Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

22. zk., 2016ko otsailaren 3a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
489

3/2015 FORU DEKRETU-ARAUA, abenduaren 29koa, zerga geroratuen aktiboei aplikagarri zaien erregimena aldatzen duena.

Abenduaren 16ko 17/2014 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauan zuzenketa teknikoak eta beste zerga egokitzapen batzuk sartzen dituenak, Gipuzkoako zerga ordenamenduan jaso zuen zerga geroratuen aktiboak Zerga Administrazioaren aurrean kreditu galdagarri bihurtzeko erregulazioa, hain zuzen ere, azaroaren 29ko 14/2013 Errege Lege Dekretuak, Espainiako zuzenbidea Europar Batasuneko finantza-erakundeen gainbegiratze eta kaudimenari buruzko araudiaren arabera egokitzeko premiazko neurriei buruzkoa, aipatzen duena. Izan ere, beharrezkoa zen gure erregulazioa egokitzea Europako Legebiltzarraren eta Kontseiluaren ekainaren 26ko 575/2013 (EB) Erregelamenduaren bidez Europar Batasuneko Zuzenbidean sartutako aldaketetara (erregelamendu hori kreditu entitateen eta inbertsio enpresen zuhurtziazko beharkizunei buruzkoa da, eta, horrez gain, haren bidez 648/2012 (EB) Erregelamendua aldatzen da).

Estatuaren 2016. urterako Aurrekontu Orokorrei buruzko urriaren 29ko 48/2015 Legearen bidez, aldatu egin da gai horri lotuta ezarritako erregulazioa, indarrean dagoen araudia Europar Batasunaren eskakizunetara egokitze aldera. Horrela, nahi da gure ordenamenduan ezarritako erregulazioa Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunean jasotako beharkizunak erabat betetzea eta horien araberakoa izatea.

Horrek eskatzen du Gipuzkoako Lurralde Historikoko erregulazioa berehala birformulatzea, Europar Batasunak eskatutako erregelak gure ordenamendura ekartzeko. Horietako bat da, han zuzen ere, zerga geroratuen aktiboetan urteko % 1,5eko ondare- prestazioa ezartzen dela. Horretarako, aldatzen dira abenduaren 16ko 17/2014 Foru Araua, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauan zuzenketa teknikoak eta beste zerga egokitzapen batzuk sartzen dituena, eta urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Araua, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergarena, gure erregulazioa beharkizun berrietara egokitzeko.

1. artikulua.– Abenduaren 16ko 17/2014 Foru Araua aldatzea.

Lehenengoa.– 2015eko urtarrilaren 1etik aurrera hasten diren zergaldietan ondorioak izateko, abenduaren 16ko 17/2014 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauan zuzenketa teknikoak eta beste zerga egokitzapen batzuk sartzen dituenak, barruan dakarren xedapen iragankor bakarra lehen xedapen iragankor bihurtzen da, eta arauari bigarren xedapen iragankor bat gehitzen zaio, eduki honekin:

«Bigarrena.– Aurreko ekitaldietako konpentsatu gabeko zerga oinarri negatiboak, zerga geroratuen aktiboei lotuak, aldatzea.

Bat.– Zerga geroratuen aktiboei aplikagarri izan bazaie foru arau honetako bigarren xedapen gehigarrian xedatutakoa, aktibo horiek dituzten zergadunek xedapen gehigarri horretan aipatzen den narriaduraren zuzkidurak gutxituko dituzte aurreko ekitaldietatik datozen eta 2015eko urtarrilaren 1etik aurrera hasten den lehen zergaldian konpentsatu gabe dauden zerga oinarri negatiboetatik. Kopuru horiek gastu ez-kengarritzat hartuko dira, lege ondorio guztietarako.

Aurreko paragrafoan aipatzen diren kopuruak zerga oinarrian integratzeko, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauan ezarritakoari jarraituko zaio, betiere muga hau aplikatuta: kopuru horiek integratu aurretik, foru arau horren IV. tituluko V. kapituluan aurreikusitako zuzenketak baino lehen, eta aipatutako foru arauaren 55. artikuluko konpentsazioa egin aurretik dagoen zerga oinarri positiboa.

Zergaldi batean integratzen ez diren kopuruak ondorengo zergaldietan integratuko dira, muga hori bera aplikatuta. Ondorio horietarako, aurrenik, zergaldi zaharrenetako zuzkidurak integratuko dira.

Bi.– Foru arau honetako bigarren xedapen gehigarrian aipatzen diren zergadunentzat, kredituen edo bestelako aktiboen narriaduragatik egiten diren zuzkidurak zordunen balizko kaudimengabezien ondorio badira, zerga geroratuen aktiboak sorrarazten badituzte, eta 2015eko urtarrilaren 1etik aurrera hasten den lehen zergaldiari badagozkio, ez dira kengarriak izango zergaldi horretako sozietateen gaineko zergaren zerga oinarria kalkulatzeko garaian, eta aurreko lehen apartatuko bigarren eta hirugarren paragrafoetan xedatutakoa aplikatuko zaie. Zuzkidurak ez dira horren barruan sartuko Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauak 22. artikuluko 1. apartatuaren a) letran ezarritakoa aplikatu bazaie.

2015eko urtarrilaren 1etik aurrera hasten den lehen zergaldian, apartatu honetan ezarritakoaren indarrez zerga geroratuagatik sortzen diren aktiboei foru arau honetako bigarren xedapen gehigarrian xedatutakoa aplikatuko zaie».

Bigarrena.– 2016ko urtarrilaren 1etik aurrera hasten diren zergaldietan ondorioak izateko, honela aldatzen da abenduaren 16ko 17/2014 Foru Araua, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauan zuzenketa teknikoak eta beste zerga egokitzapen batzuk sartzen dituena:

Bat.– Bigarren xedapen gehigarria honela geratzen da idatzita:

«Bigarrena.– Zerga geroratuen aktiboak kreditu galdagarri bihurtzea zerga administrazioaren aurrean.

Bat.– Zerga geroratuen aktiboak dituzten zergadunak –sozietateen gaineko zergarenak– Europako Legebiltzarraren eta Kontseiluaren 2013ko ekainaren 26ko 575/2013 (EB) Erregelamenduan xedatutakoaren mende badaude (kreditu entitateen eta inbertsio enpresen zuhurtziazko beharkizunei buruzkoa da erregelamendua eta, horrez gain, haren bidez 648/2012 (EB) Erregelamendua aldatzen da), aktibo horiek kredituen edo bestelako aktiboen narriaduragatik egindako eta zuzenbide publikoko entitateekin zordundu gabeko zordunen balizko kaudimengabezietarako zuzkiduretatik badatoz, eta zuzkidura horien kengarritasuna ez bada gertatzen Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauak 22. artikuluko 1. apartatuaren a) letran ezarritakoaren aplikazioagatik, aktibo horiek kreditu galdagarri bihurtu daitezke zerga administrazioaren aurrean, haien sorreraldiko kuota likido positiboaren zenbateko berean, betiere hurrengo apartatuan adierazten diren zirkunstantzietako edozein betetzen bada.

Zergaldi jakin bati dagokion kuota likido positiboaren zenbatekoa handiagoa bada zergaldi horretan zerga geroratuengatik sortutako aktiboena baino –aurreko paragrafoan aipatutakoena–, entitateak xedapen gehigarri honetan aurreikusten den eskubideaz gozatu ahal izango du, soberako zenbatekoagatik, aurreko zergaldietan zein hurrengo bietan sortzen diren izaera bereko aktiboei dagokienez.

Bi.– Aurreko apartatuan aipatzen den bihurketa gertatuko da baldin eta zirkunstantzia hauetako edozein betetzen bada:

a) Zergadunak kontabilitate galerak erregistratzea, dagokion organoak ikuskatu eta onartutako urteko kontuetan.

Kasu honetan, zerga geroratuagatik sortutako aktibo bihurtuen zenbatekoa kalkulatzeko, haien zenbateko osoari aplikatu behar zaio ekitaldiko kontabilitate galerek kapitalaren eta erreserben baturarekiko hartzen duen portzentajea.

b) Entitatea likidatzea edo judizialki aitortutako kaudimengabezia egoeran egotea.

Era berean, zerga oinarri negatiboak hurrengo ekitaldietan konpentsatzeko eskubideagatik zerga geroratuen ondorio diren aktiboak kreditu galdagarri bihurtuko dira zerga administrazioaren aurrean, baldin eta haiek sortzen badira kredituen edo bestelako aktiboen narriadura dela-eta egindako eta zordunen balizko kaudimengabezietara zuzendutako zuzkidurak zerga oinarrian integratzeagatik. Nahitaezkoa da zuzkidura horiek sortutako aktiboak aurreko apartatuko lehen paragrafoan aipatutakoak izatea.

Hiru.– Xedapen gehigarri honetako lehen apartatuan aipatzen diren aktiboak aurreko apartatuan adierazitako zirkunstantziak gertatzen diren zergaldiko sozietateen gaineko zergaren autolikidazioa aurkezten den unean bihurtuko dira kreditu galdagarri zerga administrazioaren aurrean.

Lau.– Zerga geroratuen aktiboak, xedapen gehigarri honetako lehen apartatuan aipatuak, zerga administrazioaren aurrean galdatzeko moduko kreditu bihurtzen direnean, zergadunak aukera izango du: edo zerga Administrazioari ordaintzeko eskatzea, edo, kreditu horiek zergadunak berak bihurketaren unetik aurrera sortzen dituen eta Gipuzkoako Foru Aldundiak ordainarazten dituen antzeko zerga zorrekin konpentsatzea. Erregelamenduz ezarriko da nola eta zein epetan egingo diren konpentsazioa edo ordainketa.

Bost.– Aurreko Bat apartatuan aipatzen diren kopuruak inola ere ez dira kengarriak izango haien zuzkiduraren zergaldiko sozietateen gaineko zergaren zerga oinarria kalkulatzeko.

Aurreko paragrafoan aipatzen diren kopuruak zerga oinarrian integratzeko, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauan ezarritakoari jarraituko zaio, betiere muga hau aplikatuta: kopuru horiek integratu aurretik, foru arau horren IV. tituluko V. kapituluan aurreikusitako zuzenketak baino lehen, eta aipatutako foru arauaren 55. artikuluko konpentsazioa egin aurretik dagoen zerga oinarri positiboa.

Zergaldi batean integratzen ez diren kopuruak ondorengo zergaldietan integratuko dira, muga hori bera aplikatuta. Ondorio horietarako, aurrenik, zergaldi zaharrenetako zuzkidurak integratuko dira.

Sei.– Xedapen gehigarri honetan ezarritakoa aplikatzen duten entitateek informazio hau jaso beharko dute sozietateen gaineko zergaren aitorpenean:

a) Zerga geroratuagatik sortutako aktiboen zenbateko osoa, kontuan izanik aktibo horiei dagozkien zuzkidurak kredituen edo bestelako aktiboen narriaduragatik egindakoak eta zuzenbide publikoko entitateekin zordundu gabeko zordunen balizko kaudimengabezietarako eginak izan behar direla, eta beren kengarritasuna ezin dela gertatu Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauak 22. artikuluko 1. apartatuaren a) letran ezarritakoaren aplikazioagatik.

b) Aurreko a) letran aipatutako aktiboen zenbateko osoa eta sorrerako urtea, haiei dagokienez entitateak xedapen gehigarri honetan ezarritako eskubidea duenean, aurreko 1. apartatuko bigarren paragrafoan adierazitakoak ere zehaztuta.

c) Aurreko a) letran aipatutako aktiboen zenbateko osoa eta sorrerako urtea, haiei dagokienez entitateak xedapen gehigarri honetan ezarritako eskubiderik ez duenean».

Bi.– Beste xedapen iragankor bat gehitzen da, hirugarrena, honako hau dioena:

«Hirugarrena.– 2016ko urtarrilaren 1a baino lehen hasitako zergaldietan zerga geroratuarengatik sortutako aktiboak kreditu galdagarri bihurtzea zerga administrazioaren aurrean.

Bat.– 2016ko urtarrilaren 1a baino lehen hasitako zergaldietan zerga geroratuengatik sortzen diren aktiboei –bigarren xedapen iragankorrean aipatutakoei– aplikagarri izango zaie foru arau honetako bigarren xedapen gehigarrian ezarritakoa, haiek sortzen diren zergaldiko kuota likido positiboa zeinahi dela ere.

Bi.– Zerga geroratuengatik sortutako aktiboei –aurreko apartatuan aipatutakoei– dagokien zenbatekoaren eta 2008tik 2015era bitarteko zergaldietako sozietateen gaineko zergaren kuota likidoen baturak ematen duen emaitzaren arteko diferentzia positiboa bada, foru arau honetako bigarren xedapen gehigarrian ezarritakoa aplikatu ahal izateko, ezinbestekoa izango da entitateak, diferentzia horri dagokionez, ondare-prestazio bat ordaintzea zerga geroratuen aktiboak kreditu galdagarri bihurtzeagatik zerga administrazioaren aurrean, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauak hemeretzigarren xedapen gehigarrian ezarritako eran.

Sozietateen gaineko zergan zerga geroratuagatik sortutako aktiboak erregistratzen diren zergaldi guztietan ordaindu beharko da aipatutako prestazioa.

Hiru.– Aurreko apartatuan aurreikusitakoaren ondorioetarako, ulertuko da zerga oinarrian lehendabizi integratzen direla Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauaren hemeretzigarren xedapen gehigarria aplikagarri duten zuzkidurak, zerga geroratuen aktiboei dagozkienak.

Lau.– Foru arau honetako bigarren xedapen gehigarriaren lehen apartatuko bigarren paragrafoan xedatutakoa xedatuta ere, bertan adierazitako soberakinak gutxitu egingo du, aldez aurretik, zerga geroratuagatik sortutako aktiboen zenbatekoa, xedapen iragankor honetako bigarren apartatuan aipatutako ondare-prestazioa ordaindu beharra dakarten aktiboei dagokienez.

Bost.– Xedapen iragankor hau aplikatzen duten entitateek informazio hau jaso behar dute sozietateen gaineko zergaren aitorpenean:

a) Xedapen iragankor honetako lehen apartatuan aipatzen diren aktiboen zenbateko osoa.

b) 2008tik 2015era bitarteko zergaldietan sozietateen gaineko zergagatik izandako kuota likido positiboen batura osoa.

c) Aurreko a) letran aipatu diren eta, aldi berean, xedapen iragankor honetako bigarren apartatua aplikagarri duten aktiboen zenbateko osoa eta sorrerako urtea.

d) Aurreko a) letran aipatu diren eta xedapen iragankor honetako bigarren apartatua aplikagarri ez duten aktiboen zenbateko osoa eta sorrerako urtea. Behar denean, zehaztuko da zeintzuk datozen xedapen iragankor honetako laugarren apartatuaren aplikaziotik».

Artículo 2.– Sozietateen gaineko zergaren foru araua aldatzea.

2016ko urtarrilaren 1etik aurrera hasten diren zergaldietan ondorioak izateko, hemeretzigarren xedapen gehigarria gehitzen zaio Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauari, zehazki honako hau dioena:

«Hemeretzigarrena.– Zerga geroratuen aktiboak zerga administrazioaren aurrean kreditu galdagarri bihurtzeagatik ordaindu beharreko ondare-prestazioa.

1.– Zerga honen zergadunek zerga geroratuen aktiboak baldin badituzte, hain zuzen ere abenduaren 16ko 17/2014 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Sozietateen gaineko Zergari buruzko urtarrilaren 17ko 2/2014 Foru Arauan zuzenketa teknikoak eta beste zerga egokitzapen batzuk sartzen dituenak, hirugarren xedapen iragankorreko bigarren apartatuan aipatutakoak, eta aktibo horiei dagokienez foru arau horretako bigarren xedapen gehigarrian ezartzen den eskubidea eduki nahi badute, xedapen gehigarri honetan arautzen den ondare-prestazioa ordaindu beharko dute zerga geroratuen aktiboak zerga administrazioaren aurrean kreditu galdagarri bihurtzeagatik.

2.– Sozietateen gaineko zergaren zergaldiko azken egunean entitateak dituen aktibo horien zenbateko osoari ehuneko 1,5 aplikatuta kalkulatuko da prestazioaren zenbatekoa.

3.– Prestazioaren sortzapena zerga hau autolikidatzeko borondatezko epea hasten den egunean gertatuko da, eta hura ordaintzeko epea zerga autolikidatu eta ordaintzeko ezarrita dagoen berbera izango da.

4.– Ondare-prestazioa autolikidazio bidez egingo da, Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuak foru agindu bidez ezarriko duen tokian eta moduan.

5.– Xedapen gehigarri honetan araututako ondare-prestazioa ordainarazteko eskumena Gipuzkoako Foru Aldundiari dagokio, eta xedapen honetan aurreikusita ez dagoen guztian Gipuzkoako Lurralde Historikoko Zergei buruzko martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arau Orokorrak III., IV. eta V. tituluetan xedatutakoa eta haiek garatzen dituen araudian jasotakoa aplikatuko da».

AMAIERAKO XEDAPENAK
Lehenengoa.– Indarrean jartzea.

Foru dekretu-arau hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean jarriko da indarrean, bere xedapenetan berariaz jasotako ondorioak eragotzi gabe.

Bigarrena.– Arauak emateko ahalmena.

Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuari baimena ematen zaie foru dekretu-arau hau garatzeko eta betearazteko behar diren xedapen guztiak emateko.

Donostia, 2015eko abenduaren 29a.

Diputatu Nagusia,

MARKEL OLANO ARRESE.

Ogasun eta Finantza Departamentuko Foru Diputatua,

JABIER LARRAÑAGA GARMENDIA.


Azterketa dokumentala