Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

189. zk., 2015eko urriaren 5a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
4172

AGINDUA, 2015eko irailaren 30ekoa, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuarena, honako hauek jakinarazteko dena: seme-alabak dituzten familientzat diru-laguntzak jaso ditzaketen jardueretarako (abenduaren 19ko 255/2006 Dekretuan daude aurreikusita) 2015erako aurrekontu-zuzkiduraren eguneratzea eta martxoaren 17ko 30/2015 Dekretuan aurreikusitakoaren arabera diru-laguntzak jaso ditzaketen jardueren 2015erako aurrekontu-zuzkidura.

Seme-alabak dituzten familientzako diru-laguntzak arautzen dituen abenduaren 19ko 255/2006 Dekretuak, 27. artikuluko 4. paragrafoan, hau xedatzen du: «Publizitate-printzipioa betetzeko, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak, bere sailburuaren Aginduaren bitartez, urtetik urtera emango du Dekretu honetan aurreikusitako laguntzak finantzatzeko aurrekontu-zuzkiduraren berri, edo, hala badagokio, zuzkidura hori eguneratzetik eratorriko den zenbatekoaren berri».

Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 191/2013 Dekretuaren 15. artikuluaren c) idatzi-zatiak xedatzen du familia-politikaren gaian ekimen zuzeneko prestazioen eta jardueren kudeaketa, Familiei laguntzeko abenduaren 12ko 13/2008 Legean bildutako baldintzetan, Familia Politikarako eta Komunitate Garapenerako Zuzendaritzari esleituriko funtzioa dela, eta hori, dekretu horren 13.2 artikuluak xedatzen duenez, Enplegu eta Gizarte Politiketako Saileko Gizarte Politiketako Sailburuordetzaren mendekoa da. Horregatik, 255/2006 Dekretuan jasotzen den Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailari buruzko aipamena, gaur egun, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailari egindako erreferentziatzat hartu behar da, eta azken sail horretako sailburuari dagokio agindu hori ematea.

Seme-alabak dituzten familientzat diru-laguntzak jaso ditzaketen jardueren aurrekontu-zuzkidura jakinarazten duen Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuaren 2015eko martxoaren 25eko Aginduak aurrez aipatutako mandatua betearazi zuen 2015erako, eta bere artikulu bakarraren 1. paragrafoan ezarri zuen guztira 27.193.900,00 euro bideratuko zirela 255/2006 Dekretuaren 1. artikuluan jasotako diru-laguntzak finantzatzeko.

2015eko martxoaren 17an, Gobernu Kontseiluak seme-alabak dituzten familientzako diru-laguntzak arautzen dituen 30/2015 Dekretua onartu zuen. Arau horrek indargabetu egiten du 255/2006 Dekretua, eta 2015eko apirilaren 1ean jarri zen indarrean. Hala ere, dekretu berriaren bigarren xedapen iragankorrean jasotakoaren arabera, «abenduaren 19ko 255/2006 Dekretuak, seme-alabak dituzten familientzako diru-laguntzak arautzen dituenak, ezarritakoaren mende egongo dira erabat lege horren babespean eman diren edo izapidetzen ari diren diru-laguntzak eta, betiere, 2015eko martxoaren 31ra arte gertatu diren eta diruz lagungarriak diren egoera guztiak» eta «2015ean egoki diren mantenu-laguntzak seme-alabak dituzten familientzako diru-laguntzak arautzen dituen abenduaren 19ko 255/2006 Dekretuan ezarritakoaren arabera zuzenduko dira».

Horrez gain, 30/2015 Dekretuaren 30.2 artikuluak hau ezartzen du: familia-politikaren esparruko sail eskudunak, sailburuaren aginduaren bitartez, urtetik urtera emango du dekretu honetan aurreikusitako diru-laguntzak finantzatzeko aurrekontu-zuzkiduraren berri.

2015ean dekretu hau betearazteko erabiliko den aurrekontu-zuzkiduraren diru-izendapenaren ondorioz, birbanatu egin behar da hasiera batean 255/2006 Dekreturako ezarri zena. Egoera hori argitara eman behar da, aipatutako 27.4 artikuluaren eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 49.2 artikuluaren arabera. Izan ere, artikulu horrek ezartzen duenez, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko dira jarraitu beharreko arauak, laguntzen eta diru-laguntzen deialdiak eta, hala badagokio, laguntza emateko proposamena egingo duen organoaren osaera; halaber, interesdunentzat garrantzitsuak diren egintzak ere argitaratuko dira, baldin eta modu orokorrean eragiten badiete.

Ondorioz, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da. Horrela, bermatuta geratuko da herri-administrazioak diru-laguntzak emateko egiten duen jarduerak bete behar duen publikotasun-printzipioa.

Beraz, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 49.2 artikuluan, abenduaren 19ko 255/2006 Dekretuaren 27.4 artikuluan eta martxoaren 17ko 30/2015 Dekretuaren 30.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– 1.– Abenduaren 19ko 255/2006 Dekretuaren 1. artikuluan aurreikusitako laguntzei esleitutako aurrekontu-zuzkidura, 2015eko aurrekontu-ekitaldirako, 4.510.400,00 euro txikitu da, eta, ondorioz, zuzkidura horren zenbateko eguneratua 22.683.500,00 eurokoa da. Seme-alabak dituzten familientzat diru-laguntzak jaso ditzaketen jardueren aurrekontu-zuzkidura jakinarazten duen Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuaren 2015eko martxoaren 25eko Aginduaren bidez esleitu da aurrekontu-zuzkidura hori.

2.– 2015eko aurrekontu-ekitaldian, guztira gehienez ere 4.510.400,00 euro bideratuko dira seme-alabak dituzten familientzako diru-laguntzak arautzen dituen martxoaren 17ko 30/2015 Dekretuaren 1. artikuluan jasotako laguntzak finantzatzeko.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Aurrekontuko diru-izendapenean eguneratzeak egiten badira, abenduaren 19ko 255/2006 Dekretuan eta martxoaren 17ko 30/2015 Dekretuan (27.1 eta 30.1 artikuluak, hurrenez hurren) jasotakoaren arabera, egoera horren berri emango da, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuaren aginduaren bitartez.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio bideari, eta, beraren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko irailaren 30a.

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua,

ANGEL TARSICIO TOÑA GÜENAGA.


Azterketa dokumentala