Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

130. zk., 2015eko uztailaren 13a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
3114

AGINDUA, 2015eko uztailaren 1ekoa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, Dantza sustatzeko diru-laguntzak emateko arauak ezarri eta deialdia egiten duena.

Arte eta kultura alorreko jarduerei loturiko eskumenak eta horien zabalkundeari dagozkionak Hezkuntza, Hizkuntz Politika eta Kultura Sailari dagozkio, horixe xedatzen baita Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuak. Eskumen horiek Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari esleitzen dizkio apirilaren 9ko 193/2013 Dekretuak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren egitura organikoa ezartzen duenak.

Zuzendaritza horrek egoki deritzo dantza sustatzeko aukera emango duen bidea antolatzeari. Ildo horretatik, diru-laguntzak emango ditu Koreografia sorkuntzan, dantza konpainiak sendotzean, dantza-lanen ekoizpenean, eta dantza profesionalentzako etengabeko prestakuntza eta laguntzan. Neurri horren bitartez, Euskadin diharduten koreografoen eta dantza-konpainien sorkuntza-lana sustatzeko eta sektore honen profesionalizazioaren alde egiten diren ahaleginak bultzatzeko formula lortu nahi da. Horretarako, laguntza emango zaie Euskal Autonomia Erkidegoko eta kanpoko zirkuitu eszenikoetan dantzaren aukerak pixkanaka areagotuko dituzten zabalkunde-ekimenei.

Hori guztia dela eta, honako hau

EBAZTEN DUT:
I. KAPITULUA
ARAU OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea eta modalitateak.

1.– Agindu honen xedea 2015ean zehar burutuko diren edo hasiko diren dantza-jardueretarako diru-laguntzak emateko baldintzak arautzea da.

2.– Deialdi honen bidez diruz laguntzen diren jarduerak honako atal hauei dagozkien kapituluetan zehaztu eta deskribatzen direnak dira:

– II. kap.: Koreografia sorkuntza.

– III. kap.: Dantza konpainiak sendotzea.

– IV. kap.: Dantza-lanen ekoizpena.

– V.kap.: Dantza profesionalentzako etengabeko prestakuntza eta laguntza.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak eta laguntzen muga orokorra.

1.– Laguntza hauen gehienezko zenbateko orokorra 400.000 eurokoa izango da eta aipatutako modalitateen artean honela banatuko da: 28.800 euro Koreografia sorkuntzarako; 140.000 euro Konpainiak sendotzeko; 155.000 euro Dantza-lanak ekoizteko; 76.200 euro Dantza profesionalentzako etengabeko prestakuntza eta laguntzarako.

2.– Modalitate baterako ezarritako diru-kopurua agortzen ez bada (eskabiderik ez egoteagatik edo eskakizunak ez betetzeagatik), gainontzeko kopurua beste modalitate batera eramango da, Koreografia sorkuntzaren modalitatekora izan ezik. Egoera hau gertatuz gero, lehentasuna izango du eskatutako diru kopuru orokorra eta hasierako kopuruaren arteko desoreka handien duen modalitateak.

3.– Ekoizpen modalitaterako eta Konpainien sendotzeko modalitatearen jarduera berarentzako, aurreikusitako laguntza publikoak, oro har, ezingo du gastu-aurrekonturen % 70a gainditu.

3. artikulua.– Pertsona onuradunen betekizunak eta proiektuen bideragarritasuna.

1.– Modalitate bakoitzerako finkaturiko bestelako baldintzak gorabehera, agindu honetan arautzen diren diru-laguntzen onuragarriek eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean, baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Koreografia sorkuntzaren modalitatea: Euskal Autonomia Erkidegoko edozein udalerritako erroldan dauden pertsona fisikoak.

b) Bestelako modalitateetan, nahitaezkoa izango da eskakizun hauek betetzea:

b.1.– Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatuta dauden edo egoitza soziala duten pertsona fisiko edo juridiko-pribatuak izatea. Betebehar honi dagokionez, ez dira kontuan hartuko «Ondasunen erkidegoa» formapean aurkeztutako eskaerak.

b.2.– Ekonomi Jardueren gaineko Zergako dagokion epigrafean alta emanda egotea eta, pertsona juridikoen kasuan, sozietatearen helburua dantza-jardueren ingurukoa izatea.

2.– Agindu honen bidez ematen diren diru-laguntzak jaso ahal izateko, beharrezkoa da zerga-betebeharrak egunean izatea.

Deialdi honen organo kudeatzaileak egiaztatuko du, automatikoki, behar hainbat aldiz, diru-laguntza eskatu duten pertsonek edo entitateek zerga-betebeharrak egunean dituztela, eta horretarako ez du pertsona horien oniritzia beharko, halaxe xedatzen du-eta Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrak edo bere erakunde autonomiadunek entitate onuradunari ezaugarri bereko beste laguntza edo diru-laguntzaren batzuk eman badizkiote eta horiek itzultzeko edo zigortzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, diru laguntzaren esleipena eta ordainketa egoera hori konpondu arte baldintzatua egongo da. Era berean, ez zaio diru-laguntzarik emango, ez eta ordainduko ere, diru-laguntzak itzultzeko prozedura horietako edozeinetan egon eta eskatzen zaizkien zenbatekoak itzuli ez dituzten onuradunei.

4.– Ezingo dute agindu honetako diru-laguntzarik eskatu laguntza publikoak lortzeko zigor administratibo edo penalik dutenek, ezta horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik dutenek ere, sexu-bereizkeria dela-eta gertatu direnak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean xedatutakoaren indarrez.

5.– Halaber, deialdi honetan ezingo dute parte hartu 2015ean Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailaren diru-laguntza izendunak jaso dituzten entitateek, betiere laguntzaren xedea antzekoa baldin bada.

6.– Proiektuak, ekonomia aldetik bideragarriak direla egiaztatzeko, aurrera eramateko beharrezko gastu arruntaren eta hura estaltzeko aurreikusitako diru-sarreren arteko aurrekontu doitua aurkeztu behar da; sarrera horien barruan deialdi honetan eskatutako kopurua barne delarik.

4. artikulua.– Diru-laguntzaen kudeaketarako organo eskuduna.

Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusitako laguntzen kudeaketa-zereginak betetzea.

5. artikulua.– Eskabideak: epea eta moduak.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.

2.– Eskabideak Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeari zuzenduko zaizkio eta, deialdiko eranskinetako dokumentazioarekin batera eta behar bezala eskaera-orri normalizatua bete ondoren, Kultura Saileko dagokion lurralde zerbitzuan aurkeztu ahalko dira zuzenean bertatik bertara edo 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako edozein bidetatik (30/1992 Legea, azaroaren 26koa, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearena).

Eskabideak bide elektronikoa erabiliz ere aurkeztu ahalko dira, agindu honetako 6. artikuluan zehazten den bezala.

3.– Eskaera-orria, eskatzen diren formulario ereduekin batera, agindu honetako 6. artikuluan adierazitako helbide elektronikoetan eskuragarri egongo dira.

4.– Pertsona eta erakunde eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute eskaera, atxikitako dokumentazioarekin batera. Halaber, pertsona edo erakunde eskatzaileak aukeratzen duen hizkuntza hori erabiliko da prozedura osoan, Euskararen Erabilpena Arautzen duen 1982ko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeko 5.2.a) eta 6.1 artikuluek xedatzen duen moduan.

5.– Eskabideak aurkezteak deialdi honetako oinarriak definitzen dituzten baldintzak espresuki eta formalki onartu direla adierazten du.

6. artikulua.– Eskabideen tramitazioa.

1.– Pertsona eta erakunde interesdunek bide elektronikoak zein presentzialak erabili ahal izango dituzte deialdi honetako izapideak eskatzeko, kontsultatzeko eta bideratzeko.

2.– Eskaerak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako ereduak, bai bide presentziala erabiliz bai bide elektronikoa erabiliz, nola tramitatu behar diren azaltzen dituzten argibideak euskadi.net-en honako helbide hauetan daude ikusgai:

– Koreografia Sorkuntzaren modalitatea:

https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2015/dantza_sorkuntza/y22-izapide/eu/

– Konpainiak sendotzeko modalitatea:

https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2015/dantza_sendotzea/y22-izapide/eu/

– Ekoizpen modalitatea:

https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2015/dantza_ekoizpena/y22-izapide/eu/

– Dantza profesionalentzako etengabeko prestakuntza eta laguntza.

Https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2015/dantza_prestakuntza/y22-izapide/eu/

3.– Eskabidea egiteko eta dokumentazioa aurkezteko bide horietako bat erabiliz gero –presentziala edo elektronikoa–, ez du esan nahi bidez aldatu ezin denik prozeduraren ondorengo izapideetan; alegia, edonoiz aldatu daiteke bidea.

Eskabidearen ondoko izapideak, bide elektronikoa erabiliz, hemen egin daitezke: https://www. euskadi.net/nirekudeaketak

7. artikulua.– Behar den dokumentazioa eta aurkezteko modua.

1.– Aurkeztu beharreko dokumentuak.

1.1.– Eskaera orria sinatuta.

1.2.– Eskatzaileari dagokion dokumentazioa:

a) Pertsona fisikoa izanez gero:

– Pertsona eskatzailearen nortasun egiaztatzea (NAN).

– Pertsona eskatzailearen erroldaren egiaztatzea.

b) Pertsona juridikoa izanez gero:

b.1.– Administrazio honetako erregistroetan inskribatutako entitateak: eskaeran ze erregistrotan dagoen inskribaturik azalduko dute.

b.2.– Beste Administrazioetako erregistroetan inskribatutako entitateak:

– Sortze-eskritura eta estatutuak, dagozkion erregistro publikoetan izena emanda dagoela egiaztatzen duen agiria.

– Identifikazio fiskalaren zenbakiaren txartela.

– Legezko ordezkariaren nortasun (NAN) eta ordezkapen-maila egiaztatzea.

c) Pertsona fisiko nahiz juridikoentzako:

– Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan alta emanda egotearen ziurtagiria –Dantza jarduerari dagokion epigrafe batean– (Koreografia sorkuntzaren modalitaterako izan ezik).

– Deialdi honetan laguntza bat jasotzen duen pertsonak, erregistratu gabe badago Eusko Jaurlaritzako Ogasuna eta Finantzak Saileko Hirugarrenen Erregistroan, edota Erregistroan dauden bere bankuko datuak aldatu nahi baditu, Euskadi.net atarian eskuragarri duen Eusko Jaurlaritzako hirugarrenaren altari buruzko orria aurkeztu beharko du.

1.3.– Proiektuari dagokion dokumentazioa.

a) Koreografia sorkuntzaren modalitatea:

– Eskatzailearen curriculum-a dantza alorrean eta formakuntza-egiaztagiriak.

– Proiektuaren oroitza.

– Formularioak: 1.– Eskaeraren laburpena (eta ikus-entzunezko erreferentzia); 2.– Sorkuntzaren fitxa: baliabide artistiko eta teknikoak; 3.– Aurrekontua.

b) Konpainiak sendotzeko modalitatea:

– Oroitza: sendotze proiektu orokorra eta garatu beharreko jarduera zehatzena.

– Formularioak: 1.– Eskaeraren laburpena (eta, hala badagokio, ikus-entzunezko erreferentziak); 2.– Konpainiaren datuak; 3.– Emanaldien zerrenda eta bira aurreikuspena; 4.– Aurrekontua; 5.– Beste diru-laguntzen aitorpena. Gainera, Ekoizpen berriaren kasuan: 6.– Baliabideak (artistiko eta teknikoa) eta 7.– Emanaldi bakoitzeko kostua.

– Ziurtagiriak: konpainiaren lan espazioari eta beste entitate(ar)en finantza laguntzei dagozkienak.

– Hala badagokio, Egileen eskubideei buruzko aitorpena, ziurtagiria edo egoera txostena.

c) Dantza lanen ekoizpena:

– Proiektuaren oroitza.

– Formularioak: 1.– Eskaeraren laburpena (eta ikus-entzunezko erreferentziak); 2.– Konpainiaren datuak; 3.– Emanaldien zerrenda eta bira aurreikuspena; 4.– Baliabideak (artistiko eta teknikoa); 5.– Aurrekontua; 6.– Beste diru-laguntzen aitorpena; 7.– Emanaldi bakoitzeko kostua.

– Hala badagokio, egile eskubideei buruzko aitorpena, ziurtagiria edo egoera txostena.

– Hala badagokio, konpainiaren lan-espazioaren inguruko ziurtagiria.

d) Etengabeko prestakuntza eta laguntza:

– Proiektuaren oroitza.

– Formularioak: 1.– Eskaeraren laburpena; 2.– Aurrekontua; 3.– Beste diru-laguntzen aitorpena.

– Hala badagokio, proiektuan inplikaturiko artista edo konpainien babesa: aitorpen sinatua [27.2.b) artikulua].

2.– Dokumentazioa aurkezteko formatua.

Aurkeztuko diren dokumentu elektronikoak, erabilitako bidea (presentziala edo elektronikoa) edonolakoa dela ere, ondorengo ezaugarriak izan beharko dituzte:

a) Deskargatzeko ereduak erabiliko dira holakoak daudenean, eta ahal bada ereduaren formatuan aurkeztuko dira.

b) Gainontzeko dokumentazioa PDF formatuan aurkeztuko da, ahal bada.

c) Dokumentazio elektroniko guztiaren gehienezko tamaina 30 Mb izango da.

d) Bideoak, web helbideak emanez aurkeztu ahal izango dira, dagokion dokumentuan.

8. artikulua.– Erantzukizunpeko adierazpenak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak ezartzen duenaren arabera (1997ko azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartua), erantzukizunpeko adierazpen bidez egiaztatuko dira honako betebehar hauek:

a) Xede bera duten eta bestelako administrazio edo erakunde publiko zein pribatuei eskatutako eta, hala badagokio, haietatik jasotako diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea.

b) Azken hiru ekitaldi fiskaletan «minimis» arauaren mendeko laguntzarik jaso den jakinaraztea.

c) Egunean izatea indarrean dauden xedapenak ezartzen dituzten zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak arauz zehaztu den bezala.

d) Ezin izango dute deialdi honetako diru-laguntzetan sartu laguntza publikoak lortzeko zigor administratibo edo penalik dutenek, ezta ere horretarako gaitasuna kentzen dien legezko debekurik dutenek ere. Halaber, ezingo dute diru-laguntzarik eskatu sexu-bereizkeria dela-eta zigor administratibo edo penalik duten erakundeek, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 2005eko apirilaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenaren indarrez.

e) Eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla adieraztea, eta laguntza hauen onuradun izateko indarrean den araudian ezarritako betekizunak konplitzen dituela adieraztea.

9. artikulua.– Akatsen zuzenketa.

Ikusten bada eskabidea onartzeko eskatzen diren dokumenturen bat falta dela edo forma-akatsak daudela, edo balorazioa egiteko aurkeztu diren dokumentuetan akatsak daudela, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko. Era berean, ohartarazi egingo zaio ezen, epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, aurrez jakinaraziko zaion ebazpen baten bidez, edo dagokion izapidea egiteko eskubidea galduko duela.

10. artikulua.– Diru-laguntzak emateko prozedura eta eskabideen balorazioa.

1.– Modalitate bakoitzari dagozkion diru-laguntzak emateko prozedura lehiaketa izango da; horretarako, bakoitzean ezarritako irizpideak aplikatuta, eskabideak baloratu eta diru-laguntzak banatuko dira.

2.– Aurkeztutako eskabideak aztertu eta baloratzeko, Balorazio Batzorde bat osatuko da modalitate bakoitzerako. Horren osaera Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen ebazpen baten bitartez jakinaraziko da eta ebazpen hori EHAAn argitaratuko da, batzordeak lehenengo bilera egin baino lehen.

3.– Balorazio Batzordeko burua Kultura Sustatzeko zuzendaria izango da –edo horrek eskuordetutako pertsona– eta idazkaria Zuzendaritza bereko teknikari bat, zuzendariak aukeratua. Idazkariak hitza izango du, baina botorik ez.

Batzordeetako bokalak hiru gutxienez eta bost gehienez izango dira. Dantzaren inguruko profesionalen artean aukeratuko dira, berdin delarik independenteak diren edo gai honetan adierazgarriak diren Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeetan integraturik dauden. Horien izendapena Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak egingo du.

4.– Balorazio Batzordeko kideak izendatzerakoan Gizonen eta Emakumeen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 3.7 artikuluan xedatutakoa beteko da.

5.– Modalitate bakoitzeko Balorazio Batzordeak, ezarritako esleipen-irizpideak kontuan hartuta, ebazpen-proposamena egingo dio Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeari.

6.– Balorazio Batzordeek, beharrezkoa irizten diotenean, egoki iritzitako argibideak emateko eskatu ahal izango diete eskatzaileei, proiektuen arduradunekin horretarako elkarrizketak hitzartuz ere bai, behar izanez gero. Halaber, Koreografia sorkuntzarako, Konpainiak sendotzeko eta Ekoizpen modalitateetan eskabidea egiten duten pertsona edota erakunde guztiek Batzordearen aurrean beren proiektua defendatzeko aukera izango dute horrela eskatuz gero. Proiektu bakoitzari 15 minutu eskainiko zaizkio gehienez.

11. artikulua.– Diru-laguntzak banatzeko irizpideak.

1.– Behin proiektuak modalitate bakoitzean finkaturiko irizpideen arabera baloratu ondoren, 50 puntu lortzen ez dutenak automatikoki baztertu egingo dira.

2.– Bukaerako diru-laguntzak ez du inoiz eskatutako kopurua gaindituko, ezta muga orokorrak ere. Halaber, modalitate bakoitzean finkaturiko gehienezko kopuru-mugak errespetatuko ditu.

3.– Diru-laguntzen zenbatekoa zehazteko, proportzionaltasun-irizpidea erabiliko da modalitate guztietan, Koreografia Sorkuntzarenean izan ezik. Hortaz, fondo erabilgarria proiektu bakoitzak lortutako puntuazioaren eta aurrekontuaren bolumenaren arabera banatuko da.

4.– Modalitate berean, proiektu bakar bat diruz lagundu ahalko da eskatzaile bakoitzeko.

12. artikulua.– Diru-laguntzen bateragarritasunak eta bateraezintasunak.

1.– Agindu honen 3.5 artikuluan adierazitakoa gorabehera, eta Koreografia sorkuntzaren modalitatearen kasuan izan ezik, agindu honen babesean ematen diren diru-laguntzak bateragarriak izango dira beste entitatek helburu berbererako ematen duten beste edozeinekin, betiere gain-finantzaketarik suertatzen ez bada. Kasu horretan, gaindikina ez da ordainduko edo, hala badagokio, itzuli egin beharko da.

2.– Konpainiak sendotzeko modalitatean edo Koreografia sorkuntzarenean laguntza jasotzea, bai eskatzaile berberaren bai proiektu berberaren kasuetan, bateraezina izango da beste edozein modalitatetan jasotzearekin, baita bietan batera ere.

13. artikulua.– Ebazpena.

1.– Deialdi honen ebazpena Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak emango du eta prozedurako interesatu guztiei jakinaraziko zaie sei hilabeteko epean gehienez, agindu hau indarrean jartzen denetik. Halaber, ebatzitako deialdiaren erreferentzia EHAAn argitaratuko da, denek jakin dezaten.

2.– Aipaturiko epea amaituta interesatuak ez badu jakinarazpenik jaso, eskabide ezetsitzat joko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritako ondorioetarako.

3.– Modalitate bakoitzean ematen den ebazpenak ez du administrazio-bidea amaitzen. Beraz, haren aurka gorako errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Hezkuntza, Hizkuntz Politika eta Kulturako sailburuari hilabeteko epean, jakinarazten den egunaren biharamunetik aurrera kontatuta, horrela dago-eta xedatuta azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluetan.

14. artikulua.– Jakinarazpenak izapidetze presentzialean eta telematikoan.

1.– Izapideak bertaratuta eginez gero, jakinarazpena egindakotzat joko da Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 1992ko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 59. artikuluan xedatutakoaren arabera, eta kasu bakoitzean ezarritako epea jakinarazpeneko egintza jaso eta biharamunetik hasiko da zenbatzen.

2.– Izapidetze telematikoaren kasuan, aldiz, Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaren 30.2 artikuluan xedaturikoari jarraiki, jakinarazpena egindakotzat joko da pertsona interesdunak edo, kasuan kasu, legezko ordezkariak edo baimenduriko pertsonak jaso duela elektronikoki sinatzen duenean, eta kasu bakoitzean ezarritako epea hark jakinarazpeneko egintza jaso izana elektronikoki sinatzearen biharamunetik aurrera hasiko da zenbatzen.

Interesdunaren edo haren legezko ordezkariaren edo baimendutako pertsonaren esku jartzen denetik hamar egun naturaleko epea igaro eta gero, interesdunak haren edukia eskuratzen ez badu, jakinarazpena ezetsitzat joko da. Horrela, izapidea egindakotzat joko da eta prozedurak aurrera egingo du, salbu eta ofizioz edo hartzaileak jakinarazita, jakinarazpena ikustea teknikoki edo materialki ezinezkoa izan dela egiaztatzen bada.

15. artikulua.– Betebeharrak.

Agindu honetan arautzen diren diru-laguntzen onuradunek betebehar hauek dituzte:

a) Emandako diru-laguntza onartzea. Ildo horretatik, onuradunek diru-laguntza eman zaiela adierazten duen jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean berariaz uko egiten ez badiote, onartu egin dutela ulertuko da.

b) Diru-laguntza agindutako helburu zehatzerako erabiltzea.

c) Ekoizpena gauzatzeko aurrekontuaren % 50, gutxienez, Euskadin bizi edo egoitza duten pertsona fisiko edo juridikoek egindako lanetarako bideratuko da.

d) Ogasuna eta Finantzak Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari diru-laguntzen erabilera kontrolatzeko behar duten informazio guztia ematea.

e) Aurkeztutako proiektuak edozein aldaketa izanez gero, idatziz jakinarazi beharko zaio Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari, gehienez hilabeteko epean, onuradunak diru-laguntza lortu izanaren ebazpena jasotzen duen egunetik hasita. Zuzendaritzak, bestalde, aldaketen komunikazioa jasotzen duen egunetik 15 egun balioduneko epea izango du erantzuteko. Epe hori jakinarazpenik espresuki egin gabe amaituz gero, aldaketa onartutzat ulertuko da.

f) Agindu honetan ezarritako diru-laguntzen onuradunek, laguntzari buruzko esleipen-ebazpena jasotzen duten egunetik aurrera, diru-laguntza jaso duen lanari buruz argitaratzen diren katalogo, programa, iragarpen-kartel eta gainontzeko material grafikoaren ale guztietan Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntz Politika eta eta Kulturako Sailaren babesa espresuki adierazteko konpromisoa hartzen dute. Material hori, Euskal Autonomia Erkidegorako denean, hizkuntza ofizial bietan egingo da gutxienez.

16. artikulua.– Diru-laguntzen ordainketa.

1.– Diru-laguntzak honela ordainduko dira:

a) Lehenengo ordainketa, emandako laguntzaren % 50, ebazpena jakinarazten denetik aurrera egingo da, 15.a) artikuluan aipatutako epea igarota, laguntzari uko egin ez bazaio.

b) Gainontzeko % 50a, 2016ko urtarrilaren 1etik aurrera, ondorengo baldintzak bete ondoren:

– Koreografia sorkuntzaren modalitatea: Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak sorkuntza benetan gauzatu dela egiaztatzea, betiere 2016ko azaroaren 30a baino lehen.

– Gainontzeko modalitateak: hurrengo artikuluan xedatutako epean eta baldintzen arabera.

Artículo 17.– Diru-laguntzen justifikazioa: dokumentazioa, tokia eta modua.

1.– Modalitate guztietako onuradunek, Koreografia sorkuntzakoek izan ezik, dagokion jarduera amaituta, eta beti ere 2016ko azaroaren 30a baino lehen, ondorengo dokumentazioa aurkeztu beharko dute:

a) Diruz lagundutako jarduera egin izanaren egiaztagiria:

a.1.– Aktibitate guztietarako:

– Jardueraren garapen txostena eta ebaluazioa.

– Argitaratutako katalogo, egitarau, iragarki-kartel, argazki, bideo eta gainerako materialaren aleak. Horietan guztietan, Hezkuntza, Hizkuntz Politika eta Kultura Sailaren babesa aipatu beharko da.

a.2.– Ekoizpenen estreinaldia: kontratuaren kopia edo kontratatzailearen egiaztagiria.

b) Justifikazio ekonomikoa:

b.1.– Burututako jarduera dela-eta izandako gastu eta sarreren balantzeari buruzko erantzukizunpeko aitorpena.

b.2.– Diruz lagundutako programa edo jarduera gauzatzeak sorturiko gastuak justifikatzen dituzten dokumentu guztien zerrenda, euskadi.net gunean ezarritako ereduaren arabera.

b.3.– Emandako diru-laguntzaren adinako gastuak, gutxienez, justifikatzen dituzten egiaztagiri eta fakturak. Hala ere, Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak, laginketa tekniken bidez, badu aukeratzerik, artikulu honetako lehenengo paragrafoan ezarritako epearen barruan, aurrekontu osoa justifikatuko duten egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzten pertsona onuradunak.

c) Agindu honetako 12. artikuluan aipatutako bateragarritasun-kasuak direla eta, helburu berberako jasotako beste diru-laguntzen zerrenda, baldin eta eskabidea egiterakoan onuradunak horien berri ez bazuen.

2.– Justifikazioak tramitatzeko argibideak eta ereduak, bai bide presentziala bai bide elektronikoa erabiliz, Agindu honetako 6.3 artikuluan zehazturiko helbide elektronikoetan daude.

18. artikulua.– Aldaketa-ebazpena.

Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatuz gero (betiere, helburua bete dela iritziz gero) edo beste edozein erakunde publiko zein pribatutik ere diru-laguntzaren bat jasoz gero, diru-laguntzak esleitzeko emandako ebazpena aldatu egin ahal izango da. Horrelakoetan, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak likidazio ebazpena emango du, diru-laguntzen zenbatekoa doitzeko.

19. artikulua.– Ez betetzeak.

1.– Hauek izango dira ez betetzeak:

a) Jasotako diru-laguntza osoa edo zati bat Agindu honetan adierazitako jarduerez bestelakoetan erabiltzea.

b) Agindu honetan edo laguntza emateko egintzan adierazitako betebeharrak ez betetzea.

c) Diru-laguntzaren likidazioa egiteko ebazpenean adierazitako zenbatekoa epearen barruan ez itzultzea (hala badagokio).

d) Xedapen orokorretan nahitaez bete beharrekotzat jotako beste edozer ez betetzea.

2.– Ez betetzeren bat gertatuz gero, jasotako zenbatekoak eta legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, betiere, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren (Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina) eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren arabera (Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorraren kontura emandako diru-laguntzen bermeen eta itzulketen jardunbide orokorra arautu zuena).

II. KAPITULUA
KOREOGRAFIA SORKUNTZARAKO DIRU-LAGUNTZAK

20. artikulua.– Diru-laguntza jaso dezaketen alorrak, laguntza kopurua eta zenbatekoa.

1.– Honako kapitulu honetan araututako diru-laguntzak koreografia originalak sortzera zuzendurik daude. Koreografia horien eszena-formatua izan daiteke: tradizionala, alternatiboa edo kalekoa, eta iraupena gutxi gorabehera hamabost minutukoa.

2.– Diruz lagundutako proiektuaren azkenengo sortze-prozesua, eta horren estreinaldia, 2016ko azaroaren 30a baino lehen gauzatu behar da.

3.– Gehienez, bederatzi laguntza emango dira, horietariko bakoitza 3.200 eurokoa izango delarik.

21. artikulua.– Hautaketa eta balorazioa egiteko irizpideak.

Modalitate honetako proiektuak baloratzeko eta diruz lagunduko direnak hautatzeko, ondokoa baloratuko da:

1.– Eskatzaileak dantzaren alorrean izan dituen prestakuntza eta jardunbide profesionala (45 puntu).

2.– Sorkuntza proiektuaren balorazioa hurrengo baremoaren arabera:

2.a.– Sorkuntzaren planteamendu artistiko-teknikoa (25 puntu).

2.b.– Sorkuntza prozesuari, ikerketari eta planifikazioari dagozkien erreferentziak (10 puntu).

2.c.– Euskadin garatutako proiektua eta bertako agenteekin aurreikusiako kolaborazioak (10 puntu).

2.d.– Eskabidearen lana hedatzeko proposamena (5 puntu).

2.e.– Sorkuntza proiektuan emakumeak duen parte hartzea (5 puntu).

III. KAPITULUA
DANTZA KONPAINIAK SENDOTZEKO DIRU-LAGUNTZAK

22. artikulua.– Diru-laguntza jaso dezaketen jarduerak eta gastuak eta laguntzen muga.

Laguntza-deialdi honen helburua hauxe da: Euskadin Dantza konpainia profesionalak sendotzen laguntzea, ondorengo irizpideen arabera.

1.– Diruz laguntzeko proiektuetako jarduerek bi multzo hauetakoak izan behar dute:

a) Dantza-konpainia profesional gisa, hauetako bat gutxienez:

a.1.– Lan berri baten ekoizpena eta estreinaldia, 2015eko urtarrilaren 1etik 2016ko azaroaren 30era arte.

a.2.– 2015. urterako Bira Plana, gutxienez 8 emanaldi egitea aurreikusten duena.

b) Dantza-egitasmo paralelo moduan, 2015erako, jarduera-programa oso bat Euskadin, eremu hauetako batean gutxienez:

– Dantza profesionalentzako etengabeko prestakuntza eta laguntza.

– Dantzarako sentsibilizazioa.

2.– Jardueraren b) atal honetako gastuaren aurrekontua gutxienez sendotzeko proiektu osoaren aurrekontuaren % 20 izango da.

3.– Onuradun bakoitzari modalitate honetan eman dakiokeen laguntza handiena ezin da izan 60.000 euro baino handiagoa, eta betiere errespetatuko da 11.2 artikuluan ezarritako muga.

4.– Modalitate honetako gastu lagungarriak izan ahalko dira: – Ekoizpenekoak; – b) multzoko jarduerakoak; – Proiektuaren funtzionamendu komunekoak. Bira gastuak, inbertsio gastuak eta BEZa kanpoan geratuko dira.

5.– Modalitate honetan aurkeztu baina laguntzarik eskuratzen ez duten proiektuak dagozkien jarduera-multzo partzialetan banakatuko dira. Horiek, beste modalitateren baten xedea eta baldintzak betez gero, bertan baloratu ahal izango dira eta, hala dagokie, deialdiaren hauetako modalitateren batean edo gehiagotan laguntza jaso: Ekoizpena eta Prestakuntza-Laguntza.

Ondorio horietarako, beharrezkoa izango da proiektuetan argi bereiztea Ekoizpena, Bira, Prestakuntza eta laguntza edo Sentsibilizazioko jarduera desberdinen helburuak, edukiak eta aurrekontuak.

23. artikulua.– Modalitatean sartzeko beste betekizun batzuk.

Finkaturiko bestelako baldintzez gain, modalitate honen bitartez laguntza jasotzeko, Konpainiek honakoak bete behar dituzte:

a) Gutxienez bi pertsonaz osaturiko oinarrizko talde finko bat izatea.

b) Jarduera garatzeko espazio fisiko bat izatea: jabetzan, errentan edo lagapen bidez.

c) Dantza jarduera profesionala egin izana 2010. urtetik aurrera bederen, eta urte horretatik 2014. urtera arte, hori barne, 40 emanaldi gutxienez egin izana.

Ondorio horietarako, aipaturiko oinarrizko taldea osatzen duten pertsonen sorkuntza eta ekoizpenari buruzko historiala onartuko da, bai lan horien titular zuzen gisa, bai aurreko egituretako kide gisa; beti ere titularitate hori behar moduan ziurtatuta geratzen bada.

d) Konpainiak garatzen duen jardueran, beste entitate publiko edo pribatu baten aldetik laguntza ekonomikoa izatea.

24. artikulua.– Hautatzeko eta baloratzeko irizpideak.

Modalitate honetako proiektuak baloratzeko eta diru-laguntzak kuantifikatzeko, ondoko irizpideak kontuan hartuko dira:

1.– Eskatzailearen profila eta dantza-sorkuntza eta -ekoizpenaren alorrean duen curriculum-a hurrengo baremoaren arabera:

1.a.– Eskatzailearen ibilbide artistikoa (10 puntu).

1.b.– Egituran eta aurreikusitako aktibitateetan lagunen kopurua (10 puntu).

1.c.– Azken 3 urteetan zenbat emanaldi egin diren (5 puntu).

1.d.– Zenbat lan estreinatu diren (5 puntu)

1.e.– Konpainiaren jardueran emakumearen parte hartzea (5 puntu).

1.f.– Euskararen erabilera, bai konpainiaren ekoizpenetan nola beste aktibitateetan (5 puntu).

2.– «a)» blokearen balorazioa edo jarduera konpainia moduan.

Produkzio proiektu berria izanez gero:

2.a.– Ekoizpen proiektuaren planteamendu eta balio artistiko orokorra (orijinaltasuna, dantzaren garapenari ekarpena, eta abar...) (10 puntu).

2.b.– Ekoizpen taldearen curriculum, bai artistikoa bai teknikoa ere (5 puntu).

2.c.– Ekoizpenaren planifikazioa, orokorra eta aurrekontuarena (5 puntu).

2.d.– Ekoizpenaren hedatze eta banatze plana (5 puntu).

Ekoizpen berria aurkeztu ezean, eta, halere, 2015erako 22.1.a2) artikuluan aurreikusitako bira ziurtatuta balego, balorazioaren ehunekoak handituko dira hurrengoaren arabera: 1. Irizpidea % 45eraino, 2. Irizpidea % 30eraino eta 3. irizpidea % 25eraino.

3.– Jarduera-proiektu paraleloaren balorazioa hurrengo baremoaren arabera:

3.a.– Proiektuaren kultur interesa eta zehaztasun maila (10 puntu).

3.b.– Euskadiko dantzaren testuinguruan proiektuak izango duen eragina eta bere garapenerako aurreikusitako kolaborazioak (5 puntu).

3.c.– Jardueraren aurrenkontu- eta finantza-planteamendua (5 puntu).

4.– Proiektuaren interesa, oreka eta sendotasuna, hurrengo baremoaren arabera:

4.a.– Diseinu eta planifikazioa, epe labur eta ertainean (10 puntu).

4.b.– Planteamendu ekonomikoa (5 puntu).

IV. KAPITULUA
DANTZA-LANAK EKOIZTEKO DIRU-LAGUNTZAK

25. artikulua.– Diru-laguntza jaso dezaketen jarduerak eta laguntzen muga.

1.– Modalitate honen bitartez, diruz lagunduko dira 2015eko urtarrilaren 1etik 2016ko azaroaren 30a arte Euskal Autonomia Erkidegoan ekoizten eta estreinatzen diren dantza-lanak.

2.– Laguntza hauen ondorioetarako, hauek joko dira ekoizpentzat: arte-muntaia bat eszenaratzeko aldez aurretik egin behar diren egintza materialen multzoa.

3.– Modalitate honetako onuradun batek ezingo du 28.000 euro baino gehiagoko dirulaguntzarik jaso eta edozein kasutan 11.2 artikuluan azaltzen diren mugak errespetatu egingo dira.

26. artikulua.– Hautatzeko eta balorazioa egiteko irizpideak.

Modalitate honetako proiektuak baloratzeko eta diru-laguntzak kuantifikatzeko, kontuan hartuko dira ondoko irizpideak:

1.– Ekoizpen proiektuaren balorazioa hurrengo irizpideen arabera:

1.a.– Ekoizpen proiektuaren planteamendu eta balio artistiko orokorra (orijinaltasuna, dantzaren garapenari ekarpena, eta abar...) (20 puntu).

1.b.– Ekoizpen taldearen curriculuma, bai artistikoa bai teknikoa ere (10 puntu).

1.c.– Ekoizpenaren planifikazioa, orokorra eta aurrekontuarena (15 puntu).

1.d.– Ekoizpenaren hedatze eta banatze plana (10 puntu).

1.e.– Emakumearen parte hartzea (5 puntu).

2.– Eskatzailearen profila hurrengo baremoaren arabera:

2.a.– Eskatzailearen ibilbide artistikoa (10 puntu).

2.b.– Konpainia Euskadin finkatuta egotea (10 puntu).

2.c.– Konpainiaren aktibitate paraleoak Euskadin (formazioa, sentsibilizazioa, aktibitate sektorialak, etab.) (5 puntu).

2.d.– Azken 3 urteetan zenbat emanaldi egin diren (5 puntu).

2.e.– Zenbat lan estreinatu diren (5 puntu).

2.f.– Euskararen erabilera ekoizpenetan edota konpainiaren beste aktibitateetan (5 puntu).

V. KAPITULUA
DANTZA PROFESIONALENTZAKO ETENGABEKO PRESTAKUNTZA ETA LAGUNTZA

27. artikulua.– Diru-laguntza jaso dezaketen jarduerak eta laguntzen muga.

1.– Modalitate hau zuzenduta dago 2015eko uztailaren 1etik eta 2016ko abuztuaren 31ra bitarteko epean egiten diren etengabeko prestakuntza eta diru-laguntzako jarduetara.

2.– Modalitate honetan kontuan hartuko diren jarduera zehatzak honako hauek izango dira:

a) Dantzako profesionalei espresuki zuzendutako etengabeko prestakuntzarako ikastaro edo tailerrak.

b) Ekoizpen eta sorkuntza profesionalerako jarduerak, adibidez, arte-egoitzak, laguntza administratiboa, teknikoa edo zabalkunderako laguntza. Honelako jarduerek gutxienez bi konpainia profesionali zerbitzua eman eta haien abala izan beharko dute.

3.– Jarduera hauek ez dira diruz lagunduko:

– Dantzaren praktika edo formakuntza, aisia jarduera gisa.

– Berez aurre-profesionalak diren ikastaroak, arautuak izan ala ez.

Bi kasuotan, kurtsoen maila, estilo edo formatua gorabehera.

4.– Modalitate honetan, onuradun bakoitzeko proiektu bakar bat baino ez da diruz lagunduko, horretan jasotzen diren eta aurrekontuan sartu diren jarduerak desberdinak izanda ere. Edozein kasutan, onuradun batek ezingo du 20.000 euro baino gehiagoko diru-laguntzarik jaso.

28. artikulua.– Hautaketa eta kuantifikazioa egiteko irizpideak.

Modalitate honetako proiektuak baloratzeko eta diru-laguntzak kuantifikatzeko, kontuan hartuko dira ondoko irizpideak:

1.– Prestakuntza eta laguntza proiektuaren balorazioa hurrengo irizpideen arabera:

1.a.– Aktibitateen interesa eta egokitasuna Euskadiko dantzari profesionalei begira. (25 puntu).

1.b.– Aktibitateeen arduradunek duten ibilibidea (15 puntu).

1.c.– Programaren zehaztasuna: objetiboak, metodologia eta organizazioa (15 puntu).

1.d.– Aktibitatearen aurrekontu- eta finantza planteamendua (15 puntu).

1.e.– Emakumearen parte hartzea aktibitateen arduradunen artean (5 puntu).

1.f.– Euskararen erabilera, kurtsoetan, materialetan eta dagokion zerbitzuetan (10 puntu).

2.– Entitate eskatzailearen profila eta ibilbidea, betiere kontuan hartuta aurkeztutako proiektuaren tipologia (15 puntu).

lehenengo XEDAPEN GEHIGARRIA

Laguntza-programa honek ez du Europako Batzordearen baimena behar, honelaxe xedatuta dago-eta Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 araudian (araudi hori Tratatuko 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa da). Izan ere, enpresa jakin bati emandako laguntza osoa ezin da 200.000 eurotik gorakoa izan edozein alditako hiru ekitaldi fiskaletan. Horren ondorioz, aurtengo eta aurreko bi ekitaldi fiskaletan jaso diren minimis motako diru-laguntzei buruzko adierazpena aurkeztu beharko da.

Bigarren XEDAPEN GEHIGARRIA

Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak xedatutakoa betez, eskabidean agertzen diren datuak Eusko Jaurlaritzaren «Ayudas y subvenciones. Creación cultural del Departamento de Cultura» izeneko fitxategian sartuko dira. Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren Kultura Sustatzeko Zuzendaritza da fitxategi horren titularra eta 2006ko uztailaren 27ko Aginduan araututa dago. Fitxategiak laguntza emateko espedienteak kudeatzea du helburu. Aldez aurretik, Datuak Babesteko Agentziari eman zaio horren berri, eta datuen segurtasun osoa bermatzeko behar diren segurtasun-neurriak ezarrita ditu. Fitxategiaren datuak, bestalde, ez zaizkie beste pertsona batzuei jakinaraziko, legeak bideratutako kasuetan izan ezik.

Datu pertsonalen babesari buruz indarrean dauden arauei jarraiki, eskatzaileak badu sartzeko, zuzentzeko, ezerezteko eta aurka egiteko eskubideez baliatzea, Datu Pertsonalak Babesteari buruzko Lege Organikoak berariaz aitortzen duen bezala. Horretarako, badu Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren Zerbitzu Zuzendaritzara jotzea (Donostia kalea 1; 01010, Vitoria-Gasteiz).

Halaber, Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak erkatu ahal izango ditu adierazitako datuak eta berariazko egiaztapenak egin ahal izango ditu laguntzak behar bezala esleitzeko.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari. Bere aurka interesatuek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal diote Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko jurisdikzio horretako salan bi hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango du eragina.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko uztailaren 1a.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.


Azterketa dokumentala