48. zk., 2016ko martxoaren 10a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (234 KB - 2 orri.)
- EPUB (197 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA
1063
35/2016 DEKRETUA, martxoaren 1ekoa, zeinaren bidez urgentziako deklaratzen baita, nahitaez desjabetzeko, Arabako Foru Aldundiak proiektu honen eraginpeko eskubide eta ondasunak okupatzea: Bastidako Andaverde edo Gimeleoko bihurgunearen ingurumen-ingurua leheneratzeko proiektua, ES2110008 Ebro ibaia deritzon kontserbazio bereziko eremuaren barrukoa.
Arabako Foru Aldundiak ES2110008 Ebro ibaia deritzon kontserbazio bereziko eremuaren barruan Bastidako Andaverde edo Gimeleoko bihurgunearen ingurumen-ingurua leheneratzeko proiektuaren espedientea egin eta formalki onartu eta gero, proiektua gauzatzeko lur guztiak erabili beharra adierazi zuen.
2014ko urriaren 21ean, Arabako Foru Aldundiak nahitaezko desjabetzearen espedientea hastea zein ondasun eta eskubideen zerrenda jendaurrean jartzea erabaki zuen, 15 eguneko epean prentsan eta 2014eko azaroaren 21eko Arabako Aldizkari Ofizialean (133. zk.). Geroago, 2015eko irailaren 22an egindako bilkuran, Arabako Foru Aldundiak Eusko Jaurlaritzari proiektuak eragiten dituen eskubide eta ondasunak okupatzeko urgentziaren adierazpena eskatzea erabaki zuen, Nahitaezko Desjabetzearen Legearen 52. artikuluan ezarritakoa betetzeko.
Urgentziaz okupatu beharreko ondasunak eta eskubideak banakatuta eta zehazturik daude dosierrean jasotako zerrendan, identifikazioak egiteko datu askirekin agertu ere. Zerrenda hori jendaurrean jarri zen behar zenean, eta ez zen alegaziorik aurkeztu, administrazio-espedientean adierazten denez.
Zerbitzu teknikoek ikusi dutenez, ez dago espedientea izapidetzeko inolako hirigintza-oztoporik.
Ondasun eta eskubide horiek okupatzea luza ezinezkotzat jotzen da, honako arrazoi hauengatik:
Gimeleoko hezegunearen inguruan ekosistemaren degradazioa saihestea ingurunea leheneratzearen bidez.
Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 26.1.f artikuluan xedatzen denaren arabera, Eusko Jaurlaritzari dagokio: nahitaez desjabetu beharreko ondasun eta eskubideak urgentziaz okupatu behar direla deklaratzea, nahitaezko desjabetzeak honako hauek hartzen dituenean: burutze-unitate osoak, lurraldearen hirigintza-antolaketari dagozkion sistema orokorrak edo antolaketa horren elementuren bat eta hiri-lurzoruan egin beharreko banakako jarduketak. Goian aipatutako lege horren 26.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, lurralde-antolamenduaren eskumenak dituen sailburuari zegokion horretarako proposamena aurkeztea Gobernu Kontseiluari.
Hori dela bide, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak proposaturik, Gobernu Kontseiluak 2016ko martxoaren 1ean egindako bilkuran aztertu ondoren, hauxe
XEDATZEN DUT:
Artikulu bakarra.– Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko Legearen 26.ean xedatutakoari jarraituz, nahitaez desjabetzeko, ES2110008 Ebro ibaia deritzon kontserbazio bereziko eremuaren barruan Bastidako Andaverde edo Gimeleoko bihurgunearen ingurumen-ingurua leheneratzeko proiektua egiteko behar diren ondasun eta eskubideak Arabako Foru Aldundiak urgentziaz okupatu beharrekoak direla deklaratzea. Berariaz hasarazitako espedientean jasotako zerrendan daude zehaztu eta banakatuta ondasun eta eskubide horiek.
AZKEN XEDAPENA
Administrazio-bidea amaitzen duen dekretu honen aurka, lehenik, nahi izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa jar dakioke Gobernu Kontseiluari hilabeteko epean, edo, bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan bi hileko epean. Dekretu hau argitaratu eta hurrengo egunetik hara zenbatuko dira epeok.
Vitoria-Gasteizen, 2016ko martxoaren 1ean.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburua,
ANA ISABEL OREGI BASTARRIKA.