118. zk., 2015eko ekainaren 25a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- PDF (454 KB - 40 orri.)
- EPUB (476 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
OSASUN SAILA
2831
AGINDUA, 2015eko ekainaren 9koa, Osasuneko sailburuarena, 2015. urtean hastekoak diren osasun-arloko ikerketa-proiektuei laguntzak emateko deialdia egiteko dena.
Osasun Sailaren eskumenetako bat da osasun-zientzien alorrean ikerketa-jarduerak sustatzea eta planifikatzea, Euskadiko osasun-sistema etengabe garatu eta hobetzeko funtsezko elementua baita hori.
Apirilaren 25eko 14/1986 Legeak, Osasunari buruzkoak, ekainaren 26ko 8/1997 Legeak, Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzkoak, uztailaren 3ko 14/2007 Legeak, Ikerketa Biomedikoari buruzkoak eta ekainaren 1eko 14/2011 Legeak, Zientziari, Teknologiari eta Berrikuntzari buruzkoak, ikerketa sanitarioa sustatzeko erreferentzia-esparru bateratu bat eskaintzen dute, eta era eraginkorragoan funtzionatzeko baldintzak ezartzen dituzte.
Osasun Sailak, Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko Zuzendaritzaren bidez, ikerketa sustatzea eta ikerketa sanitarioaren esparruan sartzen diren nodo profesional berriak bilatzea du helburu; horretarako, ikerketa-proiektuak finantzatzen ditu, eta Osasun Saileko langile ikertzaileek Europako eta estatuko diru-laguntza publikoek lagundutako ikerketa-proiektuetan parte hartzen dute.
Agindu honetan araututako jardueren xedea da herritarren osasuna eta ongizatea sustatzea, eta, horretarako, gaixotasunen prebentzioa, diagnosia eta/edo tratamendua hobetzera bideratutako jakintza sortzen, zabaltzen eta/edo aplikatzen laguntzen du, bai eta osasun publikoa sustatzen eta osasun-zerbitzuak hobetzen ere.
Deialdi hau «PCTI 2020. Una estrategia de especialización inteligente. Research & Innovation Smart Specialisation Strategy - RIS3» plan estrategikoaren barruan sartzen da. Plan horretan, hain zuzen ere, agindu honetan arautzen diren osasun-arloko ikerketa-proiektuetarako laguntzak plan horretako helburuak lortzera bideratutako baliabide gisa hartzen dira.
Deialdi honen lehentasunezko arloak Osasun Sailak legealdi honetarako ezarritako estrategiaren, Osakidetzaren ildo estrategikoen eta 2013-2020rako Euskadiko Osasun Planaren esparruan sartzen dira –azken hori EAEko osasun-arloko jarduera publikoak bateratzen dituen tresna da–. Horiek guztiek sustatzen dituzte ikerketa eta berrikuntza, osasuna hobetzeko eta osasun-sistemaren kalitatea eta eraginkortasuna areagotzeko bide den jakintza sortzen duten heinean. Honako hauei buruzko ikerketa sustatzen da: prozesu patologikoen arrazoiei eta horien prebentzioari, detekzioari eta tratamenduari buruzkoa, medikuntza pertsonalizatua edo zehatzaren moduko paradigmak barne, bai eta teknologia berriak garatzeari eta aplikatzeari buruzkoa ere, ikuspegi traslazional batetik, ikerketako emaitzak gaixoengan bizkor aplikatu ahal izateko. Osasuna hobetzeko helburuaren baitan sartzen da zerbitzu sanitarioetako ikerketa eta osasun-alorrean egiten diren esku-hartzeen eraginkortasunaren ebaluazioa, eta kontuan hartzen ditu interes sozial eta sanitario handia duten gaixotasunak, bai eta erikortasun anitzak eta prozesu kronikoek sorrarazitako gaixotasun-karga ere.
Horregatik guztiagatik, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen bermeen eta itzulketaren sistema orokorra arautzen duena, eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duena (1998ko urtarrilaren 19ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria) aintzat hartuta, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Agindu honen helburua da 2015. urtean garatzen hasten diren osasun-arloko ikerketa-proiektuetarako laguntza ekonomikoen deialdia arautzea eta laguntza horiek ematea, betiere objektibotasun-, norgehiagoka- eta publikotasun-printzipioei jarraikiz.
2. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen proiektuak.
1.– Ikerketa-proiektuak ikerketa biomedikoaren edo osasun-alorreko eta osasun-zerbitzuetako teknologiaren ingurukoak izan daitezke, esku-hartzeen eraginkortasunaren ebaluazioa barne.
Deialdi honen ondorioetarako, ikerketa biomedikotzat jotzen da osasun publikoko oinarrizko ikerketa, ikerketa klinikoa eta epidemiologikoa, eta, oro har, giza osasunari buruzko ikerketa traslazionala, bai eta behar den garapen teknologikoa ere, osasuna hobeki sustatzeko eta gaixotasunen prebentzioa, diagnostikoa, jarraipena, monitorizazioa eta tratamendua hobetzeko.
Osasunerako eta osasun-zerbitzuetarako teknologien gaineko ikerketaren xedea da jarduera klinikoa, kalitatea eta pazientearen segurtasuna hobetzea, bai eta esku-hartzeen eraginkortasuna ere, bereziki ebaluazioaren alorreko ikerketaren bidez. Osasun-teknologiatzat eta osasun-zerbitzutzat jotzen dira norbanakoen edo kolektiboen osasun-beharrak asetzeko erabiltzen diren baliabidea guztiak, hala nola, medikamentuak, mediku-ekipamenduak, -gailuak eta -prozedurak, antolaketa-ereduak eta laguntza-sistemak.
2.– Laguntzak eskatzen dituzten proiektuek ikertzaile nagusi bakarra izango dute, eta berak izango du proiektuaren gauzatze zientifiko-teknikoaren gaineko ardura.
3.– Aurkeztutako ikerketa-proiektuek Helsinkiko Adierazpenean ezarritako oinarrizko printzipioak eta ikerketa medikoaren arloan indarrean dagoen legediak ezarritako baldintzak errespetatu beharko dituzte.
3. artikulua.– Onuradunak.
1.– Deialdi honetan jasotako laguntzen onuradun izan ahalko dute Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako I+G-ko zentro publiko eta pribatu guztiek. Ondorio horietarako, onuraduntzat hartzen dira: erakunde sanitario publikoak, unibertsitate publikoak, aitortutako ikerketa-erakunde publikoak, administrazio publikoaren menpeko I+G-ko zentroak, ikerketa sanitarioko institutuak, erakunde sanitario pribatuak, unibertsitate pribatuak eta beste erakunde pribatu batzuk, nortasun juridiko propioa dutenak, I+G-ko ekintzetan frogatutako gaitasuna edo jarduerak dituztenak, eta sistema sanitarioko zentroetako ikerketa-jarduerak kudeatzen dituzten zuzenbide publiko edo pribatuko beste erakunde batzuk.
Zehapen administratibo edo penala izateagatik diru-laguntzak eta laguntza publikoak jasotzeko aukera galdu duten zentroek ezin izango dituzte deialdi honetako laguntzak jaso, dagokion zehapenak ezarritako aldian. Era berean, ez dute parte hartzerik izango horretarako ezgaitzen dituen debeku legalen bat dutenek.
2.– Diru-laguntza indarrean dagoen bitartean, zentro eskatzaileek zerga-betebeharrak egunean beteta edo horietatik salbuetsita egon beharko dute. Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko Zuzendaritzak ofizioz egiaztatuko du baldintza hori betetzen dela, betiere Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko 1/1997 Legearen Testu Bateginaren 50.3. artikuluan xedatukoari jarraituz (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen testu bategin hori).
3.– Erakunde onuradunek ezaugarri bereko beste laguntza edo diru-laguntza batzuk jaso badituzte Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren edo haren erakunde autonomoen eskutik, eta laguntza horien inguruko itzulera- edo zigor-prozesuren bat izapidetzen ari bada, prozesu horrek amaituta egon behar du erakunde horiei diru-laguntza hau esleitzeko edo esleituta dutenei dagokiena ordaintzeko. Zentro eskatzaileei 3.2 artikuluan exijitutako baldintza erakunde onuradunei exijituko zaie diru-laguntza indarrean dagoen bitartean.
4. artikulua.– Diru-laguntzak emateko prozedura.
Adierazitako laguntzak lehiaketa bidez emango dira. Laguntzak emateko, eskabideak alderatu egingo dira, euren artean lehentasuna ezartzeko. Lehentasuna 12. artikuluan ezarritako balioespen-irizpideei jarraituz ezarriko da, eta laguntzak emango dira harik eta deialdian esleitutako kredituak agortu arte.
5. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
1.– Deialdi hau finantzatzera bideratutako baliabide ekonomikoen zenbateko osoa 974.343 eurokoa da. Baliabide ekonomiko horiek Euskadiko Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horrexetarako ezarri diren aurrekontu-kredituetatik datoz.
2.– Artikulu honetan adierazitako zenbatekoa handiagotu egin ahal izango da, eskatutako laguntzen zenbateko osoa kontuan hartuta, Osasun Sailaren programak gauzatu ostean agortu gabe geratu diren aurrekontu-zuzkiduren arabera, indarrean dagoen legediak kreditu-loturarako edo aurrekontuak aldatzeko ezarritako araubideari jarraikiz, eta laguntzak emateko hasiko den prozeduraren ebazpena eman baino lehen. Egoera hori gertatuz gero, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian jakinaraziko da Osasuneko sailburuordearen ebazpen bidez.
3.– Bereziki aintzat hartuko dira ikerketa-talde hasiberriek garatutako proiektuak, betiere 12. artikuluan eskatzen den gutxieneko puntuazioa lortzen badute. Talde bat hasiberritzat joko da, baldin eta proiektu batean halako ardura-mailarekin inoiz aritu ez den ikertzaile nagusi bat badu eta ikertzaileen taldean esperientzia egiaztatua dutenak % 20 baino gutxiago badira. Halako proiektuak finantzatzeko, deialdi honetako baliabide ekonomiko guztien % 10 erabiliko da, gutxienez.
6. artikulua.– Diru-laguntzak jaso ditzaketen proiektuek bete beharreko baldintzak.
1.– Ikerketa-proiektuek zentro anitzekoak behar dute izan. Zentro anitzekoak izango dira agindu honetako 3. artikuluko deskribapenaren arabera bi erakunde edo gehiagok parte hartzen badute, eta horietako bi behintzat euskal osasun sistemakoak badira. Biocrues eta Biodonostia osasun ikerketa institutuak euskal osasun sistemako zentrotzat hartzen dira.
Salbuespen gisa, eta ikertu beharreko eremuaren espezifikotasuna dela-eta euskal osasun sisteman osasun-zentro ikertzaile nahikorik ez badago zentro-aniztasunaren baldintza betetzeko, baldintza hori betetzetik salbuetsiko dira proiektuak, baldin eta proposamenean gorabehera hori behar bezala arrazoitzen bada.
Lehentasuna izango dute diziplina anitzeko proiektuek eta lankidetza-proiektuek, eta halakotzat hartuko dira agindu honetako 3. artikuluan deskribatutako zentroetako hainbat ikerketa-talderen partaidetza badaukate.
2.– Urte bat eta hiru urte arteko denbora-tartean gauzatu ahal izango dira ikerketa-proiektuak.
3.– Proiektua gauzatzeko epea, bestalde, laguntzak emateko ebazpena EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da zenbatzen.
7. artikulua.– Ikerketa-taldearen eskakizunak.
1.– Ikertzaile nagusiak honako baldintza hauek bete beharko ditu:
a) Proiektua egiteko eskaera egin duen zentroarekin funtzionario-, estatutu- edo kontratu-lotura gauzatua izatea, gutxienez eskabidea aurkeztu den unetik emakida-ebazpena eman arteko aldian. Ikerketa sanitarioko institutuei dagokienez, eta zuzenbide pribatuko fundazio bidez ikerketa-jarduerak kudeatzen dituzten Euskal Osasun Sistemako zentroei dagokienez, edo zuzenbide publiko edo pribatuko beste erakunde batzuei dagokienez, zentro eskatzailearekin, zuzenbide pribatuko fundazioarekin, zuzenbide publiko edo pribatuko kudeaketako erakundearekin edo, hala badagokio, ikertzailearen lotura babesten duen hitzarmen bat indarrean daukaten erakundeekin izango dute lotura ikertzaile nagusiek.
b) Osasun-prestakuntza espezializatuko programarik egiten ez aritzea.
c) Deialdi honetako proiektu baten ikertzaile nagusi gisa parte hartu ahal izango dute, baldin eta martxan diren proiektuetan (2013 eta 2014an hasteko ziren Osasun Saileko ikerketa-proiektuen deialdietako proiektuetan) ikertzaile nagusi gisa ageri ez badira. Osasun Saileko osasun-arloko ikerketa-proiektuen deialdietako (2013, 2014 eta 2015ean hastekoak) ikerketa-proiektu bakarrean parte hartu ahal izango dute laguntzaile gisa.
d) Proiektu koordinatuetan, azpiproiektuetako ikertzaile nagusietako batek jardungo du koordinatzaile-lanetan. Azpiproiektu bakoitzaren ikertzaile nagusia horren erantzule izango da ondorio guztietarako, proiektuaren koordinazio zientifikoari eta jarraipenari dagokionean izan ezik, koordinatzailea arduratuko baita alderdi horiez.
2.– Ikertzaile-taldeko gainerako kideek:
a) Osasun Saileko osasun-arloko ikerketa-proiektuen deialdietako (2013, 2014 eta 2015ean hastekoak) bi ikerketa-proiektutan parte hartu ahal izango dute gehienez ere.
b) Ondorio horietarako, ez dira ikertzaile-taldeko kidetzat hartuko ikerketan laguntzeko unitate batekoak izanda aholkularitzako zereginak bakarrik egiten dituztenak.
Artikulu honetan ezarritako betekizunetako bat ez bada betetzen, eskatutako laguntza ukatuko da.
8. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.
1.– Egoera bakoitzean ematen den laguntzaren bidez, ondoren adierazten diren gastuak ordainduko dira. Gastu horiek guztiek zuzeneko lotura izan behar dute proiektua gauzatzearekin, eta aldez aurretik zehaztuta egon behar dute eskabidearen memorian.
Adierazten diren zenbatekoak deialdiaren bidez finantzatutako gehienezko zenbatekoak dira, eta bateragarriak dira xede bererako lor daitezkeen beste diru-laguntza batzuekin.
2.– Langile-gastuak. Teknikariak kontratatzea. Proiektua gauzatzeko beharrezko diren langileak. Kontratazioaren unean, ezin izango dute eduki funtzionario-, estatutu- edo lan-loturarik zentro onuradunekin edo proiektua gauzatuko duten zentroekin.
Zentro kontratatzaileari aplikatzekoa zaion araudiaren arabera hautatuko dira, publikotasun-, norgehiagoka- eta lehiaketa-printzipioak beteko dira.
Kontrataziorako gehieneko zenbatekoak honako hauek izango dira: urtean 40.000 euro, kontratatua doktorea bada; urtean 33.000 euro, goi-mailako tituluduna bada; 26.000 euro, erdi-mailako tituluduna bada; eta 21.000 euro, Lanbide Heziketako teknikaria bada.
Proiektuan aritzeko lanaldia zentro kontratatzaileko urteko lanaldia baino laburragoa izanez gero, ordaindu beharreko kopurua lanaldi horren arabera kalkulatuko da, proportzioan.
Atal honetan, halaber, ikertzaileak ordezteko aukera sartzen da; izan ere, proiektu bakoitzean, ikertzaile baten lanaldiaren % 20 ordeztea onartuko da, gehienez. Proiektu batean deialdiak finantzatutako lanaldia baino dedikazio handiagoa egin behar badute ikertzaileek, zentro onuradunaren edo proiektua egiten duen zentroaren kontura izango da.
3.– Ondasunak eskuratzeko eta zerbitzuak kontratatzeko gastuak. Proiektua egiteko erabili den material inbentariagarria sartzen da, eta espresuki kanpoan uzten dira altzariak eta instalazioak, baita kudeaketara ekipamendu informatikoak ere.
Material suntsigarria eta gastu osagarriak ere sartzen dira, material bibliografikoa eta proiektuen emaitzak hedatu eta transferitzeak dakartzan gastuak (argitalpenak, etab.). Proiektua gauzatzeko beharrezkoa den heinean eta behar bezala justifikatzen bada, ez da mugarik egongo partida honetan.
Bulegoko material orokorra ez da diruz lagunduko (fotokopiak, tonerra, telefono-gastuak, eta abar).
Proiektua garatzeko kanpoko zerbitzuak kontratatzea aurreikusita egonez gero, eskaeraren memorian aipatu beharko da, honako hauek zehaztuta: zerbitzuaren nolakotasuna eta kontratuaren kostua.
4.– Bidaia eta joan-etorri gastuak. Kanpo-lanak, koordinazio-bilerek eta kongresuek, hitzaldiek eta halakoek eragindakoak, baldin eta proiektuarekin zuzenean lotuta badaude.
5.– Agindu honen babespean ematen diren laguntzak bateragarriak izango dira helburu bererako erdietsi litekeen beste edozein motako laguntza edo diru-laguntzarekin, baldin eta gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Halakorik gertatuz gero, emandako diru-laguntza dagokion gehienezko mugaraino murriztuko da.
6.– Ikertzaile-taldeko kideek –prestakuntza sanitario espezializatuan dauden lizentziatuek barne– ez dute inolako ordainsaririk jasoko proiektuaren kontura.
9. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea eta lekua.
1.– Eskabideak egiteko, Osasun Sailaren aplikazio informatikoa erabili ahal izango da, edo paper-formatuan aurkeztu.
2.– Eskabidea bide elektronikoz izapidetzeko, honako egoitza elektroniko hauetara jo behar da:
Gaztelaniaz:
http://www.osakidetza.euskadi.eus/r85-pkproc01/es/contenidos/ayuda_subvencion/proyectos_investigacion_2015/es_def/index.shtml
Euskaraz:
http://www.osakidetza.euskadi.eus/r85-pkproc01/eu/contenidos/ayuda_subvencion/proyectos_investigacion_2015/eu_def/index.shtml
3.– Paper-formatuko eskabideak agindu honen II. eranskinean ageri den inprimaki normalizatuaren bidez gauzatuko dira, eta proiektuaren ikertzaile nagusiak eta zentro eskatzailearen legezko ordezkariak sinatuko dituzte. Era berean, probaldian dauden ikertzaile-taldeko gainerako kideek ere sinatu beharko dituzte, parte hartzea onartzen dutela adierazteko.
4.– Eskabideak Osasun Saileko Ikerketa eta Berrikuntza zuzendariari bidali behar zaizkio (Donostia kalea, 1, 01010 Gasteiz); era berean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4. artikuluan ezarritako gainerako moduetan ere aurkez daitezke.
5.– Laguntzak eskatzeko epea bi hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.
6.– Zentroek eurek hautatzen duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute eskabidea nahiz harekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa. Halaber, eskabidearen ondoriozko jarduera guztietan, eta prozedura osoan zehar, zentro eskatzaileak hautatu duen hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera arautzen duen azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoa betez.
10. artikulua.– Eskabideak: eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.
1.– Eskabidearekin batera, honako hauek ere aurkeztu behar dira:
a) Ikerketa-proiektuaren memoria, araututako ereduari jarraituz (III. eranskina). Memoria horretan material inbentariagarri edo suntsikorrerako eskatutako zenbatekoak dokumentatzeko, gutxienez, bi aurrekontu erabiliko dira, eta bi aurrekontuak ezingo dira izan hornitzaile berberak egindakoak. Material horren aleko prezioak 6.000 eurotik gorakoa izan behar du. Baldintza hori ez bada betetzen, c) idatzi-zatian –balorazio zientifiko-teknikoan– lortutako puntuazioari % 50 kenduko zaio.
b) Ikerketa-taldeko kide bakoitzaren curriculuma, araututako ereduari jarraituz (IV. eranskina).
c) Proiektua zentro eskatzailea ez den beste zentro batean gauzatzekoa bada, proiektua non gauzatuko den, zentro horrexen legezko ordezkaritzaren idazkia aurkeztuko du zentro eskatzaileak. Idazki horren bidez, proiektua gauzatzeko baimena emango da (V. eranskina).
d) Etika-batzorde eskudunak emandako baimena, hala badagokio, eta ikerketa-arloko arauak eta hitzarmenak betetzen direla zaintzen duten kide anitzeko beste organo batzuek emandakoa. Edonola ere, dagokion kide anitzeko organoko lehendakaritzak edo idazkaritzak emango du baimen hori, eta, bertan, akordioa adostu zen bileraren aktaren erreferentzia jasoko da.
e) Proiektuak giza jatorriko lagin biologikoak behar baditu, Euskal Biobankuaren ziurtagiria eskatu beharko da, eta horrela jasoko da.
f) I+G-ko zentro pribatuek erakundearen estatutuak aurkeztu beharko dituzte (betiere, aurreko deialdiren batean bidali ez badituzte), eta horietan adieraziko dute zer helburu duten, I+G ekintzetan nolako gaitasuna edo jarduerak egiaztatu dituzten, nolako lotura dagoen erakundearen eta ikertzaile nagusiaren artean, eta lotura hori noiz hasi eta noiz bukatuko den.
g) Proiektua gauzatuko duen zentroko ikerketa-batzordearen edo pareko figuraren txostena; bertan, ikerketa-proiektua bere osotasunean bideragarria dela adierazi beharko da.
h) Proiektuen ebaluazioari begira, eta ikerketa-proiektuaren emaitzak sektore produktiboan txertatzeko aukera balioeste aldera, hala badagokio, emaitza horietan interesa erakutsi duten enpresek izenpetutako idazkia aurkeztu dezake ikerketa-taldeak. Taldearen eta enpresaren artean lankidetza-akordiorik egonez gero, horren kopia ere aurkez daiteke.
a), b) eta c) agirien txantiloi normalizatuak honako helbide elektroniko honetan eskura daitezke:
Gaztelaniaz:
http://www.osakidetza.euskadi.eus/r85-pkproc01/es/contenidos/ayuda_subvencion/proyectos_investigacion_2015/es_def/index.shtml
Euskaraz:
http://www.osakidetza.euskadi.eus/r85-pkproc01/eu/contenidos/ayuda_subvencion/proyectos_investigacion_2015/eu_def/index.shtml
Bestalde, d), e), f), g) eta h) idatzi-zatietan eskatzen diren agiriak, ahal dela, euskarri elektronikoz bidali beharko dira honako helbide hauetako batera: investigacion-san@euskadi.eus edo ajausoro@euskadi.eus edo paperezko euskarrian Osasun Saileko Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko Zuzendaritzara: Donostia-San Sebastian kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.
2.– Proiektu koordinatuak direnean, eskabide oso bat egingo da azpiproiektu bakoitzerako. Proiektuaren koordinatzaile gisa jarduten duen ikertzaile nagusiak gainerako agiriei egoera honen eta koordinatzen dituen taldeen berri ematen duen idazki bat erantsi beharko die, talde bakoitzaren arduradunek sinatua, adostasun adierazle gisa.
11. artikulua.– Eskabideko akatsak zuzentzea.
Diru-laguntzen eskabideetan daturen bat bete gabe utzi bada, edo ez badira aurkeztu eskatutako agiri guztiak, interesdunari hamar eguneko epea emango zaio falta dena osatzeko edo eskatzen diren agiriak eransteko, eta, halaber, jakinaraziko zaio horrela egiten ez badu eskabidean atzera egin duela ulertuko dela; dena den, Administrazioak eskabide horri buruzko berariazko ebazpena eman eta jakinarazi beharko du, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71.1. eta 42.1. artikuluetan xedatzen denaren arabera.
12. artikulua.– Eskabideak ebaluatzea.
Balioespen-batzordeak ebaluatu eta hautatuko ditu behar bezala aurkeztutako edo, aurreko artikuluan ezarritakoarekin bat, dagokion epean zuzendutako eskabideak. Batzorde hori artikulu honen lehenengo paragrafoan zehazten da.
1.– Honako hauek osatuko dute balioespen-batzordea: Osasun Saileko Ikerketa eta Berrikuntzako zuzendariak, zeina presidente izango baita, eta, kide gisa, Osasun Publikoko zuzendariak edo horrek eskuordetutakoak, Aseguramendu eta Kontratazio Sanitarioko zuzendariak edo horrek eskuordetutakoak, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua erakunde publikoko Laguntza Sanitarioko zuzendariak edo horrek eskuordetutakoak eta Osasun Saileko I+G laguntzen teknikari arduradunak, zeina idazkari izango baita.
2.– Balioespen-batzordeak honako irizpide hauen arabera balioetsiko ditu proiektuak:
a) Proiektuen egokitzapena, deialdiko modalitate honetarako zehaztutako lehentasunezko eremu eta lerroekiko (I. eranskina): 25 puntu gehienez.
b) Proposamenak Euskal Osasun Sistemarentzat duen interesa: 35 puntu gehienez.
c) Garrantzi zientifikoa eta sozio-sanitarioa, proiektutik espero diren ekarpenak eta helburuen berritasuna eta garrantzia barne hartuta: 25 puntu gehienez.
d) Proiektuaren emaitzak zabaltzeko eta dibulgatzeko plana: 15 puntu gehienez.
60 puntuko gutxieneko puntuaziorik eskuratzen ez duten proiektuak ez dira proiektu finantzagarritzat joko.
3.– Proiektuak ebaluatu aurretik, balioespen-batzordeak kanpo ebaluatzaileen parte-hartzea eskatuko du; ebaluatzaile horiek proiektuen kalitate zientifiko-teknikoari buruzko txostenak egingo dituzte, eta honako alderdi hauek balioetsi eta aztertuko:
a) Ikertzaile nagusiak proiektuan programatutako jarduerak gauzatzeko duen gaitasuna edo dedikazioa, bai eta gainontzeko ikerketa-taldearen tamaina, osaera eta dedikazioa ere: 20 puntu gehienez.
b) Metodologiaren kalitatea: 40 puntu gehienez.
c) Proiekturako eskatutako finantza-baliabideen eta proposatutako helburuen arteko egokitzapena, eta proiektua beste erakunde publiko eta pribatu batzuekin batera finantzatu izana egiaztatzea: 15 puntu gehienez.
d) Osasun-sistemarako duen aplikagarritasuna, erabilgarritasuna eta, hala badagokio, ezartzeko estrategia: 25 puntu gehienez.
Txosten zientifiko-teknikoan proiektuek 50 puntuko gutxieneko puntuazioa eskuratzen ez badute, balioespen-batzordeak ez ditu finantzatzeko moduko proiektutzat joko.
4.– Haren eginkizuna betetzeko, proiektua erabat ulertzeko beharrezkoak diren agiri osagarriak eskatu ahal izango dizkie batzordeak zentro eskatzaileei, bai eta zentro eskatzaileei proiektuetan zenbait aldaketa egitea iradoki ere, programa honen helburuetara hobeto egokitu daitezen.
13. artikulua.– Kuantifikazio-irizpideak.
1.– Laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, balioespen-batzordeak honako hauek hartuko ditu aintzat: aurkeztutako aurrekontua, deialdia finantzatzeko dauden baliabide ekonomikoak, eta aurkeztutako aurrekontua zer neurritan egokitzen den proposatutako helburuetara. Halaber, batzordeak kontuan hartuko du kanpo ebaluatzaileek txostenean emandako iritzia, eta 8. artikuluan ezarritakoa aplikatuko du.
Emandako laguntzek eskatutako zenbatekoa osorik edo zati batean estali ahal izango dute, baina, edozein modutan, baterako finantzaketa kontuan hartuz, ezin izango da inolaz ere gainditu diruz lagundutako jardueraren kostu erreala.
2.– Koordinatutako proiektuak direnean, azpiproiektu bakoitza independentetzat hartuko da artikulu honen ondorioetarako.
14. artikulua.– Ebazpena, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epea, jakinarazteko modua, publizitate-prozedura eta laguntza onartzea.
1.– Aurkeztutako eskabideak prozedura bakar batean izapidetuko dira, eta Osasun sailburuari dagokio, balioespen-batzordearen proposamena kontuan hartuta, prozedura hori ebaztea, zentro eskatzaileek proposatutako gai guztiekin batera.
2.– Ebazpenean erabakiko da agindu honetako diru-laguntzak ematen diren edo ukatzen diren. Ematen badira, honako hauek zehaztuko dira: zentro onuraduna, diruz lagundutako proiektua eta emandako diru-zenbatekoa urtealdietan banakatuta. Laguntzak ukatu egiten badira, berriz, zergatik ukatu diren adierazi beharko da.
3.– Aurreko paragrafoan aipatzen den ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, horren aurka, zentro interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez dezakete Osasun sailburuaren aurrean, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik zenbatzen hasita.
4.– Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuz jakinaraziko da; horretarako epea, gehienez ere, sei hilabetekoa izango da, agindu hau argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita. Epe hori igaro ondoren ebazpenik argitaratu ez bada, zentro eskatzaileek euren eskabidea ezetsitzat jo dezakete, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.
5.– Finantzazioa jasoko duten zentroek diru-laguntza emango zaiela dioen idazkia jasoko dute, bai eta onarpen-agiriaren eta laguntzaren datuei buruzko agiriaren bi kopia ere. Onarpen-agiriaren eta laguntzari buruzko datuen agiriaren kopia bana Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko zuzendariari itzuli beharko zaizkio, jaso eta hamabost eguneko epean, beteta eta zentroaren legezko ordezkariak eta ikertzaile nagusiak izenpetuta.
15. artikulua.– Zentro onuradunen betebeharrak.
Diru-laguntzak jasotzen dituzten zentro onuradunek honako betebehar hauek izango dituzte:
1.– Emandako diru-laguntza onartzea. Alde horretatik, ez baditu aurreko artikuluan zehaztutako agiriak Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko Zuzendaritzara bidaltzen emakidaren jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean, onuradunak laguntzari uko egiten diola ulertuko da.
2.– Diru-laguntza eman den xede eta kontzeptuetarako erabiltzea.
3.– Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak haien egitekoak betetzeko deialdi honetako diru-laguntzen inguruan eskatzen dituzten argibideak ematea.
4.– Eskabidea egiteko orduan kontuan hartutako datu edo inguruabarretan edozein aldaketa gertatuz gero, ahal bezain laster jakinaraztea Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko Zuzendaritzari.
5.– Ikertzaile nagusiak eskabidean adierazitakoaren gainean aldaketaren bat egin nahi badu, aurrez baimena eskatu beharko dio Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko Zuzendaritzari, eta horretarako arrazoiak eman. Deialdi honen ondorioetarako, laguntza-eskabidean aurreikusitako kontzeptuekiko % 20ko gastu-desbideratzea ez da aldaketatzat jotzen.
16. artikulua.– Laguntzak ordaintzea eta kudeatzea.
1.– Urtebeteko iraupena duten proiektuetan.
Esleitutako laguntzaren % 80 berehala transferituko zaie onuradunei, 14.5 artikuluan aipatzen diren agiriak jaso ondoren. Gainerako % 20 sei hilean behingo memoria zientifikoa (VI. eranskina), 17. artikuluaren 1a) 1 puntuan aipatzen dena, entregatzen denean.
2.– Urtebete baino gehiagoko iraupena duten proiektuetan.
2.1.– Lehenbiziko urteari dagokion laguntzaren zenbatekoa 14.5 artikuluan aipatzen diren agiriak behar bezala beteta jaso bezain laster ordainduko zaie onuradunei.
2.2.– Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko Zuzendaritzak memoria zientifikoa onartu ondoren eta proiektuak eragindako gastuak agiri bidez (VI. eranskina) justifikatu ondoren ordainduko dira ondorengo urteei dagozkien zenbatekoak; bai memoria, bai agiri bidezko justifikazioa, urtero bidaliko dizkio zentro onuradunak zuzendaritza horri.
3.– Zentro onuradunak ikusiko balu, justifikatutako arrazoiengatik, ezin duela finantzaturiko ikerketa-proiektua burutu, ahalik azkarren jakinarazi beharko dio Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko Zuzendaritzari, eta proiektuaren garapen zientifikoaren egoerari buruzko txostena eta balantze ekonomikoa ere aurkeztu beharko dizkio.
Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko Zuzendaritzak, espedientea aztertu ondoren, Osasun sailburuordeari proposatuko dio dagokion laguntzaren kitapena egiteko erabakia har dezala, eta zehatz dezala zer kopuru itzuli behar den, hala egin behar bada.
4.– Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko Zuzendaritzak, komenigarria dela uste badu, proiektuari jarraipen hobea egiten lagunduko duen informazio osagarria aurkez dezatela eska dezake.
17. artikulua.– Laguntzen justifikazioa.
1.– Laguntzak jaso dituen zentro onuradunak jasotako diru-laguntza zertan gastatu duen justifikatu beharko du, eta, horretarako, honako agiri hauek helarazi beharko dizkio Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko Zuzendaritzari:
a) Urtebeteko iraupena duten proiektuak.
1.– Proiektua egiten hasi eta sei hilabetera, zentro onuradunak memoria zientifiko bat egin beharko du, VI. eranskinean azaltzen den eskemari jarraituz, eta Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko Zuzendaritzari bidali beharko dio. Memoria zientifiko horretan, proiektuaren garapen-egoerari eta lortutako helburu partzialei buruzko deskribapen bat egin beharko da, eta ikertzaile nagusiak izenpetuta aurkeztuko da.
2.– Proiektua egiteko epea amaitu ondorengo hiru hilabeteetan, amaierako memoria zientifiko bat bidaliko du zentro onuradunak –V. eranskineko eredu normalizatuaren arabera egindakoa–, eta, horrekin batera, memoria ekonomiko bat –laguntza kudeatzen duen erakundearen legezko ordezkariak eta ikertzaile nagusiak izenpetuta– (memoria horien bi kopia bidaliko ditu); halaber, VII. eranskina ere bidaliko du, eta, hor, proiektuaren garapenari buruzko laburpen bat jasoko du, Osasun Sailaren web-orrian argitaratuko dena. Memoria ekonomikoarekin batera, proiektuaren garapen-aldian egindako gastuak egiaztatzen dituzten fakturen kopiak aurkeztuko dira. Jatorrizko fakturak erakunde onuradunean artxibatu beharko dira, gehienez ere bost urtean, goian adierazitako justifikazio-epetik kontatzen hasita, eta eskuragarri egongo dira Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko Zuzendaritzak egiten duen edozein egiaztapenerako.
b) Urtebetetik gorako iraupena duten proiektuak.
1.– Urteko memoria zientifiko eta ekonomikoa, laguntza onartzeko ebazpenean adierazitako epean, eta VI. eranskinean azaltzen den eskemaren arabera egina. Memoria zientifiko horretan, proiektuaren garapen-egoerari eta lortutako helburu partzialei buruzko deskribapen bat egin beharko da, eta ikertzaile nagusiak izenpetuta aurkeztuko da. Memoria ekonomikoa ikertzaile nagusiak eta laguntza kudeatzen duen zentroaren legezko ordezkaritzak izenpetuko dute, eta, hartan, memoriak hartzen duen aldiari dagokion balantze ekonomikoa egingo da.
2.– Proiektua egiteko epea amaitu ondorengo hiru hilabeteetan, amaierako memoria zientifikoa bidaliko du zentro onuradunak –VI. eranskineko eredu normalizatuaren arabera eginda eta ikertzaile nagusiak izenpetuta–, eta, horrekin batera, memoria ekonomikoa –laguntza kudeatzen duen erakundearen legezko ordezkariak eta ikertzaile nagusiak izenpetuta– (memoria horien bi kopia igorriko ditu); halaber, VII. eranskina ere bidaliko du, eta, hor, proiektuaren garapenari buruzko laburpen bat jasoko du, Osasun Sailaren web orrian argitaratuko dena.
3.– Zentro onuradunek honako hauek erantsiko dizkiete urteko memoriei eta amaierako memoriari: memoriak hartzen duen aldian egindako gastuak egiaztatzen dituzten egiaztagirien kopiak, aurreko memoriekin aurkeztu ez direnak. Jatorrizko fakturak erakunde onuradunean artxibatu beharko dira, gehienez ere bost urtean, goian adierazitako justifikazio-epetik kontatzen hasita, eta eskuragarri egongo dira Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko Zuzendaritzak egiten duen edozein egiaztapenerako.
4.– Jarraipen-memorien aldeko balioespena egiteak eta hurrengo urterako laguntza ordaintzeak ez du esan nahi egindako gastuak onartzen direnik, ez eta gastuok aurrekontuei egozten zaizkienik ere; izan ere, amaierako memoria ekonomikoarekin batera balioetsiko da hori.
5.– Amaierako memoriarekin batera, behar bada, ikerkuntzaren ondorioz sortu diren argitalpen, tesi, karrera amaierako proiektu eta kongresuetara eginiko komunikazio guztien kopia bana aurkeztuko da. Horietan guztietan, eta geroago sor litezkeenetan, berariaz aipatu behar da Osasun Sailak emandako laguntza. Ikerketaren emaitzak ahalik eta erabiltzaile gehienek ezagut ditzaten, Osasun Sailak finantzatutako proiektuei buruzko artikuluak argitara emango dira, eta horretarako, lehentasuna izango dute sarrera libreko aldizkariek, bai eta argitaratu eta urtebetera eskuratzeko moduan egongo direla bermatzen dutenek ere.
18. artikulua.– Diru-laguntzaren baldintzak aldatzea.
1.– Diru-laguntza ematerakoan kontuan hartutako edozein baldintza aldatzen bada –betiere, laguntzaren xedea betetzen dela ulertzen bada–, eta beste edozein erakunde publiko zein pribatutatik beste diru-laguntzaren bat jasotzen bada aldi berean, laguntzaren zenbatekoa aldatu ahal izango da. Ondorio horietarako, Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko Zuzendaritzak izango du zenbatekoa murrizteko espedientea hasteko eta izapidetzeko eskumena, eta Osasun sailburuordeak horren gaineko ebazpena ematekoa.
2.– Proiektuaren garapen-prozesuan gastu-motetara bideraturiko zenbateko partzialetan aldaketak egitea beharrezkoa dela irizten bada –betiere, laguntzaren guztirako zenbatekoa gainditu gabe–, aldez aurretik, proiektuko ikertzaile nagusiak idatziz egin beharko du eskabidea, horretarako arrazoiak emanez, eta zentro onuradunaren legezko arduradunaren oniritziarekin.
Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko Zuzendaritzari zuzenduko zaio eskabidea.
3.– Proiektuaren amaiera atzeratzen bada –zentro onuradunaren borondatearekin zerikusirik ez duten eta behar bezala justifikatzen diren arrazoiengatik–, eta hasiera batean proiektua garatzeko ezarritako epea bukatu baino lehen idatziz eskatzen bada –zenbateko luzapena eskatzen den zehaztuta–, Osasun Sailak proiektua amaitzeko epea luzatu ahal izango du. Deialdi honen ondorioetarako, 15. artikuluaren 5. paragrafoan xedatutakoaren arabera, laguntza-eskabidean aurreikusitako kontzeptuekiko % 20ko gastu-desbideratzea ez da aldaketatzat jotzen.
19. artikulua.– Baldintzak ez betetzea.
1.– Abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoaren arabera (698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren diru-laguntzen bermeen eta itzulketaren sistema arautzen duena), onuradunak ez baditu ezarritako baldintzak eta epeak betetzen, edota laguntza beste helburu baterako erabiltzen badu, laguntza eskuratzeko eskubidea galdu eta, hala badagokio, jasotako diru-zenbatekoak eta legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar dizkiola aitortuko da, prozedurazko izapideak egin ondoren, egoki izan daitezkeen gainerako ekintzak eragotzi gabe. Aipatutako zenbatekoak diru-sarrera publikotzat joko dira ondorio guztietarako.
Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko zuzendariak izango du ez-betetzeagatiko espedientea hasteko eta izapidetzeko eskumena, eta Osasun sailburuordeak hori ebaztekoa.
2.– Ez-betetzea dela eta laguntza itzuli behar izanez gero, laguntza jaso duen zentro onuraduna izango da erantzule Osasun Sailaren aurrean.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari; beronen aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Osasun sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita; edo bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahalko dute, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, aldizkari ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Ebazpen honetan aurrez zehaztu ez den guztirako, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritakoa beteko da, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak emandako idazketa aintzat hartuta, betiere.
AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango du eragina.
Vitoria-Gasteiz, 2015eko ekainaren 9a.
Osasuneko sailburua,
JON DARPÓN SIERRA.