215. zk., 2015eko azaroaren 11, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (236 KB - 2 orri.)
- EPUB (207 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
LEHENDAKARITZA
4804
EBAZPENA, 2015eko urriaren 21ekoa, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariarena, Emakumeen aurkako Indarkerian Esku hartzeari buruzko Unibertsitate Master Ofiziala egiteko aurreikusitako laguntzak ematea ebazten eta argitaratzen duena.
Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariaren 2015eko ekainaren 23ko Ebazpenaren bidez (2015eko uztailaren 24ko EHAA, 139. zk.), Emakumeen aurkako Indarkerian Esku hartzeari buruzko Unibertsitate Master Ofiziala egiteko laguntzen deialdia egin da. Aipatu Ebazpenaren 13. artikuluak hauxe dio: «Hautaketa Batzordeak ebaluatuko ditu eskaerak, diru-laguntzak esleitzeko irizpideen arabera; ondoren, bere proposamena bidaliko dio Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariari. Horrek ebazpen adierazia emango du. Ebazpen horrek amaiera emango dio lehiaketari eta diru-laguntza nori eman eta nori ukatu zaion adieraziko du. Ebazpena banan-banan jakinaraziko zaie eskatzaileei. Orobat, emandako diru-laguntzen zerrenda argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, jendeak horren berri izan dezan».
Adierazitako guztia eta Hautaketa Batzordearen proposamena kontuan izanik, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Emakumeen aurkako Indarkerian Esku hartzeari buruzko Unibertsitate Master Ofiziala egiteko laguntzak ematea eranskinean zerrendatutako pertsonei, bertan adierazitako banakako zenbatekoetan.
Bigarrena.– Diru-laguntza zatika ordainduko da: laguntza emateari buruzko ebazpena ematen denean, diru-laguntzaren % 75 ordainduko da; gainerako % 25, berriz, Deustuko Unibertsitateak bidali beharreko onuradunen lehenengo ikasturteko lehen seihileko asistentziari eta aprobetxamenduari buruzko jarraipen-txostena jasotakoan. Hori guztia, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariaren 2015eko ekainaren 23ko Ebazpenaren 15. artikuluan ezarritakoaren arabera.
Hirugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.
Laugarrena.– Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dezakete, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete, dagokion administrazioarekiko auzietako epaitegian, hil biko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera, hala xedatuta baitago uztailaren 13ko 1998/13 Legearen 8.3 artikuluan eta 46. artikuluko 1. eta 4. paragrafoetan (29/1998 Legea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzekoa).
Vitoria-Gasteiz, 2015eko urriaren 21a.
Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendaria,
MIREN IZASKUN LANDAIDA LARIZGOITIA.