Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

118. zk., 2015eko ekainaren 25a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

OSASUN SAILA
2822

AGINDUA, 2015eko ekainaren 8koa, Osasuneko sailburuarena, Osasun eta Kontsumo Saileko eta Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuko datu pertsonalen fitxategiak arautzen dituen Agindua bigarren aldiz aldatzen duena.

2011ko abenduaren 22ko Aginduaren bidez arautu ziren Osasun eta Kontsumo Saileko eta Kontsumobideko datu pertsonalen fitxategiak.

Argitaratu ondoren, Saileko antolamenduan gertatutako aldaketek eta hainbat arlotako jarduera berriek beharrezkoa egin zuten agindu haren eranskinak aldatzea, bi helbururekin: Administrazioak herritarren datuez egiten duen erabilerari gardentasuna ematea, eta, batez ere, herritarrek datu horiek eskuratu, zuzendu, ezabatu eta haien kontra egin ahal izatea, fitxategien eta egungo organo arduradunen zerrenda eguneratu bat emanda.

Horren guztiaren ondorioz onartu zen 2014ko ekainaren 2ko Agindua, Osasuneko sailburuarena, Osasun eta Kontsumo Saileko eta Kontsumobideko datu pertsonalen fitxategiak arautzen dituen Agindua aldatzen duena, EHAAn argitaratua, 117. zk., 2014ko ekainaren 22an (hutsen zuzenketa: EHAA, 193. zk., 2014ko urriaren 10a; eta EHAA, 194. zk., 2014ko urriaren 13a).

Orain, Osasun Saileko Farmaziako Zuzendaritza hornikuntzako administrazio-kontratu bat ari da sustatzen, «gernu-iheserako xurgatzaileak hornitzeko eta banatzeko, EAEko zentro soziosanitarioei» (21/2015-S esp.). Farmaziako Zuzendaritzak beharrezkoa ikusten du, kontratu hori gauzatu bitartean, xurgatzaileak erabiltzen dituzten pertsonen datu batzuk ematea hornikuntza egin behar duten entitateei, zentro soziosanitarioak behar den bezala horni ditzaten, haietan bizi diren erabiltzaileen arabera.

Datu horiek eman beharra dagoenez, aldatu beharra dago «Errezeta elektronikoari» buruzko fitxategia (I. eranskina, Osasun Saileko fitxategien sorrera, 2014ko ekainaren 2ko Agindua, Osasuneko sailburuarena, Osasun eta Kontsumo Saileko eta Kontsumobideko datu pertsonalen fitxategiak arautzen dituen Agindua aldatzen duena).

Bestalde, urtarrilaren 27ko 9/2015 Dekretuak kanpo-desfibriladore automatiko eta erdiautomatikoen instalazioa eta erabilera arautzen ditu, eta haiek osasun-esparrutik kanpoko erabilera publikoko gune jakin batzuetan jartzea beharrezkoa dela xedatzen du (EHAA, 23. zk., 2015eko otsailaren 4koa); halaber, honela dio 7. artikuluan: «Osasun-arloan eskumena duen sailak jarritako KDA guztien erregistroa izango du atxikita. Erregistro hori plangintzan eskumena duen Osasun Saileko zuzendaritzak kudeatuko du, eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren larrialdi-zerbitzuei lotuta egongo da.»

Horrek esan nahi du datu pertsonalen fitxategia sortu beharra dagoela, Kanpo Desfibriladore Automatikoen Euskadiko Erregistroa ezartzearen ondorioz. Horrela, aipatutako dekretuko bigarren xedapen gehigarriak dioenez, «hori osasun-arloan eskumena duen saileko buruaren agindu baten bidez gauzatuko da, Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren 20. artikuluaren 1. eta 2. puntuetan xedatutakoaren arabera.»

Izaera Pertsonaleko Datuen Babesari buruzko 1999ko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren 20. artikuluko 1. atalak xedatzen duenez, Administrazio Publikoetako fitxategien sorkuntza, aldaketa edo deuseztapena Estatuko Aldizkari Ofizialean edo dagokion egunkari ofizialean argitaraturiko xedapen orokorren bidez baizik ezin daiteke egin, eta artikulu bereko 3. atalean adierazten da fitxategiak deuseztatzeko ematen diren xedapenetan berauen helburua ezarri behar dela edo, dagokion kasuan, suntsipenerako hartzen diren neurriak zehaztu.

Erreformak zuzenean eragiten die Estatutuko 10.2 artikuluan jasotako autogobernu-erakundeen antolaketari, araubideari eta funtzionamenduari, eta, beraz, EAEko Administrazio Orokorrari dagokio hura arautzea. Izan ere, Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa sortzeari buruzko 2/2004 Legeko 4. artikuluak dioenez, «Autonomia Erkidegoko Administrazioko fitxategiak sortzeko, aldatzeko eta ezabatzeko, dena delako fitxategia atxikita dagoen saileko titularraren aginduen bidez egin beharko da. Indarrean dauden legeek eskatutako aipamen guztiak jaso beharko ditu agindu horrek, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko da. Agindu hori egiteko prozedura xedapen orokorrak egiteko erabakita dagoen berbera izango da».

Hori dela eta, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengo artikulua.– Osasun eta Kontsumo Saileko eta Kontsumobideko datu pertsonalen fitxategiak arautzen dituen Osasun eta Kontsumoko sailburuaren 2011ko abenduaren 22ko Aginduaren I. eranskina aldatzea.

4.4 ataleko fitxategia aldatzea, «Errezeta elektronikoa» izenekoa, Farmaziako Zuzendaritzari atxikia (I. eranskina, Osasun Saileko fitxategiak sortzea, 2011ko abenduaren 22ko Agindua, Osasun eta Kontsumo Saileko eta Kontsumobideko datu pertsonalen fitxategiak arautzen dituena, 2014ko ekainaren 2ko Aginduak aldatu zuena), eta hauxe da haren edukia:

4.4.– Errezeta elektronikoa.

Helburua eta aurreikusitako erabilerak:

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak finantzatutako errezetak agintzeari, banatzeari, onartzeari eta fakturatzeari buruzko informazioa bateratzea; agintzeko eta banatzeko behar den informaziora sartzea; medikuek, farmazia-bulegoek eta pertsona aseguratuek diruz lagundutako farmazia-produktuak agintzeari eta banatzeari buruzko informazioa ustiatzea, eta farmazia-prestazioa kontrolatzea.

Zer pertsonari edo talderi eragiten dien:

Euskadiko Osasun Sistemak aseguratuta tratamendu farmakologikoren bat jasotzen duen populazioa; Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren kontura tratamenduren bat agintzen duten medikuak; errezetak onartzeaz arduratzen diren Osasun Saileko langileak; eta Euskal Autonomia Erkidegoan banaketa egiten duten farmazia-bulegoetako farmazialariak. Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko farmazia-prestazioaren arduradunak; zentro soziosanitarioetako profesionalak eta diruz lagundutako farmazia-produktuak zentro soziosanitarioetara banatzen dituzten profesionalak.

Jatorria eta datuak jasotzeko prozedura:

Datuak interesdunengandik jasotzen dira, errezetak agintzeko, onartzeko eta banatzeko sistema elektroniko unibertsalen bidez; halaber, grabatu egiten dira Osakidetzak agindutako errezeta medikoen datuak eta EAEko farmazia-bulegoetan banatutako errezeten datuak. Datuok interesdunak berak emango ditu, haren ordezkari baimenduak, edo arreta sanitarioan parte hartzen duten zentro, establezimendu edo pertsona profesional publiko edo pribatuek.

Fitxategiaren oinarrizko egitura:

Identifikazio-datuak: OTI zenbakia, aseguratutako pertsonaren izen-abizenak, mediku elkargokide agindu-emailearen izen-abizenak eta zenbakia. Farmazia-bulego eta -zerbitzu banatzaileen identifikazio-datuak, farmazialariaren izen-abizenak. Onarpena ematen duen pertsonaren izen-abizenak, diruz lagundutako zer farmazia-produktu agindu den, diruz lagundutako zer farmazia-produktu banatu den, noiz agindu eta eman den.

Medikuaren enplegu-datu zehatzak (lantokia, espezialitatea).

Farmazia-prestazioaren datu ekonomiko-finantzarioak.

Bereziki babesturiko datuak: osasun-datuak (emandako errezeten datuak).

Tratamendu-sistema:

Automatizatua eta ez-automatizatua.

Datu-lagatzeak:

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua, Osasun Ministerioa, gizarte- eta berdintasun-zerbitzuak, farmazia-bulegoak, zentro sanitarioei diruz lagundutako farmazia-produktuak banatzen dizkieten zentro soziosanitarioak eta entitateak.

Datuen nazioarteko transferentziak:

Ez da halakorik detektatu.

Fitxategiaren organo arduraduna:

Farmaziako Zuzendaritza.

Datuetara iristeko nahiz datuak zuzentzeko, deuseztatzeko zein aurka egiteko eskubideaz baliatzeko zerbitzua:

Farmaziako Zuzendaritza.

Donostia kalea 1.

01010 Vitoria-Gasteiz (Araba).

Segurtasun-neurrietan eskatzen den maila:

Goi-maila.

Bigarren artikulua.– Gehitzea I. eranskinean (Osasun Saileko fitxategiak sortzea, 2011ko abenduaren 22ko Agindua, Osasun eta Kontsumo Saileko eta Kontsumobideko datu pertsonalen fitxategiak arautzen dituena, 2014ko ekainaren 2ko Aginduak aldatu zuena), «Kanpo Desfibriladore Automatikoen Euskadiko Erregistroa» izeneko fitxategia, Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzari atxikia. Hauxe izango du edukia:

6.14.– Kanpo Desfibriladore Automatikoen Euskadiko Erregistroa.

a) Helburua eta aurreikusitako erabilerak:

Modu boluntarioan nahiz behartuta jarritako kanpo-desfibriladore automatikoen eta erdiautomatikoen errolda egitea, bihotz-birikak bizkortzeko lehen faseetan inbrikatu daitezen, larrialdi-sarearen laguntza moduan.

b) Eragindako pertsonak edo taldeak:

Kanpo-desfibriladore automatiko edo erdiautomatiko bat instalatu beharra duten pertsona fisiko eta juridiko guztiak, edota halako bat instalatu nahi eta instalatzen duten pertsona fisikoak edo juridikoak.

c) Datuen jatorria eta horiek biltzeko prozedura.

Pertsona fisikoak edo juridikoak Administrazioari, Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzari, jakinarazitako komunikaziotik hartzen dira datuak.

d) Fitxategiaren oinarrizko egitura:

Pertsona arduradunaren identifikazio-datuak: izen-abizenak, NAN/IFZ, kargua.

Erakundearen identifikazioa: helbidea, telefonoa.

KDAren datuak: modeloa eta serie-zenbakia.

Kokapena: testua.

Data: instalazio-data.

Kokapenaren datuak: planoa (beharrezkoa bada).

e) Tratamendu-sistema:

Automatizatua eta ez-automatizatua.

f) Datuak lagatzea:

Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei

g) Datuen nazioarteko transferentziak:

Ez da aplikatzen.

h) Fitxategiaren ardura duen organoa:

Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritza.

i) Datuetara iristeko nahiz datuak zuzentzeko, deuseztatzeko zein aurka egiteko eskubideaz baliatzeko zerbitzua:

Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritza.

Donostia kalea 1.

01010 Vitoria-Gasteiz (Araba).

j) Segurtasun-neurrietan eskatu beharreko maila:

Oinarrizko maila.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Osasun Saileko Araubide Juridiko, Ekonomiko eta Zerbitzu Orokorretako Zuzendaritzak Datuak Babesteko Euskal Agentziari helaraziko dio agindu honen kopia bat, dagozkion inskripzioak, aldaketak eta ezabaketak egin ditzan Osasun Saileko datu pertsonalen fitxategien Datuak Babesteko Erregistroan.

Bigarrena.– Agindu hau indarrean jarriko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko ekainaren 8a.

Osasuneko sailburua,

JON DARPON SIERRA.


Azterketa dokumentala