Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

202. zk., 2015eko urriaren 23a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
4477

EBAZPENA, 2015eko urriaren 13koa, Lanbide Heziketako sailburuordearena, zeinaren bidez irekitzat jotzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko lanbide-heziketako ikastetxe integratu publikoen gizarte-kontseiluetako kideak hautatzeko hauteskunde-garaia eta kontseilu horiek eratzeko azken eguna zehazten baita.

Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren xedea da Lanbide Heziketaren, kualifikazioen eta egiaztapenen sistema integrala arautzea, gizartearen eta ekonomiaren eskariei erantzungo diena eta lanbide-heziketako ikastetxeen eta, bereziki, lanbide-heziketako ikastetxe integratuen betekizunak ezarriko dituena.

Lanbide-heziketako ikastetxe integratuen oinarrizko baldintzak arautzen dituen abenduaren 23ko 1558/2005 Errege Dekretuak gizarte-kontseilu bat izan behar dela ezartzen du, eta, hain zuzen ere, gizarteak lanbide-heziketako ikastetxe integratuetan parte hartzeko organo gisa definitzen du kontseilu hori.

Ildo horretan, Euskal Autonomia Erkidegoko lanbide-heziketako ikastetxe integratuak arautzen dituen apirilaren 1eko 46/2014 Dekretuak, 23. artikuluan, Euskal Autonomia Erkidegoko lanbide-heziketako ikastetxe integratu publikoen gizarte-kontseiluak nola osatuko diren ezartzen du.

Ekainaren 9ko 85/2015 Dekretuaren bidez Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratuak eratzen dira, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren titulartasuneko beste ikastetxe batzuk eraldatuta. Eta, dekretu horren bitartez, 25 ikastetxe integratu sortu dira.

Euskal Autonomia Erkidegoko zenbait ikastetxe publiko sortzea, bat egitea eta kentzea xedatzen duen uztailaren 27ko 155/2015 Dekretuaren bidez, 3 ikastetxe integratu berri sortu dira. Dena dela, Lasarte-Oriako Eraikin Adimendunen Garapen Iraunkorrerako Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratua ez da oraindik martxan jarri.

Aipatutako ekainaren 9ko 85/2015 Dekretuaren bigarren xedapen gehigarrian adierazten denez, irakasleen klaustroa eratu ondoren, ikastetxeko zuzendaritzaren ekimenez Kontseilu Soziala eratzeko jarduerak gauzatu beharko dira. Horretarako, gehienez urtebeteko epea egongo da, ikastetxe integratua jardunean hasten denetik hasita. Era berean, bertan adierazten denez, Lanbide Heziketako sailburuordeak behar diren jarraibideak emango ditu ikastetxeetako hauteskunde-prozesuak burutu daitezen. Kontseilu Soziala bi urtetik behin berrituko da, eta, horretarako, Euskal Eskola Publikoa osatzen duten ikastetxeetarako oro har aurreikusitako prozedurak aplikatuko dira.

Hori dela eta, Lanbide Heziketako sailburuordeari dagokio goian aipatutako xedapenen bidez sortutako Euskal Autonomia Erkidegoko lanbide-heziketako ikastetxe integratu publikoetako gizarte-kontseiluetan hezkuntza-komunitateko ordezkariak hautatzeko hauteskunde-prozesua irekitzat jotzea, bai eta kontseilu horiek eratzeko epeak ezartzea ere.

Hori guztia dela eta, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Hauteskunde-prozesua.

Irekitzat jotzen da Euskal Autonomia Erkidegoan sortutako lanbide-heziketako ikastetxe integratu publikoetako gizarte-kontseiluetan hezkuntza-komunitateko ordezkariak hautatzeko hauteskunde-prozesua.

2. artikulua.– Gizarte-kontseiluaren osaera, eta hautatzekoak ez diren kideen izendapena.

1.– Ikastetxe integratu publiko bakoitzeko gizarte-kontseilua 12 kidek osatuko dute, Euskal Autonomia Erkidegoko lanbide-heziketako ikastetxe integratuak arautzen dituen apirilaren 1eko 46/2014 Dekretuaren 23. artikuluko 2. paragrafoan zehazten denez.

2.– Hezkuntza-komunitatearen ordezkariak hurrengo artikuluetan adierazitako prozedurarekin bat etorriz hautatuko dira.

3.– Heziketa eta Ikaskuntzako zuzendariak gizarte-eragileei eta Jaurlaritzako sailei eskatuko die Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe integratu publikoetarako dagozkien ordezkarien proposamena egin dezaten, bai eta ordezkoena ere, hala badagokio.

4.– Heziketa eta Ikaskuntzako zuzendariak ikastetxeei jakinaraziko die nortzuk proposatu dituzten gizarte-eragileek eta Jaurlaritzako sailek gizarte-kontseilu bakoitzeko kide izateko.

5.– Administrazioek eta gizarte-eragileek nahi dutenean aldatu ahal izango dituzte ordezkari titularrak eta ordezkoak, ikastetxeko gizarte-kontseiluko lehendakariari jakinarazi ondoren.

3. artikulua.– Ikastetxeetan ordezkariak hautatzeko prozedura.

1.– Ikastetxe bakoitzeko ordezkariak hautatzeko xedez, Hauteskunde Batzorde bat eratuko da ikastetxe bakoitzean. Batzorde hori honela osatuko da: lehendakaria ikastetxeko zuzendaria izango da, eta gizarte-kontseilu horretan ordezkariren bat hautatu behar duen eskola-komunitateko sektore bakoitzaren kide bat egongo da (zozketaz aukeratuko dira). Era berean, sektore bakoitzeko ordezko kide bat hautatuko da.

2.– Xedapen hau argitaratu eta hurrengo egun baliodunetik hasita gehienez ere 10 egun naturaleko epean Hauteskunde Batzorde hori eratu beharko da.

3.– Batzorde horrek eginkizun hauek izango ditu gizarte-kontseiluan hezkuntza-komunitateko ordezkariak hautatzeko orduan:

a) Hauteskunde-prozesuko ekintzen egunak zehaztea, partaidetza ahalik eta handiena izan dadin ahaleginduz.

b) Hautaketa-prozeduraren arauak jakinaraztea, behar besteko publizitatea emanez.

c) Hauteskunde-mahaien eraketa sustatzea. Mahai horien zereginak izango dira: bozketak gidatzea, ordena zaintzea, sufragioaren garbitasunaz arduratzea eta zenbaketa egitea.

d) Hauteskunde-prozesuko ekintzak honako epe hauen barruan egin daitezen agintzea:

– Hautagaiak onartzea eta hautesleen zerrenda egitea: Hauteskunde Batzordea eratu eta zazpi egun gutxienez eta hamar egun gehienez.

– Hautagaien behin-behineko zerrenda eta hautesleen behin-behineko zerrenda argitaratzea: Hauteskunde Batzordeak hautagaiak onartzeko eta hautesleen zerrenda egiteko ezarritako epea bukatu eta hurrengo eguna.

– Hautagaien eta hautesleen behin-behineko zerrenden aurkako erreklamazioak egiteko epea: zerrenda horiek argitaratu eta hiru egun gehienez.

– Egindako erreklamazioak ebaztea: erreklamazioak egiteko epea bukatu eta hiru egun gehienez.

– Hautagaien eta hautesleen behin betiko zerrendak argitaratzea: erreklamazioak ebatzi eta hurrengo eguna.

– Hauteskundeak egitea: hautagaien eta hautesleen behin betiko zerrendak aldarrikatu eta lau egun gutxienez eta zazpi egun gehienez.

– Bozketetan lortutako emaitzak argitaratzea eta hautetsiak behin-behinean aldarrikatzea: hauteskundea egin eta hurrengo eguna.

– Hauteskunde-emaitzen eta hautetsien behin-behineko zerrendaren aurkako erreklamazioak egiteko epea: zerrenda argitaratu eta hiru egun gehienez.

– Egindako erreklamazioak ebaztea: erreklamazioak egiteko epea bukatu eta hiru egun gehienez.

– Behin betiko emaitzen eta hautetsien zerrenda argitaratzea: erreklamazioak ebatzi eta hurrengo eguna.

4.– Egunak eta zerrendak zehazteari buruz hartutako erabakiak ikastetxearen iragarki-oholean jarriko dira.

4. artikulua.– Gizarte-kontseilua eratzea eta berritzea.

1.– Hauteskunde-prozesua bukatu eta hilabeteko epean eta behin administrazioek edo erakundeek kontseilu hori osatzen duten ordezkaritzak proposatu ondoren eratuko da Euskal Autonomia Erkidegoan sortutako lanbide-heziketako ikastetxe integratu publikoen gizarte-kontseilua.

2.– Gizarte-eragileen eta administrazioaren ordezkaritzan bajak gertatzen direnean, eragindako administrazio edo erakundeek proposatutako kideek beteko dituzte baja horiek.

3.– Hauteskundeetan hautatu ez direlako ordezko direnek beteko dituzte, jasotako boto-kopuruaren hurrenkeran, hezkuntza-komunitateko ordezkarien artean gertatzen diren bajak. Kide berri horiek kontseilua berritu arte geratzen den epean beteko dituzte beren eginkizunak.

4.– Horrela eratutako gizarte-kontseilua bi urterik behin berrituko da, eratzeko erabilitako prozesu berari jarraituz. Kontseilu berriak dagokion urtearen urriaren 30a baino lehen eratu beharko dira.

5. artikulua.– Prozesua dokumentatzea.

1.– Prozesu hauei lotutako dokumentazioa dagokion ikastetxean artxibatuko da.

2.– Ikastetxe bakoitzeko zuzendariak gizarte-kontseiluaren eraketaren aktaren kopia bidaliko dio Lanbide Heziketako Sailburuordetzari, eratu eta 7 eguneko epean gehienez ere.

6. artikulua.– Ordezko araudia.

Ebazpen honetan jasotzen ez diren prozedurazko alderdiei dagokienez, Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publiko ez-unibertsitarioetan Ordezkaritza Organo Gorena hautatzeko eta berritzeko prozedura arautzen duen araudian ezarritakoa aplikatuko da.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko urriaren 13a.

Lanbide Heziketako sailburuordea,

JORGE ARÉVALO TURRILLAS.


Azterketa dokumentala