Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

118. zk., 2015eko ekainaren 25a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA
2834

1274/2015 EBAZPENA, ekainaren 15ekoa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiarena, Ogasun eta Finantzetako sailburuari honako hau eskuordetzekoa: Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren sare sanitarioaren telekomunikazio-zerbitzuak kontratatzea, 1. loterako (2016-2022 urteetan) eta 2., 3., 4. eta 5. loteetarako (2016-2019 urteetan).

1998ko uztailaren 28ko bilkuran, Gobernu Kontseiluak, Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuak proposatuta, Telekomunikazioen Administrazio Sare Korporatiboaren definizioari buruzko Erabakia hartu zuen.

Erabaki horren azalpen-atalean, honako hau zehaztu zen Administrazio Sare Korporatiboaren inguruan:

Horregatik, Administrazio Sare Korporatibo delakoa definitu da: administrazioak behar dituen telekomunikazio-zerbitzuen kudeaketa zentralizatuaren esparru zentzuzkoaren zehaztapena da. Administrazio Sare Korporatiboak telekomunikazio-organo, -higiezin eta -zerbitzuak hartzen ditu barnean, zentzu zabalean. Definizio dinamiko gisa hartu behar da; izan ere, oinarrizko parametroak errespetatuz, aldaketa organiko eta fisikoekin batera izango du bilakaera, etenik gabe.

Erabakian bertan aurreikusten denez, Administrazio Sare Korporatiboa, unean-unean, honako irizpide hauen arabera osatua egongo da:

– Kudeaketa zentralizatuko eraikinetan edo bestelakoetan dauden sail eta erakunde autonomoak sartuko dira sarean.

– Saretik kanpo geratzen dira Zuzenbide Pribatuko Erakunde Publikoak eta Sozietate Publikoak, bai eta polizia- eta hezkuntza-sareak eta sare judiziala eta sanitarioa ere.

– Aurrekoa gorabehera, sarean sartzen dira aipatutako sektore-sare horiei lotutako administrazio-zerbitzuak, betiere informazio dokumentalaren, ekonomikoaren edo giza baliabideetakoaren sistemek eragiten dietenak, izaera arrunt edo orokorrekoak, sistema horien datuen trafikoari dagokionez.

– Halaber, Ogasun eta Herri Administrazio Sailak kasuan-kasuan erabakiko du zein izango den sare horren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoko edo beste administrazio publiko batzuetako beste sare batzuen arteko interkonexioa (poliziarena alde batera utzita).

– Baldin eta lehengo 2. atalak aipatzen duen sare-kudeaketaren titular diren organoek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Kontratazio Araubideari buruzko ekainaren 5eko 136/1996 Dekretuaren 19. artikuluaren bidea erabiltzen badute, beren telekomunikazio-sareen kudeaketa Ogasun eta Herri Administrazio Sailarekin ezarritako akordioen arabera egingo da, eta sail horrek sinatutako kontratuen esparruan.

1998ko uztailaren 28ko Erabakian, Telekomunikazioen Administrazio Sare Korporatibo gisa zer ulertu behar zen definitu zen, eta, horrela, aukera sortu zen telekomunikazioen alorreko kontratuak sektore-sareetara hedatu ahal izateko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Kontratazio Araubideari buruzko uztailaren 5eko 136/1996 Dekretuaren 19. artikuluan ezarritako bidea erabiliz; azken horrek ezartzen duenez, hura erabiltzeko, kasuan-kasuan, itunak baliatuko dira, edo administrazio-klausulen pleguetako aurreikuspen zehatzak, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean horretarako aurreikusitako formulak.

Aukera guztiak aztertuta, erabaki da sektore-sareen hedapena erabiltzea dela aukerarik onena, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean jasotzen diren eskumen-eskuordetzen bidez.

Alde horretatik, telekomunikazio-zerbitzuen kudeaketaren handitze eta garapenerako, gomendagarria da, kontratazio bat aurreikusirik, zerbitzua bi zati ondo bereizitan banatzea:

Zati bat kontratuak prestatzeari, izapidetzeari eta esleitzeari dagozkion jarduerek osatua egongo da, bai eta kontratuak aldatu, iraungi eta interpretatzeari dagozkion jarduerek osatua ere. Jarduera horiek kontratazioaren ardatz komuna dira, berdinak baitira eragindako sare guztietan.

Beste zatiak kontratuaren kudeaketaren esparru zehatzari eragiten dio, hala alderdi materialean nola aurrekontuaren alderdian, eta sareen kudeaketaren titularrei dagokie.

Telekomunikazio-zerbitzuak lehen aipatu eremuan modu zentralizatuan kontratatu ahal izateko formularik egokiena Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 13.1 artikuluan eskumenak eskuordetzeko ezarritakoa da, honako hau xedatzen baitu:

«1.– Herri-administrazioetako organoek beste organo batzuei beren eskumenak eskuordetzan eman diezazkiekete, organo horiek administrazio berekoak direnean, nahiz eta bata bestearen mendeko ez izan, edo administrazio horiei lotuta edo administrazio horien menpe dauden zuzenbide publikoko erakundeetakoak badira.»

Horregatik, 172/2013 Dekretuaren 3.2.f) artikuluak Ogasun eta Finantzetako sailburuari kontratazioaren arloan ematen dizkion eskumenen arabera, eta aintzat harturik ezen, (dagokion saileko egitura-dekretua)n ezarritakoarekin bat, (saileko kontratazio-organoa)ri dagokiola Administrazio Orokorrean indarrean den Araubide Organikoak sailetako kontratazio-organoari emandako ahalmenak erabiltzea bere titularraren bidez, kontuan harturik zenbatekoa dela-eta Gobernu Kontseiluari dagozkiola batzuk, hau

EBAZTEN DUT:

I.– Ogasun eta Finantzetako sailburuari honako hau eskuordetzea: Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren sare sanitarioaren telekomunikazio-zerbitzuak kontratatzeko eskumena, 1. loterako (2016-2022 urteetarako) eta gainerako loteetarako ( 2016-2019 urteetarako).

Sektore Publikoko Kontratuei buruzko irailaren 14ko 3/2011 LEDn jasotako honako arlo hauetara hedatuko da eskuordetzea, kontratuari aplikatzekoak baitira:

– Kontratua prestatzea (II. liburua).

– Kontratua esleitzea (III. liburua, I. titulua, I. kapitulua).

– Administrazioaren eskumenak, aldaketa, iraungitzea, lagatzea eta azpikontratazioa, denak ere IV. liburuko I. tituluko I. kapituluan oro har aurreikusiak, eta hornidura-kontratuetarako IV. liburuko II. tituluko IV. kapituluan berariaz aurreikusiak.

– Kontratua formalizatzea (III. liburua, I. titulua, I. kapitulua).

II.– Kontratazio-organoari dagozkion bestelako eskumenak eta, bereziki, emandako zerbitzuen burutzapenari onespena ematea eta horien ordainketa agintzea, organo eskuordetzailearen esku geldituko dira.

III.– Eskuordetze hau sinatzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko ekainaren 15a.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusia,

JON JOSEBA ETXEBERRIA CRUZ.


Azterketa dokumentala