5. zk., 2016ko urtarrilaren 11, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (236 KB - 3 orri.)
- EPUB (195 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
OGASUN ETA FINANTZA SAILA
70
246/2015 DEKRETUA, abenduaren 29koa, 2016ko ekitaldirako zorpetze-eragiketak egitea erabaki eta baimentzen duena.
Euskal Autonomia Erkidegoaren Finantzen azaroaren 8ko 8/1996 Legearen 24. artikuluak ezartzen duenez, Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrek ezarriko dute ekitaldi bakoitzean egin daitezkeen Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eta bere erakunde autonomoen zorpetze-eragiketen gehienezko zenbatekoa.
Horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2016ko ekitaldiko aurrekontu orokorrak onartu zituen abenduaren 23ko 9/2015 Legeko 10.1 artikuluan, baimena ematen zaio Eusko Jaurlaritzari zorpetze-eragiketak egiteko. Horrela, zorpetze hori handitu ahal izango da, eta muga hau izango du: ekitaldiaren amaieran, saldoa ez da ekitaldiaren hasieran baino 338.468.386 euro handiagoa izango.
Beraz, 2015. urtea ixtean zeuden zorpetze-eragiketak eta 2016ko ekitaldian egin beharreko amortizazioak kontuan hartuta, ekitaldi honetan formalizatu beharreko zorpetzearen gehienezko zenbatekoa, aurreko lege-murrizketa betez, 1.230.799.000 eurokoa da.
Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoaren Finantzen azaroaren 8ko 8/1996 Legearen 28. artikuluan aurreikusten denez, zorpetzea egin ahal izango da zor publikoaren jaulkipenen bidez edo kreditu- edo mailegu-eragiketen bidez.
Horri dagokionean, lege horren 30. artikuluan xedatzen denez, zor publikoaren jaulkipena egitea Gobernu Kontseiluak erabakiko du, dekretu bidez, zorpetze-kontuetan eskumena duen sailak proposatuta. Dekretuak zehaztuko ditu zenbatekoaren eta zorpetzea egiteko denboraren gehienezko mugak, eta eragiketaren bestelako ezaugarriak ere zehaztu ahal izango ditu. Dekretuak bere aurreikuspenen barnean aipatu gabeko jaulkipenaren ezaugarriak, aldiz, zorpetze-kontuetan eskumena duen sailburuak zehaztuko ditu, agindu bidez, zeina Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko baita.
Bestalde, lege beraren 34. artikuluan zehazten denez, Gobernu Kontseiluak finantza-erakundeekin kreditu- edo mailegu-eragiketak egiteko baimena eman ahal izango du, errespetatu beharreko ezaugarri orokorrak zein diren zehaztuz.
Nazioarteko finantza-merkatuen gaur egungo egoera munduko ekonomia- eta finantza-krisiaren bilakaerak eragindakoa izanik, ahalik eta malgutasunik handienaz hartu behar dira zorpetze-arloko erabakiak.
Hori dela eta, aurreko ekitaldietan baimena eman zen, era berean, Euskadiren Zor Publikoaren jaulkipenak egiteko edo mailegu-eragiketak ituntzeko, eta zorpetze-kontuetan eskumena duen sailburua gaitu zen zorpetze-eragiketak egiteko tresna eta modalitate zehatzak zehazteko, baita finantza-baldintzak eta eragiketen gainerako ezaugarriak zehazteko ere, dagokion dekretuaren aurreikuspenen barnean, betiere.
Horregatik, dekretu honen bidez baimendutako eragiketei buruzko erabakiak ahalik eta malgutasunik handienaz hartu nahirik, merkatuen egoerak horretarako aukera ematen duenean zehazteko uzten da bai zer tresna eta zer modalitate zehatz erabiliko den zor-jaulkipenak eta mailegu-eragiketak bideratzeko, bai zer finantza-baldintzak ezarriko diren.
Ondorioz, Ogasun eta Finantzetako sailburuaren proposamenez, Gobernu Kontseiluak 2015eko abenduaren 29an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Zorpetze-eragiketak.
Euskal Autonomia Erkidegoaren 2016ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak onartzeko abenduaren 23ko 9/2015 Legearen 10.1 artikuluaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoak zor publikoaren jaulkipen bat edo batzuk egitea adostu zen, eta baimena eman zen mailegu-eragiketak ituntzeko, horiek prestatzeko modua edozein dela ere, bi kasuetan, izan barnean zein kanpoan, mila berrehun eta hogeita hamar milioi, zazpiehun eta laurogeita hemeretzi mila (1.230.799.000) euroko gehienezko zenbatekoarekin.
2. artikulua.– Zorpetze-eragiketen ezaugarriak.
Dekretu honen babesean onartzen eta baimentzen diren zorpetze-eragiketek ezaugarri orokor hauek izango dituzte:
1.– Gehieneko zenbatekoa guztira: 1.230.799.000 euro.
2.– Moneta: euroa edo beste edozein dibisa.
3.– Interes-tasa: finkoa edo aldakorra.
4.– Epea: 30 urte, gehienez.
5.– Jaulkipen-modalitateak: Eragiketak honela egin ahal izango dira.
– Zor Publikoaren jaulkipenen bidez, etekin esplizitu edo inplizituen balioak zirkulazioan jarriz, eurotan edo beste edozein dibisatan, formatua eta egitura zeinahi direlarik ere.
– Beste edozein mailegu- edo kreditu-eragiketa mota erabiliz.
3. artikulua.– Helburua.
Zorpetze-eragiketen ondoriozko baliabideak, dekretu honen bidez erabaki eta baimenduak, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2016ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak finantzatzeko izango dira.
4. artikulua.– Onurak.
Gaur egungo arauekin bat etorriz, baimentzen diren jaulkipenek Estatuaren zor publikoaren onura eta baldintza berberak izango dituzte.
5. artikulua.– Konputagarritasuna.
Dekretu honen arabera jaulkitako balioak gaitzat joko dira ondoren aipatzen diren erakundeen koefizienteetan egin beharreko inbertsioen ondorioetarako. Hauek dira erakundeak: elkarren bermerako sozietateak, aseguru pribatuko erakundeak, borondatezko gizarte aurreikuspeneko erakundeak eta Estatuaren zor publikoaren konputagarritasuna berez aitortuta duten erakundeak.
XEDAPEN GEHIGARRIA.– Gaitzeak.
1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Finantzen azaroaren 8ko 8/1996 Legean xedatutakoaren arabera, Ogasun eta Finantzetako sailburuari dagokio, agindu baten bidez, dekretu honetan erabaki diren zorpetze-eragiketak egiteko tresnak eta modalitateak zehaztea, bai eta dekretu honetan jaulkipenari buruz aipatu ez diren finantza-baldintzak eta ezaugarriak zehaztea ere, dekretu horren aurreikuspenen barruan, betiere. Zor publikoaren jaulkipena balioen bidez egiten bada, agindu hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko da.
2.– Baimena ematen zaie Ogasuneko eta Finantza Politikako sailburuordeari eta Finantza Politikako eta Erakundeen Baliabideetako zuzendariari, batek zein besteak, dekretu honetan erabakitako eta baimendutako zorpetze-eragiketak egin ahal izateko behar diren kontratuak eta gainerako agiri erantsi eta osagarriak sinatzeko, bai eta estalduratik eratorritako eragiketak sinatzeko ere, hala badagokio.
AZKEN XEDAPENA.– Indarrean sartzea.
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2015eko abenduaren 29an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
OGASUN ETA FINANTZETAKO SAILBURUA.
Ordezkoak eginez, (Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuaren Hamaikagarren Xedapen Gehigarriarekin bat etorriz).
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.