215. zk., 2015eko azaroaren 11, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (8930 KB - 33 orri.)
- EPUB (6918 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
4809
AGINDUA, 2015eko azaroaren 2koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, zeinaren bidez II. Eranskinean zerrendatzen diren Gipuzkoako Lurralde Historikoko haitzuloetako aztarnategiak Kultura-ondasun gisa sartzen diren, Monumentu Multzo kategoriarekin, Euskal Kultura Ondarearen Inbentario Nagusian.
Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioko 148.1.16 eta Estatutuko 10.19 artikuluen babesean, eskumen osoa bereganatu zuen Kultura Ondareari dagokionez. Aipaturiko eskumen horretaz baliatuz, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legea, kultura-interesa duten Euskal Autonomia Erkidegoko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena, onartu zen.
Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko leizeetako aztarnategien interes kulturala, gehienbat haien balio kulturalagatik, ikusita, eta aplikatu beharreko lege-araudiak ezarritakoaren arabera, maiatzaren 15eko 89. zenbakiko EHAAn argitaratutako 2015eko maiatzaren 12ko Ebazpenaren bidez, erabaki zuen espedientea irekitzea, aztarnategi horiek Euskal Kultur Ondarearen Inbentario Nagusian sartzeko.
Aipatutako espediente horren administrazio-izapideak direla eta, 7/1990 Legearen 17. eta 11.3 artikuluetan eta bat datozen gainerako xedapenetan aurreikusitakoaren arabera, espediente hori jendaurrean jarri zen eta interesdunei entzunaldia eman zitzaien.
Jendaurrean jartzeko eta interesdunei entzuteko epea indarrean jarri ondoren, alegazio-idatzi bana aurkeztu zuten Azpeitiko Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak.
Batetik, Azpeitiko Udalak II. eranskinean jasotako leizeen izenetako batzuk aldatzea proposatu zuen. Bestetik, Gipuzkoako Foru Aldundiak Urkuluko leizearen (Deba) kokapenaren akats batez ohartarazi zuen. Halaber, Errenteriako Aizpitarte III, IV eta V leizeetako hormetan arte paleolitikoa agertu dela jakinarazi du.
Aurkeztutako alegazioak aztertu ondoren, Euskal Kultur Ondarearen Zentroaren txosten teknikoen bitartez erantzun zaie, eta txosten horiek espedientean bildu dira.
Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko Zuzendaritzaren eta Euskaltzaindiaren txostena egin ondoren, honako leize hauen izenak aldatu dira: Antzuloren ordez Aintzulo (Errezil), Eskuztaren ordez Ezkusta (Azpeitia) eta San Elíasen ordez Sandaili/San Elías (Oñati).
Labar-artea agertu dela kontuan harturik, eta 7/1990 Legearen Lehen Xedapen Gehigarriarekin bat etorriz, Aizpitarte III, IV eta V leizeak ondasun kalifikatuentzat Legean aurreikusitako araubidearen mende gelditzen dira, eta ondorioz, agindu honen erregulaziotik kanpo.
Hori guztia dela eta, aipaturiko Legearen 17. artikuluan oinarrituz, Euskal Kultura Ondarearen Zerbitzu Teknikoek egindako txostena aztertu ondoren, eta Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen proposamena aintzat hartuz, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Gipuzkoako Lurralde Historikoko haitzulo-aztarnategiak (II. eranskinean azaldutakoak) monumentu-multzo kategoriako kultura-ondasun deklaratzea, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Nagusian.
Bigarrena.– Ondasun horren deskribapen formala egitea, agindu honen I. eta IV. eranskinetan azaltzen den mugaketaren, II. eranskinean azaltzen den deskribapenaren eta III. eranskinean zehazten diren oinarrizko aplikazio-irizpideen arabera, Euskal Kultura Ondareari buruzko Legearen ezarritakoa betetzeko.
Hirugarrena.– Agindu honen berri ematea Jabetza Erregistroetan, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 26. artikuluan ezarritakoa betetzeko.
Laugarrena.– Higiezin-multzo hori babesteko eskaria egitea Aduna, Aia, Albiztur, Alkiza, Aretxabaleta, Ataun, Azkoitia, Azpeitia, Beizama, Bergara, Deba, Errezil, Gaztelu, Hondarribia, Lizartza, Mendaro, Arrasate, Mutriku, Oiartzun, Oñati, Pasaia, Tolosa, Urnieta, Zegama eta Zestoako udalei, euren udal hirigintza-planeamenduan sartuz.
Bosgarrena.– Agindu honen berri ematea interesdunei Aduna, Aia, Albiztur, Alkiza, Aretxabaleta, Ataun, Azkoitia, Azpeitia, Beizama, Bergara, Deba, Errenteria, Errezil, Gaztelu, Hondarribia, Lizartza, Mendaro, Arrasate, Mutriku, Oiartzun, Oñati, Pasaia, Tolosa, Urnieta, Zegama, Zestoa eta Zizurkilgo udalei, Gipuzkoa eta Arabako Partzuergo Orokorrari, Enirio-Aralarko Mankomunitateari eta Gipuzkoako Aldundiko Kultura, Turismo, Gazteria eta Kirol Departamentuari eta Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuari, bai eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailari ere.
Seigarrena.– Ondasuna Zerrenda Nagusian sartzeari buruzko agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Inskribatzeko agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sortuko ditu ondorioak.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Administrazio-bidea amaitzen duen agindu honen aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari hilabeteko epean, edo bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzietarako salari bi hilabeteko epean, agindu hau argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita.
Vitoria-Gasteiz, 2015eko azaroaren 2a.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.
I. ERANSKINA
MUGAKETA
a) Mugaketaren esparrua.
Haitzuloetan topatu diren maila arkeologikoki emankorren multzo bat da, denak Gipuzkoako lurraldean. Maila horietako aztarnak benetan garrantzi handikoak dira gure lurraldearen lehenengo okupazio-aldiak ezagutu eta ikertzeko, Paleolitotik erromanizaziora. Oso garrantzitsuak dira ezagutzeko, besteak beste, haien bizilekua, lana eta nola lantzen zituzten gauzak, hileta-arloa, erritualak, eta garrantzitsuak dira, era berean, haien ingurunea ezagutzeko ere.
Monumentu-multzo horren barruan sartzen diren aztarnategiak 101 dira, eta deklarazio honetako II. eranskinean zehaztutako haitzuloetan daude.
Multzoaren mugaketa IV. eranskineko planoetan agertzen da, hortxe ikusten baitira multzoa osatzen duten elementuen 1. eremua eta 2. eremua (beharrezkoa izanez gero). Lehenengo eta behin, IV. eranskin horretako planoetan zenbaki eta hitzez berariaz adierazitako aztarnategiek okupatutako eremuek osatzen dute 1. eremua. Bestetik, 2. eremua haitzulo horien ondo-ondoko eremua da; gutxienez 10 metrokoa da haien inguruan, kanporen dauden ertzetatik kontatzen hasita. Elkarrengandik oso hurbil egotearren eremu bakar batean multzokatzea interesgarriagoa eta arrazionalagoa den kasuetan, 2. eremu horren mugak IV. eranskinaren 2., 4., 7., 19. eta 22. planoetan adierazitakoak dira.
b) Mugaketaren justifikazioa.
Proposatzen den mugaketa justifikatzen da, aztarnategien osotasunaz gain, multzoaren inguruneko ingurumen-balioak eta bisualak babestu behar direlako.
Ondasuna babesteko eta haren balioa agerian jartzeko, ezinbestean babestu beharra dago multzoa osatzen duten elementuen ondoko eremua.
Hori dela eta, aztarnategiak eurak ez ezik (1. eremua), 2. eremua deritzona ere sartzen da mugaketa honetan, hau da, aztarnategien ondo-ondoko ingurua; izan ere, horrela, segurtasun-inguru bat ezartzen da, aztarnategien osotasuna ziurtatzeaz gain, aztarnategia inguratzen duen ingurunea babesteko.
II. ERANSKINA
DESKRIBAPENA
Gipuzkoako Lurralde Historikoko haitzulo-aztarnategien monumentu-multzoa, espediente honetan aztergai duguna, interes arkeologiko edota paleontologikodun aztarnategiek osatzen dute. Hain zuzen ere, interes arkeologiko edota paleontologiko hori aztarnategietan egindako landa-lanaren bitartez azaldu da. Honako haitzulo hauetan daude kokatuta aztarnategiak (udalerrika batuta daude):
Lepasoro (Aduna).
Giltzurriturri, Karea A eta B (Aia).
Berondegi I (Albiztur).
Belaku III (Alkiza).
Gazteluarro IV, Iruaxpe II, III, Ugastegi VIII (Aretxabaleta).
Atxabal, Otarreta II, Arlaban, Dolara, Txara I (Arrasate).
Agaotz, Allekoaitz, Armontaitz, Lokatza, Pikandieta, Sarastarri II, Sarastarri IV, Troskaeta, Usategieta (Ataun).
Kurutzeko Haitza (Azkoitia).
Ezkusta (Azpeitia).
Aiertza, Belaku (Belaku 2) (Beizama).
Idurio (lehen, Irurixo izena zeukan) (Bergara).
Arbil III eta VII, Ermita (I-II) eta V, Imanolen Arrobia (edo Istinazpi II) eta Istinazpi IV, Saar Makatza, Saltsamendi I, II eta IV, Sesiarte I, Susatei I, Uei, Urteaga, Urkulu (Deba).
Aintzulo, Aitzorrotz 2, Armalleta (Errezil).
Txispira (Gaztelu).
Leizanabar, Txortxipi (Hondarribia).
Illarrazu (Lizartza).
Kobazarrene (Enirio-Aralarko Mankomunitatea).
Aizkoltxo, Agarre, Aizbeltz, Aldatxarren, Etxeberri II, V, VI eta VII, Kurpitzegi VI, Mortzelai III, Pagandai I (Mendaro).
Iruroin, Jentiletxeta (I, II, III y IV), Kiputz IX, Langatxo, Sosuarte III, Zerratu (Mutriku).
Torres (Oiartzun).
Aitzabal 33, Aizkirri, Arrikrutz, Iritegi, Kobaillun, Madinakozubieta, Otalora I, Potorrosin VI, VII, Sandaili/ San Elías, Txomenkoba Erdikua, Urtaopotolueta (Oñati).
Kanpaizulo, Abaroleku 02, Antzuzkar, Naparraitz II (Gipuzkoa eta Arabako Partzuergo Orokorra).
Gaztarrotz (Pasaia).
Intxaurmuintegi I (Tolosa).
Marizulo, Urnieta (Urnieta).
Aketegi (Zegama).
Amalda, Amalda III, Arbelaitz II, Astuigaña, Baio, Erralla, Ikeitz, Ertxina (Zestoa).
Okupazio mailak dituzten tokiak dira, indusketa arkeologikoen bidez baieztatuak. Horien bidez, orain arte gure lurraldean katalogatutako lehenengo biztanle-komunitate edo -taldeak ezagutzeko behar diren datuak lortuko ditugu, eta, era berean, haien ingurunea ere ezagutu ahal izango dugu (flora, fauna, klimatologia...). Haitzulo horietan okupazio sekuentzia zabala ikusten da; ugaztun handien aztarnategiak, hemen ezagutzen den giza okupazioaren aldirik goiztiarrenak (Erdi Paleolitoa), zeramikadun kulturen garapena, bai eta erromanizazioaren lehen aztarnak eta Erdi Arokoak ere.
Esparru kronologiko zabal horretaz gain, ikerketa eginez, haien bizitzeko moduaren berri izan dezakegu, eta horretaz gain, baita ehiza-tekniken, biziraupen-tekniken edo haien industrien pixkanakako garapenaren berri ere (armen garapena, ingurune naturalaren menperatzea, lehengaien transformazioa...). Eta, jakina, zer sinesmen zuten, haien kultuak nolakoak ziren edo nolako hileta-errituak zituzten jakin dezakegu (sarritan haitzulo horietan izaten ziren, helburu horretarako berariaz egokituak eta aukeratuak izaten baitziren, edo, beste batzuetan, bizitegi funtzioarekin batera betetzen zuten funtzio hori).
Horrela, bada, laburbilduz, arkeologikoki emankorrak diren maila-sorta bat da; maila horiek, batzuetan, osagarriak dira, eta, beste batzuetan, gainjarriak. Dena dela, balio handikoak dira, kultur adierazpen horiek eta haien ingurune naturala ezagutzeko iturri bakarra baitira.
Aztarnategi-multzo hau sekuentzia estratigrafiko jarrai gisa hartuta, zeinetan tarte kronologiko desberdinak biltzen diren, egokiagotzat jotzen da denak monumentu-multzo gisa definitzea. Lehenengo taldeak dira, zaharrenak, gure lurraldeko herriak, eta haien ikerketa bermatu behar da, metodologia arkeologikoa erabiliz, kontu handiz. Ebidentzia guztiak ikertu behar dira, ez bakarrik materialak, baita absentziak ere, paisaiako aztarnak, gaur egun gure eskura dauden diziplina guztiak baliatuta, eta haien kontserbazioa bermatu, gerora izan ditzakegunez baliatu gaitezen.
III. ERANSKINA
OINARRIZKO APLIKAZIO IRIZPIDEAK
Izaera loteslea.
Gipuzkoako Lurralde Historikoko haitzulo-aztarnategiak (II. eranskinean azaldutakoak) monumentu-multzo kategoriarekin inbentariatutako ondasun modura jaso beharko dira kokatuta dauden udalerrietako planeamendu tresnetako kultur ondarearen katalogoan. Era berean, planeamendu tresna horiek, eremu horien antolamenduari dagokionez, mantentze eta babes zuzen baterako eranskin honetan berariaz zehazturiko ezaugarrietara egokitu beharko dute. Nolanahi ere, planeamendu tresna horiek onesteko, Jaurlaritzan kultur ondarearen arloan eskumena duen sailaren aldeko irizpena beharko da.
Plangintza-tresnak kultur ondasun honen babes-araubidea eratu baino lehenago idatzitakoak badira, aldatu egin beharko dira, baldin eta espediente honek araututako babes-neurriekin bat ez badatoz edo babes-neurrien aurka egiten badute.
Erabilerak eta jarduerak.
Aztarnategiaren ikerketa eta kontserbazioa bultzatzeko jarduerak bakarrik egin ahal izango dira 1. eremuaren barruan, eta bertan baimendutako erabilerak zientifikoak eta mantentzekoak baino ez dira izango. Orokorrean, aztarnategi hauetan gordetzen diren hondakin eta mailen egoera alda dezaketen giza jarduerak ahalik eta gehien murriztea da irizpidea.
Aztarnategian mugimenduak dakartzaten jardueren artean, ikerketa zientifikora bideratutakoak baino ez dira onartuko, eta, nolanahi ere, lan horiek egiteko Gipuzkoako Foru Aldundian kultur ondarearen alorrean eskumena duen departamentuak baimendutako proiektua izan behar da aldez aurretik.
Eremu horretako jarduera zientifikoek (indusketa arkeologikoak, azterketak, ikerlanak, etab.) aztarnategia bere osotasunean barnebilduko duen egitarau arrazional baten barruan egon beharko dute, eta horrez gain, aztarnategia hobeto ezagutzeko lagungarriak izan beharko dira, gerora begira, hala badagokio, haren balioa agerian jartzeko.
Aztarnategi arkeologikoan esku hartzea dakarren proiektu orok, gainera, haren sendotze plan bat izan beharko du; horrela, hondakinen eta mailen egoera egokia ziurtatzeko, jarduera edo ikerketa bukatu ondoren (aztarnategia estaltzea, lekukoen sendotzea, etab.), eta, era berean, aztarnategietara bisitak egiten badira, arriskurik izan ez dadin.
Halaber, aztarnategikoak ez diren elementu, objektu, azpiegitura edo dena delakoak, haren osotasuna gordetzeko nahitaezkoak ez badira, ikerketa-lanak edo bestelakoak bukatu ondoren, kendu egin beharko dira aztarnategitik, eta aztarnategia ahalik eta egoerarik onenean eta etorkizun bermerik onenekin lehengoratuko da.
Berariaz debekatuta daude haitzuloaren barruan eskalada eta kanpaldia egitea, haitzuloa okupatzea edo bertan bizitzea.
Monumentu-multzo honen 2. eremuan, debekatuta daude bertako ondasunen kontserbazioa arriskuan jar dezaketen jarduera guztiak. Aztarnategia bere ingurune naturalean integratzea helburu duten jardueretarako baimena emango da, baldin eta integrazio horrek ez badakar kontserbatu beharreko ondasun kulturalaren funtsezko eraldaketarik.
Kultur jarduerekin zerikusia duten erabilerak sustatuko dira. Horrela, kultur ibilbideetan sartu ahal izango dira, informazio-panelak jarriz, ahal dela ixteko egiturak dauzkatenetan, bai eta parke naturaletan edo ingurumenaren edo paisaiaren ikuspuntutik interesgarriak diren eremuetan daudenetan ere. Horretarako, ingurua egokitu egingo da, bisitak hartzeko aukera izan dadin bertan, sendotze proiektu txikiekin, erakusketa egoki eta ulergarriekin, eta, interesa balego, espazio jakin batzuk berreraikiko dira, etab.
Eraikuntzako erabilera eta jarduerei dagokienez, ingurua babestea helburu dutenak baimendu ahal izango dira, bai eta ikerketarako beharrezkotzat jotzen diren eraikinak eta instalazioak ere.
2. eremuaren barruan horrelako kultur jardueraren bat aurrera eramateko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuaren baimena izatea, eta hori jasotzeko, aztarnategiaren eta ondo-ondoko eremuaren kontserbazioa bermatu behar da, eta Arkeologiako profesional batek kontrolatu, zuzendu eta ikuskatuko du jarduera.
Sarbideak eta mantentze-lanak.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak aztertu egin beharko du zein egoeratan dauden aurreko aldi batzuetan indusketa-lanak egin diren baina bertako hondakinak, ertzak, etab. kontserbatu eta sendotzeko planik izan ez duten haitzulo-aztarnategiak. Azterketa horren helburua da jarduteko zer beharrizan dagoen ezartzea kasu bakoitzean, bai eta jarduera horien lehentasun-hurrenkera ezartzea ere. Jardueren artean, haitzulo horietako batzuk burdin-hesien bidez ixtea planteatu ahal izango da.
Dena dela, ixteko hesiak jartzen direnean, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak ikuskatuko du beti, eta aztarnategiari ez diola eragiten ziurtatuko du, eragin bisualik txikiena duten diseinuak aukeratuz. Kasu guztietan, itxitura horiek egitean, behar diren neurriak hartuko dira bertan aitortutako ingurumen-balioak eta biodibertsitate-balioak errespetatuko direla ziurtatzeko.
Era berean, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak monumentu-multzo honetan sartzen diren haitzuloak aldian-aldian ikuskatzeko programa bat onartuko du, aztarnategi horiek behar bezala zaintzen direla ziurtatzeko. Bisita teknikoen programa horien ondorioz, aldian-aldian, txostenak egingo dira. Txostenetan, sortzen diren nobedadeak zehaztuko dira, bai eta kontserbazio beharrizanak edo gabeziak ere, eta, ere berean, beharrizan edo gabezia horiei aurre egiteko foru-administrazioak martxan jarritako planak zehaztuko dira. Txosten horiek, gure ondarea zaintzeko zereginean koordinazioa egokia izan dadin, Eusko Jaurlaritzan kultur ondarearen arloan eskumena duen sailera bidali beharko dira, aldundiak egokien jotzen duen aldizkakotasunarekin. Hala ere, txosten bat bidaltzen denetik hurrengoa bidali arte ez da inolaz ere 18 hilabeteko epea igaroko. Monumentu-multzo honen deklarazioa indarrean sartzen den egunean hasiko da kontatzen txosten horietako lehenengoa bidaltzeko epea.
Haitzuloetan sartzen utziko zaie ikertzaileei eta espezialistei, baldin eta haitzuloak aztertzeko beharrezkoa bada, babesa edota azterketa ziurtatzeko neurriak ezartzeko helburuarekin. Era berean, dibulgazio-helburuekin eskatzen dutenei ere utziko zaie. Kasu guztietan, eskabideak Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuari bidaliko zaizkio. Kultura Departamentuak behar diren baliabideak jarriko ditu bisita horiek pertsonen eta aztarnategien osotasuna ziurtatzeko neurriekin egin daitezen.
Gipuzkoako Foru Aldundian eta Eusko Jaurlaritzan kultur ondarearen arloan eskumena duten sailetako zerbitzu teknikoak nahi dutenean sartu ahal izango dira haitzulo horietan, behar bezala aztertzeko, zaintzeko, mantentzeko eta babesteko xedez. Bi erakundeen arteko koordinazioa ahalik eta gehien zainduko da, lanak beharrik gabe bikoiztu ez daitezen.
Interes soziala.
Gipuzkoako Lurralde Historikoko haitzulo-aztarnategietan, monumentu-multzo gisa zehaztuetan, indusketa arkeologikoak egin ondoren, agerian geratu dira maila eta hondakin arkeologikoak, eta haiek babestea interesgarritzat jotzen da, aztertzeko, sendotzeko eta, hala badagokio, haien balioa agerian jartzeko. Hori dela eta, Euskal Kultur Ondareari buruzko 7/1990 Legearen 21. artikuluarekin bat etorriz, interes sozialekotzat hartzen dira.