Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

118. zk., 2015eko ekainaren 25a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
2829

AGINDUA, 2015eko ekainaren 25ekoa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, museoetarako eta bildumetarako 2015eko diru-laguntzak emateko modua arautzen eta deialdia egiten duena.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 193/2013 Dekretuaren arabera, Kultura, Gazteria eta Kirol Sailburuordetzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzari dagokio Euskal Autonomia Erkidegoko museo eta bildumetarako diru-laguntzen sistema kudeatzea.

Beraz, alde horretatik, Kultura Ondarearen Zuzendaritzak egoki iritzi dio laguntzak emateko bideari ekiteari, Euskadiko museoen eta bildumen zereginekin zerikusia duten jarduerak sustatzeko eta garatzeko.

Esandako guztiagatik, beharrezko iruditu zaigu tresna egoki bat jartzea, alde batetik, diru-laguntzak emateko prozesuan objektibotasun-, konkurrentzia- eta publikotasun-printzipioak bermatuko dituzten gutxieneko lege-oinarriak zehazteko, eta, bestetik, mekanismo aproposak finkatzeko Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak diru publikoak egoki erabili diren jakin dezan. Diru-laguntza horiek deialdi honetan xedatutako balorazio-irizpideak oinarri hartuta emango dira, eta Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretan ekitaldi honetarako horretarako propio ezarritako diru-kopurua muga izanik.

Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea eta helburua.

1.– Agindu honen xedea da: Euskadiko Museo eta Bildumen Erregistroan inskribatuta dauden museoetarako eta bildumetarako diru-laguntzak emateko erregimena arautzea.

2.– Diru-laguntza horien bidez, jarduera-ildo estrategiko hauetan eragina izango duten proiektuak egin daitezen bultzatu nahi da:

a) Bilduma kudeatzea eta hari buruz jakiteko modua hobetzea.

b) Erakusketa iraunkorrak hobetzea eta aldi baterako erakusketak antolatzea.

c) Funtzio hezitzailea, ludikoa eta kulturala sustatzea haien jarduera-eremuan.

d) Haien jarduera-eremuarekin zerikusia duen ezaguera sortzea eta hedatzea.

e) Kudeaketa hobetzea eta berrikuntza sustatzea.

2. artikulua.– Diru-kopuruak.

Aurreko artikuluan aurreikusitako xederako 600.000 euro erabiliko dira.

3. artikulua.– Diru-laguntza jasotzerik ez dutenak.

Agindu honen aplikazio-eremutik kanpo daude:

a) Foru-aldundien titulartasuna duten museo edo bildumak.

b) Gobernu-organoetan Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila partaide duten fundazioak.

c) Kapitalean Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra partaide duten merkataritza-entitateak.

d) 2015erako Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari dagozkion aurrekontuetan ohiko gastuetarako diru-laguntza izendunak esleituta dituzten museoak eta bildumak.

4. artikulua.– Onuradunak.

Agindu honetan araututako diru-laguntzak eskatu ahal izateko, nahitaezkoa da agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean Euskadiko Museo eta Bildumen Erregistroan inskribatuta dauden museoen edo bildumen titular izatea, 3. artikuluan adierazitakoak izan ezik.

5. artikulua.– Betebeharrak.

Onuradunei diru-laguntzak emateko, eta, hala badagokio, laguntza horiek ordaintzeko, baldintza hauek bete behar dituzte ezinbestez:

a) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak ordainduta izatea. Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du baldintza hori betetzen den.

b) Diru-laguntzak emateko, eta, dagokionean, ordaintzeko pertsona edo entitate onuradunei, ezinbestekoa da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek antzeko diru-laguntzen edo laguntzen karietara bideratzen hasitako itzulera edo zigor-prozedura amaituta egotea, oraindik izapidetzen ari baldin bada.

c) Ezingo dira izan onuradun EAEko Administrazio Orokorrarekin diru-laguntzak itzultzearen ondoriozko obligazioak ordaintzeke dituztenak, bai ordainarazpen-aldian edo, haien aurka premiamendu-bidea erabili ezin den entitateak badira, berriz, borondateko epean ordaindu gabeko zorrik badute. Ondorio horietarako ulertuko da onuradunek edo entitate laguntzaileek egunean dituztela diru-laguntzen itzulketaren ondoriozko betebeharrak, baldin eta zor horiek geroratuta edo zatikatuta badaude, edo zor horiek etenda badaude itzulketarako ebazpena aurkaratu delako.

d) Halaber, ezingo dira onuradun izan 4/2005 Legea ez betetzeagatik zigor administratibo edo penalik duten erakundeak (4/2005 Legea, otsailaren 18koa, Emakume eta Gizonen Berdintasunari buruzkoa).

6. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen proiektuak.

1.– 1.2 artikuluan adierazitako jarduera-ildo estrategikoetan eragina duten proiektu zehatzek jaso ahal izango dute diru-laguntza.

2.– Erakunde bakoitzak, gehienez, bi diru-laguntza eskatu ahal izango ditu, 1.2 artikuluan adierazitako bost ildoetako bakoitzeko bat, gehienez. Museo edo bilduma bakoitzak diru-laguntza jasotzeko eskaera bakoitzean, proiektu bat eta hari dagokion jarduera bat jaso dezake, edo zenbait jarduera hartzen dituen proiektu bat, baldin eta jarduera guztiek diru-laguntza eskatu duen ildo estrategikoarekin zerikusia badute.

3.– Deialdi honetako diru-laguntzak jasotzen dituzten proiektuak 2015. urtean gauzatu behar dira, hasiera eta amaiera barne.

7. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoa eta muga.

Diruz lagundutako proiektu bakoitzeko, aurkeztutako aurrekontu guztiaren % 90eko zenbatekoa jasoko du gehienez, eta 45.000 euro emango zaizkio, gehienez ere.

8. artikulua.– Laguntzak emateko prozedura.

1.– Deialdi hau lehiaketa-prozeduraren bidez ebatziko da. Beraz, diru-laguntzak emateko, aurkeztutako eskariak alderatu, eta 14. artikuluan xedatutako balorazio-irizpideak kontuan hartuta, lehentasunen arabera ordenatuko dira. Irizpide horien arabera gutxienez 65 puntu lortu dituzten eskaerei soilik emango zaie diru-laguntza.

2.– Kasuan kasuko diru-laguntzaren zenbatekoa zehazteko, Balorazio Batzordeak deialdiaren laguntza guztia banatuko du eskaera onuradunen artean. Horretarako, lortutako puntuazioa eta kasuan kasu eskatutako zenbatekoa hartuko da kontuan. Diru-laguntza guztien zenbatekoak batu ondoren, ezarritako aurrekontuaren zenbatekoa baino handiagoa bada, hainbanaketa-prozeduraren bidez egokituko dira zenbateko horiek.

9. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.

1.– Interesa duten pertsona fisiko zein juridikoek edota erakundeek bitarteko elektronikoak erabili beharko dituzte prozedura honetako izapide oro eskatzeko, zuzentzeko, justifikatzeko eta bideratzeko.

2.– Agindu honen edukia eta inprimakiak helbide elektroniko honetan eskura daitezke: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/-/2015/mub/eu/

3.– Eskabideak izapidetzeari buruzko xehetasunak, erantzukizun-aitorpenak eta gainerako ereduak beste helbide elektroniko honetan eskura daitezke: https://www.euskadi.eus/nirekudeaketak

10. artikulua.– Eskabideak eta dokumentazioa aurkezteko epea eta tokia.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

2.– Dokumentazio hau nahitaez aurkeztu behar da:

a) Eskaera-inprimakia. Diru-laguntza eskatzen duenak eskabidean berariaz adierazi ahal izango du baimena ematen diola organo kudeatzaileari datu edo dokumentu guztiak eskuratzeko zein egiaztatzeko, betiere Administrazio Publikoak dituen egiaztatze-, kontrolatze- eta ikuskatze-ahalmena eragotzi gabe. Horretaz gain, inprimaki horrek erantzukizun-aitorpena ere badu, eta bertan adierazi behar du egiazkoak direla eskaeran eta harekin batera aurkeztutako dokumentuetan agertzen diren datuak, eta betetzen dituela diru-laguntza jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako betekizunak.

b) Diru-laguntzaren xede den jarduera edo proiektu bakoitzari buruzko datuen inprimakia, eta horrekin batera:

– Jardueraren edo proiektuaren memoria. Bertan, gutxienez, baloratuko diren alderdiak adierazi behar dira, agindu honen 14. artikuluko a, b, c eta d idatzi-zatietan adierazitakoak.

– Jardueraren edo proiektuaren diru-sarreren eta gastuen guztirako aurrekontua.

– Azken urtean garatutako jardueraren memoria. Bertan, museoak edo bildumak kultura-, zientzia-, gizarte- eta ekonomia-alorretan izan duen eraginaren adierazle nagusiak adierazi behar dira.

– Erantzukizun-aitorpena. Bertan adieraziko da ea eskatu den eta, hala badagokio, lortu den edozein administrazio publikok edo pribatuk emandako helburu bererako diru-laguntzarik, laguntzarik, diru-sarrerarik edo bestelako baliabiderik.

– Erantzukizun-aitorpena, hala badagokio, «minimis» motako laguntzei buruzkoa, lehenengo xedapen gehigarrian xedatutakoaren ildotik.

11. artikulua.– Laguntzak kudeatzeko organoa.

Kultura Ondarearen Zuzendaritzari dagokio deialdi honen bidez araututako diru-laguntzak kudeatzea.

12. artikulua.– Aurkeztutako eskabideetako akatsak zuzentzea.

Ikusten bada eskabidea onartzeko eskatzen den dokumentazioan zerbait falta dela edo forma-akatsak daudela edo balorazioa egiteko aurkeztu diren dokumentuetan akatsak daudela, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko. Era berean, ohartarazi egingo zaio ezen, epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, aurrez jakinaraziko zaion ebazpen baten bidez, edo dagokion izapidea egiteko eskubidea galduko duela.

13. artikulua.– Balorazio Batzordea.

Balorazio-batzorde bat eratuko da aurkezten diren eskabideak aztertzeko eta ebaluatzeko. Hauek izango dira kideak:

Presidentea: Kultura Ondarearen zuzendari Imanol Agote Alberro jauna, edo hark izendatutako norbait, batzordeburu-lanak egingo dituena.

Mahaikideak:

– Iñaki Arrieta Urtizberea jauna, agindu honek xede duen gaian aditua.

– Kultura Ondarearen Zuzendaritzako teknikari Carmen Ochagavía Araiz andrea.

– Kultura Ondarearen Zuzendaritzako teknikari Naroa Arrieta Obeso andrea.

– Kultura Ondarearen Zuzendaritzako teknikari Paul Esnaola San Sebastián jauna, batzordeko idazkari-lanak egingo dituena.

Batzorde horrek, agindu honen 14. artikuluan xedatutako balorazio-irizpideak oinarri hartuta, ebazpen-proposamena helaraziko dio Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeari.

14. artikulua.– Balorazio-irizpideak.

Balorazio Batzordeak irizpide hauek oinarri hartuta ebaluatuko ditu aurkeztutako eskaerak:

a) Jardueraren edo proiektuaren maila zientifikoa, kalitatea eta izaera berritzailea, bai eta aurrekontuaren egokitasuna ere, aurkeztutako jardueraren edo proiektuaren helburuei begira, bai eta ekonomiaren, efizientziaren eta iraunkortasunaren printzipioei begira ere: 35 puntu, gehienez ere.

b) Jardueraren edo proiektuaren eta beste museo eta kultura-erakunde batzuen arteko lotura, bai eta jarduerak edo proiektuak gizartean duen eragina ere: 30 puntu, gehienez ere.

c) Museoak edo bildumak azken urtean gauzatutako jarduera-plana, kultura-, zientzia-, gizarte- eta ekonomia-alorreko eraginari dagokionez: 35 puntu, gehienez ere.

15. artikulua.– Beste diru-laguntza eta laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak eta beste edozein erakunde publikok edo pribatuk emandakoak batera erabil daitezke helburu bererako, betiere gainfinantzaketarik gabe. Gainfinantzaketarik badago, diru-laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, dagokion gehienezko mugaraino.

16. artikulua.– Ebazpena.

1.– Deialdi honen bidez araututako diru-laguntzak esleitzeko ebazpena Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak eman eta jakinaraziko du, Balorazio Batzordearen proposamena ikusita, sei hilabeteko epean, agindu hau indarrean jartzen denetik aurrera.

2.– Ebazpen hori Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren webgunean argitaratuko da, interesdunek horren berri izan dezaten.

3.– Ebazteko epea igarota, interesdunari ebazpena jakinarazten ez bazaio, dagokion eskabidea ezetsi egin dela ulertuko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean xedatutakoaren ondorioetarako.

17. artikulua.– Onuradunaren betebeharrak.

Agindu honetan araututako diru-laguntzen onuradunek betebehar hauek izango dituzte:

a) Emandako diru-laguntza onartzea. Alde horretatik, diru-laguntza emateko ebazpena argitaratu eta hamar egun balioduneko epean pertsona edo erakunde onuradunek berariaz uko egiten ez badiote, onartu egin dutela ulertuko da.

b) Diru-laguntza eman den xede zehatzerako erabiltzea.

c) Ogasun eta Finantza Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari diru-laguntzen fiskalizazio-lanetarako behar duten informazio guztia ematea.

d) Publikoarekiko ahozko zein idatzizko harremanetan euskara erabiltzea.

e) Diruz lagundutako jardueraren edo proiektuaren ondorioz sortzen den materialean sexismorik gabeko hizkera erabiltzea.

f) Diru-laguntzak emateko ebazpena argitaratzen den egunetik aurrera, diruz lagundutako proiektuak hedatzeko erabiltzen diren material guztietan aipatu egin behar da Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak babestutakoa dela, eta, horretaz gain, material horietan sailaren logotipoa ere jarri behar da.

18. artikulua.– Diru-laguntzaren ordainketa.

Agindu honen ondorioz emandako diru-laguntzak bi zatitan ordainduko dira:

a) Lehenengo ordainketan esleitutako diru-laguntzaren erdia emango da. Horretarako, hiru hilabeteko epea egongo da, esleipen-ebazpena Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren webgunean argitaratzen denetik.

b) Bigarren ordainketan beste erdia emango da 2016an, diruz lagundutako jarduera eta haren benetako kostua 19. artikuluan adierazitako moduan justifikatu ondoren.

19. artikulua.– Diru-laguntzaren justifikazioa.

Agindu honen bidez emandako diru-laguntzen onuradunek jarraian aipatzen den dokumentazioa aurkeztu beharko dute diruz lagundutako jarduera edo proiektua amaitu eta hiru hilabeteko epean, eta, edozein modutan, 2016ko martxoaren 31 baino lehen:

a) Diruz lagundutako jarduerari edo proiektuari buruzko memoria. Bertan, diru-laguntzaren helburua bete dela justifikatuko da.

b) Gastuen justifikazioa:

b.1.– Onuraduna pertsona fisikoa bada eta enpresa-kontabilitateko erregimenaren mende badago, diruz lagundutako jardueraren edo proiektuaren diru-sarreren zein gastuen balantzea aurkeztu beharko du. Horretarako, jatorrizko fakturak edo egindako gastua justifikatzeko balio duen beste edozein ziurtagiri aurkeztu beharko du.

b.2.– Onuraduna beste herri-administrazio bat bada, organo eskudunak ziurtagiri bat aurkeztu behar du emandako diru-laguntzaren helburua bete dela adierazteko eta horretan erabilitako zenbatekoak zehazteko.

c) Erantzukizun-aitorpena. Bertan adieraziko dute ea lortu duten beste administrazio edo erakunde publiko zein pribaturen diru-laguntzarik, laguntzarik, diru-sarrerarik edo bestelako baliabiderik, helburu bererako eskaera aurkeztu eta gero emandakorik.

20. artikulua.– Likidazio-ebazpena.

Diru-laguntza ematerakoan kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira –betiere, diru-laguntzaren xedea beteta– edo beste erakunde publiko zein pribatuetatik beste laguntzaren bat jaso bada, diru-laguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da. Horretarako, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak likidazio-ebazpena emango du esleitutako diru-laguntzaren zenbatekoak doitzeko.

21. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Hauek izango dira ez-betetzeak:

a) Jasotako diru-laguntzak, osorik zein zatika, agindu honetan xedatutako proiektuetarako erabili beharrean, beste proiektu batzuetarako erabiltzea.

b) Agindu honetan ezarritako betebeharrak edo, hala badagokio, laguntza ematerakoan ezartzen direnak ez betetzea.

c) Diru-laguntzaren likidazioa egiteko ebazpenean adierazitako zenbatekoa epearen barruan ez itzultzea (hala badagokio).

2.– Aipatutako egoera horietako bat gertatu dela egiaztatuz gero, jasotako zenbatekoak eta legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, betiere azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren eta abenduaren 17ko 689/1991 Dekretuaren arabera (hurrenez hurren, 1/1997 Legegintza Dekretua, azaroaren 11koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duena; eta 698/1991 Dekretua, abenduaren 17koa, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena).

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Agindu honetako laguntzak Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013/EE Erregelamenduan xedatutako «minimis» arauak errespetatuko dituzte (erregelamendu hori Europako Batasunaren Aldizkari Ofizialean argitaratu zen 2013ko abenduaren 24an: L352/1). Horrenbestez, museo edo bilduma jakin bati emandako laguntza osoa ez da izango 200.000 eurotik gorakoa, aurtengo ekitaldia eta aurreko bi ekitaldi fiskalak kontuan hartuta.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoa betetze aldera, eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategi eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legeak xedatutakoaren arabera, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Kultura Ondarearen Zuzendaritzak jakinarazten dizu diru-laguntzei buruzko deialdi honetan emandako datuak eta eskaeran zein inprimakietan adierazitakoak haren titulartasuneko fitxategi batean sartuko direla. Fitxategi horren izena da: Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Kultura Ondarearen laguntzak eta diru-laguntzak, 2006ko uztailaren 27ko agindu bidez araututakoa, eta xede du diru-laguntzen deialdi hau eta harekin zerikusia duen administrazio-prozedura edo -espediente oro kudeatzea. Aldez aurretik, fitxategi horren berri emango zaio Datuak Babesteko Euskal Agentziari. Fitxategia datuen segurtasun osoa bermatzeko moduko neurriez hornituta dago, eta datuok ez dira beste hirugarren batzuen esku jarriko, legeak baimendutako kasuetan izan ezik.

Datu pertsonalen babesari buruzko araudia betetzeko, datuon titularra, hala nahi izanez gero, datuok eskuratu, zuzendu, ezeztatu eta datuoi aurka egiteko eskubideez balia daiteke, 15/1999 Lege Organikoak aitortzen dioen moduan; horretarako, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren Zerbitzu Zuzendaritzarekin jarri behar da harremanetan (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).

Deialdi honetan parte hartzen duten pertsonek baimena ematen diote Administrazioari emandako datuak konparatzeko, eta aurkeztutako agiriak benetakoak direla egiaztatzeko (Administrazio honen esku egon, edo beste administrazio publiko batzuen esku egon), laguntzen onuradun izateko eskatutako baldintzak betetzen direla edo betetzen jarraitzen dela egiaztatzeko.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honetan aurreikusi gabeko alderdiei dagokienez, honakoak hartuko dira kontuan: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren bidez onartu zen Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina, eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legea.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, haren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Kulturako sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko jurisdikzio horretako salan, bi hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko ekainaren 25a.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.


Azterketa dokumentala