Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

205. zk., 2015eko urriaren 28a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA
4540

AGINDUA, 2015eko urriaren 15ekoa, Herri Administrazio eta Justiziako sailburuarena. Honen bidez, berariazko merezimendu-lehiaketara deitzen da, auzitegi-mediku lanpostuak betetzeko (auzitegi-patologian adituak) Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutuan.

Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoaren 532. eta 533. artikuluetan eta Justizia Administrazioko Funtzionarioen Sarbiderako, Lanpostu Hornikuntzarako eta Lanbide Sustapenerako Arautegia onartu zuen abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren 49. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoa betez, berariazko merezimendu-lehiaketara iragartzen da, auzitegi-mediku lanpostuak betetzeko (auzitegi-patologian adituak) Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutuan.

Herri Administrazio eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko apirilaren 9ko 188/2013 Dekretuarekin bat etorriz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Deialdi honen xedea da, berariazko merezimendu-lehiaketaren bitartez, hutsik dauden auzitegi-mediku lanpostuak betetzea (auzitegi-patologian adituak) Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutuan. Lanpostu horiek «lanpostuen zerrenda» I. eranskinean daude jasota.

2. artikulua.– Parte hartzeko betekizunak.

1.– Betekizun orokorrak:

a) Destinoa edozein lurralde-eremutan daukaten eta parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean deialdi honetan ezarritako baldintza orokorrak eta betekizunak betetzen dituzten auzitegiko medikuen kidegoko karrerako funtzionarioek hartu dezakete parte lehiaketa honetan. Lehiaketaren behin betiko ebazpena eman arte jarraitu behar da baldintzak eta betekizunak betetzen.

b) Ezin izango dute lehiaketa honetan parte hartu honako hauek: interes partikularrarengatik borondatezko eszedentzian dauden karrerako funtzionarioek, egoera horretan egoteko gutxieneko aldiak dirauen bitartean; lan-etenaldi irmoan daudenek, etenaldi horrek dirauen artean; eta nahitaezko lekualdatze bidez zehatutakoek, zehapena ezarri zaien herri berean bada destinoa, betiere urtebete edo hiru urte igaro arte, falta astuna edo oso astuna bada, hurrenez hurren.

c) Berariazko lehiaketa honetan parte hartzeko gutxieneko denbora arautzeko, abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren 49.7 artikuluan xedatutakoarekin bat, ez da aplikatuko dekretu horren 46.1 artikuluan ezarritako muga.

d) Berariazko lehiaketa bidez edo izendapen askez bereziturik dagoen lanpostua betetzen ari diren funtzionarioek lehiaketa honetan parte hartu ahal izango dute, lanpostua jabetzan hartu zutenetik urtebetez gutxienez bete badute betiere (abenduaren 7ko 1451/2005 Errege Dekretuaren 54. edo 62. artikuluak).

2.– Berariazko betekizunak:

Parte-hartzaileek bi betekizun hauetakoren bat bete beharko dute eskabideak aurkezteko epea amaitzen denean:

– Auzitegi-patologiako adituaren prestakuntza (auzitegi-medikua 2 urtetik gorako prestakuntzarekin auzitegi-patologian, Osakidetzaren eta Eusko Jaurlaritzako Herri Administrazio eta Justizia Sailaren artean indarrean dagoen prestakuntza-hitzarmenaren arabera), edo

– Anatomia patologikoko mediku espezialistaren titulua izatea (espezialitate mediko ezberdinen programen/planen katalogoa aintzat hartuta, Espainiako Osasun eta Kontsumo Ministerioaren ereduaren arabera).

3. artikulua.– Eskainitako lanpostuak.

Lehiaketa honen bidez bete beharreko lanpostuak agindu honen I. eranskinean (lanpostuen zerrenda) jasotakoak dira. Justizia Administrazioko Zuzendaritzak erresulta gisa bideratu ahal izango ditu lehiaketa honen ebazpenaren ondorioz hutsik geratzen direnak.

Horretarako, agindu hau argitaratzen denetik eta eskabideak aurkezteko epeak irauten duen bitartean, web orrian (www.justizia.net) eta Justiziako Langileen Atarian, eska daitezkeen lanpostuen zerrenda argitaratuko da (deitu direnen izaera berekoak).

4. artikulua.– Faseak eta baremoa.

Berariazko lehiaketa honek bi fase ditu:

1.– Lehenengo fasea: merezimendu orokorrak egiaztatu eta balioestea:

a) Antzinatasuna: kidegoan karrerako funtzionario gisa gauzatutako egiazko zerbitzuengatik bi puntu emango dira zerbitzuak gauzatutako urte oso bakoitzeko; epe laburragoak, berriz, proportzioz zenbatuko dira (0,00555556 eguneko). Ondorio horietarako, hilabeteak hogeita hamar egunekoak direla joko da. Kontzeptu horretan 60 puntu emango dira gehienez.

b) Euskara jakitea: lanpostuan jarduteko eskatzen den euskararen ezagutza baino maila altuagoa egiaztatzeak 12 puntura arteko balioa izango du, baina bakarrik ondorio hauetarako. Adierazitako jakite-maila hori behar bezala egiaztatu beharko da aurkeztutako tituluaren eta titulu horri dagokion mailaren ziurtagiri ofizialaren edo homologazioaren bitartez, eta horiek eskabideak aurkezteko epearen barruan entregatu beharko dira.

Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duen ekainaren 29ko 174/2010 Dekretuan eta Autonomia Erkidego horren eremuan gauzatu ahal izango diren euskararen normalizazio-planetatik eratorritako gainerako xedapenetan ezarritakoaren arabera, honako irizpide hauek hartuko dira kontuan:

Hizkuntza-eskakizuna esleitu gabe duten lanpostuak:

2. hizkuntza-eskakizuna: 6 puntu.

3. hizkuntza-eskakizuna: 8 puntu.

4. hizkuntza-eskakizuna: 12 puntu.

2.– Bigarren fasea: berariazko merezimenduak egiaztatu eta balioestea. Kontzeptu horretan 43 puntu emango dira gehienez. Atal honetan, kontuan hartuko dira lanpostuarekin lotuta dauden titulu akademiko ofizialak, baina auzitegi-medikuen kidegoan sartzeko eskatutakoak ez direnak.

a) Merezimendu akademikoak: doktoregoa, 11 puntu.

b) Antzeko eginkizunak dituzten lanpostuetan aritzeagatik (argitaratutako lanpostuen zerrendaren arabera): gehienez 22 puntu (urteko 2 puntu).

c) Lanpostuaren eginkizunen berezko arlo edo diziplinetan izandako berariazko prestakuntzagatik: gehienez 10 puntu (0,2 puntu, jasotako prestakuntzako 10 orduko). Atal honetako merezimenduak balioetsi egingo dira, baldin eta unibertsitateak, institutuek edo eskola ofizialek edo beste erakunde batzuek deituak edo antolatuak izan badira, eta betiere herri-administrazioren batek homologatu baditu.

3.– Eskabideak aurkezteko epea bukatzen denean balioetsiko dira merezimenduak.

4.– Agirien fotokopia konpultsatuak aurkeztu beharko dira, eta, eskakizun hori bete ezean, ez dira aintzat hartuko.

5. artikulua.– Eskabideak aurkezteko ereduak eta epeak.

1.– Lehiaketan parte hartzeko eskabideak agindu honen II. eranskin gisa (parte hartzeko eskaera-orria) argitaratutako ereduari jarraituz beteko dira. Hamar (10) egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Bi aldizkarietan aldi berean ezin bada argitaratu, epeak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera kontatuko dira.

2.– Justizia Administrazioko zuzendariari zuzenduko zaizkio eskaerak, bai Vitoria-Gasteizko, Donostiako edo Bilboko EATeko sarrera-erregistroan, bai Eusko Jaurlaritzako Herri Administrazio eta Justizia Saileko Erregistro Orokorrean (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).

Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 38. artikuluan ezarritako eran ere bidal daitezke eskabideak. Posta bidez bidaltzeko modu bi daude:

a) Posta arruntaren bitartez; kasu horretan, eskabideak aurkezteko epea amaitu aurretik iritsi beharko dute Vitoria-Gasteizko, Donostiako edo Bilboko EATeko erregistrora edo Eusko Jaurlaritzako Herri Administrazio eta Justizia Sailaren erregistrora.

b) Posta ziurtatuz. Eskabideak gutun-azal irekien barruan aurkeztu beharko dira postetxean, postako langileak, bidali baino lehen, eguna eta zigilua jar diezaien. Lehiaketako parte-hartzaileek postetxeko zigilua duen eskabidea bidali beharko dute; eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, ez da baldintza hori betetzen ez duen eskabiderik onartuko, nahiz eta eskabidea postaz bidali eta gero egiaztatu ahal izan.

3.– Parte hartzen duen funtzionario bakoitzak lehentasun-hurrenkeraren arabera eskatu ahal izango ditu eskainitako lanpostuak, baldin eta lanpostu horretarako betekizunak betetzen baditu.

4.– Lanpostu horiek I. eranskinean (lanpostuen zerrenda) jasota dauden lanpostu kodea eta dotazio zenbakiaren arabera identifikatuko dira.

5.– Lehiaketan parte hartzen dutenek honako agiriok aurkeztu beharko dituzte eskaerarekin batera:

– Dagokion kidegoko funtzionario izendapenaren fotokopia konpultsatua, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioko funtzionarioa ez bada.

– Jabetzan betetako azken lanpostuaz jabetzeko eginbidearen fotokopia konpultsatua, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioko funtzionarioa ez bada.

– Kidegoan karrerako funtzionario gisa emandako zerbitzuen jatorrizko ziurtagiri eguneratua. Emandako zerbitzuak agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunera arte zenbatuko dira. Eusko Jaurlaritzako Justizia Administrazioko Zuzendaritzak ofizioz emango ditu Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioko funtzionarioei dagozkien ziurtagiriak.

– Auzitegi-patologiako adituaren prestakuntzaren tituluaren edo anatomia patologikoko mediku espezialistaren tituluaren fotokopia konpultsatua.

– Alegatutako merezimenduak justifikatzen dituen dokumentazioaren fotokopia konpultsatua.

6.– Eskabideak aurkezteko epea igarotakoan, egindako eskaera loteslea izango da eskatzailearentzat, hau da, eskabidea ezin izango da aldatu. Norbaitek bere eskabidea zuzendu nahi badu, beste eskabide bat aurkeztu ahal izango du, eskabideak aurkezteko epean, eta azken eskabideak aurrekoa automatikoki ezeztatuko du. Eskabideak onartzeko epea amaitu aurretik soilik egin ahal izango zaio uko lehiaketan parte hartzeari.

6. artikulua.– Eskabideak balioestea.

1.– Merezimenduak Herri Administrazio eta Justiziako sailburuaren agindu bidez izendatutako balioespen-batzordeak ebaluatuko ditu.

2.– Balioespen-batzordea Administrazioaren ordezkari diren lau kidek osatuko dute, eta haietarik bat gutxienez Justizia Administrazioko funtzionarioa izango da. Administrazioak izendatutako kideetatik hautatuko dira lehendakaria eta idazkaria.

3.– Dagokion alorrean ordezkari gehien duten sindikatuek bi ordezkari izango dituzte batzorde horretan.

4.– Deitutako lanpostuari atxikitzen zaion titulazio bera edo maila handiagokoa eskatzen den kidegoetakoak izan beharko dute batzorde horietako kide guztiek.

5.– Justizia Administrazioko Zuzendaritzak aztertu egingo du funtzionarioek parte hartzeko baldintzak betetzen dituzten ala ez, eta balioespen-batzordeari laguntza emango dio merezimenduak balioesterakoan, betiere parte-hartzaileen espediente pertsonalean dauden datuak aintzat hartuta, eta parte-hartzaileek, eskabideak aurkezteko epean, aurkezten duten dokumentazioaren arabera.

7. artikulua.– Esleipenak.

1.– Lanpostuak esleitzeko lehentasun-hurrenkera deialdi honetako laugarren artikuluan ezarritako baremoen arabera lortzen den guztizko puntuaziorik handienak emango du.

2.– Guztizko emaitzan berdinketarik gertatuz gero, kidegoan antzinatasun handiena nork duen begiratuko da.

8. artikulua.– Behin-behineko ebazpena.

1.– Deialdi hau behin-behinean ebatziko du Justizia Administrazioko zuzendariak, eta aldi berean argitaratuko da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako EATetako iragarki-tauletan, Justiziako langileen atarian eta web-orrialdean (www.justizia.net).

2.– Onartuen behin-behineko ebazpenak adieraziko du destinoa ematen zaien interesdunen jatorrizko lanpostua eta herria, baremoa eta behin-behinean esleitutako lanpostua.

3.– Onartutakoen eta baztertuen behin-behineko ebazpenaren aurka alegazioak aurkeztu ahal izango dira, argitaratzen denetik hamar egun naturaleko epean.

4.– Adierazitako epean erreklamaziorik egiten ez bada, ulertuko da eskatzailea ados dagoela, eta bildutako datuak, baremazioa eta behin-behinean emandako destinoa onartzen dituela.

5.– Behin-behinean esleitutako destinoek ez dute eskubiderik ematen, lehiaketaren behin betiko ebazpenari dagokionez.

9. artikulua.– Behin betiko ebazpena.

1.– Alegazioak ikusita, deialdi honen gaineko behin betiko ebazpena Herri Administrazio eta Justiziako sailburuaren agindu bidez emango da, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

2.– Lehiaketa honen ebazpena hiru hilabeteko epean emango da gehienez, eskabideak aurkezteko epea amaitu eta biharamunetik kontatzen hasita, 1451/2005 Errege Dekretuko 51.3 artikuluarekin bat etorriz.

3.– Ebazpenean destinoa esleitzen zaien interesdunen jatorrizko lanpostua adierazi beharko da.

4.– Lortutako destino berriaz jabetzeko epea hiru egun naturalekoa izango da, funtzionarioak herriz aldatu behar ez badu; zortzi egun naturalekoa Euskal Autonomia Erkidegoan dagoen beste herri batera aldatu behar badu, eta hogei egun naturalekoa beste autonomia erkidego batera joan behar badu, honako kasu hauetan izan ezik: Kanarietako Komunitate Erkidegoa, Balear Uharteetako Autonomia Erkidegoa, Ceutako Hiri Autonomoa eta Melillako Hiri Autonomoa. Azken kasu horietan epea hilabetekoa izango da, bai lanpostua jatorrikoa bada, bai destinokoa bada. Plazaren esleipendunak bere jabetza hartzearekin batera zerbitzu aktibora itzultzea lortzen badu, epea hogei egunekoa izango da.

Jabetza hartzeko epe hori lanpostua uzten den egunaren biharamunean hasiko da kontatzen, eta lanpostua lehiaketaren behin betiko ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo hiru egun baliodunen barruan utzi beharko da. Ebazpenak zerbitzu aktiboko egoerara itzultzea badakar, ebazpena argitaratzen denetik hasiko da zenbatzen jabetzeko epea.

Funtzionarioak baliatzen ari diren oporrak, baimenak edo lizentziak amaitzen direnean hasiko dira zenbatzen lanpostuaz jabetzeko epeak, salbu eta lizentziak edo baimenak eteteko edo baliogabetzeko adinako salbuespenezko zirkunstantziak –behar bezala justifikatuta– badaude.

Lanpostuaz jabetu ondoren, lanpostuaz jabetzeko epea zerbitzu aktibo gisa hartuko da ondorio guztietarako, zerbitzu aktibora itzultzen den kasuetan izan ezik.

10. artikulua.– Esleitutako destinoen izaera.

1.– Lehiaketa honen ebazpenaren ondoriozko lekualdatzeak borondatezkotzat hartuko dira Zerbitzuagatiko Kalte Ordainei buruzko otsailaren 2ko 16/1993 Dekretuan aurreikusitako ondorioetarako eta, hortaz, ez dute inolako kalte-ordainik kobratzeko eskubiderik emango.

2.– Esleitutako destinoei ezin izango zaie uko egin. Nolanahi ere, berariazko lehiaketa honen bidez lanpostu bat lortu duten funtzionarioek uko egin ahal izango diote, baldin eta, lanpostuaz jabetzeko epea bukatu baino lehen, deialdi publiko bidez behin betiko beste destino bat lortu badute; hala gertatuz gero, interesdunak horren berri eman beharko dio erakunde deitzaileari. Jakinarazteko betebehar hori bete ezean, esleitutako lehen destinoa hartu beharko du jabetzan funtzionarioak.

11. artikulua.– Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari, hilabeteko epean, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzietako Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera. Bi aldizkarietan aldi berean ezin bada argitaratu, epeak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

Aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkezten denetik hilabete pasatuta, ebazpen adierazirik ematen ez bada, errekurtsoa ezetsitzat jo beharko da; orduan, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahalko da, lehen adierazitako moduan.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko urriaren 15a.

Herri Administrazio eta Justiziako sailburua,

JOSU IÑAKI ERCORECA GERVASIO.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala