59. zk., 2016ko martxoaren 30a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (300 KB - 10 orri.)
- EPUB (297 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
AGINTARIAK ETA LANGILERIA
Oposaketak eta lehiaketak
SEGURTASUN SAILA
1323
EBAZPENA, 2016ko martxoaren 16koa, Segurtasuneko sailburuordearena eta Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordearena, baterakoa, zeinaren bidez deialdia egiten den Ertzaintzako karrerako funtzionarioentzat gordetako Ertzaintzako Ikuskapen eta Oinarrizko Eskaletako (C125) zenbait lanpostu izendapen askeko sistemaren bidez behin betiko betetzeko prozedurarako eta zerbitzu-eginkizunak esleitzeko prozedurarako (C126).
Deialdi honetako lanpostu batzuetarako ezinbesteko baldintza da ikerketa kriminaleko espezialitatea. Gaur egun nahikoa espezialista ez ditugula kontuan hartuta, eta segurtasun publikoko zerbitzuak Ertzaintza guztiz eraginkorra izatea eskatzen duenez, beharrezkoa izango da zerbitzua ondo emateko gauza diren langile batzuei funtzio batzuk esleitzea, Euskal Herriko Polizia Kidegoetako funtzionarioen lanpostuak hornitzeko Araudia onartzen duen abenduaren 22ko 388/1998 Dekretuaren 25. eta 26. artikuluetan eta zazpigarren bis xedapen gehigarrian oinarrituta, eta Euskal Herriko Poliziari buruzko Legearen 72. artikuluaren 1. eta 5. zenbakietan aurreikusten den bezala. Era berean, lanpostuak behin betiko atxikipenaz hornitzen ez diren kasuetarako, goragoko kategoriako funtzioetarako zerbitzu-eginkizunak eskainiko dira, Euskal Herriko Poliziari buruzko Legearen 72. artikuluaren 1. eta 5. zenbakiek ematen duten aukera baliatuz.
2015eko martxoaren 27ko Ebazpenaren bidez deitutako lanpostuak behin betiko betetzeko prozedurak egin eta gero (martxoaren 30eko EHAA, 60. zk.), Ertzaintzaren Ikuskapen Eskalako eta Oinarrizko Eskalako kategorietarako gordetako lanpostu batzuk hutsik edo okupatzailerik gabe geratu dira. Lanpostu horiek Segurtasuneko sailburuaren 2015eko azaroaren 6ko Aginduak onartu zuen Ertzaintzako lanpostuen zerrendakoak ziren, eta haiek betetzeko sistema izendapen askea da. Ondorioz, hutsik geratu diren lanpostuak behin betiko betetzeari ekin behar zaio berriro.
Zerbitzu publikoa zaintze aldera, lanpostuak legez aurreikusitako sistemaren bidez lehenbailehen betetzeko dagoen beharra ikusita eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 3. artikuluan ezarritako elkarlan- eta eraginkortasun-printzipioak aintzat hartuz, gomendagarria da behin betiko hornitzeko eta zerbitzu-eginkizunak esleitzeko hautaketa-prozeduretako deialdia aldi berean egitea; hain zuzen, erakundearen barruan eskatutako espezialitatea duten karrerako funtzionario nahikorik ez egoteagatik hutsik dauden lanpostuei dagokienez.
Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordearen 2016ko martxoaren 15eko Ebazpenaren bidez, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 14. artikuluaren babesean, erabaki da Ertzaintzako Oinarrizko Eskalako lanpostuetarako zerbitzu-eginkizunak esleitzeko eskumena goragokoak bereganatzea, lanpostu horiek gaur deitzen den prozeduraren xede dira eta, halaber, prozedura hori ohiko izaeraz Giza Baliabideen Zuzendaritzari esleitu zaio Segurtasun Sailaren egitura organiko eta funtzionalari buruzko apirilaren 9ko 194/2013 Dekretuaren 12.2.a).7 artikuluan oinarriturik. Horrez gain, aipatutako lanpostuak behin betiko betetzeko eskumena Segurtasuneko sailburuordeari dagokio. Beraz, egin beharreko esleipenen garrantziak eragin du.
Deialdi honetako lanpostuetarako egun indarrean dagoen lanpostu-zerrendak, bete beharreko lanpostuok erantzukizun berezikoak izateagatik, finkatzen duen betetzeko era izendapen askea da, Euskal Herriko Poliziaren uztailaren 17ko 4/1992 Legearen 65.3 artikuluan xedatutakoarekin bat etorrita; horrez gain, lanpostu horien araubide juridikoa jasota dago Euskal Herriko Polizia Kidegoetako Funtzionarioen Lanpostuen Hornidurari buruzko Araudia onartzen duen abenduaren 22ko 388/1998 Dekretuaren 17. artikulutik 22. artikulura bitartean. Hortaz, lanpostuak aldi baterako esleitu aurretik beharrezkoa da aldez aurretik egokitasun-txostena ematea, proposamena arrazoitzeko balio izango duena, meritu- eta gaitasun-printzipioek eskatzen dutelako, baita Espainiako Konstituzioaren 9.3, 23. eta 103.3 artikuluetako aginduek ere, EAEko Auzitegi Nagusiaren 535/2014 epaiaren arabera, besteak beste.
Segurtasun Sailaren egitura organiko eta funtzionalari buruzko apirilaren 9ko 194/2013 Dekretuaren 13.2.d) eta 9. artikuluek Segurtasuneko sailburuordeari eta Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeari, hurrenez hurren, emandako eskumenen babesean, eta Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeak goragokoak eskumenak bereganatzeari buruz emandako 2016ko martxoaren 15eko Ebazpena betearaziz, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Onartzea eta argitaratzea Ertzaintzaren egituraren barruan, Ertzaintzako karrerako funtzionarioentzat gordetako zenbait lanpostu, izendapen askearen sistemaren bidez, behin betiko betetzeko deialdia, baita ondoren zerbitzu-eginkizunetan esleitzekoa ere, 1. eranskinean jasota dauden oinarriak aintzat hartuta.
Bigarrena.– 1.– Deialdi honen bidez behin betiko beteko diren lanpostuak 2. eranskinean jasota daude, baita hornituko diren zuzkiduren kopurua ere.
2.– Deialdi honetan zerbitzu-eginkizunetan beteko diren lanpostuak 3. Eranskinean jasota daude, baita hornituko diren zuzkiduren kopurua ere.
Hirugarrena.– 1.– Prozedura honetan ematen diren egintza eta xedapen guztiak Gurenet atarian argitaratuko dira, hurrengo atalean eta deialdiaren oinarrietan ezarritakoari kalterik egin gabe.
2.– Segurtasuneko sailburuordearen eta Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordearen baterako ebazpenaren bidez, Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean iragarki bat argitaratuko da, behin betiko atxikipenak eta zerbitzu-eginkizunak ebazten dituen ebazpena Gurenet atarian noiz jarriko den jakitera emateko. Iragarki hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko den egunak mugatuko du zein izango den balizko inpugnazioak edo errekurtsoak jartzeko epeak zenbatzen hasteko eguna.
Laugarrena.– 1.– Prozedura kudeatzerakoan, hautapen-prozedura honetako izangaiak lan-zenbakiaren bidez identifikatuko dira eta datu pertsonalen tratamendua egingo da Segurtasun Sailaren Giza Baliabideen Zuzendaritzako Langileen Kudeaketa Integratuko fitxategiaren bidez. Datu pertsonalak eskuratzeko, zuzentzeko, ezeztatzeko eta horien aurka egiteko eskubideak gauzatzeko, idazki bat zuzendu beharko zaio Giza Baliabideen Zuzendaritzari, zeinaren egoitza nagusia Erandion (Bizkaia) baitago (Larrauri Mendotxe bidea 18, 48950 Erandio, Bizkaia).
2.– Prozedura honetatik ondorioztatzen diren datu guztiak aipatutako fitxategian sartuko dira, hautapen-prozedura honetan aplikatu behar den araudian aurreikusitakoa betetzeko.
Bosgarrena.– Ebazpen honetan araututa ez dagoen orori Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legea aplikagarri izango zaio.
Seigarrena.– Ebazpen honek ez dio administrazio-bideari amaiera ematen, eta, beraz, horren aurka eta eranskinen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Segurtasuneko sailburuari, hilabeteko epean, Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.
Vitoria-Gasteiz, 2016ko martxoaren 16a.
Segurtasuneko sailburuordea,
JESÚS MARÍA ZUBIAGA NIEVA.
Administrazio eta Zerbitzuetako sailburuordea,
JOSEBA IÑAKI GURTUBAI ARTETXE.
1. ERANSKINA
DEIALDIAREN OINARRIAK
Lehenengoa.– Behin betiko hornikuntzaren prozeduran parte hartzeko baldintzak.
1.– Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute eskatutako baldintza orokorrak eta 2. eranskinean eskainitako lanpostuetan aritze aldera, lanpostuen zerrendan ezarrita dauden eskakizunak betetzen dituzten Ertzaintzako karrerako funtzionario guztiek. Horrez gain, hauetako egoeraren batean egon beharko dute: jarduneko zerbitzuan, zerbitzu berezietan, seme-alabak edo senideak zaintzeko eszedentzian eta Euskal Herriko Poliziari buruzko Legearen 82. artikuluan aurreikusitako eszedentzian. Halaber, parte hartu ahal izango dute lege horren 89.2 artikuluan aurreikusitako eran jarduneko zerbitzu egoerara itzultzen diren funtzionarioek.
2.– Bestetik, deialdi honetan aurreikusitako prozeduraren bitartez jarduneko zerbitzura itzuliz hauek ere parte ahal izango dute: nahitaezko eszedentzia egoeran daudenak edo beste herri-administrazio batzuetan zerbitzuan direnak, Euskal Herriko Poliziari buruzko Legearen 63. artikuluan xedatutakoaren arabera birgaitutakoak, sei hilabetetik gorako etendura-egoeran daudenak eta gainerako borondatezko eszedentziadunak, baldin eta egoera horietarako ezarritako iraute-denbora bete badute.
3.– Hurrengo hauek ezin izango dute parte hartu deialdi honetan:
a) Hutsegite larria edo oso larria egin izanagatik eginkizunen etendura irmoaren administrazio-egoeran daudenak, betiere egoera horretan iraun bitartean.
b) Lekualdatzeko zehapena izan dutenak, Euskal Herriko Polizia Kidegoen Diziplina Erregimenaren Erregelamenduaren 15. artikuluan jasotakoari jarraituz.
c) Interes partikularrengatiko borondatezko eszedentzia egoeran daudenak, baldin eta egoera horretan indarreko araudian eskatzen den gutxieneko denbora eman ez badute.
4.– Ezingo dute parte hartu deialdi honetan dena delako lanposturako eskatzen denaz bestelako espezialitate jakin batekoak direla-eta lanpostuan gutxieneko aldi batez egon beharra duten eta aldi hori lanpostuan egin ez duten Ertzaintzako karrerako funtzionarioek. Nolanahi ere, salbuespena izango da organo eskudunak uko egitea onartu izana.
Gutxieneko aldi hori betetze-ondorioetarako, dagokion espezialitatearen betekizuna duten lanpostuetan zeinahi atxikipen-araubidetan lanean eman diren aldiak hartuko dira kontuan, betiere, funtzionarioak espezialitate hori egiaztatu duenetik aurrera, Ertzaintzaren lanpostuen zerrenda onartzen duen Segurtasuneko sailburuaren 2015eko martxoaren 12ko Aginduaren 6. artikuluarekin bat etorriz.
5.– Halaber, ezin izango dute deialdi honetan parte hartu ere ez eskainitako lanpostuetarako beharrezkoa den espezialitatea ez den beste bat lortzeko prestakuntza ikastaroa egiten ari direnek edo emaitzaren zain daudenek.
Bigarrena.– Zerbitzu-eginkizunetarako prozeduran parte hartzeko baldintzak.
1.– Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute jarduneko zerbitzuko administrazio-egoeran dauden eta Ertzaintzako Ikuskapen Eskalako ofizialondoko kategoriakoak edo Oinarrizko Eskalako agente edo agente lehenaren kategoriakoak diren Ertzaintzako karrerako funtzionario guztiek; baldin eta, eskatzen diren gainerako baldintza orokorrak eta, eskainitako lanpostuetan aritze aldera, lanpostuen zerrendan ezarrita dauden eskakizunak betetzen badituzte. 3. eranskinean azalduta daude horiek, hain zuzen ere.
2.– Ikerketa kriminaleko ikastaroaren espezialitatea izateko baldintza duten lanpostuetan, ikastaro hori egiaztatzen ez duten langileek parte hartu ahal izango dute, baldin eta beste baldintza guztiak betetzen badituzte, Euskal Herriko Polizia Kidegoetako funtzionarioen lanpostuak hornitzeko Araudia arautzen duen abenduaren 22ko 388/1998 Dekretuaren zazpigarren bis xedapen gehigarria betez.
3.– Ezingo dute parte hartu deialdi honetan dena delako lanposturako eskatzen denaz bestelako espezialitate jakin batekoak direla-eta lanpostuan gutxieneko aldi batez egon beharra duten eta aldi hori lanpostuan egin ez duten Ertzaintzako karrerako funtzionarioek. Nolanahi ere, salbuespena izango da organo eskudunak uko egitea onartu izana.
Gutxieneko aldi hori betetze-ondorioetarako, dagokion espezialitatearen betekizuna duten lanpostuetan zeinahi atxikipen-araubidetan lanean eman diren aldiak hartuko dira kontuan, betiere, funtzionarioak espezialitate hori egiaztatu duenetik aurrera, Ertzaintzaren lanpostuen zerrenda onartzen duen Segurtasuneko sailburuaren 2015eko martxoaren 12ko Aginduaren 6. artikuluarekin bat etorriz.
4.– Halaber, ezin izango dute deialdi honetan parte hartu ere ez eskainitako lanpostuetarako beharrezkoa den espezialitatea ez den beste bat lortzeko prestakuntza ikastaroa egiten ari direnek edo emaitzaren zain daudenek.
Hirugarrena.– Eskabideak aurkezteko epea.
1.– Prozedura hauetan parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea hamabost (15) lanegunekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
2.– Deialdi honetan parte hartzea eskatzeko, 4. eranskin gisa honekin batera doan eskabide-orri normalizatuaren eredua erabiliko da. Bertan behin betiko izaeraz eta/edo zerbitzu-eginkizunetan hornitzekoak diren lanpostuak zehaztuko dira eta; bi kasuetarako, lanpostu bat baino gehiago izanez gero, baita lanpostu horien lehentasun-hurrenkera ere.
3.– Eskabideak aurkezteko epea igaro ondoren, aurkeztutako eskabideak lotesleak izango dira eskatzaileentzat.
4.– Administrazioak parte hartzeko eskakizunak betetzen diren egiaztatuko du ofizioz, Giza Baliabideen Zuzendaritzak kudeatzen duen langileen datu-baseetako datuak baliatuta, baita deialdian azaltzen diren bestelako zehaztapenak ere baloratzeko erabiliko da, hala badagokio. Erreferentziatzat hartuko den data eskaerak aurkezteko azken eguna izango da.
Laugarrena.– Izendapen askeko sistemaren bidez lanpostuak behin betiko hornitzeko prozedura.
1.– Euskal Herriko Polizia Kidegoetako Funtzionarioen Lanpostuen Hornidurari buruzko Araudiaren 19. artikuluan xedatutakoarekin bat etorrita, norbait izendatzeko, aurretik hornituko den lanpostua atxikita dagoen administrazio-unitatearen edo -organoaren titularrak txostena eman beharko du. Txostenean, prozeduran onartuetatik bere ustez egokiena dena proposatuko du, edo bestela deialdia hutsik geratu dela adieraziko du.
2.– Egokitasun-txostena ematerakoan honako alderdi hauek gutxienez kontuan hartuko dira: hautagaiak prozeduran parte hartzeko betekizunak betetzea, lortu nahi den lanpostuko betekizunak betetzea, kategoria-igoeren eta lanpostuetako jardueren historiala, izandako azken destinoa eta konfiantzaren osagaia.
3.– Egokitasun-txostena hamabost egun naturalen buruan emango da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik aurrera.
Bosgarrena.– Behin betiko hornikuntza ebaztea.
1.– Behin betiko atxikipen gisa izendapen askeko sistemaren bidez hornitu beharreko lanpostuak Segurtasun sailburuordearen ebazpen bidez esleituko dira, eta adjudikaziodunei banaka jakinaraziko zaie. Ebazpen hori prozedura honetan ezarritakoarekin bat etorriz argitaratuko da.
2.– Izendapena egiteko ebazpena arrazoituko da hautatutako izangaiak deialdian eskatutako baldintzak eta gainerako zehaztapenak betetzen dituen eta izendapena egiteko eskumena aipatuz. Nolanahi ere, emandako ebazpenaren funtsa izango da beharrezko prozedura betetzea.
3.– Behin betiko atxikipenek Segurtasun sailburuordearen bidez zehaztutako egunetik aurrera ondorioak izango dituzte.
4.– Behin betiko adjudikazioak borondatezkoak dira eta ez dute lantokia aldatzearen ondoriozko kalte-ordainik sortuko.
Seigarrena.– Izendapen askeko sistemaren bidez behin betiko hornitutako lanpostua uztea.
1.– Izendapen askeko sistemaren bidez behin betiko atxikipenaz lanpostu baten adjudikaziodun diren funtzionarioak nahi denean lanpostutik kendu ahalko dira, Euskal Herriko Poliziari buruzko Legearen 70.6 artikuluan xedatutakoaren arabera.
2.– Izendapen askeko lanpostutik bazter utzitako funtzionarioak behin-behinean atxikiko zaizkio, ondorioak lanpostua utzi zuten hurrengo egunetik izanda, herri berean beren eskalako edo kategoriako beste lanpostu huts bati. Holakorik ezean, atxikipena kategoria horretan Ertzaintzan dagoen lanpostu hutsen batean egingo da, Euskal Herriko Polizia Kidegoetako Funtzionarioen Lanpostuen Hornidurari buruzko Araudia onartu zuen abenduaren 22ko 388/1998 Dekretuaren 24. artikuluaren 5. zenbakian ezarritakoaren kalterik gabe.
Zazpigarrena.– Zerbitzu-eginkizunen esleipena.
1.– Deialdi honen xede diren lanpostuen behin betiko hornikuntza Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordearen ebazpen bidez ebatzi ondoren, zerbitzu-eginkizunak esleituko dira aurkeztutako eskabideak kontuan izanik; baina, horretarako, premiazkoa izango da lanpostu hori atxikita dagoen administrazio-unitatearen edo -organoaren titularraren aldez aurreko txostena. Txosten horretan izangaien artean egokitasun-proposamena landuko da edo, bestela, deialdia bete gabetzat jotzea proposatuko.
2.– Euskal Herriko Poliziari buruzko Legearen 72. artikuluaren 1. eta 5. zenbakien arabera, posible izango da zerbitzu-eginkizunak ematea eskala bereko aurreko kategoriakoak diren langileei edo aurreko eskalako kategorietakoak direnei, betiere lanpostu horretarako onartuen artean zerbitzu-eginkizun bat esleitu ez zaien eta kategoria horretakoak diren langileak ez badaude.
3.– Euskal Herriko Polizia Kidegoetako funtzionarioen lanpostuak hornitzeko Araudia onartzen duen abenduaren 22ko 388/1998 Dekretuaren zazpigarren bis xedapen gehigarriaren arabera, zerbitzu-eginkizunak esleitu ahal izango zaizkie espezialitatea egiaztatuta ez duten funtzionarioei, baldin eta beste baldintza guztiak betetzen badituzte, lanpostu horretarako onartuen artean zerbitzu-eginkizun bat esleitu ez zaien eta espezialitate hori daukaten langileak ez badaude.
4.– Txostena hamabost egun naturaleko epean emango da.
5.– Zerbitzu-eginkizunaren funtzionario esleipendunari behin betiko atxikita dagoen lanpostua gordeko zaio.
6.– Zerbitzu-eginkizunaren esleipendunak bere kategoriako ordainsariak jasoko ditu, baita betetzen duen lanpostuari dagozkion osagarriak ere.
7.– Zerbitzu-eginkizun hauek borondatezkoak dira eta esleipenak ez du zerbitzuaren ondoriozko kalte-ordainik sortuko, lanpostuz aldatzeagatik.
8.– Zerbitzu-eginkizun hauek nahierara edozein unetan ezeztatu ahalko ditu eman dituen organoak, Euskal Herriko Poliziari buruzko uztailaren 17ko 4/1994 Legearen 72.6 artikuluan ezarritakoaren arabera.
Zortzigarrena.– Deialdia ebazteko epea.
1.– Deialdi hau ebazteko epea hilabetekoa izango da, eskabideak aurkezteko epea amaitu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita, baina epe hori luzatu ahal da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 49. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.
Bederatzigarrena.– Lanpostuaz jabetzea.
Deialdi honen bidez behin betiko eta zerbitzu-eginkizunetan hornituko diren destinoez jabetzea deialdia ebatziko duen ebazpen bidez arautuko da eta ez du baimenik edo lizentziarik sorraraziko.