56. zk., 2016ko martxoaren 22a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (3077 KB - 3 orri.)
- EPUB (426 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA
1249
32/2016 Dekretua, martxoaren 1ekoa, EAEko Itsasertza Babestu eta Antolatzeko Lurralde Plan Sektorialaren behin betiko aldaketa onartzen duena, Barrikako udalerriko Barrikabaso aldeari lotuta.
Martxoaren 13ko 43/2007 Dekretuaren bidez onartu zen Euskal Autonomia Erkidegoko Itsasertza Babesteko eta Antolatzeko Lurralde Plan Sektoriala (2007ko apirilaren 2ko EHAA), Ingurune Fisikoaren Artezpidea garatzeko, Lurralde Antolamenduko Artezpideen 8. kapituluko 7.C zenbakian xedatu bezala. Lurralde-plan sektorial hori indarrean dago 2007ko maiatzaren 2tik.
2004ko azaroaren 29an, EAEko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salako 2. sekzioak emandako 882/2004 epaiaren bidez, baietsi egin zen Txipio Bai elkarte naturistak jarritako administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Bizkaiko Foru Aldundiaren 421/2001 eta 359/2001 foru-aginduen aurkakoa. Agindu horietan aldatzen ziren Barrikako arau subsidiarioak, hainbat gune libre birsailkatuta lurzoru urbanizagarri gisa eta sistema orokorretarako, Muriola eta San Telmo aldean. Horrenbestez, deklaratu egin da foru-agindu horiek ez datozela zuzenbidearekin bat; beraz, baliogabetu eta indargabetu egin dira. Kasazio-errekurtsoa aurkeztuta, Auzitegi Goreneko Auzietako Salak, 2009ko uztailaren 3an, 4778/2009 epaia eman du, errekurtso horretarako arrazoirik ez dagoela deklaratzeko.
Horren ostean, Garraioetako eta Hirigintzako foru-diputatuaren azaroaren 3ko 1086/2009 Foru Aginduaren bidez, emandako epaiak egikaritzeko xedapena eman zen.
Lurzoru urbanizaezinaren 62 hektareako azalera batean du eragina aldaketa horrek; bertan, babes berezi zorrotzaren kategoria ematen zaie labarrei, eta babes berezi bateragarriaren kategoria gainerako eremuari. Halaber, eremu txiki matean, Muriola aldean, planteatu egin da nekazaritzaren eta abeltzaintzaren egungo kategoriaren ordez abeltzaintzaren eta landazabalaren kategoria jartzea. Aldaketa horiek Barrikabasoaren eremurako baino ez dira, eta aldaketa zehatzak dira; beraz, ez dute aldatzen lurralde-plan sektorialaren funtsezko alderdirik.
Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren 2014ko ekainaren 19ko Aginduaren bidez, deklaratu zen ez zela funtsezkoa lurralde-plan sektorial osoa (EAEko Itsasertza Babestu eta Antolatzeko Lurralde Plan Sektoriala, Barrikako udalerriko Barrikabaso aldeari lotutakoa) aldatzeko proposamena. Ondorioz, izapidetzeko orduan, bete egin dira Lurraldearen Antolamendurako Artezpideen, Lurraldearen Zatiko Planen eta Lurraldearen Arloko Planen funtsezkoak ez diren aldaketak onartzeko prozedura arautzen duen irailaren 9ko 206/2003 Dekretuak adierazitakoak.
EAEko Itsasertza Babestu eta Antolatzeko Lurralde Plan Sektorialaren aldaketa honetan dokumentazio hau dago:
a) Informazio-txostena.
b) Justifikazio-txostena.
c) Antolamendu-arauak.
d) Ekonomia- eta finantza-azterlana.
e) Egikaritze-programa.
f) Informazio- eta antolamendu-planoak.
Dekretu honen eranskina da 2-15 antolamendu-plano aldatua, argitaratzeko.
Bestetik, Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren 2014ko abuztuaren 22ko idazki baten bidez, jasota uzten du lurralde-plan sektoriala aldatzeko proposamena ez dagoela xedatuta Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Legeak adierazitako egoeren artean; horrenbestez, ez da aplikatu behar ingurumen-ebaluazioari buruzko arauetan ezarritako prozedurarik.
Lurraldearen Antolamendurako Artezpideen, Lurraldearen Zatiko Planen eta Lurraldearen Arloko Planen funtsezkoak ez diren aldaketak onartzeko prozedura arautzen duen irailaren 9ko 206/2003 Dekretuaren 5. artikuluan xedatutakoaren arabera, Ingurumen eta Lurralde Politika Saila du eskumena Gobernu Kontseilari igortzeko Barrikabaso aldeko Itsasertza Babestu eta Antolatzeko Lurralde Plan Sektorialaren aldaketa hau.
Beraz, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak proposatuta, Gobernu Kontseiluak 2016ko martxoaren 1ean egindako bileran gaia aztertu eta onartu ondoren, hau
XEDATZEN DUT:
Artikulu bakarra.– Behin betiko onartzea EAEko Itsasertza Babestu eta Antolatzeko Lurralde Plan Sektorialaren aldaketa, Barrikako udalerriko Barrikabaso aldeari lotutakoa, eta argitara ematea 2-15 antolamendu-plano aldatua, dekretu honen eranskinean.
XEDAPEN IRAGANKORRA
Aldaketa hau indarrean jartzen denean, indarreko antolamendu orokorra egokitu beharko da, xedatutakoaren arabera, 2 urteko gehieneko epean.
AZKEN XEDAPENA
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean dekretu hau.
Vitoria-Gasteizen, 2016ko martxoaren 1ean.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburua,
ANA ISABEL OREGI BASTARRIKA.