Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

35. zk., 2016ko otsailaren 22a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA
786

AGINDUA, 2016ko otsailaren 5ekoa, Herri Administrazio eta Justiziako sailburuarena, «Fundación Samsic» fundazioaren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko dena.

«Fundación Samsic» fundazioaren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko eskatuz aurkeztutako espedientea ikusi eta aztertu da. Hona hemen

AURREKARIAK

Lehenengoa.– 2015eko urriaren 30ean, Herri Administrazio eta Justizia Sailean eskabide bat jaso zen, zeinaren bidez zera eskatzen baitzen: «Fundación Samsic» fundazioaren eraketa inskribatzeko Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan. Fundazio hori Samsic Iberia, S.L. merkataritza-sozietateak sortu du. Eskabide-idazkiari espedienteko agiriak erantsi zitzaizkion.

Bigarrena.– 2015eko abenduaren 10eko idazkiaren bidez, bidalitako dokumentazioan atzemandako hutsak zuzentzeko eskatu zien Fundazioen Erregistroak interesdunei, eta, horrela, 2016ko urtarrilaren 7an, eskatutako dokumentazioa jaso zen Herri Administrazio eta Justizia Sailean.

Hirugarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Aholku Batzordeko Batzorde Teknikoak bilkura egin du, fundazioaren helburuak zilegi eta interes orokorrekoak direla eta fundazioa ekonomikoki bideragarria dela egiaztatzeko, eta 2016ko otsailaren 5ean fundazioa erregistroan inskribatzearen aldeko txostena eman du.

Laugarrena.– Honako hauek dira fundazioaren helburuak, haren estatutuen 5. artikuluan xedatutakoaren arabera:

«Mendekotasun-egoeran dauden pertsonei eta horien ingurukoei eman beharreko gizarte-asistentzia, dituzten arazoen azterketa eta jarraipena, eta behar eta eskari indibidual eta kolektiboen arreta, arlo hauetan: asistentzia-alderdiak, osasun-, kultura-, jolas- eta aisia-arloko zerbitzuak ematea, bai eta bestelakoak ere, euren bizi-kalitatea hobetzeko. Halaber, dibertsitate funtzionala eta gizarteratzeko zailtasunak dituzten pertsonak erabat integratzea bilatzen du, euren ongizatea hobetzeko.»

Bosgarrena.– Estatutuen 3. eta 4. artikuluetan xedatzen denaren arabera, fundazioaren egoitza hemen egongo da: Portuetxe kalea 16, 2., Blanca Vinuesa eraikina, Donostia (Gipuzkoa). Fundazioak gehienbat Euskal Autonomia Erkidegoan egingo ditu jarduerak.

Seigarrena.– Hasierako zuzkidura hogeita hamar mila (30.000) eurokoa da. Ekarpen hori egin dela agiri bidez jasota geratu da erregistro-inskripzioko espedientean, hala agintzen baitu Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamenduaren 37.1.c) artikuluak. Erregelamendu hori ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuak onartu du.

Zazpigarrena.– Patronatuari dagokio fundazioa ordezkatzea, administratzea eta gobernatzea. Patronatuko kideek dohainik beteko dituzte beren egitekoak, hala baitago aurreikusita fundazioaren estatutuetan.

Zortzigarrena.– Patronatuko kideak, fundazioa eratzeko eskrituran ezartzen denez, hasieran hauek izango dira (iraupen mugagabea izango dute karguok):

– Lehendakaria: Francisco José Vale jauna.

– Idazkaria / Diruzaina: Pedro Manuel Ceballos Pereda jauna

– Bokala: Luis Ramón García Marotías jauna.

Izendatutako guztiek onartu dituzte beren karguak, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legearen 12.1 artikuluan ezarritako moduetariko bat erabiliz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari dagokio fundazioa eratzeko espediente hau agindu bidez ebaztea. Hala ezarrita dago: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 3.1 artikuluan; Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuaren 4.1.a) artikuluan; Herri Administrazio eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 188/2013 Dekretuan; eta Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeko eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzekoan.

Bigarrena.– Horretarako legitimazioa daukan pertsona batek sustatu du espediente hau. Espedienteari, bestalde, funtsezkotzat jotzen diren datu eta agiriak erantsi zaizkio, eta bereziki, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legearen 6., 7. eta 9. artikuluetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 36., 37., 38. eta 39. artikuluetan ezarritakoa betez. Lege eta erregelamenduzko manuen arabera egin da Fundazioaren eraketa.

Aipatutako arauak eta oro har kasu honetan aplika daitezkeen gainerakoak ikusirik, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Honako hau Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko agintzea, egun honetan eta F-402 erregistro-zenbakiarekin: Donostiako (Gipuzkoa) «Fundación Samsic» izeneko fundazioaren eraketa, bai eta Patronatuaren hasierako osaera ere. Patronatu horren kideak zortzigarren aurrekarian agertzen dira. Kideok esanbidez onartu dituzte euren karguak, 2015eko irailaren 28an José M.ª Marín Vázquez notarioaren aurrean egiletsitako eskritura publikoan xedatu bezala (protokolo-zenbakia: 1925); eskritura hori osatu egin zuen 2015eko urtarrilaren 8koak, zeina Francisco Javier Oñate Cuadros notarioak baimendu baitzuen (protokolo-zenbakia: 31).

Bigarrena.– Fundazio hori, helburuak kontuan hartuta, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroko 2. sekzioan sailkatzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 2.2 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

Hirugarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea eta interesdunei bidaltzea.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko otsailaren 5a.

Herri Administrazio eta Justiziako sailburua,

JOSU IÑAKI ERCORECA GERVASIO.


Azterketa dokumentala