Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

124. zk., 2015eko uztailaren 3a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA
2960

EBAZPENA, 2015eko ekainaren 25ekoa, Herritarrak Hartzeko eta Administrazioa Berritzeko eta Hobetzeko zuzendariarena, Euskal Sektore Publikoko Antolamendu eta Funtzionamenduari buruzko Lege-proiektua jendaurrean jartzen duena.

Herri Administrazio eta Justizia Sailak Euskal Sektore Publikoko Antolamendu eta Funtzionamenduari buruzko Lege-proiektu bat prestatu du, eta Xedapen Orokorrak Egiteko Prozedurari buruzko abenduaren 22ko 8/2003 Legean araututakoaren arabera egiten ari dira horren izapideak.

Hartarako, lege-erregulazio hori betez, Herri Administrazio eta Justiziako sailburuak 2015eko ekainaren 8ko Agindua eman zuen, aurreproiektua prestatzeko prozedurari hasiera eman ziona, bai eta 2015eko ekainaren 25eko Agindua ere, testu artikulatua idatzitakoan proiektua aurretik onartzekoa.

Aipatutako 8/2003 Legearen 8.1 artikuluarekin bat etorriz, herritarren eskubide eta interes legitimoei eragiten dieten xedapen orokorrek entzunaldiaren izapidea bete beharko dute, eta, xedapenen izaerak hala aholkatzen duenean, jendaurrean jarriko dira, aztergai dugun kasu honetan gertatzen den moduan.

Hartarako, Euskal Sektore Publikoko Antolamendu eta Funtzionamenduari buruzko Lege-proiektuak jendaurrean jartzeko izapidea beteko du hamabost egun balioduneko epe batez, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Arauan ezarritako epe orokorra murriztu egin da Legebiltzarrak berak premiazko izaera eman diolako lege-aurreproiektu hau izapidetzeari; gainera, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoari buruzko Lege-proiektuaren testua hartu da testu berriaren oinarritzat, eta, proiektu hori izapidetu zenean, 2014an bete zen proiektua jendaurrean jartzeko izapidea.

Azaldutakoagatik, eta Herri Administrazio eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen apirilaren 9ko 188/2013 Dekretuaren 18. artikuluaren b epigrafean xedatutakoa betez, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Euskal Sektore Publikoko Antolamendu eta Funtzionamenduari buruzko Lege-proiektua jendaurrean jartzea, hamabost egun balioduneko epe batez, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Bigarrena.– Aurreko paragrafoan xedatutakoaren ondorioetarako, eta herritarrek alegazioak aurkezteko aukera izan dezaten, adierazitako lege-proiektuaren edukia ikusgai egongo da Eusko Jaurlaritzako Herritarrak Hartzeko eta Administrazioa Berritzeko eta Hobetzeko Zuzendaritzan, Gasteizko Donostia kaleko 1ean, eta Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren iragarki-oholean (euskadi.net).

Vitoria-Gasteiz, 2015eko ekainaren 25a.

Herritarrak Hartzeko eta Administrazioa Berritzeko eta Hobetzeko zuzendaria,

JAVIER BIKANDI IRAZABAL.


Azterketa dokumentala