124. zk., 2015eko uztailaren 3a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (191 KB - 2 orri.)
- EPUB (196 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA
2957
AGINDUA, 2015eko ekainaren 1ekoa, Herri Administrazio eta Justiziako sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan Fundación Alboan fundazioaren estatutuetako 14. artikuluan egindako aldaketa onartu eta inskribatzeko dena.
Ikusita eta aztertuta geratu da Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko egindako eskabidearen espedientea.
AURREKARIAK
Lehenengoa.– Herri Administrazio eta Justizia Sailean eskabide bat sartu zen 2015eko otsailaren 3an, Alboan fundazioaren estatutuen 14. artikuluaren aldaketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko eskatzen zuena.
Eskabidearekin batera, eskritura publikoaren kopia baimendu bikoitza aurkeztu da. Fundazioak egiletsi zuen eskritura publiko hori 2014ko abenduaren 18an, Bilboko notario Elias Moral Velascoren aurrean, haren kide den Juan Ignacio Gomeza Villaren ordez eta protokolorako (protokolo-zenbakia: 2.263).
Eskritura publikoari honako ziurtagiri hau erantsi zaio:
Bilbon 2014ko abenduaren 18an Rosa Santibáñez Gruberrek emandako ziurtagiria –Alboan fundazioko idazkaria del aldetik eta lehendakariaren oniritzia izanik–, hau da, Patronatuak 2014ko urriaren 24an egindako bilerarena, zeinean, besteak beste, aho batez onartu baitzen fundazioaren estatutuetako 14. artikulua aldatzea.
Eskrituran, aldatutako artikuluaren idazketa berria jasotzen da, osorik.
Bigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Zerbitzu Teknikoek espedientea aztertu dute, eta, ondoren, erabaki-proposamena eman dute. Hona hemen horretarako kontuan hartu dituzten
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Lehenengoa.– Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari dagokio fundazioaren estatutuak aldatzeko espedientea agindu bidez ebaztea. Hala ezarrita dago: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 3.1 artikuluan; Euskal Autonomia Erkidegoko Babeslaritzaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuaren 4.1.a) artikuluan; Herri Administrazio eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 188/2013 Dekretuan; eta Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeko eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzekoan.
Bigarrena.– Espediente honi funtsezko iritzitako datu eta agiriak erantsi zaizkio, eta bereziki, hauek: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legearen 31. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 44. artikuluan eskatutakoak; aplikagarriak diren lege eta erregelamenduetan ezarritakoarekin bat dator aldaketa.
Aipatutako artikuluak eta aplikagarriak diren gainerako arauak ikusita, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Fundación Alboan fundazioaren estatutuetako 14. artikuluaren aldaketa onartzea.
Bigarrena.– Fundazioaren estatutuetan egindako aldaketa hori inskribatzeko agintzea, agindu honen datarekin, eta eskritura publikoan ezarritakoarekin bat. Fundazioak egiletsi zuen eskritura publiko hori –hor, estatutuetako artikulu horren aldaketa jasotzen da– 2014ko abenduaren 18an, Bilboko notario Elias Moral Velascoren aurrean, kide duen Juan Ignacio Gomeza Villaren ordez eta protokolorako (protokolo-zenbakia: 2.263).
Hirugarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea eta interesdunei bidaltzea.
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, haren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik.
Vitoria-Gasteiz, 2015eko ekainaren 1a.
Herri Administrazio eta Justiziako sailburua,
JOSU IÑAKI ERCORECA GERVASIO.