Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

124. zk., 2015eko uztailaren 3a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

INDARGABETUTAKO XEDAPENA

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
2962

AGINDUA, 2015eko ekainaren 1ekoa, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuarena, zeinen bidez onartzen baitira ardurapean seme-alabak dituzten familiak laguntzeko laguntza ekonomikoei buruzko martxoaren 17ko 30/2015 Dekretuan aurreikusitako laguntzak eskatzeko eskabide normalizatuak.

Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 70.4 artikuluak xedatzen duenez, herri-administrazioek eskabide-eredu eta –sistema normalizatuak ezarri beharko dituzte hainbat prozeduraren gaineko ebazpen ugari eragin behar duten prozeduretarako, eta eredu horiek herritarren esku egon beharko dute administrazioen egoitzetan.

Bestalde, ardurapean seme-alabak dituzten familiak laguntzeko laguntza ekonomikoei buruzko martxoaren 17ko 30/2015 Dekretuaren 17. artikuluaren lehenengo paragrafoaren arabera, familia-politikaren arloan eskumena duen saileko sailburuaren aginduaren bidez onartutako eskabide normalizatuan aurkeztuko dira eskaerak, eta eransten du eskaeren eskabide normalizatuak Zuzenean–Eusko Jaurlaritzako Herritarrentzako Arreta Zerbitzuko bulegoetan emango direla eta helbide elektroniko honetatik ere deskargatu ahal izango dira zuzenean (https://euskadi.eus).

Jarraian, dekretu beraren 17. artikuluaren bigarren paragrafoaren arabera, honela aurkeztu ahal izango dira laguntza ekonomikoetarako eskabideak: Eusko Jaurlaritzako Zuzenean–Herritarrentzako Zerbitzuaren bulegoetan aurrez aurre; Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean, atal guztiak behar bezala beteta, edota, halaber, elektronikoki, 19. artikuluan aurreikusi bezala.

Eta, azkenik, dekretu beraren 17. artikuluaren hirugarren paragrafoan zehazten denez, eskabideek atal bat izango dute familia-unitatea osatzen duten aitak eta amak baimena eman diezaioten laguntza ekonomikoen organo kudeatzaileari, haien errenta-mailari buruzko informazioa eskuratzeko; bide elektronikoen bidez egingo dute, zerga-administrazioetatik zuzenean, baldin eta zergaz besteko helburuetarako informazioa eskuratzeko euren arteko lankidetza-hitzarmena existitzen bada. Eta, halaber, beste atal bat egongo da familia-unitatea osatzen duten aitak eta amak baimena eman diezaioten laguntza ekonomikoen organo kudeatzaileari, nortasun agiriari edo atzerritarren identifikazio-zenbakiari eta Euskal Autonomia Erkidegoko Izatezko Bikoteen Erregistroan dauden datuei hauei buruzko informazioa frogatzeko, ziurtatzeko edo egiaztatzeko eskumena duen administrazioan, bide elektronikoen bidez.

Azaldutakoagatik, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen xedea da onartzea ardurapean seme-alabak dituzten familiak laguntzeko laguntza ekonomikoei buruzko martxoaren 17ko 30/2015 Dekretuan aurreikusitako laguntzak eskatzeko eskabide normalizatuak.

2. artikulua.– Aplikazio-eremua.

2015eko apirilaren 1etik aurrera gertatzen diren egoera diruz lagungarrietan aplikatzekoak izango dira agindu honetan aurreikusitako eskabide normalizatuak, hargatik eragotzi gabe ardurapean seme-alabak dituzten familiak laguntzeko laguntza ekonomikoei buruzko martxoaren 17ko 30/2015 Dekretuaren Bigarren Xedapen Iragankorraren bigarren paragrafoan xedatutako.

3. artikulua.– Laguntzak eskatzeko eskabide normalizatuak.

1.– Laguntzak eskatzeko eskabide normalizatuak onartzen dira; honako hauetarako eskatuko dira laguntzok, eta agindu honi erantsi zaizkio:

a) Laguntza ekonomikoak eskatzea jaiotzagatik, adopzioagatik, adoptatu aurretik familian hartzeagatik eta hemezortzi urte baino gutxiago duen pertsona baten gaineko tutoretzagatik; H HASIERAKOA izeneko eskabide normalizatuari dagozkio.

b) Laguntza ekonomikoak eskatzea familia-unitateko seme-alaben mantenuagatik; M MANTENUA izeneko eskabide normalizatuari dagozkio.

2.– «https://euskadi.eus» egoitza elektronikoan egongo dira eskuragarri eskabide normalizatuak eta horiek betetzeko jarraibideak. Zehazki:

a) Laguntza ekonomikoak eskatzea jaiotzagatik, adopzioagatik, adoptatu aurretik familian hartzeagatik eta hemezortzi urte baino gutxiagoko pertsona baten gaineko tutoretzagatik; H HASIERAKOA izeneko eskabide normalizatuari dagozkio. Hemen: http://www.gizartelan.ejgv.euskadi.eus/r45-contpfc/es/contenidos/ayuda_subvencion/ayudas_hijos_2014/es_0001/es_002.html

b) Laguntza ekonomikoak eskatzea familia-unitateko seme-alaben mantenuagatik; M MANTENUA izeneko eskabide normalizatuari dagozkio. Hemen: http://www.gizartelan.ejgv.euskadi.eus/r45-contpfc/es/contenidos/ayuda_subvencion/ayudas_hijos_2014/es_0001/es_002.html

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA.– Errekurtsoak.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita; bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da bi hilabeteko epean, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzietarako Salan, Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA.– Ondorioak.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko uztailaren 1a.

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua,

ANGEL TARSICIO TOÑA GÜENAGA.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala