Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

212. zk., 2015eko azaroaren 6a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA
4732

43/2015 EBAZPENA, urriaren 30ekoa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, Eusko Jaurlaritzak egindako hainbat hitzarmen, beherago zehaztutakoak, argitaratzea xedatzen duena.

Eusko Jaurlaritzak zenbait hitzarmen sinatu dituenez gero, zabalkunde egokia izan dezaten, honako hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Honako hitzarmen hauen testua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea:

– Etxepare Euskal Institutuarekin, North American Basque Organizations (Nabo) elkartearekin eta Deustuko Unibertsitatearekin sinatutako hitzarmena. Helburua: Estatu Batuetan eta Kanadan izandako euskal emigrazioaren memoria historikoa jasotzea (I. eranskinean jasotzen da).

– Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lankidetza-hitzarmen bat sinatzea baimentzekoa. Helburua: emakumeen aurkako indarkeria prebenitzeari buruzko «Beldur Barik» erakunde arteko kanpaina garatzea eta elkarrekin finantzatzea (II. eranskinean jasotzen da).

– Scottish Centre For Telehealth and Telecare (SCTT) zentroarekin sinatutako akordiorako memoranduma. Eusko Jaurlaritzaren eta Eskoziaren artean lankidetzan, elkarlanean eta eskualdeen arteko ezagutza trukaketan aurrera egitea da helburua (III. eranskinean jasotzen da).

– Lankidetza-hitzarmena, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren, Osasun Berrikuntza eta Ikerketaren Euskal Fundazioaren eta Deustuko Unibertsitatearen artekoa, 2015-2016 eperako osasun-arloko prestakuntza eta ikerketaren nahiz politika sanitarioen ingurukoa (IV. eranskinean jasotzen da).

– Lankidetza- hitzarmena, trafikoko buruzagitza nagusia erakunde autonomoaren, euskal autonomia erkidegoko administrazioaren eta arrasateko udala toki erakundearen artekoa, bide segurtasunaren arloko informazioa trukatzeko eta datu baseetan sartzeko (V. eranskinean jasotzen da).

– Datuetara sartzeko baimena emateko, pompeu fabra unibertsitatearekin sinatutako lankidetza-hitzarmena (VI. eranskinean jasotzen da).

– Hitzarmena, euskal autonomia erkidegoaren administrazioaren eta elantxobeko udalaren artekoa, herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen 30/1992 legearen 38.4.b) artikuluan xedatutakoa betetzeko. (euskal autonomia erkidegoko administrazioari zuzendutako idazkiak udal erregistroetan aurkezteko lankidetza) (VII. eranskinean jasotzen da).

Vitoria-Gasteiz, 2015eko urriaren 30a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

SANTIAGO LARRAZABAL BASAÑEZ.

I. ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN URRIAREN 30EKO 43/2015 EBAZPENARENA
ETXEPARE EUSKAL INSTITUTUAREKIN, NORTH AMERICAN BASQUE ORGANIZATIONS (NABO) ELKARTEAREKIN ETA DEUSTUKO UNIBERTSITATEAREKIN SINATUTAKO HITZARMENA. HELBURUA: ESTATU BATUETAN ETA KANADAN IZANDAKO EUSKAL EMIGRAZIOAREN MEMORIA HISTORIKOA JASOTZEA
ESKU HARTU DUTEN PERTSONAK:

María Aitzpea Goenaga Mendiola andrea, Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria, institutu horren izenean eta haren ordezkari gisa.

María Ángeles Elorza Zubiria andrea, Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren izenean eta haren ordezkari gisa.

Valerie Etcharren Arrechea andrea, North American Basque Organizations, Inc. (NABO) elkarteko burua, North American Basque Organizations elkartearen izenean eta haren ordezkari gisa.

José María Guibert Ucín, Deustuko Unibertsitateko errektorea, Deustuko Unibertsitatearen izenean eta haren ordezkari gisa.

HAU ADIERAZI DUTE:

Azken urteotan, denboraren halabeharrezko joana dela-eta, euskal emigratzaile eta erbesteratuen belaunaldi bat galtzen ari gara, eta, herrialde eta leku askotan, belaunaldi hori da masiboki emigratu zuten euskal emigratzaileen azken belaunaldia. Egoera horrek bultzatuta, proiektu honetan inplikatutako erakundeek ekimen hau jarri dute abian, emigrazio- eta kokapen-prozesua zuzenean bizi izan zuten pertsonen lekukotzat hartzean datzana.

1999tik, Eusko Jaurlaritzaren Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusia Urazandi - Euskal emigrazioaren memoria historikoa biltzeko proiektua ari da garatzen, fasez fase.

1999an, Gasteizen egindako Euskal Gizataldeen II. Mundu Batzarraren esparruan, William A. Douglass estatubatuar antropologoak Euskadiren historiaren zati hori biltzera estutu zituen euskal agintariak, iturriak galtzen ari baitira.

Era berean, urteetan zehar, North American Basque Organizations, Inc. (NABO) elkarteari atxikitako elkarte askok beren komunitateen eta elkarteen ahozko historiak bildu dituzte. Proiektu horiek ahozko historia jasotzeko banakako proiektuak dira edo Eusko Jaurlaritzaren Urazandi bildumaren zati dira. NABOk proiektu horietan egindako lana errespetatzen du, eta lan horren garrantzia balioesten. 2013an, NABOk adierazi zuen ezinbestekoa zela bere gidaritzapean ahozko historia biltzeko proiektu bat lantzen hastea, NABOri atxikitako elkarteen proiektuetatik harago joango zena. NABOk bilduko zituen ahozko historiak, gordetzeko eta etorkizuneko proiektu eta ikerlanetan erabiltzeko. Horretarako, Historia Batzorde bat eratu zen, NABO osatzen duten elkarteetan oinarritutako elkarrizketatzaile-sare bat sortzeko helburuarekin. Elkarte horiek beren komunitateetan nor elkarrizketatu identifikatu behar zuten (ez kideak soilik). Ez dago lehentasun-irizpiderik, adineko pertsonei elkarrizketak egiteaz beste; izan ere, adina dela-eta, haien historiak galtzeko arriskua are larriagoa da. NABO, Estatu Batuetara eta Kanadara emigratutako euskaldunak ez ezik, herrialdean jaiotako euskal emigranteen ondorengoak ere elkarrizketatzen saiatzen ari da. Elkarrizketatuak aukeratzen duen hizkuntzan egingo dira elkarrizketak.

NABOren proiektu zabal horren testuinguruan, Deustuko Unibertsitateko Pedro J. Oiarzabal doktoreak ideia eta ildo batzuk proposatu zituen, euskal komunitateetan oinarritutako herrialde osoko proiektu bat bultzatzeko.

Hortaz, kontuan hartuta, batetik, Eusko Jaurlaritzak Urazandi programaren bidez egindako lan handia, eta, bestetik, NABOk bere elkarteen, komunitateen eta banakoen oinordetza baliotsua gordetzeko duen interes bizia, Oizarzabal doktoreak «Memoria Bizia (Urazandi III): euskal diasporaren oinordetza biziari buruzko proiektua» diseinatu zuen; proiektu horrek Estatu Batuetako eta Kanadako euskal komunitateak ditu jomugan. Ikerketa-proiektu horren helburua da behar bezala biltzea, gordetzea eta zabaltzea jaioterria utzi zuten emigratzaile edo erbesteratu euskaldun adindunen ahozko oroipenak eta lekukotzak, bai eta kokalekutzat hartutako herrialdean jaiotako haien ondorengoen lekukotzak ere. Ikerketa-metodo nagusia da lehenbailehen ahozko historiak biltzeko elkarrizketak egitea. Elkarrizketa horiek jendaurreko biltegi batean zentralizatuko dira, elkarrizketak epe luzera gordetzeko beharrezko baldintzak betetzen dituen liburutegi batean. Elkarrizketen bidez osatzen den datu-basea behar bezala erabiliko dela zainduko du NABOK, berez nahi baitu bere kideen memoria modu etikoan tratatzea.

Hitzarmen honen bidez, helburu horiek sendotu nahi dira, bai eta aurrera jo ere. Hori guztia aurreko paragrafoan aipatutako proiektuaren esparruan egingo da, eta «Jon Bilbao Visiting Research Fellowship of the Basque Diaspora» ikerketa-bekaren bidez bideratuko. Etxepare Euskal Institutuak eta Nevada-Renoko Unibertsitateko Euskal Ikasketen Zentroak kudeatzen dute beka hori.

Etxepare Euskal Institutua / Basque Institute sortzen eta arautzen duen apirilaren 20ko 3/2007 Legearen arabera eta Etxepare Euskal Institutua / Basque Instituteren antolakuntza- eta jarduera-araudia onartzen duen maiatzaren 13ko 88/2008 Dekretuaren arabera, Etxepare Euskal Institutuari dagokio euskara eta euskal kultura Euskal Autonomia Erkidegotik kanpora sustatzeko, zabaltzeko eta ikusarazteko ekintzak egitea, hizkuntza ofizialetako edozein erabiliz, eta edozein adierazpen, euskarri, bitarteko eta adierazpide baliatuz.

Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiak helburutzat du, besteak beste, nazioarteko erakundeekin harreman aldeaniztunak sustatzea eta atzerrian Euskadiri buruzko ezagutza zabaltzea. Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiari atxikitako Kanpoko Euskal Komunitatearen Zuzendaritzaren helburu nagusia da kanpoko euskal komunitateekin eta haien erakundeekin harremanak estutzea. Bereziki, haren eginkizunetako bat da euskal emigrazioaren memoria historikoa biltzen laguntzeko ekintzak bultzatzea.

North American Basque Organizations, Inc. (NABO) elkartea Estatu Batuetako eta Kanadako euskal elkarteen federazio bat da. Helburu batek biltzen ditu elkarte horiek: euskal kultura sustatzea. NABOren helburu nagusia da euskaldunen interes historikoak, kulturalak eta sozialak gordetzea, babestea eta sustatzea Estatu Batuetan eta Kanadan. NABOren eginkizuna da ekintzak eta ekitaldiak babestea banako elkarteen esparrutik harago, bai eta amerikar euskaldunen eta Euskadiren arteko trukeak sustatzea ere.

Etxepare Euskal Institutuak Oiarzabal doktorea proposatu du 2014tik 2015era bitartean ikertzaile-lanetan aritzeko. Oiarzabal doktoreak Deustuko Unibertsitatean egiten du lan, eta Deustuko Unibertsitateari bereziki interesatzen zaizkio interdependentzia, baliabideen banaketa, emigrazioa, giza eskubideak, garapena, pobrezia eta ingurumena, etika eta gizartea. Hainbat nazioarteko talde ari dira ikerketak egiten kultura-nortasun indibidualari eta kolektiboari buruz eta Europan integratzeko prozesuei buruz. Deustuko Unibertsitateak ekintza garrantzitsuak egiten ditu nazioarteratzearen arloan, eta konpromiso argia du Europarekin eta Latinoamerikarekin (ez ditu beste eskualde batzuk baztertzen). Deustuko Unibertsitateak berrehun erakunde baino gehiagorekin izenpetu ditu lankidetza-hitzarmenak.

Horiek horrela, hemen elkar hartu duten alde guztiek ahaleginak batu nahi dituzte, batera bultzatzeko euskal diasporari buruzko ikerketa, hemen hitzartzen diren baldintzen eta norainokoaren arabera.

Horrenbestez, bakoitzak dituen eskumenei eta ezarritako prozedurari jarraituz, aldeek elkarri aitortu diote behar adinako lege-gaitasuna dutela hitzarmen hau izenpetzeko. Hitzarmenak klausula hauek ditu:

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Hitzarmenaren helburua.

Hitzarmen honen helburua da Estatu Batuetan eta Kanadan euskal emigrazioaren memoria historikoa biltzen laguntzeko ekintzak gauzatzeko metodologia eta lankidetzaren norainokoa ezartzea, dokumentu honen eranskinean agertzen den laneko planaren arabera.

Bigarrena.– Erreferentzia-esparrua eta ikerketa-proiektua.

Hitzarmen honen helburua lortze aldera egin beharreko ekintzak indarreko proiektu honetan sartzen dira: «Memoria Bizia (Urazandi III): euskal diasporaren oinordetza biziari buruzko proiektua, 2014-2016. Ameriketako Estatu Batuak eta Kanada».

Proiektua ikerketa-beka honen bidez bideratuko da: «Jon Bilbao Visiting Research Fellowship of the Basque Diaspora». Etxepare Euskal Institutuaren eta Nevada-Renoko Unibertsitatearen izenean diharduen Nevadako Goi Mailako Hezkuntza Sistemaren Kontseilu Errektorearen arteko lankidetzari esker sortu zen beka hori.

Hirugarrena.– Proiektuan inplikatutako aldeen ekarpenak.

Proiektuan lankidetzan diharduten erakundeen ekarpenak, hain zuzen ere, proiektuaren lehenengo urterako, hots, 2014tik 2015era arteko urterako berariazko ekarpenak dira.

Proiektuaren bigarren egikaritze-urterako, hots, 2015etik 2016era arteko urterako berariazko ekarpenei dagokienez, erakundeek aukera izango dute ekarpen horiek hitzartzeko, kontuan hartuta ikertzaile edo fellow deritzonaren gomendioak, lehen urtean zenbateraino bete diren helburuak, bigarren urteko premiak eta aurrekontu-xedapenak.

1.– Etxepare Euskal Institutuaren ekarpenak.

Etxepare Euskal Institutuak Deustuko Unibertsitateari atxikitako ikertzaile aditu bat aukeratu du Euskadin. Ikerketa-proiektu batean oinarrituta, Etxepare Euskal Institutuak gaur egungo beka bigarren urtez berritzea proposatu ahalko du; horretarako, irizpidetzat hartuko du proiektuaren bilakaera eta ebaluazioa ona izatea.

Hitzarmen hau luzatzen bada eta Etxepare Euskal Institutuak ikertzaile adituaren beka 2015-2016rako berritzea proposatzen badu, proposamen hori Nevada-Renoko Unibertsitateko Euskal Ikasketen Zentroko zuzendarikideei igorriko zaie; zuzendarikideek eskubidea dute proposamen hori onartzeko edo ez onartzeko.

Institutu horrek 5.000 euroko ekarpena egingo du 2014-2015 ikasturterako, ikerketa-proiekturako.

2.– Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiaren ekarpenak.

Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiak, Kanpoko Euskal Komunitatearen Zuzendaritzaren bidez, 8.000 euroko ekarpena egingo du 2014-2015 ikasturterako.

3.– North American Baque Organizations, Inc. elkartearen ekarpenak.

NABOk 7.200 euroko ekarpena egingo du 2014-2015 ikasturterako.

4.– Deustuko Unibertsitatearen ekarpenak.

Deustuko Unibertsitateak 7.920 euroko ekarpena egingo du 2014-2015 ikasturterako.

5.– Hitzarmenaren kudeaketaren kontrola.

Hitzarmen honetan parte hartzen duten erakundeek 2014ko abenduaren 31 baino lehenago egingo dituzte 2014-2015 ikasturterako ekarpenak, Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiak izan ezik. Idazkaritza horrek 4.000 euroko ekarpena egingo du 2015ean, hitzarmenaren indarraldiaren barruan, laugarren klausulan ezarritakoaren arabera.

Etxepare Euskal Institutuak koordinatuko du hitzarmena, eta hari bidali beharko zaizkio 2014-2015 ikasturterako ordaindutako zenbatekoen justifikazioak, 2015eko abenduaren 31 baino lehenago, Jarraipen Batzordeari esleitutako kontrol-eskumenak gorabehera.

Justifikazio guztiak egiteko, jatorrizko fakturak edo horien fotokopia konpultsatuak aurkeztuko dira. Bertan, ordainketak hitzarmen honen helburuari zuzen egokitu direla egiaztatuko da.

Laugarrena.– Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiaren ekarpenak ordaintzeko modua.

Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiak, Kanpoko Euskal Komunitatearen Zuzendaritzaren bidez, 8.000 euro ordainduko dizkio NABOri; kopuru hori izango da idazkaritza horren ekarpena. NABOren erantzukizuna izango da zenbateko hori kudeatzea eta Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiaren aurrean justifikatzea. Idazkaritza horrek Etxepare Euskal Institutuari bidaliko dio justifikazioa.

Zenbateko hori honela ordainduko da:

Lehenengo ordainketa, 4.000 eurokoa, hitzarmen hau formalizatzean.

Bigarren ordainketa, 4.000 eurokoa, 2015eko ekitaldian zehar, hitzarmen honen indarraldiaren barruan, Jarraipen Batzordeak behar bezala onartu ondoren laneko planean zehaztutako ekintzak.

Bosgarrena.– Lankidetzaren ikusgaitasuna eta irudi korporatiboaren eta logoen erabilera.

Ahal den heinean, ikerlan honen ondorioz sortzen diren dokumentu eta argitalpen guztiek izan beharko dituzte hitzarmen hau izenpetu duten aldeen logo korporatiboak, eta, horretaz gainera, erakunde izenpetzaileak aipatu beharko dituzte.

Ikertzailearen eta atxikitako ikerketa-taldearen jendaurreko aurkezpen guztietan ere aipatu beharko dira hitzarmen hau izenpetu duten erakundeak.

Seigarrena.– Bateragarritasuna beste diru-laguntza batzuekin.

Edozein arrazoi dela-eta proiektua gainfinantzatuko balitz, hitzarmena izenpetu duten aldeen ekarpenak proportzionalki murriztuko dira dagokion partidan eta kopuruan, gainfinantzaketa hori gerta ez dadin.

Zazpigarrena.– Hitzarmenaren Jarraipen Batzordea.

1.– Hitzarmenaren jarraipena egiteko, bai eta hura behar bezala interpretatzeko eta izan daitezkeen zalantzak argitzeko ere, Jarraipen Batzorde bat sortu da.

Batzordeak hitzarmenaren jarraipena egingo du, hitzarmenaren helburuak betetzen direla egiaztatzeko eta helburu horiek bete daitezen bultzatzeko.

2.– Hauexek izango dira Jarraipen Batzordeko kideak:

a) Etxepare Euskal Institutuko Euskararen Sustapen eta Hedapenerako zuzendaria, edo hark eskuordetzen duena.

b) Kanpoko Euskal Komunitatearen zuzendaria, edo hark eskuordetzen duena.

c) NABOko zuzendaria, edo hark eskuordetzen duena.

d) Deustuko Unibertsitateko Gizarte eta Giza Zientzien Fakultateko dekanoa, edo hark eskuordetzen duena.

3.– Batzordea gutxienez urtean behin bilduko da, erakunde guztien jarduerak koordinatzeko, egindako jarduerak onesteko eta, hala badagokio, hitzarmena indarrean egongo den bigarren urteko laneko plana egiteko.

Zortzigarrena.– Ikerketaren emaitzak eta jabetza intelektualaren eskubideak.

Ikerketaren emaitzak argitaratu, Jarraipen Batzordeak zehazten duen formatuarekin, edukiarekin eta sarbide-mailarekin argitaratuko dira webgune hauetan: Etxepare Euskal Institutuaren webgunean, Center for Basque Studies zentroaren webgunean, ikertzailearen erakundearen webgunean eta webgune honetan: www.euskaletxeak.net

Aurkakoa esan ezean, ikertzaileari dagozkio egiten duen lanaren jabetza intelektualaren eskubideak.

Bederatzigarrena.– Hitzarmenaren hizkuntzak.

Hitzarmen hau euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez idatzi da, eta balio bera du hiru hizkuntzetako edozeinetan.

Hamargarrena.– Datuak babestea.

NABOk tratatuko ditu ikerketan biltzen diren datu pertsonalak, ikerketa egiten den herrialdeetan (Ameriketako Estatu Batuetan eta Kanadan) datu pertsonalak babesteari buruzko araudiak ezartzen duenaren arabera tratatu ere.

Hamaikagarrena.– Hitzarmenaren indarraldia, amaiera iragartzea eta luzapena.

1.– Hitzarmen hau aldeek izenpetzen dutenean sartuko da indarrean, eta indarrean egongo da 2015eko abuztuaren 31ra arte, baldin eta bertan behera uzteko arrazoi hauetakoren bat gertatzen ez bada:

a) Hitzarmenaren klausulak ez betetzea.

b) Aldeek bat etorrita hala erabakitzea.

2.– Edozein alderdik amaitutzat eman dezake hitzarmena, alde bakarretik. Horretarako, amaiera bi hilabete lehenago jakinarazi behar du gutxienez, idatziz. Amaiera gainerako alderdiei jakinaraziko zaie. Amaierak dagokion aldeari bakarrik eragingo dio. Hitzarmenaren amaiera iragartzeak ez du ekarriko onartutako laneko plana berehala bertan behera uztea; aitzitik, hasitako ekintzak amaitu egingo dira.

3.– Hitzarmen hau 2016ko abuztuaren 31ra arte luzatu ahalko da, aldeak bat etorriz gero; horretarako, beharrezkoa izango da aurrekontua izatea eta aldez aurretik dagokion baimenak jasotzea.

Ados daudela adierazteko eta hitzartutakoa jakinarazteko, aldeek dokumentu honen hamabi ale izenpetu dituzte (lau euskaraz, lau gaztelaniaz eta lau ingelesez), ondore bakarrarekin.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko azaroaren 13a.

Izpta.: Etxepare Euskal Institutua, Aitzpea Goenaga Mendiola, zuzendaria.

Izpta.: María Ángeles Elorza Zubiria, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia.

Izpta.: North American Basque Organizations, Valerie Etcharren Arrechea, zuzendaria.

Izpta.: Deustuko Unibertsitatea, José María Guibert Ucín, errektorea.

ERANSKINA: LANEKO PLANA

I.– PROIEKTUAREN FASEAK ETA KRONOGRAMA.

2014an zehar, proiektua abian jarriko da, eta elkarrizketak egingo dira, eta egindako ekintzen datu-baseak eta biltegiak sortuko.

1.– Bilerak.

1.1.– Proiektuaren zuzendaria Estatu Batuetako euskal kolektiboen kide nagusiekin eta kolektibo horien ordezkariekin bilduko da; horien artean daude NABO eta haren Historia Batzordea eta Boise-Idahoko Museoa eta Euskal Etxea.

1.2.– Kudeaketa-egitura zehaztuko da, eta lantaldeak sortuko dira: koordinatzaileak eta boluntarioak (taldeko bat Kanadan eta beste bat ekialdeko kostan, eta gainerakoak Estatu Batuetako mendebaldean). Eztabaida, koordinatzaileak eta boluntarioak (euskara eta bideo-grabaketak) izan daitezkeenak aukeratzeari buruzkoa. Eztabaida, biltegiei, protokoloei eta forma juridikoei buruzkoa.

1.3.– Finantzaketa-iturriei buruz eztabaidatuko da: The National Endowment for the Humanities (Gizaterientzako Funts Nazionala) eta funts pribatuak; eta NABO «Memoria Bizia Komunitate Funtsa» sortzeko aukera (esate baterako, http://www.baylor.edu/content/services/document.php/79844.pdf).

1.4.– Prestakuntza-lantegien ordutegia eta zuzendaritza-taldea. Komunikazio-prozedura.

2.– Proiektuaren egikaritzea: Datu-base zentrala eta biltegiak (ekaina-abuztua).

2.1.– Prestakuntza-lantegiak: Lantaldeak (koordinatzaileak eta boluntarioak).

2.2.– Elkarrizketatuen zerrenda sortzea.

2.3.– Ahozko historia biltzeko elkarrizketak hastea.

2.4.– Nevadako Unibertsitateko Euskal Liburutegiarekin bilera. Datu-base zentral bat eta biltegi ofizial bat sortzea: Materiala digitalizatzea (audio-elkarrizketak/bideo-artxiboak, betetako inprimakiak, beste material batzuk; elkarrizketak, laburpenak eta aurkibideak).

2.5.– «Memoria Bizia» proiektuaren proposamena, elkarrizketatuen argazkiak erakutsiz NABO Calendar 2015 delakoan.

2.6.– Ebaluazioa: lantaldeen sorrera eta lehenbiziko elkarrizketak.

3.– Ahozko historia biltzeko elkarrizketak egiten jarraitzea (abuztua-abendua).

3.1.– Kudeaketa-taldearen bilera (Fall, NABOren bilera, Rocklin, Kalifornia).

3.2.– Beste prestakuntza-lantegi batzuk, behar izanez gero: Lantaldeak (koordinatzaileak eta boluntarioak). Jende gehiago biltzea, behar izanez gero.

3.3.– Proiektuaren eta bilakaerari buruzko lehenbiziko txostenaren ebaluazioa (abendua).

II.– ALDEEN EKARPEN EKONOMIKOAK.

a) Etxepare Euskal Institutuaren ekarpena.

Etxepare Euskal Institutuak 5.000 euroko ekarpena egingo du 2014-2015 ikasturterako, ikerketa-proiekturako.

Zenbateko horrekin ordainduko da ikertzailearen bidaia (Europaren Ipar Amerikaren artean, Estatu batuak eta Kanada barne), ostatua eta mantenua atzerrian dagoen bitartean.

Orobat ordainduko dira zenbateko horrekin urtero zientzia-forum bat antolatzeak berekin dakartzan gastuak (udako ikastaro bat, mintegi bat, hitzaldi bat edo lantegi bat) edo, bestela, ikertzaileak forum akademiko batean parte hartuz gero, horrek berekin dakartzan gastuak.

b) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren ekarpena.

Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiak, Kanpoko Euskal Komunitatearen Zuzendaritzaren bidez, 8.000 euroko ekarpena egingo du 2014-2015 ikasturterako.

Zenbateko hori bi urterokotan ordainduko da: 4.000 euro 2014an, eta, gainerakoa, hots, 4.000 euro 2015ean.

Zenbateko horrekin ordainduko dira Estatu Batuetan eta Kanadan zeharreko bidaiak, ostatua eta mantenua, ikertzaileak Estatu Batuetan eta Kanadan ematen dituen prestakuntza-lantegiei lotuak.

c) North American Basque Organizations, Inc. elkartearen ekarpenak.

NABOk 7.200 euroko ekarpena egingo du 2014-2015 ikasturterako.

Zenbateko horrekin ordainduko da laguntzaileen grabaketa-ekipoaren kostua (1.800 x 4).

d) Deustuko Unibertsitatearen ekarpenak.

Deustuko Unibertsitateak 7.920 euroko ekarpena egingo du.

Zenbateko horrekin ordainduko dira ikertzailearen zerbitzuak.

III.– TXOSTENA, EKARPENEN ONDORIOZKO GASTUEN KUDEAKETARI BURUZKOA.

Hitzarmenaren erakunde kudeatzailea den aldetik, Etxepare Euskal Institutuak hitzarmena izenpetu duten alde guztiei igorriko die bekaren programaren gastu guztien balantzea, hitzarmenaren indarraldiari dagokiona, 2016ko urtarrilaren 31ren aurretik.

II. ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN URRIAREN 30EKO 43/2015 EBAZPENARENA
LANKIDETZA-HITZARMENA, EMAKUNDE-EMAKUMEAREN EUSKAL ERAKUNDEAREN ETA GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIAREN ARTEKOA, «BELDUR BARIK» EMAKUMEEN AURKAKO INDARKERIA PREBENITZEKO ERAKUNDEARTEKO KANPAINA GARATU ETA BATERA FINANTZATZEKOA

Vitoria-Gasteiz, 2015eko irailaren 29a.

BILDU DIRA:

Izaskun Landaida Larizgoitia andrea, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendaria.

Markel Olano Arrese jauna, Gipuzkoako ahaldun nagusia.

ESKU HARTU DUTE:

Izaskun Landaida Larizgoitia andreak, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko egitura organikoa eta funtzionala ezarri zuen urriaren 31ko 214/2006 Dekretuaren 17.2.f) artikuluari jarraikiz.

Markel Olano Arresek, foru administrazioaren izenean eta hura ordezkatuz, Gipuzkoako Foru Aldundiko erakunde, gobernu eta administrazio antolakuntzari buruzko uztailaren 12ko 6/2005 Foru Arauko 26.5.b) artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

HONAKO HAU AZALDU DUTE:

Lehenengoa.– Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundea sortzeari buruzko otsailaren 5eko 2/1988 Legearen 2. artikuluarekin bat etorriz, Erakundearen helburu nagusia da emakumeen eta gizonen artean berdintasuna lortzea –benetakoa eta eraginkorra–, Euskal Autonomia Erkidegoko politikagintza, ekonomia, kulturgintza eta gizartearen alor guztietan.

Aipatu legeko 3. artikuluko a), h) eta n) letretan ezartzen denez, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen funtzioak izango dira aipatu xedeak lortzeko jarraibideak egitea eta horiek euskal botere publikoek aplikatu ditzaten bultzatzea; eta aipatu botere publikoek garatzen dituzten jardun-programetatik emakumeen egoeran eta emakumeen eta gizonen berdintasunean eragina izan dezaketenak koordinatzeko neurriak bultzatzea. Halaber, hari dagokio herritarrak sentsibilizatzea, kasuan kasu egokitzat jotzen diren sentsibilizazio-, sustapen- eta zabalkunde-jarduerak eta -kanpainak eginez, herritarrak emakumeen eta gizonen berdintasunaren esanahiaz eta garrantziaz jabetu daitezen, bai eta hori lortzeko eta emakumeak ahalduntzeko lan egiteko premiaz ere.

Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean antzera arautu da gaia. Hala, bertako 5.e) artikuluari jarraikiz, hari dagokio euskal administrazioek emakumeen eta gizonen berdintasunari buruz egiten dituzten jarduketen arteko lankidetza bultzatzea, eta, artikulu bereko i) letraren arabera, baita emakumeen eta gizonen arteko desberdintasuneko egoerei buruz sentsibilizatzeko eta berdintasuna sustatzeko behar diren neurriei buruzko jarduerak ere, Euskal Autonomia Erkidego osorako eta Euskal Herria osorako era bateratuan egin behar direnean.

Horren haritik, Erakundearen helburuetako bat da administrazioen esku-hartzea indartzea eta bultzatzea alor hauetan: emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzeko esku hartzea eta sexuen arteko desberdintasunaren erakusgarririk larrienetakoan, esan nahi baita emakumeen aurkako indarkerian esku hartzea, hain zuzen ere.

Bestalde, Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuan xedatzen denez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu ziren eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatu ziren. Dekretu horren arabera, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeari dagokio genero-indarkeriaren biktimei laguntzeko politikak zuzentzea eta koordinatzea.

Bigarrena.– Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera (berdintasunari dagokionez foru administrazioek dauzkaten eskumenak ezarri dira bertan), Gipuzkoako Foru Aldundiari dagokio «sustapen neurriak ezartzea udalei eta gainerako toki erakundeei emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzera bideratutako programak eta jarduerak garatzeko baliabide materialak, ekonomikoak eta giza baliabideak hornitzeko». (6.h) artikulua).

Halaber, aipatu Legeko 6.f) artikuluaren arabera, bere lurralde esparruan, emakumeen eta gizonen arteko desberdintasuneko egoerei eta berdintasuna sustatzeko behar diren neurriei buruzko sentsibilizazio jarduerak egitea dagokio.

Hirugarrena.– Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek eta Eudel-Euskal Udalerrien Elkarteak 2009az dihardute elkarlanean gazteei zuzendutako genero-indarkeria prebenitzeko erakundearteko kanpaina bat garatzen, Beldur Barik leloaren pean.

Laugarrena.– 2014. urteko ekitaldiaz geroztik, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak, Eudelek eskatuta, bere gain hartu du Beldur Barik erakundearteko kanpaina kudeatzeko ardura. Kanpainan parte hartzen duten alderdi guztiak ados daude eta alde biko hitzarmenak sinatuz kudeatzea proposatu da.

Bosgarrena.– Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundea eta Gipuzkoako Foru Aldundia ados daude 2015ean Beldur Barik erakundearteko kanpaina garatzen laguntzeko eta, beraz, hitzarmen hau sinatzea adostu dute. Hitzarmena honako klausulak izango ditu:

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Xedea.

1.– Hitzarmen honen xedea Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren arteko lankidetza egituratzea da, gazteen artean indarkeria sexista prebenitzeko Beldur Barik erakundearteko kanpaina garatzeko.

Bigarrena.– Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen konpromisoak

1.– Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak konpromisoa hartzen du gaiari buruz daukan ezagutza eta eskarmentua jartzeko, baita honako konpromisoak ere:

a) Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lan plangintza bat aurkeztu eta adostea.

b) Ekintzen gauzapena garatzea eta haren jarraipena eta ebaluazioa egitea.

c) Aurreko idatz-zatian aipatutako konpromisoak betetzeko behar diren adina baliabide material eta giza baliabide jartzea.

d) Kontratazio-organoari eginkizunak egikaritzea.

e) Hitzarmen honetan aipatzen diren ekarpenak kudeatzea.

f) Urteko txostena egitea, aurreko idatz-zatian aipatutako konpromisoen arabera egindako lanari buruz. Halaber, hitzarmen honen xedea dela-eta eskatzen dioten adina informazio eta dokumentazio osagarri ematea Gipuzkoako Foru Aldundiari.

2.– Era berean, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak bere gain hartzen du Beldur Barik erakundearteko kanpainaren kostuaren zati bat finantzatzeko betebeharra, 2015ean gehienez 66.944 euro (hirurogeita sei mila bederatzi ehun eta berrogeita lau euro) jarriz. Zenbateko horrek, hiru foru aldundiek jartzea aurreikusita dagoen zatiarekin batera, mugatzen du «Beldur Barik programa diseinatu eta betearazteko», (05EMK/05S/2015), EHAAn argitaratu den kontratazio espedientearen lizitazioaren gehienezko aurrekontua.

3.– Azkenik, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak konpromisoa hartzen du ekimen hori bere web orriaren eta erakundearen beste hedabideen bidez zabaltzeko, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera sustatu duela agertuz. Horretarako, bi entitateen logotipoak agertuko dira.

Hirugarrena.– Gipuzkoako Foru Aldundiaren konpromisoak

1.– Gipuzkoako Foru Aldundiak bere gain hartzen du Beldur Barik erakundearteko kanpainaren kostuaren zati bat finantzatzeko, 2015. urtean gehienez ere 18.705,00 euro (hamazortzi mila zazpiehun eta bost euro) jarriz, Beldur Barik erakundearteko kanpainako laguntza teknikoa garatzeko.

2.– Gipuzkoako Foru Aldundiak konpromisoa hartzen du ekimena bere web orriaren eta erakundearen bestelako hedabideen bidez zabaltzeko. Horretarako, bi entitateen logotipoak agertuko dira.

3.– Gipuzkoako Foru Aldundiak ibilbide-orri bat ezarri eta han programaren esparruan garatzen dituen jarduketak jasoko ditu.

Laugarrena.– Ordaintzeko modua

Gipuzkoako Foru Aldundiaren ekarpena hitzarmena sinatutakoan egingo den ordainketa bakar baten bidez ordainduko da.

Bosgarrena.– Egiaztapena

Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak 2016ko otsailaren 28a baino lehen egiaztatuko du hitzartutako jarduerak egin direla, egindako jarduerak egiaztatzeko kontu bat aurkeztuz. Kontu horrek honakoak jasoko ditu:

– Bigarren klausulan adierazitakoari jarraituz, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak hartutako konpromisoak bete direla egiaztatzen duen jarduera-memoria.

– Diruz lagundutako jardueraren gastuen zerrenda sailkatua.

– Aurreko idatz-zatian aipatutako zerrendan jaso diren fakturak edo merkataritzako trafiko juridikoan froga-balio baliokidea edo eraginkortasun administratiboa duten gainerako agiriak (jatorrizkoak edo konpultsatuak) eta, hala badagokio, ordainketa egiaztatzeko agiriak.

– Diruz lagundutako jarduera finantzatu duten beste diru-sarrera edo diru-laguntza batzuen zerrenda. Zenbatekoa eta jatorria adierazi beharko dira.

Seigarrena.– Koordinazioa eta jarraipena

1.– Jarraipen Batzordeak koordinazio- eta jarraipen-lanak egingo ditu, hitzarmen honetan xedatua behar bezala egiten dela ziurtatzeko. Jarraipen Batzorde hori xede horrekin sortuko da, hain zuzen ere, eta Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak koordinatuko du. Zentzu horretan, beste eginkizun batzuen artean, burututako ekintzen gastuak behar bezala justifikatu direla egiaztatuko du.

2.– Jarraipen Batzorde horretan Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren ordezkariek parte hartuko dute. Bestalde, batzordera, aholkulari gisa, Berdinsareko -Berdintasunaren aldeko eta genero indarkeriaren aurkako euskal udal sarea- adituak eta ordezkari teknikoak gonbidatu ahalko dira, baita beste aditu batzuk ere.

3.– Emakundek programatutako jardueren jarraipena eta ebaluazioa egiteko bilerak deituko ditu.

Zazpigarrena.– Indarraldia.

Hitzarmen honen indarraldia sinatzen den unean hasiko da, eta 2015eko abenduaren 31n amaituko, nahiz eta hitzarmenaren kontura 2015eko urtarrilaren 1etik aurrera egindako jarduerak finantzatu daitezkeen.

Zortzigarrena.– Beste laguntza eta diru-laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Hitzarmen honen diru-laguntza bateragarria izango da xede bera duten beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuekin, edozein dela ere horiek eman dituen administrazioa edo erakundea (publikoa edo pribatua), izan Estatukoa, Europar Batasunekoa,edo nazioartekoa. Ezingo da inolaz ere gainfinantzaketarik gertatu.

Bederatzigarrena.– Hitzarmeneko baldintzak aldatzea eta beste laguntza batzuk jasotzea.

Lankidetza hitzarmena sinatzeko kontuan hartutako baldintzen aldaketa orok eta, edonola ere, Estatuko edo nazioarteko erakunde publiko edo pribatu baten edo beste administrazio batzuen diru-laguntza edo laguntzaren bat ere jasotzen bada, hitzarmena aldaraz dezake.

Hamargarrena.– Hitzarmena suntsitzea.

Hitzarmen hau indargabetuko da egoera hauetakoren bat gertatuz gero:

a) Sinatu duten alderdi biak ados daudenean; hilabete aurretik jakinarazi beharko da.

b) Aldeetako edozeinek bere konpromisoak ez betetzea.

Hamaikagarrena.– Itzulketa.

Hitzarmen hau betetzen ez bada edo emandako kopurua beste xede batzuetarako erabiltzen bada, diru-laguntza jasotzeko eskubidea guztiz edo zati batean galdutzat joko da eta hura osorik edo zati batean itzuli beharko da, hari dagozkion berandutza interesekin batera, Gipuzkoako Lurralde Historikoko diru-laguntzei buruzko martxoaren 27ko 3/2007 Foru Arauko 35. artikuluan eta apirilaren 29ko 24/2008 Foru Dekretuaren bidez onartutako haren garapeneko araudiko 63. eta hurrengo artikuluetan xedatutakoari jarraituz.

Hamabigarrena.– Hitzarmenaren izaera.

Hitzarmen hau administrazioaren arlokoa da. Beraz, azken instantzian, administrazioarekiko auzietako epaitegi eskudunek aztertuko eta ebatziko dituzte hitzarmen hau dela-eta sortzen diren auziak.

Hamahirugarrena.– Datu pertsonalen babesa.

Alderdiek adierazten dute ezagutzen dituztela Datu Pertsonalak babesteari buruzko 15/1999 Legeari buruzko xedapenak, eta konpromisoa hartzen dute lege horretan aurreikusitako betekizunak konplitzeko, hitzarmen hau dela-eta dauzkaten erabiltzaileen datuei dagokienez.

Eta, hitzarmen honetan ezarritakoarekin bat datozela adierazteko, hala jasota gera dadin eta dagozkion ondorioak izan ditzan, jarraian agertzen direnek honelako hiru ale sinatu dituzte, jatorrizkoak, idazpuruan adierazitako lekuan eta egunean:

Emakunde-Emakumearen Euskal Erakunderen aldetik, zuzendaria,

Izaskun Landaida Larizgoiti.

Gipuzkoako Foru Aldunditik, Gipuzkoako ahaldun nagusia,

Markel Olano Arrese.

III. ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN URRIAREN 30EKO 43/2015 EBAZPENARENA
SCOTTISH CENTRE FOR TELEHEALTH AND TELECARE (SCTT) ZENTROAREKIN SINATUTAKO AKORDIORAKO MEMORANDUMA. EUSKO JAURLARITZAREN ETA ESKOZIAREN ARTEAN LANKIDETZAN, ELKARLANEAN ETA ESKUALDEEN ARTEKO EZAGUTZA TRUKAKETAN AURRERA EGITEA DA HELBURUA

1.– SARRERA.

1.1.– Elkar Ulertzeko Memoradum honek (EUM) jokaleku adostu bat mugatzen digu Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari eta Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailari eta NHS Scotlandi (aurrerantzean, partaideak); jokaleku bat, bi alderdion interesekoak diren hainbat gaitan elkarrekin lan egiteko.

1.2.– Eusko Jaurlaritzak «Osasuna politika guztietan» kontzeptuari heldu dio, herritarren osasuna hobetzeko tresna gisa, baina ez arretari dagokionean soilik, baita osasuna sustatzeko eta gaixotasunari aurre egiteko ere. Gainera, Arreta Soziosanitarioko Euskal Kontseilua sortu dugu, eta hainbat estrategia-lerro soziosanitario ere zehaztu dugu 2013-2016 bitarterako. Testuinguru horretan, bereziki garrantzitsua da arreta soziala eta sanitarioa eskaintzea eta ondo koordinatzea, amaierara arte iritsiko dela bermatzeko. Eusko Jaurlaritza, hortaz, bere bi sail bitarteko hartuta dago memorandum honetara atxikia: Osasun Saila, osasun-arloko erantzukizunak dituena (baita osasun publikoa ere), eta Enplegu eta Gizarte Politiketako Saila, zeinaren esku baitago gizarte-zerbitzuen ardura eta egoerarik ahulenean direnen arreta integralaren ardura.

1.3.– NHS Scotlanden aldetik, berriz, Scottish Centre for Telehealth and Telecare izango da memoranduma garatzeko arduraduna. Scottish Centre for Telehealth and Telecare (SCTT) Eskoziako Gobernuak sortu zuen, laguntzaile eta bide-erakusle izan zedin teleosasunaren eta teleasistentziaren garapenean, Eskozian. Horretarako, lankidetzan aritzen da Joint Improvement Teamekin, COSLArekin eta Eskoziako Gobernuko Osasun eta Asistentzia Sozialeko Zuzendaritzarekin, alderdi interesdunei laguntasuna eta aholkua eskainiz eta teknologia berriek ekar ditzaketen onurak ebaluatzen lagunduz; horrela, teleosasunean eta teleasistentzian, Eskozia mundu osoan denen aurretik jartzearren. SCTT da NHS Eskoziak Europan duen ordezkaria, eta NHS24ren parte ere bada. NHS24 osasun-arloko kontseilu berezi bat da, Eskoziako Gobernuak Eskoziarako sortua, teleosasunerako eta teleasistentziarako antolakunde nazional gisara. SCTT da lehendakari-lanak egiten dituena Digital Health and Care Innovation Partnership Board delakoan (osasunaren eta asistentzia digitalaren berrikuntzarako lankidetza-kontseilua), eta Teleosasunerako eta Teleasistentziarako Nazio Kontseilu Aholkuemailearen menpe dago.

1.4.– Ikus ditzagun definizio batzuk, memorandum honetan denontzat berdin balio dutenak:

Osasun eta gizarte-asistentzia integratuak: Osasun-zerbitzuak eta gizarte-asistentziako zerbitzuak estrategikoki planifikatzea, martxan jartzea, finantzatzea eta eskaintzea; zertarako Herritarrek, jarraian-jarraian, prebentziorako, sendatzeko eta laguntzeko hainbat zerbitzu jaso dezaten, denboran zehar dauzkaten premien arabera, eta osasun-sistemako eta gizarte-asistentziarako sistemako hainbat mailatan.

Teleosasuna, Teleasistentzia eta Osasun Elektronikoa: Osasun-arloko eta gizarte-asistentziaren arloko prozesuetan, zerbitzuetan eta produktuetan informazio eta komunikazioko teknologiak erabiltzea, herritarren osasuna hobetzearren, osasun-zerbitzuak efizientzia eta produktibitate handiagoz eskaintzearren eta osasunaren eta zaintza-lanaren balio sozioekonomikoa garatzearren.

Osasun digitala edo konektatua: Laguntza emateko modu bat da, teknologia erabiltzen duena osasun-asistentzia urrunetik eskaintzeko. Hainbat arlo ukitzen du, hala nola, teleosasuna eta teleasistentzia, urruneko laguntza –adibidez, gaixoaren jarraipena hura etxean dagola egitea–, gaixotasunen eta bizitzeko moduen tratamendua, on-line zerbitzuak, datuak eta telefono mugikorretarako teknologiak.

Espezializazio adimentsua: Prozesu ekintzailea, balio duena deskubritzeko ea eskualde jakin batek, zientziaren eta teknologiaren alderdi zehatz batean espezializatuz, zein esparru izan dezakeen onuragarri. Espezializazio adimentsurako estrategiek zein helburu izan behar duten ere badakigu: ikustea ea zein esparru zaigun abantailatsuena eskualde arteko lehian, eta esparru horretako baliabideetan zentratzea, esate baterako, klusterrak, arlo-arteko gaur egungo jarduerak, eko-berrikuntza, balio handiko merkatuak edo ikerketa-arlo zehatzak. Garbi dago, beraz, zer egin behar den: baliabide batzuetan oinarritu, lehiarako abantailak aukeratu, eskualdeko eragileekin elkartu, eta eskualdeko baliabideak etorkizun-ikusmolde garbi baten inguruan bildu.

Medikuntza estratifikatua, pertsonalizatua edo prezisiokoa: Memorandum honi dagokionean, gaixotasunak zehatzago ulertzeko eta diagnostikatzeko modu bat deskribatzen du, gaixoei «bana-banako» tratamendu gehiago aplikatzeko modu bat, bakoitzaren ezaugarriak ezagutzetik abiatuta.

Big Data: Bada datu-bolumen handi bat (datu egituratuak eta egituratu gabeak), betiko edo ohiko teknikak erabiliz prozesatu ezin dena, baina, osasun-arloan aztertuz gero, osasun-laguntza hobea emateko lagungarria izan daitekeena. Horixe da.

2.– OINARRIAK.

2.1.– Gizarte- eta osasun-laguntzaren arloan, partaideek aitortzen dute beste eredu bat sortzeko premia dagoela, konplexutasun- eta zahartze-arazoak iraunkorki konpontzeko bidea emango diguna. Aitortzen da orobat Euskadiko eta Eskoziako herritar guztiei bermatu behar zaiela zerbitzuetara ekitatez iristeko bidea. Berrikuntza teknologikoa gurera ekartzea errazteaz batera, eta estandar sendoak eta irmoak erabiliz ebidentziarako, gardentasunerako eta kontuak emateko, gara daitezke, bai, prestazio-eredu berriak. Baina funtsezkoa izango da lankidetza hobea lortzea eragile publiko eta pribatuen artean eta aginte publiko eta eskualdeen artean, eta herritarrekiko koprodukzio eraginkorra lortzea. Horrela, lankidetzan jardunda, herritarrentzako produktuak, laguntza-bideak eta zerbitzuak sortu ahal izango dira, errentagarritasun handiagoarekin eta senda-neurriak lasterrago hartzeko moduan.

2.2.– Partaideek aitortzen dute badagoela teknologiak erabiltzeko premia, bi gauza hauek lortzeko: datuetatik ezaguera erauztea; eta datuen traslazioa egitea; hartara, proiektu arrakastatsuak mamitu eta medikuntza estratifikatuaren moduko paradigmak ekartzeko gurera.

2.3.– Nahiz eta jakin memorandum hau berez zertarako den, alegia, osasun-zerbitzuak eta laguntza-zerbitzuak teknologiaz baliatuta eskaintzearekin zerikusia duten kontuetan elkarri laguntzeko –batez ere, osasun digitalean aurrera egitea, eta berrikuntza erabiliz ekonomiari hazten laguntzea– eta berrikuntza biomedikoan elkarri laguntzeko, partaideek onartzen dute badirela beste gai batzuk ere bion interesekoak eta bion eskumenpeko beste helburu batzuk lortzeko lagungarriak, eta ez dagoela eragozpenik beste gai horietan ere lankidetzan jarduteko.

2.4.– Memorandum hau bitarteko, gure asmoa da harremanak sendotzea eta bion intereseko esparruetan hartu-eman berriak sortzea. Memoradum honen esparruan sartzen den jarduera oro elkarrekin egingo dugu eta bion onerako.

2.5.– Lanerako argi-bide izango dituzten printzipio nagusiak ere onartu dituzte partaideek: zintzotasuna, batera-sorkuntza (bidea batera adostea; eta, balioa sortze aldera, baliabideak eta gaitasunak konbinatzea eta berritzea, elkarri eragiteko modu, zerbitzu eta ikasteko baliabide berriak erabiliz) eta inklusioa.

3.– HELBURU ERKIDEA.

3.1.– Partaideen nahia da Eusko Jaurlaritzaren eta Eskoziako Gobernuaren artean lankidetzan, laguntasunean eta ezaguera-trukaketan aurrera egitea, gai hauetan:

i) Berrikuntza eta, osasunaren eta gizarte-zerbitzuen arloan, IKTetan oinarriturik, zerbitzu integratuak eskaintzeko eredu bat ematea, herritarren onurarako.

ii) Osasun-arloan, konponbide digitalak edo konektatuak garatzea, herritarren eta gaixoen osasuna, arreta eta ongizatea hobetze aldera.

iii) Bion intereseko esparruetan batez ere, espezializazio adimentsurako estrategia bat garatzea, adibidez osasun digitalean eta behetik gora datozen beste arlo batzuetan.

iv) Ikerketa eta berrikuntza, bai zahartze aktiboarekin eta bizimodu osasuntsuarekin zerikusia duten esparruetan, bai eta big data eta medikuntza estratigrafikoaren arloetan ere.

3.2.– Partaideek onartu dute ezen hasieran gai jakin batzuk jorratuko dituztela batez ere. Horretarako, sistema hau bultzatu duten indarrak zein diren aitortu dute, hala nola aldaketa demografikoa –jendartearen zahartzea baitakar–; gaixotasun kronikoen eta morbilitate anizkoitzaren prebalentziak gora egin izana; teknologietan oinarritutako osasun-laguntzak onarpen handiagoa izatea; eta integrazioa eta informazio-trukaketa handiagotu beharra osasun-sisteman eta gizarte-laguntza-sistema osoan, zerbitzu jarraitua eskaintzeko egunean 24 orduz astean 7 egunez. Hona hemen lehen gai horiek:

i) Konponbide teknologikoen laguntza darabilten zerbitzuak sustatzea erabiltzaileentzat. Konponbide teknologiko jakin batzuk ditugu gogoan batez ere, alegia, onuragarriak direnak bizimodu osasuntsu, prebentzio, zahartze aktibo eta osasuntsu eta gaixotasun luzeen tratamendurako, morbilitate anizkoitzak eta buruko osasuna barne.

ii) eredu sanitarioak eta gizarte-laguntzako ereduak eraldatzea, eta baita lan-metodoak ere. Osasun-zerbitzuak eta gizarte-laguntzako zerbitzuak beste era batera diseinatze aldera, gure proposamena da ikerketa- eta berrikuntza-jarduerak elkarrekin gauzatzea; zertarako Eskariaren eta gaitasunaren erronkei erantzuteko orduan, osasun-konponbide digitalen erabilera egokia eta poblazio-arriskuen estratifikaziorako tresnen garapena baliatzeko.

iii) «Lan-eredu birtual» berrietan aztarka eginez, herritarra ahalduntzea, bere zaintza aukeratu eta kontrolatu ahal izan dezan. Kontua da, azken batean, erabiltzailearen parte hartzea erraztea, eta elkarreragin handiagoa izatea herritarren eta profesionalen artean (osasun- eta gizarte-arlokoak), eta osasun- eta gizarte-arloko profesionalen artean. Gainera, lagundu behar dugu herritarra ahalduntzen ez soilik bere gaixotasunaren kudeaketan parte hartu dezan, baizik eta, bere buruaren zaintzan ere, benetako laguntza-emaile izan dadin, eta baliteke, horretarako, laguntasuna behar izatea: zaintzaile informal bat eta/edo erkidegoko sareak eta/edo egoera berean bizi diren beste pertsona batzuk.

iv) Miatzea ea espezializazio adimentsuak zer eman dezakeen, batez ere -baina ez soilik- gizarte-laguntzan eta osasun digitalean. Bi gauza: identifikatzea ea zertan nola aritu gaitezkeen lankidetzan, asistentziaren eta osasun digitalaren berrikuntza lortzeko, gaur egungo indarguneetan oinarrituz eta eragile nagusiak elkartuz: mundu akademikoa, zerbitzuak eskaintzen dituzten erakundeak, industria, herritarrak, zaintzaileak eta abar. Horrela, jarduera berriztatzaile berriak garatuko dira, konponbide errealetan oinarrituta eta benetako arazoak konpontzeko. Gobernamendua baliatuta eta prozesuan zehar ebaluaketa-irizpide sendoak erabilita, inbertsioa adimenez bideratuko da eta konponbide eraginkorrak bultzatuko ditugu, garbi jakinik zein premia sanitario eta soziosanitario dituzten Europak eta beste lurralde batzuek. Jarduera horiek enplegua eta aberastasuna sortzeko ere balioko dute, jakinekoa baita adierazle ekonomiko horiek ongizatea sortzen dutela herritarren artean.

v) Ikerketarako eta berrikuntzarako esparruetan miatzea. Kontua ezaguera sortzea edo lortzea da, eta, gero, emaitzen translaziorako eta inplementaziorako baliabide egokiak erabiliz, ea erdiesten dugun, ezaguera horren bidez, sistema sozialak eta sanitarioak herritarra hobeto diagnostikatzea, tratatzea edo zaintzea. Aldi berean, garapen sozioekonomikoan ere lagunduko dugu.

3.3.– Partaideek onartzen dute memorandumak ez dakarrela legez loteslea den konpromisorik edo betebeharrik.

4.– LANTALDE BATERATUA.

4.1.– Partaideek lantalde bateratu bat sortuko dute, memorandum honen praktikan jartzea ikuskatzeko. Bi partaideen ordezkariak eta partaide bakoitzeko koordinatzaile bat arituko dira lantalde bateratuan.

4.2.– Hona hemen lantalde bateratuaren erantzukizun nagusiak:

i) eskualde arteko memorandum honetatik sortzen diren neurriak martxan jartzea;

ii) lehentasunak identifikatzea eta lankidetzan aritzeko proiektuak eta proposamenak ebaluatzea;

iii) jardun-plan bat onartuko dela bermatzea eta haren exekuzioa ikuskatuko dela bermatzea (gutxienez urtean behin errebisatu beharko da); eta,

iv) zerbitzuak lekuan leku eman behar direnez, bermatzea ezaguera-trukaketa maila horretara egokituko dela.

4.3.– Lantalde Bateratua formalki urtean behin batuko da (aurrez aurre edo birtualki), aurrerapenak eta proiektu izan daitezkeenak aztertzeko. Beharrezkoa bada, bilera gehiago ere egin daiteke. Azpitalderik ere sor daiteke, gai bereziki interesgarriak aztertzeko. Dena delako gai horretako adituek osatu beharko dituzte azpitalde horiek.

5.– JARDUERA NAGUSIAK - JARDUN-PLANA.

5.1.– Partaideek aitortzen dute osasun-arloa eta gizarte-laguntza etengabe ari direla eraldatzen eta, hortaz, antolakuntzan eta langile-arloan ere aldaketa asko eta asko egin beharko direla, aldaketa teknologikoetara egokituko bagara. Horra hor, adibidez, zer egin dugun osasun-arlo eta gizarte-laguntza integratuagoak garatzearekin zerikusia duten rol eta gaitasun profesional berriak ekartzeko. Esperientzia horiek beste batzuekin trukatuko ditugu, esate baterako, partaide-sareko beste antolakunde eta bazkide batzuen esperientzia eta ikusi-ikasiekin.

5.2.– Jarduera zehatzak jardun-plan batean jasoko ditugu. Plan hori adostua izango da eta gutxienez urtean behin eguneratu beharko da. Memorandum honek dakartzan jardueren artetik, aipa dezagun zer-nolako lankidetza dakarren osasun elektronikoko / osasun mugikorreko klusterren eta Euskadiko eta Eskoziako gainerako ekosistemen artean, betiere, bien garapena eta berrikuntza teknologikoa sustatzeko eta errazteko, eta, horrela, osasun-sistema eta gizarte-laguntzarako sistema eraldatu ahal izateko.

5.3.– Beste jarduera batzuk ere egin daitezke, laguntza modura; adibidez:

i) Lehentasunezko gaietarako garrantzirik baldin badu, abian ditugun jarduerei buruzko informazioa trukatzea, besteak beste erakunde hauen artean: Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila eta Enplegu eta Gizarte Politiketako Saila, Osakidetza eta antzeko beste erakunde batzuk eta Eskoziako Gobernuko Osasun eta Gizarte Laguntzako Zuzendaritza, Batera Hobetzeko Lankidetza Kontseilua, NHS24, SCTT, Digital Health Institute (Osasun Digitalerako Institutua) eta Eskoziak berrikuntzarako dituen beste zentro batzuk. Hainbat baliabide erabil daiteke informazio hori trukatzeko, baina betiere, parte-hartzaileentzat erabilgarriak eta trukaketarako eraginkorrak izatekotan.

ii) Ordezkaritzak eta adituak trukatzea. Partaideen oniritziarekin aukeratuko dira.

iii) Batera antolatutako bilerak, jardunaldiak, tailerrak eta/edo mintegiak eta ikas-bisitak.

iv) Zahartze aktibo eta osasuntsuaren esparruaren berrikuntzan lankidetzan aritzeko Europar Batasuneko konpromisoek eta erreferentziazko lekuek eskatu bezala, neurri zehatzen garapenean koordinatzea / EBren beste ekimen eta programa batzuetako proiektuetan batera parte hartzea.

v) Antzeko erronkak dauzkaten beste herrialde eta eskualde europarrekin batera, bikaintasun-sare bat sustatzea, osasun-arloko eta gizarte-laguntzako eredu integratu edo koordinatuen inguruan; eta dagoeneko josita dauden nazioarteko sare eta lankidetzetan ere parte hartzea.

vi) Beste gai bat ikerketa eta garapena -eta baita saiakera klinikoak ere- finantzatzeko proposamenak dira. Proposamen horiek egiteko elkarreraginik gertatzen baldin bada eskualde bietako erakunde akademiko, enpresarial, sanitario eta gizarte-laguntzakoen artean eta ikerketa-institutuen artean, lagun daiteke.

5.4.– Jarduera horiek denak Lantalde Bateratuak ikuskatuko ditu (4. puntuan azaldu dugu). Jarduera horiek oinarri hauek ere izango dituzte:

i) Ikasketa Sareak eskainiko dira. Sareotan, dagozkien profesional-taldeek parte hartuko dute. Nabarmenenak:

● Lidergo profesionala eta laneko erekudeekiko inplikazioa;

● Ideiak eta esperientziak partekatzeko profesional-taldeak.

ii) Lidergorako eta aldaketa kudeatzeko ereduak eskaintzea.

6.– EUROPA-MAILAKO EKIMENAK.

6.1.– Partaideek uste dute funtsezkoa dela ekimen europarretan parte hartzea, eta biek batera hartzea parte. Horretarako, partaideek agintzen dute:

i) Beste eredu koordinatuago bat eskainiko dutela Europar Batasunak bion interesekoak diren gaietan diseinatzen dituen tresna operatiboak eta finantzarioak erabiltzeko. Gai horietako batzuk: 2020 Horizontea; Teknologia eta Berrikuntzako Institutu Europarra eta beste programa batzuk.

ii) Etengabeko komunikazioan egotea sare europarrekin, osasun-arloko eta gizarte-arloko organoekin eta Europako eskualdeak ordezkatzen dituzten organoekin, baita Bruselako bulegoetako ordezkariekin ere.

7.– ELKAR ULERTZEKO MEMORANDUM HAU ERREBISATZEA.

7.1.– Partaideek, memoradum hau abiatzen denetik urtebetera, ondo funtzionatzen duen eta noraino iritsi den errebisatuko dute, eta ezer aldatu behar ote den aztertuko dute. Gero, partaideetako baten batek eskatzen badu, memoranduma aldian-aldian berrikusiko da.

7.2.– Edozein partaidek eska dezake testu honetako xedapenetan aldaketaren bat egiteko, baina aldaketa oro partaide biek adostu beharko dute, idatziz. Deskribatu gabe dagoen beste edozein lankidetza-eremu ere zehaztu daiteke, bi partaideen interesekoa bada eta biak ados badaude.

7.3.– Edozein partaidek inolako aldaketarik aplikatzen baldin badu memerandum honetako gaiekin zerikusia duten legedian, politika operatiboetan, jarraibideetan, praktiketan eta prozeduretan, eta akordio honek ezartzen duen kudeaketan eta lankidetzan eraginik izan baldin badezake, beste partaideari ere jakinarazi beharko dio; eta, ondorioz, elkar ulertzeko memorandumean ezer aldatu behar bada, bi partaideei galdetuta egin beharko da.

8.– FINANTZAK.

Memoranduma abian jartzeak partaideei ez die eragingo horretarako jarria duten urteko aurrekontua gainditzea dakarren inolako gasturik.

9.– KONFIDENTZIALTASUNA.

Akordio hau gauzatzen den bitartean, konfidentziala kalifikaturik dagoen informaziorik iristen baldin bazaio, partaide bakoitzak konfidentzialtasun hori errespetatzeko arrazoizko neurri guztiak hartuko ditu, betiere erregelamenduetako funtsezko obligazioen eta legezko beste obligazio batzuen arabera.

10.– ELKAR ULERTZEKO MEMORANDUM HONEN HASIERA ETA AMAIERA.

10.1.– Bi partaideek sinatzen duten egunean hasiko da aplikatzen memorandum hau.

10.2.– Hauek dira memoranduma amaitzeko arrazoiak:

i) Partaide biek hala adostu dute, idatziz.

ii) Partaideetako edozeinek eman diezaioke amaiera, gutxienez hilabete lehenago jakinaraziz, idatziz.

10.3.– Amaiera emate horrek ez du esan nahi abian diren proiektuak bertan behera geratzen direnik.

10.4.– Memorandum hau lankidetza-adierazpen borondatezkoa da. Partaideei ez dakarkie legezko ez eskubiderik ez betebeharrik, ez baita nazioarteko akordio bat eta ez baitu sortzen etxeko ez nazioarteko legez lotutako eskubiderik edo betebeharrik.

Hauek adostu dute elkar ulertzeko memorandum hau:

Jon Darpón Sierra, Osasuneko sailburua.

Ángel Tarsicio Toña Güenaga, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua.

Eskoziako ordezkaria.

IV. ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN URRIAREN 30EKO 43/2015 EBAZPENARENA
LANKIDETZA HITZARMENA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIOAREN, OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUAREN, OSASUN BERRIKUNTZA ETA IKERKETAREN EUSKAL FUNDAZIOAREN ETA DEUSTUKO UNIBERTSITATEAREN ARTEKOA, 2015-2016 EPERAKO OSASUN-ARLOKO PRESTAKUNTZA ETA IKERKETAREN NAHIZ POLITIKA SANITARIOEN INGURUKOA

Vitoria-Gasteiz, 2015eko uztailaren 8a.

BATZARTURIK:

Alde batetik, Jon Darpon Sierra jauna, Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburua eta Osasun Berrikuntza eta Ikerketaren Euskal Fundazioaren patronatuko presidentea, GUILLERMO VIÑEGRA GARCIA, Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburuordea eta JON ETXEBARRIA CRUZ, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusia.

Bestetik, José María Guibert Ucín, Deustuko Unibertsitateko errektorea, bertako estatutu orokorrek ematen dizkioten eskumenak baliatuz.

HONAKO HAU ADIERAZTEN DUTE:

1.– Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legeak Osasun Sailaren esku uzten dituela Euskadiko Osasun Sistemaren antolamendu eta programaziorako eginkizunak.

2.– Bai Osasun Sailak bai Deusto Business School Health-ek interesa agertu dute honako helburu hauek lortzeko:

2.1.– Prestakuntza-eskaintza teorikoa eta praktikoa garatzea, nagusiki honako hauek lortzeko:

2.1.1.– Zuzendaritza-eginkizuna profesionalizatzeko aurrerapausoak ematea

2.1.2.– Zuzendaritzako langileen belaunaldi arteko hurrengo erreleboa bermatzea Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan.

2.1.3.– Prestakuntza bikainerako sarbideari bide ematea lidergo eta kudeaketa sanitarioan adituak diren pertsonez osatutako belaunaldi berria trebatzeko.

2.2.– Euskal Osasun Sistemaren egungo eta etorkizuneko beharrizanei aurre egiteko tokiko gaitasunak sortzea Euskadiko prestakuntza-erakundeetan.

3.– Horrenbestez, alderdi interesgarrietan lankidetzan jarraitzea eta sakontzea erabaki dute, honako hauei jarraikiz

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Akordioaren xedea eta lankidetza-esparrua.

Akordio honen xedea da kudeaketa sanitariorako Masterra diseinatzea eta inplementatzea. Teorikoa eta praktikoa izango da, eta helburua da unibertsitateko tituluak dituzten pertsonen prestakuntza eta trebakuntza ezagutza teknikoekin eta zuzendaritza-gaitasun berriekin osatzea, osasun-sektorean etorkizun profesionala gara dezaten.

Parte-hartzaileak berdintasun-, merezimendu- eta gaitasun-irizpideen arabera aukeratuko dituzte. Hautatzeko deialdian, publikotasun-, norgehiagoka- eta objektibotasun-printzipioak beteko dira.

Masterraren alderdi teorikoa hiru hilabetekoa izango da, eta DBSHko instalazioetan egingo da. Alderdi praktikoa, berriz, sei hilabetekoa izango da, eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zerbitzu-erakundeetan, Osasun Sailean edo Osasun Berrikuntza eta Ikerketaren Euskal Fundazioan gauzatuko da.

Masterra egin bitartean, ikasleek «coach» baten laguntza izango dute, baita tutorearen laguntza ere. Figura horiek bi eginkizun osagarri beteko dituzte, eta programan parte hartzen dutenen ikaskuntza eta jarduera errazten lagunduko dute. «Coach»a Deusto Business Schoolekoa izango da; tutorea, berriz, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko, Osasun Saileko edo Osasun Berrikuntza eta Ikerketaren Euskal Fundazioko profesionala.

Bigarrena.– Aldeen betebeharrak.

Lankidetza honen ondoreetarako, eginkizun hauek izango dituzte:

A) Osasun Sailak, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak eta Osasun Berrikuntza eta Ikerketaren Euskal Fundazioak:

a) Masterra eta horretarako metodologia egokiena diseinatzea, osasun-arloko erronka estrategikoetara erabat egokitzen dela bermatzeko.

b) Programaren helburuak betetzeko beharrezkoak diren irakaskuntza-kalitatea eta -bikaintasuna ziurtatzea irakasleen aukeraketaren bidez.

c) Elkarrekin diseinatzea praktiken programaren edukiak eta ebaluatzeko metodoa «Jarraipen Batzordearen» bidez. Honako hauek egongo dira batzorde horretan: Osasun Saileko, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko, Osasun Berrikuntza eta Ikerketaren Euskal Fundazioko eta Deusto Business School Health-eko profesionalak.

d) Programa merkaturatzen laguntzea edukiaren barne difusioaren bidez (web orrialdean eta abar).

e) Praktiken kopuru jakin bat bermatzea Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zerbitzu-erakundeetan, Osasun Sailean edo Osasun Berrikuntza eta Ikerketaren Euskal Fundazioan, programara bertaratzen direnen pareko kopuruan, hau da, 20 pertsonarena.

f) Parte-hartzaile bakoitzarentzat tutorea eta orientazio- eta laguntza-arduraduna jartzea masterraren modulu praktikoak garatu bitartean.

g) Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zerbitzu-erakundeetan, Osasun Sailean edo Osasun Berrikuntza eta Ikerketaren Euskal Fundazioan eginiko ikaskuntza praktikoaren ebaluazioa egitea parte-hartzaile bakoitzari.

B) Deusto Business School Health:

a) Administrazioko barne-izapideak egitea Unibertsitateak berezko titulua gainditzeko: Kudeaketa sanitarioko Masterra.

b) Matrikulatzeko, ebaluatzeko eta tituluak emateko zereginez arduratzea.

c) Programaren publizitatea egitea. Horretarako, web orrian argitaratuko dira oinarriak eta sartzeko baldintzak.

d) Programaren helburuak betetzeko beharrezkoak diren irakaskuntza-kalitatearen eta -bikaintasunaren maila ziurtatzea irakasleen aukeraketaren bidez.

e) Masterreko moduluen prestakuntza teorikoa ematea eta prestakuntza-programan aurreikusitako gaitasunak lortzeko dokumentu eta material pedagogiko egokiak prestatzea.

f) Programaren aldez aurreko inskripzioari bide ematea web orrialdearen bidez.

g) Elkarrekin definitzea programan onartua izateko irizpideak –berdintasun-, merezimendu- eta gaitasun-irizpideak hartuko dira kontuan– eta Osasun Sailarekin batera parte-hartzaileen behin betiko sailkapena egitea.

h) Elkarrekin diseinatzea praktiken programaren edukiak eta ebaluatzeko metodoa «Jarraipen Batzordearen» bidez. Honako hauek egongo dira batzorde horretan: Osasun Saileko, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko, Osasun Berrikuntza eta Ikerketaren Euskal Fundazioko eta Deusto Business School Health-eko profesionalak.

i) «Coaching»ean aditua den pertsona bat bermatzea prestakuntza-prozesu osoan ikasleei orientazioa eta laguntza emateko, proiektuaren amaierako memoria egitean ere bai.

j) Tutoretza- eta coaching-eginkizunez arduratuko diren pertsonei aldez aurretik prestakuntza ematea. Bi rol horien helburuak zein diren jakinarazi diete eginkizun horiek gauzatuko dituzten pertsonei. Parte-hartzaile bakoitzaren modulu teorikoen eta amaierako proiektuaren ebaluazioa koordinatzea eta gauzatzea.

k) Horrez gain, Osasun sailburuari aipatu jarduerak egin bitartean lortzen ari diren emaitzen berri emango dio ariketa amaitu ostean.

Hirugarrena.– Konpromisoak.

Osasun Sailak hitzematen du Deusto Business School Healthi 60.000 euro emango dizkiola –ordainketa bakarrean– Masterraren bigarren edizioa garatzeko eta martxan jartzeko. Hala, izena eman dutenen matrikulak gehienez ere % 50ean finantzatuko ditu, eta DBSHri ordainduko zaio prestakuntza jasoko duten pertsonak aukeratu ostean.

Hitzarmena funts hori kontsumitu gabe hautsiko balitz, Deustuko Unibertsitateak Osasun Sailari itzuliko lioke dagokion zenbatekoa.

Laugarrena.– Jarraipen Batzordea.

Jarraipen Batzordea eratuko da lankidetza-hitzarmen honetan hitzartutako akordioen jarraipena egiteko. Honako hauek egongo dira bertan: Osasun Saileko, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko, Osasun Berrikuntza eta Ikerketaren Euskal Fundazioko eta Deusto Business School Health-eko ordezkariak. Eginkizun hauek izango dituzte:

● Plan akademikoa baliozkotzat jotzea.

● Programa zein irakaslek emango duten zehaztea.

● Izena eman duten pertsonak onartzeko irizpideak zehaztea.

● Tutoretza- eta coaching-eginkizunez arduratuko diren pertsonak izendatzea.

● Praktika-aldiak eta Master Amaierako Lanak ebaluatzeko irizpideak ezartzea.

● Hitzarmenaren jarraipena egiteko beharrezkoak diren bileren egutegia ezartzea adierazitako baldintzei.

● Akordio hau interpretatu eta aplikatzean sor daitezkeen alderdiak ebaztea.

Jarraipen Batzordean honako hauek egongo dira:

● Osasun Sailetik: Gillermo Viñegra, Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburua.

● Osakidetza-Euskal osasun zerbitzutik: José Maria Armentia Makazaga, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Giza Baliabideen zuzendaria.

● Osasun Berrikuntza eta Ikerketaren Euskal Fundaziotik: Maria Luisa Arteagoitia González, Osasun Berrikuntzaren Euskal Institutuko zuzendaria.

● Deusto Business Schooletik: Guillermo Dorronsoro, Deusto Business Schooleko dekanoa, Rafael Bengoa, Deusto Business School Health-eko zuzendaria eta Kudeaketa Sanitarioaren Masterreko zuzendarikide akademikoa eta Patricia Arratibel, DBSHko Koordinazio eta Proiektu burua eta Kudeaketa Sanitarioko Masterreko zuzendarikide akademikoa.

● Era berean, proposatu da hitzarmena sinatu duten aldeei bertako kideak izendatzeko eskumena ematea, egokitzat jotzen denean. Betebehar bakarra izango da beste aldeari batzordearen eraketan eginiko aldaketen berri ematea; kasu horietan, ez da beharrezkoa izango beste hitzarmena bat sinatzea.

Bosgarrena.– Hitzarmenaren iraupena.

Hitzarmen honek ondorioak izango ditu sinatzen den egunetik aurrera, eta sinatzen denetik urtebete egongo da indarrean, betiere aldeetako batek hiru hilabete lehenago ohartarazita salaketarik egiten ez badu. Bi aldeek adostuta, hitzarmena luzatzeko aukera egongo da. Salaketaren bat egiten bada, martxan dauden jardueren indarraldia bete beharko da.

Seigarrena.– Aplika daitekeen araudia.

Hitzarmen honek izaera administratiboa du, eta, sor daitezkeen zalantzak eta hutsuneak konpontzeko, bertan aurreikusitako klausulen arabera, aplikatzekoak diren arau berezien arabera eta Sektore Publikoaren Kontratuen Legearen Testu Bategina onesten duen azaroaren 14ko 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuaren arabera arautuko da.

Eta ados daudela adierazteko, bi aldeek hitzarmen honen bi ale sinatzen dituzte goiburuan adierazitako lekuan eta egunean.

Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburua eta Osasun Berrikuntza eta Ikerketaren Euskal Fundazioko Patronatuko presidentea,

Jon Darpón Sierra.

Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburuordea,

Guillermo Viñegra García.

Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko zuzendaria,

Jon Etxeberria Cruz.

Deustuko Unibertsitateko Errektorea,

José María Guibert Ucín.

V. ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN URRIAREN 30EKO 43/2015 EBAZPENARENA
LANKIDETZA HITZARMENA, TRAFIKOKO BURUZAGITZA NAGUSIA ERAKUNDE AUTONOMOAREN, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIOAREN ETA ARRASATEKO UDALA TOKI ERAKUNDEAREN ARTEKOA, BIDE SEGURTASUNAREN ARLOKO INFORMAZIOA TRUKATZEKO ETA DATU BASEETAN SARTZEKO

Vitoria-Gasteiz, 2015eko uztailaren 24a.

BILDUTA:

Batetik, María Seguí Gómez andrea, Barne Ministerioari atxikita dagoen Trafikoko Buruzagitza Nagusia Erakunde Autonomoaren zuzendari orokorra, otsailaren 3ko 313/2012 Errege Dekretuaren bidez kargu horretarako izendatua (BOE, 2012ko otsailaren 4koa)

Beste alde batetik, Garbiñe Sáez Molinuevo andrea, Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendaria, kargu horretarako urtarrilaren 8ko 26/2013 Dekretuaren bidez (EHAA, 7. zk., urtarrilaren 10ekoa) izendatua.

Eta bestetik, Maria Ubarretxena Cid andrea, Arrasateko Udaleko alkatea, udal horren izenean, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen (BOE, 80. zk., apirilaren 3koa) 21. artikuluak esleitzen dizkion eskumenak erabiliz.

Hiru alderdiek, beren karguak betez jarduten baitute, lankidetza-hitzarmen hau formalizatzeko behar adinako lege-gaitasuna aitortzen diote elkarri eta, horretarako

ADIERAZTEN DUTE:

Lehenengoa.– Bide Segurtasunari buruzko Legearen 6. artikuluan ezarritakoaren arabera, Trafikoko Buruzagitza Nagusia erakunde autonomoak (aurrerantzean TBN) gauzatzen ditu aurreko 5. artikuluak trafikoaren eta bide-segurtasunaren arloan Barne Ministerioari esleitutako eskumenak.

Bigarrena.– Barne Ministerioaren oinarrizko egitura organikoa garatzen duen otsailaren 17ko 400/2012 Errege Dekretuaren arabera, Trafikoko Zuzendaritza Nagusiari, besteak beste, eginkizun hauek dagozkio:

Bide-segurtasunari buruzko planak eta programak lantzea.

Zirkulazioko Biktimen eta Istripuen Estatuko Erregistroa garatzea eta kudeatzea, adierazleak prestatzea eta barreiatzea.

Erakunde autonomoaren eskumenak betearazteko behar diren erregistro eta datu-baseak egitea, jorratzea, mantentzea, ustiatzea eta zaintzea.

Hirugarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoak, Euskal Herriko Autonomiari buruzko abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoarekin bat eta ibilgailuen trafikoari eta zirkulazioari buruzko Estatuko legediaren arloan Estatuaren zerbitzuak eskualdatzearen gaineko urriaren 15eko 3256/1982 Errege Dekretuarekin bat etorriz eta; bestetik, Segurtasun Sailaren egitura organiko eta funtzionalari buruzko apirilaren 9ko 194/2013 Dekretuaren 16.2.a) artikuluan ezarritakoaren arabera, Trafiko Zuzendaritzak Estatuko legedia betearazteko ahalmenen gaineko eskumenak gauzatzen ditu trafikoaren, ibilgailu motordunen zirkulazioaren eta bide-segurtasunaren eremuan.

Laugarrena.– Bide Segurtasunaren Legearen 7. artikuluak udalei, betiere dagokien esparruaren barruan, ematen dizkien eskumenen artean hauek daude:

● Beren titulartasuneko hiribideetan trafikoa antolatzea, kontrolatzea eta zaintzea, baita berorietan egiten diren arau-hausteak salatzea eta zehatzea ere, baldin eta beste administrazio bati berariaz esleitu ez bazaio.

● Zirkulazioari buruzko udal-ordenantzaren bidez hiribideen erabilerak arautzea.

Bosgarrena.– Ondorioz, zabaltasun edo intentsitate handiagoarekin edo txikiagoarekin, TBNk, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak eta udalek eskumenak esleituta dituzte trafikoaren eta bide-segurtasunaren arloan eta beroriek erabiltzeko autonomia zabala dute. Dena den, herritarren zerbitzuan diharduten administrazioen barruan daudenez, premiazkoa da beraien arteko harreman zehatz batzuk ezartzea, era horretan funtzionamendu arinagoa eta eraginkorragoa izateko eta bide-segurtasuna, izan behar dugun azken helburua baita, lortzen hobeto laguntzeko.

Seigarrena.– Harreman horietan koordinazio- eta lankidetza-printzipioak nagusi izan behar ditugu, Espainiako Konstituzioaren 103. artikuluan ezarritakoari jarraituz. Asmo horrekin, funtsezko gertatzen da behar diren informazioa eta laguntza elkarri emateko betebeharra.

Zazpigarrena.– Aurreko guztiarengatik eta hiribideetan bide-segurtasunak duen garrantzia kontuan izanda, premiazkotzat jotzen da hitzarmen-esparru bat finkatzea; hain zuzen, bide-segurtasunari buruzko politiken diseinuan, betearazpenean eta bilakaeran euskal udalen parte-hartzea hobea eta eraginkorragoa izan dadin.

Esandako guztiaren ondorioz, alderdi sinatzaileek lankidetza-hitzarmen hau formalizatu dute.

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Hitzarmenaren xedea.

Hitzarmen honen xedea da TBNren, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren eta udal sinatzailearen artean trafikoaren eta bide-segurtasunaren arloko ekintza jakin batzuk, zehazki datu-transmisioari eta erregistroetarako sarbideari buruzkoak, garatzeko lankidetza sustatzea.

Bigarrena.– Trafikoko Buruzagitza Nagusiaren betebeharrak.

1.– Udalari Ibilgailuen Erregistro Orokorrerako eta Gidarien eta Arau-hausleen Erregistrorako sarbideak ahalbidetzea. Erregistro horiek daukaten informaziorako sarbidea laugarren klausulan eta hitzarmen honen I. Eranskinean zehazten diren segurtasun-mailekin eta murrizketekin burutuko da.

2.– Ibilgailuen erregistroan matrikulazio berriei, titulartasun- eta helbide-aldaketei eta bajei buruz dauden datuak udalari aldizka ematea, Toki Ogasunak arautzen dituen Legean ezarritakoaren arabera.

Hirugarrena.– Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzaren betebeharrak.

1.– TBNri ezbeharrei buruzko datuak jakinaraztea, ezarritako prozedura kontuan izanik.

2.– Euskal udalei udal-barrutian gertatutako istripuen berri ematea.

Laugarrena.– Udalaren betebeharrak.

Udalak ekintza hauek burutzeko konpromisoa hartzen du:

1.– Gidarien eta Arau-hausleen Erregistroari puntuak kentzen dituzten zehapen irmo larrien eta oso larrien berri ematea, baita gainerako zehapen larrien eta oso larrien berri ere, Bide Segurtasunaren Legean ezarritako baldintzetan. Helburu horrekin, Bide Segurtasunaren legean araututako trafikoko zehapen-prozedura zorrotz betetzeko beharrezkoak diren antolamendu- eta informatika-egokitzapenak egin beharko ditu.

2.– Adostutako formatuan eta epeetan Ibilgailuen Erregistroari trakzio mekanikozko ibilgailuen gaineko zerga zor duten ibilgailuen berri ematea, Toki Ogasunak arautzen dituen Legeak ezarritako kasuetan.

3.– Udal-barrutian gertatutako istripuei buruzko datuak lantzea eta, ezarritako prozedurari jarraiki, Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzari horien berri ematea, horretarako beharrezko antolamendu- eta informatika-egokitzapenak eginez.

4.– Trafiko-zehapenei buruzko Ediktuen Taulan (TRAZET) alta emanda egotea.

Bosgarrena.– Datu pertsonalak babestea.

Alderdiek beren jarduerak burutzeko hauek hartu behar dituzte kontuan: Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa, datu pertsonalak gordetzen dituzten fitxategi automatizatuen segurtasun-neurriei buruzko Erregelamendua onartzen duen abenduaren 21eko 1720/2007 Errege Dekretua, abenduaren 23ko 2822/1998 Errege Dekretuak onartzen duen Ibilgailuen Erregelamendu Orokorra eta maiatzaren 8ko 818/2009 Errege Dekretuak onartzen duen Gidarien Erregelamendu Orokorra, baita gerta daitezkeen aldaketak ere.

Tratamenduaren xede diren datuak hitzarmen honetan jasotako jarduerak garatze aldera beharrezko lanak egiteko baino ezingo dira erabili, eta ahaleginak egingo dira datu horiek aldatzea, galtzea edo baimenik gabe atzitzea galarazteko.

DGTk, organo lagatzailea den aldetik, auditoretzarako eskainiko dituen sistema eta bitarteko informatikoen bidez, udalak gauzatu beharko ditu jasotako datuen zaintza eta erabilera egokia bermatuko dituzten kontrol-jarduerak. Hori aurrera eramate aldera, DGTk konpromisoa hartzen du organo lagapen-hartzaileak aukeratuko dituen arduradunei beharrezko laguntza emateko.

Organo lagapen-hartzaileak DGTk erabaki ditzakeen kontrolatze- eta gainbegiratze-jarduera guztiak onartzen ditu; horrela, lagatako informazioa era egokian eskuratu eta erabili dela egiaztatzeko.

Kontrol eta auditoretzarako jardueren ondorioz edo salaketaren edo jakinarazpenaren bitartez, organo lagatzailearen kudeaketarako izan gabe datuen, aurrekarien, erregistroen edo txostenen erabilerarekin loturiko edozein motatako irregulartasuna detektatuz gero, berehala eginbideak irekiko dira guztiz argitzeko eta, hala egokituz gero, erantzukizunak eskatzeko.

Seigarrena.– Araubide juridikoa.

Hitzarmen hau idatzi da Sektore Publikoaren Kontratuen Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 14ko 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuaren 4.1.c) artikuluan ezarritakoaren babesean eta artikulu horren 2. idatz-zatian xedatutakoari jarraituz. Hitzarmenean ezarri ez den guztirako, sor daitezkeen zalantzak eta hutsuneak argitze aldera, lege horretatik eratorritako printzipioak beteko ditu, baita aplikagarriak diren gainerako xedapenak ere.

Administrazioarekiko auzien jurisdikzio-ordenako auzitegiak eskudunak izango dira hitzarmenaren interpretazioari, betetzeari, amaierari, suntsiarazpenari eta ondorioei buruz ager litezkeen auziak ebazteko, baldin eta sortuko den jarraipen-batzordeak beroriek ebazterik izan ez du.

Zazpigarrena.– Jarraipen-batzordea.

Hitzarmena sinatzean, haren jarraipena egiteko batzorde bat ezarriko da, kide hauek izango dituena: Probintziako Trafiko buruak izendatutako ordezkari bat, Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak izendatutako bat eta udalak izendatutako beste bat.

Jarraipen-batzorde horretara egokitzat joko diren teknikariak, alderdiek aukeratuta, joan ahalko dira, betiere jorratu beharreko gaien arabera.

Batzorde hori alderdietako edozeinen eskariz bilduko da, gutxienez urtean behin, gauzatutako lankidetzatik sortuko diren emaitzak eta gorabeherak aztertzeko.

Hitzarmen honetan aurreikusita ez dagoen guztirako, bere funtzionamendua Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen II. Tituluko II. Kapituluan kide anitzeko organoei buruz ezarritakoaren mende egongo da.

Jarraipen-batzordearen ardurak hauek izango dira:

a) Hitzarmen honetatik sortuko diren interpretazio- eta betetze-arazoak konpontzea.

b) Egindako lana eta hitzarmen honen bidez izandako lorpenak urtero ebaluatzea.

c) Hitzarmenaren betearazpenari aplika dakizkion teknologien, tekniken eta metodoen bilakaerari jarraitzea, egin beharreko jardueren aldaketa alderdiei proposatuz, betiere horrek berekin hitzarmenaren xedea aldatzea ez bakar.

Zortzigarrena.– Aldaketa.

Hitzarmen hau alderdien arteko adostasunez aldatu ahalko da haren xedea hobeto betetzeko beharrezkoa denean.

Bederatzigarrena.– Indarraldia eta suntsiarazteko kausa.

Hitzarmen hau sinatu eta hurrengo egunetik aurrera sartuko da indarrean eta urtebeteko indarraldia izango du. Isilbidez urtez urte luzatu ahalko da baldin eta arrazoi hauengatik suntsiarazten ez bada:

a) Alderdien arteko adostasunez, idatziz adierazita.

b) Hitzarmenaren salaketa, edozein unetan alderdietako edozeinek egindakoa. Bestelako erabakirik hartzen ez badute, eraginak izango ditu era frogagarrian jakinarazi eta hiru hilabetera.

c) Alderdietako baten borondatez, beste alderdi batek edo gainerako alderdiek hitzarmenaren klausuletako edozeinen ez-betetze larria egin dutela oinarri hartuta. Suntsiarazteko nahi hori aurretiaz jakinaraziko du; hain zuzen, hainbat jardueraren jarraipena ez kaltetze aldera, suntsiarazpenaren unean betetzeko bidean diren jardueren beharrezko jarraipena bermatuta utzirik. Bestelako akordiorik ez badute, eraginak izango ditu jakinarazi eta hamabost egunera.

Trafikoko Buruzagitza Nagusia, Gipuzkoako Trafikoko Probintziako buruak Trafikoko Zuzendari Nagusiak emandako sinadura eskuordetzeko Akordioa betez, (HAAJ eta APEren 30/1992 legearen 16. art.), Edorta Simón Díez jauna.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioa, Euko Jaurlaritzako Trafikoko Sailburuordea (194/2013 Dekretuaren 1.b) lehengo xedapen gehigarria, Josu Zubiaga Nieva jauna.

Arrasateko Udaleko alkatea, Maria Ubarretxena Cid andrea.

ERANSKINA: SEGURTASUNEKO DOKUMENTUA

Komunikazio-kanal baten identifikazioa.

Udalak komunikazio-kanal bat izatea (telefonoa, posta elektronikoa, etab.) bermatuko du. Horren bidez, DGT udalarekin harremanetan jarri ahalko da helburu hauekin:

● Datu-eskaerekin loturiko gorabeherak konpontzea.

● DGTko fiskalizazio- eta kontrol-arduradunek datu-eskaeren auditoriak eskatu ahal izatea, era horretan baldintzak –datuak lagatzeko zerbitzuetarako sarbidea onartzeko erabili zirenak, hain zuzen–, betetzen direla egiaztatzeko.

Erabiltzaileen kudeaketa.

Puntu honetan udalak hau bermatuko du:

● DGTk datuak lagatzeko dituen zerbitzuetara sartzeko baimendutako erabiltzaileen edo kideen bizi-zikloa kudeatzea ahalbidetzen duten prozedurak ezarrita dituela (altak, bajak, erabiltzaileen baimenen aldaketak).

● DGTk hala eskatuz gero, datu-eskaerak egiteko baimendutako erabiltzaileen edo kideen zerrenda eguneratua eman ahalko duela (horri esker egiaztatu ahalko da zerrenda hori bat datorrela DGTren sarbidea kontrolatzeko sistemetan dauden datuekin).

● Datu-eskaerak egiteko baimendu dituen pertsonekin zerikusia duen edozein aldaketaren berri emango duela. Horiek horrela, langile bat lanpostuz aldatzen bada eta hor baimen hori behar ez badu, edo udaleko langile gisa baja hartzen badu, baja emango zaio DGTren datuak lagatzeko zerbitzuen erabiltzaile gisa.

Sarbide-kontrola.

Udalak bermatu beharko du datu-eskaerak egingo diren lan-ekipoetan sarbidea kontrolatzeko mekanismo egokiak erabiltzen dituela. Horrela, eragotzi ahalko da baimendu gabeko pertsona bat baimenduta dagoen pertsona baten lan-ekipoan sartu ahal izatea.

Datu-eskaeren auditoriak.

Beharrezko informazio guztia biltegiratu behar da (herritarraren baimena, datu-eskaeraren helburua, etab.); horren bidez, DGTk auditoria-eskaera eginez gero, udalak frogatu ahal izateko egindako eskaeren egokitzapena burutu dela.

Horrez gain, udalak bermatu behar du datu-eskaeren egokitzapena justifikatzeko premiazko informazio guztia biltzea ahalbidetzen dion prozedura duela.

Informazioa biltegiratzea.

Udalak bermatuko du eskatutako informazioa behar bezala biltegiratu eta kudeatzen duela, egindako eskaera justifikatzen duten beharrezko datuak barne sartuta, informazio hori dagoen euskarria edozein dela ere.

Probak eta datu errealak.

Eskatutako datuen nolabaiteko tratamendua egiten duten aplikazioak garatuz gero, udalak bermatu beharko du aplikazio horien probetan datu errealik ez dela erabiliko, berorien konfidentzialtasuna arriskuan jarri ahal baitute.

Trafikoko Buruzagitza Nagusia, Gipuzkoako Trafikoko Probintziako buruak Trafikoko zuzendari nagusiak emandako sinadura eskuordetzeko Akordioa betez, (HAAJ eta APEren 30/92 legearen 16. artikulua), Edorta Simón Díez jauna.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioa, Eusko Jaurlaritzako Trafikoko sailburuordea (194/2013 Dekretuaren 1.b) lehengo xedapen gehigarria), Josu Zubiaga Nieva jauna.

Arrasateko Udaleko alkatea, Maria Ubarretxena Cid andrea.

VI. ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN URRIAREN 30EKO 43/2015 EBAZPENARENA
DATUETARA SARTZEKO BAIMENA EMATEKO, POMPEU FABRA UNIBERTSITATEAREKIN SINATUTAKO LANKIDETZA-HITZARMENA

Vitoria-Gasteiz, 2015eko ekainaren 30a.

Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren eta Universitat Pompeu Fabra Unibertsitatearen arteko lankidetza-hitzarmena

HAUEK BILDU DIRA:

Alde batetik, Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Ángel Toña Guenaga (helbidea: Donostia kalea 1, Gasteiz), Jaurlaritzaren Kontseiluak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren izenean lankidetza hitzarmen hau baimentzeko ematen dion ahalmena erabiliz (aurrerantzean, lagatzailea).

Eta bestetik, Universitat Pompeu Fabra unibertsitateko Zientzia Politikako errektoreorde Francesc Posas Garriga (helbidea: Plaça de la Mercè 10-12, Bartzelona; IFZ: Q-5850017-D), unibertsitate horren izenean eta ordezkari gisa, errektoreordetzen eta idazkari nagusiaren eskumenak eskuordetzen dituen 2013ko ekainaren 4ko errektorearen Ebazpenaren 2. artikuluak ematen dizkion esleipenez baliatuz (aurrerantzean, lagapen-hartzailea).

HAU ADIERAZTEN DUTE:

1.– Lagapen-hartzaileak, hitzarmen honen helburuan zehaztutako xedeak gauzatzeko, lagatzailearen datuak eskuratzeko interesa du (hemendik aurrera «informazioa»). Informazio hori Euskal Autonomia Erkidegoko babes publikoko etxebizitzak esleitzeko prozeduretako parte-hartzaileei eta hautatuei buruzko jardunbide egokiei eta indarreko legeriari jarraituz gauzatu da.

2.– Lagatzaileak aipatutako informazioa partekatzeko interesa du, honako arau hauetan zehaztutako mugen barnean: 15/1999 Lege Organikoa, abenduaren 13koa, Datu Pertsonalak Babesteari buruzkoa; 1720/2007 Errege Dekretua, abenduaren 21ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa garatzen duen araudia onartzen duena; 2/2004 Legea, otsailaren 25ekoa, datu pertsonaletarako jabetza publikoko fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa sortzeari buruzkoa; eta 308/2005 Dekretua, urriaren 18koa, datu pertsonaletarako jabetza publikoko fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legea garatzen duena.

3.– Hitzarmen honetarako, konfidentzialtzat hartuko da hitzarmenaren helburuetarako idatziz, ahoz edo beste edozein bitarteko edo euskarri erabiliz (ukigarria edo ukiezina) zabal daitekeen informazio guztia.

4.– Hitzarmen hau ez da lizentzia-akordio bat, garapen-kontratu bat edo antzeko beste figuraren bat.

5.– Aldeek, beren esku-hartzearen arabera, kontratuak gauzatzeko fede onaren printzipioari, zuzenbideko printzipio orokorrei eta ondorengo klausulei jarraituko dien lankidetza-hitzarmen hau formalizatzeko ahalmena aitortzen diote elkarri.

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Helburua.

1.– Hitzarmen honen bidez, lagatzaileak zozketa bidez egindako babes publikoko etxebizitzen esleipen-prozeduretako parte-hartzaileei eta hautatutako pertsonei buruz duen informazioa (doakoa, ez esklusiboa eta besterenezina) lagapen-hartzailearen esku utziko duela adostu dute aldeek.

2.– Lagatzaileak informazio hori bildu du, honako arau hauetan hurrenez hurren ezarritako ahalmenak gauzatuz: 306/2000 Dekretua, abenduaren 26koa, babes ofizialeko etxebizitzen erregimenari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzkoa; 315/2002 Dekretua, abenduaren 30ekoa, babes ofizialeko etxebizitzen erregimenari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzkoa; 39/2008 Dekretua, martxoaren 4koa, babes publikoko etxebizitzen araubide juridikoari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzkoa. Informazioa Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailaren datu pertsonalen fitxategiak arautzen dituen Etxebizitza eta Gizarte sailburuaren 2005eko maiatzaren 18ko Aginduak sortzen duen eta agindu hori aldatzen duen Etxebizitza eta Gizarte sailburuaren 2008ko martxoaren 25eko Aginduak aldatzen duen «Etxebizitza eta arlo horretako diru-laguntzak eskatu dituztenak» fitxategian jaso du.

3.– Lagapenaren helburuak erabat zientifikoak dira, eta informazioa zorrak familien ondasunen eta zerbitzu iraunkorren kontsumoan dituen efektuei eta horrek berreskuratze ekonomikoan duen eraginari buruzko oinarrizko ikerketa zientifikoko proiektuen testuinguruan erabiliko da.

4.– Lagapen-hartzaileak ezin izango du informazioa edo horren zati batzuk aipatutako helburuak ez diren beste batzuetarako erabili, eta espresuki debekatuta dago informazioa edozein helburu komertzialekin erabiltzea.

5.– Datu-baseko sarrera-kopurua kontuan hartuta, lagatzaileak ezin du informazioaren osotasuna bermatu, ezta hori kalitatezkoa izango denik edo eguneratuta egongo denik ere.

Bigarrena.– Lagapenaren garapena.

1.– Lagapenak bi fase izango ditu.

2.– Lehen fasean, lagapenaren aurretik, datu pertsonalen bereizketa-prozesu bat gauzatuko da; hala, informazioa ezin izango da identifikatutako edo identifika daitezkeen pertsonekin erlazionatu. Informazioak hau barne hartuko du:

– Lagapen-hartzaileak zehazten duen egunetik 2008ko abenduaren 31ra arte egindako zozketen kopurua.

– Promozio bakoitzaren zozketa zein udalerritan egin zen.

– Promozio bakoitzeko etxebizitza-kopurua.

– Etxebizitzak eskuratzeko araubidea (erosketa/alokairua).

– Esleipendun izan ziren eta etxebizitzak eskuratu zituzten pertsonen kopurua.

– Esleipendun izan ez ziren eta 2014ko abenduaren 31n Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan izena emanda jarraitzen zuten pertsonen kopurua.

3.– Bigarren fasean, lagapen-hartzaileak, jasotako informazioa erabiliz, ikerketa-proiektuak gauzatzeko elkarrizketatu nahi dituen pertsona esleipendunen eta ez esleipendunen kopurua zehaztuko du, eta lagatzaileari jakinaraziko dio. Lagatzaileak pertsona horien harremanetarako datuak emango dizkio (helbidea, telefono-zenbakia, helbide elektronikoa edo antzeko beste batzuk), dagokion pertsonaren berariazko baimena lortu ondoren, Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren 11.1 artikuluan eta horrekin bat datozen gainerako arauetan ezarritakoari jarraituz.

4.– Une horretatik aurrera, lagapen-hartzaileari egokituko zaio pertsona interesdunei informazioa ematea eta ikerketa-proiektua gauzatu ahal izateko beharrezkoak dituen datuak biltzeko eta tratatzeko pertsona horien baimena lortzea, Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren 5. eta 6. artikuluetan eta horiekin bat datozen gainerako arauetan ezarritakoari jarraituz.

Hirugarrena.– Lagapen-hartzailearen betebeharrak.

1.– Lagapen-hartzaileak honako betebehar hauek hartuko ditu bere gain:

a) Informazioa bere langileei eta kolaboratzaileei bakarrik uztea, eta hitzarmen honen helburua betetzeko behar izan dezaketen informazioa bakarrik ematea.

b) Informazioa kopia dezatela edo beste pertsona batzuei eman diezaietela galaraztea, lagatzailearen idatzizko baimena izan ezean. Kasu horretan, informazioa baimen horretan ezarritako baldintzen arabera bakarrik kopiatu edo zabaldu ahal izango da.

c) Ikerketa-lana amaitu edo hitzarmen hau bertan behera gelditu ondoren, lagatzaileak emandako informazio guztia itzultzea edo horren kopia guztiak suntsitzea, barne hartzen duen euskarria edo formatua edozein izanda ere.

d) Hitzarmen hau amaitu ondoren ere, bere horretan eustea emandako informazioari dagokion konfidentzialtasun-konpromisoari.

e) Legeak ezartzen duen beste edozein betebehar.

2.– Langileek edo kolaboratzaileek betebehar horietakoren bat hautsiz gero, lagapen-hartzailea izango da horien erantzulea.

3.– Klausula honetan jasotako arauen edo betebeharren kontrako edozein informazio-erabilera eginez gero, lagatzaileak ez du horien gaineko erantzukizunik izango.

Laugarrena.– Argitalpena eta jabetza intelektuala.

1.– Lagapen-hartzaileak hitzarmen honen baitan utzitako informazioa erabiliz gauzatzen dituen ikerketa-proiektuen emaitzak aldizkari zientifikoetan argitaratu ahal izango dira; eta halakotzat hartuko dira Social Science Citation Index-ean edo Science Citation Index-ean agertzen direnak, ebaluazio anonimo bat dutenak edo ekonomiaren arloko adituek osatutako argitalpen-kontseilu baten ebaluazioa dutenak.

2.– Lagapen-hartzaileak emaitza horiek lagatzaileari jakinarazteko konpromisoa hartzen du, eta bere baimena izan beharko du, beti eta salbuespenik gabe, emaitza horiek argitaratzeko. Horrez gain, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren barneko Etxebizitzaren Euskal Behatokiaren lankidetza aipatu beharko du argitalpen guztietan.

3.– Ikerketa-proiektuaren emaitzen jabetza intelektuala lagapen-hartzailearena izango da, eta hark Copyright-a transferitu ahal izango die emaitzak argitaratzen dituzten aldizkari zientifikoei, beharrezkoa izanez gero.

Bosgarrena.– Iraupena.

1.– Hitzarmen honek, hasiera batean, urtebeteko iraupena izango du, sinatzen denetik kontatzen hasita. Hitzarmena automatikoki luzatuko da, denbora-aldi berdinerako, baldin eta aldeetako batek ez badio hitzarmena ez berritzeko nahia adierazten besteari, gutxienez indarraldiaren hasierako epea edo luzapenetako edozein amaitu baino hiru hilabete lehenago, eta idatziz jasota (frogatzeko moduan).

2.– Lagapen-hartzaileak bere lanaren bilakaeraren berri eman beharko dio lagatzaileari, gutxienez urtean bitan.

Seigarrena.– Hitzarmena bertan behera gelditzea.

Hitzarmena honako arrazoi hauetako baten ondorioz utzi ahal izango da bertan behera:

1.– Hitzarmen honetako betebehar nagusiak bete ez direlako.

2.– Hitzartutako aldi baterako epea edo dagozkion ikerketa-lanak amaitu direlako.

3.– Aldeetako batek bere gain hartutako betebeharren bat hautsi duelako, alde arau-hausleak dagokion arau-haustea konpondu ezean, hori jakinarazi eta gehienez 7 eguneko epean eta beste aldeak adierazitako moduan.

4.– Aldeetako edozeinek hitzarmen hau bertan behera utzi ahal izango du nahi duenean, inolako kalte-ordainik bere gain hartu gabe. Horretarako, nahikoa izango da horren berri ematea beste aldeari, hitzarmena bertan behera utzi baino 30 egun lehenago.

Zazpigarrena.– Babes-klausula.

1.– Hitzarmen honen klausulak independenteak dira eta banan-banan hartu behar dira kontuan; beraz, arau juridikoren batek horietako bat baliogabetzat, legez kanpokotzat edo gauzatu ezinezkotzat jotzen badu, klausula jakin horrek ez du eraginik izango une horretatik aurrera. Alabaina, hitzarmenaren gainerako edukiak, hizpaketek eta betebeharrek baliodunak eta eraginkorrak izaten jarraituko dute.

2.– Aldeek adostu dute baliogabetzat, legez kanpokotzat edo gauzatu ezinezkotzat jotako klausula edo klausulak ordeztu egingo dituztela, horien antzeko eragina izango duten beste batzuekin.

Zortzigarrena.– Legeria eta jurisdikzio aplikagarriak.

1.– Hitzarmen honekin zerikusia duten gatazka edo gai guztietarako, azalpenen zatian aipatutako datu pertsonalei buruzko legeria aplikatuko da zuzenean, eta berariaz uko egingo zaio aplika daitekeen beste edozein motatako legeriari, nahitaez bete beharrekoa izan ezean.

2.– Aldeek hitzarmen hau garatzean sor daitekeen edozein desadostasun modu adiskidetsuan konpontzeko konpromisoa hartzen dute.

3.– Gatazkaren bat egonez gero, bi aldeek Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioarekiko auzien jurisdikzio-ordenako auzitegien menpe gelditzea adostu dute, beren foruari uko eginez.

Eta, ados daudela adierazteko, aldeek dokumentu hau sinatu dute, lau aletan eta eragin bakarrarekin, goiburuan adierazitako lekuan eta datan.

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua,

Ángel Toña Guenaga.

Universitat Pompeu Fabra unibertsitateko Zientzia Politikako errektoreordea,

Francesc Posas Garriga.

VII. ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN URRIAREN 30EKO 43/2015 EBAZPENARENA
HITZARMENA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAREN ADMINISTRAZIOAREN ETA ELANTXOBEKO UDALAREN ARTEKOA, HERRI ADMINISTRAZIOEN ARAUBIDE JURIDIKOAREN ETA ADMINISTRAZIO PROZEDURA ERKIDEAREN 30/1992 LEGEAREN 38.4.B) ARTIKULUAN XEDATUTAKOA BETETZEKO
(EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIOARI ZUZENDUTAKO IDAZKIAK UDAL ERREGISTROETAN AURKEZTEKO LANKIDETZA)

Vitoria-Gasteiz, 2015eko ekainaren 30a.

BILDU DIRA:

Batetik, Josu Iñaki Ercoreca Gervasio, Herri Administrazio eta Justiziako sailburua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioaren ordezkari gisa; eta, bestetik,

Jesus M.ª Olagibel Baqueriza, Elantxobeko Udaleko alkate-lehendakaria, udal horren ordezkari gisa.

Bi ordezkariok, manu hauek emandako eskumenak erabiliz dihardute: batetik, Herri Administrazio eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen apirilaren 9ko 188/2013 Dekretua nahiz Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 38.4.b) artikuluan aurreikusitako hitzarmenak gauzatzeko, Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluaren 1996ko urriaren 29ko Erabakia; eta, bestetik, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legea nahiz, Toki Araubidearen arloan indarrean dauden xedapenen testu bategina onartu zuen apirilaren 18ko 781/1986 Legegintzako Errege Dekretua.

Bi aldeek elkar onartzen dute eta elkarri aitortzen diote honako hitzarmen hau gauzatzeko legezko gaitasuna. Horretarako, hau

ADIERAZTEN DUTE:

30/1992 Legearen 38.4.b) artikuluaren arabera, Administrazio Publikoei zuzendutako eskaera, idazki eta jakinarazpenak aurkez daitezke edozein administrazio-organoren erregistroetan, dela Estatuko Administrazio Orokorrekoa, dela autonomia-erkidegoetako administrazioetakoak, dela probintzietako diputazioen, kabildoen eta uharteetako kontseiluen administraziotakoak, dela Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 121. artikuluak aurreikusten dituen udalerrietako udaletakoak, dela gainerako Toki Administrazioko erakundeetakoak, betiere, azken kasu honetan, dagokion hitzarmena sinatuta.

Aipatutako manu hori betetzea eta herritarren eta administrazio publikoen arteko harremanak erraztea da gaur sinatzen den hitzarmen honen helburua; izan ere, administrazio sinatzaileek lehendik zuten asmoa, hots, herritarrek, EAEko Administrazioaren edozein organo edo erakunderi zuzendu nahi dizkioten agiriak Elantxobeko Udalaren erregistroetan, eraginkortasun osoz, aurkeztu ahal izatea, gauzatu egiten da hitzarmen hau dela medio.

Gauzak horrela, arestian aipatutako administrazioek hitzarmen hau sinatzen dute, hona hitzarmenaren

KLAUSULAK

Lehenengoa.– Hitzarmen honen helburua da, EAEko Administrazioari eta haren menpeko edo hari atxikitako berezko nortasun juridikodun zuzenbide publikoko erakundeei herritarrek zuzentzen dizkieten eskaera, idazki eta jakinarazpenak Elantxobeko Udalaren erregistroetan aurkeztu ahal izatea.

Bigarrena.– EAEko Administrazioari eta haren menpeko edo hari atxikitako lotutako berezko nortasun juridikodun zuzenbide publikoko erakundeei herritarrek zuzentzen dizkieten eskaera, idazki eta jakinarazpenak Elantxobeko Udalaren erregistroetan aurkezten direneko data hartuko da kontuan interesdunek epeak betetzeari dagokionean; ildo horretatik, 30/1992 Legearen 48. artikuluan ezarritakoari jarraituko zaio.

Hirugarrena.– Elantxobeko Udalak honako konpromiso hauek hartzen ditu:

a) EAEko Administrazioko organoei edo administrazio horren menpeko edo hari atxikiriko zuzenbide publikoko erakundeei herritarrek zuzentzen dizkieten eskaera, idazki eta jakinarazpenak bere erregistroetan onartzea.

b) EAEko Administrazioari zuzendutako eskaera, idazki eta jakinarazpenei bere erregistroetan sarrera ematea, eta honako hauek idatzita gordetzea: sarrera-zenbakia, izenburua, idazkia jaso zeneko eguna eta ordua, interesdunaren datuak, eta, hala dagokionean, idazkia bidali duen organoaren izena, edo bidaltzen zaion pertsona edo organoaren izena; behar denetan, idazki edo jakinarazpenaren laburpena ere jasoko da; hori guztia 30/1992 Legearen 38.3 artikuluaren eta bigarren xedapen gehigarriaren arabera.

c) Agiriok erregistroan jaso eta, beranduen, handik bi egunera, dagozkien organo edo erakundeei zuzenean bidaltzea, betiere irteera-data idatzita egongo delarik. Agiriok ahalik eta azkarren jaso daitezen, ahal delarik behintzat, egoki iritzitako teknika eta bitarteko elektroniko, informatiko eta telematikoak erabiliko dira; betiere, 30/1992 Legearen 45. artikuluan eta horrekin bat datozen gainerako manu eta xedapenetan aurreikusten diren berme eta betebeharrak kontuan izanik.

Laugarrena.– EAEko Administrazioak honako konpromiso hauek hartzen ditu:

a) Elantxobeko Udalari, EAEko Administrazioa osatzen duten eta haren menpe edo hari atxikita dauden organo eta erakundeei buruzko informazioa ematea, bai eta informazio hori, etengabe, eguneratzea ere.

b) Elantxobeko Udalari baliabide egokiak ematea, berorrek, EAEko Administrazioari eta haren menpeko edo hari atxikitako zuzenbide publikoko erakundeei buruzko informazioa eman diezaien herritarrei.

c) Erregistroak antolatzeko eta informatizatzeko laguntza teknikoa eta behar den lankidetza eskaintzea.

Bosgarrena.– Baldin eta hitzarmen hau sinatzen duten administrazioek euren erregistroak informatizatzeko neurririk hartzen badute, elkarri jakinarazteko konpromisoa hartzen dute, betiere, neurriok interkomunikazio sistemen bateragarritasunari eragiten badiote; horrelakoetan, administrazio sinatzaileok, aipatutako bateragarritasuna eta euren erregistroen arteko koordinazioa bermatzeko hitzarmena sinatuko dute.

Seigarrena.– Hitzarmen hau, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik aurrera, lau urtez egongo da indarrean. Baldin eta, administrazio sinatzaileetako batek hitzarmena amaitu baino, gutxienez, bi hilabete lehenago, espresuki, kontrakorik ez badio, hitzarmen hau, besterik gabe, beste lau urtetarako luzatuko da.

Hitzarmena, ondorengo arrazoi hauek direla kausa ere iraungi egingo da: administrazio sinatzaileek adostasunez hala erabakitzen badute; edota administrazioetako batek, beste administrazioak hitzarmenean ezarritako betebeharrak nabarmenki urratu dituelako, bere aldetik hala erabakitzen badu.

Hitzarmen honen formalizazioa nahiz iraungipena, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Bizkaiko Aldizkari Ofizialean eta Elantxobeko Udaleko iragarki taulan argitaratuko dira.

Zazpigarrena.– Hitzarmen honen interpretazioa eta aplikazioa direla eta sor daitezkeen zalantza eta eztabaiden inguruko erabakiak hartzea, Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari dagokio; erabakiok betearazleak izango dira eta haien aurka, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahalko da.

Ados daudela adierazteko, hala jasota gera dadin eta dagozkion ondorioak izan ditzan, pertsona interesdunek jatorrizko bi ale sinatu dituzte, idazpuruan esandako lekuan eta egunean.

Herri Administrazio eta Justiziako sailburua,

JOSU IÑAKI ERCORECA GERVASIO.

Elantxobeko Udaleko alkate-lehendakaria,

JESUS M.ª OLAGIBEL BAQUERIZA.


Azterketa dokumentala