Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

227. zk., 2015eko azaroaren 27a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA
5074

206/2015 DEKRETUA, azaroaren 3koa, «Arabako Lautadako Irla-hariztiak» Kontserbazio Bereziko Eremu izendatzen duena (ES2110013).

Gobernu Kontseiluak 1997ko abenduaren 23an, 2000ko azaroaren 28an eta 2003ko ekainaren 10ean egindako bilkuretan hartutako Erabakien bidez, Hegaztientzako Babes Bereziko 6 Eremu (Hegaztientzako BBE) izendatu ziren, eta 52 gune proposatu ziren Batasunaren Garrantzizko Leku (BGL) izendatzeko. Proposamena Europako Batzordera eraman zen, eta han ontzat eman zuten Batasunaren Garrantzizko Lekuen zerrenda (BGL), 2004/813/EE eta 2006/613/EE Erabakien bidez. Erabakiok Atlantikoko eta Mediterraneoko eskualde biogeografikoei dagozkie, hurrenez hurren, eta hortxe kokatzen da gure autonomia-erkidegoa. Horien artean, Arabako Lautadako Irla-hariztiak (ES2110013) Kontserbazio Bereziko Eremua (KBE) dago, Atlantikoko eskualde biogeografikoan.

Habitat Naturalak eta Basoko Fauna eta Flora zaintzeari buruzkoa den Europako Kontseiluaren 1992ko maiatzaren 21eko 92/43/EEE Zuzentarauaren 4. artikuluak eta Natura-ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legearen 45. eta 46. artikuluek ezarritakoari jarraiki, autonomia-erkidegoek, jendaurrean jarri ondoren, beren lurralde-eremuko BGL guztiak KBE izendatu eta eremuok behar bezala kontserbatzeko neurri egokiak ezarri beharko dituzte, kontuan hartuta lekuan lekuko habitat naturalaren eta espezieen berezitasunen araberako eskakizun ekologikoak. Kontserbazio-neurri horiek izango dira, batetik, kudeaketako planak eta baliabideak, eta, bestetik, erregelamenduzko neurriak, administratiboak edo kontratuzkoak.

Horiek horrela, 92/43/EEE Zuzentarauak Kontserbazio Bereziko Eremu izendatzeko ezarritako eskakizunak betetze aldera, sakonago aztertu da «Arabako Lautadako lrla-hariztiak» eta eskala egokian irudikatu da Batasunaren intereseko habitaten banaketa. Horretaz gain, gune horretako fauna- eta flora-espezie bereizgarrien banaketa eta kontserbazio-egoera ere aztertu da.

«Arabako Lautadako Irla-hariztiak» Atlantikoko eskualde biogeografikoan kokatzen da; KBE horretan, Batasunaren intereseko bost habitat-mota daude, gutxienez; eta haietatik bi lehentasunezkoak dira. Halaber, eremu horretan, 92/43/EEE Zuzentarauaren II. eta IV. eranskinetan jasotako 28 espezie daude, eta 2009/147/EE Zuzentarauaren I. eranskinean jasotako hiru espezie. Horrek ekarri zuen 2003an Europako Natura 2000 ekologia-sarean sartu izana, Batasunaren Garrantzizko Leku gisa (BGL).

Lan-eskala hobetzearen ondorioz mugatu da KBEa. Horrek eremuaren azterketa zehatzagoa ahalbidetu du eta, horren ondorioz, atzeman da kontserbatu nahi diren Batasunaren intereseko habitatei eta espezieei jarraipena eman beharra eta eremu mugakidearekiko konektibitatea hobetu beharra. Horrek ekarri du KBEa zabaldu eta Maumeako hezeguneak sartzeko proposamena. Horiek trenbidearen bi aldeetan daude eta Maumeako hariztiarekin kontaktuan. Gaur egun, hezegune horiek mantentzen dute baso-igel jauzkarien lautadako kokagunerik garrantzitsuenetariko bat.

KBE izendatzeko prozeduran, parte-hartze sozialaren prozesua behar bezala bete da, ingurumenaren alorrean informazioa eskuratzeko, herritarrek parte hartzeko eta justiziara heltzeko eskubideak arautzen dituen uztailaren 18ko 27/2006 Legearen printzipioei jarraiki. Prozesu horretan, interes sozial eta ekonomikoen ordezkari diren hainbat eragilek hartu dute parte. Gainera, parte hartzeko kanalak irekita egon dira tramitazioan zehar, bai interesa zutenei komunikazioak bidalita bai horretarako berariaz prestatu den web-orriaren bitartez: http://www.euskadi.eus/natura2000. Esteka horretan, izendapen-prozesu honi buruzko informazio eguneratua egongo da eskuragarri.

Arabako Lautadako Irla-hariztiak kontserbatzeko baliabideak Europako Batzordeak ezarritako printzipioei jarraiki landu dira, 92/43/EEE eta 2009/147/EE zuzentarauetan jaso eta eremuan topatutako habitat eta taxonen eskakizun ekologikoei erantzuna emateko asmoz.

Apirilaren 15eko 1/2014 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legearen testu bateginaren 22.4. eta 22.5 artikuluekin bat, izendapenaz gain, Dekretuak jasotzen ditu lekuaren eta bere mugaketaren kartografia, izendapena arrazoitzen duten Batasunaren intereseko habitat motak eta animalia- eta landare-espezieak, horien kontserbazio-egoerari buruzko balorazio bat, lekuaren kontserbazio-helburuak, kontserbazio-eregulazioak eta jarraipen-programa.

Bestalde, Legearen 22.5 artikuluaren lehenengo paragrafoari jarraiki, Eusko Jaurlaritzak «eremu horiek kudeatzeko jarraibideak eranskin gisa argitaratzeko agindua emango du». Lurralde historikoetako foru-organoei dagokie haien onespena - kasu honetan, Arabako Foru Aldundiari - eta Dekretu honetan Eusko Jaurlaritzak onartzen dituen kontserbazio-helburuetan oinarriturik onartuko dira. Horretarako, Dekretu honen 3.2. artikuluan Lehen Azken Xedapenean ezarritakoarekin batera, baimena ematen zaio Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariari jarraibideak argitaratzeko, Arabako Foru Aldundiak onartu ondoren eta aginduan ezarritako baldintzetan.

Horrenbestez, alde batetik, apirilaren 15eko 1/2014 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legearen testu bateginaren 22.5 artikuluan eta, bestetik, Natura-ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legearen 45. eta 46.1 artikuluetan ezarritakoarekin bat, jendaurrean jarri ondoren, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak proposatuta, eta Gobernu Kontseiluak –2015eko azaroaren 3an egindako bilkuran– eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Helburua eta lurralde-eremua.

1.– «Arabako Lautadako Irla-hariztiak» (ES2110013) Kontserbazio Bereziko Eremu (hemendik aurrera, KBE) izendatzen da, Arabako Lurralde Historikoan.

2.– KBEaren mugak Dekretu honen I. eranskinean jasotakoak dira, eta xehetasun-azterketen ondorengo eguneratzearen ondorioz, bat datoz Atlantikoko eskualde biogeografikoko Batasunaren Garrantzizko Lekuen Zerrenda onartzen duen Europako Batzordearen 2004/813/EE Erabakian jasotako mugekin.

3.– Aurreko atalean jasotako mugapena I. eranskinean ezarritako muga-geografikoetara hedatuko da, Europako Batzordeak onartu ondoren.

4.– Onartu egiten dira KBEa kontserbatzeko II. eranskineko neurriak. Horiek bat datoz Dekretu honen 3. artikuluak ezarritako edukiarekin.

2. artikulua.– Helburua.

1.– Arau honen xedea honako hau da: KBEan bermatzea Batasunaren intereseko habitat naturalak eta basoko fauna- eta flora-espezieen habitatak kontserbazio-egoera onean mantentzen direla edo egoera horretara berriro ekarriko direla. Habitat horiek ezarrita daude Kontseiluak 1992ko maiatzaren 21ean emandako Habitat Naturalak eta Basoko Fauna eta Flora zaintzeari buruzko 92/43/EEE Zuzentarauan. Horretaz gain, arauaren helburua da hegazti-espezieen biziraupena eta ugalketa ziurtatzea dagokion kokaleku-eremuan, eta, bereziki, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak basoko hegaztien kontserbaziori buruz 2009ko azaroaren 30ean emandako 2009/147/EE Zuzentarauaren I. eranskinean adierazitako espezieena, bai eta eranskin horretan adierazi ez diren baina gurera iritsi ohi diren espezie migratzaileena ere. Horren guztiaren azken helburua da ahalegina egitea Europako lurraldean biodibertsitatea kontserbatuko dela bermatzeko.

2.– KBEan, honako hauek ezarritako araubide orokorra aplikatuko da: 92/43/EEE Zuzentaraua eta Natura-ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legea.

3. artikulua.– Kontserbazio-neurriak.

1.– Apirilaren 15eko 1/2014 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legearen testu bateginaren 22.4. eta 22.5 artikuluekin bat, I. eta II. eranskinek KBEaren lekuaren eta bere mugaketaren kartografia, izendapena arrazoitzen duten Batasunaren intereseko habitat motak eta animalia- eta landare-espezieak, horien kontserbazio-egoerari buruzko balorazio bat, lekuaren kontserbazio-helburuak, kontserbazio-erregulazioak eta jarraipen-programa bat jasotzen dituzte.

2.– Arabako Foru Aldundiak eremu hori kudeatzeko onartu dituen kudeaketarako jarraibideak eta neurriak Dekretu honen eranskin gisa argitaratuko dira, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariaren Ebazpen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legearen testu bategina onartzen duen apirilaren 15eko 1/2014 Legegintzako Dekretuaren 22.5 artikuluak ezarritakoari jarraiki.

4. artikulua.– Funtsezkoa ez den berrikuspena edo aldaketa.

II. eranskinean funtsezkoa ez den berrikuspen edo aldaketarik behar izanez gero, egoerak berak edo eskura dauden ezagutza tekniko eta zientifikoek hala egitea eskatzen badute, ingurumenaren alorrean eskumena duen sailburuak emango duen agindu baten bidez egingo da, eta, betiere, 92/43/EEE Zuzentarauaren 11. eta 17. artikuluetan ezarritakoa betez. Izan ere, helburua da kontserbazio eta kudeaketa moldaerraz, etengabe eta malgu baterantz jotzea. Prozedura horretan, bermatu egin behar da herritarren parte-hartzea benetakoa eta eraginkorra izango dela, 26/2007 Legeak ezarri bezala; eragindako administrazioei eta erakundeei kontsulta egingo zaie eta Naturzaintza organoaren txostena jasoko da.

5. artikulua.– Arau-hausteen eta zehapenen araubidea.

Dekretu honen esparruaren barne dagoen Naturagune babestuari ezarri beharreko zehapen-araubidea, honako hauek araututakoa izango da: apirilaren 15eko 1/2014 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legearen testu bategina eta Natura-ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legea.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuari ahalmena ematen zaio Eusko Jaurlaritzaren izenean betetzeko legeak ezarritako tramite eta komunikazio guztiak egiteko, bai Estatuaren Administrazio Orokorrean, bai Europar Batasunean. Eta, hala badagokio, neurriak ezartzeak eragingo duen kostu ekonomikoa zenbatekoa den kalkulatuko du, 92/43/EEE Zuzentarauaren 8. artikuluak ezarritakoa betetze aldera.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariari baimena ematen zaio Dekretu honen eranskin gisa argitaratzeko Arabako Foru Aldundiak eremu hau kudeatzeko onartu dituen jarraibide eta neurriak, Dekretuaren 3.2. artikuluak ezarritakoa betetze aldera.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Atlantikoko eskualde biogeografikoko BGLen Zerrenda onartzen duen Europako Batzordearen 2004/813/EE Erabakian bildutako mugei dagokienez, Europako Batzordeak KBEa zabaltzeko erabakia hartu izanaren berri ematen duen Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren Agindua EHAAn argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean. Orduan izango dira eraginkorrak Dekretu honetan eremu horretarako aurreikusitako kontserbazio-neurriak. Ordura arte, eremu horretan, 92/43/EEE Zuzentarauaren 6.3 eta 6.4 artikuluek ezarritako prebentzio-araubidea aplikatuko da, baita Natura-ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legearen 46. artikuluaren 4., 5. eta 6. atalek ezarritakoa ere.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean, aurreko xedapenean KBEa zabaltzeko eremurako aurreikusitako araubidea izan ezik

Vitoria-Gasteizen, 2015eko azaroaren 3an.

Lehendakaria,

IŃIGO URKULLU RENTERIA.

Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburua,

ANA ISABEL OREGI BASTARRIKA.

AZAROAREN 3KO 206/2015 DEKRETUAREN I. ERANSKINA
KARTOGRAFIA

http://www.euskadi.eus/r33-bopvmap/eu?conf=BOPV/capas/D_206_2015/RobledalesIsla.json&lang=eu

AZAROAREN 3KO 206/2015 DEKRETUAREN II. ERANSKINA
ARABAKO LAUTADAKO IRLA-HARIZTIAK KBE-KO INFORMAZIO EKOLOGIKOA, ARAUDIAKONTSERBAZIO-HELBURUAK ETA JARRAIPEN-PROGRAMA
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala