Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

215. zk., 2015eko azaroaren 11, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA
4803

AGINDUA, 2015eko azaroaren 10ekoa, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Errepide Sareko bide-zoruak dimentsionatzeko Arauaren aldaketa onartzeko dena.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eskumena da bertako Errepide Plan Orokorra onartzea, hala ezarrita baitago honako xedapen hauetan: Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren 10.34 artikuluan; Autonomia Erkidego osorako erakundeen eta bertako lurralde historikoetako foru-erakundeen arteko harremanei buruzko azaroren 25eko 27/1983 Legearen 7.a.8 artikuluan; eta Euskal Autonomia Erkidegoko Errepide Plan Orokorra arautzen duen maiatzaren 30eko 2/1989 Legearen 7.1 artikuluan. Errepide Plan Orokor horretan, arau teknikoak eta seinalizaziokoak ezartzen dira, gero EAEko administrazio publikoek errepide-sareetan indarrean jarriko dituztenak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Errepide Plan Orokorrean jasotako arau teknikoek barne hartzen dute Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioen titulartasuneko errepideetan obrak gauzatzeko nahitaez bete beharreko arau edo instrukzioen multzoa, betiere errepideen arteko koordinazio teknikoa bermatzea helburu hartuta (Euskal Autonomia Erkidegoko Errepide Plan Orokorra arautzen duen maiatzaren 30eko 2/1989 Legearen 7.1 eta 11.2 artikuluak).

Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitekoa da Euskal Autonomia Erkidegoko Errepide Plan Orokorra idaztea eta ohiko aldaketak landu eta onartzea. Aldaketa horien artean, eraikuntzako eta materialetako arauei edo instrukzio teknikoei buruzkoak daude, Euskal Autonomia Erkidegoko errepideetan edozein obra egiteko bete beharrekoak (Euskal Autonomia Erkidegoko Errepide Plan Orokorra arautzen duen maiatzaren 30eko 2/1989 Legearen 8.3 artikulua, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Errepideen Bigarren Plan Orokorraren Berrikusketa onartzen duen azaroaren 23ko 307/2010 Dekretuaren 5. artikulua).

Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko azaroaren 13ko Aginduaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Errepide Sareko bide-zoruak dimentsionatzeko Arauaren testu berrikusi eta osatua onartu zen.

Errepide Plan Orokorraren Batzordeak, batzordekide guztien adostasunez, Plana aldatzea erabaki zuen. Aldaketa horren arabera, aldatu egingo da Euskal Autonomia Erkidegoko Errepide Sareko zoruak dimentsionatzeko Araua, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio sailburuaren 2012ko azaroaren 13ko Aginduaren bidez onartua, helburu hartuta arauaren testuan sartzea 7. Eranskina: Errodadura geruzetan erabili beharreko nahaste bituminosoetarako agregakinak. Eranskin horretan zehazten da aplikazio horietan agregakinek bete beharreko eskakizunak, agregakin aldatuen edo aldagarrien kontrol eta detekzioen bidez kalitatea bermatzen duten ezinbesteko kontrolak eta agregakinaren partikulen homogeneotasuna; izan ere, agregakinen ezaugarriek berebiziko eragina dute nahaste bituminosoen ezaugarrietan.

Bestalde, errepide-plan horren gainean egindako ohiko aldaketak arlo horretako eskumena duen saileko sailburu titularrak onartuko ditu, agindu bidez, hala ezarrita baitago Euskal Autonomia Erkidegoko Errepide Plan Orokorra arautzen duen maiatzaren 30eko 2/1989 Legearen 14. artikuluan.

Organo honek dauka aipatutako aldaketak onartzeko eskumena, hala xedatzen baita Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuaren 13.1.h) artikuluan.

Adierazitako guztia aintzat hartuta, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Errepide Plan Orokorra arautzen duen maiatzaren 30eko 2/1989 Legearen 14. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, honako hau

XEDATZEN DUT:

Euskal Autonomia Erkidegoko Errepide Plan Orokorraren ohiko aldaketa onartzea (ikus agindu honen eranskina). Aldaketa horren bidez, aldatu egiten da Euskal Autonomia Erkidegoko Errepide Sareko bide-zoruak dimentsionatzeko Arauaren testua eta, horretarako, 7. Eranskina sartzen da testu horretan: Errodadura geruzetan erabili beharreko nahaste bituminosoetarako agregakinak.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; edo, bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke EAEko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko azaroaren 10a.

Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburua,

ANA ISABEL OREGI BASTARRIKA.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala