Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

48. zk., 2016ko martxoaren 10a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

SEGURTASUN SAILA
1057

AGINDUA, Segurtasuneko Sailburuarena, 2016ko martxoaren 1ekoa, Euskadiko segurtasun pribatuaren esparruan ohorezko aipamenak emateari buruzkoa.

Euskal Autonomia Erkidegoak eskumena du segurtasun pribatuaren sektorean Euskal Autonomia Erkidegoan egiten diren jarduerak kontrolatzeko, autonomia-estatutuan xedatutakoaren arabera. Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema antolatzen duen ekainaren 28ko 15/2012 Legeak jakinarazten ditu eskumen horiek eta segurtasun publikoko politikekin duten lotura.

Euskal Autonomia Erkidegoak segurtasun pribatuaren arloan dituen eskumenak arautzen dituen urriaren 21eko 207/2014 Dekretuaren 11. artikuluan jasota dagoenez, beren betebeharrak betetzean nabarmentzen diren segurtasun pribatuko langileei Segurtasun Saileko ohorezko aipamenak eman ahal izango zaizkie; ohorezko aipamen horiek merituzko ekintzen arrisku-ezaugarri bereziak, nekagarritasuna, ekimen profesionala eta gizarte-garrantzia kontuan hartuta emango dira, ofizioz edo, bestela, partikularren, langileak kide diren enpresen edo segurtasun pribatuarekin zerikusia duten beste erakunde batzuen ekimenez.

Segurtasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen apirilaren 9ko 194/2013 Dekretuaren 13.3.d) artikuluan –Euskal Autonomia Erkidegoak segurtasun pribatuaren arloan dituen eskumenak arautzen dituen urriaren 21eko 207/2014 Dekretuan idatzita dagoen bezala– jasotzen diren ohorezko aipamen horiek emateak Segurtasuneko sailburuordeari esleitzen dio jarduera nabarmenak aipatutako ohorezko aipamenekin saritzeko eginkizuna.

Horrenbestez, Euskadiko Segurtasun Pribatuaren Koordinaziorako Batzorde Mistoari entzunda, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Xedea eta aplikazio-eremua.

1.– Agindu honen bidez, ohorezko aipamenak sortzen dira segurtasun pribatuaren arloan, eta Euskadin egindako jarduerengatik edo emandako zerbitzuengatik ematea arautzen da.

2.– Agindu honetan jasotzen diren aipamenak ohorezkoak baino ez dira, eta ez dakarte berekin inolako eskubide ekonomikorik.

2. artikulua.– Ohorezko aipamenen pertsona edo erakunde hartzaileak.

Honako hauek izan daitezke agindu honetan aipatutako ohorezko aipamenen hartzaileak:

a) Segurtasun pribatuko langileak, Euskadin eginiko jarduerengatik. Segurtasun pribatuko langileek, salbuespen gisa, hil ondoren ere jaso dezakete saria.

b) Segurtasun pribatuko enpresak, Euskadin eman edo eginiko zerbitzu eta jarduerengatik.

c) Bestelako pertsona fisikoak, erakundeak, korporazioak, entitateak edo establezimendu publiko edo pribatuak, Euskadin eginiko jarduerengatik.

3. artikulua.– Aipamenen kategoriak.

Euskadiko segurtasun pribatuaren esparruko aipamenen kategoriak hauek dira:

a) Ohorezko kondekorazioa.

b) Ohorezko saria.

c) Diploma.

d) Ohorezko plaka.

4. artikulua.– Ohorezko kondekorazioa.

Ohorezko kondekorazioak beren eginkizunak betetzean eta, bereziki, Ertzaintzarekin lankidetzan aritzean nabarmentzen diren segurtasun pribatuko langileak aintzatesten ditu, kontuan hartuta ondoren aipatzen diren kasuetan izandako arrisku-ezaugarri bereziak eta nekagarritasuna:

a) Bizitza edo osotasun fisikoa arrisku larrian jarri edo lesionatu izana, zerbitzu bat ematean edo emateagatik, betebeharrak betetzean.

b) Delituak egitea galarazi izana, nahastutako pertsonak atxilo hartuta.

c) Ertzaintzari informazio garrantzitsua eman izana, delitu astunak prebenitzeko edo argitzeko lagungarria izan delako.

d) Euskadin segurtasunaren ikuspegitik garrantzitsua den informazioa eman izana Ertzaintzari.

5. artikulua.– Ohorezko saria.

Ohorezko sariak beren eginkizunak betetzean eta, bereziki, Ertzaintzarekin lankidetzan aritzean nabarmentzen diren segurtasun pribatuko langileak aintzatesten ditu, ondoren aipatzen diren kasuetan:

a) Delituak egitea galarazi izana.

b) Betebeharrak betetzean izandako jarduera humanitarioak.

c) Ertzaintzari informazioa eman izana, zigor-arloko arau-hausteak prebenitzeko edo argitzeko lagungarria izan delako.

d) Euskadin segurtasun publikoa bermatzen laguntzen duen informazioa eman izana Ertzaintzari.

e) Euskadin segurtasuna bermatzen laguntzen duen eta ohorezko aipamen hori merezi duen beste edozein jarduera.

6. artikulua.– Diploma.

Diplomak Euskadin segurtasun pribatuko zerbitzuak hobeto ematen laguntzean eta, bereziki, Ertzaintzarekin lankidetzan aritzean nabarmentzen diren segurtasun pribatuko enpresak aintzatesten ditu, honako meritu hauen balioespenaren arabera:

a) Ertzaintzarekin lankidetza garrantzitsuan aritu izana.

b) Segurtasun pribatuko langileak etengabe prestatzeko politikak abiaraztea, eguneratuta izateko behar den ezagutza- eta gaitasun-maila.

c) Enpresaren antzinatasuna, jarduera eten gabe, euskal gizarte osoan izen handia lortuta.

7. artikulua.– Ohorezko plaka.

Ohorezko plakak egindako ahalegina eta izandako dedikazioa aitortzen die pertsona fisikoei, instituzioei, korporazioei, erakundeei eta establezimendu publiko edo pribatuei, Euskadin segurtasun pribatuko zerbitzuak hobetzen laguntzen nabarmendu badira, ekarpen garrantzitsuak eginez sektorean, edo, beren eredugarritasun profesional eta elkarlanaren bidez, herritarren eta erakundeen interesak babestuz Euskadiko segurtasunaren alorrean, honako meritu hauen balioespenaren arabera:

a) Lanbide-ibilbidea.

b) Jarduera garrantzitsuak Euskadiko segurtasun pribaturako.

c) Ertzaintzarekin lankidetza garrantzitsuan aritu izana.

d) Euskadin segurtasuna bermatzen laguntzen duen eta ohorezko aipamen hori merezi duen beste edozein jarduera.

8. artikulua.– Prozedura.

1.– Agindu honetan araututako aipamenak emateko prozedura ofizioz edo partikularrek eskatuta hasten da, hurrengo paragrafoan aurrez ikusitako eran.

2.– Segurtasun Sailburuordetzako titularrak, urte bakoitzaren lehenengo hiruhilekoan, hilabeteko epea irekiko du edozein pertsona fisikok edo erakunde juridiko publikok edo pribatuk aipamen-proposamenak aurkez ditzan, aurreko aldiari buruzkoak, agindu honetan deskribatutako modalitate bakoitzerako, eta proposamena egiteko arrazoi diren ekintzak deskribatzen dituen azalpen-memoria xehatua eta ekintzen egiaztagiriak ere aurkeztu beharko ditu. Sektorean eta erakundeen eta herritarren artean ahalik eta zabalkunderik handiena izan dezan, prozedura honen hasiera argitaratu egin beharko da segurtasun publikoaren arloan eskumena duen sailaren web-orrialdean.

3.– Pertsona fisikoek eta erakundeek ezin dute beren burua proposatu, ez eta asmo- edo zuzendaritza-batasuna partekatzen duten erakundeak ere. Hala ere, segurtasun-enpresek beren lantaldeko langileak proposatu ahal izango dituzte.

4.– Aipamenen proposamenak ebaluazio-batzorde batek aztertuko ditu; batzordekideak hauek izango dira: batzordeburua (Segurtasuna Koordinatzeko Zuzendaritzako titularra) eta Segurtasun Sailburuordetzako titularrak izendatutako hiru pertsona (segurtasun publikoaren esparrukoak).

Ertzaintzako Segurtasun Pribatuko Unitateko kide baten ardura izango da ebaluazio-batzordeko idazkaritza; unitatea batzordearen bileretara joaten da, eta hitzarekin baina botorik gabe parte har dezake.

Genero-parekotasuna lortzeko, batzordearen osaeran emakumeen eta gizonen presentzia orekatua bermatzera jo behar da.

Ebaluazio-batzordeko kide izateak ez dakar ordainsaririk jasotzerik, eta ez du jasoko gastu-konpentsaziorik bileretan izategatik.

5.– Ohorezko aipamenak ematea Segurtasun Sailburuordetzako titularrari dagokio, ebaluazio-batzordeak aurkeztutako proposamena ikusita. Aipamenak emateko erabakia saritutako pertsonei eta erakundeei jakinarazten zaie.

6.– Ohorezko aipamenak indarrik gabe geratuko dira baldin eta aitortu zirenetik bi urteko epean arau-hauste oso astunen bat egiten bada, Segurtasun Pribatuari buruzko apirilaren 4ko 5/2014 Legean aurrez ikusitakoen artetik.

7.– Segurtasun arloan eskumena duen sailak segurtasun pribatuaren eguna dela dioen egunean emango zaizkie aipamenak saritutako pertsonei eta erakundeei.

8.– Ohorezko kondekorazioa edo saria hartu izana saritutako segurtasun pribatuko langileen lanbide-txartelean jasoko da.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Ekitaldi honetan eman beharreko ohorezko aipamenak emateko prozedura Segurtasun Sailburuordetzaren ebazpenaren bidez hasiko da, eta ebazpen hori segurtasun publikoaren arloan eskumena duen sailaren web-orrialdean argitaratuko da.

AZKEN XEDAPENA

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean agindu hau.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko martxoaren 1a.

Segurtasuneko sailburua,

ESTEFANÍA BELTRÁN DE HEREDIA ARRONIZ.


Azterketa dokumentala