Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

45. zk., 2016ko martxoaren 7a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
1007

13/2016 DEKRETUA, otsailaren 2koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Arreta Goiztiarreko esku-hartze integralari buruzkoa.

Dekretu honen bitartez, Euskal Autonomia Erkidegoko osasunaren, hezkuntzaren eta gizarte-zerbitzuen arloetan Arreta Goiztiarraren eremuan egiten diren esku-hartzeak antolatzeko eta koordinatzeko oinarrizko arauak ezarri nahi ditu Eusko Jaurlaritzak, zuzenean inplikatutako osasunaren, hezkuntzaren eta gizarte-zerbitzuen sistemetako jarduketak egokiro koordinatuko diren eredu integral eta efikaz bat bermatzeko helburuarekin.

Haurren garapenaren lehenengo urteetako ezaugarria da funtzioak era progresiboan jasotzen dituztela, hala nola kontrol posturala, desplazamenduaren autonomia, komunikazioa, hitzezko hizkuntza eta interakzio soziala. Bilakaera hau estuki lotua dago umetoki barneko bizitzan hasitako nerbio-sistemaren heltze-prozesuarekin eta antolamendu emozional zein mentalarekin eta horrek egitura genetiko egoki bat eskatzen du, bai eta gizakiaren oinarrizko beharrak asetzea ere, bai maila biologikoan bai psikoafektiboan.

Haur-garapena prozesu dinamiko oso konplexua da, eta bertan, oinarri genetiko jakin baten gain, faktore biologiko eta psikosozial ugarik jarduten dute. Elementu horien edozein trastornok arrisku bat dakar, edo garapenaren trastornoak ere eragin ditzake.

– garapen motorraren trastornoa;

– garapen kognitiboaren trastornoa;

– garapen sentsorialaren trastornoa;

– hizkuntzaren garapenaren trastornoa;

– garapenaren trastorno orokortua;

– jokabidearen trastornoa;

– trastorno emozionalak;

– adierazpen somatikoaren trastornoak;

– atzerapen ebolutiboa.

Nahasmendu horiek garapenaren etapetako edozeinetan gerta daitezke: jaio aurrekoan, jaiotza inguruan, jaio ondoren edo garapen goiztiarrean. Nazioartean onartuta dauden estandarren arabera, garapen horrek 0 urtetik 6 urtera bitarteko aldia hartzen du. Datuek adierazten dute nahasmendu horiek arrisku bat direla edo garapenean trastornoak sor ditzaketela adin-bitarte horretako haurren % 10 inguruan. Arazo handi bat eta garrantzi handikoa da, beraz.

Gaur egun, ebidentzia zientifikoak agerian uzten du adierazitako nahasmenduen arteko zenbait saihesgarriak direla, beste batzuk erabat edo partzialki zuzen daitezkeela, eta nahasmendu horietako gehienen ondorio negatiboak gaia behar bezala aztertuta arin daitezkeela, eta zenbat eta lehenago aztertu orduan eta eraginkorragoa izango da hurbilketa hori. Afektazio handieneko egoeretan ere, laguntza profesional espezializatua jasoz gero erlazionatutako nahasmenduak agertzea prebenitzen du, haurren eta haien familien ongizatea hobetzen du, eta autonomia-maila, parte-hartze aktiboaren maila eta gizarteratze-maila hobetzen ditu.

Laguntza profesional hori Arreta Goiztiarrean txertatzen da; Arreta Goiztiarra da 0-6 urteko haurrei, familiari eta inguruneari zuzendutako esku-hartzeen multzoa, esku-hartze horien helburua izanik garapenean trastornoak dituzten edo izan ditzaketen haurren premia iragankor edo iraunkorren prebentzioa eta ahalik eta azkarren erantzutea. Hartzaile diren haurren adina bat dator Arreta Goiztiarraren Liburu Zurian jasotakoarekin, Autonomia pertsonala sustatzeari eta mendetasun-egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Legearen 7.3 artikuluari jarraiki Autonomia Erkidegoak ezar dezakeen babes-maila gehigarriaren arabera.

Garapenaren trastornoak multifazetikoak eta, sarritan, konbinatuak izaten dira, eta horregatik, arreta egokia izateko beharrezkoak diren esku-hartzeetan haurra globalki hartu behar da, globaltasun horretan familia bera ere sartuta. Bestalde, trastorno horiek hain askotarikoak eta konplexuak izaki, hainbat diziplina espezializatuk koordinatuta esku hartu behar dute, eta hori lortzeko, trastorno horiek profesionalen talde interdiziplinar nahiz transdiziplinar baten bitartez aztertu behar dira.

Gure Autonomia Erkidegoan, premia horiei erantzuteko aurrerapauso handiak egin ditugu; izan ere, askotariko plan, programa eta ekimenak abiarazi ditugu erantzun horretan parte hartzen duten hiru jardun-arlo nagusietan, osasunaren, hezkuntzaren eta gizarte-zerbitzuen eremuetan eskudunak diren Sailen bitartez:

Horrela, bada, osasun-sistemaren helburu dira haurren urritasunen prebentzio-programak garatu eta artatzea, arriskuan dagoen biztanleriaren jarraipena egitea, eta esku-hartze goiztiarreko proposamenetan laguntzea. Zehatzago esanda, euskal osasun publikoak alor horrekin zuzenean lotutako programa eta jardunen aukera zabala eskaintzen du, prebentzio-alderdian zein alderdi terapeutikoan. Besteak beste, Osasuna eta Emakumeak 2009-2012 programa, jaioberrien gaixotasun endokrino-metabolikoak bahetzeko programa, jaioberrian unitateak antolatzea, lehen mailako arretako pediatria antolatzea, haur- psikiatriako zerbitzuak antolatzea, edo haurren gorreria goiz detektatzeko programa.

Hezkuntzaren arloko esku-hartzea haurrak eskolatzen direnean hasten da. Zorroan edo prestazio publikoan sartzen diren hezkuntza-zerbitzu guztiek –egungo nahiz etorkizuneko– helburu dute hezkuntza-laguntzako premia bereziak dituzten ikasle guztiei hezkuntza-eskubidea eta aukera-berdintasuna bermatzea, eta kasu horretan biltzen dira agian esku-hartze goiztiarra eta iraunkorra behar duten guztiak. Prestakuntzan eta Hezkuntzaren Berrikuntzan Laguntzeko Zerbitzuak (Berritzeguneak) sortu izana nabarmendu behar dugu; zerbitzu horietan, Haur Hezkuntzako Aholkularitzak eta, zehazkiago, Hezkuntza Premia Berezietako Aholkularitzak txertatzen dira. Bestalde, «Eskola inklusiboaren esparruan aniztasunari erantzuteko plan estrategikoari» dagokionez, helburuetako bat du arreta goiztiarreko sailarteko eredua garatzea, bere eskumenen esparruan.

Gizarte-zerbitzuen arloan, arreta goiztiarraren fasean esku har dezaketen jardunen bi multzo nagusi garatu dira. Alde batetik, babesgabezia-arriskuan edo -egoeran dauden haurren babesaren arloko jardunak, Haurrak eta nerabeak zaintzeko eta babesteko otsailaren 18ko 3/2005 Legearen esparruan; eta, beste alde batetik, autonomia sustatzeko eta desgaitasunari eta mendetasunari arreta emateko jardunak, mendetasunaren arau-esparruan –bereziki, Autonomia pertsonala sustatzeari eta mendetasun-egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Legea– eta gizarte-zerbitzuen arloan indarrean dagoen autonomia-erkidegoko araudiaren esparruan –bereziki, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legea–. Izan ere, Gizarte Zerbitzuei buruzko Legean esanbidez jasotzen da arreta goiztiarrerako esku-hartze sozialeko zerbitzua gizarte zerbitzuen euskal sistemako prestazio eta zerbitzuen katalogoan sartzen diren zerbitzuen artean.

Zerbitzu, programa eta jardunen sare aberats eta konplexu horrek, zalantzarik gabe, aurrerapauso handiak bermatu ditu azken bi hamarkada hauetan, baina, gaur egun, konpondu beharrekoa den disfuntzio bat badu oraindik: zatikatuta funtzionatzen du, inplikatutako arreta-sistema guztien artean beharrezkoa den koordinaziorik eta lankidetzarik gabe. Arreta Soziosanitarioaren Euskal Kontseiluak, errealitatea hori zela jabeturik, eta hainbat arlotan egindako ahaleginak hobetu daitezkeela ere ikusita –eraginkortasunaren, efizientziaren eta estalduraren aldetik, behar bezala koordinatutako sistema integralago bat antolatuz gero–, 2008. urtean, eta hiru Foru Aldundiek eredu koordinatu bat zehazteko egindako hainbat ekimenekin batera, hausnarketa-prozesua sustatu behar zela erabaki zuen, eta horretara berariaz bideratutako batzorde bat eratu zuen; batzorde horretan Osasunaren, Hezkuntzaren eta Gizarte Zerbitzuen arloetako ordezkariek parte hartu zuten.

Arreta Soziosanitarioaren Euskal Kontseiluak sustatutako hausnarketa horren ondorioz, 2010eko amaieran, «Euskal Autonomia Erkidegoko Arreta Goiztiarraren Eredua» dokumentua prestatu zen; dokumentu hori erreferentzia hartuta, berariaz sortutako erakundearteko batzorde tekniko batek 2012. urtearen erdialdera erregulazio teoriko-praktikoaren proposamena aurkeztu zuen, Dekretu honen ernamuin.

Testuinguru honetan, Eusko Jaurlaritzak beharrezkotzat jo du arau-esparru egoki bat ezartzea Autonomia Erkidegoan Arreta Goiztiarreko esku-hartze integralaren kalitatea zein efikazia bermatuko dituen eredu bat izateko. Esku-hartze hori garapenean trastornoak dituzten edo horiek izateko arriskua duten zero urtetik sei urtera bitarteko haurrentzat izango da eta bertan parte hartuko dute beren eskumenen barruan jarduketak egiten dituzten hainbat sistemek eta diziplina ezberdinetako profesionalek.

Zehazki, helburua da inplikatutako sistemetako profesionalen eskura jartzea arreta goiztiarrari buruzko diziplina anitzeko esparru teoriko zein praktikoa eta kontzeptuala, bai eta baliabideak funtzionalki antolatzeko eta koordinatzeko ereduaren oinarrizko formulazioa ere. Inplikatuta dauden hiru sistemen ardura partekatuari eragotzi gabe, eredu integral eta diziplinartekoak proposatzen duena da erakundearteko koordinazio-mekanismoetako ardura nagusia Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemari ematea funtzionalitate arrazoiak direla bide. Ildo horri jarraiki, Dekretuaren bitartez gizarte-zerbitzuen arlo espezifikoa antolatzearekin lotutako alderdiak arautu dira.

Dekretuaren egitura honako hau da: zioen azalpena, 25 artikulu –lau kapitulutan banatuta–, xedapen gehigarri bai, bi xedapen iragankor, eta bi azken xedapen.

I. kapituluan «Xedapen Orokorrak» bildu dira: Euskal Autonomia Erkidegoko Arreta Goiztiarreko esku-hartze integralaren esparru teoriko-praktikoa eta kontzeptuala antolatu da, eta arauaren xedea zehaztu; Arreta Goiztiarra zer den definitu da, bai eta helburu espezifikoak ere; Arreta Goiztiarraren eremu subjektiboa edo xede-biztanleria zein den finkatu da; esku-hartzearen mailak azaldu; eta esku-hartze integralaren printzipio gidariak garatu.

II. kapituluan, esku-hartze eredu integralaren eta hiru sistemetako baliabideak koordinatzeko oinarrizko arauak ezarri dira. Koordinazioa Arreta Goiztiarraren Erakundearteko Kontseiluaren eta Arreta Goiztiarraren Erakundearteko Batzorde Teknikoaren bitartez egituratzen da. Koordinazio-organo horien xedea, osaera, antolaketa eta eginkizunak ere xedatu dira Dekretuan bertan.

Antolaketa funtzional espezializatuaren elementu garrantzitsuenak Arreta Goiztiarreko Balorazio Taldeak (AGBT) eta Arreta Goiztiarreko Esku-hartze Taldeak (AGET) dira; Foru Aldundien bigarren mailako arretako gizarte-zerbitzuen mendeko dira. Arreta Goiztiarreko Balorazio Taldeek kasuak baloratzen dituzte, hala badagokio, arreta pertsonalizatuaren plana egiten dute, baimena izapidetzen dute, emaitzak ebaluatu, alta baimendu eta kasuan kasu komeni den jarraipena egiten dute. Arreta Goiztiarreko Esku-hartze Taldeek, bestalde, arreta pertsonalizatuaren plana aplikatzeko beharrezkoak diren jardunak burutzen dituzte.

Ildo beretik, gizarte-zerbitzuen esku-hartzeari buruzko alderdi zehatzei buruzko arauen garapena hainbat erregelamendu-aginduri lotu beharrean, gizarte-zerbitzu horien jardunaren homogeneotasuna bermatu nahi izan da Dekretu honen bitartez. Horretarako, III. kapitulu osoan Arreta Goiztiarreko Esku-hartze Taldeen esku-hartzerako prozedura landu da. Era berean, esku-hartzea jasotzeko baldintzak eta prozedura zehaztu dira; arreta pertsonalizatuaren plana; eta esku-hartzea amaitzeko kausak, hiru sistemetatik batek ala besteak jarraipena egiteko edo jarduteko premia izatea alde batera utzi gabe. Bukatzeko, IV. kapituluan Haurren Garapeneko eta Arreta Goiztiarreko Zentroek bete behar dituzten baldintzak –pertsonalak, materialak eta funtzionalak– arautu dira, Arreta Goiztiarreko esku-hartzeak gauzatzen dituzten egitura ezagunak diren aldetik; zentro horien baimen- eta homologazio-araubidea ere arautu da, Administrazio Publikoarekin hitzarmenak, kontratuak edo itunak egin ahal izan ditzaten.

Horri jarraiki, eta Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuaren proposamenez, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren adostasunarekin eta Gobernu Kontseiluak 2016ko otsailaren 2an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATU DUT:
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Helburua.

Dekretu honen helburua honako hau da: Euskal Autonomia Erkidegoko Arreta Goiztiarreko esku-hartze integrala arautzea, erantzukizun publikoaren esparruan ematen den esku-hartzeari dagokionez; horretarako, Arreta Goiztiarreko zerbitzuak ematen inplikatutako sistemen jardunak koordinatuko dituen esku-hartze eredu bat antolatzeko funtsezko elementuak ezarriko dira.

2. artikulua.– Arreta Goiztiarraren definizioa eta izaera.

1.– 0-6 urteko haurrei, beren familiei eta inguruneari zuzendutako esku-hartzeen multzoari esaten zaio arreta goiztiarra. Esku-hartzeen helburua da garapenean trastornoak dituzten edo izateko arriskua duten haurren premia iragankor edo iraunkorrei ahalik eta azkarren eta modu integralenean erantzutea.

2.– Erantzukizun publikoaren esparruan, Arreta Goiztiarra mistoa eta diziplinartekoa da, eta hurrenez hurren, osasunaren, hezkuntzaren eta gizarte-zerbitzuen sistemen eskumenei atxikitzen zaizkien osasun-, hezkuntza- eta gizarte-arloko osagaiak ditu.

3. artikulua.– Arreta Goiztiarraren helburu espezifikoak.

Arreta Goiztiarraren helburu espezifikoak honako hauek dira:

a) Bigarren mailako edo trastorno bati edo arrisku handiko egoera bati lotutako urritasunak edo defizitak ager daitezen saihestea edo murriztea.

b) Urritasun edo defizit batek haurrarengan, globaltasunean hartuta, eragiten dituen efektuak murriztea.

c) Haurraren garapena optimizatzea, ahal den neurrian.

d) Konpentsatzeko, oztopoak ezabatzeko eta premia espezifikoetara egokitzeko beharrezkoak diren mekanismoak sartzea.

e) Familiaren eta haurra bizi den ingurunearen premiak eta eskaerak artatzea eta betetzea; haurraren ingurunea zera da, gizarte-ingurunea, zentzu zabalenean hartuta, hau da, giza-ingurunea –familia eta ohiko beste zaintzaile batzuk, bai eta profesionalak ere–, eta ingurune fisikoa –familiaren edo erakundearen etxea, ikastetxea, osasun-zentroa, ospitalea, gizarte-zerbitzuak, espazio publikoa–.

4. artikulua.– Hartzaileak.

1.– 0-6 urteko haurrak dira Arreta Goiztiarraren hartzaile; hain zuzen ere, garapenean trastornoak dituzten haurrak edo trastorno horiek izateko arriskuan daudenak.

2.– Garapeneko trastornoak dituzten haurtzat hartuko ditugu osasunarekin edo harremanekin lotura duten eta eboluzio biologikoa, psikologikoa eta soziala eragozten duten jazoeren ondorioz garapenean desbideratze garrantzitsuak dituztenak. Nahasmendu edo trastornoak kognitiboak, motoreak, sentsorialak, emozionalak, jarrerazkoak, hizkuntzari dagozkionak, orokortuak edo adierazpide somatikokoak izan daitezke, edo atzerapen ebolutiboak.

3.– Garapenean trastornoak izateko arriskuan dauden haurrak honako hauek dira:

a) Arrisku biologikoaren egoeran dauden haurrak; egoera horretan daudela esango dugu erditu aurreko, inguruko edo ondoko aldian edo garapen goiztiarrean heltze-prozesua aldaraz lezaketen egoerak pairatu izan badituzte –hala nola, garai aurretik jaiotzea, pisu txikia edo anorexia izatea jaiotzean–, bai eta sortzetiko gaixotasunak edo hartutako gaixotasunak edo nahasmendu genetikoak badituzte ere.

b) Arrisku psikosozialaren egoeran dauden haurrak; egoera horretan daudela esango dugu gizarte-baldintza positiboetan bizi ez direnak –zainketa edo elkarreragin egokirik ez izatea gurasoekin eta senitartekoekin, tratu txarrak, abusua– heltze-prozesua aldaraz dezaketen egoerak diren aldetik.

5. artikulua.– Esku-hartzearen mailak.

Arreta Goiztiarrean esku hartzen duten hiru arloak –osasuna, hezkuntza eta gizarte-zerbitzuak– prebentzioko eta laguntzako ikuspegi batetik begiratuta esku hartzen dute, honako maila hauen bitartez:

a) Lehen maila: haurren garapenean urritasunak edo trastornoak eragin ditzaketen egoerak saihestera bideratutako jardun guztiak biltzen ditu, hiru sistemetan.

b) Bigarren maila: garapeneko urritasunak edo trastornoak agertzea edo horiek sortzeko arriskua detektatzera eta garaiz diagnostikatzera bideratutako jardun guztiak biltzen ditu, betiere detektatutako egoera horien ondorio negatiborik izan ez dezaten edo ondorio negatibo horiek murrizte aldera. Funtsean, honako hauen bitartez garatzen dira:

– osasun-tratamenduak aplikatuta hobetu daitezkeen prozesuetan;

– curriculum-egokitzapenak diseinatu eta aplikatuta, bai eta lan-plan pertsonalizatuak ere, oinarrizko gaitasunen garapena bermatzeko;

– laguntza-produktuak eta ingurune fisikoaren egokitzapenak aginduta; eta

– esku-hartze sozialeko programak diseinatu eta aplikatuta.

c) Hirugarren maila: haurraren garapenean behatutako urritasun, trastorno edo disfuntzioen ondorio negatiboak desagerraraztera edo murriztera bideratutako jardun guztiak biltzen ditu. Haurrari, familiari eta inguruneari zuzendutako esku-hartze guztien bitartez garatzen dira, eta garapen-baldintzak hobetzea dute xede. Esku-hartze hori habilitatzailea, errehabilitatzailea eta terapeutikoa da, eta familiaren eta ingurunearen premiei erantzuten die.

6. artikulua.– Administrazio-jardunaren printzipio gidariak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Arreta Goiztiarreko esku-hartzeak honako printzipio hauek bete behar ditu ikuskerari, antolaketari eta funtzionamenduari dagokienez:

a) Haurraren interes gorena. Arreta Goiztiarreko jardun guztietan haurraren interes gorena nagusi izango dela bermatu behar da, bai eta haurraren eskubideak aldibereko beste interes ororen gainetik babestuko direla ere, betiere haurraren garapena eta bizia bete-betean bizitzeko aukera izango duela bermatzearren, ahalik eta autonomia-maila handiena lortzea ahalbidetuko dioten baldintzetan, eta familian eta komunitatean parte-hartze aktiboa izateko bidea erraztuz.

b) Unibertsaltasuna. EAEko administrazio publikoak arreta goiztiar integrala jasotzeko eskubidea bermatuko die Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren eta garapenean trastornoak dituzten edo izateko arriskuak dituzten 0-6 urteko haurrei.

c) Berdintasuna eta ekitatea. EAEko administrazio publikoek berdintasuna bermatuko dute Arreta Goiztiarra jasotzeko aukeran; horretarako, autonomia-erkidegoko lurralde osoan baliabideak modu orekatuan banatzea aurreikusiko du. Era berean, aukera hori ekitate-irizpideen arabera bermatuko dute, egoera pertsonal, ekonomiko edo sozialekin lotutako inolako diskriminaziorik gabe.

d) Gizarteratzea. Arreta Goiztiarra onuradunak gizarteratzera bideratuko da, betiere aniztasuna eta bizimodu aktiboa izateko eskubidea errespetatuta.

e) Koordinazioa. Esku-hartzeak egokiak direla eta baliabideak optimizatzen direla bermatzeko, Arreta Goiztiarrean eskudunak diren euskal administrazio publikoek modu koordinatuan jardun beharko dute, eta horretarako, osasunaren, hezkuntzaren eta gizarte-zerbitzuen sistemen artean koordinatzeko sistemak ezarri beharko dira Arreta Goiztiarreko esku-hartze integralera bideratuta; koordinazio-sistema horien barruan bideratzeko eta elkartrukerako oinarrizko protokoloak ez ezik, informazio-erregistroak ere bildu beharko dira.

f) Arreta pertsonalizatua eta integrala, eta arretaren jarraitasuna. Arreta Goiztiarra esku-hartze globalaren bitartez antolatuko da, haurraren garapena ere integrala baita eboluzioaldi horretan; horretarako, zuzeneko eta zeharkako esku-hartzeko tratamendu habilitatzaileak eta errehabilitatzaileak aplikatuko dira, familiari eta inguruneari bideratutako esku-hartzeekin batera, eta esku-hartze partzialak saihestuta. Jardun horiek haur bakoitzaren eta familia bakoitzaren premia partikularretara eta potentzialtasunetara egokitu beharko dira.

g) Elkarrizketa eta parte-hartzea. Integrala izaki, Arreta Goiztiarraren esparruan haurraren familia eta ingurunea ere izan behar dira kontuan, haurraren garapenaren erraztaile diren aldetik; horretarako, beharrezkoa duten informazio, orientabide eta aholku guztiak emango zaizkie, eta esku-hartze saioetan parte hartzeko aukera izango dute.

h) Zerbitzuen borondatezkotasuna eta subsidiariotasuna. Zerbitzu horiek eskuratzea, bertan jarraitzea eta zerbitzuak uztea borondatezkoa izango da beti, baina senitartekoen eta, bereziki, guraso tutoreen eta zaintzaileen eskubideak eta betebeharrak bete beharko dira; azken horiei dagokie, indarrean dagoen legerian bildutako baldintzetan, haurrak hezteko eta hazteko oinarrizko erantzukizuna, eta legean xedatzen denez, administrazio publikoen erantzukizun horrekiko jarduna subsidiarioa izango da beti.

i) Diziplinartekotasuna eta lanbide-kualifikazioa. Emandako arreta integrala izango dela eta baliabide publikoak zentzuz eta modu eraginkorrean aplikatuko direla bermatzeko, esku-hartzeak diziplinartekoak izango dira; esku hartzen duten diziplina guztietako profesionalek prestakuntza espezializatua izan beharko dute Dekretu honen esparru komunean.

j) Hurbiltasuna. Arreta Goiztiarreko esku-hartze integralerako baliabideek familia-etxearen erreferentziagunetik gertu egon beharko dute; beraz, horretarako, deszentralizazio-irizpideari jarraitu behar zaio kokapena finkatzeko garaian. Era berean, ezarpeneko eremu geografikoan kontzentrazio-maila egokia izango beharko dute, haurrak edo haren familiak izan ditzakeen premiei erantzungo dieten baliabideak eskuratzeko aukera ahalbidetzearren.

k) Kalitatea. Arreta Goiztiarreko esku-hartze integralean oinarrizko kalitate-estandarrak bermatzearren, Haurren Garapeneko eta Arreta Goiztiarreko Zentroek Dekretu honen IV. kapituluan aurreikusitako baldintzak –pertsonalak, materialak eta funtzionalak– bete beharko dituzte. Halaber, arretaren kalitatea eta zerbitzu-eskaintza etengabeko hobetzeko eta bermatzeko sistemak nahiz segurtasun-irizpideak ezarriko dira.

l) Jasangarritasuna. EAEko administrazio publikoek –plangintza egiteko eginkizunak baliatzen dituztenean– Arreta Goiztiarra ezartzeko eta garatzeko irizpideak aplikatuko direla bermatu beharko dute, betiere jasangarritasun ekonomikoa eta denboran iraungo duela bermatze aldera.

II. KAPITULUA
ARRETA GOIZTIARREKO ESKU-HARTZE INTEGRALA ANTOLATZEA ETA KOORDINATZEA

7. artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko Arreta Goiztiarreko esku-hartze integralaren antolamendu orokorra.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Arreta Goiztiarreko esku-hartze integrala, erantzukizun publikoaren esparruan, esku-hartze eredu integrala, diziplinartekoa eta integratzailea da, eta osasunaren, hezkuntzaren eta gizartearen arloko osagaiek jarduten dute bertan.

2.– Arreta Goiztiarreko esku-hartze integrala honako hauetara bideratuko da:

a) Alde batetik, eraginkortasuna lortzera detekzioan, diagnostiko goiztiarrean, premien balorazioan eta esku-hartze prozesuan, eta bestetik, efizientzia lortzera baliabide publikoen eta pribatuen erabileran.

b) Osasunaren, hezkuntzaren eta gizarte-zerbitzuen arloetako sistemen jardunak koordinatzera, baliabideak optimizatzearren eta adingabearekin, haren familiarekin eta haren ingurunearekin egiten diren jardunak elkarren osagarri izatearren, baina zerbitzuetan bikoiztasunik sortu gabe.

3.– Esku-hartzeak koordinatu behar izateak ez du esan nahi Arreta Goiztiarreko zerbitzuak inplikatutako sistemetako baliabideen bitartez eman ezin direnik, bakoitzari dagozkion eskumenen arabera eta bakoitzaren Prestazio eta Zerbitzuen Zorroen esparruan.

4.– Inplikatutako hiru sistemetako baliabideak eskuratzeko aukera eta hiru sistema horiek garatu beharreko ekintzak modu koordinatuan planifikatuko dira, horretarako berariaz ezartzen diren koordinatzeko eta bideratzeko protokoloei jarraiki.

5.– Sistema bakoitzak Arreta Goiztiarrean espezializaturiko adituak izango ditu bere dispositiboetan, erreferentziako profesional, aholkulari eta laguntza izango direnak profesional eta erabiltzaile guztientzat sistemaren barruan. Sistemetako profesionalek koordinazio-printzipioari jarraiki jardungo dute esku-hartzea egokia izan dadin adingabeak garapenerako aukera ahalik eta handiena izatearren. Horretarako, koordinazio-mekanismoak zehaztuko dira informazioa elkartrukatzeko, jarraipena egiteko eta bideratzeko.

6.– Funtzionaltasun-irizpideei eta erreferentzia-puntu espezializatu bat izateko premiari jarraiki, Euskal Autonomia Erkidegoan inplikatutako sistemak koordinatzeko eginkizuna Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren inguruan antolatzen da.

8. artikulua.– Erakundearteko koordinazioaren egitura.

Koordinazio-printzipioa aplikatuta, eta Arreta Goiztiarreko esku-hartzea diziplinartekoa eta integrala dela aintzat hartuta, erakundearteko koordinazioaren egitura antolatu da osasunaren, hezkuntzaren eta gizarte-zerbitzuen sistemak modu eraginkorrean koordinatuko direla eta lankidetzan jardungo dutela bermatzeko. Horretarako, honako organo hauek eratu dira Eusko Jaurlaritzan gizarte-zerbitzuen arloan eskuduna den Sailari atxikita:

– Arreta Goiztiarreko Erakundearteko Kontseilua.

– Arreta Goiztiarreko Erakundearteko Batzorde Teknikoa.

9. artikulua.– Arreta Goiztiarreko Erakundearteko Kontseilua.

1.– Inplikatutako sistema guztien artean beharrezkoa den koordinazioa bermatze aldera, Arreta Goiztiarreko Erakundearteko Kontseilua eratu da.

2.– Arreta Goiztiarreko Erakundearteko Kontseiluak honako eginkizun hauek beteko ditu:

a) Arreta Goiztiarreko ekintzaren ildo estrategikoak ezartzea autonomia-erkidegoan.

b) Ildo estrategiko horien esparruan garatu beharreko ekintzen urteko plana prestatzea, betiere Arreta Goiztiarreko Erakundearteko Batzorde Teknikoak helarazitako gomendio eta proposamenak aldez aurretik baloratuta.

c) Arreta Goiztiarrean inplikatutako sistemak koordinatzeko neurri espezifikoak antolatu eta hartzea.

d) Hezkuntzaren, Osasunaren eta Gizarte Zerbitzuen sistemei dagozkien Prestazio eta Zerbitzuen Zorroen garapena sustatzea, Arreta Goiztiarrean eragin dezaketen aldetik, eta hala badagokio, zorro horiek berrikusten eta eguneratzen parte hartzea.

e) Osasunaren, Hezkuntzaren eta Gizarte Zerbitzuen Sistemen artean koordinatzeko eta bideratzeko oinarrizko protokoloak onartzea, jardunen koherentzia eta baliabideak, informazioa eta jakintza ahalik eta modu zentzuzkoenean eta eraginkorrean baliatuko direla bermatzeko moduan, Dekretu honen bigarren xedapen gehigarrian aurreikusitako baldintzetan.

f) Arreta Goiztiarreko dispositibo guztien ezarpenerako zerbitzuen plana onartzea, Arreta Goiztiarreko Erakundearteko Batzorde Teknikoak aldez aurretik proposamena eginda.

g) Protokoloak eta beharrezkoak diren bestelako tresna teknikoak garatzeko lantaldeak ezartzea.

h) Lanbide-kualifikazioa egiaztatzeko balio duten titulu, ikasketa eta lanbide-gaitasunen katalogoari dagokion proposamena egitea, Arreta Goiztiarreko Erakundearteko Batzorde Teknikoak emandako gomendio eta irizpideetan oinarrituta.

3.– Presidentea eta zazpi kide izango ditu:

– Eusko Jaurlaritzan Gizarte Politiketako arloan eskuduna den Sailean haur-politikaz arduratzen den sailburua; presidente izango da.

– Eusko Jaurlaritzan Gizarte Politiketako arloan eskuduna den Sailean haur-politikaz arduratzen den zuzendaria; idazkari izango da.

– Eusko Jaurlaritzan Hezkuntza-arloan eskuduna den Sailean Hezkuntza Berriztatzeaz arduratzen den zuzendaria.

– Eusko Jaurlaritzan Osasun-arloan eskuduna den Sailean Osasun Publikoaz eta Adikzioez arduratzen den zuzendaria.

– Foru Aldundietako zuzendaritzen artetik, Arreta Goiztiarreko Balorazio Taldeak atxikita dauden zuzendaritzez arduratzen diren hiru zuzendariak.

– Euskadiko udalerrien elkarte adierazgarrienaren ordezkari bat.

4.– Halaber, kide gehiago ere izan ditzake, ahotsarekin baina botorik gabe, eta profesional aditu gisa parte hartu ahal izango dute, kideetako edozeinek proposatuz gero eta presidenteak aldez aurretik onartuta.

5.– Kontseiluak kideen bi herenen aldeko botoa beharko du erabakiak hartzeko, bilkurara agertu diren boto-eskubidedun kideena, alegia. Gutxienez, urtean behin bildu behar da.

6.– Kontseiluak berak zehaztuko du funtzionamendu-erregelamendua, Kontseilua eratzen den egunetik hasita 6 hilabeteko epean.

10. artikulua.– Arreta Goiztiarreko Erakundearteko Batzorde Teknikoa.

1.– Arreta Goiztiarreko Erakundearteko Batzorde Teknikoa Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioan sartuta dago eta gizarte-zerbitzuen arloan eskuduna den Eusko Jaurlaritzaren Sailari atxikita dago (Sailaren hierarkia-egitura sartuta egon gabe); Sail horrek Gasteizen dituen bulegoetan du izango du egoitza. Dena dela, Arreta Goiztiarreko Erakundearteko Batzorde Teknikoak Autonomia Erkidegoko beste edozein lekutan egin ahal izango ditu bilkurak.

2.– Arreta Goiztiarreko Erakundearteko Batzorde Teknikoa lanerako batzorde izango da, eta honako eginkizun hauek izango ditu:

a) Arreta Goiztiarreko esku-hartze integrala gainbegiratzea osasunaren, hezkuntzaren eta gizarte-zerbitzuen sistemetan, esku-hartze prozesu osoan beharrezkoak diren koordinazio-tresnak eta jardunak izan badaudela eta abiarazten direla bermatzearren.

b) Esku-hartzeen garapena aztertzea eta ebaluatzea, disfuntzioak edo premia berriak detektatzeko eta, horiei erantzutearren, hobetzeko elementuak diseinatu ahal izateko, arretaren kalitatea etengabe hobetzeko ikuspegitik begiratuta.

c) Koordinatzeko eta bideratzeko protokoloak aztertu eta proposatzea, eta jarduteko gidak prestatzea.

d) Arreta Goiztiarraren arloan ikerkuntza sustatzea.

e) Arreta Goiztiarreko Erakundearteko Kontseiluari gomendioak eta proposamenak helaraztea berez dagozkion eginkizunak garatzeko eta, bereziki, Kontseiluak lanbide-kualifikazioa egiaztatzeko balio duten titulu, ikasketa eta lanbide-gaitasunen katalogoaren proposamena egin dezan.

f) Arreta Goiztiarreko dispositibo guztien ezarpenerako zerbitzuen plana diseinatzea.

g) Euskal Autonomia Erkidegoko Arreta Goiztiarreko esku-hartze integralaren ebaluazioa egitea.

3.– Honako teknikari hauek izango ditu kide:

a) Eusko Jaurlaritzan haur-politikaren arloan eskuduna den Zuzendaritzak proposatutako kide bat; idazkari izango da.

b) Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak proposatutako kide bat.

c) Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak proposatutako kide bat.

d) Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Saileko Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritza Orokorrak proposatutako bi kide.

e) Arreta Goiztiarreko Balorazio Taldeetako arduradun izateko foru-aldundi bakoitzak proposatutako hiru kide.

f) Arreta Goiztiarreko Balorazio Taldeetako hiru kide (lurralde historiko bakoitzak proposatutako ordezkari bana).

g) Euskadiko udalerrien elkarte adierazgarrienak proposatutako kide bat; Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen ordezkari izango da.

Aurreko paragrafoko b), c), d) eta e) letretan aipatutako kideak izango dira Batzordeko presidente, txandaka; urtero berrituko da postua.

4.– Beharrezko iritziz gero, beste teknikari batzuek parte hartu ahal izango dute, eta profesional aditu gisa jardungo dute.

5.– Gizarte-zerbitzuen arloan eskuduna den sailburuak izendatuko ditu Arreta Goiztiarreko Erakundearteko Batzorde Teknikoa osatzen duten kideak, betiere Eusko Jaurlaritzaren gainerako Sailetatik, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzutik, foru aldundietatik eta Euskadiko udalerrien elkarte adierazgarrienetik egindako izendapen-proposamenei jarraiki.

11. artikulua.– Arreta Goiztiarreko Taldeak.

Arreta Goiztiarraren egitura funtzionalean bi talde mota sartzen dira: Arreta Goiztiarreko Balorazio Taldeak (AGBT) eta Arreta Goiztiarreko Esku-hartze Taldeak (AGET).

12. artikulua.– Arreta Goiztiarreko Balorazio Taldeak (AGBT).

1.– Lurralde Historiko bakoitzak Arreta Goiztiarreko Balorazio Talde bat izango du, foru-aldundi bakoitzak –bere erakundeen antolaketa, araubidea eta funtzionamendua zehazteko dituen eskumenak baliatuta– erabakitzen duen departamentuari atxikita.

2.– Arreta Goiztiarreko Balorazio Taldea zuzeneko kudeaketa publikokoa izango da beti, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 60.2 artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

3.– Dagozkion eginkizunak baliatzean, Arreta Goiztiarreko Balorazio Taldeak honela jardungo du:

a) Arreta Goiztiarreko arduradun tekniko izango da Lurralde Historikoan, eta artatutako haur bakoitzari dagokion arreta-proposamen teknikoa helaraziko du dagokion organora.

b) Arreta Goiztiarreko Esku-hartze Taldeetarako erreferentziako balorazio-talde izango da lurralde historikoan.

4.– Arreta Goiztiarrean esku hartzen duten hiru arloetako –osasuna, hezkuntza eta soziala– profesionalez osatuta egongo da, eta Lurralde bakoitzaren premien arabera dimentsionatuko da, baina gutxienez honako kide hauek izango ditu:

a) Osasun-arloari dagokionez, bi mediku honako espezialitate hauen artetik: pediatria, neonatologia, neuropediatria, errehabilitazioa edo haur-psikiatria.

b) Hezkuntza-arloari dagokionez, hezkuntza-premia berezietako bi aholkulari.

c) Gizarte-zerbitzuen arloari dagokionez, honako diziplina hauetatik profesional bana: errehabilitazio-medikuntza, psikologia klinikoa eta gizarte-lana.

Diziplina bakoitzari dagokion kualifikazio akademikoa izateaz gain, Balorazio Taldeko profesional guztiek Arreta Goiztiarrarekin lotutako prestakuntza eta esperientzia izango dute eta, diziplinarteko irizpideei jarraiki, esku-hartzeak baloratzen, plangintzak eta jarraipena egiten eta koordinatzen lan egingo dute.

5.– Profesionalen talde horrek administrazioko eta kudeaketako laguntza izango du, inplikatutako erakundeen eta profesionalen arteko koordinazioa sarean bermatze aldera.

6.– Arreta Goiztiarreko Balorazio Taldeari honako eginkizun hauek dagozkio:

a) Arreta Goiztiarra eskatu duten haur eta familiei harrera egitea.

b) Kasuari buruzko informazio garrantzitsua biltzea, eta hala badagokio, beharrezkoak diren sistemen arteko kontsultak egingo ditu, garapenean trastornorik ba ote duen edo izateko arriskurik ba ote duen baloratzeko.

c) Haurren eta haien familien premiak albait lasterren baloratzea, betiere haurraren garapenaren ikuspegi global eta ekologiko batetik begiratuta. Balorazio horretan, gurasoek ere parte hartuko dute, betiere Dekretu honen 6. artikuluko g) eta h) letretan aurreikusitako printzipioei jarraiki; hain zuzen ere, alde batetik, elkarrizketa eta parte-hartzea eta, bestetik, zerbitzuen borondatezkotasuna eta subsidiariotasuna.

d) Premien balorazio horretan oinarrituta, arreta-plan pertsonalizatua egitea; plan horretan, haurrari, haren familiari eta inguruneari dagozkien helburu orokorrak adierazteaz gain, esku-hartzearen modalitate terapeutikoa, maiztasuna, jarraipena eta aurreikusitako iraupena ere zehaztu beharko dira. Planean sailarteko jardunaren konpromisoa bilduko da, Arreta Goiztiarreko Esku-hartze Taldearentzat eta osasunaren, hezkuntzaren eta gizartearen arloetako Arreta Goiztiarreko beste agente batzuentzat aurreikusitako jardunak ere barnean hartuta. Plan hori egiteko garaian, gurasoek ere parte hartuko dute, betiere Dekretu honen 6. artikuluko g) eta h) letretan aurreikusitako printzipioei jarraiki; hain zuzen ere, alde batetik, elkarrizketa eta parte-hartzea eta, bestetik, zerbitzuen borondatezkotasuna eta subsidiariotasuna.

e) Arreta-plan pertsonalizatuaren edukiaren berri ematea gurasoei, bai eta plana aplikatzeko Arreta Goiztiarreko zer Esku-hartze Taldera jo dezaketen ere.

f) Arreta-plan pertsonalizatua Arreta Goiztiarreko Balorazio Taldea atxikita dagoen Foru Aldundiak onartzeko aurkeztea; planean aurreikusitako jardunak eskatzeko beharrezkoak diren izapideak egitea; eta, hala badagokio, mendekotasunaren eta desgaitasunaren deklarazioa lortzeko eskaera izapidetzea. Eskaera horiek haurraren aitak, amak edo tutoreak sinatu behar ditu.

g) Dagokion aldizkakotasunarekin, arreta-plan pertsonalizatua gainbegiratzea eta ebaluatzea.

h) Aurkeztu daitezkeen altak baimentzea eta kudeatzea, eta horrelako kasuetan, sistemen arteko trantsizioa prestatzea, batik bat, kasuaren koordinazioaren gaineko erantzukizunaren transmisioa, bai eta, hala badagokio, Arreta Goiztiarrean esku hartzeko zerbitzua emateari uzteko proposatzea ere.

i) Koordinazioa, arreta eta baliabide-sarea hobetzeko proposamenak egitea.

j) Sentsibilizazioko, prebentzioko, detekzioko, etengabeko prestakuntzako eta ikerketako jarduerak sustatzea eta horietan parte hartzea.

k) Dokumentuen artxiboa eta fitxategi automatizatuak konfidentzialtasun-berme guztiekin izatea, datu pertsonalen babesa arautzen duen araudiari jarraiki.

13. artikulua.– Arreta Goiztiarreko Esku-hartze Taldeak (AGET).

1.– Arreta Goiztiarreko Esku-hartze Taldeek diziplinarteko arreta terapeutikoa ematen diete haurrari, haren familiari eta inguruneari.

2.– Lurralde Historiko bakoitzean behar adina Arreta Goiztiarreko Esku-hartze Talde egongo dira, kalitateari eta hurbiltasunari buruzko irizpideen arabera dimentsionatuta eta kokatuta; erreferentziako Arreta Goiztiarreko Balorazio Taldearekin estu-estu jardungo dute lankidetzan.

3.– Arreta Goiztiarreko Esku-hartze Taldeek Haurren Garapeneko eta Arreta Goiztiarreko Zentroetan jardungo dute, baina zentroek Dekretu honen IV. kapituluan arautzen diren baimenei eta homologazioari buruzko baldintzak bete beharko dituzte.

4.– Arlo biopsikosozialeko profesionalez osatuta egongo da, dagokien diziplinetako titulazioa eta Arreta Goiztiarreko espezializazioa dutela, Dekretu honen 22. artikuluan aurreikusitako baldintzetan.

5.– Honako zerbitzu hauek eskainiko ditu: psikomotrizitatea, psikoterapia, gizarte-lana, psikopedagogia, psikologia, terapia okupazionala, gizarte-hezkuntza eta haurraren garapenerako egokiak izan daitezkeen bestelakoak.

6.– Arreta Goiztiarreko Esku-hartze Talde bakoitzak Osasunaren, Hezkuntzaren eta Gizarte Zerbitzuen Sistemetako profesionalen laguntza izango du; profesional horiek Taldeko teknikariekin bilduko dira behar den aldiro, beren ezarpen-eremuko haurren arretan diziplinartekotasun eta koordinazio handiagoa lortzearren.

7.– Arreta Goiztiarreko Esku-hartze Taldeari honako eginkizun hauek dagozkio:

a) 0-6 urteko haurrak artatzea eta tratatzea erreferentziako Arreta Goiztiarreko Balorazio Taldeak diseinatu duen arreta-plan pertsonalizatuaren arabera.

b) Familiari eta inguruneari laguntzea, babesa ematea eta orientazioa eskaintzea.

c) Osasunaren, hezkuntzaren eta gizarte-zerbitzuen sistemetako profesionalekin lankidetza estuan lan egitea.

d) Erreferentziako Arreta Goiztiarreko Balorazio Taldeari haurren bilakaeraren berri ematea, talde hark adierazitako jarraibideei eta aldizkakotasunari jarraiki, eta egoki iritzitako proposamenak egitea.

e) Sistemen arteko trantsizioak prestatzen laguntzea, eta Dekretu honen 19.5 artikuluan aurreikusitako bideratzeko txostena egitea.

f) Sentsibilizazioko, prebentzioko, detekzioko, prestakuntzako eta ikerketako lanetan parte hartzea.

g) Dokumentuen artxiboa eta fitxategi automatizatuak konfidentzialtasun-berme guztiekin izatea, datu pertsonalen babesa arautzen duen araudiari jarraiki.

III. KAPITULUA
ARRETA GOIZTIARREKO ESKU-HARTZE TALDEEN (AGET) JARDUNERAKO PROZEDURA

14. artikulua.– Aplikatu beharreko araudia.

Arreta Goiztiarreko Esku-hartze Taldeek esku hartzeko prozedura bat etorriko da hurrengo artikuluetan biltzen diren berariazko xedapenekin, eta xedapen horietan aurreikusi ez denari dagokionez, Gizarte Zerbitzuetako Prestazio eta Zerbitzu Zorroa arautzen duen Dekretuan bildutako prozedurazko xedapenak aplikatu beharko dira, bai eta Foru Aldundiek –xedapen komun horiei jarraiki– ezartzen dituzten sarbideari buruzko prozedura espezifikoak ere.

15. artikulua.– Esku-hartzea jasotzeko aukera izateko baldintzak.

1.– Arreta Goiztiarreko Esku-hartze Taldeen zerbitzua jasotzeko, garapenean trastornoak dituzten edo trastornoak izateko arriskua duten haurrek honako baldintza hauek bete behar dituzte:

a) 0-6 urte izatea.

b) Zerbitzua ematen duen Lurralde Historikoan erroldatuta egotea eskaera egiten den egunean.

c) Zerbitzua ematen duen Lurralde Historikoan izatea zerga-egoitza.

d) Garapenaren trastorno fisikoa, psikikoa edo zentzumenezkoa diagnostikatuta izatea, edo trastorno hori izateko arriskuan egotea, prematuritatea, sortzetiko nahasmenduak edo bestelako kausak direla medio.

e) Arreta goiztiarreko zerbitzuak behar izatea dagokion Lurralde Historikoko Arreta Goiztiarreko Balorazio Taldeak (AGBT) egindako balorazioaren arabera.

2.– Zerbitzu hori doan izango da.

16. artikulua.– Eskaera.

1.– Erantzukizun publikoko Arreta Goiztiarra jaso ahal izateko, arreta hori behar duen haurraren gurasoek edo, hala badagokio, legezko ordezkariek aldez aurretik eskaera aurkeztu behar dute Arreta Goiztiarreko Balorazio Taldea atxikita dagoen Zuzendaritzan, Foru Aldundi bakoitzean.

2.– Arreta Goiztiarra jasotzeko modukoak izan daitezkeen egoeren detekzio goiztiarra inplikatutako hiru arloetako edozeinetatik egingo da. Profesionalen ustez Arreta Goiztiarreko talde teknikoek esku hartzea beharrezkoa denean, haurraren gurasoei edo tutoreei jakinaraziko diete eskaera bat egitea komeni zaiela; horretarako, dagozkien bideratze-txostenak prestatuko dituzte.

3.– Foru Aldundi bakoitzak erabakitako eredu normalizatuaren arabera bete beharko da eskaera-orria; orri hori interesdunen eskura egongo da Arreta Goiztiarrean parte hartzen duten hiru arloetan Arreta Goiztiarreko esku-hartze sozialaren zerbitzura jotzea gomenda dezaketen zerbitzuetan eta, nolanahi ere, honako zerbitzu hauetan:

– Euskal Osasun Sisteman haurrei arreta emateko zerbitzuetan;

– Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako zentroetan eta Berritzeguneetan;

– Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetan edo Lurralde Historiko bakoitzean esleitutako bulegoetan;

– Haurreskolak partzuergoaren mendeko haur-eskoletan, bai eta udalaren haur-eskoletan ere; eta

– Foru Aldundi bakoitzak –bere erakundeen antolaketa, araubidea eta funtzionamendua zehazteko dituen eskumenak baliatuta– Lurralde Historikorako erreferentziako Arreta Goiztiarreko Balorazio Taldea atxiki duen foru-departamentuaren web-orrian.

4.– Haurraren helbideari dagokion Lurralde Historikoko Arreta Goiztiarreko Balorazio Taldea atxikita dagoen Foru Aldundiko Zuzendaritzara bidali behar da eskaera; eskaera aurkezteko hainbat aukera daude:

– Dagokion Arreta Goiztiarreko Balorazio Taldean, zuzenean;

– 3. paragrafoan aipatutako lau zerbitzuetako edozeinetan; zerbitzu horiek, era berean, Lurralde Historikoan erreferentziakoa den Arreta Goiztiarreko Balorazio Taldea atxikita dagoen Foru Aldundiko Zuzendaritzara helaraziko dute; edo

– Telematikoki, baliabide teknikoak erabilgarri eta ziurtatuta daudenean.

5.– Eskaerarekin batera honako dokumentazio hau aurkeztu behar da:

– Familia-liburuaren fotokopia.

– Eskaera legezko ordezkariaren bitartez egiten baldin bada, ordezkaritza hori egiaztatzen duen agiriaren kopia.

– Errolda-ziurtagiria.

– Eskatzaile atzerritarren kasuan, AIZren fotokopia.

– Adingabea inplikatutako beste osasun- edo hezkuntza-sistema batetik bideratzen denean, bideratzeko formularioa, xedapen gehigarrian aurreikusitako koordinatzeko eta bideratzeko protokoloei jarraiki.

– Arreta Goiztiarreko balorazioa egiteko garrantzitsuak diren txosten teknikoak; lehenengo hitzorduan txosten osagarriak ere aurkez daitezke (medikoak, sozialak, psikologikoak, pedagogikoak).

17. artikulua.– Proposamena eta Ebazpena.

1.– Arreta Goiztiarreko Balorazio Taldearen eskaera jasotakoan, Taldeak haurraren eta haren familiaren eta ingurunearen premiak baloratuko ditu, 12. artikuluaren 6.b) eta 6.c) letretan aurreikusitako baldintzetan.

2.– Arreta Goiztiarreko Balorazio Taldeak atxikita dagoen Zuzendaritzara igorriko du ebazpen-proposamena. Proposamen horretan, Arreta Goiztiarreko esku-hartze zerbitzua emateari edo ukatzeari buruzko iritzia adierazi beharko du. Proposamenean ematea gomendatzen badu, arreta-plan pertsonalizatua ere txertatu beharko du.

3.– Zuzendaritza eskudunak, proposamena ikusita, esku-hartze zerbitzua emateko edo ukatzeko ebazpena emango du 14. artikuluan aipatutako araudian aurreikusitako epeen barruan.

4.– Zerbitzua emateko ebazpena ematen delarik, zerbitzua Haurren Garapeneko eta Arreta Goiztiarreko zer zentrotan emango den zehaztu beharko da.

5.– Arreta Goiztiarreko esku-hartzea ematea onartu ostean, lehenbailehen hasi beharko da zerbitzua jasotzen eta, gehienez ere, hilabeteko epean ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera kontatzen hasita.

18. artikulua.– Arreta Plan Pertsonalizatua.

1.– Haurren eta haien familien premien balorazioan oinarrituta, Arreta Goiztiarreko Balorazio Taldeak Arreta Plan Pertsonalizatua diseinatuko du eta, bertan, Arreta Goiztiarreko Esku-hartze Taldeak eta haurrari arreta ematen parte hartzen duten gainerako profesionalek –osasunaren, hezkuntzaren edo gizartearen arloetakoek– zer jardun garatuko dituzten zehaztu beharko da. Zehazki, honako jarduera-arlo hauek aurreikusi behar dira:

a) Haurrari arreta emateko arloa; zer zerbitzu eman behar diren, zer maiztasunarekin eta bakoitzak zenbateko iraupena izango duen zehaztu behar da. Honako hauek izan daitezke beharrezko zerbitzuak: Psikomotrizitatea, psikoterapia, fisioterapia, logopedia, gizarte-lana, psikopedagogia, psikologia, terapia okupazionala, gizarte-hezkuntza eta bestelakoak.

b) Familiari eta tutoreei arreta emateko arloa; familiari laguntza eta orientabidea emateko ekintzak zehaztuko dira.

c) Ikastetxean arreta emateko arloa; Berritzegune Prestakuntzan eta Hezkuntzaren Berrikuntzan Laguntzeko Zentroekin batera, helburu pedagogikoak zehaztuko dira.

d) Ingurunean esku hartzeko arloa; beste gizarte-zerbitzu batzuekin batera, oztopo fisikoak eta sozialak gainditzera bideratutako jardunak diseinatu eta gauzatuko dira, betiere haur bakoitzaren ingurune naturala aintzat hartuta.

Arreta-plan pertsonalizatuan biltzen diren jardun guztiak diziplinartekotasun-irizpideei jarraiki diseinatu eta eman beharko dira.

2.– Arreta-plan pertsonalizatuan honako alderdi hauek ere zehaztuko dira:

a) Garatu beharreko jardunak, dela AGETak, dela haurrari eman beharreko arretan parte hartzen duten osasunaren, hezkuntzaren edo gizartearen arloetako beste profesional batzuek.

b) Planean bildutako esku-hartzeen programazioa; esku-hartze horien maiztasuna eta iraupena ere finkatu behar dira.

c) Arreta Goiztiarreko Esku-hartze Taldeko profesionalen arteko koordinaziorako gordeko diren denboren maiztasuna eta iraupena, bai eta haurrari eta haren familiari arreta aldi berean ematen ari diren beste sistema batzuetako profesionalekin ere.

d) Arreta Goiztiarreko Esku-hartze Taldearen eta Arreta Goiztiarreko Balorazio Taldearen arteko koordinaziorako gordeko diren denboren maiztasuna eta iraupena.

19. artikulua.– Arreta Goiztiarra amaitzea.

1.– Arreta Goiztiarreko esku-hartze zerbitzua emateari uzteko arrazoi izango dira honako hauek:

a) Arreta-plan pertsonalizatuan finkatutako helburuak bete izana.

b) Arreta jasotzen duen haurrak zerbitzuan sartzeko eta egoteko gehieneko adina (6 urte) gainditu izana.

c) Gurasoek edo tutoreek borondate hori esanbidez adierazi izana; adierazpen hori indarreko ordenamendu juridikoan aurreikusitako baldintzetan eta mugekin egin behar da, ordenamendu horretan haurrei eta nerabeei onartzen zaizkien eskubide indibidualak eta kolektiboak errespetatuko direla bermatu eta babestuta.

d) Zerbitzua behar bezala emateko ezarritako arauak ez betetzea. Horrelako kasuetan, Arreta Goiztiarreko Esku-hartze Taldeak proposamena egin aurretik entzunaldiaren izapidea bete beharko da, eta gero, Taldea atxikita dagoen zuzendaritzara helaraziko da proposamena, ebazpena eman dezan.

2.– a) eta b) letretan adierazitako kasuetan, arreta amaitzeko prozesua gutxienez bi hilabete lehenago abiarazi beharko da, benetan ezeztatu aurretik. Egoerak c) eta d) letretan adierazitakoarekin bat datozelarik, prozesuari berehala ekingo zaio baina berehalakotasun horrek ez du esan nahi trantsizio-prozesuan kalitatea murriztu behar denik, ez eta horretarako xedatutako protokoloak alde batera utzi behar direnik ere.

3.– 0-6 urteko aldian, etxez aldatzeagatik edo Haurren Garapeneko eta Arreta Goiztiarreko Zentroa aldatzea dakarten bestelako arrazoiengatik sistema batetik besterako aldaketa ez da altatzat hartuko, bideratzetzat baizik, eta kasu horretan, horretarako xedatutako protokoloak bete beharko dira.

4.– Arreta Goiztiarreko Esku-hartze Taldeen zerbitzuak amaitzeak ez du esan nahi haurraren eta haren familiaren premiei erantzuten jarraituko zaiela bermatzeko Lehen edo Bigarren mailako Arretako Gizarte Zerbitzuek edo Osasun eta Hezkuntza Zerbitzuek –euren eskumenak garatzean– egin beharreko jarraipena eta esku-hartzea alde batera utzi behar direnik. Esku-hartzearen eta jarraipenaren kasu horietan, diziplinarteko koordinazioari eustea gomendatzen da.

5.– Kasu guzti-guztietan, arreta amaitzen delarik, bideratze-txosten bat egin behar da; txosten horretan honako datu hauek zehaztu behar dira: zer esku-hartze egin diren, horien maiztasuna eta iraupena, zer emaitza lortu diren eta, hala badagokio, Arreta Goiztiarreko Esku-hartze Taldeak zer jarraibide gomendatzen dituen jarraipena egiteko.

IV. KAPITULUA
HAURREN GARAPENEKO ETA ARRETA GOIZTIARREKO ZENTROAK

20. artikulua.– Haurren Garapeneko eta Arreta Goiztiarreko Zentroak.

1.– Arreta Goiztiarreko Esku-hartze Taldeak Haurren Garapeneko eta Arreta Goiztiarreko Zentroetan kokatuta egoten dira, eta handik gauzatzen dituzte esku-hartzeak, kasuan kasu kokatuta dagoen Lurralde Historikoari dagokion Arreta Goiztiarreko Balorazio Taldearekin lankidetzan eta koordinatuta jardunda.

2.– IV. kapituluko xedapenak Euskal Autonomia Erkidegoko Haurren Garapeneko eta Arreta Goiztiarreko Zentro guztiei aplikatuko zaizkie, dela erantzukizun publikokoei –kudeaketa publikoa edo kudeaketa pribatu itundua, kontratatua edo hitzarmenduna izan dezakete–, dela titulartasun eta kudeaketa pribatua izanik, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sisteman txertatu gabekoei.

21. artikulua - Administrazio-jardunen araubidea.

1.– Haurren Garapeneko eta Arreta Goiztiarreko Zentroak dagozkien baimen-emate, erregistro, homologazio eta ikuskaritzako administrazio-jardunei atxikiko zaizkie, eta hauen erakunde titularraren izaera publiko edo pribatua aintzat hartuko da, betiere Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legean; Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte zerbitzuen baimena, erregistroa, homologazioa eta ikuskapena arautzeko den martxoaren 10eko 40/1998 Dekretuan; eta Gizarte Zerbitzuen Erregistroei buruzko uztailaren 24ko 155/2012 Dekretuan aurreikusitako baldintzetan.

2.– Haurren Garapeneko eta Arreta Goiztiarreko Zentro publikoek hurrengo artikuluetan xedatuko diren eskakizunak bete beharko dituzte materialei, eginkizunei eta langileei dagokienez.

3.– Administrazio eskudunak baimendu ahal izateko, erakunde pribatuen mendeko Haurren Garapeneko eta Arreta Goiztiarreko Zentroek hurrengo artikuluetan xedatuko diren eskakizunak bete beharko dituzte materialei, eginkizunei eta langileei dagokienez, dela Gizarte Zerbitzuen Euskal Sisteman txertatutako erantzukizun publikoaren esparruan jarduten badute, zerbitzuak Administrazio publikoekin itunduta, kontratatuta edo hitzartuta, dela Sistema horretan txertatu gabe jarduten badute.

4.– Gizarte Zerbitzuen Euskal Sisteman txertatzeko, Haurren Garapeneko eta Arreta Goiztiarreko Zentro pribatuak homologatu egin behar dira aldez aurretik; homologazio hori lortzeko, Dekretu honen 25. artikuluan kalitateari, eraginkortasunari eta kostu ekonomiko eta sozialari buruz xedatzen diren irizpideak bete beharko dituzte.

Aldez aurreko homologazioa nahitaezko betekizuna da zentroarekin ituna, kontratua edo hitzarmena egin ahal izateko zerbitzuak Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren esparruan eman ditzan, baina homologazio horrek ez du eskubiderik ematen ituna, kontratua edo hitzarmena eskatzeko, betiere Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 59.3 artikuluan aurreikusitakoari jarraiki.

22. artikulua.– Langileei dagozkien betekizunak.

1.– Haurren Garapeneko eta Arreta Goiztiarreko Zentro bakoitzean Arreta Goiztiarreko Esku-hartze Talde bat egongo da –Talde hori 13. artikuluan arautzen den moduan–, eta honako eginkizun hauen artetik gutxienez hiru betetzeko titulazio edo kualifikazio egokia duten profesionalak, gutxienez, izan beharko ditu talde horretan:

a) Psikomotrizitatea.

b) Psikoterapia.

c) Fisioterapia.

d) Logopedia.

e) Gizarte-lana.

Norbere diziplinari dagokion kualifikazioa izateaz gain, Arreta Goiztiarrean espezializatutako prestakuntza ere izan beharko dute, edo bestela, espezializatutako esperientzia.

Lanbide-kualifikazioa egiaztatzeko balio duten tituluen, ikasketen eta lanbide-gaitasunen katalogoa Eusko Jaurlaritzak finkatuko du, Arreta Goiztiarreko Erakundearteko Batzorde Teknikoaren irizpide eta gomendioetan oinarrituta Arreta Goiztiarreko Erakundearteko Kontseiluak aldez aurretik proposamena eginda, eta betiere 9.2 artikuluaren h) letran eta 10.2 artikuluaren e) letran aurreikusitakoari jarraiki.

2.– Arreta Goiztiarreko Esku-hartze Talde bakoitzak honako profesional hauekin koordinatu beharko du eta laguntza eskatu beharko die, osasunaren, hezkuntzaren eta gizartearen arloetatik haurrak artatzen dituzten profesional diren aldetik:

a) Lehen mailako arretako eta ospitaleko pediatrak, haur eta gazteen osasun mentaleko zentroetako profesionalak eta Euskal Osasun Sistemako gizarte-langileak.

b) Haur eta Lehen Hezkuntzako Zentroetako tutore eta aholkulariak, eta Haur Eskoletako edo Haurtzaindegietako hezitzaileak.

c) Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemako gizarte-langileak.

3.– Zentro bakoitzak zuzendari bat edo zuzendaritza-eginkizunen arduradun bat izan beharko du zentroaren kudeaketan eta administrazioan.

23. artikulua.– Betekizun materialak.

Haurren Garapeneko eta Arreta Goiztiarreko Zentroek honako betekizun material hauek bete beharko dituzte:

a) Irisgarritasuna. Erabat irisgarriak izango dira, bai kanpotik, bai barrutik, Irisgarritasuna sustatzeko abenduaren 4ko 20/1997 Legean eta lege hori garatzeko araudian –bereziki, Hiri-inguruneen, espazio publikoen, eraikinen eta informazio eta komunikazioko sistemen irisgarritasun-baldintzei buruzko arau teknikoak onartzen dituen apirilaren 11ko 68/2000 Dekretuan– aurreikusitako baldintzetan.

b) Kokapena. Herriguneetan kokatuta egon beharko dute, hiri- nahiz landa-eremuetan, eta erraz iristeko aukera ematen duten garraiobide publikoetatik gertu. Zentroen kokapena hautatzeko garaian, baliabideak zonifikatzeko zentzuzko irizpideei jarraiki aukeratu behar da eremu geografikoa edo ingurunea, Dekretu honen 9.2.f) eta 10.2.f) artikuluetan aipatutako zerbitzu-planaren arabera.

c) Ezaugarri arkitektonikoak. Oro har, Haurren Garapeneko eta Arreta Goiztiarreko Zentroek, beren tamainaren eta ezaugarrien arabera, osasun- eta hirigintza-arloari, arlo arkitektonikoari eta segurtasunari eta higieneari dagokionez, indarreko legedian xedatutako ezaugarriak bete beharko dituzte, babes akustikoarekin, baldintza termikoekin eta suteen aurkako babesarekin zerikusia duten baldintzak barne. Barruko eta kanpoko akaberako materialak erraz garbitzeko eta mantentzeko modukoak izango dira, itxura ona izango dute eta erabilera intentsiboarekiko iraunkorrak izango dira.

d) Argiztapena eta aireztapena. Gela guztiek –bainugelek eta komunek izan ezik– behar adinako argiztapen eta aireztapen naturala izan beharko dute. Gainerako gelek behar adinako argiztapen artifiziala eta aireztapen-sistema bat edo airea berriztatzeko sistema bat izan beharko dute.

e) Berokuntza eta klimatizazioa. Kasu bakoitzean beharrezkotzat hartzen diren klimatizazio-elementuak izango dituzte, behar adinako segurtasun-neurriekin, eta ezaugarriei dagokienez, indarrean dagoen araudira egokituak. Nolanahi ere, berokuntza-ekipamendua izango dute, eta ekipamendu horrek ezin izango du ukituta erredurak sor ditzakeen bero-iturririk jarri erabiltzaileen eskura.

f) Mugaketa fisikoa eta funtzionala. Eraikin berean beste gizarte-ekipamendu batzuk ere kokatzen direlarik, mugaketa fisiko eta funtzional argia bermatu beharko da.

g) Diseinua eta ekipamendua. Zentroetako altzarien eta ekipamenduen diseinuak eta banaketak honako betekizun hauek bete beharko ditu:

– Haur-kotxeekin eta orgatxoekin edo gurpildun aulkiekin maniobratzeko aukera eman behar dute.

– Segurtasunari dagokionez, erabiltzaileen ezaugarrietara egokitutakoak izango dira.

– Lur atsegina, irristagaitza eta erraz garbitzeko modukoa izango dute.

h) Giroa. Esku-hartzeak giro lasaian egin behar dira, kanpoan edo barnean zaratarik izan gabe.

i) Suteen aurkako babesa. Suteen aurkako ekipamendua izango dute, eta, bereziki, ke-detektagailuak, su-itzalgailua eta ebakuazio-plana.

j) Zentroak honako jarduera hauetarako guneak izango ditu:

1) Administrazioa.

2) Arreta Espezializatua, esku-hartze terapeutikoko Areei dagozkien tratamendua eta esku-hartzea egiteko guneak. Honako hauek izango ditu:

– Esku-hartze terapeutikoa egiteko gelak: psikologia, logopedia, fisioterapia eta psikomotrizitatea.

– Profesional teknikarientzako eta bilera teknikoak egiteko gelak.

3) Zerbitzu Orokorrak; honako hauek izango dituzte:

– Harreragunea edo atondoa.

– Artxiboaren gunea.

– Itxarongela.

– Langileentzako komuna.

– Egokitutako komuna, haurtxoentzako aldaleku eta guzti.

– Haurrak aldatzeko eta janzteko tokia, ur bero eta guzti.

– Ekipamendu, material eta produktuen biltegia.

4) Haurren Garapeneko eta Arreta Goiztiarreko Zentroa dagoen eraikin berean beste gizarte-ekipamendu batzuk ere baldin badaude, zerbitzu orokor komunak partekatuak izan daitezke.

k) Oinarrizko ekipamenduak. Oinarrizko ekipamendua honako hau izango da:

1) Administrazio-arearen berezko ekipamendua, harrerako, administrazioko, zuzendaritzako eta kudeaketako eginkizunak betetzeko; halaber:

– Ekipo informatikoa. Inprimagailua, Interneterako konexioa eta posta elektronikoa dituen ordenagailua.

– Telefonoa eta erantzungailu automatikoa telefonoan.

– Iradokizun eta kexak jasotzeko postontzia, erabiltzaileek erraz ikusteko eta eskuratzeko tokian.

2) Zerbitzuak ematea ahalbidetuko duen ekipamendu teknikoa:

– Ebaluazioa, diagnostikoa eta tratamendua egiteko materiala: testa, ebaluazio diagnostikoa eta jarraipena egiteko probak.

– Material didaktikoa.

– Logopediako, fisioterapiako eta psikomotrizitateko materiala.

– Ikus-entzunezko gailuak.

– Egokitutako altzariak.

– Higiene pertsonalerako tresnak.

– Material bibliografikoa.

– Artxibagailuak.

24. artikulua.– Betekizun funtzionalak.

1.– Profesionalek diziplinartekotasun-irizpideen arabera lan egin beharko dute.

2.– Profesionaletako batek erantzukizuneko, zuzendaritzako, ordezkaritzako eta koordinazio teknikoko eginkizun bereziak beteko ditu. Alde batetik, eginkizun hori eta, bestetik, zentroaren kudeaketan eta administrazioan zuzendari izateko eginkizuna pertsona berak bete ditzake, edo ez.

3.– Haur bakoitzak eta haren familiak erreferentziako teknikari bat izango du esleituta; esleipen horren berri emango zaio familiari, esleitutako erreferentziako profesionalaren izena zein den adierazita.

4.– Praktika profesionalek Dekretu honetan eta arretan esku hartzen duten lanbideen berezko kode deontologikoetan biltzen diren jarduteko jarraibideetara egokitu behar izango dute.

5.– Haur bakoitzarentzat eta haren familiarentzat esku-hartze programa bat garatu beharko da, eta programa horretan Arreta Goiztiarreko Balorazio Taldeak egindako arreta-plan pertsonalizatua beteko dela bermatu beharko da. Planaren aplikazioari etengabeko jarraipena egingo zaio, zer nolako bilakaera izan duen jakiteko eta orientazioa nahiz esku-hartzea egokienak eta eraginkorrenak ote diren, edo berriz planteatu behar ote diren erabakitzeko. Jarraipen hori egiteko, Arreta Goiztiarreko talde guztiak diziplinarteko bilerak egingo ditu aldizka, kasuaren bilakaera aztertzeko eta esku-hartzeak aplikatzeko garaian sor litezkeen zalantzak argitzeko eta bateratzeko.

6.– Zentroan emandako arreta bukatzen denean, Esku-hartze Taldeak bideratze-txostena –Dekretu honen 19.5 artikuluan aipatzen dena– prestatu beharko du.

7.– Haurren Garapeneko eta Arreta Goiztiarreko Zentroek honako dokumentazio hau izan beharko dute:

a) Barne-araudia.

b) Erabiltzaileen eta profesionalen eskubide eta betebeharren gutuna.

c) Iragarki-taula, erabiltzaileek erraz ikusteko tokian; taula horretan, gutxienez, honako hauek egongo dira ikusgai:

– funtzionatzeko baimena; hala badagokio, zentroaren homologazioa;

– zentroaren zerbitzuak Administrazioarekin itundu, kontratatu edo hitzartuta baldin badaude, egoera horren adierazpena;

– egutegia eta ordutegia;

– organigrama, eta

– erreklamazio-orriak eta barne-araudia eskuragarri daudela dioen oharra.

d) Jardueren urteko programazioa.

e) Jardueren urteko txostena.

f) Haur bakoitzaren espedientea.

g) Arreta-protokoloak:

– Haurrei eta haien familiei harrera egiteko protokoloa.

– Haurrei eta haien familiei arreta emateko protokoloa.

– Kexa eta iradokizunei erantzuteko protokoloa.

– Larrialdi-kasuetan jarduteko protokoloa.

– Langileak ordezteko protokoloa.

h) Erreklamazio-liburua; eredu normalizatua izango da, orriak zenbakituta dituela.

i) Suteetarako ebakuazio-plana.

j) Aseguru-poliza.

25. artikulua.– Homologatzeko betekizunak.

Homologazioa lortzeko, erakunde pribatuen mendeko Haur Garapeneko eta Arreta Goiztiarreko Zentroek aurreikusitako betekizun guztiak bete beharko dituzte materialari, eginkizunei eta langileei dagokienez, baina horietaz gain, kalitatearekin, eraginkortasunarekin eta kostu ekonomiko eta sozialarekin lotutako honako irizpide hauek ere bete beharko dituzte:

a) Helburuak eta, hala badagokio, programa eta jarduerak Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemak plangintzaren eta programazioaren arloetan ezarritako helburu eta jardun-ildoetara egokitzea.

b) Administrazio eskudunak ikuskapen-eginkizunak baliatzean iradokitako hobekuntzak betetzea, betiere Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte zerbitzuen baimena, erregistroa, homologazioa eta ikuskapena arautzeko den martxoaren 10eko 40/1998 Dekretuaren 38.1 artikuluan aurreikusitakoaren arabera, gizarte-zerbitzuen araudia urratu gabe hobetzeko modukotzat jotzen diren alderdiei dagokienez.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA.– Datuen babesa.

Esku-hartze prozedura guztietan, datu pertsonalen bilketa eta tratamendua Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legean xedatutakora egokituko da, osasun-arloko legerian osasunari dagozkion bereziki babestutako datuei buruz ezarritako berezitasunekin.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Koordinatzeko eta bideratzeko protokoloak.

Osasunaren, Hezkuntzaren eta Gizarte Zerbitzuen Sistemen artean koordinatzeko eta bideratzeko protokoloak –9.2.e) eta 10.2.c) artikuluetan aipatu direnak– Arreta Goiztiarreko Erakundearteko Kontseiluak onartu beharko ditu Dekretu hau indarrean hasi eta urtebeteko epean; horretarako, Arreta Goiztiarreko Erakundearteko Batzorde Teknikoak helarazitako proposamenean oinarritu beharko du.

HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Lankidetza-hitzarmenak.

0-6 urteko haurren arretan inplikatutako osasunaren, hezkuntzaren eta gizartearen arloetako sistemek dagozkien Prestazio eta Zerbitzuen Zorroetan eta beren eskumenen esparruan garatzen dituzten jardunak gorabehera eta alde batera utzi gabe, Dekretu hau indarrean hasi eta gehienez ere urtebeteko epean, Dekretu honetan araututako jardunak hiru sistemen artean batera finantzatzeko formulak proposatuko ditu Arreta Goiztiarreko Erakundearteko Kontseiluak, inplikatutako administrazioek dagozkien lankidetza-hitzarmenak onartu eta sina ditzaten.

LEHENENGO XEDAPEN IRAGANKORRA.– Funtzionamendurako baimena.

1.– Dekretu hau indarrean hasten den egunean Arreta Goiztiarraren arloan zerbitzuak ematen ari diren Zentroek funtzionamendurako derrigorrezkoa den baimena eskatu beharko diote Administrazio eskudunari, egun horretatik kontatzen hasita urtebeteko epean, eta Dekretua indarrean hasi eta hiru urteko epean, baimen hori lortzeko betekizunetara egokitu beharko dute, materialari, eginkizunei eta langileei dagokienez.

2.– Epe horiek igaro eta Zentroek ez badute baimenaren eskaera egin edo ez badituzte betekizunak bete, ezin izango dute Haurren Garapeneko eta Arreta Goiztiarreko Zentrotzat jardun, ez, behintzat, Dekretu honetan xedatutako zentrotzat.

3.– Arrazoi teknikoak edo bestelakoak direla medio, Zentroek ez badute Dekretu honetan eskatutako betekizun materialen bat betetzen, Haurren Garapeneko eta Arreta Goiztiarreko Zentrotzat funtzionatu ahal izango dute hala ere, baina betiere eraikuntzako arrazoi teknikoengatik edo bestelakoengatik betetzea ezinezkoa edo oso zaila den betekizun materialekin lotutako ez-betetzea baldin bada; halaber, ikuskapen-txostenean adierazi beharko da ez-betetze horiek ez dutela zerikusirik erabiltzaileen bizi-kalitatean edo profesionalen lan-baldintzetan ondorio larriak eragingo dituzten osasunarekin edo segurtasunarekin lotutako. Kasu horretan, baimenean esanbidez zehaztuko da zentroan erreformarik eginez gero betekizun horiek bete beharko direla.

BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.– Homologazioa.

1.– Arreta Goiztiarraren arloan zerbitzuak ematen dituzten Zentroen kasuan, Dekretu hau indarrean hasten den egunean ituna, kontratua edo hitzarmena sinatuta badute Administrazio publiko batekin zerbitzu horiek emateko, baimenaz gain, egun horretatik kontatzen hasita hiru urteko epean nahitaezko homologazioa lortu beharko dute, betiere aldez aurretik 25. artikuluan homologazioa lortzeko zehaztutako betekizunak betetzen badituzte. Horretarako, homologazio-eskaera aurkeztu beharko dute Administrazio eskudunean, Dekretua indarrean hasi eta urtebeteko epean.

2.– Epe horiek igaro eta Zentroek ez badute homologazio-eskaerarik aurkeztu, edo ez badituzte betekizun materialak, funtzionalak eta langileei dagozkienak bete, edo ez badituzte homologazioa lortzeko betekizunak bete, Administrazio eskudunak itunaren, kontratuaren edo hitzarmenaren araubidea deuseztatuko du.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA.– Ordezko araubidea.

Dekretu honetan esanbidez aurreikusi ez denari dagokionez, EAEko administrazio publikoek onartzen dituzten prozedurazko xedapenei jarraituko zaie. Halakorik ezean, prozedura-arloan, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean jasotako arauei eta horiekin bat eginik oro har aplikatu beharreko indarreko lege-xedapenei jarraituko zaie.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA.– Indarrean jartzea.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2016ko otsailaren 2an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua,

ANGEL TARSICIO TOÑA GÜENAGA.


Azterketa dokumentala