217. zk., 2015eko azaroaren 13a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (232 KB - 4 orri.)
- EPUB (197 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA
4863
EBAZPENA, 2015eko urriaren 27koa, Arrantza eta Akuikulturako zuzendariarena, aisialdirako ontziak gobernatzeko titulazioak lortzeko 2016ko azterketa arruntetarako deialdia egiteko dena.
Uretako eta urpeko kiroletako irakaskuntzako funtzio eta zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzearen inguruan Eskualdaketen Batzorde Mistoak 1994ko maiatzaren 31n hartu zuen Erabakia onesten duen uztailaren 12ko 290/1994 Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz, zuzendaritza honek, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 190/2013 Dekretuaren 21. artikuluak ematen dizkion ahalmenak erabiliz, honako hau
EBAZTEN DU:
Jarraian adieraziko diren tituluak lortzeko 2016an egin beharreko teoriaren eta praktikaren azterketetarako deialdiak egitea:
Teoriaren azterketak:
1. deialdia.– 2016ko otsailaren 1etik aurrera, honako titulazio hauek eskuratzeko:
a) Oinarrizko nabigazioko patroia.
b) Aisialdirako ontziko patroia.
c) Yateko patroia.
d) Yateko kapitaina.
2. deialdia.– 2016ko apirilaren 4tik aurrera, honako titulazio hauek eskuratzeko:
a) Oinarrizko nabigazioko patroia.
b) Aisialdirako ontziko patroia.
c) Yateko patroia.
d) Yateko kapitaina.
e) Uretako motoko patroia.
3. deialdia.– 2016ko ekainaren 6tik aurrera, honako titulazio hauek eskuratzeko:
a) Oinarrizko nabigazioko patroia.
b) Aisialdirako ontziko patroia.
c) Yateko patroia.
d) Yateko kapitaina.
4. deialdia.– 2016ko azaroaren 2tik aurrera, honako titulazio hauek eskuratzeko:
a) Oinarrizko nabigazioko patroia.
b) Aisialdirako ontziko patroia.
c) Yateko patroia.
d) Yateko kapitaina.
e) Uretako motoko patroia.
Praktikaren azterketa:
Deialdi bakarra.– 2016ko ekainaren 20tik aurrera, honako titulazio hauek eskuratzeko:
a) Oinarrizko nabigazioko patroia.
b) Aisialdirako ontziko patroia.
c) Yateko patroia.
d) Yateko kapitaina.
Azterketen data zehatzak Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren (www.nasdap.net) web-orrian iragarriko dira, azterketak egin baino aste bete lehenago.
Deialdiak honako hauen arabera egingo dira:
DEIALDIAREN OINARRIAK
Lehenengoa.– 1.– Honelaxe egingo dira azterketak:
a) Azterketa teorikoen lehenengo eta hirugarren deialdiak Euskal Herriko Unibertsitateak Portugaleten (Bizkaian) daukan Nautika eta Itsasontzi Makinariaren Goi-eskola Teknikoan egingo dira, hortxe bakarrik.
b) Azterketa teorikoen bigarren eta laugarren deialdiak Pasaian (Gipuzkoa), «Blas de Lezo» Pasaiako Itsas Arrantza BHIn egingo dira.
Nolanahi, azterketa guztiak horretarako eratutako Epaimahaiak ebaluatuko ditu. Epaimahaia eratzeko, ebazpen honen 5. oinarriak xedatutakoa eta otsailaren 2ko 16/1993 Dekretuak zerbitzuko arrazoiak direla-eta eman beharreko kalte-ordainei buruz xedatutakoa hartu behar da kontuan.
2.– Azterketak indarrean dauden programei lotuko zaizkie, alor honetako arauekin bat etorriz.
3.– Titulazio bakoitzerako praktikaren azterketak hainbat zati izango ditu: nabigazioaren praktika eta segurtasunaren praktika, irrati-komunikazioak, bela praktikak.
4.– Eskabideak on line bete beharko dira, internet bidez, pausu hauei jarraituz:
a) Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren web-orrian sartu, eskabidearen atalean edo, zuzenean, www.nasdap.net helbidean.
b) Dagokion eskabide-inprimakia bete.
c) Azterketari dagokion tasa on line ordaindu; ez dira inskribatutzat joko izen-emateko epea amaitu baino lehen tasa ordaindu ez dutenak.
Izaera pertsonaleko datuen babeserako 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoa betez, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak adierazten du eskabideetako datu pertsonalak fitxategi automatizatu batean sartuko direla, erabiltzeko. Nahi izanez gero, eskatzaileak eskubidea izango du datuak eskuratzeko, zuzentzeko, indarrik gabe uzteko eta datuen aurka egiteko, Legeak aurreikusi bezala. Horretarako, idazki bat bidali beharko du Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzara (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz), erabilpen horren arduradun den heinean.
Eskabidea formalizatu ondoren, ondoko agiri hauek aurkeztu beharko dira:
– Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia, bizileku-txartela edo indarrean dagon pasaportea, eta eskatzailea adingabea balitz (16 urteak beteta izanik, betiere), guraso baten edo tutorearen baimena aurkeztu beharko du, idatziz.
– Aisialdirako ontziko patroiaren titulua edo titulu hori eskatu izanaren gordekina, yateko patroirako azterketara aurkezteko.
– Yateko patroiaren titulua edo titulu horren eskabidearen gordekina, yateko kapitainerako azterketara aurkezteko.
5.– Halaber, izangaiek ondoren azaltzen diren dokumentu, material eta tresna eraman beharko dituzte azterketa teorikoetara, aurkezten diren azterketen arabera:
– Oinarrizko nabigaziorako patroia: nortasun agiri nazionala, bizileku-txartela edo indarrean dagon pasaportea eta boligrafoa.
– Aisialdirako ontzietarako patroia: nortasun agiri nazionala, bizileku-txartela edo indarrean dagon pasaportea, boligrafoa eta nabigazio-kartak erabiltzeko beharrezkoa den materiala.
– Yateko patroia: nortasun agiri nazionala, bizileku-txartela edo indarrean dagon pasaportea, boligrafoa eta nabigazio-kartak erabiltzeko beharrezkoa den materiala.
– Yateko kapitaina: nortasun agiri nazionala, bizileku-txartela edo indarrean dagon pasaportea, eta zinematikari eta nabigazio kalkuluak egiteko beharrezkoa den materiala (2015eko almanakea barne); programatutako kalkulagailurik ez da onartuko. Halaber, ingeleseko azterketan ezingo da hiztegirik erabili.
6.– Eskabideak honako epe hauen barruan aurkeztuko dira:
Azterketa teorikoak:
– 1. deialdia, 2016ko otsailean: 2015eko abenduaren 28tik 2016ko urtarrilaren 18 arte.
– 2. deialdia, 2016ko apirilean: 2016ko otsailaren 22tik 2016ko martxoaren 14 arte.
– 3. deialdia, 2016ko ekainean: 2016ko maiatzaren 2tik 23 arte.
– 4. deialdia, 2016ko azaroan: 2016ko irailaren 26tik 2016ko urriaren 17 arte.
Azterkta praktikoa:
Deialdi bakarra, 2016ko ekainean: hona matrikula-eskaera aurkezteko epea: 2016ko maiatzaren 30etik ekainaren 10 arte.
7.– Azterketetan parte hartzeko dokumentazioa ondoko administrazio-bulego hauetan aurkeztu ahal izango da:
a) Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saila (Eusko Jaurlaritza, Donostia kalea 1, Vitoria-Gasteiz).
b) «Blas de Lezo» Pasaiako Itsas Arrantza BHI (Marinelen kalea 2, Pasai San Pedro, Gipuzkoa).
c) Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko Arrantza Antolamenduaren Zerbitzua (Eusko Jaurlaritza, Easo kalea 10, Donostia).
d) Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun saileko Arrantza Egituren Zerbitzua (Eusko Jaurlaritza, Concha Jeneralaren kalea 23, 2. Solairua, Bilbao).
8.– On line egindako eskabideak deialdi bakarrerako izango du balioa. Geroko deialdi batean parte hartzeko ezinbestekoa da on line eskabide berria egitea, bigarren oinarriko 3. puntuan aipatutako dokumentazioarekin batera.
9.– Azterketara aurkeztu ezean, matrikula ezin izango da hurrengo deialdi baterako aldatu, ezta azterketako eskubideak itzuli ere, tartean oso arrazoi larriak ez badira behintzat (eta horiek epaimahaiaren aurrean behar bezala frogatzen ez badira).
Bigarrena.– Azterketak baloratuko dituzten epaimahaiak Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko Arrantza eta Akuikulturako zuzendariak izendatuko ditu.
Hirugarrena.– Epaimahaietako buruek zentro aztertzaile bakoitzeko iragarki oholean agerraraziko dituzte deialdi eta titulazio guztietako azterketen datak, deialdi honetan ezarritako epeetan, eta lehenengo oinarrian ezarritakoa ere betez. Era berean, behar den denborarekin, zentro bakoitzeko iragarki-oholean, titulazioetako bakoitzaren azterketa-orduak, epaimahai aztertzaileen osaera eta onartuen eta baztertuen zerrendak adieraziko dituzte.
Laugarrena.– Azterketak amaitutakoan, ebazpen honetako bigarren oinarrian adierazitako administrazio-bulegoetako iragarki-oholean jarriko dira ikusgai lortutako kalifikazioen zerrendak. Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun saileko web orrian ere kontsultatu daiteke: www.nasdap.net
Izangaiek egokitzat hartzen dituzten erreklamazioak aurkeztu ahal izango dizkiote epaimahaiko buruari, aipaturiko zerrenda horiek jendaurrean jarri eta 5 eguneko epearen barruan. Erreklamazioak behar bezala arrazoitu beharko dira, eta epaimahaiko idazkariari bidali beharko zaizkio, NANaren fotokopiarekin batera. Datu pertsonalak, helbidea eta posta-kodea azaldu beharko dira, idatziz erantzun ahal izateko.
Azterketak 2 urtez gordeko dira, kalifikazioak irmo bihurtzen diren unetik aurrera. Salbuespenez, berrikusi diren azterketak 3 urtez gordeko dira.
Bosgarrena.– Deialdi honen aurka eta beraren ondoriozko egintza administratibo guztien aurka jo ahal izango da, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritako modu eta kasuetan, 4/1999 Legeak emandako idazkuntzaren arabera.
Vitoria-Gasteiz, 2015eko urriaren 27a.
Arrantza eta Akuikulturako zuzendaria,
LEANDRO AZCUE MUGICA.