Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

32. zk., 2016ko otsailaren 17a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

SEGURTASUN SAILA
716

EBAZPENA, 2016ko urtarrilaren 26koa, Trafikoko zuzendariarena, Gidarientzako Eskola Partikularretako Zuzendarien Gaitasun Agiria lortzeko hautaprobaren deialdia egiten duena.

Urriaren 15eko 3256/1982 Errege Dekretuak xedatutakoaren babesean, apirilaren 9ko 194/2013 Dekretuak 16.5.a) artikuluan Trafiko Zuzendaritza honi emandako aginpideekin bat, urriaren 17ko 1295/2003 Errege Dekretuaren bidez onartutako Motor Ibilgailuen Gidarien Eskola Partikularrei buruzko Araudiaren 48. artikuluan jasotako eskumenen arabera, hautaprobarako deia egiten zaie Gidarientzako Eskola Partikularretako Zuzendarien Gaitasun Agiria lortu nahi dutenei. Horra oinarriak:

Lehenengoa.– Hautaprobaren erregimena eta Gidarientzako Eskola Partikularretako Zuzendarien Gaitasun Agiria ematea.

Ebazpen honetan eskatzen zaizkien betekizunak konpliturik izanik, hautaproba honetarako onartzen eta gaitzat hartzen direnek eska dezakete Gidarientzako Eskola Partikularretako Zuzendarien Gaitasun Agiria ematea.

Bigarrena.– Parte hartzeko baldintzak.

2.1.– Prozeduran parte hartu nahi dutenek baldintza hauek guztiak bete beharko dituzte, onartuak izango badira:

● Eskaera egitea aldez aurretik.

● Bide Prestakuntzako Irakaslearen edo Gidarientzako Eskola Partikularretako Irakaslearen Gaitasun Agiria izatea, eskabideak aurkezteko epea amaitu aurretik emana. Europar Batasuneko beste estatu batzuetan edo Europako Esparru Ekonomikoaren gaineko Akordioa sinatu duten beste estatu batzuetan irakasle jardun dutenek agiri bidez egiztatu beharko dute hori, azaroaren 8ko 1837/2008 Errege Dekretuan ezarritakoarekin bat etorrita.

● Gidarientzako Eskola Partikularretako irakaslearen Gaitasun Agiria lortzeko probetan inskribatzearen gastu eta eskubideen tasa ordaindu izana; betiere, hirugarren oinarriaren 3. zenbakiak ezarritakoaren arabera eta irailaren 11ko 1/2007 Legegintzako Dekretuan ezarritakoarekin bat etorrita. Dekretu horren bitartez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Tasei eta Prezio Publikoei buruzko Legearen testu bateratua onartzen da, zeina abenduaren 22ko 5/2011 Legeaz aldatu baitzen.

2.2.– Aurreko atalean ezarritako eskakizunak bete beharko dituzte prozeduran parte hartu nahi dutenek, eskaera-orriak aurkezteko epea amaitzen denerako bete ere.

2.3.– Hautaproban onartua izateko eta parte hartzeko, aski izango da eskabidean adieraztea parte hartzeko exijitutako betekizun guzti-guztiak konplitzen dituela, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den eguna delarik erreferentzia.

2.4.– Hala ere, hautaproban edo geroztiko izapideetan –dagokion gaitasun-agiria eman arte– jakiten bada hautagairen batek ez duela betetzen eskatutako baldintza bat edo batzuk, edo egiaztatutako ziurtagiritik ondorioztatzen bada eskabideak akatsak edo faltsukeriak dituela, Bide Prestakuntzako Irakaslearen Gaitasun Agiria lortzea galarazteko moduan, epaimahaiko buruak, interesdunari entzun ondoren, hautagaia hautaprobatik kanporatzeko proposamena egingo du.

Hautagaiek eskabidean emandako informazio guztia eta hautaketa-prozedura honi dagozkion datuak fitxategi batean sartuko dira; hain zuzen ere, Herrizaingo sailburuaren 2003ko irailaren 2ko Aginduan aurreikusitakoan (170. EHAA, 2003ko irailaren 2koa), zeinaren arduraduna Trafiko Zuzendaritza den. Fitxategi horren erabilerari eta funtzionamenduari dagokienez, hauek bete beharko dira: abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa, Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzkoa, eta otsailaren 25eko 2/2004 Legea, Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzkoa.

Interesdunek eskubide hauek egikaritu ahal izango dituzte: datuetan sartzekoa, datuak zuzentzekoa, datuak ezereztekoa eta aurka egitekoa. Horretarako, idatziz jo beharko dute helbide honetara:

Trafiko Zuzendaritza, Donostia kalea, 1 - 01010 Vitoria-Gasteiz.

Hautatu gabe gelditu diren pertsonen datuak ezabatu egingo dira hautaketa-prozedura amaitutakoan.

Hirugarrena.– Eskabideak.

3.1.– Eskabideak aurkezteko epea eta modua.

3.1.1.– Epea.

Eskabideak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izango da, Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

3.1.2.– Aurkezteko modua.

Proba honetan parte hartu nahi dutenek Interneten bidez egin ahal izango dute eskabidea, eta, horretarako, eskabide-eredu bat bete beharko dute, helbide elektroniko honetan egongo dena: www.trafikoa.eus

Internet bidezko eskabidea Eusko Jaurlaritzaren KZGune zentro publikoen bidez egin daiteke. KZguneen zerrenda eta kokapena helbide elektroniko honetan ikus daitezke: www.kzgunea.eus

3.2.– Eskabidearen edukia eta ondorioak.

Izangaiek, dagokion hautaprobarako onartuak izateko eta bertan parte hartzeko, eskabideko atal guztiak bete behar dituzte eta tasa ordaindu. Era berean, zinpeko aitorpena edo promesa egin beharko dute, proba honetan parte hartzeko baldintza guztiak betetzen dituztela.

Izangairen batek ez baditu tasak ordaintzen eskabideak aurkezteko epearen barruan, prozeduratik kanpo geratuko da, 2.1. atalean prozesuan onartua izateko eskatzen den baldintza ez betetzeagatik. Hala eta guztiz ere, ordaindutako zenbatekoa okerra izanez gero, errekerimendua egingo zaio izangaiari, hamar egun balioduneko epean zuzen dezan okerra.

3.3.– Eskabideak aurkezteagatiko tasak ordaintzea.

Deialdi honek 2.1 oinarrian aurrez ikusitako baldintza betetzeko, eskabideak aurkezteko epearen barruan ordaindu beharko da tasa, erakunde hauen edozein sukurtsaletan ordaindu ere: Kutxabank, Laboral Kutxa, BBVA, SabadellGuipuzcoano, La Caixa, Bankoa, Santander eta Bankia.

Tasa ordaintzeko, bi aukera daude:

● Off-line ordainketa: aipatutako finantza-erakunde laguntzaileen bulego-sarearen edozein puntutara joatea eta sistemak emandako ordainketa-gutuna aurkeztea. Ordainketa-gutunak barra-kodea duenez, kutxazain automatikoaren bidez ordain daiteke, kutxazainak irakurketa optikoa edo datuak eskuz sartzeko aukera badu.

● On-line ordainketa: banka elektronikoaren sistemaren bidez ordaintzea, banku-sukurtsalera joan gabe, betiere aipatutako erakunderen batean banka elektronikoaren bezeroa izanez gero. Modalitate hori eguneko 24 orduetan erabil daiteke.

Hau da tasa horren zenbatekoa: 43,73 euro.

Tasa ordaintzen ez bada edo ordaindutako zenbatekoa okerra bada, oinarri hauen 3.2 atalean zehaztutako ondorioak etorriko dira. Nolanahi ere, tasa ordaintzea eta ordainagiria aurkeztea ez da nahikoa izango; izan ere, eskabidea osorik eta behar den epearen barruan aurkeztu behar da, 3.1. oinarriak dioenaren arabera.

Eskatutako tasa kasu honetan bakarrik itzuliko da: zerga-egitatea gauzatzen ez denean subjektu pasiboari ezin egotzizko arrazoiengatik; horrenbestez, ez da tasarik itzuliko hautaketa-prozesutik kanporatzea gertatuz gero interesdunari egozteko moduko arrazoiengatik. Kanporatzea gertatzen bada deialdian eskatutako betekizunak ez betetzeagatik edo agiriak ez aurkeztegatik, ez da itzuliko tasa.

Laugarrena.– Hautagaiak probarako onartzea.

Eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan, epaimahaiko buruak ebazpena emango du, eta onartutakoen eta bazter utzitakoen behin-behineko zerrenda onartuko. Behin-behineko zerrendaren kontrako erreklamaziorik aurkeztu nahi izanez gero, ebazpen horretan zehaztutako epearen barruan aurkeztu beharko dira.

Epaimahaiak alegazioak aztertu ondoren, halakorik bada behintzat, Epaimahaiko buruak ebazpen bidez argitaratuko du hautaproba egiteko onartuen behin betiko zerrenda, eta, horrekin batera, proba non, zein egunetan eta zein ordutan egin den adieraziko du.

Inoiz ikusi edo detektatuz gero norbaitek ez dituela betetzen ebazpen honetan eskatutako betekizunak, errekerimendu hau egingo zaio: hamar eguneko epearen barruan zuzen dezala okerra edo aurkez ditzala beharrezko agiriak.

Eskatutako dokumentazioa aurkezten ez bada aurreko paragrafoan finkatzen den epearen barruan, edo dokumentazio hori eta aurrekariak arteztuta ikusten bada dena delakoak ez dituela betetzen ebazpen honetan eskatutako baldintzak, alegaziorik bada aztertu eta dagokion ebazpena emango da: litekeena da pertsona hori deialdi honetatik kanpo geratzea, hargatik eragotzi gabe onartzeko eskabidean egindako faltsutasunen ondoriozko erantzukizuna.

Eskabidean edo proban zehar egitatezko errakuntzarik edo errakuntza materialik edo aritmetikorik ikusiz gero, edonoiz konpon daitezke, ofizioz edo interesdunak eskaturik.

Bosgarrena.– Probaren garapena.

Onartutako guztientzako egingo da proba, deialdi bakarrean, Vitoria-Gasteizen.

Proba honelakoa izango da: emandako inprimakian idatziz erantzun beharko zaie berrogei galderari gehi erreserbako lauri. Galderak deialdi honen seigarren oinarrian zehaztutako programako gaiei buruzkoak izango dira. Galdera bakoitzak bi edo hiru erantzun alternatibo izango ditu, eta euretan bat bakarrik izango da zuzena.

Probaren iraupena: minutu bat galdera bakoitzeko.

Proba etengo zaio, eta ez-gai kalifikazioa deklaratuko, proban zehar ordena nahasten duenari edo proban iruzurra edo iruzur-ahalegina egiten duenari, darabilen modua edo prozedura edozein dela ere.

Parte hartzaileak hauetako batekin azaldu beharko dira probara: indarreko NANa edo bizileku-txartela edo identitate-txartela, edo, halakorik ezean, pasaportea. Dokumentu horiek aurkeztea eska diezaioke epaimahaiak proba egiten ari den edonori, eta dokumentu horiek ez aurkezteak hau ekarriko du: proba egitera ez onartzea eta prozesutik kanpo uztea.

Seigarrena.– Programa.

Hau da probarako programa:

1.– Gidarientzako Eskola Partikularrak erregulatzeko araudia.

2.– Gidarien eta ibilgailuen izapidetze administratiboa.

3.– Enpresak antolatu eta kudeatzeari buruzko ezagutza orokorrak eta haiek gidarientzako eskola partikularrei aplikatzea.

4.– Antolakundeen psikologia.

Proba horretarako programa zehatza gai eta guzti adieraziko du epaimahai kalifikatzaileak informazio-ohar baten bidez. Epaimahaiko buruak onartuen behin-behineko zerrenda ebazpen bidez ezagutzera eman baino lehen argitaratuko da ohar hori, edo, beranduenik, ebazpen hori ezagutzera ematen den egunean bertan.

Zazpigarrena.– Kalifikazio-sistema.

Probako kalifikazioak gai eta ez-gai izango dira.

Gai deklaratua izateko, erantzun zuzena eman beharko zaie proba osoaren 40 galderetatik 34ri.

Proba hori gainditzeak, hain zuzen ere, Gidarientzako Eskola Partikularretako Zuzendarien Gaitasun Agiria lortzea eta ematea oinarrituko du, Gidarientzako Eskola Partikularren Erregelamendu Erregulatzailea onesten duen 1295/2003 Errege Dekretuaren 47. artikuluan ezarritakoarekin bat etorrita.

Zortzigarrena.– Proban lortutako kalifikazioen zerrenda.

Proba kalifikatutakoan, gainditu dutenen behin-behineko zerrenda argitaratuko da. Zerrenda hori behin betiko bihurtuko da alegazioak aztertu ondoren, halakorik aurkezten bada.

Bederatzigarrena.– Informazioa.

Deialdian jasotako informazioaz gain beharrezko eta osagarri diren beste informazio batzuk honako hauetan jaso eta emango dira ezagutzera: onartutakoen, bazter utzitakoen eta proba gainditu duten hautagaien zerrendetan hain zuzen ere. Informazio horiek Internet-eko helbide honetan argitaratuko dira: www.trafikoa.eus

Hamargarrena.– Errekurtsoak.

Gidarientzako Eskola Partikularren Erregelamendu Erregulatzailea onartu zuen urriaren 17ko 1295/2003 Errege Dekretuaren 48. artikuluan xedatutakoarekin bat etorrita, proben kalifikazioari buruzko erabakien edo proben garapenaren intereserako izan daitekeen gai ororen aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Trafikoko zuzendariari; betiere, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 114. artikuluarekin eta hurrengoekin bat etorrita.

Era berean, beren interesak defendatzeko komenigarritzat jotako beste edozein errekurtso jar dezakete interesdunek.

Hamaikagarrena.– Epaimahai Kalifikatzailea.

11.1.– Epaimahai Kalifikatzaileak 30/1992 Legeak, azaroaren 26koak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoak, organo kolegiatuetarako xedatutakoarekin bat jardungo du. Hala, ebazpen hau interpretatzerakoan plantea daitezkeen zalantzak eta gaiak ebazteko behar duen adina aldiz bilduko da.

Epaimahaiari dagozkio, batetik, probak garatu eta kalifikatzea, oinarri hauek aplikatzerakoan sortzen diren dudak ebaztea bestetik, eta, azkenik, oinarrietan aurreikusi gabeko kasuetan zer egin behar den ebaztea. Epaimahaiak bilkura bakoitzaren akta egingo du.

Jakinarazpenetarako eta gainerako gorabeheretarako, hau izango da Epaimahaiaren egoitza:

Gidarientzako Eskola Partikularretako Zuzendarien Gaitasun Agiria lortzeko Epaimahaia.

Trafiko Zuzendaritza.

Donostia kalea, 1

01010 Gasteiz.

Honakoak izango dira epaimahai kalifikatzaileko kideak:

Presidentea: M.ª Victoria Dueñas Beltrán de Heredia andrea.

Ordezkoa: Ander Hormaetxe Azumendi jauna.

Bokalak:

M.ª Jesús Iturralde Arriaga andrea.

Martín Gil Osoro jauna.

Ignacio Presa Juarros jauna.

Ordezkoak:

Iñaki Eguiara Garay jauna.

M.ª Victoria Fernández García andrea.

Arantza Agirre Vicente andrea.

Idazkaria: M.ª Esther Montes Pereda andrea.

Ordezkoa: Idoia Berasain Teruelo andrea.

Gainera, epaimahai kalifikatzaile horretako kide izango dira Gobernu Zentraleko Trafikoko Zuzendaritza Nagusiaren ordezkari hauek:

Titularra: Justiniano Redondo Bermejo jauna, Arabako probintziako trafiko-burua.

Ordezkoa: Adolfo Peñaranda Molinos jauna, Bizkaiko probintziako trafiko-burua.

11.2.– Hautaprobaren kalifikazio-epaimahaian parte hartzea honela ordainduko da: zerbitzuen ondoriozko kalte-ordainei buruzko otsailaren 2ko 16/1993 Dekretuan ezarritakoaren arabera.

Hamabigarrena.– Gaitasun Agiria ematea.

Proban gai kalifikazioa lortzen dutenek tasa hau ordaindu beharko dute: Gidarientzako Eskola Partikularretako Zuzendarien Gaitasun Agiria emateari dagokiona.

Hamahirugarrena.– Azken xedapena.

Ebazpen honen kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Segurtasuneko sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeak 115.1 artikuluan –8.2 artikuluarekin lotuta– xedatutakoaren arabera, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak emandako idazketari jarraiki.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko urtarrilaren 26a.

Trafikoko zuzendaria,

GARBIÑE SÁEZ MOLINUEVO.


Azterketa dokumentala