Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

48. zk., 2016ko martxoaren 10a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA
1059

AGINDUA, 2016ko otsailaren 10ekoa, Herri Administrazio eta Justiziako sailburuarena, «Fundación Síndrome Wolf-Hirschhorn o 4 P-» fundazioaren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko dena.

«Fundación Síndrome Wolf-Hirschhorn o 4 P-» fundazioaren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko eskatuz aurkeztutako espedientea ikusi eta aztertu da. Hona hemen

AURREKARIAK

Lehenengoa.– 2015eko azaroaren 17an, Herri Administrazio eta Justizia Sailean eskari bat sartu zen, «Fundación Síndrome Wolf-Hirschhorn o 4 P-» fundazioaren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko (Antonio Escandón Pajares jaunak, June Arroitajauregi Campos andreak eta Raúl Pajares Escandón jaunak sortu zuten fundazioa). Eskaerari espedienteko agiriak erantsi zitzaizkion.

Bigarrena.– 2015eko abenduaren 10eko idazkiaren bidez, bidalitako dokumentazioan atzemandako hutsak zuzentzeko eskatu zien Fundazioen Erregistroak interesdunei, eta, horrela, 2016ko otsailaren 9an, eskatutako dokumentazioa jaso zen Herri Administrazio eta Justizia Sailean.

Hirugarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Aholku Batzordeko Batzorde Teknikoak bilkura egin du, fundazioaren helburuak zilegi eta interes orokorrekoak direla eta fundazioa ekonomikoki bideragarria dela egiaztatzeko, eta 2015eko abenduaren 2an fundazioa erregistroan inskribatzearen aldeko txostena eman du.

Laugarrena.– Honako hauek dira fundazioaren helburuak, haren estatutuen 6. artikuluan xedatutakoaren arabera:

Interes orokorreko helburuak ditu, eta gizarteak aurrera egin dezan laguntzen du, gaixotasun arraro honen ikerketa bultzatuz, hezkuntza eta lan arloko berrikuntza eta jardunbide egokien ekimenak eta proiektuak garatuz eta sustatuz, eta Wolf-Hirschhorn sindromea bistaratuz eta haren gaineko sentsibilizazioa eta zabalkundea eginez, modu horretan, sindrome hau pairatzen duten guztien integrazioa, tolerantzia eta bizi-kalitatearen hobekuntza lortzeko.

Bosgarrena.– Estatutuetako 4. eta 5. artikuluek xedatzen dutenez, fundazioaren egoitza Bilbon dago (Kalen Nagusia 8, 5. solairua, 5. departamentua), eta fundazioak gehienbat Euskal Autonomia Erkidegoan garatzen ditu jarduerak.

Seigarrena.– Hasierako zuzkidura hiru mila (3.000) eurokoa da. Ekarpen hori egin dela agiri bidez jasota geratu da erregistro-inskripzioko espedientean, hala agintzen baitu Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamenduaren 37.1.c) artikuluak. Erregelamendu hori ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuak onartu du.

Zazpigarrena.– Patronatuari dagokio fundazioa ordezkatzea, administratzea eta gobernatzea. Patronatuko kideek dohainik beteko dituzte beren egitekoak, hala baitago aurreikusita fundazioaren estatutuetan.

Zortzigarrena.– Patronatuko kideak, fundazioa eratzeko eskrituran ezartzen denez, honako hauek izango dira (biziarteko agintaldiarekin):

– Lehendakaria: June Arroitajauregi Campos andrea.

– Idazkaria: Raúl Pajares Escandón jauna.

– Diruzaina: Antonio Escandón Pajares jauna.

Izendatutako guztiek onartu dituzte beren karguak, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legearen 12.1 artikuluan ezarritako moduetariko bat erabiliz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari dagokio fundazioa eratzeko espediente hau agindu bidez ebaztea. Hala ezarrita dago: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 3.1 artikuluan; Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuaren 4.1.a) artikuluan; Herri Administrazio eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 188/2013 Dekretuan; eta Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeko eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzekoan.

Bigarrena.– Horretarako legitimazioa daukan pertsona batek sustatu du espediente hau. Espedienteari, bestalde, funtsezkotzat jotzen diren datu eta agiriak erantsi zaizkio, eta bereziki, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legearen 6., 7. eta 9. artikuluetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 36., 37., 38. eta 39. artikuluetan ezarritakoa betez. Lege eta erregelamenduzko manuen arabera egin da Fundazioaren eraketa.

Aipatutako arauak eta oro har kasu honetan aplika daitezkeen gainerakoak ikusirik, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Honako hau Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko agintzea –egun honetan eta F-404 erregistro-zenbakiarekin–: Bilboko (Bizkaia) «Fundación Síndrome Wolf-Hirschhorn o 4 P-» erakundearen eraketa, eta bai Patronatuaren hasierako osaera ere. Patronatuko kideak zortzigarren aurrekarian agertzen dira. Kideok espresuki onartu dituzte euren karguak, betiere 2015eko urriaren 22an Jaime Fernández Ostolaza notarioaren aurrean egiletsitako eskritura publikoan ezarritako zehaztapenekin bat etorriz (protokolo-zenbakia: 1491). Eskritura hori 2016ko urtarrilaren 26koak osatu zuen (protokolo-zenbakia: 144).

Bigarrena.– Fundazio hori, dituen helburuak kontuan hartuta, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroko 4. sekzioan sailkatzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 2.2 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

Hirugarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea eta interesdunei bidaltzea.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko otsailaren 10a.

Herri Administrazio eta Justiziako sailburua,

JOSU IÑAKI ERCORECA GERVASIO.


Azterketa dokumentala