Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

216. zk., 2015eko azaroaren 12a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
4821

AGINDUA, 2015eko azaroaren 3koa, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuarena, langileek, dagozkien ordainsariak jasota, 2015eko abenduaren 20ko Gorte Nagusietarako hauteskundeetan parte hartzeko arauak ematen dituena.

Urriaren 26ko 977/2015 Errege Dekretuaren bidez, 2015eko abenduaren 20an Gorte Nagusietarako hauteskundeetarako deia egin denez gero, beharrezkoa da Sailak neurriak ezartzea langileek kontsulta horretan parte hartu ahal izan dezaten, haien ordainsariak jasota.

Horretarako, eta martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Langileen Estatutuaren Legearen testu bateginaren 37.3.d) artikuluak zehazten duena aintzat hartuta, Autonomia Estatutuaren 12.2 artikuluan xedaturikoaren arabera indarrean dagoen legedia gauzatuko da.

Ondorioz, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Baimena, hauteskundeen egunean legez dagokien nahitaezko asteko atsedena ez duten langileentzat.

1.– 2015eko abenduaren 20an hautesle, hauteskunde-mahaiko kide, kontu-hartzaile edo ahaldun izanik, egun horretan 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren –martxoaren 24koa, Langileen Estatutuaren Legearen Testu Bategina onartzen duena– 37.1 artikuluan xedaturiko asteko atsedena ez dutenek egun horretan dagokien lanaldian ordainduriko baimen bat hartzeko eskubidea izango dute, deitutako Gorte Nagusietarako hauteskundeetan parte hartzeko eskubidea gauzatu ahal izateko, hurrengo artikuluetan ezartzen diren baldintzetan.

2.– Adierazitako baimena ezin da berreskuratu, hauteskunde-kolegioak irekita dauden orduen barruan baliatu behar da, eta langileak zerbitzuak normaltasunez eman balitu bezala jasoko lukeen soldata pagatuta ordaindu behar du enpresak.

3.– Baldin eta berreskuratu ezin den ordainduriko baimena jasotzeko eskubidea duten langileek jaso behar duten soldataren zati bat prima edo pizgarri batez osatua badago, aipatutako zatia aurreko azken sei hilabeteetan adierazitako kontzeptuagatik langileak jaso duen batez bestekoaren arabera kalkulatu behar da.

2. artikulua.– Bozkatzeko eskubideaz balia daitezkeen langileentzako baimenaren iraupena.

1.– 2015eko abenduaren 20an bozkatzeko eskubideaz baliatu nahi dutenek, egun horretan dagokien ohiko lanaldia hauteskunde-kolegioak irekitzeko ordutegiarekin lau ordutan edo gehiagotan bat badator, lau orduko baimen ordaindua izango dute, hauteskunde-kolegioak irekitzen diren ordutegiaren barruan hartzeko.

2.– Ohiko lanaldiarekiko kointzidentzia lau ordutik beherakoa bada, lanaldiarekin bat datorren denborara mugatuko da baimena, eta hauteskunde-kolegioak irekitzeko ordutegiaren barruan baliatu beharko da.

3.– Baimen horien iraupena proportzionalki txikituko da, bozkatzeko eskubidea baliatu nahi duten langileek egun horretan ohiko, legezko edo hitzartutako lanaldia baino lanaldi laburrago bat aitortua baldin badute.

3. artikulua.– Baimena erabiltzeko unea zehaztea eta haren erabilera justifikatzea.

1.– Agindu honen 2. artikuluan aurreikusitako kasuetan, enpresaren zuzendaritza izango da, lanaren antolamenduaren arabera, bozkatzeko eskubidea baliatzeko baimena hartzeko ordutegia zehaztuko duena; nolanahi ere, hauteskunde-kolegioen irekitzeko ordutegiaren barruan izan beharko da.

2.– Baliatutako baimenaren denboraren soldata ordaintzeko, enpresaren zuzendaritzak eskubidea du bere langileei eskatzeko bozkatu izanaren egiaztagiria aurkezteko, dagokion hauteskunde-mahaiak emana.

4. artikulua.– Hauteskunde-mahaietako kideen eta kontu-hartzaile funtzioak betetzen dituztenen baimena hauteskundeen egunean.

1.– 2015eko abenduaren 20an, Langileen Estatutuaren Legearen Testu Bategina onartzen duen martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren 37.1 artikuluan aurreikusitako asteko atsedena baliatzen ez duten eta hauteskunde-mahaietako kide direla edo bertan kontu-hartzaile funtzioak bete behar dituztela egiaztatzen duten langileei, adierazitako egunaren lanaldi osoko baimena emango zaie; bai eta hurrengo eguneko lanaldiaren lehenengo bost orduetako baimen bat ere.

2.– Aurreko paragrafoan in fine ezartzen den lehenengo bost orduen baimena asteko nahitaezko atsedena bozketa-egunean baliatzen duten eta mahaiko kide edo kontu-hartzaile direla egiaztatzen duten langile guztiei aplikatzen zaie, adierazitako paragrafoak ezartzen dituen baldintza berberetan.

3.– Baimen horiek, berreskuratu ezin direnak, enpresak ordaindu behar ditu hauteskunde-mahaiko kide gisa edo kontu-hartzaile gisa jardun izana justifikatu ondoren.

5. artikulua.– Hauteskundeen egunean legez dagokien nahitaezko asteko atsedena baliatzen ez duten ahaldunen baimena.

Hauteskundeen egunean ahaldunak direla egiaztatzen duten eta martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren –Langileen Estatutuaren Legearen Testu bategina onartzen du– 37.1 artikuluak aurreikusten duen asteko atsedena baliatzerik ez duten langileek berreskuratu ezin den baimen bat baliatuko dute bozketa-egunean, eta enpresak ordaindu egin beharko du, langileek justifikatu ondoren.

6. artikulua.– Txanda-aldaketak.

Agindu honen 4. eta 5. artikuluetan bildutako langileren batek hauteskunde-egunaren aurreko egunean gaueko txandan lan egin behar badu, enpresaren zuzendaritzak gau horretako txanda aldatu beharko du, betiere interesdunak eskatzen badu.

7. artikulua.– Posta bidezko botoa emateko ziurtagiriaren eskaera egiteko baimena.

1.– Berreskuratu ezin den ordainduriko baimen bat eman behar zaie, gehienez ere lau ordu librekoa, dagokien lanaldiaren barruan, beren lana ohiko etxebizitzatik urrun garatzen dutenei edo 2015eko abenduaren 20an botoa emateko eskubidea gauzatzeko zailtasunak dakartzaten bestelako baldintza batzuetan lan egiten dutenei, beren botoa posta bidez eman ahal izateko behar den ziurtagiriaren eskaera pertsonalki egin ahal izan dezaten.

2.– Posta bidezko botoa emateko eskubidea gauzatzeko legez gaitzen diren egunetan baliatu ahal izango da adierazitako baimena; kasu horretan, agindu honen 2. eta 3. artikuluetan xedaturikoa aplikatzen da; eta, hauteskunde-kolegioei edo hauteskunde-mahaiei egindako erreferentzia guztiak Hauteskunde Erroldaren Bulegoko probintzia-ordezkaritzei edo Posta Zerbitzuko bulegoei egindakotzat hartu behar dira.

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko azaroaren 3a.

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua,

ANGEL TARSICIO TOÑA GÜENAGA.


Azterketa dokumentala