227. zk., 2015eko azaroaren 27a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (309 KB - 15 orri.)
- EPUB (207 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA
5076
AGINDUA, 2015eko azaroaren 11koa, zeinarekin aldatu egiten baita honako agindua: Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuarena, nekazaritzako, basogintzako, arrantzako, elikagaietako eta landa-garapeneko arloetan finantza-laguntza emateko programaren esparruan (Sendotu programa) laguntzak ezartzekoa.
2015eko irailaren 9an, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara eman zen: Agindua, 2015eko uztailaren 29koa, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuarena, nekazaritzako, basogintzako, arrantzako, elikagaietako eta landa-garapeneko arloetan finantza-laguntza emateko programaren esparruan (Sendotu programa) laguntzak ezartzekoa.
2015eko ekainaren 13an, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitara eman zen ekainaren 12ko 6/2015 Lege Organikoa, zeinarekin aldatu egiten baitira Autonomia Erkidegoak Finantzatzeko irailaren 22ko 8/1980 Lege Organikoa eta Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoa.
Lege organiko horretan sartutako 13.bis artikulu berriaren bitartez, «Zuhurtasun Finantzarioaren Printzipioa» sartzen da, zeinetan honako hau ezartzen baita: Autonomia Erkidegoek sinatzen dituzten finantza-eragiketek, apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoaren 2.1 artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriz, zuhurtasun finantzarioaren printzipioa errespetatu beharko dute.
Egungo bertsioan, printzipio hori 2015eko irailaren 18ko Ebazpenaz eta uztailaren 31ko Ebazpenaz definitzen da; ebazpen bi horiek, Finantza Politika eta Diruzaintzako Idazkaritza Orokorrak emandakoak dira. Aipatu ebazpen horien bitartez, mugatu egiten dira honako hauek: autonomia erkidegoek finantza-eragiketak sinatzeko izango dituzten baldintzak.
2015eko uztailaren 28an, Jaurlaritzaren Kontseiluak onartu zuen honako hau: berme-funts bat onartzea, eta bai Finantzen Euskal Institutuaren eta kreditu-erakundeen arteko hitzarmen bat; guztiarekin ere, aipatu sektoreei maileguak emateko, betiere nekazaritzako, basogintzako, arrantzako, elikagaietako eta landa-garapeneko sektoreetarako inbertsio-proiektuen finantzaketa bultzatzearren.
Sendotu Programaren egitura operatiboak (aipatu hitzarmenean gauzatuak) honako hau ezartzen du: finantza-erakunde parte-hartzaileek Finantzen Euskal Erakundera funtsak transmititzea, hain justu ere institutu horrek, –funtsak jasotakoan eta bere partea jarritakoan– eskatzaileei eman diezaien eskatutako mailegua, betiere eskatzailek konplitzen badituzte Hitzarmenean ezarritako baldintzak eta betebeharrak.
Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren zorpetzeari eta 6/2015 Lege Organikoa aplikatzeari dagokienez interpretazio okerrak ekiditeko; eta autonomia erkidego honek zuhurtasun finantzariaren printzipioa ez-betetzeaz Estatuak estimazio eta kontsiderazio okerrak egin ez egiteko; izan ere, horrek Euskal Autonomia Erkidegoaren finantza-politika garatzea zaildu lezake eta bai Sendotu Programaren funtzionamendua normala ere; bada, Jaurlaritzaren Kontseiluaren 2015eko azaroaren 3ko Erabakiaz aldatu egin zen hitzarmen hau: «Finantza-lankidetzako hitzarmena, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren, Finantzen Euskal institutuaren eta hainbat finantza-erakunderen artekoa, nekazaritzaren, basogintzaren, arrantzaren, elikagaien eta landa-garapenaren arloetako finantzaketa-lerro bat bideratzekoa (Sendotu programa), zeina 2015eko uztailaren 28an onartu baitzuen Jaurlaritzaren Kontseiluak».
Hortaz, Sendotu Programaren egitura operatibo guztia doitzearren, beharrezkoa da aldatzea 2015eko ekainaren 29ko Agindua, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuarena, nekazaritzako, basogintzako, arrantzako, elikagaietako eta landa-garapeneko arloetan finantza-laguntza emateko programaren esparruan (Sendotu programa) laguntzak ezartzekoa; eta, hala, Aginduan araututako laguntzei eusteko maileguak emateari dagokionez, Finantzen Euskal Institutuaren eta finantza-erakundeen jarduera-prozedura argi eta garbi agertu dadin.
Horren ondorioz, honako hau
XEDATZEN DUT:
Lehenengo artikulua.– Jarraian zehaztu aginduaren 5. artikuluko 1. paragrafoak beherago adierazitako idazketa izango du; Agindua, 2015eko uztailaren 29koa, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuarena, nekazaritzako, basogintzako, arrantzako, elikagaietako eta landa-garapeneko arloetan finantza-laguntza emateko programaren esparruan (Sendotu programa) laguntzak ezartzekoa:
«1.– Finantzen Euskal Institutuak eta finantza-erakunde parte-hartzaileek hasierako edo jarraipeneko inbertsioei buruz emandako maileguetan oinarri hartuta, agindu honen bidez emandako laguntzak bateragarri izango dira, beren artean, diruz lagun daitezkeen kostu identifikagarriak dituen hasierako eta jarraipeneko inbertsioetarako beste edozein laguntza publikorekin, Europako Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamenduko (EB) 8. artikuluko 4. paragrafoan ezarritakoa aplikatuz, helburu bererako eta agindu honetan ezarritako diruz lagun daitezkeen ekintza beretarako. Beren artean bateragarri izango dira, baldin eta horrek gainfinantzaketa eragiten ez badu edota erregelamendu horretan ezarritako laguntzen mugak gainditzen ez badira.»
Bigarren artikulua.– Jarraian zehaztu aginduaren 7. artikuluko 1. paragrafoak beherago adierazitako idazketa izango du; Agindua, 2015eko uztailaren 29koa, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuarena, nekazaritzako, basogintzako, arrantzako, elikagaietako eta landa-garapeneko arloetan finantza-laguntza emateko programaren esparruan (Sendotu programa) laguntzak ezartzekoa:
«1.– Onuradunak betetzen ez badu agindu honetan eta aplikatu beharreko gainerako arauetan edo Finantzen Euskal Institutuak eta finantza-erakunde parte-hartzaileek izenpetutako polizan ezarritako betekizun eta betebeharretako edozein, edo Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legeko 53. artikuluan ezarritako itzulketa-arrazoietako batean erortzen bada, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak, itzulketa-espedientea izapidetu ondoren (interesduna entzunda), beste ebazpen bat emango du eta bertan diru-laguntzarako eskubidea erabat edo partzialki galdu dela aldarrikatuko eta, behar bada, jasotako laguntzak eta legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar zaizkiola aginduko, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta itzulketei buruzko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko aipatu 53. artikuluan ezarritakoaren arabera. Nolanahi ere, ez dira baztertuko gainerako bidezko ekintzak. Aipatutako diru-kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako. »
Hirugarren artikulua.– Jarraian zehaztu aginduaren 9. artikuluko 1. paragrafoak beherago adierazitako idazketa izango du; Agindua, 2015eko uztailaren 29koa, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuarena, nekazaritzako, basogintzako, arrantzako, elikagaietako eta landa-garapeneko arloetan finantza-laguntza emateko programaren esparruan (Sendotu programa) laguntzak ezartzekoa:
«1.– Agindu honen bidez deitutako finantzaketa-lerroak hogei milioi (20.000.000) euroren erreferentziazko muga izango du, Finantzen Euskal Institutuak eta finantza-erakunde parte-hartzaileek formalizatu beharreko maileguen eran, erakunde horrek, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta finantza-erakundeek izenpetu duten eta agindu honen eranskintzat argitaratu den lankidetza-hitzarmenaren esparruan.»
Laugarren artikulua.– Jarraian zehaztu aginduaren 10. artikuluko 1. paragrafoak beherago adierazitako idazketa izango du; Agindua, 2015eko uztailaren 29koa, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuarena, nekazaritzako, basogintzako, arrantzako, elikagaietako eta landa-garapeneko arloetan finantza-laguntza emateko programaren esparruan (Sendotu programa) laguntzak ezartzekoa:
«1.– Hasierako edo jarraipeneko inbertsioak finantzatzeko, maileguak baimenduko dira, eta Finantzen Euskal Institutuak eta finantza-erakunde parte-hartzaileek formalizatuko dituzte, agindu honen eranskintzat argitaratu den finantza-erakundeekiko lankidetza hitzarmenaren babesean. Finantzaketarako, maileguko, egindako inbertsioaren % 80ren muga ezarri da. Arriskuko finantzaketaren gehieneko zenbatekoa, Europako Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamenduko (EB) 21. artikuluan ezarritakoa izango da.»
Bosgarren artikulua.– Jarraian zehaztu aginduaren 12. artikuluko 5. paragrafoak beherago adierazitako idazketa izango du; Agindua, 2015eko uztailaren 29koa, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuarena, nekazaritzako, basogintzako, arrantzako, elikagaietako eta landa-garapeneko arloetan finantza-laguntza emateko programaren esparruan (Sendotu programa) laguntzak ezartzekoa:
«5.– Finantzen Euskal Institutuak eta finantza-erakunde parte-hartzaileek mailegua formalizatu aurretik, Balioztapen eta Segimendu Batzordeak Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariari jakinaraziko dizkio eskatutako mailegua onartzearen alde emandako txostenak, organo horrek dagokion ebazpena eman dezan, agindu honetako 13. artikuluan ezarritako eran.»
Seigarren artikulua.– Jarraian zehaztu aginduaren 14. artikuluko 1. paragrafoak beherago adierazitako idazketa izango du; Agindua, 2015eko uztailaren 29koa, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuarena, nekazaritzako, basogintzako, arrantzako, elikagaietako eta landa-garapeneko arloetan finantza-laguntza emateko programaren esparruan (Sendotu programa) laguntzak ezartzekoa:
«1.– Mailegu-eragiketaren onarpenari buruzko ebazpena onuradunari jakinarazitakoan, enpresa edo pertsona eskatzaileak dagokion poliza formalizatuko du Finantzen Euskal Institutuarekin eta finantza-erakunde parte-hartzaileekin, gehienez hiru hilabeteko epean.»
Zazpigarren artikulua.– Jarraian zehaztu aginduaren 20. artikuluko 2. paragrafoko A.2 azpiatalak beherago adierazitako idazketa izango du; Agindua, 2015eko uztailaren 29koa, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuarena, nekazaritzako, basogintzako, arrantzako, elikagaietako eta landa-garapeneko arloetan finantza-laguntza emateko programaren esparruan (Sendotu programa) laguntzak ezartzekoa:
«2.A.2.– Finantza-kostua murrizteko laguntzaren zenbatekoa, eurotan; Finantzen Euskal Institutuak eta finantza-erakunde parte-hartzaileek emandako maileguari aplikatuko zaio.»
Zortzigarren artikulua.– Jarraian zehaztu aginduaren 21. artikuluko 1. paragrafoak beherago adierazitako idazketa izango du; Agindua, 2015eko uztailaren 29koa, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuarena, nekazaritzako, basogintzako, arrantzako, elikagaietako eta landa-garapeneko arloetan finantza-laguntza emateko programaren esparruan (Sendotu programa) laguntzak ezartzekoa:
1.– Finantza-kostuak murriztearren, tasetarako hobariari dagokion eta pertsona onuradunari onartu zaion laguntza ordainduko zaie Finantzen Euskal Institutuari eta finantza-erakunde parte-hartzaileei ordainduko zaie. Eta horiek mailegu eragiketaren kapital bizia murriztuko dute, laguntzaren zenbateko berean.»
Bederatzigarren artikulua.– Jarraian zehaztu aginduaren 23. artikuluak beherago adierazitako idazketa izango du; Agindua, 2015eko uztailaren 29koa, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuarena, nekazaritzako, basogintzako, arrantzako, elikagaietako eta landa-garapeneko arloetan finantza-laguntza emateko programaren esparruan (Sendotu programa) laguntzak ezartzekoa:
«23. artikulua.– Diru-laguntzak jasotzeko baldintzak aldatzea.
Finantza-kostua murriztearren tasetarako emandako hobaritzat laguntza emateko kontuan hartu diren baldintzetako aldaketa oro, edo harekin batera beste edozein erakunde publikok nahiz pribatuk emandako diru-laguntzak edo laguntzak jasotzea, edo Finantzen Euskal Institutuarekin eta finantza-erakunde parte-hartzaileekin maileguak ez formalizatzea edo ezeztatzea, ezarritako epean, idatziz jakinarazi eta justifikatu beharko zaio Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari. Horren ondorioz, laguntza emateko ebazpena aldatu ahalko da, baldin agindu honetan ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen badira eta laguntza ematean onartutako helburuari eusten bazaio. Horretarako, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak dagokion aldaketa-ebazpena emango du, hala egokituz gero emandako diru-laguntzaren zenbatekoak oinarri berriaren arabera doitzeko. Hala bada, 1991ko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan jasotako itzulketa-prozedurari ekingo zaio.»
Hamargarren artikulua.– Jarraian zehaztu aginduaren eranskinak beherago adierazitako idazketa izango du; Agindua, 2015eko uztailaren 29koa, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuarena, nekazaritzako, basogintzako, arrantzako, elikagaietako eta landa-garapeneko arloetan finantza-laguntza emateko programaren esparruan (Sendotu programa) laguntzak ezartzekoa:
«FINANTZA-LANKIDETZAKO HITZARMENA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIOAREN, FINANTZEN EUSKAL INSTITUTUAREN ETA HAINBAT FINANTZA-ERAKUNDEREN ARTEKOA, NEKAZARITZAREN, BASOGINTZAREN, ARRANTZAREN, ELIKAGAIEN ETA LANDA-GARAPENAREN ARLOETAKO FINANTZAKETA-LERRO BAT BIDERATZEKOA (SENDOTU PROGRAMA)
HONAKO HAUEK BATZARTURIK
Alde batetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioa, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburu Arantza Tapia Otaegi andreak eta Ogasun eta Finantzetako sailburu Ricardo Gatzagaetxebarria Bastidak ordezkatuta.
Beste alde batetik, Finantzen Euskal Institutua, ordezkaritzat duela bere zuzendari nagusi Josu Garay Ibańez de Elejalde.
Beste alde batetik, 1. finantza-erakundea S.A., ordezkaritzat duela bere zuzendari nagusia.
2. finantza-erakundea S.A., ordezkaritzat duela bere zuzendari nagusia.
Kred. Soz. Koop. Mugatua, ordezkaritzat duela bere zuzendari nagusia.
ADIERAZTEN DUTE:
Lehenengoa.– Nekazaritzako, basogintzako, arrantzako, elikagaietako eta landa-garapeneko arloetan proiektuak finantzatzea bultzatzeko helburuarekin, beharrezkotzat jo da nekazaritzako, basogintzako, arrantzako, elikagaietako eta landa-garapeneko arloetan finantza-laguntza emateko programa bat (Sendotu programa) abiaraztea. Helburu horrekin, hitzarmen honen bidez arlo horiei maileguak emateko eskema bat egituratu da, Europako Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamenduaren (EB) esparruan. Erregelamendu horrek laguntza-kategoria batzuk Ituneko 107. eta 108. artikuluak aplikatuz barne-merkatuarekin bateragarri deklaratzen ditu; eta erregelamendu horrek zehazten du zer laguntza dauden salbuetsita Batzordeari jakinarazi beharretik eta hartzen diren barne-merkatuarekin bateragarritzat.
Kategoria horien artean, erregelamenduko hirugarren atalean araututa daude enpresa txiki eta ertainek finantzaketara iristeko laguntzak. Bereziki, aipatu erregelamenduko 21. artikuluan jasota daude arriskuko finantzaketarako laguntzen baldintzak, betekizunak, betebeharrak eta ezaugarriak. Laguntza horiek, besteak beste, forma hau hartu ahalko dute: diruz lagun daitezkeen enpresei zuzenean edo zeharka emandako arriskuko finantzaketako inbertsioetatik eratorritako galerak estaltzeko bermeak.
Bigarrena.– Horregatik, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren (Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren bitartez), Finantzen Euskal Institutuaren eta finantza-erakunde sinatzaileen arteko finantza-loturak egoki egituratzearren, esku-hartzaileek erabaki dute finantzetako lankidetza-hitzarmen bat formalizatzea. Hauek dira
KLAUSULAK
Lehenengoa.– Hitzarmenaren Xedea.
Hitzarmen honek definitzen ditu Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren, Ogasun eta Finantza Sailaren, finantza-erakunde sinatzaileen eta Finantzen Euskal Institutuaren arteko lankidetza-baldintzak, 2015eko eta 2016ko ekitaldietarako nekazaritzaren, basogintzaren, arrantzaren, elikagaien eta landa-garapenaren arloetan finantza-laguntzako programa bat (Sendotu programa) garatzeko. Aipatu arloetako kide diren hasierako eta jarraipeneko inbertsioen eskatzaileei maileguak ematean datza programa hori.
Bigarrena.– definizioak.
Hitzarmen honen ondorioetarako, hitzarmen honetako I. eranskinean jasotako definizioak izango dira aplikagarri.
Hirugarrena.– parte-hartzaileak.
1.– Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzaren bitartez, hitzarmen honetan Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari esleitutako eginkizunak egingo ditu. Gainera, aintzat hartuko dira bermeak emateari dagokionez Ogasun eta Finantza Sailari esleitutako eskumenak.
2.– Finantzen Euskal Institutua zuzenbide pribatuko erakunde publikoa da, eta helburutzat du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren finantza-politikako eta kreditu publikoko tresnatzat jardutea. Finantzen Euskal Institutuak egingo ditu koordinazio- eta artekaritza-lanak, Sendotu programa aplikatu eta garatzeko ardura duen erakundetzat, maileguak izapidetzeari eta bermeak emateari dagokionez, hitzarmen honetan ezarritako baldintzetan. Finantzen Euskal Institutuak kreditu-arriskua partekatuko du, pari-passu baldintzetan, finantza-erakunde parte-hartzaileekin.
3.– Programa honetan parte hartzen duten finantza-erakundeek inbertitzaile pribatu independentetzat parte hartzen dute.
Laugarrena.– sinatzaileen betebeharrak.
A) Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailaren betebeharrak.
Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak konpromisoa hartzen du, kobraezinak estaltzeko berme-funtsa eratzeko beharrezko ekarpenak egiteko, hamaikagarren klausulan eta ondorengoetan ezarritakoari jarraituz.
Orobat, nekazaritzako, basogintzako, arrantzako, elikagaietako eta landa-garapeneko arloetan finantza-laguntza emateko programaren esparruan (Sendotu programa) laguntza-programa bat ezartzeko eta dagokion deialdia egiteko konpromisoa hartzen du.
B) Finantzen Euskal Institutuaren konpromisoak.
Finantzen Euskal Institutuak honako konpromisoa hartzen du: hitzarmen honen indarraldian, honekin batera doan II. eranskineko «Maileguen ezaugarriak» atalean markatutako baldintzetan onuradunei zuzeneko maileguak ematekoa, bai eta hamaikagarren klausulan eta ondorengoetan ezarritakoari jarraituz kobraezinak estaltzekoa ere.
Baimendutako eragiketa bakoitza formalizatzeko, Finantzen Euskal Institutuak, eragiketan bere gain hartutako arriskuaren parte alikuota batean, bere balantzetik edo finantzaketa-iturri arruntetatik datozen funtsak baliatuko ditu; eta gainerako finantzaketan, arriskuaren bere parte alikuotan, mailegua baimentzean parte hartzen duten finantza-erakunde hartzaileetatik datozenak.
C) Finantza-Erakundeen konpromisoak.
Hitzarmen hau sinatzen duten finantza-erakundeek konpromisoa hartzen dute: II. eranskineko «Finantzen Euskal Institutuaren finantzaketa» idatz zatian finkatutako finantza-baldintzetan Finantzen Euskal Institutuari dagokion arriskuaren baliokide den ehunekoan finantzatzekoa, eta hamaikagarren klausulan eta ondorengoetan ezarritakoari jarraituz kobraezinak estaltzekoa.
Bosgarrena.– hartzaileak.
1.– Agindu honetan ezarritako finantzaketaren hartzaile izan ahalko dira enpresa pribatuak, direla pertsona fisikoak edo juridikoak, enpresa txiki edo ertain kotizatugabearen kategoria dutenak, nekazaritzako, basogintzako, arrantzako, elikagaietako eta landa-garapeneko arloetakoak direnak, eta arriskuko finantzaketako hasierako inbertsioaren unean ondorengo baldintza hauetako bat behintzat betetzen dutenak:
a) Ezein merkatutan eragiketarik ez egin izatea.
b) Beren lehenengo merkataritza-salmentaz geroztik edozein merkatutan eragiketak egiten zazpi urte baino gutxiago eramatea.
c) Arriskuko finantzaketako hasierako inbertsio bat behar izatea; geografiaren edo produktuen aldetik berria den merkatu batean sartzeko asmoz egindako negozio-plan batean oinarrituta, inbertsio horrek azken bost urteko negozio-bolumenaren batez bestekoaren % 50 baino gehiago izan behar du.
2.– Gainera, jarraipeneko inbertsioetarako soilik, onuradun izan ahalko dira orobat enpresa pribatuak, direla pertsona fisikoak edo juridikoak, enpresa txiki edo ertain kotizatugabearen kategoria dutenak, beren lehenengo merkataritza-salmentaz geroztik edozein merkatutan eragiketak egiten zazpi urte baino gehiago daramatenak, eta ondorengo baldintza hauek guztiak betetzen dituztenak:
a) Arriskuko finantzaketaren guztizko zenbatekoa 15 milioi euro baino gehiago ez izatea.
b) Jatorrizko negozio-planean, jarraipeneko inbertsioak egiteko aukera jasota egotea.
c) Europako Batzordearen (EB) 651/2014 Erregelamenduko I. eranskineko 3. artikuluko 3. paragrafoan ezarritakoari jarraituz, jarraipeneko inbertsioen onuradun den enpresa lotuta ez geratu izatea neurriaren esparruan arriskuko finantzaketa ematen duen finantza-artekaria edo inbertitzaile pribatu independentea ez den beste enpresa bati, salbu eta erakunde berriak enpresa txiki edo ertainaren definizioko baldintza guztiak bete.
Seigarrena.– betekizunak.
Hitzarmen honen ondorioetarako, Sendotu programaren finantzaketaren hartzaile diren pertsona eta erakundeek ondorengo betekizun orokorrak bete beharko dituzte:
1.– Betiere, finantzaketa-beharren zati bat finantzaketa pribatuak estali beharko du, gutxienez inbertsio osoaren % 20, laugarren klausulan aipatutako lankidetza-hitzarmenari lotutako finantzaketak alde batera utzita.
2.– Foru-ogasunei eta Gizarte Segurantzari ordaindu beharreko zerga-betebeharrak egunean izatea.
3.– Krisiak jotako enpresatzat kontsideratua ez izatea, Europako Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamenduko 1. artikuluko 18. paragrafoan ezarritako definizioari jarraituz.
4.– Jakinaraztea ea diruz lagun daitekeen proiektu bera ordaintzeko beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide ekonomikorik eskatu dioten administrazio publiko edo erakunde publiko edo pribaturen bati, baita eskuratu duten ala ez.
5.– Eskabidean jakinaraztea ea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta haren erakunde autonomiadunek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasiera eman zaion edozein itzulketa- edo zehapen-prozeduratan sartuta dauden ala ez.
6.– Edozein itzulketa-prozeduraren ordainketa-betebeharrak beteta izan beharko dituzte.
7.– Erakunde eskatzaileak ez izatea diru-laguntza edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dion zehapen penalik zein administrazio-zehapenik, eta ez izatea horretarako legezko inolako debekurik, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 2005eko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean ezarritakoarekin bat etorriz.
Zazpigarrena.– gehieneko muga.
Lankidetza-hitzarmen honen babesean, Finantzen Euskal Institutuarekin eta finantza-erakunde parte-hartzaileekin formalizatutako maileguen zenbateko osoak ez ditu 20 milioi (20.000.000,00) euroak gaindituko.
Zortzigarrena.– eskabideak aurkezteko eta izapidetzeko epea eta modua.
1.– Eskabideak aurkezteko epea eta modua, bai eta ekarri beharreko agiriak ere, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak ematen duen laguntzetarako deialdiko aginduan ezarriko dira.
2.– Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzan finantzaketa-eskabideak aurkeztu eta gero, eta organo horretan aldeko azterketa lortzen duten eskabideetarako, Finantzen Euskal Institutuaren eta finantzaketa-eragiketan parte hartzeko interesa duten finantza-erakundeen eskura jarriko dira erakunde horien arabera beharrezko diren agiri tekniko eta finantzarioak, finantzaketa-proiektuaren bana-banako azterketa egitearren.
3.– Tartean diren erakundeetako bakoitzak aurkeztu diren eskabideak aztertu eta gero, bederatzigarren klausulan zehaztutako Balioztapen eta Segimendu Batzordea batzartuko da, eskabide bakoitza onartzeko edo ukatzeko.
Bederatzigarrena.– balioztapen eta segimendu batzordea.
1.– Aurkeztutako eskabideak elkarrekin ebaluatuko ditu Balioztapen eta Segimendu Batzordeak. Batzorde hori eragiketa bakoitzean esku hartzen duten alderdietako bakoitzak eratuko du. Beraz, kide hauek izango ditu:
– Finantzen Euskal Institutuaren ordezkari bat.
– Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren ordezkari bat. Idazkari-lanak egingo ditu.
– Finantzaketa-proiektuan parte hartzen duen finantza-erakunde bakoitzaren ordezkari bat.
2.– Balioztapen eta Segimendu Batzordeak bere funtzionamendu-arau propioak ezarri ahalko ditu, bere kideen artean informazioa ahalik eta modu eraginkorrenean bideratzeko.
Hamargarrena.– mailegu-eragiketak onartzea.
1.– Behin eskabideak bere dokumentazio osoa duenean, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak txosten tekniko bat emango du, proiektuaren ekonomia- eta finantza-alderdiak aztertuko dituena. Orobat, proiektua Balioztapen eta Segimendu Batzordean aurkeztu edo ez erabakiko du.
2.– Balioztapen eta Segimendu Batzordearen bileren aurretik, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak batzordeko beste kideei bere txosten teknikoa bidaliko die, bai eta agirien kopia ere. Batzordeak txosten hori aintzat hartuko du mailegu-eragiketa baimentzean.
3.– Balioztapen eta Segimendu Batzorde bakoitzeko ordezkariek aho batez onartu beharko dute eragiketa.
4.– Eskabide bati atxikitako finantza-erakunde batek eskatu den eragiketan parte hartzeari uko egin ahalko dio. Hala, interesa duten beste finantza-erakunde batek esku hartzeko bidea emango du. Parte har lezaketenek eragiketari buruzko interesik erakusten ez badute, Balioztapen eta Segimendu Batzordeak eskabidea ukatu duela jakinaraziko dio interesdunari Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak.
5.– Mailegu-eragiketa onartutakoan, Balioztapen eta Segimendu Batzordeak Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariari jakinaraziko dio mailegu-eragiketa onartzearen alde emandako txostena, eta Finantzen Euskal Institutuak eta finantza-erakunde parte-hartzaileek mailegu-eragiketa formalizatuko dute, aipatu Balioztapen eta Segimendu Batzordeak onartutako baldintzetan. Betiere, formalizazio hori egin baino lehen, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak laguntzak onartzeko ebazpena emango du, eta Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak xedatutako laguntza-aginduan ezarritako eran jakinaraziko du.
6.– Eragiketa bakoitza onartzeaz gainera, Balioztapen eta Segimendu Batzordeak onartutako eragiketen segimendu-lanak egingo ditu. Horretarako, Finantzen Euskal Institutuak maileguen kudeaketari buruz egoki diren xehetasun guztiei buruzko informazioa emango du, datu nabarmenenak bidalita.
7.– Era berean, sei hilean behin, Finantzen Euskal Institutuak segimendu-txosten bat egingo du. Txostenaren edukia hau izango da:
A) Eragiketa hauen balantzea, erregistro-datarekin:
1.– Hala maileguen nola finantza-kostua murrizteko emandako laguntzaren onuradunei egindako ordainketak.
2.– Onuradunen itzulketengatiko kobrantzak.
3.– Aurreko eragiketa bakoitzaren ondorengo saldoa.
B) Onuradun bakoitzeko, erregistro bat eramango da, ordainketa-datekin, itzulketekin, atzerapenekin eta gorabeherekin (batez ere, mailegu-hartzaileek muga-egunaren ondoren amortizatu gabeko zenbatekoei buruzkoak).
Hamaikagarrena.– arriskuaren estaldura. Berme-funtsa.
1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak, finantzaketa-lerroa bultzatu duen erakundea denez, finantzaketa-lerroaren arriskua estaltzen parte hartuko du, lehenengo galerak estaltzeko berme-funts bat eratuz, laugarren klausulan adierazita dagoenez. Berme-funtsak estaldura emango dio, maileguz mailegu, programan formalizatutako maileguen zorroaren zenbateko osoaren % 80ri, kobraezinengatiko lehenengo galeren % 20ren mugarekin. Horrenbestez, finantzaketa-lerroaren zenbatekoa 20 milioi euro izaki, bermearen zenbatekoa 3,2 milioi euro izango da.
Bermean sartuta egongo dira kapitala, interesak eta mailegu kobraezin bakoitzetik eratorritako gastuak.
Orobat, finantza-bermeez hornitutako mailegu-eragiketarako laguntza beste diru-laguntza batzuekin bateragarri egitearren, eragiketa bakoitzaren diru-laguntzako baliokide gordina (DBG) kalkulatuko du Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak.
2.– Behin lankidetza-hitzarmen hau sinatuta, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak 2015ean ordainketa bakar bat egingo dio Finantzen Euskal Institutuari, berme-funtsa eratzearren, arestian aipatutako zenbatekoarekin.
3.– Finantzen Euskal Institutuak, berme-funtsa kudeatzean, irizpide hauek hartuko ditu aintzat:
a) Finantzen Euskal Institutuaren eta inbertitzaile independente bakoitzaren mailegu-zorroari banakatuta aplikatuko zaio funtsa. Finantza-erakunde baten zorroko zenbateko erabiligabeak ezingo zaizkio bere xederako zenbateko osoa dagoeneko agortu edo aplikatu dioten beste bati aplikatu.
Finantzen Euskal Institutuak euroguneko finantza-erakundeen diru-gordailuetan edo likidezia bermatua duen zor publikoan izango du kobraezinak estaltzera aplikatu ez den berme-funtseko saldoa.
b) Kobraezinak metatzearen ondorioz berme-funtsak onartutako galeren gehieneko zenbatekoa gainditzen bada, Finantzen Euskal Institutuak eta baimendutako maileguan parte hartzen duten finantza-erakundeek erantzungo diete, arriskuko eure zati alikuotan eta baldintza berdinetan, galerei edo kobraezin gehigarriei, hurrengo zenbakian ezarritakoarekin bat etorrita.
c) Mailegu bat ez ordaintzea gertatzen bada, Finantzen Euskal Institutuak, kobratzeko aukerak arrazoizko eran agortuta, egoki den erabakia hartuko du, ondorioztatzen den zenbatekoa kobraezintzat hartzeari dagokionez.
d) Gehienez ere hiru hilean behin, Finantzen Euskal Institutuak finantza-erakundeei eta Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailari beren zorroei lotuta dauden eta ez ordaintzeengatik edo hornidurak eratzeagatik gorabeherak dituzten maileguei buruzko informazioa bidaliko die.
4.– Eragiketa kobraezintzat joko dira, hitzarmen honetan jasotako ondorioetarako, ondorengo baldintza hauek betetzen dituztenak:
a) Erabat kitatuta eta % 100ean hornituta egotea.
b) Haien saldoa kobraezintzat kontabilizatuta egotea agindu-kontuetan, eta baja emanda egotea arriskua, osorik edo zati batean.
c) Galera egiaztatu eta justifikatzea, eta berreskuratzeko bide posibleak ezinezko direla ere.
5.– Finantzen Euskal Institutuak, betiere, zor zaizkion kopuruak kobratzeko egoki irizten diren ekintza guztiak egingo ditu, hala auzibidetik kanpo nola auzibidean. Bermeak gauzatzearen bidez edo beste bitarteko batzuez berreskuratutako kopuruak, erasandako alderdien artean banatu beharko ditu, bakoitzaren arrisku-ehunekoaren arabera.
6.– Aurreko idatzi-zatietan xedatutakoaz gainera, azken onuradunak Sendotu mailegutik zor duen edozein kopuru ordaintzen ez badu, finantza-erakundeak, egoki baldin baderitzo, Finantzen Euskal Institutuari eskatu ahalko dio onuradun horrek duen kreditua laga diezaiola, haren eskubide eta bermeekin batera (direla pertsonalak, direla errealak). Hala egiten bada, Finantzen Euskal Institutuak lagatze hori gehienez hogeita hamar egun naturaleko epean egin ahalko du, eskatu zitzaionetik zenbatzen hasita.
7.– Sendotu programa bukatutakoan, eta haren babesean emandako maileguak mugaeguneratuta, Finantzen Euskal Institutuak Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailari aurkeztu beharko dio funtsaren kudeaketako azken balantze bat, hala egokituz gero soberako zenbatekoen likidazioa eta guzti.
Hamabigarrena.– hitzarmenaren indarraldia.
Hitzarmen hau izenpetzen denetik 2016ko abenduaren 31raino izango da aplikagarri, edo, hala egokituz gero, hitzarmen honetan ezarritakoari jarraituz ematekoa den maileguen gehieneko bolumena agortu arte, data hori baino lehen hala gertatuz gero.
Aurreko paragrafoan adierazitako epearen bukaeran, eta alderdi sinatzaileetako edozeinek aurrez berariaz denuntziatu ezean, hitzarmen hau bere zehaztapen guztiekin egutegiko urtez urte luzatuko da, baldin zazpigarren klausulan adierazi den emateko maileguen bolumena agortu ez bada.
Bestalde, Eusko Jaurlaritzaren, Finantzen Euskal Institutuaren eta hitzarmena sinatu duten finantza-erakundeen konpromisoek iraun egingo dute haren babesean emandako maileguen muga-eguneraino.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra:
● Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua.
● Ogasun eta Finantzetako sailburua,
Finantzen Euskal Institutuko zuzendari nagusia.
Kred. Koop. Soz. Mug.
1 SA Finantza Erakundea.
2 SA Finantza Erakundea.
I. ERANSKINA DEFINIZIOAK
Hitzarmen honen ondorioetarako, zentzu honetan ulertu behar dira jarraian datozen definizioak:
1.– Enpresa txiki eta ertainak: Europako Batzordearen (EB) 651/2014 Erregelamenduko I. eranskinean ezarritako irizpideak betetzen dituzten enpresak.
2.– Laguntzaren intentsitatea: laguntzaren intentsitate gordina, proiektuan diruz lagun daitezkeen kostuen ehunekoaren bidez adierazia. Kopuru guztiak zergetakoak edota bestelakoak diren kenkarien aurretikotzat hartuko dira.
3.– Diru-laguntzaren baliokide gordina: arriskua finantzatzen laguntzeko neurrien azken onurak neurri horietatik ateratakotzat jotzen den abantailaren edo onuraren tamaina. Laguntzaren intentsitate gordina maileguaren zenbateko osoaren gaineko ehunekotan kalkulatuko da, onuradun bakoitzarentzat.
4.– Erakunde arduraduna: Europako Inbertsio Bankua eta Europako Inbertsio Funtsa, estatu kide bat akzioduntzat duen nazioarteko finantza-erakunde bat, edo agintaritza publiko baten kontrolpean, interes publikoa lortzeko asmoa duen finantza-erakunde bat, estatu kide baten ezarritakoa, edo zerbitzu publiko baten eginkizunak dituen erakunde pribatu bat edo zuzenbide publikoko erakunde bat. Erakunde arduraduna zuzenean izendatua edo hautatua izan daiteke, obra-, hornidura- eta zerbitzu-kontratu publikoak esleitzeko prozedurak koordinatzeari buruzko 2004/18/CE Zuzentarauan (1) edo zuzentarau hori ordezten duen geroztiko edozein arautan ezarritakoari jarraituz.
5.– Inbertitzaile pribatu independentea: bere inbertsioaren xede den eta diruz lagun daitekeen enpresaren akziodun ez den inbertitzaile pribatu oro. Bereziki, probidentziazko inbertitzaileak (business angels) eta finantza-erakundeak, edozein dela ere haien titulartasuna, bere inbertsioei dagokienez arrisku osoa bere gain hartzen duen neurrian. Enpresa berri bat sortzen denetik aurrera, inbertitzaile pribatuak, fundatzaileak barne, enpresa horretatik independentetzat jotzen dira.
6.– Arriskuko finantzaketako inbertsioa: diruz lagun daitezkeen enpresentzako maileguak, finantza-errentamenduak, bermeak eta modalitate horien konbinazioak barne, inbertsio berriak egiteko helburua dutenak.
7.– Pertsona fisikoa: erakunde juridikoaz besteko pertsona oro, enpresa bat ez dena, Ituneko 107. artikuluko 1. paragrafoan ezarritakoari jarraituz.
8.– Lehenengo merkataritza-salmenta: enpresa batek produktu- edo zerbitzu-merkatu batean egindako lehen salmenta, merkatua zundatzeko egindako salmenta mugatuak izan ezik.
9.– Enpresa txiki edo ertain kotizatugabea: balore-burtsa batean ofizialki kotizatzeko onartu ez den enpresa txiki edo ertain oro, negoziazio-plataforma alternatiboak izan ezik.
10.– Hasierako inbertsioa: a) establezimendu berri bat sortzeari, lehendik dagoen establezimendu baten ahalmena handitzeari, establezimendu batean lehenago ekoizten ez ziren produktuetara establezimendu horren ekoizpena dibertsifikatzeari edo lehendik zegoen establezimendu baten ekoizpen-prozesu globala eraldatzeari lotutako aktibo material eta immaterialetako inbertsioa; edo b) itxi den edo bestek erosi izan ez balute itxita legokeen eta saltzaileari lotuta ez dagoen inbertitzaile batek erosi duen establezimendu batenak diren aktiboak erostea; enpresa baten akzioak eroste hutsa ez da hasierako inbertsiotzat hartuko.
11.– Jarraipeneko inbertsioa: arriskuko finantzaketako inbertsioen sail bat edo gehiago egin eta gero sozietate batean egiten den inbertsio gehigarria.
12.– Mailegua: edozein hitzarmen, zeinaren bitartez mailegu-emaileak mailegu-hartzailearen esku jartzen duen hitzartutako diru kopuru bat, hitzartutako epe baterako. Akordio horrek mailegu-hartzailea kopuru hori hitzartutako aldian itzultzera obligatzen du. Maileguaren edo beste finantzatze-tresna baten forma har dezake, baita finantza-errentamendu batena ere, zeinak mailegu-emaileari gutxieneko etekineko osagai nagusi bat eskaintzen baitio. Lehendik dauden maileguak birfinantzatzea ez da diruz lagun daitekeen mailegua izango.
13.– Bermea: idatzizko edozein konpromiso, zeinaren bitartez norberaren gain hartzen den hirugarren baten mailegu-eragiketa guztien edo zati baten erantzukizuna, berrikitan eginiko zor-tresnen, errentamenduaren edo kuasikapital-tresnen eran.
14.– Krisiak jotako enpresa: Europako Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamenduko 1. artikuluko 18. paragrafoan ezarritako betekizunak betetzen dituen enpresa.
15.– Itzulketa: laguntza jasotzeko eskubidea galtzea, eta, hala egokituz gero, jasotako laguntza itzultzea, pertsona edo erakunde onuradunak bere betebeharrak bete ez izanaren ondorioz.
16.– Berme-tasa: dagokion estatu-laguntzaren neurriari jarraituz diruz lagun daitekeen eragiketa bakoitzaren inbertitzaile publiko batek duen galeren estalduraren ehunekoa.
II. ERANSKINA. MAILEGUEN EZAUGARRIAK
Xedea: hitzarmen honen esparruan ematen diren maileguen xedea da nekazaritzaren, basogintzaren, arrantzaren, elikagaien eta landa-garapenaren arloetako onuradunen hasierako eta jarraipeneko inbertsioak finantzatzea.
Gehieneko zenbatekoa: arriskuko finantzaketaren gehieneko zenbatekoa, guztira, Europako Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamenduko (EB) 21. artikuluan ezarritakoa izango da, egindako inbertsioaren % 80 izanik maileguaren muga.
Interes tasa: aldakorra izango da, eta honako erreferentzia hauek aplikatuko dira.
– Euribor urtebetera, gehi % 1,75, zazpi urterako maileguetarako.
– Euribor urtebetera, gehi % 2, hamar urterako maileguetarako.
Interesa urtero berrikusiko da. Interesak egunero sortuko dira, maileguaren tronkoaren gainean, eta egutegiko hiruhilekoz hiruhileko likidatuko dira.
Epea: 7 edo 10 urtekoa izango da. Bi urteko gabealdia egiteko aukera.
Oro har, maileguen itzulketa sei hilean behin egingo da, gehienez bi urteko gabealdiaren ondoren ordaintzekoak diren kuota berdinen bitartez.
Besteren finantzaketa: hitzarmen honen eraginez egindako hasierako edo jarraipeneko inbertsioen finantzaketak ezingo du egindako inbertsioaren % 80 baino gehiago izan. Horrenbestez, galdatzen da eskatzaileak funts propioen ekarpen bat egitea, gutxienez inbertsio osoaren % 20, hitzarmen honi lotutako finantzaketak alde bat utzita. Balioztapen eta Segimendu Batzordeak galdatutako funts propioen kopurua aldatu ahalko du.
Aurretiaz amortizatzea: mailegu-hartzaileak aurretiazko entregak egin ahalko ditu, mailegatutako kapitalaren kontura, tronkoaren % 10eko gutxieneko zenbatekoaz, salbu eta saldo bizia aipatu zenbatekoa baino txikiagoa izan.
Bermeak: Finantzen Euskal Institutua izango da eskatzailearen edo, behar izanez gero, erlazionatutako pertsona fisiko nahiz juridikoen bermeak eskatu eta lortu ahalko dituen erakunde bakarra.
Mailegu horietan, emandako bermea, lehen batean, enpresa eskatzailearen ondarearena izango da. Ekarritako bermeei eta proposatutako eragiketari buruz egiten den ebaluazioaren gorabeheran, Finantzen Euskal Institutuak berme osagarriak –direla pertsonalak, direla errealak– eskatu ahalko dizkie bazkideei, beste sozietate batzuei edo elkarren bermerako sozietateei. Bestalde, parte hartzen duten finantza-erakundeek ezingo dute sozietate eskatzailearengandik berme gehigarririk hartu, Finantzen Euskal Institutuak eskatutakoez beste.
Kredituen hurrenkera: mailegu-hartzailea obligatzen da, mailegu honen indarraldian, bere aktiboetako edozeinen gainean eskubide errealik, kargarik edo zerga nahiz pribilegiorik ez sortzera, aurrez Finantzen Euskal Institutuaren baimena izan ezean.
Era berean, onuradunak maileguaren indarraldi osoan ez pribilegiatuak eta ez mendekoak diren bere beste hartzekodunen maila bera mantenduko du.
Komisioak eta gastuak: ez da komisiorik aplikatuko maileguaren nominalaren gainean. Mailegu-hartzailearentzako gastu gehigarri bakarra fede-emaile publikoen edota jabetza-erregistroaren (hala egokituz gero) esku hartzetik datorrena izango da.»
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA.– Errekurtsoak.
Agindu honen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuari, hilabeteko epean. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Kasu bietan, agindua argitaratu eta biharamunean hasiko dira epeak.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA.– Eraginak.
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu eraginak.
Vitoria-Gasteiz, 2015eko azaroaren 11a.
Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.