Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

52. zk., 2016ko martxoaren 16a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
1157

AGINDUA, 2016ko martxoaren 3koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, 2016. urtean literatura argitalpenetarako diru-laguntzak emateko arauak ezarri eta deialdia egiten duena.

Arte eta kultura mailako jarduerak eta horien hedapena Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren eskumenak dira, abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuari jarraikiz; dekretu horrek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren sailak sortu, ezabatu eta aldatzen ditu eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen ditu. Zeregin horiek Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren barruan ezartzen dira eta sail horren egitura organikoa finkatzen duen apirilaren 9ko 193/2013 Dekretuaren bitartez, Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari esleitzen zaizkio.

Euskal Autonomia Erkidegoan literatura-lanak argitaratzeko ahalegina sustatzeko xedez, material horiek editatzeko laguntza-bideak ezartzea beharrezkotzat jotzen du sail honek.

Kultura arloko estatu-laguntzei buruzko Europar Batasunaren araudian aldaketak egin berri dira, 2014ko uztailaren 1etik aurrera honako hau jarri baitzen indarrean: 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamendua, zenbait laguntza-kategoria barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dituena Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatzearen ondorioz (2014-06-26ko AO, L 187). Erregelamendu horren nobedade nagusietariko bat izan da notifikazio beharrik ez daukaten estatu diru-laguntzen kategoriak zabaltzea, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren (EBFT) 108. artikuluaren 3. atalean agertzen direnak. Kategoria berrien artean daude ondare eta kulturako diru-laguntzak, eta zehatz-mehatz musika eta literaturaren edizioa.

Beraz, literatura argitalpenetarako diru-laguntzen kasuan, Tratatuaren 108. artikuluaren 3. atalean ezarritako notifikazio beharrik ez dago.

Horregatik, agindu honen bidez literatura-argitalpenetarako diru-laguntzak aipatu 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamendura egokituko dira. Erregelamendu horren bidez, zenbait laguntza-kategoria barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dira Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatzearen ondorioz (2014-06-26ko AO, L 187).

Halaber, agindu hau Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuak onartu duen eta sailaren web orrian argitaratu den Kultura Sustatzeko Zuzendaritzaren 2016-2018ko urteetako diru-laguntzen plan estrategikoaren barnean dago sartuta.

Horiek horrela, hau

EBATZI DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honek euskarazko eta gaztelaniazko literatura argitalpenetarako diru-laguntzetarako dei egiten du, eta horiek jasotzeko araubidea ezartzen, 2016. urterako.

Diru-laguntzen helburua literatura edizioa sustatzea da. Eta horretarako 2016. urtean argitalpengintzan diharduten enpresek garatu beharreko euskarazko eta gaztelaniazko literatura-lanen urteko edizio-planaren argitalpen-kostuen parte bat ordainduko da.

2. artikulua.– Modalitateak eta baliabide ekonomikoak.

1.– Agindu honetan jasotzen diren diru-laguntzak finantzatzeko 626.800 euro gordeko dira, diruz lagun daitezkeen honako jarduera-eremu edo modalitate hauen arabera banatuta:

a) Euskarazko literatura argitalpenak, 511.800 euroko zuzkidura izango duena.

b) Gaztelaniazko literatura argitalpenak, 115.000 euroko zuzkidura izango duena.

2.– Modalitate bakoitzean zehaztutako diru kopuruak direnak direla, eskaerarik ez dagoelako edo baldintzak betetzen ez dituztelako, edo aurkeztutako eskaerek behar adina kalitate-maila ez dutelako, modalitateren batean erabakitako diru kopuru guztia baliatzen ez bada, Kalifikazio Batzordeak honako proposamen arrazoitua egingo dio Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeari: sortutako soberakina beste modalitatearen diru kopuruari gehitzea. Eragiketa hori egiteko, soberakina izan duen eremuaren edo modalitatearen prozedurak aldez aurretik ebatzia egon beharko du, eta soberakina jasoko duen modalitatearen prozedurak, aldiz, ebatzi gabe.

3. artikulua.– Pertsona edo erakunde onuradunak.

1.– Deialdi honetan finkatutako betebeharrak betetzen dituzten argitaletxeek eskatu ahal izango dituzte diru-laguntzak. Argitaletxetzat hartuko dira bakarrik, 2014. urtetik 2015. urtera bitartean gutxienez hiru egileren bost liburu argitaratu dituzten merkataritza-erakunde pribatuak edo pertsona fisikoak. Erakunde pribatuen kasuetan, bere gizarte xedearen barruan argitalpengintza izatea, eta pertsona fisikoentzat jarduera ekonomikoen zergako edizio-jardueretarako epigrafean alta izan beharko dute. Ez dira emango diru-laguntzak, elkarteek eta fundazioek aurkeztutako eskaerei.

2.– Gaztelaniazko literatura argitalpenen modalitatean, pertsona eta entitate eskatzaileek Europar Batasuneko edo Europako Esparru Ekonomikoko estatu kideren batean egoitza izan beharko dute; eta eskaera aurkezten duten momentuan hitzeman beharko dute, behin diru-laguntza emanez gero establezimendu egonkor bat izango dutela Euskal Autonomia Erkidegoan.

Pertsona juridiko batek establezimendu egonkor baten bidez diharduela zehazteko, Euskadiko Autonomia Erkidegoko Kontzertu Ekonomikoa onartzen duen maiatzaren 23ko 12/2002 Legeak 21.2 artikuluan zer dioen hartuko da aintzakotzat.

3.– Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak eskuratu ahal izateko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administraziotik emandako diru-laguntzak jasotzeko ezarri diren betebeharrak egiaztatu beharko dira, eta zergak eta Gizarte Segurantzako kuotak egunean ordainduta izan beharko dituzte.

Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrak edo erakunde autonomiadunek ezaugarri bereko beste diru-laguntzaren batzuk eman izana dela eta horiek itzultzeko edo zigortzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitu egin beharko da onuradunei diru-laguntzak eman edo ordaindu ahal izateko.

Halaber, jasotako diru-laguntza bere diru-sarreren artean berriz sartu ez izana, itzultze-prozedura bat bukatutakoan, berriz ez sartzeko agintzen duen ebazpen bat eman bada, ezingo da diru-laguntza onartu, eta hala badagokio, ordaindu.

4.– Ezingo dute deialdi honetako diru-laguntzarik jaso laguntza publikoak lortzeko zigor administratibo edo penalik duten pertsona edo erakundeek, ezta ere horretarako gaitasuna kentzen dien legezko debekurik dutenek ere. Halaber, ezingo dute diru-laguntzarik eskatu sexu-bereizkeria dela-eta zigor administratibo edo penalik duten erakundeek, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenaren indarrez.

5.– Halaber, pertsona edo entitate onuradunek, Diru-laguntzen 38/2003 Lege Orokorrak bere 13. artikuluan jasotako baldintzak bete beharko dituzte.

4. artikulua.– Diru-laguntza jaso dezaketen materialak eta oinarrizko betebeharrak.

1.– Argitaletxeek edizio-plan ezberdinak aurkeztuko ahal izango dituzte, batean 2016. urtean argitaratuko diren euskarazko literatura-liburuak sartuz, eta beste batean 2016. urtean argitaratuko diren gaztelaniazko literatura-lanak. Edizio-planetan sartutako liburuek ezin izan dute parte hartu aurreko urtetako diru-laguntza hauen edizioetan.

Aurkeztutako liburuak ondorengo generotakoak izango dira: eleberria, ipuinak, poesia, antzerkia, haur eta gazte literatura, komikiak eta literatura saiakera. Euskarazko literatura argitalpengintzan, saiakera eta humanitateak ere onartuko dira.

Eskatu ahal izango da diru-laguntza modalitate bakar batean - euskarazko literatura argitalpenak edo gaztelaniazko literatura argitalpenak-, edo bietan. «Liburu» kontzeptua zer den ulertzeko, Irakurketa, liburu eta liburutegien ekainaren 22ko 10/2007 Legearen definizioa hartuko da gidari. Liburua, era inprimatuan edo irakurgarria den beste edozein euskarritan, argitaratu daiteke.

2.– Aurkezten diren edizio-planeko liburuek honako ezaugarriak bete beharko dituzte:

a) Jabego intelektualari dagokionez indarrean dagoen arautegia bete beharko dute, bai eta ISBN eta Legezko Gordailua eskuratzeko egin beharreko lege-izapide guztiak ere.

b) Paperean inprimatutako lana denean, euskarazko lanen kasuan gutxienez 800 aleko tirada izatea, itzulitako lanak, poesia, entsegu eta antzerki-lanetan izan ezik, horietan 600 alekoa nahikoa izango baita. Eta gaztelaniazko lanen kasuan gutxienez 1.000 aleko tirada izatea, poesia, entsegu eta antzerki-lanetan izan ezik, horietan 750 alekoa nahikoa izango baita.

c) Testuak 50 orrialde hartuko ditu gutxienez, komikiak, haurrentzako liburuek, poesia eta antzerki-lanek salbu.

d) Paperean inprimatutako lana denean, liburu-dendetan 500 ale gutxienez merkaturatzea, euskarara itzulitako lanak, poesia, entsegu eta antzerki-lanetan izan ezik, horietan 350 ale nahikoa izango baita. Eta euskarri digitalean argitaratutako lana denean, plataforma digital batean salgai egotea.

e) Liburuen lehen argitaraldiak izan behar dute. Berrargitalpenak ere izan daitezke, baina aurreko argitaraldia 6 urte baino lehenagokoa bada.

5. artikulua.– Bazterketak.

Ez dira diruz lagunduko ondoko sailetariko batean sarturik dauden liburuak:

a) Testu-liburuak, zientzia-liburuak, dibulgaziozko liburuak, bidaia edo beste gaietako gidak, sukaldaritza-errezeten liburuak, entziklopediak, hiztegiak eta hezkuntzara zuzendutako argitalpenak.

b) Bibliofilo-liburuak eta argitalpen mugatua eta numeratua dutenak.

c) Eguneratu daitezkeen lanak, atalka argitaratuak eta koadernatu gabeko orrietan argitaratutakoak, lan osoari kalterik egin gabe kendu edo alda daitezkeen zatiak dituztenak.

d) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra eta bere Erakundeen Administrazioaren ediziorako diru-laguntzak jaso dituzten lanak.

e) Agindu honen diru-laguntzak eskuratzerik ez duten entitateen aginduz (erakunde publikoak, argitaletxe ez diren enpresak, irabazteko asmorik gabeko entitateak...), onuradun izan daitezkeen entitateek egindako argitalpen-lanak.

f) Beste diru-laguntza batzuk eskuratu dituzten argitalpen-lanak, kostu osoaren % 50ekoak edo hortik gorakoak badira. Era berean, onuradun izan daitekeen entitate batek agindu honen diru-laguntzak eskuratzerik ez duten beste entitateekin batera lankidetzan argitaratutako liburuak.

g) Liburugileak berak argitaratutako lanak, salgarri ez direnak eta argitaratzaileak berak egindako antologiak.

h) Epeka saltzeko argitalpen-lanak, eta liburu-klubek edo antzekoek bazkideentzat eta atxikientzat bakarrik argitaraturikoak.

i) Albumak, ebakigarriak, pintatzeko liburuak, eranskailudunak, denbora-pasakoak, kaligrafia koadernoak eta haurrentzako testurik gabeko liburuak.

j) Urtekariak, aldizkako argitalpenak eta eranskinak edo horien zenbaki monografikoak, dietarioak eta antzekoak.

k) Ale berean hizkuntza bi edo gehiagoko testuak dituztenak, poesia liburuetan jatorrizko testua agertzen den kasuetan izan ezik.

6. artikulua.– Eskabideak.

1.– Agindu honetako diru-laguntzak jasotzeko eskabideak Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeari zuzenduko zaizkio. Eskaera ezberdinak aurkeztuko dira euskarazko eta gaztelaniazko argitalpenetarako.

2.– Eskabideak, behar bezala eskaera-orri normalizatua bete ondoren, aurrez aurre aurkeztu ahal izango dira Zuzenean Zerbitzuko bulegoetan, EAEko erregistro laguntzaileetan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan jasotakoak) edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak 38.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean. Eskaera-orriak euskadi.eus guneko ondorengo helbide elektronikoan eskura daitezke:

https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2016/literatura_argitalpenak/y22-izapide/eu/

3.– Eskabideak bide elektronikoa erabiliz ere aurkeztu ahalko dira euskadi.eus guneko ondorengo helbide elektronikoan:

https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2016/literatura_argitalpenak/y22-izapide/eu/

4.– Pertsona eta erakunde eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute eskaera, atxikitako dokumentazioarekin batera. Halaber, pertsona edo erakunde eskatzaileak aukeratzen duen hizkuntza hori erabili ahal izango da prozedura osoan, Euskararen Erabilpena Arautzen duen 1982ko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeko 5.2.a) eta 6.1 artikuluek xedatzen duen moduan.

5.– Datuak ematerakoan gezurretan ibili edo irregulartasunak eginez gero, Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak akats hori egin duen argitaratzailearen liburuei diru-laguntzarik ez ematea edo diru-laguntza zati bat kentzea erabaki dezake.

7. artikulua.– Diru-laguntzen tramitazioa.

1.– Pertsona eta erakunde interesdunek bide elektronikoak erabili ahal izango dituzte deialdi honetako izapideak eskatzeko, kontsultatzeko eta bideratzeko.

2.– Eskaerak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak, bai bide presentziala erabiliz bai bide elektronikoa erabiliz, nola tramitatu behar diren azaltzen dituzten argibideak euskadi.eus guneko honako helbide elektroniko honetan daude ikusgai:

https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2016/literatura_argitalpenak/y22-izapide/eu/

3.– Eskabidea egiteko eta dokumentazioa aurkezteko bide horietako bat erabiliz gero –presentziala edo elektronikoa–, horrek ez du esan nahi bidez aldatu ezin denik prozeduraren ondorengo izapideetan, alegia, edonoiz aldatu daiteke bidea.

4.– Eskabidearen ondoko izapideak, bide elektronikoa erabiliz, hemen egin daitezke: https://www.euskadi.eus/niregestioak

8. artikulua.– Jakinarazpenak izapidetze presentzialean eta telematikoan.

1.– Izapideak bertaratuta eginez gero, jakinarazpena egindakotzat joko da erakunde interesdunak edo haren legezko ordezkariak edo baimendutako pertsonak Posta Zerbitzuaren hartu-agiria sinatzen duenean, eta kasu bakoitzean ezarritako epea jakinarazpeneko egintza jaso eta biharamunetik hasiko da zenbatzen.

2.– Izapidetze telematikoaren kasuan, aldiz, Administrazio Elektronikoa arautzen duen otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaren V. tituluan xedaturikoari jarraikiz, jakinarazpena egindakotzat joko da erakunde interesdunak edo, kasuan kasu, legezko ordezkariak edo baimenduriko pertsonak jaso duela elektronikoki sinatzen duenean, eta kasu bakoitzean ezarritako epea hark jakinarazpeneko egintza jaso izana elektronikoki sinatzearen biharamunetik aurrera hasiko da zenbatzen. Jakinarazitako egintza aipatutako dekretuan aipatzen den helbide elektronikoan interesdunaren edo haren legezko ordezkariaren edo baimendutako pertsonaren esku jartzen denetik hamar egun naturaleko epea igaro eta gero, interesdunak haren edukia eskuratzen ez badu, jakinarazpena ezetsitzat joko da. Horrela, izapidea egindakotzat joko da eta prozedurak aurrera egingo du, salbu eta ofizioz edo hartzaileak jakinarazita, jakinarazpena ikustea teknikoki edo materialki ezinezkoa izan dela egiaztatzen bada.

9. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea.

Eskaerak aurkezteko epea, Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den hurrengo egunean hasiko da eta 2016ko maiatzaren 13an bukatuko da.

10. artikulua.– Erakunde eskatzaileen betebeharren akreditazioa eta ekarri behar den dokumentazioa.

1.– Administrazio publikoak esleituta dituen egiaztapen-, kontrol- eta ikuskaritza-ahalmenak alde batera utzi gabe, diru-laguntza eskatzen duen erakundeak espresuki eman dezake baimena organo kudeatzaileak identitateari buruzko datuak lortu edo egiaztatzeko, bai bide presentziala erabiltzen duenean eta bai bide elektronikoa erabiltzen duenean.

2.– Deialdi honen organo kudeatzaileak egiaztatuko du, automatikoki, diru-laguntza eskatu duten pertsonek edo entitateek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko baldintzak betetzen dituztela, eta horretarako ez du pertsona edo entitate horien oniritzia beharko, halaxe xedatzen du-eta Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak. Nafarroako Haziendan zergak ordainduz gero, pertsona edo entitate interesatuek zerga-betebeharrak betetzen dituztelako agiria aurkeztu beharko dute.

3.– Pertsona fisikoen kasuan, jarduera ekonomikoen zergako edizio-jardueretarako epigrafean alta akreditatzea, eta nortasuna akreditatu edo organo kudeatzaileari baimena eman egiaztatzeko.

4.– Pertsona juridikoen kasuan, IFZaren bidezko nortasuna akreditatzea, eratze-eskritura eta entitatearen estatutuak, pertsona juridikoaren legezko ordezkariaren nortasuna eta lege-ahalmena duela egiaztatzea, eta dagokion erregistroan entitatea izena emanda dagoela egiaztatzea.

5.– Aurkezten den proiektuari buruzko dokumentazioa:

a) Edizio Plan ezberdinak, batean 2016. urtean argitaratuko diren euskarazko literatura-liburuak adieraziz, eta beste batean 2016. urtean argitaratuko diren gaztelaniazko literatura-liburuak. Argitaletxeak, Plana emandako ezaugarriekin gauzatzeko diru-laguntza beharrezkoa dela justifikatu beharko du. Planean sartutako liburu bakoitzeko edukia, egilearen jarduera eta edizio-epeak adierazi beharko dira (dokumentu bakarra formatu digitalean).

b) Argitaletxearen ibilbidea azaltzen duen memoria, azken hamar urteetan argitaratutako lan kopurua, berredizioak eta salmenta-toki kopurua adieraziz (dokumentu bakarra formatu digitalean).

c) Argitaletxearen katalogoa (dokumentu bakarra formatu digitalean).

d) Edizio Planean sartutako liburu bakoitzeko:

– Datu orokorrak, argitalpenaren ezaugarri teknikoak eta edizioaren kostua, euskadi.eus gunearen ondorengo helbide elektronikoan eskuragai dagoen eredua (xls formatua) erabiliz:

https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2016/literatura_argitalpenak/y22-izapide/eu/

– Egile-eskubideak dituen titularraren adostasuna edo jabari publikoko erregimenean dagoela egiaztatzen duen agiria.

6.– Aurkeztuko diren dokumentu elektronikoak, erabilitako bidea (presentziala edo elektronikoa) edonolakoa dela ere, ondorengo ezaugarriak izan beharko dituzte:

a) Deskargatzeko ereduak erabiliko dira holakoak daudenean, eta ahal bada ereduaren formatuan aurkeztuko dira.

b) Bestelako dokumentazioa aurkeztuko da ahal bada PDF formatuan.

c) Dokumentazio elektroniko guztiaren gehienezko tamaina 30 Mb izango da.

d) Katalogoak web helbide baten bidez aurkeztu ahal izango dira.

11. artikulua.– Aurkeztutako eskabideetako akatsen zuzenketa.

Ikusten bada eskabidea onartzeko eskatzen diren dokumenturen bat falta dela edo forma-akatsak daudela, edo balorazioa egiteko aurkeztu diren dokumentuetan akatsak daudela, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko. Era berean, ohartarazi egingo zaio ezen, epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, aurrez jakinaraziko zaion ebazpen baten bidez, edo dagokion izapidea egiteko eskubidea galduko duela.

12. artikulua.– Diru-laguntzen kudeaketa.

Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusitako laguntzen kudeaketa-zereginak betetzea, eta Kultura Sustatzeko zuzendaria izango da laguntza horien arduraduna.

13. artikulua.– Balorazio Batzordea.

1.– Agindu honen 2.1 artikuluaren prozedura bakoitzean, Balorazio Batzordeari dagokio aurkeztutako eskabideak aztertzea, agindu honen 4. artikuluan ezarritako baldintzak aintzat hartuta. Era berean, batzorde horrek aurkeztutako Edizio-Planak baloratuko ditu, landuko du ebazpen-proposamena eta, ondoren, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeari igorriko. Bertan azalduko dira, hala badagokio, entitate onuradun bakoitzari egokitutako diru-kopurua eta emandako diru-laguntzak modu egokian erabiliko direla ziurtatzeko ongi iritzitako baldintza guztiak, eta baita ere ukatutako eta ez onartutako eskaeren zerrenda eta horretarako emandako arrazoiak.

2.– Balorazio Batzordea osatzerakoan, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 3.7 artikuluak xedatutakoa errespetatuko da.

3.– Batzordekideak.

a) Euskarazko literatura argitalpenak:

– Kultura Sustatzeko zuzendaria. Batzordeburua izango da eta kalitate-botoa izango du, boto-berdinketa gertatuz gero azken erabakia emateko. Bera ez badago, batzordekiderik zaharrena izango da batzordeburua.

– Edizioan hiru aditu, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak izendatuak.

– Euskal Editoreen Elkarteak proposatutako ordezkari bat.

– Kultura Sustatzeko Zuzendaritzako teknikari bat, idazkari moduan jardungo duena. Honek iritzia eman ahal izango du, baina botorik ez.

b) Gaztelaniazko literatura argitalpenak:

– Kultura Sustatzeko zuzendaria. Batzordeburua izango da eta kalitate-botoa izango du, boto-berdinketa gertatuz gero azken erabakia emateko. Bera ez badago, batzordekiderik zaharrena izango da batzordeburua.

– Edizioan hiru aditu, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak izendatuak.

– Euskadiko Editoreen Elkarteak proposatutako ordezkari bat.

– Kultura Sustatzeko Zuzendaritzako teknikari bat, idazkari moduan jardungo duena. Honek iritzia eman ahal izango du, baina botorik ez.

4.– Balorazio Batzordearen osaera Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen ebazpen baten bitartez, lehenengo bilera egin aurretik.

14. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoa.

1.– Balorazio Batzordeek egiaztatuko dute edizio-planetan agertzen diren liburuek 4. artikuluko baldintzak betetzen dituztela. Horren ondotik, liburu bakoitzaren argitalpen-kostuak finkatu, honako bi hauen artean baxuena aukeratuz: enpresa eskatzaileak aurkeztutako informazio ekonomikoa, eta deialdi hau argitaratzen den unean Eusko Jaurlaritzako Argitalpen Zerbitzuko argitalpenetarako indarrean dauden prezioetan oinarritutakoa. Argitalpen-kostu hori kalkulatzeko, argitalpengintzaren alorreko adituen iritzia bil dezakete Batzordeek.

2.– Liburu bakoitzaren argitalpen-kostuaren kontzeptuan sartzen dira: maketazio-kostu mekanikoak, 1.000 ale –edo hortik beherakoak badira– horiei dagozkien inprimatzeko eta koadernatzeko kostuak, lanaren digitalizazioa, jatorrizkoak prestatzeko kostuak (baita itzultzeko gastuak ere, hala badagokio) eta beharrezko argitalpen-diseinuaren kostuak.

3.– Balorazio Batzordeek argitaletxe bakoitzak aurkezturiko edizio-planen argitalpen-kostua zehaztuko du, hau da, 4. artikuluko baldintzak betetzen dituzten liburu guztien kostuen batuketa, kontuan hartuta lan bakoitzak ezin duela 7.000 euroko kostua gainditu.

4.– Aurkeztutako edizio-planaren argitalpen-kostuen % 70eraino irits daiteke diru-laguntza.

5.– Diru-laguntzak eta horien zenbatekoak zehazterakoan, honako irizpide hauek hartuko dira kontuan aurkeztutako Edizio-Planak baloratzerakoan:

a) Edizio-Planean sartutako lanen kultura-arloko interesa, gehienez % 40. Ondorengo aspektuak hartuko dira kontuan, plana bere osotasunean begiratuta:

– lanen kalitatea (% 10),

– lanen edukia (% 10),

– egileen ibilbidea (% 10),

– eta Euskadik edota bertako biztanleek bizi duten errealitate kultural, sozial eta linguistikorekiko lotura (% 10).

b) Eskaera egin duen argitaletxearen katalogoa eta ibilbidea, gehienez % 30. Ondorengoak hartuko dira kontuan:

– azken hamar urteetan argitaratutako lanak (% 20),

– berrargitalpen kopurua (% 5),

– eta lanen banaketa (% 5).

c) Proposatzen den Edizio-Planaren ezaugarri teknikoak eta aurrekontuaren egokitasuna, gehienez % 30. Ondorengoak hartuko dira kontuan:

– edizio mota eta euskarri digitalaren erabilera (% 10),

– paperezko liburuaren formatua, azalaren mota, paperaren gramajea eta inpresio mota (% 10),

– eta aurrekontuaren egokitasuna (% 10).

Balorazio-baremotik gutxienez % 60ko puntuazioa lortzen ez duten proiektuak baztertuta geratuko dira eta ezin izango dira hautatutako proiektuetan barne hartu.

6.– Diru-laguntzen kopurua zehazteko irizpide proportzionala erabiliko da. Modalitate bakoitzaren baliabide ekonomikoak banatuko dira aurreko atalean ezarritako puntuazio minimoa lortzen duten proiektuen artean, beti ere Edizio-Planaren kostuaren arabera. Edizio-Plan bakoitzari dagokion diru-laguntzaren kopurua kalkulatzeko, ezarritako irizpideen arabera balorazio fasean lortutako puntuazioari dagokion zuzenketa- koefizientea (1 =>60 eta <70 puntu dagoen kasuetan, 1,5 => 70 eta < 80 puntu dagoenean eta 2 => 80 puntu dagoenean), Edizio-Planen kostu osoari aplikatuko zaio.

7.– Agindu honetan ezarritako diru-laguntzak bateragarriak izango dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra eta bere Erakundeen Administrazioak ez diren beste erakunde publiko edo pribatu batzuek helburu berarekin emandako beste edozein diru-laguntzarekin, nahiz eta inolaz ere ezingo den Balorazio Batzordeak ezarritako edizio-kostua gainditzen duen diru-laguntzarik eman. Gainfinantzaketarik gertatuz gero, deialdi honen babesean emandako diru-laguntzari soberakina kenduko zaio.

15. artikulua.– Ebazpena.

1.– 2.1 artikuluaren prozedura bakoitzean, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeari dagokio aurkeztutako eskabideak ebaztea, 13. artikuluan aurreikusitako Balorazio Batzordeak proposatutakoa ikusi eta gero. Hartzen den ebazpenean, interesdun bakoitzari jakinaraziko zaiona, laguntza eman den edo ez zehartuko da, hala gertatzen den kasuan, eta eman denean, zein pertsonak edo erakundek jaso duen eta emandako diru-laguntzaren zenbatekoa. Eskabide ukatuen kasuan, eskatzaileen izena eta ukatze horren zergatiak ere adierazi beharko dira.

2.– Ebazpena emateko epea igarota, interesdunak bere eskabidea ezetsi dela ulertuko du, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44. artikuluan jasotako ondorioetarako.

3.– Eskatutako diru-laguntzen gaineko ebazpenak emateko eta horiek jakinarazteko epeak direla eta, baldin aplikagarria bada agindu honetako 11. artikuluan aurreikusitakoa, ebazpena emateko epea eten egingo da izapide horrek behar duen beste denboraz, aintzat hartuta jakinarazpena noiz jasotzen den eta erantzuna emateko zein epe dagoen.

4.– Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira –betiere diru-laguntzaren xedea bete bada– edo beste administrazio edo erakunde publiko zein pribatuetatik beste diru-laguntzarik jaso bada, diru-laguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da.

5.– Jende guztiak jakin dezan, deialdi honen kontura emandako diru-laguntzen zerrenda osoa, onuradunak, kopuruak eta laguntzen xedea zehaztuta, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

16. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan araututako diru-laguntzak jasotzen dituzten entitate onuradunek, betiere, honako betebehar hauek izango dituzte:

a) Emandako diru-laguntza onartzea. Horrela, diru-laguntza ematen zaiela jakinarazteko gutuna jaso eta hamabost eguneko epean ez badiote diru-laguntzari espresuki eta idatziz uko egiten, onartu dutela ulertuko da.

b) Ekonomia eta Ogasuna Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari deialdi honen bidez jasotako diru-laguntzei buruzko informazioa ematea, eskatuz gero.

c) Diru-laguntza eman zaien helbururako erabiltzea. Diruz lagundutako egitasmoaren helburua edo izaera nabarmen aldatzen duen edozein gorabehera gertatuz gero (egileen aldaketa, lanen izenburua, ezaugarri teknikoak, kostuak...), horren berri eman beharko da, idatziz.

d) Diru-laguntza eskatzen duen pertsona edo erakundea erregistratu gabe badago Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantzak Saileko Hirugarrenen Erregistroan, edota Erregistroan dauden bere bankuko datuak aldatu nahi baditu, eskabidearekin batera Eusko Jaurlaritzako hirugarrenaren altari buruzko agiria, aurkeztu beharko du. Agiria www.euskadi.eus gunean dago eskuragarri.

Halaber, onuradunek, azaroaren 17ko diru-laguntzen 38/2003 Lege Orokorrak bere 14. artikuluan jasotako betebeharrak izango dituzte.

17. artikulua.– Diru-laguntzen ordainketa.

Diru-laguntzak bi zatitan ordainduko dira:

a) Lehenengo ordainketa, diru-laguntza osoaren % 50, ebazpena jakinarazi ondoren eta 16.a) artikuluan ezarritako epea ukorik gabe igaro eta gero.

b) Diru-laguntzaren beste % 50a, agindu honetan ezarritako baldintzak bete direla justifikatu ondoren, eta betiere 2015eko urtarrilaren 1etik aurrera.

18. artikulua.– Justifikazioa aurkezteko tokia eta modua.

1.– Diru-laguntza justifikatzeko dokumentazioa 2017ko martxoaren 10a arte aurkez daiteke.

2.– Justifikazioak bertaratuta eginez gero, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Ordezkaritzetan eta Herritarrentzako Zerbitzuaren bulegoetan edo 30/1992 Legean ezarritako edozein bidetatik (30/1992 Legea, azaroaren 26koa, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearena) aurkeztuko dira.

3.– Justifikazioak bide elektronikoaren bidez ere aurkeztu ahalko dira, https://www.euskadi.eus/niregestioak gunean.

19. artikulua.– Diru-laguntzaren justifikazioa egiteko, aurkeztu behar den dokumentazioa.

a) Diruz lagundutako edizio-planaren exekuzioari buruzko azalpen-memoria zehatza.

b) Diruz lagundutako lan guztiek sortarazitako gastuen ordainagiri guztiak jasotzen dituen zerrenda zehatza, ondorengo euskadi.eus gune elektronikoetan agertzen den ereduaren arabera (xls formatua):

https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2016/literatura_argitalpenak/y22-izapide/eu/

Balio Erantsiaren gaineko Zergari dagokion zenbateko kengarria ezingo da egindako gastutzat hartu.

c) Diruz lagundutako edizio-planeko lan bakoitza argitaratzeko egindako inprenta-gastuen egiaztagiriak (jatorrizko fakturak edo kopia kautotuak), zenbat liburu ale egin diren adieraziz.

Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak laginketa-tekniken bidez egiaztatuko ditu diruz lagundutako jardueraren ziurtagiriak, hain zuzen ere egoki irizten dituenak, diruaren kopuru osoak, diru-laguntzen kopuruak zuzenak direla eta diru-laguntzak eurak ondo erabili direla ziurtatzeko.

Hala ere, Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak artikulu honetako lehenengo paragrafoan ezarritako epearen barruan hala eskatzen badu, pertsona onuradunek konpromisoa hartuko dute aurkeztutako aurrekontu osoa justifikatuko duten egiaztagiriak Zuzendaritzaren eskura uzteko.

d) Helburu berbererako beste diru-laguntzaren bat jaso bada, eta agindu honen 7. artikuluan aipatzen den unean horren berri ez bazuen, horien zerrenda.

e) Argitalpenaren ale bat, edo edizio digitala eskuratu ahal izatea.

f) Paperean argitaratutakoen kasuetan, banatzaileak liburu-dendetan zabaltzeko jaso duen liburu kopurua ziurtatzen duen egiaztagiria.

20. artikulua.– Subkontratazioa.

1.– Onuradunak hirugarren batzuekin azpikontratatzen duen jarduera, diruz lagundutako jardueraren % 75era iritsi ahal izango da, azpikontratu guztien prezioak batuta.

2.– Kontzeptu honetatik kanpo geratzen dira editoreak diru-laguntza jaso duen jarduera bere kabuz egiteko egin behar dituen gastuen kontratazioa.

21. artikulua.– Baldintzak ez betetzea.

Diru-laguntza ematea eragin zuen edozein baldintza edo betebehar betetzen ez dela egiaztatuz gero, jasotako zenbatekoak eta legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio. Betiere, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginekoan (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak onartua), eta Euskal Autonomi Elkartearen Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen eta horien kudeaketan parte hartzen duten Izaki Laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoaren arabera.

Halaber, azaroaren 17ko Diru-laguntzen 38/2003 Lege Orokorrak bere 37. artikuluan jasotakoak bete beharko dira.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Datu Pertsonalak babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoari jarraituz, eskatzaileek emandako datuak eta eskabideetan agertzen direnak Eusko Jaurlaritzaren «Kultura sortzeko eta hedatzeko laguntzak eta diru-laguntzak» izeneko fitxategian sartuko dira. Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren Kultura Sustatzeko Zuzendaritza da fitxategi horren titularra eta 2015eko abenduaren 2ko Aginduan araututa dago. Fitxategiak laguntza emateko espedienteak kudeatzea du helburu. Aldez aurretik, Datuak Babesteko Agentziari eman zaio horren berri, eta datuen segurtasun osoa bermatzeko behar diren segurtasun-neurriak ezarrita ditu. Fitxategiaren datuak, bestalde, ez zaizkie beste pertsona batzuei jakinaraziko, legeak bideratutako kasuetan izan ezik.

Datu pertsonalen babesari buruz indarrean dauden arauei jarraikiz, datuok eskuratu, zuzendu, ezeztatu eta datuoi aurka egiteko eskubideez baliatu ahalko da eskatzailea, horretarako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren Araubide Juridikoaren eta Zerbitzuen Zuzendaritzara idatzi bat bidaliz (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz). Donostia kalea 1 - 01010 Vitoria-Gasteiz.

Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak erkatu ahal izango ditu adierazitako datuak eta berariazko egiaztapenak egin ahal izango ditu diru-laguntzak behar bezala esleitzeko.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Administrazio-bidea amaitzen duen agindu honen aurka interesdunak aukerako berraztertze-errekurtsoa jar diezaioke Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezake Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan bi hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sortuko ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko martxoaren 3a.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.


Azterketa dokumentala