ebazpenean jasotako eskakizunak ez betetzea.
b) Diruz lagundutako proiektua betetzeko epeak gainditzea, aldatzeko baimena edo luzapena eman ez bada.
c) Laguntza eskuratzea Programa honetan ezarritako baldintza eta eskakizunak edo laguntza emateak berekin zekartzan baldintzak bete gabe.
d) Programan edo laguntza emateko ebazpenean aurreikusitako kontrol neurriak ez onartzea edo horien garapena oztopatzea.
e) Proiektua beste zerbaitera desbideratzea edo laguntzak emateko ebazpenean ezarritako beste edozein betebehar ez betetzea.
3.– SPRIren zeregina izango da ez-betetzea egiaztatzeko espedientea hastea eta izapidetzea. Programaren Batzorde Exekutiboak ebatzi beharko du ez betetzeren bat gertatu den ala ez.
4.– Bidegabeki jasotako zenbatekoak hilabeteko epean itzuli beharko dira, erakundeari horren berri emandako egunetik zenbatzen hasita. Horrez gain, hilabete hori igaro ondoren eragindako legezko interesak ere ordaindu beharko dira.
5.– Halaber, gainfinantziazioa badago ordainketaren ostean beste laguntza batzuk jaso izanagatik, programak helburu duen jardueraren kostua gainditzen duen laguntza zatia itzuli beharko da, 10. artikuluan araututakoari jarraiki. Kasu horretan, itzuli beharreko zenbatekoa zehaztuko da gertaera hori adierazteko eta itzulera erabakitzeko emango den ebazpenean.
AZKEN XEDAPENAK.
Lehenengoa.– Erakunde onuradunek programa honi buruzko sustapen jarduera eta argitalpen guztietan adierazi beharko dute SPRIren laguntza jaso dutela.
Bigarrena.– Abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoari jarraiki, emandako datu pertsonal guztiak SPRIren (Urkijo Zumarkalea 36, 4. solairua, Bizkaia Plaza Eraikina, 48011 Bilbo) ardurapeko «LAGUNTZAK» edo «AHOLKULARIAK» izeneko fitxategietan gordeko dira.
Fitxategi horien helburua da SPRIk diseinatzen edota kudeatzen dituen laguntza/diru-laguntza espedienteak eta baita ere SPRIren zerbitzu eta laguntza eskaintzan parte hartzen duten edo SPRIrekin kolaboratzen duten profesionalei buruzko informazioa kudeatzea. Beharrezko balitz, informazio hori eman ahal izango zaie enpresa kolaboratzaileei, gai honetan eskumenak dauzkan Administrazio Publikoari eta SPRI taldeko enpresei.
Fitxategi horien berri eman zaio Datuak Babesteko Espainiako Bulegoari, eta datuen erabateko segurtasuna bermatzeko beharrezkoak diren segurtasun-neurriak hartu dira.
Gogorarazten dizugu eman dizkiguzun datuetara sar zaitezkeela, eta beharrezko den kasuetan haiek zuzendu, aurka egin edo ezabatu ditzakezula, gorago aipatutako Legeak ezarritako terminoetan, SPRIko Segurtasun Arduradunari idatzizko jakinarazpen bat igorriz (lopd@spri.es).
Hirugarrena.– SPRIren erabakia merkataritza alorrekoa da eta eskuduntza jurisdikzionala epaile eta auzitegi zibilena da. Enpresa onuradunak, eduki dezaketen edozein eskumeni formalki uko eginez, diru-laguntzen programa hau interpretatu edo gauzatzerakoan sor daitekeen edozein auzi, desadostasun, arazo edo erreklamazio konpontzeko Bilboko Justizia Auzitegien esanetara jartzen dira espresuki, horiek baitira gai horietan eskuduntza dutenak.
Bilbao, 2016ko martxoaren 22a.
Zuzendari nagusia,
ALEXANDER ARRIOLA LIZARRITURRI.