Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

145. zk., 2015eko abuztuaren 3a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
3412

153/2015 DEKRETUA, uztailaren 27koa, Asociación Española contra el cáncer, Gipuzkoako Batzordea, elkartea gizarte-intereseko aitortzeko dena.

Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 74. artikuluan xedatzen denez, gizarte-interesekotzat aitortu ahal izango dira gizarte-zerbitzuak ematen dituzten irabazi-asmorik gabeko erakundeak –arauz xedatzen diren baldintzak betetzen dituztenak–, hain zuzen ere, EAEko Gizarte Ekintzako Hirugarren Sektoreko gizarte-zerbitzuen garapenaren alde, euren ibilbidea eta laguntza aitortzeko xedeaz.

Urriaren 7ko 424/2013 Dekretuak, gizarte zerbitzuak ematen dituzten irabazi-asmorik gabeko erakundeak gizarte-intereseko aitortzeari buruzkoak, gizarte-intereseko aitorpena lortzeko baldintzak eta prozedura arautzen ditu.

Haren babesean, Asociación Española contra el cáncer, Gipuzkoako Batzordea, elkarteak aipatutako aitorpena eskatu du, uste baitu merezi duela gizarte-interesekoa dela aitortzea, gizarte-ekintzaren arloan egiten dituen jarduerengatik.

Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritzak emandako informazioaren arabera, Asociación Española contra el cáncer, Gipuzkoako Batzordea, elkarteak –bere helburuak lortzeko– nortasun juridiko propioa eta jarduteko gaitasun osoa dauzka, eta, bestalde, ongintzan eta sorospenaren arloan dihardu, ez du irabazte-asmorik, eta 1953an sortu zen. Gipuzkoako Batzordea 1988an ipini zen martxan. Bere helburu nagusia minbiziaren aurkako borroka da, hark dituen era guztien edo gerora ezagutuko direnen arloetan; hartarako, honako funtzioak eta jarduerak garatuaz: zabalkundearen, prebentzioaren, ikerketaren eta prestakuntzaren arloetan, eta bai eta sorospen edo sanitatearen arloetan ere.

Ibilbide historikoa du Euskal Autonomia Erkidegoan gizarte-zerbitzuak ematen; izan ere, egiaztatu du bere jarduera etenik gabe burutu izana 2010. urtetik hona, Gipuzkoako Lurralde Historikoan.

Urriaren 7ko aipatu 424/2013 Dekretuan xedatutakoaren arabera, Jaurlaritzaren Kontseiluak onartutako dekretu bidez egingo da gizarte-intereseko aitorpena, gizarte-zerbitzuen arloan eskumena duen sailburuak proposatuta, zeinak dagokion espedientea izapidetuko baitu.

Horrenbestez, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak proposatuta, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2015eko uztailaren 27an egindako bileran aztertu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Asociación Española contra el cáncer, Gipuzkoako Batzordea, elkartea gizarte-interesekoa dela aitortzea; burutzen dituen gizarte-ekintzen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoan gizarte-zerbitzuak garatzen laguntzeagatik.

2. artikulua.– Asociación Española contra el cáncer, Gipuzkoako Batzordea, elkarteari errekonozitzea aipatu aitorpenari doazkion eskubidea, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legeko 74. artikuluan aurreikusitakoak.

Vitoria-Gasteizen, 2015eko uztailaren 27an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua,

ANGEL TARSICIO TOÑA GÜENAGA.


Azterketa dokumentala