Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

189. zk., 2015eko urriaren 5a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
4171

AGINDUA, 2015eko irailaren 24koa, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuarena. Honen bitartez, baimendu egiten da babes publikoko etxebizitzen gutxieneko estandarrak modu globalean betetzea, etxebizitza transferentziak eginez Arrasateko Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren baitan, betiere Euskadiko Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen 80.4 artikuluan eta Hirigintzako Estandarrei buruzko uztailaren 3ko 123/2012 Dekretuaren 15. artikuluan aurreikusitako prozeduraren arabera.

Aztertu da Arrasateko Udalak egindako baimen-eskaera, udalerriko hainbat eremutan babes publikoko bizitegi erabilerako hirigintza eraikigarritasunari buruzko legezko aurreikuspena konpentsatzekoa. Izan ere, zenbait eremutan murriztutako estandarra beste eremu zehatz batzuetan sartutakoarekin osatzen da.

GERTAKARIAK

Arrasateko Udalak aurkeztutako eskaera-orriari sarrera-erregistroa egin zitzaion 2015eko ekainaren 5ean. Horren bidez, Euskadiko Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen 80.4 artikuluan aurreikusitako baimena eskatu zen, Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren baitan, babes publikoko etxebizitzen estandarra transferitzeko hainbat eremuren artean.

Ezarritako prozedurarekin bat etorriz, Arrasateko Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren espedienteak Euskal Herriko Lurralde Antolamendurako Batzordearen txostena jaso du 2015eko irailaren 16an egindako 5/2015 bilkuran, behin betiko onartua izan aurretik.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

1.– Sail hau eskuduna da aztertzen den espedientea ebazteko, Euskadiko Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legeak 80.4 artikuluan, eta hirigintzako estandarrei buruzko uztailaren 3ko 123/2012 Dekretuak 11.1 artikuluan xedatutakoari jarraituz.

2.– Aurkeztutako eskaerak babes publikoko etxebizitzetarako lurzoru estandarraren konpentsazioa planteatzen du udalerriaren baitan. Bizitegirako hiri-lurzoruan legeak babes ofizialeko etxebizitzentzat ezarritako gutxienekoa 19.060 m2t da eta etxebizitza tasatuentzat beste 19.060 m2t da; Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren arabera, berriz, 29.955 m2t dira babes ofizialeko etxebizitzentzat eta 14.850 m2t etxebizitza tasatuentzat.

3.– Lurzoru urbanizagarri sektorizatuari dagokionez, ezarritako gutxieneko estandarrak 22.693 m2t dira babes ofizialeko etxebizitzen eraikigarritasunerako, eta 8.252 m2t etxebizitza tasaturako. Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean, babes ofizialeko etxebizitzen eraikigarritasunerako zehazki 15.675 m2t aurreikusten dira eta 9.324 m2t etxebizitza tasatuen eraikigarritasunerako.

4.– 2/2006 Legearen 80.6 artikuluaren arabera, transferentzia hori baimentzeko, ezinbestekoa izango da aurretik edo aldi berean babes publikoko etxebizitzen exekuzioa bermatzea, transferentziaren xede diren eremuetako etxebizitza libreen arteko balioen aldearekiko proportzioan.

5.– Neurri hori ez da aplikatzen lehen formulazioko espedienteetan edo planeamendu orokorraren erabateko berrikuspena egiteko espedienteetan, hala baitago xedatuta Hirigintzako Estandarrei buruzko uztailaren 3ko 123/2012 Dekretuaren 14.4 artikuluan.

Aztertuta geratu dira Euskadiko Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legea eta Hirigintzako Estandarrei buruzko uztailaren 3ko 123/2012 Dekretua, bai eta Euskal Herriko Lurralde Antolaketa Batzordeak emandako aldeko txostena ere. Horrenbestez, hau

XEDATZEN DUT:

Lehenengoa.– Euskadiko Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearekin eta Hirigintzako Estandarrei buruzko uztailaren 3ko 123/2012 Dekretuarekin bat etorrita, aipatutako legearen 80.4 artikuluan eta aipatutako dekretuaren 15. artikuluan aurreikusitako etxebizitza-transferentzia baimentzea Arrasateko Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean.

Bigarrena.– Baimen hori emateko, ezinbestekoa izango da espedientea bete izanaren justifikazioa txertatzea Arrasateko Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren testuan, 2/2006 Legearen 80. artikuluaren eta 123/2012 Dekretuaren 15. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Hirugarrena.– Baimen hori aurreko ataletan ezarritako baldintzetan ematen da, eta ez du baliorik izango behin betiko onarpena beste baldintza batzuetan ematen bada eta baldintza horiek aldaketak eragiten badituzte babes publikoko etxebizitzen gutxieneko estandarrak betetzeko eskumena dutenen (hau da, hartzaileen edo igorleen) esparruetan.

Laugarrena.– Arrasateko Udalari agindu honen berri ematea.

Agindu hau behin betikoa da eta administrazio-bidea amaitzen du. Interesdunek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindu hau argitaratzen edo, hala badagokio, jakinarazten den egunaren biharamunetik hasita.

Halaber, nahi izanez gero, eta administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri baino lehen, berraztertzeko errekurtsoa jar dakioke Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuari, hilabeteko epean, agindu hau argitaratzen edo, hala badagokio, jakinarazten den egunaren biharamunetik hasita. Kasu horretan ezin izango da administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri, harik eta berraztertzeko errekurtsoa espresuki erabaki edo haren presuntziozko gaitzespena gertatu arte.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko irailaren 24a.

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua,

ANGEL TARSICIO TOÑA GÜENAGA.


Azterketa dokumentala