Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

202. zk., 2015eko urriaren 23a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
4472

EBAZPENA, 2015eko urriaren 22koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena. Honen bidez, argitara ematen da Euskal Autonomia Erkidegoko enpresek prestakuntzako estrategia-ekintzak gauzatzeko laguntza ekonomikoen 2015eko deialdia, zeina Lanbideren Administrazio Kontseiluaren erabaki bidez onartu baitzen.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluak, 2015eko urriaren 22ko bilkuran harturiko erabakiaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko enpresek prestakuntzako estrategia-ekintzak gauzatzeko laguntza ekonomikoen 2015eko deialdia onartu du, eta erakunde autonomo honen zuzendari nagusiari dagokio deialdia argitaratzea, Lanbideren Estatutuen 10.2 artikuluaren p) idatzi-zatian ezarritakoaren arabera, zeinak maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bidez onartu baitziren.

Hori horrela, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Argitara ematea Euskal Autonomia Erkidegoko enpresek prestakuntzako estrategia-ekintzak gauzatzeko laguntza ekonomikoen 2015eko deialdia, zeina Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren erabakiaren bidez onartu baitzen, 2015eko urriaren 22ko bilkuran. Ebazpen honen eranskin gisa dator.

Bigarrena.– Jakinaraztea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango dituela ondorioak laguntzen deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren Erabakiak.

Hirugarrena.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren Erabakiaren aurka, zeinen bidez deialdia onartzen baita, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko urriaren 22a.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,

ADOLFO ALUSTIZA FERNÁNDEZ.

DEIALDIA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ENPRESEK PRESTAKUNTZAKO ESTRATEGIA-EKINTZAK GAUZATZEKO LAGUNTZA EKONOMIKOEN 2015EKO EKITALDIRAKO

Euskal Autonomia Erkidegoan indarrean daude, 1995eko irailaren 27an sinatu zirenetik, Etengabeko Prestakuntzari buruzko Lanbide arteko Akordioa eta ondoren izenpetutako Euskal Autonomia Erkidegoko Etengabeko Prestakuntzarako Hiruko Akordioa; azken horren bidez, Eusko Jaurlaritzak bere egiten zuen gizarte-eragileek erabakitako eredua eta zehazten ziren alderdiek onetsiriko betekizunak.

Hiruko Akordioaren bidez, Hobetuz-Langileen Prestakuntzarako Euskal Fundazioa sortu zen, honako helburu hauek betetzeko: EAEn lanean ari diren langileen prestakuntza kudeatzea eta zuzentzea; enpresen, langileen eta ikastetxeen artean etengabeko prestakuntzarekiko interesa piztea, eta prestakuntza hori ahalik eta gehien zabaltzeko eta ahalik eta eraginkortasun handiena izateko baldintzak sustatzea.

Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailari esleitzen dio enplegu-politika eta enplegurako lanbide-prestakuntzaren azpisistema Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuak, zeinak Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen baititu eta haien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen baititu.

Bestalde, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailari atxikitako Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoari dagokio, beste zenbait egitekoren artean, kudeatzea enplegu-programak, enplegurako prestakuntza-programak eta autoenplegua eta enpresen sorkuntza sustatzeko programak. Egiteko horiek barne hartzen dute dagozkion diru-laguntza deialdiak onartu eta izapidetzea, hala ezarrita baitago 82/2012 Dekretuak onarturiko erakunde autonomoaren estatutuen 3.b) artikuluan. Enplegurako prestakuntzaren barruan, lana duten langileei lehentasunez zuzenduriko prestakuntza dago, bai eskatutakoa –enpresen prestakuntza-ekintzak eta banakako prestakuntza-baimenak–, bai eskainitakoa –lehentasunez lana duten langileei zuzendutako prestakuntza-planak.

Lana duten langileei lehentasunez zuzendutako enplegurako lanbide-heziketa funtsezkoa da bizialdi osoko prestakuntza ziurtatzeko, langileak eta enpresak ezaguera oinarrian duen gizartera egokitzeko eta langileen gaitasun profesionalari eusteko Europako Enplegurako Estrategiaren esparruan garatzen diren produkzio-prozesuek izan ditzaketen aldaketen aurrean.

Prestakuntza, langileei lan-bizitzan beharko duten kualifikazioa emateaz gain, lehentasunezko balio estrategiko bat da aldaketa teknologiko, ekonomiko eta soziala dakarten prozesuetan, eta, hori dela-eta, funtsezkoa da enpleguaren egonkortasuna eta gizarte-kohesioa lortzeko.

Testuinguru horretan, erabaki honen bidez finantzatzen diren prestakuntza-ekintzen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko enpresei laguntzen zaie langileen gaitasunak eta kualifikazioak hobetzeko prestakuntza-ekintzak programatzen.

Horregatik guztiagatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak proposatuta, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2015eko urriaren 22ko bilkuran harturiko erabakiaren bidez, onartu du Euskal Autonomia Erkidegoko enpresek prestakuntzako estrategia-ekintzak gauzatzeko laguntza ekonomikoen 2015eko deialdia, honako hauei jarraikiz:

1. artikulua.– Xedea.

1.– Deialdi honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko enpresek programaturiko prestakuntza-ekintzak (prestakuntzako estrategia-ekintzak) egiteko laguntza ekonomikoen oinarriak ezartzea, 2015erako. EAEko enpresen langileen gaitasun eta kualifikazioak hobetzera bideratuta egongo dira ekintza horiek.

Enpresatzat joko da jarduera ekonomiko bat egiten duen entitate oro, zeinahi delarik ere haren izaera juridikoa eta finantzaketa-modua.

Zuzenean lotzen zaizkie enpresaren proiektuari, eta premien diagnostiko batean edo antzeko agiri batean oinarrituta egon daitezke estrategia-ekintzak; hots, aurkezturiko ekintzen lehentasuna zein den eta ekintza horiek zein langileri zuzentzen zaizkion adierazten duen agiri batean.

2.– Deialdi hau finantzatzeko, 4.300.000 euro erabiliko dira, gehienez; horietatik 2.150.000 euro 2015eko ordainketa-kredituari dagozkio, eta 2.150.000, aldiz, 2016ko konpromiso-kredituari.

Guztira emango diren laguntzen bolumenak ez du gaindituko aipatutako kopurua edo hori emendatzetik ateratzen dena, baldin eta, indarreko legeriarekin bat, aurrekontu-aldaketak onartzen badira; hala bada, egoera horren berri emango da EHAAn, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen bat argitara emanez.

3.– Deialdi honetan bilduriko laguntzak jasoz gero, laguntzen onuradunek ezin izango dute beste diru-laguntza publikorik jaso prestakuntza-ekintza berberak egiteko.

4.– Dena den, bermatuko da osagarriak direla deialdi honetan biltzen diren diru-laguntzak eta etengabeko lanbide-prestakuntzako estatuko egungo ereduaren barruan aurreikusiriko hobariak.

– Ondorio horietarako, enpresek agortu egin beharko dute estatuko hobari-sisteman ekitaldirako dagoen kreditu erabilgarria; bestela, azken diru-laguntzatik deskontatuko da agortu gabe geratzen den kredituaren kopurua.

– Gainera, enpresa eskatzaileek bermatu beharko dute ezen estatuko ereduan ez dutela hobaririk jasotzen diruz lagundu beharreko ekintzak egikaritzeko.

Deialdi honetan eskatzen diren puntu guztiak egiaztatu beharko dituzte eskatzaileek bikoiztasunak eta prestakuntza-ekintzen gainfinantzaketa saihesteko.

5.– Diru-laguntza horiek emateko, kontuan izango dira lehia-, publikotasun- eta objektibotasun-printzipioak.

2. artikulua.– Aplikazio-eremua.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoan dauden lantokientzat sustatzen diren prestakuntza-ekintzei aplikatuko zaizkie deialdi honen xede diren laguntzak.

2.– Deialdi honetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten enpresak eta enpresa-taldeak izango dira laguntzen onuradun, eta haien langileek har dezakete parte prestakuntza-ekintzetan.

3.– Talde hauek ere parte hartu ahal izango dute diruz lagungarri diren prestakuntza-ekimenetan:

1) Langile Autonomoen Araubide Berezian (LAAB) kotizatzen duten eta lan elkartuko kooperatiben kide diren langileak, euren estatutuek hala xedatzen badute, betiere.

2) Enpresari zuzenean lotutako langileak, eta legez inoren kontura kontrata ezin daitezkeenak; Langile Autonomoen Araubide Berezian kotizatzera beharturik daude (administrariak, senideak).

3) Gizarte Segurantzaren Nekazaritzako Erregimen Berezira edo Itsas Langileen Erregimen Berezira atxikitako langileak.

4) Langile autonomoak.

5) Lanean egon gabe ere, egoera hauetakoren batean daudenak:

– Lanaldi mugatuko langileak (aldizkako finkoak) lanik gabeko aldietan.

– Prestakuntza-aldian, langabezia-egoerara igarotzen diren langileak.

– Aldi baterako enplegurik gabeko aldietan, enplegu-erregulaziora atxikitako langileak.

Salbuespenez, nazioartekotze-prozesuetan sartuta dauden enpresen kasuan, eta, betiere, behar bezala justifikatzen bada, laguntzaren onuradun den enpresari lotutako enpresetakoak diren langileek parte hartu ahal izango dute finantzatutako prestakuntza-ekintzetan. Ondore horietarako, nazioartekotze-prozesuak dira hirugarren herrialdeetan egiazki ezartzen direnak.

4.– Ezingo dira onuradun izan Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen Testu Bateginaren 50. artikuluaren 5. atalean ezarritako egoeraren batean daudenak.

5.– 2015eko urtarrilaren 1a eta 2016ko ekainaren 30a bitartean egiten diren prestakuntza-ekintzak finantzatu ahal izango dira 2015eko deialdi honetan. Baldin eta minimis erregelaren barruan sar ezin daitekeen diru-laguntza bat bada (1407/2013 Erregelamendua), eskabidea egin eta gero hasi behar dira ekintzak (Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 6. artikuluaren eragin pizgarria).

6.– Deialdi honen II.9 artikuluan ezarritako irizpideen arabera, ez da finantzatuko balorazioan gutxienez 30 puntu merezi duela egiaztatzen ez duen ekimenik.

3. artikulua.– Prestakuntza-ekintzak.

1.– Deialdi honen ondoreetarako, prestakuntza-ekintza da enpresaren prestakuntza-planean kokatzen den irakaskuntza-ikaskuntza prozesua (Prestakuntza Plana), parte-hartzaile guztientzat komunak diren helburu, eduki eta iraupen sistematizatuekin.

Ez dira finantzatuko funtsezko ardatz gisa prestakuntza-plan bat egitea ez duten ekimenak (irakaskuntza-ikaskuntza), zeinen helburua baita hobetzea enpresaren ekoizpen-prozesuarekin zuzeneko lotura duten eskumenak eta kualifikazioak.

2.– Oro har, prestakuntza-ekintzek (izan banakakoak, izan taldekakoak) iraupen hau izango dute parte-hartzaileko: gutxienez, 6 ordu, eta gehienez, 270 ordu. Muga horri salbuespena ezar dakioke; horretarako premia dagoela justifikatzen bada, betiere. Zeinahi delarik ere modalitatea, prestakuntza-jarduerek egunean 8 ordu iraungo dute, gehienez.

3.– Modalitate hauetako batean eman behar dira prestakuntza-ekintzak: presentziala, teleprestakuntza edo mistoa.

a) Prestakuntza presentziala da, ikasgela batean, irakasleek ezaguera berak eta aldi berean transmititzea ikasle talde bati, erabilitako baliabide didaktikoak edozein direla ere.

b) Teleprestakuntza da ikaskuntzaren erritmoak bere denborara egokitzea parte-hartzaileak; horretarako, prestakuntza-prozesua egingo den tokiaz gain, tutore/irakasleak izango ditu, zalantzak argitzeko eta aurrerapausoak egiaztatzeko. Modu horretan osatu edo sendotuko ditu erabilitako materialen edukiak.

Behar bezala justifikatuko da ekintzarako proposatutako teleprestakuntzako ordu-kopurua.

b.1.– Teleprestakuntzarako, ikaskuntza sistematizatua dakarten euskarri didaktikoak erabili behar dira, eta, nahitaez, tutorearen laguntzarekin osatuko da.

b.2.– Deialdi honi begira, teleprestakuntza izango da Baliabide Etxeetan emandako prestakuntza. Baliabide Etxe izango da banakako ekipamendu didaktikoa duen instalazioa: parte-hartzaileak hara joaten dira, hainbat euskarriren bidez prestakuntza eskuratzeko, eta, han, tutoretza-motaren bat edukiko dute beren zalantzak argitzeko.

b.3.– Prestakuntza-plataformen gutxieneko ezaugarriak:

1) Baldintza hauek bildu beharko ditu, prestakuntza egikaritzeko, onuradunek erabiltzen duten teleprestakuntza-plataformak:

a) Prestakuntza-proiektu bat edukitzea, ikasteko metodologia, jarraipena eta ebaluazioa zehaztuta.

b) Online eskuliburu bat izatea ikaslearentzat, plataformaren eta ikaslearen beraren oinarrizko eragiketen funtzionamenduari buruzkoa, online prestakuntzaren jarraipena egiteko. Eskuliburua deskargatu eta offline kontsultatu ahalko da.

c) Online ikaskuntza-programa bat izatea, ikasleentzako prestakuntza kudeatzeko eta bermatzeko ahalmen nahikoarekin; gainera, baldintza hauek bete beharko ditu:

– Arau tekniko aplikagarrian adierazitako fidagarritasun-, segurtasun-, irisgarritasun- eta interaktibitate-mailak biltzea.

– Erabiltzaile posible guztiei aldi berean sartzeko aukera ematea, eta, halaber, bermatzea plataformaren banda-zabalera berdina izango dela ikastaldiaren etapa guztietan.

d) Plataforma erabiltzeko lizentzia egokiak izatea.

e) Ez izatea inolako publizitaterik. Logotipoa eta fabrikatzailearen copyrighta ez dira publizitatetzat hartuko.

f) Edukiak editatzea eta aldatzea.

g) Asteko 7 egunetan eta 24 orduz erabilgarri izatea.

2) Komunikazio-tresna hauek ere izatea:

a) Foroak: foro anitzak eta aldiberekoak ireki, itxi eta kategorizatzeko aukera, eta gutxienez 4 Mbs-ko fitxategiak igotzekoa.

b) Txatak: prestakuntza-ekintza bakoitzeko gutxienez txat-kanal bat irekitzea.

c) Mezu elektronikoak: tutoreak jasotako mezu guztiak antolatzeko eta etiketatzeko aukera, baita artxibo bat baino gehiago eransteko aukera ere.

d) Ekitaldi-egutegia: egutegi bat izatea, ikastaldiak irauten dituen hilabeteak bilduta, pertsonalizatua eta interaktiboa.

e) Informazio-gunea: tutoreek eta ikasleek aukera izatea ikastaldiari buruzko informazioa editatzeko, albisteekin eta webguneekin lotutakoa.

f) FAQak: galdera ohikoenei buruzko informazioa.

g) Online erabiltzaileak: etengabe ikusi ahal izango da zein diren konektatuta dauden ikasleak.

h) Lantaldeak: egoki iritzitako lantalde guztiak sortzeko aukera.

i) Kalkulatutako denborekin ebaluazio objektiboak sortzeko aukera.

3) Eskakizun hauek bete beharko dira plataforma administratzeko:

a) Prestakuntza-ekintzaren interfazea, non Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak aditzera emango baitu jardueraren finantzaketa publikoa dela.

b) Babeskopiak aldizkakotasun nahikoa izatea, sistema eroriz gero datu guztiak berreskuratuko direla bermatzeko.

c) Ikasleen eta horiek egiten dituzten jardueren erregistroak, eta txostenen edizioa.

d) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari eta Hobetuzi –erakunde horren entitate laguntzaile gisa– baimena ematea, dagokion klabearen bidez, prestakuntza-jarduera guztien kontrola eta jarraipena burutu dezaten.

e) Plataformaren kudeaketa-gida bat edukitzea.

f) Arazoak konpontzeko laguntza teknikoa, 24 orduan erantzuteko ahalmenarekin.

g) Bideoko, audioko eta bit-mapen irudiko formatuei euskarria ematea, multimedia formatuan edukiak eskaintzeko modua izateko ikaskuntza- eta ebaluazio-jardueretan.

4) Prestakuntza-ekintza bakoitzaren programazioa egiten duten prestatzaileen jardunaren plangintza bat izatea erakunde onuradunak.

b.4.– Teleprestakuntzako modalitatean prestakuntza ematen duten tutore-prestatzaileen betekizunak eta funtzioak:

Teleprestakuntzako modalitatean prestakuntza ematen duten tutore-prestatzaileek prestakuntza edo esperientzia beharko dute izan modalitate horretan.

Teleprestakuntzako modalitatearen jarraipena eta kalitatea bermatzeko, 10 ordutik gorako iraupena duten prestakuntza-ekintzen kasuan, 30 ikasleko, astean 10 orduko gutxieneko dedikazioa ezarriko zaio tutore-prestatzaileari prestakuntza-ekintzaren plangintzan.

Dena den, eta 10 ordutik beherako prestakuntza-ekintzei dagokienez, bermatuko da ikasleko gutxienez 20 minutukoa izango dela tutore-prestatzailearen dedikazioa.

Parte hartzen duten 70 ikasleko tutore bat izan beharko da gutxienez.

Honako hauek izango dira, gutxienez, tutore-prestatzailearen funtzioak:

a) Prestakuntza-ekintzaren ezaugarri espezifikoen arabera egitea prestakuntza-taldeko ikasleen harrera-plana.

b) Ikasleak orientatzea eta gidatzea jarduerak gauzatzean, materialak erabiltzean eta ikaskuntzako plataforma birtualaren tresnak erabiltzean prestakuntza-ekintzetan aurreikusiriko ahalmenak eskuratzeko.

c) Ikasleen partaidetza sustatzea gogoeta- eta debate-jarduerak proposatuz, banakako zereginak eta talde-lana antolatuz eta ezarritako komunikazio-tresnak erabiliz.

d) Parte-hartzaileek egindako jardueren jarraipena eta balorazioa egitea, eta zalantzak argitu eta arazoak konpontzea, ikaskuntzako plataforma birtualaren tresnen bidez, aurreikusitako plangintzari doituz.

e) Parte-hartzaileak ebaluatzea, ezarritako irizpideen arabera, eta dagozkion ebaluazio-probak antolatzen eta egiten parte hartzea.

f) Prestakuntza-jarduerak antolatzeko, kudeatzeko eta egiteko ardura duten gainerako taldekideekiko koordinazioa eskatzen duten jarduera guztietan parte hartzea.

g) Prestakuntza mistotzat jotzen da, irakaskuntza modalitate presentzialaz eta ez-presentzialaz baliatuz emandako prestakuntza denean, kasu bakoitzean beharrezkotzat jotzen den orduen ehunekoan.

4.– Enpresen finantza-baliabideen optimizazioa eta premia espezifikoen estaldura bateragarri egiteko, eraginkortasun-irizpideak aplikatuko dira zehazteko zenbatek parte hartuko duten prestakuntza bakoitzean.

5.– Profesionaltasun-ziurtagiriak eskuratzera bideratzen bada prestakuntza, profesionaltasun-ziurtagiriak arautzeko urtarrilaren 18ko 34/2008 Errege Dekretuaren 20. artikuluan aurreikusitako eskakizunak bete beharko dituzte parte-hartzaileek. Halaber, parte-hartzaileak aukeratzeko, hautaketa-proba bat egingo da hala eskatzen duten prestakuntza-ekintzetan, hain zuzen ere, ekintza hori baliatuko dutela ziurtatzeko eta, egiazki, kualifikazioa emango duten ekintzen helburuak lortzeko beharrezko aurretiazko ezagueren zer maila duten jakiteko, eta, hala dagokionean, lanbide-kualifikazioko 2. eta 3. mailetako profesionaltasun-ziurtagirien prestakuntza-moduluetako prestakuntza jasotzeko beharrezkoak diren funtsezko gaitasunak eskatuko dira.

6.– Langile batek ezingo du 270 ordu baino gehiagoko prestakuntza jaso, non eta ez duen, artikulu honetako 2. atalean aurreikusitakoarekin bat, iraupena salbuetsia duen ekintza bakarrean parte hartzen.

7.– Enpresek euren kabuz antolatu eta eman ahal izango dute euren langileen prestakuntza; horretarako, dituzten baliabideak erabiliko dituzte, edo behar direnak kontratatuko.

Enpresa-taldeen kasuan, prestakuntza modu independentean antolatu ahal izango da bakoitzarentzat, edo batzuk edo guztiak taldekatuta. Taldekatuz gero, taldeko edozein enpresak bere kabuz antolatu eta eman ahal izango du taldeko langileen prestakuntza; horretarako, dituzten baliabideak erabiliko ditu, edo behar direnak kontratatuko.

Halaber, enpresek kanpoko erakunde bati agindu ahal izango diote prestakuntzaren antolaketa, irailaren 9ko 30/2015 Legearen 12. artikuluan xedatuaren arabera. Kasu horretan, lege horren 15. artikuluan aipatutakoaren arabera, herri-administrazio eskudunak gaitu duen prestakuntza-erakundeen erregistroan inskribatutako eta/edo egiaztatutako prestakuntza-erakunde batek emango du prestakuntza hori. Erakunde inskribatu edo egiaztatutzat joko dira beste administrazio batzuek homologatuta dauden erakundeak, zenbait lanbide-jarduera burutzeko gaitzen duen prestakuntza emateko. Antolatzeko eta emateko jarduera ezin izango dira azpikontratatu. Ez da ulertuko prestakuntzaren antolaketa kanpoko erakunde bati eman zaionik, erakunde horrek diru-laguntza behar bezala aplika dadin beharrezkoak diren kudeaketa administratiboko eginkizunak soilik egingo baditu.

Kanpoko eragileak kontratatzen dituenean enpresak prestakuntza-ekintzak gauzatzeko, gutxienez hiru eskaintza eskatu beharko ditu hornitzaileen aukeraketak ekonomia- eta eraginkortasun-irizpideei erantzun diela bermatzeko, kontratuen zenbatekoak gainditzen duenean Sektore Publikoko Kontratu Legearen Testu Bategina onartzen duen 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuan aurreikusitako kontratu txikien zenbatekoa.

8.– Barne-prestakuntza, osorik edo partez, barne hartzen badute prestakuntza-ekintzek, barne-prestakuntza hori aurretik diseinatu eta egituratu beharko da ikaskuntza-prozedura sistematizatu bat izateko gisan.

9.– Kualifikazio Sistema Nazionalaren Katalogo Modularrarekin erlazionatutako prestakuntza-planak, horien titularrak izanik prestakuntza-zentro publiko edo pribatuak, profesionaltasun-ziurtagiriak lortzera bideratutako prestakuntza emateko egiaztatuta daudenak Prestakuntza Zentro edo Erakundeen Estatuko Erregistroan (Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan) edo Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuan.

Lantokien instalazioetan burutuko dira prestakuntza-ekintza horiek.

Teleprestakuntza-modalitatean, profesionaltasun-ziurtagiriak lortzera zuzendutako prestakuntza-ekintzak emateko, lantokia EAEtik kanpo kokatuta badago, lankidetza-hitzarmen bat izan beharko du EAEn kokatuta dagoen eta ziurtagiriak modalitate presentzialean emateko egiaztatuta dagoen prestakuntza-erakunderen batekin.

4. artikulua.– Diru-laguntzen onuradunak.

1.– 2. artikuluan aipatzen diren eta 35 langile edo gehiago dituzten enpresek eskatu ahal izango dituzte deialdi honetako laguntzak.

Salbuespen gisa, diruz lagundu ahal izango dira plantilla horretara iristen ez diren enpresek aurkezturiko planak. Kasu hauetan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, Hobetuzek proposaturik, aztertuko du aurkeztutako prestakuntza-plana burutzeko duen gaitasuna, eta arrazoiak emanez ebatziko du.

2.– Plantillan 50 langile edo gehiago dituzten enpresa-taldeek ere eskatu ahalko dituzte laguntzak. Enpresa-taldea izateko, lotura hauetakoren bat gutxienez izan behar dute beren artean sozietate guztiek:

a) Enpresa batek beste enpresa baten akziodunen edo bazkideen boto-eskubideen gehiengoa izatea.

b) Enpresa batek beste sozietate baten administrazio-, zuzendaritza- edo kontrol-organoaren kideen gehiengoa izendatzeko edo ezeztatzeko eskubidea izatea.

c) Enpresa batek beste batekiko eragin menderatzailea izateko eskubidea izatea, harekin egindako kontratu bat edo bigarren enpresaren estatutu-klausula bat betez.

d) Enpresa batek (akzioduna zein beste bati elkartua) berak bakarrik kontrolatzea bere akziodunen boto-eskubideen gehiengoa, beste akziodun batzuekin edo bigarren enpresaren bazkideekin egindako akordio bat betez.

Kasu honetan, taldea osatzen duen enpresetako bat izango da eskabidearen titularra.

3.– Dena den, enpresa berak ezingo du laguntza-eskabide bat baino gehiago aurkeztu deialdi honetan.

5. artikulua.– Eskaerak aurkeztea.

1.– Hobetuzek bere web-orrian jarriko dituen eredu normalizatuetan beteko dira eskaerak: www.hobetuz.com

2.– Hobetuz Fundazioaren egoitzetan aurkeztuko dira eskaerak:

– Arabako Lurralde Egoitza: Dato kalea 14-16, 3. solairua, 01005 Vitoria-Gasteiz.

– Bizkaiko Lurralde Egoitza: Kale Nagusia 35, 6. solairua, 48009 Bilbao.

– Gipuzkoako Lurralde Egoitza: Manterola kalea 4, 1. solairua, 20007 Donostia.

Era berean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak 38.4 artikuluan aurreikusitako bulegoetan aurkez daitezke eskaerak.

Eskaera horiek paperean aurkeztuko dira, bai eta Hobetuzek www.hobetuz.com web-orrian deialdi honetarako eskainitako euskarri informatikoan ere. Paperean aurkeztutako datuen eta euskarri informatiko bidez aurkeztutakoen artean desadostasunik badago, paperean aurkeztutako datuak hartuko dira aintzat.

3.– Deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da eskabideak aurkezteko epea, eta 2015eko azaroaren 16an amaituko da.

6. artikulua.– Eskaeraren betekizunak.

Hauek jaso beharko dira eskaeran:

1.– Eskatzailearen edo sozietatearen izena, IFK, Gizarte Segurantzako inskripzio-zenbakia, sektoreko Ekonomia Jardueren Sailkapen Nazionala (EJSN) eta hitzarmen kolektiboa eta justu deialdi hau argitaratu aurreko hamabi hilabeteetako batezbesteko plantilla. Agiri horiek behar bezala sinatuta eta zigilatuta aurkeztu beharko dira.

2.– Enpresa-taldearen plan batean parte hartzen duten enpresa guztien parte-hartze konpromisoa (2A eranskina, Hobetuzen web-orrian egongo da eskuragarri).

3.– Aurkeztutako proiektuaren erantzule den enpresako pertsona bat.

4.– Agiri hauek ez bazaizkio Hobetuzi helarazi aurreko deialdietan edo aurkeztu zirenetik aldaketarik jasan badute:

a) Planaren titular den Enpresaren identifikazio fiskaleko txartelaren fotokopia.

b) Ordezkariaren gaitasuna egiaztatzeko jatorrizkoa, kopia konpultsatua edo Hobetuzek konpultsatzeko kopia.

5.– Halakorik izanez gero, prestakuntza-beharrizanak antzemateko azterketa edo analisia, zeinetan kokatzen baitira finantzatuko den planean aurkeztutako ekintzak.

6.– Behar bezala lehenetsitako egin beharreko prestakuntza-ekintzen deskribapena; lehentasun horrek izango du hobespena egikaritzean. Deskribapen horretan, bakoitzaren izena, iraupena eta parte-hartzaile kopurua adierazi, deialdi honetan eransten diren inprimaki normalizatuetan zehazten den banakapenarekin. Dena den, hauek jaso beharko dira:

a) Kolektibo hartzaileak kategoriaka edo talde profesionalka, lan-egoera eta Gizarte Segurantzako afiliazio-erregimena.

b) Prestakuntza-ekintzen kostuari buruzko aurreikuspena.

c) Prestakuntza-ekintzak egikaritzeko aurreikusitako egutegia eta okupatuko diren lanorduak.

d) Prestakuntza-ekintzak emateko aurreikusitako prestakuntzako entitateak, tokia, instalazioak eta baliabideak.

e) Parte-hartzaileak hautatzeko irizpideak.

f) Harremanetarako pertsona eta programatutako prestakuntza-ekintzen jarraipena egiteko modua, baita gerora prestakuntza-ekintzak ebaluatzeko balioko duten irizpideak eta metodologiak ere.

7.– 2014ko ekitaldian, enpresak edo enpresek sartutako lanbide-prestakuntzako kuotaren urteko zenbatekoaren erantzukizunpeko aitorpena, EAEn dauden lantokiei dagokienez.

8.– Erakunde eskatzailearen erantzukizunpeko aitorpena, zeinetan adierazten baita ez dagoela edozein administrazio publikok prestakuntza-arloan emandako diru-laguntzak itzultzeko prozedura baten eraginpean, edo –hala badagokio– eskatutako itzulketak egin dituela.

9.– Erantzukizunpeko adierazpena, zeinetan egiaztatzen baita erakundeak ez duela diru-laguntza edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dion zigor penalik edo administrazio-zigorrik, ez eta horretarako ezgaitzen duen legezko debekurik ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera sexu-diskriminazioarengatik gertatutakoak barne.

10.– Beharrezkoa bada, prestakuntzan legearen edo hitzarmen kolektiboaren arabera dagokion inbertsioa egin izana egiaztatzen duen ziurtagiria, baita justifikazio-agiriak ere. Agiri hauek behar bezala sinatuta eta zigilatuta aurkeztu beharko dira.

11.– Lantokien zerrenda, bakoitzari buruz honako hauek zehaztuta: zer ekintzatan parte hartzeko asmoa duen, zer herritan kokatuko den, langileen eta benetako parte-hartzaileen kopurua, eta ordezkaritza sindikalik baduen ala ez.

12.– Ekimena aurkeztu duen enpresa titularrak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eta/edo Gizarte Aurreikuspeneko Erakundearekikoak egunean dituela egiaztatzen duten ziurtagiri eguneratuak.

13.– Hala badagokio, enpresa hartzekodunen lehiaketa-egoeran edo enplegu-erregulazioko egoeran egotearen egiaztapena.

14.– Estatuko ereduan aurreikusitakoekiko osagarriak direnez deialdi honetan aurreikusitako laguntzak, eta diru-laguntzen/hobarien bikoiztasuna eta laguntzaren xede diren prestakuntza-ekintzen gainfinantzaketa saihestearren, eskatzaileak erantzukizunpeko aitorpen bat aurkeztu beharko du, eta bertan adieraziko du ezein kasutan ez dutela izan edo izango hobaririk ekintza edo parte-hartzaile berberek estatuko sisteman bilduriko hobarien sisteman, eta jarduera bererako beste Administrazio Publiko batzuek edo beste erakunde publiko edo pribatu batzuek emandako beste diru-sarrera osagarrien berri eman beharko da, zenbatekoa ere adierazita. Ostean gertatzen den edozein aldaketaren berri emango zaio Hobetuzi, zeinak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari proposatuko baitio erabaki egokia.

15.– Informazio- eta konstulta-agiria langileen legezko ordezkaritzari, behar bezala zigilatua eta sinatua (3A eranskina, Hobetuzen web-orrian egongo da eskuragarri).

16.– Nazioartekotze-prozesuetan sartuta dauden enpresen loturaren agiri bidezko egiaztapena.

17.– Hala badagokio, erantzukizunpeko aitorpena, zeinetan adierazten baita eskaturiko diru-laguntzak (zenbatekoa kontuan izanda) minimis erregelaren barruan sar daitezkeela, betiere Batzordearen 1407/2013 Erregelamenduan aurreikusitakoaren arabera (2013-12-24ko EBAO). Erregelamendu horren 2.2 artikuluaren arabera, enpresa-talde guztiak enpresa bakartzat joko dira.

18.– Erantzukizunpeko adierazpena, zeinetan adierazten baita, kanpo-zerbitzuen kontratazioan, gutxienez hiru hornitzaileren eskaintzak eskatzeko obligazioa betetzen dela kontratuen zenbatekoak gainditzen duenean Sektore Publikoko Kontratu Legearen Testu Bategina onartzen duen 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuan aurreikusitako kontratu txikien zenbatekoa.

7. artikulua.– Informazio- eta kontsulta-eskakizunak langileei.

1.– Hobetuzi eskabidea aurkeztu baino lehen, diruz laguntzea nahi den prestakuntza-ekintzei buruzko informazioa emango dio eskatzaileak Langileen Legezko Ordezkaritzari; horretarako, aurreko artikuluaren 5., 6. eta 7. ataletan aipatu agirien kopia osoa emango da, eta eskabidearen 3A eranskina betetzea eskatuko.

2.– Agiriak jasotzen dituenetik 15 eguneko epea izango du Langileen Legezko Ordezkaritzak bere txostena egiteko. Txosten hori (3C eranskina, Hobetuzek emandako euskarri informatikoan egongo da) enpresari eta Hobetuzi helarazi ahal izango die Langileen Legezko Ordezkaritzak.

3.– Ondorio horretarako, Langileen Legezko Ordezkaritzak bere barnean hartuko ditu planean parte hartzen duten lantoki guztiak. Enpresa-batzordeak edo batzordeek edo langileen ordezkariek bidali beharko dituzte 3A eranskinak (dauden guztien % 51k, gutxienez).

Lantokiren batean edo guztietan ordezkaritza sindikalik ez dagoela adieraztea ziurtagiritzat hartuko da ondorio guztietarako.

4.– Prestakuntza-ekintzak hasi baino lehen, prestakuntza-ekintza horietan parte hartuko dutenen zerrenda helarazi beharko zaio Enpresako Langileen Ordezkaritzari.

Hiruhilero, Prestakuntza Planaren egikaritzearen nondik-norakoen berri emango diete enpresek langileen ordezkariei.

8. artikulua.– Laguntza zehaztea.

1.– Gehieneko laguntza erresultante osoa ez da izango Euskal Autonomia Erkidegoan enpresak duen lanbide-prestakuntzaren kuotaren urteko zenbatekoa baino handiagoa, 1,5 aldiz handiagoa enpresa handientzat eta 5 aldiz handigoa enpresa txikiagoentzat. Kooperatibak salbuespena izango dira, zeinen kide langileek Langile Autonomoen Araubide Berezian kotizatzen baitute; horien kasuan, enpresak duen langile kopurua bider 5 langile baino gehiagoko enpresa berriak langileen batez besteko bonifikazioaren emaitza izango da laguntza osoa kalkulatzeko aintzat hartuko den gehieneko zenbatekoa (65 euro).

Laguntza kalkulatzeko, titularrak Euskal Autonomia Erkidegoan duen plantilla hartuko da aintzat.

2.– Eskatzaile bakoitzari emango zaion diru-laguntza gehienekoa izango da, eta honela zehaztuko da:

a) Ordu kopurua bider parte-hartzaile kopurua eta hamargarren artikuluaren arabera dagokion moduluaren zenbatekoa.

b) Ondoren, planaren balorazio teknikoa egingo da, zeinek zehaztuko baitu finantza daitekeen gehieneko zenbatekoaren ehunekoa, aurkeztutako eskaerak eta eskura dauden funtsen zenbatekoa ikusita ezartzen diren tarteak kontuan izanik.

c) Deialdi hau finantzatzera bideratutako baliabide ekonomikoak ez badira nahikoak eman beharreko diru-laguntza guztiak emateko, hainbanaketa bitartez egingo da azken banaketa.

3.– Minimis araua aplikatzen ez denean, diru-laguntza likidatzen den unean zehaztuko da laguntzaren azken zenbatekoa, eta horretarako aplikatzekoa den Europako araudian ezarritako gehieneko intentsitateak aplikatuko dira.

9. artikulua.– Balorazio-irizpideak.

Irizpide hauek hartuko dira kontuan aurkeztutako planen balorazio teknikoa egiteko:

I.– Lehentasunezko irizpide orokorrak:

1.– Lehentasuna izango dute ezaugarri hauetakoren bati erantzuten dioten prestakuntza-ekintzek:

a) Prestakuntza-ekintzen jatorriari dagokionez:

– Ekintza estrategikoak, beharrizanen azterketa edo analisiak justifikatuz.

– Lanaldi-murrizketako, birmoldaketako edo aldi baterako kontratugabetzeko prozesuen ondoriozko ekintzak.

– Lan-munduan euskararen erabilera normalizatzea xede duten ekintzak.

b) Prestakuntzaren hartzaileei dagokienez:

– Enpresa txiki eta ertaineko langileen lehiakortasuna eta enplegagarritasuna hobetzera bideratuak egotea. Horrela, EAEko enpresa txiki eta ertainek aurkeztutako prestakuntza-planek izango dute lehentasuna, eta, bereziki, enpresa txikiek aurkeztutako prestakuntza-planek.

c) Ekimenen beren tasunari dagokionez:

– Haien metodologia edo edukia edo beste ezaugarri bat dela-eta, enplegurako prestakuntzarako berritzaileak diren ekimenak.

2.– Deialdi honetan ez da lehentasunezkoa, prestakuntza-ekintza orokorren eta zeharkakoen finantzaketa, salbu justifikatuak daudenean eta enpresaren jarduerarekin zuzeneko zerikusia dutenean.

3.– Aurkeztutako ekintzak lehentasunezkotzat har daitezen, eta eskabide-inprimakietan ezarritako informazioa gorabehera, beharrezko iritzitako agiri gehigarri guztiak eman beharko ditu eskatzaileak.

4.– Baldin eta ekintzen lehentasuna zehaztu zuten baldintzak asko aldatzen badira egikaritzean, lehentasuneko izateagatik eskuratutako finantzaketa gehigarria berrikusi ahal izango da.

5.– Atal honetan bilduriko irizpideek guztira 35 puntuko balorazioa izango dute 100 punturen gain.

II.– Kalitate- eta koherentzia-irizpideak:

1.– Aurkeztutako prestakuntza-ekintzen kalitatea eta koherentzia baloratzeko, alderdi hauek hartuko dira aintzat:

a) Enpresaren prestakuntza-estrategia:

– Analisien eta beharrizanak antzemateko ikerketa bat egotea, enpresak egina, non deskribatzen baitira proposaturiko prestakuntza-ekintzak.

– Enpresa-proiektuari lotutako Prestakuntza Plan batean kokatzea ekintza hauek, eta arrazoi hauek eragindakoa izatea: inbertsio estrategiko berriak, enpresa barruko berrikuntzak, ekipamendu berriak, sistema berriak ezartzea, merkatu berriak irekitzea, lanbideen polibalentzia, etab.

– Enpresak egindako hausnarketa-prozesua, eta prestakuntza-ekintza horien lehentasuna zehazten duena.

– Lehen aipatu ikerketan aurkeztutako ekintza bakoitza deskribatzea eta kokatzea.

– Ekintzak bakoitzean lortu nahi diren helburuak.

– Prestakuntza-jardueren ebaluazioa.

– Aurkeztutako ekintzen koherentzia orokorra.

b) Eskatzailearen inplikazioa proiektuan.

– Proiektua egikaritzera bideratutako baliabide propioak.

– Langileen inplikazioa ekintzen diseinuan.

– Efizientzia hornitzaileen hautaketan eta kudeaketan.

2.– Atal honetan bilduriko irizpideek guztira 65 puntuko balorazioa izango dute 100 punturen gain. Atal honetan gutxienez 30 puntu lortzen ez duten eskabideek ezin izango dute diru-laguntzarik eskuratu.

III.– Aurrekoen egikaritze- eta betetze-maila:

Hobetuzek argitaratutako eta/edo kudeatutako aurreko deialdietan eskatzaileak egiaztatutako egikaritze- eta betetze-maila hartuko da aintzat balorazio teknikoan. Honen ondorioz, guztira lortutako puntuetatik 10 puntuz handitu edo txikitu ahal izango da, baina ezingo da inoiz 100 puntu gainditu.

10. artikulua.– Modulu ekonomikoak.

1.– Prestakuntza-ekintza presentizalak.

a) Profesionaltasun-ziurtagiriei loturik ez dauden prestakuntza-ekintzei dagokienez, aurkeztutako prestakuntza-ekimenen balorazio ekonomikoa egiteko, modulu hauek aplikatuko dira (euroak/orduak/parte-hartzaileak):

(Ikus .PDF)

Modalitate presentzialaren kanpo-prestakuntzari buruzko modulu ekonomikoak ehuneko 50era bitartean areagotu ahal izango dira, baldin eta, prestakuntza-ekintza zenbaiten berezitasuna eta ezaugarri teknikoak kontuan hartuta, finantzaketa handiagoa behar bada, betiere.

Aurreko paragrafoan barne hartutako ekintzen kostu osoak ezingo du gainditu deialdi hau finantzatzera bideratutako funts osoaren ehuneko 5.

b) Profesionaltasun-ziurtagiriei lotutako prestakuntza-ekintzetan, 8 eurokoa izango da modulu ekonomikoa.

2.– Teleprestakuntzako prestakuntza-ekintzak.

a) Profesionaltasun-ziurtagiriei lotu gabeko prestakuntza-ekintzetan, orduko eta pertsonako 7,5 eurokoa izango da modulua.

b) Profesionaltasun-ziurtagiriei lotutako prestakuntza-ekintzetan, 5 eurokoa izango da modulu ekonomikoa.

3.– Prestakuntza-ekintza mistoak.

Aurreko 1. atalean deskribaturikoaren arabera lortuko da prestakuntza presentzialaren ordu/parte-hartzaile kostua. Aurreko 2. atalean deskribaturikoaren arabera lortuko da teleprestakuntzaren ordu/parte-hartzaile kostua. Bi kostu partzialen batura izango da ekintzak guztira duen kostua.

11. artikulua.– Instrukzioa egitea eta ebaztea.

1.– Behin eskaerak aurkeztuta, aurkeztutakoa baino informazio gehiago eskatu ahal izango da. Interesdunari eskatuko zaio hamar eguneko epean zuzen dezala hutsa edo aurkez ditzala nahitaezko agiriak, eta, orobat, ohartaraziko zaio ezen, hori egin ezean, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela; horretarako, baina, ebazpen bat eman beharko da aldez aurretik, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 42. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

2.– Hobetuzek aurkeztu diren eskaerak aztertuko ditu, eta ebazpena emango du aurkeztutako laguntza-eskaera bakoitza guztiz edo partez ukatzeko edo onartzeko. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzura igorriko ditu proposamen horiek, hark dagokion ebazpenak eman dezan.

3.– Hobetuzek egindako proposamena aztertu ondoren, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak dagokion ebazpena emango du, eta interesdunei jakinaraziko die.

Ebazpena aldekoa bada, adieraziko da ze prestakuntza-ekintzak lagunduko den diruz, baita parte-hartzaile kopurua, ordu-kopurua eta finantzaketa ere. Europako Batzordearen 651/2014 (EB) Erregelamenduaren ondorioetarako, ebazpenak aipamena egingo dio eskatzaileak egin duen inbertsio-ahaleginari.

Zuzendari nagusiak ebazpena jakinarazten duen egunetik hasita 10 eguneko epea izango du interesdunak adierazteko eman zaion diru-laguntza onartzen duela. Epe hori igarotakoan, eskaeran atzera egin duela ulertuko da.

Era berean, ebazpena Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren Zerbitzu Zentraletako iragarki-taulan argitaratuko da, bai eta www.lanbide.eus eta www.hobetuz.eus webguneetan ere.

4.– Zuzendari nagusiaren ebazpenak administrazio-bideari amaiera ematen dio, eta, beraren aurka, berraztertzeko errekurtsoa jar dakioke organo horri, hilabeteko epean, interesdun bakoitzari jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, zuzenean, jar daiteke administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Gasteizko Administrazioarekiko Auzietako Epaitegian, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, bi hilabeteko epean.

5.– Gehienez 6 hilabetekoa izango da ebazteko eta jakinarazteko epea, eta, epe hori amaituta jakinarazpenik jaso ez bada, eskaera ezetsi dela ulertuko da.

6.– Publikotasun-printzipioa betetzeko, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko du onuradunen eta emandako diru-zenbatekoen zerrenda.

12. artikulua.– Prestakuntza-plana egikaritzea.

1.– Zer prestakuntza-plan egikaritzeko eskatu den diru-laguntza, bada plan horiek egikaritzera bideratuko da emandako diru-laguntza.

2.– Deialdi honen bidez finantzatutako prestakuntza-planetan bilduta dauden prestakuntza-ekintzak erabat doakoak izango dira parte-hartzaileentzat.

3.– Ekintza edo talde bakoitza hasi baino bi egun lehenago, hauek jakinarazi beharko ditu titularrak: ekintza hori non emango den, nork emango duen (erakundea), noiz emango duen (eguna eta ordua).

Prestakuntza hasi eta beranduenez bi egunera, parte-hartzaileei buruzko datuen berri eman beharko dio titularrak Hobetuzi.

Ikastaldia amaitu eta gehienez ere 30 eguneko epean, titularrak jakinarazi beharko du zein diren amaitu duten parte-hartzaileak, eta ikastaldiari buruzko informazioa itxi beharko du.

Betebehar horiek betetzeko, aplikazio bat jarriko du titularren esku Hobetuzek bere webgunean (www.hobetuz.eus). Horrela adierazitako informazioak ez du aldaketarik onartuko taldea edo ekintza amaitzen denetik hasi eta 30 egun igaro ondoren, eta horixe izango da prestakuntza-plana egikaritu dela justifikatzeko kontuan hartuko den bakarra.

Jakinarazteko betebehar horiek ez badira betetzen, prestakuntza-ekintza ez egindakotzat hartuko da, planaren egikaritzea justifikatzeko.

4.– Ekintza presentzialetan, eguneroko bertaratze-partea egin beharko dute titularrek, eta irakasleak eta parte-hartzaileek sinatu beharko dute.

Teleprestakuntzako ekintzen kasuan, berriz, titularrak prestatu beharko ditu parte-hartzaile bakoitzaren gainean egindako jarraipen-kontrolei buruzko agiriak.

5.– Prestakuntza-ekintzan parte hartu izanaren ziurtagiria emango zaio parte-hartzaile bakoitzari, Hobetuzek ezarritako ereduaren araberakoa, eta, bertan, hauek adierazi beharko dira gutxienez: ekintzaren izena, prestakuntza-edukiak, modalitatea, ekintza zer egunetan garatu den, eta jasotako prestakuntza-orduak, hala dagokionean era presentzialean eta teleprestakuntzan emandako orduak zehaztuta.

Kualifikazio Sistema Nazionalaren Katalogo Modularrari dagozkion prestakuntza-ekintzetan, eta prestakuntza-ekintza gainditu duten pertsonei dagokienez, parte-hartzaileei emango zaien ziurtagiria, Hobetuzek eska dezakeena, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuak ezarritako prozeduraren arabera egingo da.

Parte-hartze ziurtagiriak parte-hartzaileei eman beharko zaizkie, parte hartu duten prestakuntza-ekintza amaitu eta bi hilabeteko epean, gehienez.

6.– Artikulu honen 3. atalaren arabera, ekimen honen barruan programatutako prestakuntza-ekintzak noiz hasten eta noiz amaitzen diren jakinarazi beharko du enpresak, eta ziurtatu beharko du behar bezala egiten direla prestakuntza-ekintzak eta jarraipen-, kontrol- eta ebaluazio-betekizunak eta enpresen eta haien langileen benetako prestakuntza-beharrizanei egokitzen zaiela burututako prestakuntza.

Dena den, onuraduna izango da laguntza zuzen erabiltzearen arduradun zuzenekoa eta nagusia, eta ziurtatu beharko du behar bezala egiten direla jarraipen- eta kontrol-erakundeen egitekoak.

7.– Diru-laguntza ematearen aldeko ebazpena jaso ondoren, eta behar den aurrerapenarekin, laguntzaren onuradunak eskatu ahal izango du finantzatutako planean aldaketak sartzeko, baldin eta aldaketok finantzatutako ekintzen edukiari buruzkoak edo ekintzak egikaritzeko erari eta/edo epeei buruzkoak badira. Aldaketa-eskaera hori idatziz egingo da, eta behar bezala arrazoitu beharko da. Lanbideko zuzendari nagusiak onartu beharko ditu aldaketa horiek.

Parte-hartzaileen kopuruari edo irakaskuntzaren modalitateari eragiten dioten aldaketak direnean, aldaketok baimendu ahal izango dira baldin eta ez badute murrizten hasierako eskaeran lortutako balorazio teknikoa.

13. artikulua.– Diru-laguntzak ordaintzea.

1.– Hobetuzek ordainduko ditu diru-laguntzak; horretarako, onuradunak aldez aurretik aurkeztu beharko ditu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eta/edo Gizarte Aurreikuspeneko Erakundearekikoak egunean dituela egiaztatzen duten ziurtagiri eguneratuak.

2.– Diru-laguntza bi zatitan ordainduko da, honela:

a) Diru-laguntza osoaren % 50eko lehen ordainketa bat izango da Hobetuzek lehen prestakuntza-ekintza hasi izanaren ziurtagiria jasotzen duen unean. Lehen ordainketa hori 180.303,64 eurotik gorakoa bada, titularrak bankuko abala aurkeztu beharko du, ebazpenarekin batera adieraziko diren jarraibideak kontuan izanik, edo bestela plana egikaritzean dagoeneko sortutako gastuen justifikazioa, justifikatu gabeko gainerakoak kopuru hori gainditzen ez badu.

b) Bigarren ordainketa, diru-laguntzaren gainerakoari dagokiona, Hobetuzen justifikazio-memoria aurkeztu eta dagokion azken likidazioa onartzen denean.

14. artikulua.– Kostu finantzagarriak eta egozte-irizpideak.

Hauek dira zuzeneko kostuak, prestakuntza-ekintza bakoitzeko banakatuta:

a) Enpresak kanpo-prestakuntzako zerbitzuak kontratatzean izandako kostuak.

b) Barne-prestatzaileen kostua.

c) Material suntsigarriaren kostua, babes- eta segurtasun-materiala barne.

Teleprestakuntzaren kasuan, prestatzaile eta parte-hartzaileen artean erabilitako komunikabideei egotz dakizkiekeen kostuak dira finantzagarri, ekintzaren kostu osoaren ehuneko 10, gehienez.

d) Material didaktikoen kostua.

e) Prestakuntzan diharduten langileen asegurua. Gastu horiek prestakuntza-ekintzen arabera behar bezala banakatuta aurkeztu beharko dira, eta parte-hartzaileen kopurua kontuan hartuta egotziko dira.

f) Amortizazioak, prestakuntza-ekintza bakoitzari egotz dakiokeen proportzioan, eta prestakuntza-ekintzak egiteari egotz dakizkiokeen instalazioak eta ekipamenduak alokatzea.

Halaber, zeharkako kostuek ezingo dute gainditu egindako eta justifikatutako prestakuntza-ekintzaren kostu osoaren ehuneko 10.

Bestalde, ezingo dira finantzatu enpresek programatutako prestakuntzako antolaketako kostuak, baldin eta enpresek kanpoko entitate bati agintzen badiete prestakuntza antolatzea. Kostu hauek ezingo dute gainditu prestakuntza-ekintzaren kostuaren ehuneko 10.

Behin baizik ez zaizkie egotziko kostu hauek finantzatutako proiektuari bere osotasunean.

Industriako inbertsio berri apartekoen eta/edo estrategikoen ondoriozkoak diren eta teknologien edo prozesu-produktibo berrien arloetako langileen kualifikazioa dakarten prestakuntza-ekintzetan, nahitaez EAEtik kanpo egin behar direnean bertako prestakuntza-eskaintzan dauden frogatutako gabeziaren ondorioz, langile horien bidaiek eta/edo egonaldiek eragindako zeharkako kostuak aintzat hartu ahal izango dira.

15. artikulua.– Diru-laguntzen justifikazioa eta likidazioa.

1.– Diruz lagundutako prestakuntza-plana osatzen duten prestakuntza-ekintzak egitean sortutako kostuak justifikatu beharko dituzte onuradunek. Horretarako, deialdi honetan bilduriko kostu finantzagarriak eta egozpen-irizpideak hartuko dira kontuan, eta, halaber, baterako finantzaketa pribatuaren ondorioetarako, Prestakuntza Planeko parte-hartzaileen langile-arloko kostuak, Batzordearen 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 31. artikuluak ezarritakoaren arabera. Fakturen edo zuzenbidean baliozkoak diren ziurtagirien bidez justifikatuko dira kostuak. Funtsen aplikazio zuzena egiaztatzeko eta prestakuntza-ekintza bakoitzari egotzitako kostu finantzagarriak identifikatzeko, kontzeptuak zehatz banakatu beharko dituzte agiri horiek.

2.– Ikastaroa amaitu duten parte-hartzaileen eta egin dituzten eskola-ordu eraginkorren arabera egingo da laguntzen likidazioa, prestakuntza-ekintza bakoitzerako ezarritako eta onartutako kostu/ordu/kurtso modulu ekonomikoak aintzat hartuta.

Prestakuntza gauzatu ondoren, diru-laguntza zehaztu ahal izateko, pertsona batek ekintza presentzialeko prestakuntza amaitu duela ulertuko da, baldin eta prestakuntza-ekintzaren iraupenaren ehuneko 75ean bertaratu bada. Halaber, teleprestakuntzako modalitatean emandako prestakuntza-ekintzetan, pertsona batek prestakuntza amaitu duela ulertuko da, baldin eta ikaskuntzaren jarraipena egiteko aldizkako kontrolen ehuneko 75 egin baditu eta teleprestakuntzari buruzko gainerako betekizunak bete baditu. Betekizun horiek Hobetuzen webgunean argitaratuko dira deialdia EHAAn argitaratzen den egun berean, onuradun eta parte-hartzaile guztiak jakitun egon daitezen.

3.– Azken likidazioa egiteko, hauek bete eta Hobetuzera igorri beharko ditu onuradunak, haren web-orrian eskuragarri dauden eredu normalizatuetan, beranduenez ere, 2016ko irailaren 15erako:

a) Bukaera-ziurtapena (egikaritzea), burututako prestakuntza-ekintza bakoitzarena, zeinaren hasiera une egokian jakinarazi baitzen.

b) Deialdi honetan ezarritako kostu finantzagarrien eta egozte-irizpideen arabera, diruz lagundutako prestakuntza-ekintzei buruzko kostuak gutxienez ziurtatuko dituzten agiriak.

c) Deialdi honetan aurkeztu gabeko ekintzak direla-eta estatuko sisteman egindako hobarien erantzukizunpeko aitorpena, EAEko lantokietara atxikitako langileei dagozkien ekintzak, betiere.

Prestakuntza Planaren likidazioa egitean, eta diruz lagundutako proiektuari eslei dakiokeen behin betiko zenbatekoa kalkulatzeko, Hobetuzek kontuan hartuko du Estatuko ereduaren arabera enpresa bakoitzari –EAEko langileei dagokienez– 2015ean hobari gisa dagokion gehieneko zenbatekoa, eta 2015eko ekitaldian langileen etengabeko prestakuntzagatik enpresak hobari gisa jasotako zenbatekoa, eta, azkenean, Estatuko sisteman kontsumitu ez den kreditu kopurua kenduko zaio plan bakoitzari esleitzen zaion azken diru-laguntzari.

d) Hornitzaileen aukeraketak ekonomia- eta eraginkortasun-irizpideei erantzun diela egiaztatzeko agiriak, baita gutxienez hiru eskaintza eskatzeko betebeharra bete izana egiaztatzen dutenak ere, kontratuen zenbatekoak Sektore Publikoko Kontratu Legearen Testu Bategina onartzen duen 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuan aurreikusitako kontratu txikien zenbatekoa gainditzen duenean.

e) Profesionaltasun-ziurtagiriei lotutako prestakuntza-ekintzak dituzten entitateek (zeinahi delarik ere modalitatea), erantzukizunpeko aitorpen bat erantsi behar dute, zeinetan adierazten baita Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari emandako prestakuntzaren ebaluazioari buruzko agiriak eman izana (ikasleek lortutako emaitzak jasotzen dituzten agiriak, ebaluazio-txostenak eta -aktak...), hala eskatzen baita profesionaltasun-ziurtagiriei buruzko araudian.

4.– Parte-hartzaile hauek baino ez dira kontuan hartuko: aurkeztutako egikaritze-ziurtagirietan zuzen betetako informazioa duten eta deialdi honetako 12.3 artikulukoan aipatzen den parte-hartzaileen zerrendan sartuta dauden parte-hartzaileak.

5.– Aurkeztutako agiriak aztertu ondoren emango da diru-laguntzaren azken likidazioko ebazpena.

Aurreratutako kopurua baino txikiagoa bada egindako likidazioa, dagokion itzulketa-espedientea izapidetuko da, deialdi honetako 18. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

6.– Emandako laguntzaren ondorioetarako egin diren ordainketen ordainagiri originalak aurkeztu beharko ditu onuradunak, edo, horiek ezean, fotokopia konpultsatuak aurkeztuko ditu behin betiko likidazioa jakinarazi eta hurrengo 20 egunetan.

7.– Diru-laguntzaren onuradunek 4 urteko epean gorde beharko dituzte, diru-laguntzaren amaierako likidaziotik hasita, bai diru-laguntzaren oinarri den jarduera gauzatu dela egiaztatzen duten agiriak, bai eta jasotako funtsen erabilerari buruzko ziurtagiriak ere.

Diru-laguntzaren onuraduna epe hori amaitu baino lehen desagertzen bada, aipatu agirien kopia bidali beharko du Hobetuzera desagertu baino lehen.

16. artikulua.– Laguntzarako eskubidea lortzeko eta eskubide horri eusteko baldintzak.

Laguntza jasotzeko eskubidea eskuratu eta horri eusteko, onuradunak honako betebehar hauek bete beharko ditu:

– Aurreko deialdietan jasotako zenbatekoak itzuli izana, hala eskatu bazaio.

– Hobetuzi jakinaraztea enpresa eskatzailea edo enpresa parte-hartzaileak legez, hitzarmen kolektiboz edo bestelako edozein xedapenen bidez behartuta dauden baliabide ekonomikoak bideratzera prestakuntza gauzatzeko. Kasu horretan, laguntza ez da izango bideratu beharreko baliabide ekonomikoen minorazio bat.

– Laguntza jasotzea ekarri duen prestakuntza-jarduera egitea, betiere deialdi honetako eta EAEko Etengabeko Prestakuntzako Lanbide arteko Akordioko oinarri, baldintza eta betekizun formal eta materialen arabera. Kontzeptu horrengatik esleitutako funtsak zertarako eman ziren, bada, horrexetarako erabili beharko dira, eta ez beste ezertarako.

– Hobetuzen aurrean jarduera gauzatu dela egiaztatzea, baita laguntza ematea edo gozatzea ekarri duten betebeharrak eta baldintzak bete direla ere. Horretarako, dagozkion ziurtagiriak aurkeztuko dituzte, eta prestakuntza-ekintzari buruz eskatuko zaizkien datuak eta agiriak aurkeztuko dituzte prestakuntza-ekintza amaitu ondoren; hartara, egiaztatu ahal izango da ekintza egin dela, emandako finantzaketa erabili dela eta lortutako emaitzen ebaluazioa egin dela.

– Argitalpenetan edo onarturiko ekimenaren bestelako komunikabide eta hedabideetan jasotzea prestakuntzako ekintza estrategikoei laguntzeko 2015eko deialdian eginiko ekintzak direla, eta Eusko Jaurlaritzaren, Lanbide- Euskal Enplegu Zerbitzuaren eta Hobetuzen logotipoak horietan sartzea.

– 17. artikuluan ezarritako kontrol- eta jarraipen-jardunak onartzea.

17. artikulua.– Jarraipena eta kontrola.

1.– Laguntzen onuradunek egiaztatze- eta kontrol-jarduerak onartu beharko dituzte, zehazki honako erakunde hauek egindakoak: Hobetuz, Eusko Jaurlaritzaren Ekonomia Kontroleko Bulegoa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua, Enplegu eta Gizarte Politiketako Saila, Herri Kontuen Euskal Epaitegia eta Europako eskumeneko instantziak. Halaber, erakunde horiei aukera emango diete lokal eta instalazioetara sartzeko eta parte-hartzaileekin, Langileen Legezko Ordezkaritzarekin eta elkarrizketatu nahi dituzten beste pertsonekin harremana izateko.

2.– Kontrol-jarduera horiek onartzeko betebehar orokor horren esparruan, honako hau bete beharko du onuradunak:

– Finantzatutako ekimena egikaritu izanari edo ekimen horren bideragarritasunari buruzko informazioa ematea, baita jarraipena egiteko eskatzen zaion agiriak betetzea eta igortzea ere. 10 eguneko epea izango du egiten diren errekerimenduei erantzuteko. Estatuko ereduaren barruan hobaria jaso duten ekintzei buruzkoak ere izan daitezke errekerimendu horiek.

– Hobetuzi jakinaraztea beste erakunde batzuetatik diru-laguntzak edo laguntzak eskatu edo lortu direla, deialdi honetan diruz lagundutako ekintza guztiei edo batzuei eragiten dietenak.

3.– Auditorien eta Ikuskaritzen Urteko Plan bat ezarriko du Hobetuzek, deialdian ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko eta diruz lagundutako ekintzak benetan zein baldintzatan egikaritu diren aztertzeko. Plan horren barnen sartuko dira Hobetuzek egingo den arriskuen analisiaren ondoriozko estatistika-irizpideen arabera aukeratzen dituen espedienteak. Ikuskatze Planean bilduko dira, halaber, behar bezala identifikatutako pertsonek egindako eta sinatutako salaketetatik eratorritako jardunak.

18. artikulua.– Diru-laguntzak itzultzea.

1.– Jasotako laguntzak osorik edo zati batean itzuli beharko dituzte onuradunek, eta berandutze-interesak eskatuko zaizkie laguntza ordaintzen den unetik, honako kasu hauetan:

– Laguntzaren helburua edo laguntza emateko agindutako baldintzak ez betetzea.

– Jarduera gauzatu izana nahiz laguntza ematea edo baliatzea baldintzatzen duten baldintza eta betekizunak bete izana ez justifikatzea.

– Baldintzak bete gabe jaso izana laguntza.

– Jarraipen- eta kontrol-jardunak ukatzea edo oztopatzea.

– Datu faltsuak ematea diruz lagundutako ekintzak egikaritzeko baldintzei buruz, errealitatearekin bat ez datozenak.

– Deialdi honetan zehaztutako beste edozein betebehar, baldintza edo betekizun ez betetzea.

2.– Itzultzeko prozedurari Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren idazki bidez emango zaio hasiera, eta idazkia bidaliko dio Hobetuzek laguntzaren onuradunari, ez-betetzea eragin duen edo duten gertaeraren edo gertaeren berri emateko. Horrekin batera, jakinaraziko dio hamabost eguneko epea duela alegazioak edo egokitzat jotzen dituen egiaztagiriak aurkezteko; hori guztia, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren berme eta itzulketen erregimena arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren arabera.

3.– Alegazioak aurkezteko epea amaitutakoan onuradunak alegaziorik aurkeztu ez badu edo alegazioak onartu ez badira, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak itzulketa eskatzeko ebazpena emango du, eta itzulketa hori ebazpenean adierazitako epean gauzatu beharko da. Horretarako, Hobetuzek dagokion espedientea igorriko dio Lanbideri, eskaera-idazkiarekin eta alegazioekin batera, eta, hala badagokio, alegazio horiek ebazteko proposamenarekin batera. Gehienez 12 hilabetekoa izango da diru-laguntzak itzultzeko prozedura ebazteko epea.

4.– Borondatezko epea amaitutakoan itzulketa gauzatu ez badu, beharrezko izapideak jarriko dira abian, itzuli beharreko diru-zenbatekoak premiamendu-bidetik berreskuratzeko. Itzuli beharreko zenbatekoak zuzenbide publikoko diru-sarreratzat hartuko dira.

19. artikulua.– Datuen tratamendu automatizatua.

Izaera Pertsonaleko Datuak babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatuta dagoena betez, laguntza-eskabidea betetzeak berekin ekarriko du interesdunak baimena ematea datu horiek Hobetuzen eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren fitxategietan sartzeko. Aipatu legean aurreikusten diren datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko eta aurka egiteko eskubideak Hobetuz Langileen Prestakuntzarako Euskal Fundazioaren aurrean gauzatu daitezke (Kale Nagusia 35-6.a, 48009 Bilbao), baita Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan ere.

XEDAPEN GEHIGARRIETATIK LEHENENGOA.– Erakunde laguntzailea izendatzea.

1.– Hobetuz-Langileen Etengabeko Prestakuntzarako Euskal Fundazioa izendatzen da deialdi honetan arautzen diren laguntzen kudeaketarako eta ordainketarako erakunde laguntzaile, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 52. artikuluan ezarritakoaren arabera. Aipatutako 52. artikuluak dioenez, deialdi honetan aipatzen diren funtsak ematen dituen organoaren kontura eta izenean jardungo du Hobetuz-Langileen Prestakuntzarako Euskal Fundazioak. Haatik, funts horiek ez dira, inola ere, Hobetuzen ondaretzat hartuko.

2.– Hobetuz-Langileen Prestakuntzarako Euskal Fundazioari transferituko dizkio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak (erakunde laguntzaile den aldetik) laguntzen deialdi hau finantzatzeko funtsak, 2015eko ordainketa-kredituari dagozkionak, emandako laguntzen guztizko zenbatekoaren % 50aren baliokide den gehienezko zenbatekoaz, eta, betiere, deialdi honen bidez iragarritako laguntzak emateko ebazpena hartu ondoren. Gainerakoa 2016ko ekitaldian transferituko da.

XEDAPEN GEHIGARRIETATIK BIGARRENA.– Hobetuz Langileen Prestakuntzarako Euskal Fundazioaren betebeharrak.

Deialdi honetan zehaztutako eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartu zuen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuko 52. artikuluan ezarritako betebeharrez gain, honako betebehar hauek izango ditu Hobetuz-Langileen Etengabeko Prestakuntzarako Euskal Fundazioak:

1.– Amaierako erakunde onuradunen artean banatzea funtsak.

2.– Laguntzei esker prestakuntza-ekintzak gauzatu direla egiaztatzen duten ziurtagiriak eskatzea, eta lau urtez gordetzea.

3.– Jaso diren funtsak zertan aplikatu diren justifikatzea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren aurrean, 2016ko abenduaren 30a baino lehen, eta honako alderdi hauek zerrendatuta aurkeztea: amaierako onuradunen izen-abizenak, emandako laguntzak, egindako ordainketak eta, oro har, funts horiekin egindako prestakuntza-jardueren memoria orokorra osa dezaketen bestelako datu kuantitatiboak zein kualitatiboak.

4.– Funtsen kudeaketari dagokionez, egiaztatze-jarduerak onartzea, zehazki Eusko Jaurlaritzak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren, Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren bitartez egin ditzakeen egiaztatze-jarduerak.

5.– Deialdietan aurreikusten diren ez-betetzeetako bat gertatuz gero, onuradunei diru-laguntzak itzul ditzaten eskatzea, deialdietan bertan ezarritako itzultze-prozedurari jarraituz, betiere kasuan kasu ematen diren ebazpenetan adierazitakoaren arabera.

XEDAPEN GEHIGARRIETATIK HIRUGARRENA.– Finantzaketa-soberakinen azken likidazioa.

Hobetuz Langileen Prestakuntzarako Euskal Fundazioak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari itzuliko dizkio deialdi honetan arautzen diren laguntzen onuradunek aplikatu ez dituzten finantzaketa-soberakinak eta deialdian aurreikusten den itzulketa-prozeduraren ondoriozko funtsak.

XEDAPEN GEHIGARRIETATIK LAUGARRENA.– Betebeharrak betearaztea.

Deialdi honetan ezarritakoaren ondorioetarako, prestakuntza-ekintzak hasi edo amaitu dituzten eskatzaileei ez zaie eskatuko denbora-arrazoiak direla tarteko bete ezin izan duten betekizunik deialdia argitaratu aurretik.

Halakoetan, aplikagarriak izango dira Lanbideren 2014ko uztailaren 30eko Ebazpenean ezarritako irizpide orokorrak. Ebazpen horren bitartez, Euskal Autonomia Erkidegoko enpresek prestakuntzako estrategia-ekintzak gauzatzeko laguntza ekonomikoen 2014ko deialdia egin zen, Lanbideren Administrazio Kontseiluaren erabaki bidez onartu zena (2014-08-01eko EHAA).

I. ERANSKINA
LEHIARI BURUZKO EUROPAKO ARAUDIA ETA ETE-TZAT HARTZEA

Enpresa hauek osatzen dute mikroenpresa, enpresa txiki eta ertainen (ETE) kategoria: 250 langile baino gutxiago izanik, urtean gehienez 50 milioi euroko negozio-bolumena edo urtean gehienez 43 milioi euroko balantze orokorra dutenak.

ETEen kategorian, enpresa txikia honela definitzen da: 50 langile baino gutxiago izanik, urteko negozio-bolumenean edota urteko balantze orokorrean 10 milioi euroko kopurua gainditzen ez duen enpresa.

ETEen kategorian, mikroenpresa honela definitzen da: 10 langile baino gutxiago izanik, urteko negozio-bolumenean edota urteko balantze orokorrean 2 milioi euroko kopurua gainditzen ez duen enpresa.

Batzordearen 1407/2013 Erregelamenduan definituriko «minimis» erregelak estal ditzakeen zenbateko txikiko diru-laguntzen kasuan izan ezik (2013-12-24ko EBAO), deialdi honen barruan finantzatuko diren prestakuntza-proiektuak Batzordearen 651/2014 (EB) Erregelamenduan ezarritakoari egokituko zaizkio, eta haren arabera, laguntza-kategoria jakin batzuk bateragarri deklaratzen dira merkatu erkidean, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta (Kategorien arabera salbuesteko erregelamendu orokorra).

Horregatik, azkenean likidatzen den laguntza izango da benetako kostu hautagarri eta justifikatuen guztizkoari Batzordearen 651/2014 (EB) Erregelamenduan definituriko gehienezko intentsitateak eta EAEko lurralde-esparruan aplikatzekoak direnak aplikatzearen ondorioz ateratzen dena (ondoren erakusten den taulan adierazita daude intentsitate horiek).

(Ikus .PDF)

Laguntzaren gehieneko intentsitateak ez du gainditu behar diruz lagundu daitezkeen kostuen % 70.

Ehuneko horiek aplikatuko diren guztizko kostu hautagarriak kalkulatzeko, Prestakuntza Planeko parte-hartzaileen langile-arloko kostuak bilduko dira, Batzordearen 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 31. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Hobetuzen finantzaketa ez da beste laguntza publiko batzuekin metatuko, diruz lagungarriak diren kostu berberei dagokienez, metaketa horrek Batzordearen 651/2014 (EB) Erregelamenduan ezarritakoa baino intentsitate handiagoa eragiten badu.


Azterketa dokumentala