Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

124. zk., 2015eko uztailaren 3a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA
OGASUN ETA FINANTZA SAILA
2961

110/2015 DEKRETUA, ekainaren 23koa, Energiaren Euskal Erakundeari baimena ematen diona Micronizados Naturales S.A. sozietatearen kapital-gehikuntzan parte hartzeko eta akzioak lehentasunez eskuratzeko eskubideari uko egiteko.

Euskadiko Ondareari buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuaren 109.1 artikuluaren arabera, honako hauek osatzen dute enpresa-ondarea: merkataritza-sozietateak ordezkatzen dituzten baloreek; obligazioek eta akzio bihur daitezkeen obligazioek; lehentasunezko harpidetza-eskubideek; aukeren finantza-kontratuek; finantza-trukeko kontratuek. Partaidetza-kredituek eta bigarren mailako merkatu antolatuetan negoziatzekoak diren beste batzuek, baldin eta lege honetako 1. artikuluan jasotako erakundeetarako eskubideak ordezkatzen badituzte.

Euskadiko Ondareari buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuaren 110.1 artikuluak ezartzen duenaren arabera, enpresa-ondarea osatzen duten ondasunak eta eskubideak eskuratzeko, aurretiaz, Jaurlaritzaren Kontseiluaren baimena beharko da, dekretu bidez emana, eta horretarako proposamena, berriz, ondareari buruzko eskumenak dituen saileko buruak eta, zuzenean nahiz bitarteko erakunde baten bidez, sozietatea loturik duen edo loturik izango duen saileko buruak egin beharko dute, biek batera. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu behar da dekretu hori; baina, edonola ere, ematen den egunetik aurrera izango da indarrean.

Micronizados Naturales, S.A. sozietatearen helburu sozialak honako hauek dira: industrian karga eta/edo pigmentu gisa erabil litezkeen industria-harriak eta -mineralak meatzaritzan aprobetxatzea, granulometriaz mikronizatu eta sailkatzea, eta merkaturatzea.

Energiaren Euskal Erakundearen Zuzendaritza Kontseiluak, 2015eko maiatzaren 11n, Eusko Jaurlaritzari hau eskatzea erabaki zuen: Energiaren Euskal Erakundeari baimena ematea Micronizados Naturales, S.A. sozietateak egingo duen kapital-gehikuntzan akzioak harpidetzeko. Harpidetza hori 476.000 eurokoa izango da, hau da, guztira eginiko 952.000 euroko kapital-gehikuntzaren % 50ekoa. Horren ostean, Energiaren Euskal Erakundeak gaur egungo % 50eko partaidetzari eutsiko dio sozietate horretan; baimena eskatu zuen, halaber, beste akziodunek harpidetu gabeko zatia edo zatiak akordio eta estatutu sozialak direla-eta lehentasunez harpidetzeko izan lezakeen edozein eskubideri uko egiteko. Horretarako, aurreko paragrafoetan azaldutakoarekin bat etorriz, Gobernu Kontseiluaren baimena behar du.

Ondorioz, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren eta Ogasun eta Finantzetako sailburuaren proposamenez, eta Gobernu Kontseiluak 2015eko ekainaren 23an egindako bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– Baimena ematen zaio Energiaren Euskal Erakundeari Micronizados Naturales, S.A. sozietatearen kapital-gehikuntzan parte hartzeko. Harpidetuko duen partaidetza laurehun eta hirurogeita hamasei mila (476.000) euro izango da, kapital-gehikuntza osoaren % 50, hain zuzen ere. Izan ere, kapital-gehikuntzaren guztizko zenbatekoa bederatziehun eta berrogeita hamabi mila (952.000) eurokoa izango da. Horrez gainera, baimena ematen zaio lehentasunez harpidetzeko eskubideari uko egiteko, Promotora de Minas de Carbón, S.A. sozietateak harpidetu ez dituen akzioei dagokienez. Eragiketa hau egin ostean, Energiaren Euskal Erakundeak % 50eko partaidetzari eutsiko dio sozietatean.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu honek onartzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteizen, 2015eko ekainaren 23an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.

Ogasun eta Finantzetako sailburua,

RICARDO GATZAGAETXEBARRIA BASTIDA.


Azterketa dokumentala