205. zk., 2015eko urriaren 28a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (314 KB - 10 orri.)
- EPUB (388 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA
4546
AGINDUA, 2015eko urriaren 21ekoa, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuarena, urriaren 23ko 185/2007 Dekretuaren babespeko diru-laguntzetarako deialdia egin duena 2015erako. Izan ere, euskal nekazaritza, arrantza eta elikadura sektoreetako zientzia, teknologia eta enpresaren eremuan ikertzaile eta teknologo gazteak prestatzeko laguntzak ezarri ditu dekretu horrek.
2007ko azaroaren 13an argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariko 218. zenbakian 185/2007 Dekretua, urriaren 23koa, euskal nekazaritza, arrantza eta elikadura sektoreetako zientzia, teknologia eta enpresaren eremuan ikertzaile eta teknologo gazteak prestatzeko laguntzak ezartzen dituena. Azaroaren 24ko 608/2009 Dekretuak aldatu zuen dekretu hori, eta haren helburua da: Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza, arrantza eta elikadura sektoreetako arlo zientifiko-teknologikoan, merkatuetan, marketinean eta enpresa-arloan ikertzaile eta teknologo gazteen prestakuntza sustatzeko laguntzen esparrua ezartzea eta arautzea.
Aipatutako dekretuaren 9. artikuluan xedatutakoaren arabera, urtero zabalduko da, sailburuak hala aginduta, laguntza-eskabideak aurkezteko epea. Bestalde, deialdiko aginduan honako hauek adierazi behar dira: aurrekontu-kreditu erabilgarria; deialdiko beka-kopurua eta bakoitzaren zenbatekoa; ikertzaileak eta teknologoak prestatzeko, estrategikotzat eta lehentasunezkotzat jotzen diren I+G+Bko proiektuen zerrenda jasotzen duen eranskina; eta, deialdi horretarako normalizatutako eskabide-eredua jasotzen duen eranskina.
Horiek guztiak horrela, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuarekin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren laguntza eta diru-laguntzei aplika dakizkiekeen gainerako xedapenekin bat,
EBAZTEN DUT
Lehenengoa.– Laguntzak.
1.– 2015eko ekitaldirako, beka hauen deialdia egiten da: doktoratu aurreko beken programako sei beka, eta teknologoak prestatzeko beken programako hamar beka.
2.– Agindu honetako I. eranskinean dago jasota Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren iritziz 2015eko ekitaldiko deialdian ikertzaile eta teknologoak prestatzeko beka-programarako estrategikoak eta lehentasunezkoak diren I+G+Bko proiektuen zerrenda.
Bigarrena.– Iraupena.
Prestatzen ari diren ikertzaile gazteentzako laguntzak badira, kontratuak urtebete iraungo du, eta urteko luzapenak egin daitezke. Ezin izango du inola ere lau urte baino gehiago iraun, kontuan hartuta hasierako kontratuko iraupena eta egindako luzapenak.
Teknologo gazteak prestatzeko laguntzei dagokienez, nahiz eta dekretuan xedatzen den laguntzek ondoz ondoko bi urteko iraupena edo urtebetekoa izan dezaketela, kasu honetan, emango diren laguntza guztiek bi urteko iraupena izango dute.
Hirugarrena.– Eskabideak aurkezteko epea.
2015eko ekitaldian, urriaren 23ko azaroaren 185/2007 Dekretuak araututako laguntzen eskabideak aurkezteko epea hamabost egunekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Laugarrena.– Aurkeztu beharreko eskabideak eta agiriak.
1.– 2015eko ekitaldiko laguntza-eskaerak agindu honen II. eranskinean dagoen eredu normalizatuan aurkeztu behar dira Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariari zuzenduta (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).
2.– Eskabideak helbide horretan bertan aurkez daitezke, edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4. artikuluan aurreikusitako beste edozein bide erabili ahalko da. Eskatzaileak eskabidea postetxeren batean aurkeztu nahi badu, gutun-azal ireki bat eraman beharko du, postetxeko funtzionarioak eskabideari data eta zigilua jar diezazkion eta gutuna ziurta dezan.
3.– Eskabidearekin batera, urriaren 23ko 185/2007 Dekretuaren 10.1 artikuluan adierazitako agiriak aurkeztu beharko dira.
4.– Interesdunek laguntza eskatu ahal izango dute edozein programatan, eta I. eranskinean jasotako guztien artean 3na aukeratu ditzakete gehienez.
Bosgarrena.– Baliabide ekonomikoak.
Laguntza-deialdi hau finantzatzeko kredituak EAEko aurrekontu orokorren kontura ordainduko dira (EAEko aurrekontu orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 5/2014 Legearen bidez onartuta, 2015eko ekitaldirako). Kredituen guztirakoa 699.920 eurokoa da; horietatik, 57.495 euro 2015erako ordainketa-kredituei dagozkie, eta gainerako 642.425 euroak 2016tik 2019ra bitarteko ekitaldietarako konpromiso-kredituei dagozkie.
Gizarte Segurtasunari atxikitzearen ondoriozko gastua (urriaren 24ko 1493/2011 Errege Dekretuan xedatuta) 137.610,48 eurokoa; horietatik 9.350,70 euro 2015rako ordainketa-kredituari dagozkio, eta 128.259,78 euro konpromiso-kredituari.
Seigarrena.– Eskatzaileek bete beharreko eskakizunak.
2015eko ekitaldian, laguntza-eskatzaileek egiaztatuta izan behar dituzte betekizun hauek, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunerako:
a) Europar Batasuneko hiritarra izatea, edo Euskal Autonomia Erkidegoan bizilekua duen atzerritarra.
b) Euskal Autonomia Erkidegoan bizitzea. Ondorio horietarako, eskatu egingo da Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriren batean erroldatuta egotea, deialdiaren urteko urtarrilaren 1etik aurrera gutxienez. Dena dela, onartu egingo dira, eskakizun hori bete ez arren, inoiz EAEn erroldaturik egon baina ikasketak Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo egin dituzten eskatzaileak.
c) Doktoratu aurreko beken programarako, honako titulu hauetako bat izan behar dute:
– Unibertsitate-graduko eta -masterreko espainiar titulu ofiziala. Ikasketa horien guztien iraupena 300 ECTS kreditukoa izango da gutxienez.
– Espainiako unibertsitate-titulu ofiziala (Lizentzia, Arkitektura, Ingeniaritza, Arkitektura teknikoa, Ingeniaritza teknikoa, Diplomatura), edo Europako Goi-mailako Hezkuntzaren Esparrua osatzen duen beste herrialde batekoa, masterrerako sarbidea lortzeko gaitzen duena, urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuaren 16. artikuluan xedatutakoaren arabera, eta unibertsitate-ikasketa ofizial guztietan 300 ECTS kreditu gutxienez gainditu izana, eta horietatik, gutxienez 60 master-mailakoak izango dira.
– Doktorego-ikasketetan sartzeko titulua ematen duen herrialdean ahalmena ematen duten atzerriko hezkuntza-sistemen arabera lortutako titulua.
d) Teknologoak prestatzeko beken programarako, honako titulu hauetako bat izan behar dute:
– Graduko espainiar titulu ofiziala.
– Espainiako unibertsitate-titulu ofiziala, edo Europako Goi-mailako Hezkuntzaren Esparrua osatzen duen beste herrialde batekoa, edo doktorego-ikasketetan sartzeko titulua ematen duen herrialdean ahalmena ematen duten atzerriko hezkuntza-sistemen arabera lortutakoa.
e) Titulu hori lortzeko ikasketak amaitu behar izan dituzte 2011ko ekainean edo geroago.
f) Teknologo gazteak prestatzeko laguntzetarako, ezin izan dute beste antzekorik izan, hau da, nekazaritzako, arrantzako eta elikadurako eskumena duen sailak emandako antzekorik.
g) Estatutik kanpo gauzatuko diren laguntzetarako, eskatzaileek nahiko ondo jakin behar dute laguntza gauzatzeko zentroa dagoen herrialdeko hizkuntza, edo bera gauzatzeko behar den hizkuntza teknikoa.
h) Ez dute izan behar diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratiborik edo penalik, ezta horretarako legezko inolako debekurik ere, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barnean izanik, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean xedatutakoarekin bat.
Zazpigarrena.– Laguntzen zenbatekoa.
1.– Prestatzen ari diren ikertzaileak.
a) Prestatzen ari diren ikertzaile gazteentzako laguntzek 16.330 euroko dotazio ekonomikoa izango dute urteko, gehi Gizarte Segurantzako urteko kuota.
b) Ikertzailea atxikita dagoen organismo, zentro edo erakundeak 21.563,77 euro jasoko ditu aurretiaz. Ikertzaileek, berriz, 16.330,00 euroko ordainsari gordina jasoko dute, urriaren 23ko 185/2007 Dekretuaren 16.1.c) artikuluan xedatutakoa gorabehera.
c) Orobat, onuradunek laguntza osagarri bat izango dute; izan ere, laguntza bakoitzeko, gehienez 2.000 euro gehiago eskura dezakete urteko, gastuak ordaintzeko. Aldez aurretik justifikatuta, doktorego-ikastaroetan matrikulatzeko, zientzia-kongresuetan edo lan-saioetan parte hartzeko, beste ikerketa-zentro batzuetan egonaldi laburrak egiteko, beste ikastaro batzuk egiteko, eta abarretarako erabiliko dute diru-kopuru hori.
2.– Teknologoak.
Teknologoak prestatzeko laguntzek 12.000 euroko dotazio ekonomikoa izango dute urteko, gehi Gizarte Segurantzako urteko kuota. Orobat, onuradunek laguntza osagarri bat izango dute; izan ere, laguntza bakoitzeko, gehienez 1.000 euro gehiago eskura dezakete urteko, gastuak ordaintzeko. Aldez aurretik justifikatuta, zientzia-kongresuetan edo lan-saioetan parte hartzeko, beste ikerketa-zentro batzuetan egonaldi laburrak egiteko, beste ikastaro batzuk egiteko, eta abarretarako erabiliko dute diru-kopuru hori.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari. Beraren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa ezar dakioke Ingurumen, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ezar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak agindu honek.
Vitoria-Gasteiz, 2015eko urriaren 21a.
Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.